1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
320E/2024 FORU AGINDUA, urriaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, nekazaritzako azpiegituretan jarduketak hastea onesten duena, lurzati bilketaren eta ureztaketaren modernizazioaren berezko tresnen bidez, Aragoi ibaiko urekin ureztatzen diren Cadreitako lurren eremuan.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak betetzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza; abeltzaintza; akuikultura; elikadura; nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partaidetzazkoa; landa ingurunearen jasangarritasuna sustatzeko proiektuak inplementatzea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea, eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaiaren integrazioa plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; klima aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, baita aldaketa horretara egokitzeko ekimenak eta trantsizio ekologikoa ere; ekonomia zirkularra sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak ezartzen du lurzatiak biltzea funtsezko elementua izanen dela azpiegituren arloko jarduketetarako, eta hori ingurumen arloko tramiteekin koordinatu behar dela juridikoki, eta aldi berean tramitatu, baita ureztalur bihurtzeko, ureztalurrak modernizatzeko eta bide eta saneamendu sareak egiteko obrekin ere. Lurzati bilketaren oinarrizko helburua izanen da ustiategiak eta, hala bada, ureztaketa unitateak eratzea, ingurumenaren, agronomiaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntuetatik bideragarriak.
Foru lege horren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat hasiko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu baten bidez, eta jarduketa hori balizko onuradunek egindako eskaera arrazoituaren ondorioz abiatu daiteke, betiere baldintza zehatz batzuk betetzen badira.
2023ko irailaren 12an, Aragoi ibaiko urekin ureztatzen diren Cadreitako (Nafarroa) lurren eta Alfaroko (Errioxa) eremu baten Cadreitako ureztatzaileen elkartearen eskaera jaso genuen zerbitzu honetan, Cadreitako eta Alfaroko udal mugarteetako lurrak hartzen dituen eremu batean lurzatiak bildu eta ureztaketa modernizatzeko.
Cadreitako eremuari dagokionez, hango ustiategien 100 titularrek jarduketaren alde sinatu dute. Titular horiek Landa Garapeneko Departamentuaren menpeko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emana duten jarduketa eremu horretako nekazaritza ustiategien %76,34 dira (guztira 131 ustiategi daude); hortaz, eskatzen den gutxieneko portzentajea (%70) gainditzen da. Eskaerarekin batera, aurkeztu dira Cadreitako Udaleko osoko bilkurak 2023ko abuztuaren 24an hartutako erabakia, non agertzen baita Cadreitako Udala nekazaritzako azpiegituren jarduketak hastearen alde dagoela, eta Aragoi ibaiko urekin ureztatzen diren Cadreitako (Nafarroa) lurren Cadreitako ureztatzaileen elkartearen erabakia, 2023ko ekainaren 11koa.
Alfaroko (Errioxa) eremuak 350 ha-ko azalera du, eta ureztatzaileen elkarte berarena da, kokapen geografikoagatik, Aragoi ibaiaren ezkerraldean baitago eta, ondorioz, Alfaroko herritik bereizita edo bakartuta. Horregatik, Cadreitako nekazariek, haiek baitira gaur egun lur horien jabeak eta lurrak lantzen dituztenak, nahi dute modu bateratuan egin daitezen autonomia erkidego desberdinetan dauden bi udal mugarte horietako lurzati bilketak. Beraz, onena litzateke prozesu administratiboak koordinatzea, bi udal mugarteetan batera has dadin lurzati bilketa. Horretarako, harremanetan jarriko gara Errioxako Nekazaritza Departamentuarekin, prozesua modu bateratuan egiteko erarik eraginkorrena zehazte aldera.
Eskualde horretako inguruabar sozial eta ekonomikoak ikusirik, beharrezkoa da nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea lurzati bilketaren eta ureztaketaren modernizazioaren bidez.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du nekazaritzako azpiegituretan jarduketak has daitezela, Aragoi ibaiko urekin ureztatzen diren Cadreitako lurren eremuan; gutxi gorabehera, 800 ha-ko azalera du (Cadreitako eremuak soilik).
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz.
AGINTZEN DUT:
1. Nekazaritzako azpiegituretan jarduketak hastea, lurzati bilketaren eta ureztaketaren modernizazioaren berezko tresnen bidez, Aragoi ibaiko urekin ureztatzen diren Cadreitako lurren eremuan.
2. Hasiera batean, gutxi gorabehera 800 ha-ko azalera duen eremu bat ezartzea jarduketaren xedetzat. Cadreitako udal mugartean dago, Aragoi ibaiko urekin ureztatzen diren Cadreitako (Nafarroa) lurren eta Alfaroko (Errioxa) eremu baten Cadreitako ureztatzaileen elkarteko lurrek osatzen dute, eta honako muga hauek ditu:
Iparraldean: Cadreitako herrigunea eta NA-134 errepidea.
Hegoaldean: Ebro bazterreko zalduak eta Alfaroko (Errioxa) finkak.
Ekialdean: Valtierrako udal mugartea.
Mendebaldean: Alfaroko udal mugartea.
3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egiteko, alor iraunkorrak sortzeko, bertan eraikitzeko edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein ekintza egiteko.
4. Jabeei eta nekazariei adieraztea Nafarroako ohiko nekazaritzako jardunbide egokien arabera landu beharko dituztela lurrak. Horretaz gain, ezin izanen dituzte obrak hondatu, zuhaitzak eta zuhaixkak moztu, bota edo erre, ez eta landaketak edo labore iraunkorrak errotik atera edo kendu, lurra elkortu, edo lurzatien balioa murrizten ahal duen ekintzarik egin ere.
5. Interesdunek lurzatien egoera juridikoa zehazteko eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.
6. Hasiera ematea lurrak sailkatzeko eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei eta Aholku Batzordea eratzeko tramiteei.
7. Baimena ematea eremuan egin nahi den oinarrizko proiektua idazteko.
8. Foru agindu hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta INTIA SA enpresara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
9. Foru agindu hau jakinaraztea Cadreitako Udalari eta Aragoi ibaiko urekin ureztatzen diren Cadreitako (Nafarroa) lurren eta Alfaroko (Errioxa) eremu baten Cadreitako ureztatzaileen elkarteari, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2024ko urriaren 22an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2415614