231. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1101E/2024 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio Lacunza Hermanos SLk sustatutako proiektu honi: "Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) tratatzeko eta transferitzeko instalazioa Galar Zendean".

2024ko uztailaren 18an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari. Espediente hori hemen dago: Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, II. eranskina, 9. taldea, d) letra (eranskina ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuak aldatu du).

Txosten honen I. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren eta ingurumen-dokumentuaren funtsezko datuak.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea:

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, kontsultak egin zaizkie ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei.

Horri erantzuteko, Hondakinen Atalak txostena egin du, eta bertan adierazten du Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Planean ez dela baldintza gehigarririk ezartzen ezarri nahi den jarduerarako (EEHen kudeaketa tratamendu instalazio batean). Horrez gainera, txostenaren arabera, zentroa instalatzeko eta bertan aritzeko 7/2022 Legean ezartzen diren hondakinak kudeatzeko baimena lortu behar da (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, ekonomia zirkularrerako). Baimen hori instalazioaren ingurumen-baimenaren izapidetzan emanen da.

Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Jarduera honi esker Iruñerriko hondakinak murriztuko dira, ekonomia zirkularra bultzatuko da eta lehengai gutxiago edo erauzketa-jarduera gutxiago beharko dira eraikuntzarako agregakinak lortzeko. Jarduerak ingurumenean edukiko dituen ondorioak haren ingurumen-baimen bateratuaren espedientean aztertu eta kontrolatuko dira. Kasu honetan garrantzitsua da kontrol eta kudeaketa neurri egokiak ezartzea instalazioan ez jasotzeko tratatzen ahal diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak baino gehiago, gehiegi metatu ez daitezen, ez eta kontrakoa ez gertatzeko ere, hau da, agregakin gehiegi bildu eta irtenbiderik eman ezinik ez ibiltzeko.

Instalazio berria ezartzeko, sustatzaileak Galarko Ezkirozko 2. poligonoko 315. lurzatian eta Galarko Cordobillako 1. poligonoko 249. lurzatian dauzkan jarduerak berrantolatu eta hedatuko dira. Lur horiek Noain-Ezkirozko industrialdearen iparraldean daude, Alto de La Facería zaharraren parean, lurzoru urbanizagarrian. Aurkeztutako dokumentazioko testua oker dago, adierazten baitu bi lurzatiok gaur egun guztiz hesituta daudela. Aurkeztutako planoen arabera, proiektuak Galarko 315/2 lurzatia baino ez du ukitzen; nolanahi ere, horrez gainera Galarko 315/2 lurzatian urbanizatu gabeko eremua eta Galarko 249/1 lurzatiko hegoaldeko eremua ere ageri dira.

Galarko 315/2 lurzatian berdindu edo urbanizatu gabe dagoen erdian eta Galarko 249/1 lurzatian berezko landaretza dago, batez ere belarrak, eta fruta-arbola eta bestelako zuhaitz bakan batzuk (batzuk autoktonoak). Instalazioaren sustatzaileak erabiltzen duen eremuaren mendebaldean landare-lur ugari daude pilatuta eta haien gainean landaretza dago. Lurzatiaren hegoaldeko mugan hesi moduko zuhaitz-lerroa dago. Galarko 315/2 lurzatian landaretza dagoen eremuen artean beste elementu batzuk daude: hondakinak eta zaborrak barreiatuta, eremu handi batean asfaltozko hondakinak pilatuta, bertan behera utzitako lan-etxolaren bat, etab.

Proposatzen da gaur egun jarduerak hartzen dituen lurren erabilera bereganatzea eta lur gehiago okupatzea iparralderantz. Ez dago asmorik eraikinik egiteko ez eraikuntza elementu finkorik jartzeko, eta lorezaintzako jarduketarik egiteko ere ez. Instalazio berria ezartzeko ezabatuko den landare-estalkiak badu ingurumen-balioa eta horren galera onartuta dago industrialdea zehaztu denetik, proiektuko lurzati osoa urbanizatzeko asmoa baitago. Hala ere, egungo jarduerek eta proposatutakoak 1.700 m² hartzen dituzte Galarko Cordobillako 1. poligonoko 249. lurzatian (gaur egun larreak daude). Udalaren planaren arabera, industrialdeko bazterreko berdegunea izan behar zen.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta ala ingurumen-inpaktuaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez zehazten du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen-baimen bateratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betetzen bada; gainera indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren gainerako beste baimen guztiak lortu beharko dira.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura ongi bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat etorriz eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 10/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 255/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Lacunza Hermanos SLk Galar Zendean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta transferitzeko instalazioa ezartzeko proiektuak ez du eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betetzen bada.

2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–EEHak tratatzeko instalazioaren jarduerari ekin aurretik instalazioa eta sustatzailearen jarduerak mugatuko dituen perimetroko itxitura eginen da. Orduan egungo jarduera ekialdetik mugatzen dituzten hodiak eta materialak kenduko dira (Galarko 1. poligonoko 249. lurzatia), zeren eta, industrialdeko berdeguneetako bat denez gero, lurzatian hondakinik gabeko landare-estalkia egon behar baita, harik eta lorategiz edo zuhaitzez hornitu arte.

–Ondoren, jardueraren ingurumen-kontrola ahalbidetzeko, instalazio berrian tratatu ezin diren hondakin guztiak mugatutako eremutik aterako dira eta baimendutako kudeatzaile baten esku utziko dira.

–Perimetroko itxitura egiten denean eta egun jarduera ekialdetik mugatzen dituzten materialak kentzen direnean, ahalik gutxien ukitu behar da Galarko 1. poligonoko 249. lurzatiko landaretza naturala.

–Jardueraren itxituraren barnealdean argi eta garbi zehaztu behar da non dauden elementuak: baskula, etxola, errefusen eta garbiketa-hondakinen edukiontziak, tratatu beharreko hondakin-pilak, tratamendu-eremua (birrindu, bahetu...), birziklatutako agregakinak pilatzeko lekuak (moten arabera) etab. Gainera, erabiliko diren gainerako eremuak ere zehaztu behar dira: aparkalekuak, eraikuntzako materialen biltegia, etab.).

–Instalazioa ezarri aurretik, produktuak edo jardueraren beste elementu batzuk pilatzen diren eremu berrietako azaleko landare-geruza kenduko da eta jardueraren barrunbean gordeko da, noizbait lurzatiaren barnealdeko urbanizazioko eta birpartzelazioko lorategietan erabili ahal izateko.

–Instalazioan horrelako jardueran ohikoak eta egokiak diren neurriak aplikatu beharko dira isurketen inpaktuak (zarata, hautsa, kiratsak, kutsadura, etab.) saihesteko edo minimizatzeko. Neurriok jarduera berriaren baimenean bilduko dira.

–Kontrol eta jarraipen plana aplikatu beharko da instalazioan ez pilatzeko tratatu beharreko hondakin eta azpiproduktu gehiegi, ez eta kanpora eman beharreko agregakin birziklatu gehiegi ere.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau igorriko zaie Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Galar Zendeako Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, "Iruña") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–DOKUMENTU TEKNIKOAREN ETA INGURUMEN-AZTERLANAREN LABURPENA

Proiektuaren arabera, sustatzaileak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) tratatzeko instalazioa jarri nahi du berak erabiliko duen agregakin birziklatua sortzeko. Horretarako, Noain-Ezkirotzeko industrialdean egiten dituen jarduerak hedatu eta berrantolatu nahi ditu: obra-materialen, lurren, agregakinen, makinen eta tresnen biltegia. Proposatzen du jarduera horiek eta hedapena bi tokitan egitea: 15.000 m² inguruko zabalgunea (zati batean sasiak kenduta daude), batez ere Galarko 2. poligonoko 315. lurzatiaren hego-ekialdean dagoena (Ezkirotz); 1.800 m² inguruko eremua Galarko 1. poligonoko 249. lurzatian (Cordobilla).

Galarko 2. poligonoko 315. lurzatiko lurrak urbanizagarriak dira; urbanizatzeko zain daude beste jarduera ekonomiko batzuk ezartzeko. Beraz, horren erabilera behin-behinekoa da. Udalaren planaren arabera, Galarko 1. poligonoko 249. lurzatia (Cordobilla), nahiz eta urbanizagarria izan, industrialdeko berdegunea izanen da.

Instalazioan 2.500 tona EEH inguru tratatuko dira urtean (garbiak izanen dira, batez ere hormigoia, baina antzeko beste material batzuk ere bai) agregakin birziklatua sortzeko. Honako eragiketa hauek eginen dira: hondakinak sailkatu, garbitu, birrindu eta bahetu. Beste hondakin batzuk ere jasoko dira. Horiek bildu eta sailkatu eginen dira eta kudeatzeko eta balorizatzeko zain geratuko dira.

Beraz, instalazioan honako eragiketa hauek eginen dira: hondakinak kudeatzeko R13 eragiketak (hondakinak biltegiratzea bilketaren eta tratamenduaren esparruan), R12 eragiketak (hondakinak tratatzea eta sailkatzea balorizatu aurretik) eta R5 eragiketak (beste gai inorganiko batzuk birziklatzea eta berreskuratzea). Asmoa da gutxienez hiru produktu desberdin sortzea (meheak, legarrak eta lodiak), hiru motatako zabor-legarrak (0-25, 0-40 eta are 0-100 mm).

Galarko 315/2 lurzatiaren inguruan bideak eta nabeak daude, 46.000 m²-ko azalera dauka eta barnealdea urbanizatu gabe dago, bi lekutan izan ezik: iparraldean Noain-Ezkirozko industrialdeko T kaleko azken 300 metroak daude (6 metro zabal) eta lurzatiko hego-ekialdean zolatutako eremu bat dago, eraikuntzako beste enpresa batek erabiltzen duena obra-materialak eta lurra pilatzeko, aparkatzeko eta beste gauza batzuetarako. Egungo jardueran itxitura partziala eta sarrera-atea daude. Instalazioko sarreratik hurbil baskula bat egonen da, bai eta langileentzako etxola bat ere.

Instalazio berria egokitzeko, orain zabalgunean dauden pilaketak, biltegiak eta aparkalekuak beste era batera antolatuko dira eta 3.000 m² gehiago okupatuko dira zabalgunearen iparraldean, bertan pilatuko baitira sortzen diren materialak (agregakinak eta zabor-legarrak) kanpora bidali arte.

Hondakinak jasotzen direnean, aztertu eginen dira, onartzeko eta trazabilitatea bermatzeko. Onartzen direnak harrera eta sailkapen eremuan utziko dira (800 m²); gero sailkatu eginen dira eta motaka bereizita gordeko dira. Askatzen diren material desegokiak eta handiak 20-25 m³-ko edukiontzietan gordetzen ahalko dira, harik eta kudeatzaile baimenduek eraman arte. Gehienez 1.600 m³ biltzen ahalko dira 950 m²-ko eremu batean. Tratamendurako, hondakinak birrintzeko eta bahetzeko instalazioa egonen da. Gainera, instalazioaren jardunerako behar diren beste ibilgailu eta makina mugikorrak ere egonen dira.

Aurkeztutako ingurumen-agiriak proposamena eta ingurune hartzailea deskribatzen ditu, eta espero daitezkeen inpaktuen balorazio bat jasotzen du. Halaber, zenbait neurri zuzentzaile eta ingurumen-zaintzako neurri jasotzen ditu, inpaktuen ingurumen-kontrola egiteko, bai obra-fasean bai ustiapen-fasean.

Iragarkiaren kodea: F2415383