1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1100E/2024 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Iruñean ibilgailuak desegiteko leku bat jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena. Proiektua Chatarras y Desguaces Landaben SL sozietateak sustatu du.
2024ko ekainaren 20an Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari. Espediente hori hemen dago: Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, II. eranskina, 9. taldea, d) letra (eranskina ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuak aldatu du).
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.
–Proposamenaren deskribapena.
7. poligonoko 1415. lurzatiak 4.900 m² dauzka. Bertan erakusketa eta bulegoa dauden nabea dago (546 m² oinplanoan), D kalearekiko paraleloan, jardueran sartzen ez dena, eta zolatutako zabalgune bat (4.146 m²) eraikinaren eta lurzati mugakideen artean, atzealdean izan ezik, hor jarduerarako beste nabe bat baitago (228 m²). Zabalgunearen ekialdean sustatzaileak beste nabe bat dauka industrialdeko C kaleko 4. zenbakian. Bertan egiten diren jarduerak ez dira aztertu txosten honetan. Industrialde batean dagoenez, ez da behar elektrizitate-hornidurarik, ez ur-hornidurarik, ez saneamendurik.
Lanetarako honelako jardueretan ohikoak diren makinak erabiltzen dira: jasogailuak, orgatilak, erabiltzen ez diren ibilgailuak deskutsatzeko makina osoa, etab. Harreraguneko, zabalguneko eta prozesu-nabeko zolata hormigoizkoa izanen da, iragazgaitza eta jarkikorra jardueraren ondorioz isurtzen ahal diren gaiekiko: olioak, erregaiak, etab. Hondakinak aldi batez biltzeko ontziak egonen dira, araudiak ezartzen duena betetzeko.
Ibilgailuak jaso ondoren banaka deskutsatuko dira atzealdeko nabearen barruan, isurtzen den guztia bilduko duen erretilu baten gainean. Ibilgailuaren piezak ere erretilu horren gainean erauziko dira. Ondoren, motor-blokeak eta gainerako elementuak paleten gainean bilduko dira nabearen barrualdean. Ibilgailuetatik ateratzen diren bateriak aldi batez plastikozko edukiontzi batean bilduko dira. Edukiontzia ongi identifikatuta egonen da eta aldian-aldian gaitutako hondakin-kudeatzaile batek eramanen du.
Ibilgailuaren elementu kutsagarriak kendu ondoren ibilgailuak arriskutsuak ez den hondakinak izanen dira, eta kanpoko zabalgunean utziko dira. Zabalgunean biltzen diren urak hidrokarburoen dekantagailu-bereizgailu batean tratatuko dira poligonoko saneamendu-sarera bideratu aurretik.
Harreragunean eta ibilgailuak deskutsatzeko eta zatitzeko eremuan isurtzen diren likidoak sepiolitaz xurgatuko dira eta bidoi hermetiko homologatuetan bilduko dira hondakin-kudeatzaile baimendunak eraman arte.
Lurzatiko eraikinetako estalkietan biltzen den euri-ura, kutsatuta ez dagoena, euri-uren sarera isuriko da. Zabalgunean biltzen den euri-ura lehen azaldu den bezala tratatuko da: hidrokarburoen dekantagailu-bereizgailu batean tratatuko da eta gero sare orokorra isuriko da.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatua tramitatzea.
Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide honetan kontsulta egin zaio Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari.
Horri erantzuteko, Hondakinen Atalak txostena egin du, eta bertan adierazten du Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Planean ez dela baldintza gehigarririk ezartzen ezarri nahi den jarduerarako (erabiltzen ez diren ibilgailuen tratamendurako zentroa, ITZ). Horrez gainera, txostenaren arabera, zentroa instalatzeko eta bertan aritzeko 7/2022 Legean ezartzen diren hondakinak kudeatzeko baimena lortu behar da (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, ekonomia zirkularrerako). Baimen hori instalazioaren ingurumen-baimenaren izapidetzan emanen da. Azkenik, txostenean azaltzen denez, jarduera hondakinen kudeaketa denez gero, instalazioa 9/2005 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan dago (9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzorua kutsatzen ahal duten jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuak adierazteko irizpide eta estandarrak ezartzen dituena).
Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Jarduerak hondakinak murrizten lagunduko du, ekonomia zirkularra bultzatuko du eta lehengaien kontsumoa murriztuko du. Ingurumen-baimen bateratuaren espedientean jarduerak airearen kalitatean (zarata, bibrazioak, kutsadura), lurzoruan eta uretan sortzen dituen ingurumen-inpaktuak kontrolatuko dira, bai eta hondakinak sortzeak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak sortzen dituztenak ere.
Kontuan eduki behar da jarduera industrialde bateko lurzati batean eginen dela eta lurzati hori behar bezala mugatuta, urbanizatuta eta eraikita egonen dela. Gainera, ez da beharko elektrizitate-hornidura, ur-hornidura ez saneamendu berririk, eta jarduera ezartzeak eta egiteak ez dute zuzeneko eraginik izanen nekazaritzako ez basogintzako eremuetan, ez eta naturaguneetan ere.
Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, zehazten du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen baimen bateratua betetzen bada, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura ongi bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat etorriz eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 10/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 255/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Iruñean ibilgailuak zatikatzeko zentroa ezartzeko proiektuak, Chatarras y Desguaces Landaben SLk sustatzen duenak, ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen denari jarraikiz gero.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Iruñeko Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, "Iruña") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2415374