229. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

131E/2024 EBAZPENA, urriaren 14koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat, gazteriaren arloko politika publikoak bultzatu eta babesteko, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte. DDBN identifikazioa: 790717.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, 7. artikuluan, ezartzen du ezen, gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko, gazteriaren arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako toki erakundeei laguntza eta aholkuak emanen dizkiela gazteriaren arloko tokiko politikak bultzatzeko eta sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: tokiko gazteria planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloan, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuetan ere.

Nafarroako Gazteriaren Institutua da arlo horretan eskumena duen erakunde autonomoa, haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Toki erakundeentzako laguntza hori gauzatzeko, egokitzat jotzen da dirulaguntzen deialdi berri bat onestea, norgehiagokako araubidean, erakunde horientzako laguntza sistema bat ezarriko duena Nafarroako gazteek gizartean duten parte-hartze aktiboa hobetzen lagunduko duten ekintzak egiteko, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarteko aldian. Horiek horrela, deialdi honen xedea da toki erakundeei laguntzea zenbait gasturen zati bat finantzatuta, honakoek eragindakoak badira: gazteria teknikariak kontratatzeak edo egonkortzeak, tokiko gazteria planak eta diagnostikoak egiteak, gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzeak, eta gazteriaren inguruko azterketa sektorialak eta programak egiteak. Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da era guztietako laguntza publikoak arautzen dituen esparru komuna.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, gazteriaren arloko politika publikoak bultzatu eta babesteko, 2024-2025 aldian.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi hori aurrera eramateko, 400.000 euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

340002-34100-4609-232103: Toki erakundeek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak

2024ko partidaren baliokidea

2025

400.000 euro

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko urriaren 14an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, GAZTERIAREN ARLOKO POLITIKA PUBLIKOAK BULTZATU ETA BABESTEKO, 2024-2025 ALDIAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki erakundeei gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira. Helburua da toki erakundeei laguntzea gazteei zuzendutako ekintzak garatzen, azken batean, haien garapen pertsonalean laguntzeko eta udalerrian haien parte-hartzea sustatzeko, betiere lurralde osorako aukera berdintasunarekin.

Deialdi honen dirulaguntzen xedea da jarraian aipatzen diren ekintzek eragindako gastuak partez finantzatzea. Ekintza horiek 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte egin beharko dira.

a) Tokiko gazteria plana eta horren aurreko diagnostikoa prestatzea, gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzea, eta herriko gazteriaren inguruko gaiei buruzko azterketa sektorialak egitea. Modalitate honetan, biltzen dituen ekintzetako baterako edo batzuetarako eskatzen ahalko da laguntza.

b) Gazteria teknikari berriak kontratatzeko eta/edo aurretik zeudenak egonkortzeko babesa.

c) Gazteentzako jardueren programa edo proiektuak gauzatzea, Nafarroako gazteek, hamalau urtetik hogeita hamar urtera bitartekoek, biak barne, gizartean duten parte-hartze aktiboa hobetzeko helburuarekin.

2. Erakunde onuradunak.

Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki erakundeek.

3. Aurrekontu-kreditua.

400.000 euro bitarteko gastua baimentzen da, 2025eko gastuen aurrekontuan gaituko den beste partida honen baliokidearen kontura: 2024ko gastuen aurrekontuko "Toki erakundeek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak" partida. Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.

–Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak (Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa) 57. artikuluan ezarritakoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duten jardueretan, jite eta izaeragatik haurrekin edo nerabeekin tratu errepikakorra, zuzena eta erregularra, eta ez noizbehinkakoa, dakarten guztietan, ordainduak zein ordaindu gabeak izan. Ziurtagiri horrek izan beharko du deialdiaren urte natural berean emana eta jarduerak egin baino lehenagokoa.

–Dirulaguntza modalitate bakoitzerako ezarritako berariazko baldintzak betetzea, hots, oinarrietan aipatutakoak.

5. Tokiko gazteria plana eta horren aurreko diagnostikoak prestatzeko, gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzeko, eta herriko gazteriaren inguruko gaiei buruzko azterketa sektorialak egiteko laguntza.

5.1. Definizioak.

–"Tokiko gazteria plana" agiri bat da, zeinetan modu estrategikoan biltzen baitira zenbait gidalerro, neurri, ekintza eta baliabide, epe jakin batean beharrezkoak izanen direnak udalerrian, proposaturiko gazteriaren arloko politikak gauzatu daitezen. Aurreko deialdietan gazteria plana egiteko dirulaguntza jaso duten udalek ezin izanen dute horretarako beste dirulaguntzarik eskatu plan horrek indarrean dirauen bitartean (3 urtean).

–"Diagnostikoa" deitzen zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, non gazteriaren arloko eskakizun eta beharrei buruzko datuak eta informazioa jasotzen baitira gerora tokiko gazteria plana egiteko. Oro har, diagnostikoa ekitaldi ekonomiko batean eginen da, eta plana hurrengoan.

–"Gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak" topaketa guneak dira, non gazteek, kargudun politikoek eta gazteria teknikariek parte hartuko duten. Helburu izanen dute esku hartzen dutenen arteko komunikazioa hobetzea eta entzute aktiboa sustatzea eta, orobat, parte-hartzaileek pentsamendu kritikoa sustatzen duten tresnak eskura ditzatela, egoeraren diagnostikoak egitea eta hautematen diren gabezia edo premietarako konponbideak proposatzea. Azkenean, ondorioak gazteriaren arloan eskumena duten tokiko agintariei igorriko zaizkie.

–"Azterlan sektorialak" herriko gazteek bizi duten egoera islatzen duten azterketak dira, oinarritzen direnak herriko gazteen iritzietan eta interesatzen zaizkien gaietan.

5.2. Betebehar espezifikoak.

Dirulaguntza modalitate hau jasotzen ahalko dute baldintza espezifiko hauek betetzen dituzten toki erakundeek:

a) Tokiko gazteria plana edo aldez aurreko diagnostikoa prestatzeko dirulaguntza jaso ahal izateko, toki erakundeek beren egitura organikoan gazteria zinegotzitza, alor edo egitura bat izan behar dute, baita arlo horretarako aurrekontu partidak ere. Gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzeko, bai eta azterketa sektorialak egiteko ere, berriz, Nafarroako toki erakunde guztiek eskatzen ahalko dute laguntza.

b) Tokiko gazteria planaren azken agiriak informazio hau jasoko du gutxienez: udalerriko gazteriaren egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek honako hauek izanen ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, plana aplikatzeko aurrekontu ekonomikoa, ebaluazioa eta arlokako adierazleak. Planerako, herritarren parte-hartze prozesu bat egin beharko da.

c) Tokiko gazteria planaren aurretik eginen diren gazteriaren diagnostikoek informazio hauek jasoko dituzte gutxienez: helburuak, azterketa soziodemografikoa, metodologia, gazteen eskari eta beharren identifikazioa, gazteek udalerrian duten parte-hartzearen azterketa, egungo politika, zerbitzu eta programen balorazioa eta egokitasuna, eta jarduketa ildoen definizioa.

d) Gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzeko, honako informazio hau jaso beharko da gutxienez: topaketak, helburuak, eragile sozialak, populazio hartzailea.

e) Azterlan sektorialek honako informazio hau jaso beharko dute gutxienez: helburuak, metodologia eta egindako azterketaren analisia.

f) Finantzatutako jardueren emaitzek, argitalpenen bidez zabaldutako emaitzak eta ikerketan sortutako datuak barne, eskuragarri egon beharko dute sarbide irekiarekin, salbu eta aurreikusten bada jabetza intelektualeko eskubideak babesteko eskaera egin daitekeela, edo, haien izaeragatik, datu pertsonalen babesaren mende badaude edo segurtasun publikoari eragiten badiote.

5.3. Gastu diruz lagungarriak.

Toki erakundeek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute kanpoko kontratazioaren gastuei aurre egiteko, honako lan hauek egiteko denean: tokiko gazteria planak eta horien aurreko diagnostikoa prestatzea, gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzea, eta herriko gazteriaren inguruko azterketa sektorialak egitea. Kontratazioa 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte egin beharko da.

5.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gehieneko zenbatekoa 9.2 oinarrian ezarritakoaren arabera doituko da. Modalitate bakoitzerako berariazko zenbatekoak izanen dira:

a) Tokiko gazteria plana edo diagnostikoa egiteko laguntzarako, prestaketa gastuaren %75 izanen da; 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan 3.000 euroko muga egonen da, eta 6.000 euroko muga gainerakoetan.

b) Gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak egiteko: prestaketa gastuaren %75 izanen da, 1.500 euroko mugarekin toki erakunde bakoitzeko.

c) Azterketa sektorialak egiteko: prestaketa gastuaren %50, 3.000 euroko mugarekin toki erakunde bakoitzeko.

5.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa:

8. oinarrian adierazitako moduan aurkeztu behar da honako dokumentazio hau, eskaneatuta eta behar bezala identifikatutako dokumentu bereizietan:

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari (hemendik aurrera NGI) zuzendutako eskaera, idazkari lanetan ari denak sinatua, II. eranskineko 0 fitxaren arabera.

b) NGIri zuzendutako eskaera, idazkari lanetan ari denak sinatua, II. eranskineko 1. fitxaren arabera.

c) Idazkari lanetan ari denaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko erakundeak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere.

d) Tokiko plana, aldez aurreko diagnostikoa, foro eta elkarrizketak eta/edo azterketa sektorialak prestatzeko proiektua, helburuak, metodologia, faseak eta aurrekontua zehaztuta, eta zer erakunde edo enpresak eginen dituen adierazita.

e) Osoko bilkuraren, gobernu batzordearen edo organo eskudunaren erabakia, tokiko plana, aurretiko diagnostikoa, foroa, elkarrizketa eta/edo azterlan sektorialak egitea onesten duena.

f) Idazkari lanetan ari denaren ziurtagiria, hauek jasotzen dituena:

–Tokiko gazteria plana prestatzeko laguntza eskatzen bada: udalak baduen ala ez duen aurreko deialdietan dirulaguntza jaso zuen gazteria plan bat indarrean eta, halaber, udalak baduen ala ez duen bere egitura organikoan gazteriari buruzko zinegotzitza, arlo edo egiturarik, eta baduen ala ez duen arlo horretarako aurrekontu partidarik.

–Aldez aurreko diagnostikorako laguntza eskatzen bada: udalak baduen ala ez duen bere egitura organikoan gazteria zinegotzi, arlo edo egiturarik, eta baduen ala ez duen arlo horretarako aurrekontu partidarik.

6. Gazteria teknikari berriak kontratatzeko eta/edo aurretik zeudenak egonkortzeko babesa.

6.1. Betebehar espezifikoak:

Toki erakundeek laguntza eskatzen ahalko dute gazteria teknikari bat kontratatzeko, betebehar espezifiko hauek betez gero:

a) Udala bada, 1.000 biztanle edo gehiago izatea, eta mankomunitatea bada, 3.000 biztanle baino gehiago biltzea, 2024ko urtarrilaren 1eko erroldako datuen arabera.

b) Beren egitura organikoan gazteria zinegotzitza, arlo edo egitura izatea, eta arlo horretarako aurrekontuko partidak izatea.

c) Kontratazio berrien kasuan, toki erakundeak adierazpen bat egitea, esaten duena 2026ko eta 2027ko ekitaldietan kontratazioei eusteko konpromisoa hartzen duela, NGIri behar bezala justifikatu beharko zaizkion salbuespenezko egoeretan izan ezik.

d) Konpromisoa hartzea beren gazteria teknikariek parte har dezaten NGIk antolatutako gazteriaren arloko etengabeko prestakuntzako programetan, bai eta NGIren Gazte Informazioko Sarearekin (aurrerantzean, GISa) bat egiteko ere.

e) Kontratazio berri bat bada, plantilla organikoan lehendabizikoz sartzen den lanpostu bat izan beharko du, izan administrazio kontratuduna nahiz lan kontratuduna.

f) Dirulaguntza B mailako gazteria teknikari baten pertsonal-gastuak finantzatzen laguntzeko emanen da, lanaldi osoan edo lanaldi erdian –gazteriaren arloari egotz dakiokeena–, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era edo kontratua hasten denetik (kontratua 2024ko azaroaren 1etik aurrera hasten denean) 2025eko irailaren 30era arte.

g) Bete beharreko eginkizunak hauek izatea: gazteriaren arloko tokiko politiken eta planen diseinua, kudeaketa eta ebaluazioa; gazteentzako programak eta jarduerak asmatu eta antolatzea; gazteek parte hartzeko espazioak sustatzea; eta udalerrian gazteen bizitza-garapena erraztuko duten beste batzuk.

h) Teknikaria hautatzean administrazio publikoan kontratazioari buruz indarra duten arauak betetzea, eta NGIko aholkularitza teknikoarekin egitea.

i) NGIko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 25eko 33E/2024 Ebazpenaren eta martxoaren 31ko 12E/2023 Ebazpenaren bidez kontratazio berrirako emandako dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeek deialdi honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

6.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza erabiliko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaien hasierako soldata finantzatzeko, B mailarako 2024ko azaroaren 30ean duen zenbatekoan, soldata osagarriak eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota barne; hori guztia, lanaldi bati dagokiona.

6.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen. Era berean, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen enplegu publikoaren araudian jasotako gehieneko kontratazio epeak ez betetzeagatik ordaindu beharreko konpentsazioak.

6.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gehieneko zenbatekoa 9.3 oinarrian ezarritakoaren arabera doituko da. Honela emanen da gazteria teknikari berriak kontratatzea eta/edo aurretik zeudenak egonkortzea babesteko dirulaguntza:

–Erreferentzia gisa hasierako soldata hartuko da, 2024ko azaroaren 30ean B mailari dagokiona, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaiena, dagozkion soldata osagarriak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa kuota barne.

–Kontratazioaren lehen eta bigarren urteetan, gehienez ere aurreko paragrafoko erreferentziaren %75 lagunduko da diruz, eta hirugarren urtean %50. Hirugarren urte horretan, dirulaguntza %75eraino igoko da, egindako kontratazioan hobekuntzarik egiten bada, lanpostua egonkortzera zuzenduta. Kontratazio urtetzat hartuko dira kontratuaren hasiera datatik aurrerako 12 hilabeteak.

6.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa:

8. oinarrian adierazitako moduan aurkeztu behar da honako dokumentazio hau, eskaneatuta eta behar bezala identifikatutako dokumentu bereizietan:

a) NGIri zuzendutako eskaera, idazkari lanetan ari denak sinatua, II. eranskineko 0 fitxaren arabera.

b) NGIri zuzendutako eskaera, idazkari lanetan ari denak sinatua, II. eranskineko 2. fitxaren arabera.

c) Idazkari lanetan ari denaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko erakundeak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere.

d) Idazkari lanetan ari denaren ziurtagiria, toki erakundeak 6.1 oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

e) Erakundeak eta gazteria teknikari gisa kontratatutako pertsonak sinatutako kontratuaren kopia, edo gazteria teknikariaren lanpostua esleitu dela edo lanpostuaren jabetza hartu dela egiaztatzen duen agiria. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, erakundeak formalizatu bezain laster bidaliko dio NGIri.

Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatu bezala.

7. Gazteentzako programa eta proiektuak egiteko babesa.

7.1. Kategoriak:

Toki erakundeek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute gazteentzako programa edo proiektu bat egiteak eragindako gastuei aurre egiteko; 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean eginen diren ekintza edo jarduerak bildu beharko ditu programa edo proiektu horrek. Bi atal bereiziko dira:

a) 5.000 biztanle baino gutxiagoko toki erakundeen gazteentzako programa edo proiektuak.

b) 5.000 biztanle edo gehiagoko toki erakundeen gazteentzako programa edo proiektuak.

7.2. Definizioak:

dirulaguntza jaso dezakete gazteak gizartean inplikatzea eta haien erantzukizuna sustatzen duten programa edo proiektuek, bai eta eta gazteen garapen pertsonala, hezkuntzakoa eta gizartekoa arlo hauetan sustatzen dutenak ere:

a) Integrazioa eta parte-hartzea:

–Gazteei, ikuspegi integral batetik, bizitza sozialean parte-hartze aktiboa izateko bitartekoak eta tresnak ematen dizkieten ekintzak.

–Gazteen bizi-ibilbidea hobetzen duten ekintzak, haien beharrak aintzat hartuta.

–Belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituzten ekintzak, gazteen eta adinekoen arteko interakzioa errazteko, tradizioa eta teknologia berriak uztartuz.

–Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten ekintzak, boluntariotzaren, hezkuntzaren, garapenerako lankidetzaren eta ikaskuntza-zerbitzuko proiektuen bidez.

–Elkarrizketa egituratuari lotutako ekintzak, gazteriaren arloko erabakiak hartzeko ardura dutenen eta gazteen arteko debateak.

–Gazteen adimen emozionala garatzen duten ekintzak.

–Toki erakundeak gazteen garapena eta udalerrian duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen dituen beste jarduera batzuk.

b) Prestakuntza:

–Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten ekintzak.

–Osasun hezkuntzako ekintzak.

–Gazteriaren asteari lotutako jarduerak, balio demokratikoak sustatzen dituztenak.

–Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia, intolerantzia, eskola jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzeko ekintzak.

–Emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren aldeko ekintzak.

c) Aisialdi hezigarria eta aisialdia:

–Aisialdiko eta jostetako jarduerak. Alegia, lokaletan nahiz eremu irekietan egiten direnak eta entretenimendua, josteta edo hezkuntza ez-formala helburu dutenak, betiere deialdiaren 7.2 d) oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

–Gazteen artea sustatzen duten ekintzak. Gazteengan arte zaletasuna sustatu eta gazte talentudunei bultzada ematen dieten jarduerak dira. Hala, zilegi izanen da dirulaguntza erabiltzea NGIren "Arte Gaztearen Topaketak" programako pertsona eta taldeak protagonista dituzten ikuskizunak kontratatzeko.

–Mugikortasun jarduerak. Halakotzat hartzen dira herritik kanpora egiten diren ateraldiak, hala nola kanpalekuak, aterpetxeetara joatea, txangoak eta abar.

–Trafiko-istripuen prebentzioa helburu duten ekintzak. Halakotzat ulertzen da garraio publiko kolektiboa eskaintzea, inguruko herrietako jaietara joaten diren gazteentzat.

–Aisi hezigarriko eta aisialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo gaitasun desberdinak dituzten gazteek parte hartzen baitute.

–Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioaren eta aisialdirako bestelako aukerak erabiltzearen alde.

d) Deialdi honetako dirulaguntzatik kanpo daude:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusiak daudenak edo hezkuntza formalaren xede edo eduki berberak dituztenak.

–Kirol-kluben berezko jarduerak eta, oro har, beste dirulaguntza batzuetan jasotako kirol-jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, gazteria festak, desfileak eta unean uneko beste festa batzuk, gazteentzako berariazko proiektu batean garbi sartzen ez direnak.

–NGIren aurretiazko baimenik izan gabe 14 urtetik beherako haurrentzat antolatzen diren programa edota jarduerak.

–Toki erakundeen dirulaguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

–Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen eskumeneko gaiei buruzko programak, diruz lagunduak badira.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Gazteentzako azpiegituren funtzionamendu edo mantentze gastuak.

–Gazteentzako informazio zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendu gastuak.

–Material inbentariagarria erostea.

–Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, mugikortasun jardueretako mantenu gastuak izan ezik.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kate eta abarren harpidetzak.

–Sariak eta opariak.

–Jarduerarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak edo 1. oinarrian ezarritako epetik kanpo fakturatzen direnak.

7.3. Gastu diruz lagungarriak.

a) Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, baldin diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio, esate baterako:

–Garraio gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, gaua kanpoan ematea barne hartzen duten mugikortasun jardueretan.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Programetan jasotako jarduerak antolatu eta garatzeko profesionalak kontratatzetik etorritako gastuak.

–Egindako jarduerarekin zerikusia duten argitalpen eta material didaktikoak, gazteei zuzenduak, argitaratzeko gastuak.

–Gazteria teknikariak NGIren koordinazio bileretara joateak sortutako joan-etorrietarako gastuak.

–Kirol-jardueretako gastuak.

b) Diruz lagungarriak diren gastuetarako gehieneko muga hauek ezarri dira:

–Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

–Herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 29 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

–Gazteria teknikariak NGIren koordinazio bileretara joateak sortutako joan-etorrietarako gastuetan, %100 lagunduko dira diruz, eta egindako kilometro bakoitzeko 0,35 euro aplikatuko dira.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa:

Gehieneko zenbatekoa 9.4 oinarrian ezarritakoaren arabera doituko da. Honako hau izanen da, gehienez, gazteei zuzenduta udalerrian bertan egiten diren ekintzen finantzaketa:

7.1 a) atalean, ekintza bakoitzaren defizitaren %75.

7.1 b) atalean, ekintza bakoitzaren defizitaren %50.

7.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

8. oinarrian adierazitako moduan aurkeztu behar da honako dokumentazio hau, eskaneatuta eta behar bezala identifikatutako dokumentu bereizietan:

a) NGIri zuzendutako eskaera, idazkari lanetan ari denak sinatua, II. eranskineko 0 fitxaren arabera.

b) NGIri zuzendutako eskaera, idazkari lanetan ari denak sinatua, II. eranskineko 3. fitxaren arabera.

c) NGIri zuzendutako eskaera, idazkari lanetan ari denak sinatua, II. eranskineko 4. fitxaren arabera.

d) Idazkari lanetan ari denaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko erakundeak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere.

e) Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek honakoak jasoko dituzte gutxienez: helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskribapena, garatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu xehatua, bai eta diru-sarreren aurreikuspena ere, eskaeraren ereduan jasota dagoen bezala, idazkari lanetan ari denak izenpetuta eta II. eranskineko 3. eta 4. fitxetako ereduaren arabera.

f) Gazteria teknikarien gastuen aurrekontua, NGIrekin koordinatzeko bileretara joateko (II. eranskineko 5. fitxa).

7.6. Jardueren programa edo proiektuak egiteko dirulaguntza eskaerak, bi ataletan, irizpide hauen arabera ebaluatuko dira:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (45 puntu gehienez).

1) Jardueren deskribapena (15 puntu).

2) Metodologia: (15 puntu).

3) Denboraren antolaketa: (5 puntu).

4) Proiektua garatzeko lurralde-eremua: (5 puntu).

5) Hartzaile izanen diren gazteak (5 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez).

6) Jardueren plangintza (10 puntu).

7) Helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia (10 puntu).

8) Proiektuaren berrikuntzak (5 puntu).

9) Emaitzen adierazleak (5 puntu).

10) Ekintzak eta aurrekontua (5 puntu).

c) Proiektua gauzatzeko toki erakundeak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

11) Jarduera egin bitarteko babesa eta segurtasuna (5 puntu).

12) Eginen den proiektuan, teknikari edo profesional aditu gisa kontratu harremana duten langileak (5 puntu).

13) NGIren Gazte Informazioko Sarean sartutako langileak izatea (5 puntu).

14) Gazteria Plana indarrean izatea (5 puntu).

Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua agortuz gero, dagoena hainbanatuko da dirulaguntzaren erakunde onuradunen artean, portzentaje berean. 70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

8. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak eta frogagiriak NGIri zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren zerbitzuen katalogoan dagokion esteka erabiliz. https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-para-el-desarrollo-de-programas-para-la-juventud-2025.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, erakunde interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz (lege hori, aurrerantzean, APAPEL).

9. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

9.1. Dirulaguntzaren zenbatekoak modalitate bakoitzaren oinarrian ezarritako baldintzen arabera doituko dira. Nolanahi ere, toki erakunde bakoitzak 40.000 euro jasotzen ahalko du gehienez, deialdi honetan sartzen diren dirulaguntza modalitate guztiak batuta.

9.2. 5. oinarriko behar ekonomikoei aurre egiteko, 50.000 euro gordetzen dira deialdirako erabilgarri dagoen guztizko kopurutik. Diru guztia agortzen ez bada, gelditzen den zenbatekoa gazteentzako programak egiteko atalean sartuko da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua agortuz gero, dagoena hainbanatuko da dirulaguntzaren erakunde onuradunen artean, portzentaje berean.

9.3. 6. oinarriko behar ekonomikoei aurre egiteko, 70.000 euro gordetzen dira deialdirako erabilgarri dagoen guztizko kopurutik. Diru guztia agortzen ez bada, gelditzen den zenbatekoa gazteentzako programak egiteko atalean sartuko da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua agortuz gero, dagoena hainbanatuko da dirulaguntzaren erakunde onuradunen artean, portzentaje berean.

9.4. 7. oinarriko a) ataleko behar ekonomikoei aurre egiteko, 80.000 euro gordetzen dira deialdirako erabilgarri dagoen guztizko kopurutik. Diru guztia agortzen ez bada, gelditzen den zenbatekoa b) atalean sartuko da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua agortuz gero, dagoena hainbanatuko da dirulaguntzaren erakunde onuradunen artean, portzentaje berean. b) atalerako 200.000 gordetzen dira, edo 5., 6. eta 7.a) oinarrietan gelditzen diren zenbatekoak gehitzen bazaizkio ateratzen den zenbatekoa. Teknikarien joan-etorrien gastuen %100 lagunduko da diruz, eta b) ataleko funtsen esleipenean lehentasuna izanen dute. Gastu horiek ordaindu ondoren, atal honetan jasotako gainerako jarduerak baloratu eta finantzatuko dira. Aurrekontuan dagoen kreditua agortuz gero, dagoena hainbanatuko da dirulaguntzaren erakunde onuradunen artean, portzentaje berean.

10. Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko organo eskuduna.

Eskaerak ahalik hobekien ebaluatu ahal izateko, NGIk erakunde eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

Deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak jakinarazpen elektronikoen bidez eginen dira (eskuragarri egonen dira gaitutako helbide elektroniko bakarrean).

12. Laguntzak emateko ebazpena.

NGIko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.

Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten erakunde eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak jasotzeko.

13. Frogagiriak.

Emandako dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede den jarduketa bukatu ondoren, eta, aurretik, justifikazio agiriak aurkeztuta (III. eranskineko 0 fitxa). Nolanahi, diruz lagundutako gastu guztia justifikatu beharko da. Horretarako azken eguna 2025eko urriaren 7a izanen da.

13.1. Aurkeztu beharko da faktura eta frogagirien zerrenda zehatz eta zenbakitu bat, dirulaguntzaren xede diren ordaindutako gastu guztiena, oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Honako hauek jasoko dira: jardueraren izena, hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa (III. eranskineko 1. fitxa).

NGIrekin egiten diren koordinazio-bileretara joateko, gazteria teknikariek egiten dituzten bidaien gastuak (7.5.f oinarria) ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko dira, bertan honako hauek adierazita: noiz egin den, bidaiaren arrazoia, abiapuntua eta helmuga, egindako kilometro kopurua eta erabilitako garraiobidea.

Faktura eskaneatuak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak, izan daitezkeenak: bankuko frogagiriak edo faktura ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Ez da onartuko eskudirutan ordaindutako fakturarik, gastuaren trazabilitate osoa eta/edo onuradunaren identifikazioa ahalbidetzen ez duelako.

Gastuen eta ordainketen zerrenda toki erakundean idazkari lanetan aritzen denaren ziurtagiri bidez justifikatu beharko da (III. eranskineko 2. fitxa). Halaber, egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, fakturak edo bestelako egiaztagiriak aurkeztuko dira.

Justifikazioan, estatistiketarako interesa duten datuak sartuko dira, zehazki, indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren, sexismoaren, homofobiaren eta intolerantziaren prebentzioarekin zerikusia duten eta gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzen duten jarduketa eta jarduerei egotz dakiekeen kostuari buruz.

13.2. Tokiko gazteria plana eta haren aurreko diagnostikoa prestatzeko, gazteekin aritzeko foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzeko, eta azterketa sektorialak egiteko eman den dirulaguntza justifikatzeko, dirulaguntzaren xede den azken dokumentua aurkeztu beharko da.

13.3. Gazteria teknikariak kontratatzeko dirulaguntza justifikatzeko, memoria bat aurkeztu beharko da. Memoria horretan jaso behar da zer eginkizun izan dituzten eta zer jarduketatan parte hartu duten gazteria teknikariek 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean edo kontratuaren hasiera egunetik (kontratua 2024ko azaroaren 1etik aurrera hasten bada) 2025eko irailaren 30era bitartean.

13.4. 2024-2025 aldiko gazteentzako programa edo proiektuetarako dirulaguntza justifikatzeko, aurkeztu beharko dira egindako programaren identifikazio datuak biltzen dituen justifikazio dokumentazioa (III. eranskineko 3. fitxa) eta diruz lagundu eta gauzatu diren jarduera guztien deskripzio memoria (III. eranskineko 4. fitxa: fitxa bat jarduera bakoitzeko). Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izenak, helburuak, zer adinetako jendearentzat izan diren, iraupena, non egin diren, arduradunen kopurua, parte-hartzaileen kopurua eta jardueraren ebaluazioa.

13.5. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek gehienez hilabete lehenago egina izan beharko du. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (III. eranskineko 5. fitxa).

13.6. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta, III. eranskineko 5. fitxako ereduaren arabera. Aldiz, eskatzaileak ez du dokumentazio hori aurkeztu beharko Gizarte Segurantzako datuak kontsultatzearen aurka agertzen ez bada, III. eranskineko 5. fitxako ereduaren arabera.

13.7. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio organoak ikusten badu zuzen daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio onuradunari, eta hamar egun balioduneko epea emanen dio horiek zuzentzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikulua), eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, dirulaguntza ez ordaintzeko prozedurari hasiera emanen zaiola.

13.8. Justifikaziorako epea bukatuta, erakunde onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.

14. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa NGIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diruz lagundutako jarduera egin eta erakunde onuradunak justifikazio agiriak (13. oinarrian adierazten direnak) aurkeztu ondoren. Transferentzia bidez eginen da ordainketa, jakinarazten denetik aurrera.

15. Erakunde onuradunen betebeharrak.

15.1. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

15.2. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, toki erakundeek kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

15.3. Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta NGIren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere. Horretarako, dirulaguntza jasotzean hartzen duten konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena eginen dute erakunde onuradunek.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta zabalkunde lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

15.4. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiliko da komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestuko da, eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari erantzukidetasunari eta berdintasunezko parte-hartzeari lotutako balioaksustatuko dira. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da. Horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

15.5. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta horietan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, hala nola hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

15.6. Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

16. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki erakundeek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haien guztizko baturak ezin izanen du proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Erakunde onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz (III. eranskineko 0. fitxa).

17. Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo NGIren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Onuradunak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko dirua.

18.3. Diruz lagundutako gastu osoa justifikatzen ez bada, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da, erakunde onuradunak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean.

19. Azpikontratazioa.

19.1. Erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzen ahalko dituzte, osorik edo zati batean, portzentaje-mugarik gabe. Hala ere, hortik kanpo daude erakundeak jarduera bere kabuz gauzatzeko egiten dituen gastuak. Kasu guztietan, entitate kontratistak toki erakundeen betebehar berberak bete beharko ditu, Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztea barne.

19.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

19.3. Entitate kontratistak toki erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko du, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa. Toki erakunde onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Entitate kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

19.4. Erakunde onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat gauzatzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarri arautzaileen eta aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2414926