231. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Bizikleten aparkaleku publikoaren erabilera arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2024ko ekainaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea bizikleten aparkaleku publikoaren erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. 2024ko 147. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 18an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Deialdi honen kontra, errekurtso hauek aurkezten ahal dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintza egin duen Iruñeko Udaleko udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Uharten, 2024ko urriaren 21ean.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

BIZIKLETEN APARKALEKU PUBLIKOAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

2023an, Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua egin zen, 2024an egin beharreko proiektua zehazteko. Bada, Uharteko Udalak bizikleten aparkaleku itxi berri bat eraikitzeko konpromisoarekin amaitu zen prozesua.

Proiektu honek Udalak bultzatzen dituen hainbat interes eta balio batzen ditu. Alde batetik, herritarren parte-hartzea sustatzea eta parte hartzeko prozesu horien ondoriozko erabakiak errespetatzea; eta, bestetik, mugikortasun jasangarriko soluzioak bultzatzea, hala nola bizikleta.

Aparkaleku itxia da, eta aurrez baimendutako bizilagunak baino ez dira sartzen ahalko. Zerbitzua erabiltzearen ordainetan, tasa bat ordainduko dute aipatu bizilagunek.

Hala ere, kontu materialez edo kudeaketa gaiez gain, beharrezkoa da aparkaleku horien araubide juridikoa arautzea. Hau da, Uharteko Udalak arau bat behar du aparkaleku horren baimenak emateko araubidea eta erabilerak arautzeko, bai eta horren ondoriozko kontraprestazioaren araubidea arautzeko ere.

Horretarako, Uharteko Udalak ordenantza hau prestatu du bizikleten aparkaleku publikoaren erabilera eta erabileraren ondoriozko tasa arautzeko.

Udalak ordenantza hau onetsi du, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 artikuluak toki-erakundeei aitortzen dien erregelamenduak egin eta beren buruak antolatzeko ahalei jarraikiz.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Uharteko bizikleten aparkaleku publikoaren eskaeren, adjudikazioen, alten, bajen eta erabileraren baldintzak orokorrean arautzea (aurrerantzean, bizikleten aparkaleku zerbitzua).

Zerbitzu hori osatzen duten aparkalekuen zerrenda instalazio horiek irekitzea adosten duen alkatetzaren ebazpenaren bidez zehaztuko da.

Aurrez baimendutako egoiliarrek bizikletak aparkatzeko baino ez dira erabiliko aparkalekuak.

2. artikulua. Zerbitzuaren eremua.

Bizikleten aparkaleku zerbitzuaren eremua hauek osatzen dute: bizikletak aparkatzeko sarbide mugatuko aparkaleku publikoen ekipamenduen sarea, zerbitzu horretara sartzeko sistemak (aplikazio informatikoa, sarbide gakoak...) eta aparkaleku horien barruan dauden elementu osagarriak (bizikletak norberak konpontzeko tailerra eta puzteko sistema), Uharteko udal-mugartean daudenak.

II. TITULUA.– ZERBITZUAREN ANTOLAKETA, FUNTZIONAMENDUA ETA MODALITATEAK

3. artikulua. Bizikleten aparkaleku zerbitzuaren erabiltzaile gisa alta eskatu ahal izateko baldintzak.

3.1. Bizikleten aparkaleku zerbitzuaren erabiltzaile gisa alta eskatzen ahalko dute ordenantza honetako 4. artikuluan adierazitako prozedura betetzen duten eta, gainera, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

a) Adinez nagusiak izatea, eskatzailearen familia- edo bizikidetza-unitatea osatzen duten adingabeentzat ezarritakoa izan ezik.

b) Uharten erroldatuta egotea.

c) Uharteko Udalarekiko zerga betebeharrak nahiz bestelakoak eguneratuak izatea.

3.2. Erabiltzeko baimenaren indarraldi osoan mantendu beharko dira baldintzak, eta, aldatzen badira, zerbitzuan baja emateko prozedura izapidetuko da.

3.3. Pertsona fisiko bakoitzari erabilera-lizentzia bakarra ematen ahalko zaio, salbuespen honekin:

Familia- edo bizikidetza-unitateko 18 urtetik beherako eta 6 urtetik gorako kideek erabiltzeko baimenen kasuan, adingabe horien gurasoek edo legezko tutoreek beren kargura dituzten adingabeak adina plaza nominal eskatzen eta adjudikatzen ahalko dituzte (horietako bat, bikoiztasunik eragin gabe). Horrela, ama/aita edo legezko tutorea erabiltzeko lizentziaren adjudikaziodun izaten ahalko da bere plazan eta bere ardurapeko adingabeen plazan, eta aparkalekuan sartzeko ardura, nolanahi ere, tutoreak izanen du.

4. artikulua. Zerbitzuan alta eskatzeko eta adjudikatzeko prozedura.

4.1. Bizikidetza- edo familia-unitate bakoitzeko pertsona bakar batek eginen ditu aparkalekuak erabiltzeko lizentziak nahi dituzten kideentzako eskaerak —hura izanen da ordezkaria—, eta hauek adieraziko ditu: kide bakoitzeko eskatzen duen lizentzia kopurua, eskabidea izapidetzeko behar diren datuak eta eskaera haien izenean egiteko guztien adostasuna.

Adjudikaziodunek proposatutako tramitazioa familia-unitateka egin ondoren, erabiltzeko lizentziak pertsona interesdun bakoitzaren izenean adjudikatuko dira, ez guztiak eskaera egin duen pertsonaren izenean: beraz, ez da inola ere baimenduko familia- eta bizikidetza-unitatea osatzen duten eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten kideak baino erabiltzeko lizentzia gehiago.

4.2. Eskaera inprimakia baldintza-agiri honen II. eranskinean agertzen dena izanen da.

Bizikleten aparkalekuak erabiltzeko lizentzia eskatzeko, agiri honen II. Eranskineko eskaera inprimakiaren bidez erregistratu behar dituzte eskaerak interesdunek.

Honako hauek adieraziko dituzte eskatzaileek inprimakian:

–Eskatzailea zein helbidetan dagoen erroldatuta.

–Aparkatzeko lizentzia zein familia- edo bizikidetza-unitatetarako eskatzen duten, pertsona horien identifikazioa eta kopurua.

–Familia- edo bizikidetza-unitateko kide adingabeen eta 8 urtetik gorakoen kopurua, eta haien tutore edo guraso diren.

–Uharteko Udalari baimena ematen diotela hirugarren artikuluan eskatutako baldintzak familia- edo bizikidetza-unitateko kide guztien kasuan betetzen diren kontsultatzeko.

–Bizikleten aparkalekua erabiltzeko lizentzia nahi duten familia-unitateko kideen baimena, izendatu duten pertsonak izapide hori egin dezan.

–Interesdunen sinadura.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea.

Zerbitzu honetako bizikleten aparkaleku bakoitza lehen aldiz martxan jartzeko, erabiltzeko lizentziak eskatzeko epea irekiko da, iragarkia Nafarroako Kontratazio Atarian eta https://huarte.es/eu/ udal-webgunean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Adjudikazioen lehen fasea egin ondoren, bizikleten aparkalekuak erabiltzeko lizentziak eskatzeko epea etengabe irekita egonen da.

4.4. Aurkezteko bideak.

Parte hartzeko eskaerak Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak onartutako edozein bide erabiliz aurkeztuko dira.

Eskabidea postaz aurkeztuz gero (Correos), posta bulegoan utzi zen egunaren zigilua izan beharko du eskaera inprimakiak (II. eranskina), eta bidalketa horri buruzko ohar bat bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@huarte.es. Eskaerek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, adjudikatzeko prozesutik kanpo geratuko dira.

Elektronikoki ere aurkezten ahalko dira eskaerak, egoitza elektronikoaren bidez; bestela, udaletxeko udal-bulegoetan aurkezten ahalko dira.

5. artikulua. Plazak erabiltzeko lizentzia adjudikatzea.

5.1. Uharteko Udalak ofizioz egiaztatuko du 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla. Egiaztapen hori amaitutakoan, alkatetzaren ebazpenaren bidez, bizikleten aparkalekuak erabiltzeko lizentzien adjudikaziodun izateko hautagaien behin-behineko zerrenda emanen da, baita hautagai bakoitzak eskatu dituen lizentzien kopurua ere.

5.2. Eskatzaileren batek edo erabiltzeko lizentzia eskatu duen familia-unitateko kideren batek ez badu eskatutako betekizunen bat betetzen, gutxienez bost egun naturaleko epea emanen zaio zuzentzeko, Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak xedatutakoarekin bat.

5.3. Zuzentzeko epea amaituta, aurkeztutako agiriak baloratuko ditu Udalak, eta interesdunek aurkeztu dituzten alegazioak onetsi edo ezetsiko ditu. Gainera, alkatearen ebazpen bidez, onetsitako hautagaien behin betiko zerrenda emanen du. Hautagaien zerrendan, zenbaki bat emanen zaio hautagai bakoitzari, plazak adjudikatzeko zozketan parte hartzeko. Zozketa egiteko eguna, ordua eta lekua adieraziko dira, gainera. Ebazpen hori bi egun lehenago argitaratuko da udalaren webgunean.

5.4. Aurreko apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz, zenbaki bat aterako da zozketan, eta zenbaki horretatik aurrera adjudikatuko dira erabiltzeko lizentziak.

Zozketan ateratako zenbaki bera duen pertsonatik aurrera adjudikatuko dira plazak, eta eskatu adina erabiltzeko lizentzia adjudikatuko zaizkio. Gainerako plazak hurrengo hautagaiei adjudikatuko zaizkie, goranzko hurrenkeran, eta eskatutako lizentzia kopurua emanen zaie, libre dauden plazak agortu arte.

5.5. Plazen behin-behineko adjudikazio hori alkatetzaren ebazpen bidez erabakiko da, eta hamar egun naturaleko epea emanen zaie behin-behineko adjudikaziodunei, 6. artikuluan zehaztutako agiriak aurkez ditzaten. Ebazpen hori udalaren webgunean iragarriko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

5.6. Adjudikatzeko proposamena jaso duten pertsonek eskatutako agiriak entregatzeko duten epean, Udalak behin-behineko adjudikaziodunei dei eginen die bakoitzari adjudikatu beharreko aparkaleku plazak aukeratzeko. Horretarako, bilera batera deitzen ahalko ditu guztiak, agiri horiek entregatzeko prozedura errazteko eta aparkaleku plazak aldi berean adjudikatzeko.

Horri dagokionez, interesdun bakoitzak adierazten dituen aparkaleku beharrak eta plazen kokapena batera baloratuko dira bileran; hala nola, bizikleta "gorago" nola utzi, "haurrentzako aulkitxoen" neurriak eta bestelako arazoak. Hautagaiak ez badira plazen adjudikazioarekin ados jartzen, Udalak adjudikatuko ditu.

5.7. Agiriak aurkezteko epea amaitu eta berau aztertu ondoren, Udalak alkatetzaren ebazpena emanen du, eta hauek ezarriko ditu: aparkalekuak erabiltzeko lizentzien behin betiko adjudikazioa, eskatzaile bakoitzari emandako lizentzia kopurua eta bakoitzari adjudikatutako plaza kopurua.

Erabiltzaile bakoitzari emandako lizentziak besterenezinak izanen dira, eta, lizentzia horiei uko eginez gero edo baja emanez gero, Udalak berak adjudikatuko ditu berriro.

5.8. Aparkalekurik adjudikatu ez zaien hautagaiak itxarote zerrenda batean sartuko dira, zozketan ateratako zenbakiaren arabera ezarritako lehentasun ordenaren arabera. Behin betiko adjudikazioaren ebazpen horretatik aurrera, itxarote zerrenda irekita geratuko da aurrerantzean plaza eskatzen duten pertsonentzat.

6. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak, erantzukizunpeko adierazpena eta kontratua.

6.1. Behin-behineko adjudikaziodunek (hau da, aparkalekuak adjudikatu zaizkien familia-unitateko kide guztiek) agiri hauek aurkeztu beharko dituzte udaletxean, 5. artikuluan adierazitako epean:

–Familia- edo bizikidetza-unitateko kide guztien nortasun agiri nazionala.

–Adingabeek erabiltzeko lizentzien eskaeren kasuan, legezko tutoretza justifikatzen duen agiria aurkeztu beharko da; hau da, familia liburua edo epai judiziala, adibidez.

–Ordenantza hau eta, zehazki, bizikleten aparkaleku plazen adjudikaziodun gisa dituen betebeharrak ezagutzen dituztela eta beteko dituztela adierazten duen adierazpena, III. eranskinaren arabera.

–Erabiltzeko lizentzia bakoitzeko tarifak kargatzeko erabiliko den banku kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria.

–Bizikleten aparkaleku plaza erabiltzeko eskubidea duten eta beren ardurapean dauden adingabeen gaineko erantzukizunari buruzko berariazko adierazpena.

Eskatzailea, agiriak epe horretan aurkeztu ezean, prozeduratik kanpo geratuko da, eta adjudikazioa hurrengoaren alde egitea proposatuko da.

6.2. Plaza erabiltzeko lizentzia baten adjudikaziodunak (familia- edo bizikidetza-unitateko kide bakoitzak) Uharteko Udalarekin dagokion kontratua sinatu beharko du, behin betiko adjudikazioa jakinarazi eta hurrengo hamar egun baliodunetan. Adingabeen kasuan, lizentzia adingabearen izenean emanen da, baina gurasoetako batek sinatuko du.

Kontratu horrekin batera, hauek adieraziko ditu: adinez nagusia dela eta bizikletak erabiltzeko eta oinezkoekin eta gainerako ibilgailuekin batera bizitzeko arauak ezagutzen eta onartzen dituela.

6.3. Nolanahi ere, kontratua sinatzean, zerbitzuaren erabiltzaileek adjudikatu zaien plazan aparkatuko duten bizikletaren edo bizikleten datuak eman beharko dituzte (marka, modeloa, antzinatasuna, erosteko gutxi gorabeherako balioa eta argazkia). Uharteko Udalak bizikleta hori elementu itsaskorren edo bestelakoren baten bidez identifikatzen ahalko du; hartara, egiaztatzen ahalko du adjudikatutako plazan aparkatzen direnak direla.

7. artikulua. Bizikleten aparkaleku zerbitzuko aparkalekuak erabiltzea.

7.1. Bizikleten aparkaleku zerbitzuko aparkalekuen sarbidea eta erabilera norberarenak eta besterenezinak dira. Bizikleten aparkaleku zerbitzuko aparkalekuen sarbidea bideozaintza bidez kontrolatuta eta araututa egonen da.

Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan sartzen ahalko da aparkalekuetara.

Erabiltzaileek, aparkalekuan sartu ondoren, atea automatikoki itxi dela egiaztatu beharko dute.

Plaza bat izanen dute adjudikatuta erabiltzaileek, aparkaleku moduluan bertan zenbaki baten bidez identifikatuta egonen dena. Adjudikatuta duten plaza bakarrik erabiltzen ahalko dute erabiltzaileek, eta bizikleta aparkatzeko bakarrik erabiltzen ahalko dute, inolako denbora mugarik gabe.

7.2. Ez da bizikleta bera ez den beste objekturik gordetzen ahalko. Era berean, ez da patinete motako ibilgailurik edo berariaz bizikleta ez den bestelako ibilgailurik aparkatzen ahalko plaza horietan.

7.3. Erabiltzaile "egoiliarrak" bizikleten aparkaleku zerbitzuak eskaintzen ahal dizkion zerbitzu osagarriak erabiltzen ahalko ditu; hots, gurpilak puzteko sistema eta aparkalekuan bertan dauden bizikletak norberak konpontzeko tailerra.

7.4. Bizikleta utzi edo jasotzeko behar duten denbora baino ez dira egonen aparkalekuan erabiltzaileak eta, aparkalekuko zerbitzu osagarriak erabili behar badituzte (puzteko sistema eta norberak konpontzeko tailerra), zeregin horiek egiteko behar duen denbora baino ez dira egonen.

7.5. Egoiliarrek ez dituzte adjudikatu zaizkien plazak hirugarrenei alokatzen edo lagatzen ahalko, eta erabiltzaile ez direnak ez dira sartzen ahalko aparkalekura. Ez da aurreko paragrafoetan jasotakoez bestelako jarduerarik egiten ahalko aparkalekuaren barruan.

7.6. Aparkalekutik irteteko, sakagailua sakatu eta atea mekanikoki irekiko da. Atea automatikoki ixten dela egiaztatu beharko dute erabiltzaileek.

8. artikulua. Bizikleten aparkaleku zerbitzua erabiltzeko lizentziaren iraupena eta horretan alta emanda egoten jarraitzea.

8.1. Erabiltzeko lizentziak urtebeterako emanen dira.

8.2. Lizentzia horiek urtero berritzen ahalko dira automatikoki, gehienez ere hamar urtez.

8.3. Adjudikaziodunek edozein unetan egiten ahalko diete uko lizentziei. Lizentziari uko egiten badiote, hurrengo hilabeteko 1. egunean geratuko da bertan behera.

8.4. Nolanahi ere, erabiltzeko lizentzia mantentzeko, familia-unitateko kide guztiek lizentzia hori adjudikatzeko eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Hori horrela izanik, plaza baten adjudikaziodun izateko aintzat hartu den inguruabarrik aldatu den jakinarazi behar diote adjudikaziodunek Udalari; tartean, Uharten erroldatuta egoteari uztea.

Gainera, adjudikatzeko lizentziak bertan behera uzten ahalko ditu Uharteko Udalak, horiek eskuratzeko baldintzak edo horiek erabiltzeko baldintzak ez betetzen ez badira, hurrengo artikuluetan arautzen den bezala.

9. artikulua. Zerbitzuan baja ematea.

9.1. Erabiltzaileek baja ematen ahalko dute bizikleten aparkaleku zerbitzuan. Horretarako, 39/2015 Legeak baimendutako edozein bidetatik, lizentzia bertan behera uzteko eskaera aurkeztu beharko diote Uharteko Udalari.

Erabiltzaileak zerbitzuan baja emanda egonen dira, dela beren eskariz, dela ordenantza honetan aurreikusitako arrazoiak direla eta.

9.2. Erabiltzeko lizentziak erabiltzeko eskatutako baldintzak mantentzen direla berrikusten ahalko du Uharteko Udalak ofizioz eta edozein momentutan.

Hori horrela izanik, familia-unitateko kide guztiek lizentziak eskuratzeko baldintzak mantentzen dituztela berrikusten ahalko du ofizioz.

Ez-betetzeren bat hautemanez gero, Udalak hamar eguneko epea emanen die erabiltzaileei egoki deritzotena alega dezaten. Epe hori igarota eta alegazioen edukiaren arabera, Udalak baja automatikoa izapidetuko den ala ez erabakiko du.

Familia-unitateko kide bakar batek betetzen ez baditu baldintzak, berari dagokion erabiltzeko lizentzia utziko da bertan behera; gainerako kideenek beren horretan jarraituko dute.

9.3. Zerbitzuaren indarraldia amaitu eta ezarritako moduan eta epeetan baja emateko asmoa jakinarazten ez duten eta zerbitzuaren kuotaren ordainketaren banku ordainagiria bueltatzen duten erabiltzaileei baja emanen die Udalak hamabost eguneko epean. Adierazitako epea Udalak banku ordainagiria itzuli dela jakiten duen unetik aurrera kontabilizatuko da. Kasu horretan, Udalak ez du ez-betetzeagatiko prozesurik izapidetu beharrik izanen; hala, baja automatikoki egitea erabakitzen ahalko du eta aldi horretan pairatutako kalte guztien ordaina hartzen ahalko du.

9.4. Kontratuaren amaiera iritsitakoan, kontratua automatikoki berrituko balitz, erabiltzaileek ez duelako berariaz adierazi baja hartu nahi dutela adierazitako aurrerapenarekin eta baldintzekin, erabiltzaileek zerbitzuaren urteko edo hileko kuota ordaintzeari dagokion banku ordainagiria itzultzen badute, kontratua indarrean dagoela ulertuko da zerbitzuaren titularrak adierazitako ordainagiria itzuli dela jakin arte.

Kasu horretan, azken alderdi hori egiaztatu ondoren, bizikleten aparkaleku zerbitzuaren titularrak ez-betetze oso astunen kasuetarako aurreikusitako neurriak hartzea erabakitzen ahalko du. Erabiltzaileri behin betiko baja ematen ahalko zaio zerbitzuan, eta, kontratuari dagokionez, aldi horretan sortutako kalte­galerak ordaindu beharko dizkio Udalari.

9.5. Era berean, erabiltzeko lizentziei baja emateko arrazoia izanen da zerbitzuaren funtzionamendu arauak ez betetzeagatik zehapen oso astuna ezartzea.

10. artikulua. Zerbitzua gainbegiratzea eta mantentzea.

Udalaren zerbitzu anitzek ikuskatuko dituzte bizikleten aparkaleku zerbitzuak.

Sarbidea kontrolatzeko sistemaren gorabeherak jakinarazteko, larrialdietako telefono zenbaki bat izanen dute erabiltzaileek. Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan funtzionatuko du.

Aparkalekuko gainerako elementuen gorabeherak eta matxurak jakinarazteko, lan-ordutegian betiere, beste telefono zenbaki bat izanen dute erabiltzaileek.

Erabiltzaileek Udalari berari bidaltzen ahalko dizkiote bizikleten aparkaleku zerbitzuari buruzko kontsultak, kexak eta iradokizunak, aurrez aurre, telefonoz edo web orri baten bidez.

Bizikleten aparkaleku zerbitzuko aparkalekuek 24 orduko bideozaintza zerbitzua dute. Datuak Babesteko Legean eta Bideozaintzari buruzko Legean eskatzen diren baldintzak betetzen ditu zerbitzuak.

11. artikulua. Itxarote zerrenda kudeatzea.

11.1. Hasierako epean eskaera egin zuten baina eskatutako bizikleten aparkaleku zerbitzuko plazen adjudikaziodun izan ez diren eskatzaileekin osatuko da itxarote zerrenda. Erabiltzeko lizentziak adjudikatzen hasteko baliatu zen zenbakiak —zozketan atera zena— zehaztutako lehentasun ordenari jarraituko dio itxarote zerrendak.

11.2. Aparkaleku bakoitzeko plazak hasiera batean adjudikatzeko aldia amaitu ondoren, eskaeren zerrenda modu iraunkorrean irekiko da berriro, interesdunek izena eman dezaten.

Izena emateko, II. eranskina beteta aurkeztu beharko dute interesdunek, ordenantza honetan ezarritako bideen arabera.

Eskaera berri horiek hasiera batean adjudikatzeko prozesuaren ondoriozko itxarote zerrendan sartuko dira, eta bakoitzaren eskaera dataren arabera ordenatuko dira (plaza hutsak daudenean, zerrendan lehenago izena eman duten pertsonei adjudikatuko zaizkie).

11.3. Bizikleten aparkaleku zerbitzuan dauden bajak oinarri hartuta, Udalak plazak eskainiko ditu artikulu honetan adierazitako lehentasun ordenaren arabera. Gainera, ordenantza honetan eskatutako baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatuko du ofizioz, eta ordenantza honetako 5. eta 6. artikuluetan ezarritako izapideak egiteko eta agiriak aurkezteko eskatuko die interesdunei.

Horren guztiaren emaitzaren arabera, Udalak ebazpen bat emanen du plaza berriak adjudikatzeko edo baldintzak betetzen ez dituzten interesdunak zerrendatik kanpo uzteko.

III. TITULUA.– BIZIKLETEN APARKALEKUEN PREZIOAK

12. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau 2/1995 Foru Legeari, hain zuzen ere, lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari (2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa) jarraikiz eta haren 28. artikuluko baimena baliatuz ezarri da.

13. artikulua. Zerga-egitatea.

13.1. Uharteko Udaleko aparkaleku publikoetako egoiliarrei adjudikatutako aparkalekuak erabiltzea zerga-egitatea da.

13.2. Arau honetan urteko tarifa gisa zehaztutako prezio publikoen sortzapena urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eginen da, eta zergaldia urte naturala izanen da.

Zerbitzuaren erabiltzaile gisa alta edo baja ematen den kasuetan, zergaldia inguruabar horretara egokituko da; hori horrela, kuotaren hainbanaketa hilabete naturalen arabera eginen da, altaren edo bajaren datari dagokion hilabetea aldi horretan sartuta.

14. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

Prezio publikoak ordaindu beharko dituzte, zergadun gisa, Uharteko Udaleko aparkaleku publikoetan egoiliarren plazak erabiltzeko lizentziaren titular diren pertsona fisikoek.

15. artikulua. Oinarriak, tasak eta tarifak.

Aplikatu beharreko prezio publikoak arau honen I. eranskinean ageri dira, eta barne hartzen dute balio erantsiaren gaineko zerga, hala badagokie.

16. artikulua. Kudeaketa-arauak.

16.1. Zerbitzuaren lizentziak, alta eta baja eta plazen eta aparkalekuen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak Aparkaleku Publikoaren Zerbitzuaren Ordenantzan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

16.2. Plazak erabiltzeko lizentziaren titularrek, baimendutako erabilera amaitzen denean, zerbitzuan baja hartu dutela jakinarazi beharko dute. Horrela egiten ez badute, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta Udalak baja horren berri duen arte.

16.3. Urteko tarifari dagokion prezio publikoa ordaintzeko, banku kontuan helbideratuko da, eta urte bakoitzeko otsaileko lehen hogei egun naturalen barruan eginen da igorpena. Tarifa modalitate honetan alta ematen den kasuetan, altaren data urteko lehen egunarekin bat ez badator, arau honetako 3. artikuluan adierazitako zergaldiari dagokion ordainagiria igorriko da alta eman eta hurrengo hilabeteko lehen hogei egun naturalen barruan.

16.4. Zerbitzuaren erabiltzaile gisa baja hartzen den kasuetan, arau honen 3. eta 4. artikuluen arabera bidezkoak diren itzulketak baja jakinarazi edo zerbitzua utzi eta hurrengo hilabetean eginen dira.

IV. TITULUA.–FUNTZIONAMENDU BALDINTZA OROKORRAK: ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK

17. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Erabiltzaileek, bizikleten aparkaleku zerbitzua kontratatzearen bidez, aipatutako zerbitzuari atxikitako aparkalekuak erabiltzeko eskubidea eskuratzen dute, agiri honetan bertan ezartzen diren baldintzetan eta mugekin, bakoitzak dagokion modalitatearen arabera.

Erabiltzeko eta funtzionatzeko egokiak diren aparkalekuak izanen dituzte erabiltzaileek.

Zerbitzua emateko baldintzei eta inguruabarrei buruzko edozein erreklamazio egin nahi izanez gero, Uharteko Udalera jotzen ahalko dute erabiltzaileek. Aukera hauek dituzte horretarako: 948330761 telefono zenbakia, web orri bat eta aurrez aurre joatea udal bulegoetara.

Halaber, zerbitzuari buruzko informazioa eskatzen eta jasotzen ahalko dute erabiltzaileek, bai eta iradokizunei, erreklamazioei eta kexei buruzko erantzunak eman eta jasotzeko ere, dela posta elektronikoz, dela posta arruntez, dela aurrez aurre. Bizikleten aparkaleku zerbitzua ematen duenak ahalik eta eperik laburrenean erantzunen dio kontsultari eta/edo erreklamazioari, betiere jakinarazpena jaso eta hamabost egun natural igaro baino lehen.

Zerbitzuaren gorabeheren, tarifen eta hartzen ahal diren neurrien berri izaten ahal dute erabiltzaileek, webguneren edo bestelako bide baten bidez, eta egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahal dituzte.

Ezbeharren bat gertatuz gero, Udalera jotzen ahalko dute erabiltzaileek, kexak eta iradokizunak aurkezteko manera berean.

18. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileek hauek beteko dituzte zerbitzua erabiltzen duten bakoitzean:

a) Zerbitzua eta haren osagai guztiak ahalik eta ardurarik handienarekin erabiltzea.

b) Erabilera inola ere ez lagatzea hirugarrenei, ezta senideei ere.

c) Sareko aparkalekuetan gertatutako edozein matxuraren edo kalteren berri ematea, non eta zein baldintzatan dauden adierazita.

d) Aparkalekua irekitzen denetik ixten den arte, bizikleta uzten edo hartzen dituzten bitartean, behar bezala erabili eta zainduko du aparkalekua.

e) Erabiltzaileek, aparkalekua erabiltzeaz gain, aparkaleku horretara sartzeko ateak behar bezala ixten direla egiaztatu beharko dute.

f) Zerbitzuaren erabiltzaileek dagokien aparkaleku moduluan aparkatu beharko dute bizikleta, eta moduluek identifikazio zenbaki bat izanen dute.

g) Aparkalekuaren elementu osagarriak behar bezala eta behar den denboran erabiliko dituzte (gurpilak puzteko sistema eta bizikletak norberak konponketarako tailerra).

h) Zerbitzuari lotutako daturik aldatu bada edo kobrantzak egiteko banku-kontua aldatu bada, horien berri ematea.

i) Udalari emandako datu guztiak egiazkoak direla eta erabiltzaileak zerbitzuan alta emanda dauden bitartean mantenduko direla ziurtatzea.

j) Sistemara sartzeko gakoak eta kodeak modu seguruan gordetzea.

19. artikulua. Debekuak.

Erabiltzaileek ez diete hirugarrenei uzten, alokatzen edo lagatzen ahalko ez aparkalekua, ez aparkalekurako sarbidea, eta ez dituzte aparkalekuak kontratu honetan eta indarrean diren lege xedapenetan aurreikusitakoaz bestelako maneran erabiltzen ahalko. Erabiltzaileek ez dituzte aparkalekuak eta elementu osagarriak modu desegokian erabiltzen ahalko.

Ez dute bizikleta edo bizikletaren atoia ez diren beste objekturik uzten ahalko. Ez dituzte aparkalekuak merkataritza jardueretarako erabiltzen ahalko.

20. artikulua. Kalteak.

Udalak bere gain hartuko ditu zerbitzuaren emaileari zuzenean egozten ahal zaizkion kalteak, bai eta kontratatutako aseguruak estaltzen dituenak ere. Gainerako inguruabarretan, erabiltzaileek beren kabuz eta arriskupean erabiliko dute zerbitzua.

21. artikulua. Ez-betetzeagatiko erantzukizuna.

Erabiltzaileei, beren gain hartu dituzten eta araudi honetan jasota dauden betebeharrak betetzen ez badituzte, Udalak aldi baterako edo behin betiko baja emanen die zerbitzuan eta, ondorioz, kontratazio-zerbitzuan.

Nolanahi ere, erabiltzaileek adierazten dute onartzen dutela erabiltzaileen betebeharrak ez betetzeak, gainera, kontratu honen klausuletan indarrean dauden zigorrak eta errekarguak aplikatzea ekartzen ahal duela. Era berean, Udalak bide judizial arruntaren bidez erreklamatzen ahalko ditu erabiltzaileek eragindako kalte-galerak.

Erabiltzaileek baimena ematen diote zerbitzuaren kudeatzaileari ordain ditzan, gaitutako ordainketa sistemaren bidez, tarifaren arabera sortzen diren karguak, bai eta sortzen ahal diren zigorren eta errekarguen zenbatekoa ere, kontratu honen klausuletan ezarritakoaren arabera.

22. artikulua. Datuak konfidentzialtasunez tratatzea.

Bizikleten aparkaleku zerbitzuaren datuak babesteko politikak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren lege esparrua beteko du.

Uharteko Udalak ez du "erabiltzaileen altako" eta "erabiltzaileen bajako" zerbitzuetan sartutako daturik erabiliko, zerbitzua emateko eta bizikleten aparkaleku zerbitzuaren eta erabiltzaileen arteko komunikazioetarako nahitaezko erabileratik harago.

Edozein erabiltzailek edozein unetan eskatzen ahalko du fitxategietan dauden datuak aldatzeko edo bizikleten aparkaleku zerbitzuaren erabiltzaile gisa baja emateko.

Emandako datu pertsonalak Uharteko Udalaren "Udal jarduerak eta zentroak" fitxategian sartuko dira, bizikleten aparkaleku zerbitzua kudeatzeko. Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izateko, Erregistro Orokorrera edo egoitza elektronikora jo behar dute interesdunek: www.huarte.es.

Erabiltzaileek onartzen dute emandako datu guztiak zehatzak direla, eta ordenantza honetan aurreikusitako baldintzak onartzen dituzte. Gainera, emandako datuen egiazkotasunaren eta zuzentasunaren erantzule bakarrak dira.

V. TITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

23. artikulua. Printzipio orokorrak.

Zehapen prozedura administrazio publikoen zehapen ahalmenaren gaineko araudi orokorrarekin bat etorriz izapidetuko da.

24. artikulua. Erantzuleak.

Ordenantza honetan jasotako arau-hausteen erantzule izanen dira, egitez edo ez-egitez, hurrengo artikuluetan halakotzat tipifikatutako jokabideak egiten dituzten pertsonak.

25. artikulua. Zerbitzua gaizki erabiltzearen ondoriozko arau-hausteak.

Zerbitzuaren arau-haustetzat hartzen diren eta diruzko zehapenak ekarriko lituzketen jokabideak:

a) Honako hauek arau-hauste arinak izanen da:

–Bizikletak aparkatzeko eta amarratzeko moduluetan 60 eurora arteko kalteak eragitea.

–Aparkalekuko sarrera ateetan eta elementu osagarrietan 60 eurora arteko kalteak eragitea.

–Aparkaleku batetik irtetea, sartzeko atea itxi dela egiaztatu gabe.

b) Honako hauek arau-hauste astunak izanen dira:

–Bizikletak aparkatzeko eta amarratzeko moduluetan 60 eurotik 200 eurora bitarteko kalteak eragitea.

–Aparkalekuko sarrera ateetan eta elementu osagarrietan 60 eurotik 200 eurora bitarteko kalteak eragitea.

–Egoiliar gisa dagokionaz bestelako aparkaleku modulu batean uztea bizikleta, edo, txandakako erabiltzaileak badira, egoiliarren modulu batean uztea.

–Ez-betetze arinak errepikatzea sei hilabeteko epean.

–Datu pertsonalen edo kobrantzak egiten diren banku-kontuari dagozkion datuen aldaketa ez jakinaraztea.

c) Honako hauek arau-hauste oso astunak izanen dira.

–Hirugarrenei sartzen uztea.

–Aparkaleku modulu bat guztiz edo partzialki desmuntatzea.

–Bizikletak aparkatzeko eta amarratzeko sistemetan 200 eurotik gorako kalteak eragitea.

–Aparkalekuko sarrera-ateetan eta elementu osagarrietan 200 eurotik gorako kalteak eragitea.

–Bizikleten aparkaleku zerbitzuari gertatutako gorabeheren berri ez ematea.

–Kuota, tarifa edo zigorra ez ordaintzea.

–Lokala merkataritza xedeetarako erabiltzea.

–Bizikleta edo atoia ez diren objektuak edo pertsonak eta animaliak uztea.

–Bi ez-betetze astun egitea sei hilabeteko epean.

Ez-betetze prozesuen izapideen berri emanen zaie erabiltzaileei, eta hamar eguneko epea emanen zaie egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten.

26. artikulua. Zehapenak.

Jarraian, 20. artikuluan aipatutako arau-hausteak egiteagatik ezarritako zehapenak zehazten dira:

a) Arau-hauste arina.

–Arau-hauste arina egiteagatik, 60 eta 100 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

b) Arau-hauste astuna.

–Arau-hauste astuna eginez gero, 100 eta 300 euroko isuna ezarriko da, eta zerbitzuan aldi baterako baja emanen da hilabete batez.

c) Arau-hauste oso astuna.

–Arau-hauste oso astuna eginez gero, 300 eta 1.000 euro bitarteko isuna ezarriko da, zerbitzuan behin betiko baja emanen da, eta atzeratutako kuotak berehala ordaindu beharko dira, halakorik badago.

Kasu guztietan, Udalak, adierazitako neurriak hartzeaz gain, erabiltzaileek eragindako kalte-galeren ordaina hartzen ahalko du, eta egokitzat jotzen dituen erreklamazio ekintzak planteatzen ahalko ditu dagokion jurisdikzioan.

27. artikulua. Ordena penalaren nagusitasuna eta beste arau sektorial batzuen aplikazioa.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak direla-eta ezarritako zehapenek ez dute zerikusirik beste arau sektorial batzuen araberako erantzukizuna ekartzen ahal duten egintzekin. Administrazioaren zehapen prozeduraren xede diren egintzek garrantzi penala dutenean, administrazio prozedura etenda utziko da zigor arloko prozedura ebatzi arte.

Azken xedapenetako lehena.–Araubide gehigarria.

Aurreikusi ez den guztian, erabiltzeko lizentzien baimen hau honako arau hauen arabera arautuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. titulua; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua; Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, eta gainerako araudi aplikagarria.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera, ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

I. ERANSKINA.–BIZIKLETA APARKALEKUAK ERABILTZEKO LIZENTZIEN PREZIO PUBLIKOAK

Uharteko Udalaren bizikleten aparkaleku zerbitzuko plaza bat erabiltzeko lizentzia bakoitzeko urteko tarifa: 60 euro.

II. ERANSKINA.–BIZIKLETEN APARKALEKUKO PLAZAK ERABILTZEKO LIZENTZIA ESKATZEA

1.–Eskatzailearen/ordezkariaren datuak.

Izen-abizenak

NANa

Helbidea

Telefonoa

Posta elektronikoa

Komunikazioetarako bitartekoa

Postala

Elektronikoa

2.–Bizikleten aparkalekuak erabiltzeko lizentziaren xede diren familia-unitateko pertsonak.

Izen-abizenak

NANa

3.–Adingabe eskatzaileak eta eskatzailearekiko harremana.

Izen-abizenak

Ahaidetasuna edo harremana

4.–Eskatzaileok BAIMENA EMATEN DIOGU.

–Eskaera honen eskatzaileari/ordezkariari eskaera aurkezteko eta beren izenean jarduteko; hartara, emateko prozedura honetan beharrezkoak diren izapideak egiten ahalko ditu.

–Uharteko Udalari, familia- edo bizikidetza-unitatea osatzen duten kide guztiek sarbide baldintzak betetzen dituzten kontsultatzeko.

Horrekin guztiarekiko adostasuna agertuz, agiri hau sinatzen dugu:

Izen-abizenak

NANa

SINADURA

Eguna:

Uharte, sinatuta.

Inprimaki honen bidez jasotako datu pertsonalak Uharteko Udalak Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren Erregistroan inskribatuta duen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Hori horrela izanik, jakinarazten dizugu Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko direla datuok. Gainera, jakinarazten dizugu datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak baliatzeko aukera duzula. Eskubide horiek baliatzeko, idatzi helbide honetara: Uharteko Udala, San Juan plaza 1, 31620, Uharte, Nafarroa.

III. ERANSKINA.–BIZIKLETEN APARKALEKUAREN ORDENANTZAREN BERRI IZATEAREN ADIERAZPENA

Aitortzailearen datuak:

Izen-abizenak

NANa

Helbidea

Telefonoa

Posta elektronikoa

Nire erantzukizunpean aitortzen dut bizikleten aparkalekuko plazak erabiltzeko lizentzia eskatzen dudanean bete beharreko baldintzak betetzen ditudala eta ordenantza hau eta, zehazki, bete beharreko betebeharrak ezagutzen ditudala.

Eguna:

Uharte, sinatuta.

Uharteko Udalak Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren Erregistroan inskribatuta du. Hori horrela izanik, jakinarazten dizugu Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko direla datuok. Gainera, jakinarazten dizugu datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak baliatzeko aukera duzula. Eskubide horiek baliatzeko, idatzi helbide honetara: Uharteko Udala, San Juan plaza 1, 31620, Uharte, Nafarroa.

Iragarkiaren kodea: L2415348