2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BEINTZA-LABAIEN
Ordenantza, arautzen dituena instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak. Behin betiko onespena
Beintza-Labaiengo Udalak, 2024ko abuztuaren 27an egindako bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak.
Iragarkia 2024ko 184. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez duenez erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jotzen da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Beintza-Labaienen, 2024ko urriaren 28an.–Alkatea, Jon Telletxea Juanenea.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA INSTALAZIO, ERAIKUNTZA ETA OBRETARAKO LAGUNTZAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Ordenantza honen xedea da Beintza-Labaiengo Udalak honako hauei laguntza emateko ezarritako dirulaguntzak arautzea:
Beintza-Labaiengo udal-mugartean kokaturiko instalazio, eraikuntza eta obrei.
2. artikulua. Onuradunak.
Udalak pertsona fisiko nahiz juridikoei dirulaguntzak emateko, beharrezkoa izanen da titularrak bertan erroldaturik egotea, Udalean lizentzia eskatu aurreko bost urtean, eta dirulaguntzaren xede den obraren titularrak izatea.
3. artikulua. Dokumentazioa.
Laguntzak tramitatzeko, Beintza-Labaienen benetan bizitzeaz gain, beharrezkoa izanen da Udaletxean aurkeztea proiektu ikus-onetsia edo memoria baloratua, edo, behar denean, obra txikien kasuan, obraren deskribapena eta obra gauzatzeko aurrekontua.
4. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntza hauek emanen zaizkio justifikatutako inbertsioari:
Eraikuntza, instalazio eta obretarako, emanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %2ko dirulaguntza.
5. artikulua. Laguntzak ematea.
Behin obra-lizentzia eskatuta, Udalak egiaztatuko du ea eskatzailea herrian erroldaturik dagoen, eta, hala bada, egoki den dirulaguntza aplikatuko du, eta zenbatekoa zehaztuko du ordenantza honetan xedatutakoaren arabera.
Ikusten bada eskatzaileak ordenantza honetan ezarri diren baldintzetakoren bat ez duela betetzen, dirulaguntza lortzeko eskubidea galduko du, eta zilegi izanen da beste era bateko egintzak ere abiaraztea.
6. artikulua. Betebeharrak.
Udalak noiznahi eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar egun balioduneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.
Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako dirulaguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, itzuli egin beharko da.
7. artikulua. Dirulaguntzaren kalkulua.
Dirulaguntza kalkulatzeko, ez da kontuan izanen lizentzia eskatzaileak jasandako BEZa.
8. artikulua. Dirulaguntzak emateko hasierako data.
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarra hartu ondoren aplikatuko zaie udal erregistroan aurkezten diren eskaerei.
Iragarkiaren kodea: L2415620