231. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

445/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egiten baita 2024-2025 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 69.4 artikuluan, eskumena ematen die hezkuntza administrazioei Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probak antolatzeko aldian behin, betiere 40. artikuluan ezarritako helburuak betetzen direla frogatuz gero.

Lanbide Heziketaren Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak 140. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketako tituluak lortzen ahal direla horiek zuzenean lortzeko antolatutako probak gaindituz, eta 141. artikuluan xedatzen du hezkuntza administrazioei dagokiela proba horiek aldian behin antolatzea, eta, beren eskumenen esparruan, haietarako deia egitea gutxienez urtean behin, eta, orobat, zehaztea zein diren proba horien xedeko heziketa zikloetako lanbide moduluak, noiz den matrikulazio epea, zein egunetan eta zein ikastetxetan eginen diren eta zein izanen diren proben edukiei dagozkien curriculumak. Era berean, 142. artikuluak zehazten du zein diren probetan parte hartzeko baldintzak eta adinari buruzko betebeharrak.

Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusi honetan, Osasun Larrialdietako erdi mailako heziketa zikloko modulu asko gaindituz joan diren pertsonen galdera eta eskaera ugari jaso ditugu, hainbat bidetatik, jakin nahi dutelako nola buka dezaketen zikloa hasi zireneko ikasketa plan berean. Izan ere, Lanbide Heziketako araudi berria indarrean jartzeaz batera (3/2022 Lege Organikoa, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzekoa, eta 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena), aldatu egin dira heziketa zikloen ikasketa planak, eta ikasle guztientzat nahitaezkoak diren prestakuntza modulu berriak agertu dira.

Zentzuzkoa dirudi ikasle horiek ikasketak osatzeko aukera izatea, geratzen zaizkien moduluei beste modulu batzuk gehitu behar izan gabe, Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortu ahal izateko.

Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiari dagokio proben deialdia egitea, eta zehaztea horren xedeko lanbide moduluak eta heziketa zikloak, izena emateari eta matrikulari buruzko alderdiak, eta probak zein egunetan eta zein ikastetxe publikotan eginen diren.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak aurkeztu duen txostena, Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko berariazko probetarako deialdia egin beharrari buruzkoa.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko probetarako berariazko deialdia egitea, 2024-2025 ikasturterako, ebazpen honen eranskinean jasotako oinarriekin bat.

2. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK. LANBIDE HEZIKETAKO TITULUAK LORTZEKO PROBA LIBREETARAKO BERARIAZKO DEIALDIA

2024-2025 ikasturtea

Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da berariazko deialdi bat egitea Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko probetarako, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsonei zuzenduta dago berariazko deialdi hau:

a) Nafarroan erroldatutako pertsonak, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

b) Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko erdi mailako heziketa zikloaren barneko konpetentzia unitateak edo moduluak egiaztatzen dituzten pertsonak, baldin eta lortu badituzte konpetentziak egiaztatzeko prozedura baten bidez eta/edo etengabeko prestakuntzaren edo enplegurako prestakuntzaren bidez.

c) Konpetentzia unitate eta prestakuntza modulu horien bidez baliozkotu ditzaketen lanbide moduluen orduak, guztiak batuta, 620 ordu edo gehiago izatea.

2. Berariazko deialdi hau titulu honetarako egiten da:

–Titulua: Osasun Larrialdietako teknikaria (Lanbide arloa: Osasungintza - Maila: erdi mailakoa).

Nafarroako curriculuma: 43/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa (2009ko abuztuaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala); azken aldaketa: 27/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa (2018ko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Ikastetxe aztertzaileak (matrikulatzeko eta probak egiteko ikastetxeak):

ESTNA - Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa IB (Irunlarrea 3, Nafarroako Ospitalearen esparrua, 31008 Iruña. Tel.: 848 431060).

ETI Ikastetxe Bateratu Politeknikoa (Tarazonako etorbidea 25, 31500 Tutera).

Berariazko deialdian izena emateko baldintzak.

3. Izena eman ahal izateko ebazpen honek arautzen duen Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko probetarako berariazko deialdian, baldintza hauek guztiak bete behar dira, bai orokorrak bai berariazkoak:

a) Baldintza orokorrak: proba libreetarako deialdi orokorretan ezarritakoak:

–18 urte edo gehiago izatea.

–Titulu hauetako bat izatea:

  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo haren baliokide bat.
  • Oinarrizko lanbide titulua.
  • Hezkuntza maila bereko edo goragoko beste titulu akademiko batzuk:
    • Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua; kirol-teknikari titulua.
    • Batxilergoko titulua.
    • Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua; goi mailako kirol-teknikari titulua.
    • Unibertsitateko titulua.
  • Gaindituta izatea:
    • Erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba.
    • Beste sarbide proba batzuk:
      • Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba.
      • 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba.
    • Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa.
    • Beste sarbide ikastaro batzuk:
      • Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa.
  • 2. mailako lanbide-ziurtagiria, izena ematen den erdi mailako zikloan sartua dagoena.

b) Berariazko baldintzak: deialdi honen 1. oinarrian zehazten direnak.

Deialdirako jarraibideak.

4. Osasun Larrialdietako zikloko nahi beste modulutan eman daiteke izena, baldin eta modulu horien orduak, guztiak batuta, mila ordu edo gutxiago badira.

5. Honela ematen ahalko da izena:

a) Eskabide orokor bat zuzenduta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalera. "Osasun Larrialdietako titulua lortzeko proba libreak. Berariazko deialdia" izeneko fitxan dagoen estekatik egiten ahal da, helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/pruebas-libres-especificas-de-formacion-profesional

6. Onarpen prozesuaren egutegia: Lehenbiziko epe bat ezarriko da interesdunek administrazioari behar diren agiriak igortzeko, hau da, berariazko deialdian onartuak izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen dutenak.

Ondoren, deialdian onartutakoen zerrenda argitaratuko da, zer modulutan onartu dituzten zehaztuz.

Onartuek dagozkien moduluetan egin beharko dute matrikula, adierazitako epean, kasuan kasuko tasak ordainduta.

Azterketa bakoitzaren datak zentro aztertzaileak zehaztuko ditu, eta behar besteko aurrerapenarekin iragarriko dira. Nolanahi ere, azterketak ez dira eginen 2025eko martxoa baino lehen.

Onarpen prozesuaren egutegiaren datak ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira.

7. Izangai bakoitzak izena emateko eskaera bakar bat aurkeztuko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Lanbide Heziketako berariazko proba libreetan izena ematea" izeneko tramiteen fitxako ereduei egokitua.

Norbaitek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, horietako bakar bat ere ez da kontuan hartuko, eta deialdi honetan araututako onarpen prozesutik kanpo geldituko da.

8. Eranskin honen 3. oinarrian aipatzen diren izena emateko baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

9. Izena emateko eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Indarra duen nortasun agiri nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

c) Zikloan sartzeko titulazioa edo prestakuntza akademikoa egiaztatzen duen ziurtagiriaren fotokopia.

d) Moduluak gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoaren fotokopia eta/edo tituluaren barneko konpetentzia unitateak ofizialki egiaztatzen dituen dokumentuarena.

e) Izena emateko inprimakia (Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Lanbide Heziketako berariazko proba libreetan izena ematea" izeneko tramiteen fitxa).

10. Hezkuntza Departamentuak egiaztatzen ahalko du izena eman dutenek aurkeztutako datuak edo/eta dokumentuak benetakoak diren edo ez. Haietan faltsutasunik badela egiaztatuz gero, deialditik kanpo geldituko dira eta, hartan kalifikaziorik lortu badute, deuseztatuko dira.

11. Matrikula egiteak ebaluazio deialdi bakar baterako eskubidea emanen du lanbide modulu bakoitzeko.

12. Bateraezinak dira proba hauetako matrikula eta beste prozedura batzuk, ekainaren 27ko 76/2016 Foru Aginduaren 1. eranskinaren 4. oinarrian arautzen den moduan. Horregatik, eskatzailea ezin da ikasturte berean matrikulatuta egon, lanbide modulu bererako, autonomia erkidego batean baino gehiagotan eta, halaber, ezin da aldi berean matrikulatuta egon, lanbide modulu bererako, aurrez aurreko prestakuntza modalitatean eta urrutikoan.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren arabera Lanbide Heziketaren kasuan kasuko tituluaren baliokidetzat hartzen den Lanbide Heziketako tituluren bat dutenak ere ezin izanen dira matrikulatu proba horietan.

Bateraezina izanen da, orobat, ebazpen honetan araututako probetan matrikulatzea eta, aldi berean, zer modulutan matrikulatzen den, haiei dagozkien konpetentzia unitateetako lanbide konpetentziak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura bateko ebaluazio fasean parte hartzea.

Ez bada betetzen, deialdi honetako matrikula eta bertan lortzen diren emaitza akademikoak deuseztatuko dira.

13. Ezin da baliozkotzerik eskatu titulua zuzenean lortzeko probetarako (proba libreak) deialdietan, hala jasota baitago Espainiako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako tituluetako lanbide moduluen baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuan. Orobat, errege dekretu horren bidez aldatu zen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

Hori hala izanik ere, berariazko matrikula bat egiten utziko zaie deialdi honen bidez zikloko modulu guztiak gainditzen edo baliozkotzen bukatu dutenei, dagozkien kalifikazioak, baliozkotzeak edo salbuespenak haien espedienteetara eramateko, titulua lortu ahal dezaten.

14. Ebazpen honen bidez egindako berariazko deialdiko proba libreetan matrikulaturik daudenek lanbide moduluak egiaztatzeko eskatzen ahalko dute, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

Matrikulatzeko tasak.

15. Honako hauek dira Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko berariazko proba libreetan matrikulatzeko tasak, lanbide modulu bakoitzerako, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36. artikuluaren 17. tarifan xedatutakoarekin, kontuan harturik foru lege horren 36.5 artikuluan ezarritako onura fiskalak:

–Tarifa arrunta: 10 euro.

–Ehuneko 50eko hobaria: aipatu 36.5 artikuluan adierazten diren kolektiboetako pertsonentzat.

–Salbuespena: aipatu 36.5 artikuluan adierazten diren kolektiboetako pertsonentzat.

16. Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko berariazko proba libreetan matrikulatzeko tasa ordaintzeko, Internet bitartez bete beharko da dagokion ordainketa-gutunaren inprimakia, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Lanbide Heziketako berariazko proba libreetan izena ematea" izeneko tramiteen fitxan, helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/pruebas-libres-especificas-de-formacion-profesional

Ordainketa-gutuna bete ondoren, eta aipatu fitxan dauden jarraibideekin bat, eskatzaileak ordainketa egiten ahalko du, pagatzeko bi modu hauetako baten bidez:

a) Dirua sartuta banku-entitate laguntzaile batean.

b) Ordainketa telematikoaz, banku-txartel baten bidez.

17. Tasaren kuota izena emateko ezarritako epean ez ordaintzea edo osorik ez ordaintzea baztertzeko arrazoia izanen da; orobat, bazterturik geldituko da tasa ordaintzetik erabat salbuetsita egoteko edo tasaren hobaria izateko behar diren agirietako bat aurkezten ez bada edo agiri horietan faltsukeriaren bat atzematen bada.

18. Deialdi honek finkatutako epeetan izena eman duen interesdunak eskaturik, tasa itzultzea bidezko izanen da, bakar-bakarrik, bitan ordaindu bada edo behar baino gehiago ordaindu bada.

19. Tasa itzultzeko eskatu nahi dutenek, horretarako, "Lanbide Heziketako berariazko proba libreetan izena ematea" izeneko tramiteen fitxan dagoen eredua erabiltzen ahal dute.

Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko da tasa itzultzeko eskaera, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalari zuzendua. Eskabidearekin batera, bertan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da nahitaez.

Onarpen irizpideak.

20. Oro har, 25 plaza izanen dira lanbide modulu bakoitzerako, ikastetxe aztertzaile bakoitzean, berariazko proba libreen deialdi honetarako. Oro har, gutxienez 10 pertsona egon behar dira onartuta modulu eta ikastetxe aztertzaile bakoitzean, ikastetxe horretan probak egin daitezen. Gutxieneko kopuru horretara iritsi ezean, ikasleak berrantolatuko dira, eta proba beste ikastetxean eginen da.

21. Plaza baino eskaera gehiago egonez gero, antolamendu irizpide hauek ezarriko dira lanbide modulu eta ikastetxe bakoitzerako:

1. Gainditu diren edo baliozkotu edo aitor daitezkeen zikloko lanbide moduluen ordu kopurua, guztiak batuta. Lantokiko Prestakuntzaren modulua (LP) eskatzailearen espediente akademikoan salbuetsitzat agertzen denean bakarrik zenbatuko da.

2. Berdinketarik bada gainditutako, aitortutako eta baliozkotutako lanbide moduluen orduen baturan, sartzeko baldintza akademikoaren notaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera.

3. Bigarren baldintzan ere berdinketarik gertatuz gero, ordena alfabetikoari jarraituko zaio, "Aisa Garnica, Ane" izenaren letretatik hasita, hori atera baitzen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2024ko martxoaren 15ean 2024-2025 ikasturterako onarpen prozesuetarako egin zuen zozketa publikoan.

Ebaluazio batzordea.

22. Ekainaren 27ko 76/2016 Foru Aginduaren eranskinaren 8. oinarrian ezartzen den bezala, ebaluazio batzorde bat eratuko da heziketa ziklo eta ikastetxe bakoitzerako. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu batzordeko kideak, irizpide orokor honekin: deialdi honen xedeko lanbide modulu bakoitza irakasle arduradun bakar bati esleitzea.

Ebaluazio batzordeak, hala behar dela iruditzen bazaio, aholkularien laguntza eskatzen ahalko du probak garatzeko. Horretarako, eskaera arrazoitua egin beharko dio Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariari, eta hark erabakiko du onartzen den ala ez. Pertsona horiek irakasle espezialista gisa izendatuko edo kontratatuko dira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak profesional espezialistak kontratatu eta izendatzeko araubideari buruzko abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

23. Ebaluazio batzordean parte hartzea nahitaezkoa da. Ebaluazio batzordeko kideek egin beharreko eginkizunak Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen 12.2 artikuluan ezarritako lanen parekotzat hartuko dira, eta, beraz, eginkizun horietan aritzen direnek ezarritako diru konpentsazioak jaso beharko dituzte.

Horretarako, pertsona horiek diru konpentsazioak jasoko dituzte, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritakoaren arabera. Ebazpen horren bidez ezartzen dira proba libreetako eta hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketetan eta arte plastikoetako lanbide ikasketetan sartzeko probetako ebaluazio batzordeetako eta koordinazio batzordeko kideek jaso beharreko konpentsazioak, bai eta araubide bereziko kirol ikasketen probetakoak ere, Nafarroan.

24. Izendatzen den ebaluazio batzordeak prestatuko ditu berariazko deialdi honen xedeko lanbide modulu bakoitzerako probak; teoriko-praktikoak izan beharko dute.

Lanbide modulu bakoitzeko ariketak eta probak prestatzeari eta horiek zuzendu eta kalifikatzeari dagokionez, kontuan hartu beharko da printzipio orokor hau: ebaluazio batzordeko irakasle bakar batek prestatu, zuzendu eta kalifikatu behar ditu ariketak eta probak, betiere, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak egindako izendapenean bakoitzari esleitu zaizkion lanbide moduluen arabera.

25. Probak Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen Osasun Larrialdietako heziketa zikloko curriculumari eta haren lanbide konpetentziei buruzkoak izanen dira. Probek eduki teorikoak eta praktikoak izanen dituzte, halakoak non kasuan kasuko ebaluazio irizpideen bidez agerian geldituko baita ikasleek behar diren ikaskuntza emaitzak lortu dituztela, eta, hala dagokionean, lanbide moduluari lotutako konpetentziak.

26. Beren ezaugarriengatik eta bereizgarritasunarengatik beharrezkotzat jotzen den lanbide moduluetan, ebaluazio batzordeak bi zatitan antolatzen ahalko du proba, eta zehaztu, hala erabakiz gero, aurreko zatia gainditu beharko dela hurrengoa egiteko.

27. Ebaluazio batzordeak azterketaren xedeko lanbide moduluen probak egiteko egutegia prestatuko du. Egutegia halako eran prestatuko da non ebaluazio batzordeko irakasle arduradunei esleitutako lanbide moduluetako ariketak ez baitira eginen irakasle horien irakastorduetan. Orobat, ahaleginak eginen dira, jarduera horiek direla-eta, ikastetxeko gainerako ikasleei trabarik ez egiteko.

28. Probetan matrikula egin dutenek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo legez onartua den beste edozein dokumentu, nortasuna behar adina frogatzen duena, eraman beharko dute probak egitera doazenean.

II. ERANSKINA.–EGUTEGIA. OSASUN LARRIALDIETAKO TEKNIKARI TITULUA LORTZEKO BERARIAZKO PROBA LIBREAK

Probetan izena ematea (egiaztagiriak aurkeztea)

Azaroaren 18tik 22ra

Onartuen behin-behineko zerrendak argitaratzea

Azaroaren 28an

Erreklamazioetarako epea

Abenduaren 2tik 5era

Onartuen behin betiko zerrendak argitaratzea

Abenduaren 11n

Bakoitza onartu duten ikastetxean eta moduluetan matrikulatzea

Zerrendetan eta ikastetxeen webguneetan jakinaraziko da

Probak egitea

2025eko martxotik ekainera

Iragarkiaren kodea: F2415766