Iragarkia
229. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
96/2024 FORU DEKRETUA, urriaren 23koa, zeinaren bidez aldatzen baitira abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
Abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa.
Gerora, atzeman da Hezkuntza Departamentuak epe labur eta ertainean aurre egin behar dien erronka nagusiak une honetan aurkitzen direla Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren eremu funtzional eta materialean. Hori dela eta, egokitzat jotzen da Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren eta Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren atxikipena aldatzea. Egun, hain zuzen, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren mendekoak dira, eta aurrerantzean Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari atxikirik egonen dira.
Horiek horrela, foru dekretu honen xedea da honako hauek aldatzea: 67/2023 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta 245/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko urriaren hogeita hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretua aldatzea.
Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarra aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:
"Artikulu bakarra.–Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura.
Hezkuntza Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusia.
b) Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia.
c) Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.
d) Idazkaritza Tekniko Nagusia."
2. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua aldatzea.
Honela aldatzen da Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua:
Bat. I. kapituluko 3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"3. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren antolaketa orokorra.
Hezkuntza Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusia.
b) Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia.
c) Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.
d) Idazkaritza Tekniko Nagusia."
Bi. II. kapituluaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"II. KAPITULUA.–HEZKUNTZAKO ETA LANBIDE HEZIKETAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA"
Hiru. II. kapituluko 1. atala aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"1. ATALA.–ESKUMENEN EREMU MATERIALA ETA EGITURA
8. artikulua. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eremu material eta funtzionala.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak ondotik ematen diren eginkizunak izanen ditu honako hauei dagokienez: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, hizkuntzen irakaskuntzak, arte-irakaskuntzak, helduen irakaskuntzak, Lanbide Heziketako irakaskuntzak, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide irakaskuntzak, araubide bereziko kirol-irakaskuntzak, enplegurako lanbide-prestakuntzako irakaskuntza egiaztagarriak, eta gaitasun profesionalak ebaluatzea eta akreditatzea.
a) Ikasketa horien planifikazioa, programazioa eta kudeaketa diseinatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen esparruan.
b) Behar diren jarduketak diseinatzea, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza zerbitzua eraginkorki eta kalitatez emateko, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen eremuan.
c) Legeak eta erregelamenduak egiteko ekimenak aztertzea eta Hezkuntza Departamentuko titularrari proposatzea, aipatu diren irakaskuntza guztien arloan Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenen esparruan.
d) Bultzada ematea irakaskuntzak curriculum bidez garatzeko, eta curriculum materialak eta beste dokumentu batzuk prestatzea eta banatzea, irakasleei beren eginkizunak betetzen laguntzeko, eta arlo horretako berrikuntzak eta saiakuntzak diseinatzea eta garatzea.
e) Proposatzea berdintasun prozesuak hedatzea eta horietan sakontzea, zuzendaritza nagusi honen eskumenen esparruan.
f) Proposatzea bizikidetza prozesuak hedatzea eta horietan sakontzea, zuzendaritza nagusi honen eskumenen esparruan.
g) Proposatzea kalitate prozesuak hedatzea eta horietan sakontzea, zuzendaritza nagusi honen eskumenen esparruan.
h) Bai hezkuntza sistemaren bai Administrazioaren esku-hartzearen kalitate mailak hobetzeko planak diseinatzea.
i) Hezkuntza mailen kalitatea sustatzeko eta ebaluatzeko politikak diseinatzea, horretarako bultzatuz zehaztu daitezela eta ezar daitezela sistemak, kalitate prozesuak eta kalitatea ziurtatzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko metodoak.
j) Haur Hezkuntzako lehen zikloarekin eta landa eskolekin lotutako jarduketak diseinatzea.
k) Irakasleentzako prestakuntza programak eta proposamenak diseinatzea.
l) Bertako hizkuntzak, gaztelania eta euskara, eta atzerrikoak irakasteko programak proposatzea, zuzendaritza nagusi honen kudeaketa esparruan.
m) Eskola eta lanbide orientaziorako programak proposatzea.
n) Ikasleen inklusioa lagunduko duten programak proposatzea, dibertsitateari erantzuna emanez.
ñ) Ekitatea eta berdintasuna bultzatzeko programak proposatzea.
o) Helduen hezkuntzarako programak proposatzea.
p) Behar diren jarduketak diseinatzea, Departamentuari esleitutako hezkuntza-ikuskapen eginkizuna betetzeko.
q) Zuzendaritza Nagusiaren eremuari esleitutako baliabideak kudeatzea.
r) Kontuan hartuz ezarritako helburuak eta esleitutako eginkizunak, gauzatu beharreko ekintzen lidergoa eta zuzendaritza.
s) Solaskide gisa jardutea bere aplikazio eremuko erakundeekin, organismoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin.
t) Gobernuak eta Nafarroako gizarteak Foru Komunitatearentzat ezarritako garapen estrategiekin lerrokatzea.
u) Eguneratzea Nafarroako Lanbide Heziketarako plan estrategikoak.
v) Prestakuntza eskaintza zehaztea, honako hauetarako: hasierako Lanbide Heziketako irakaskuntzak, Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotutako enplegurako lanbide irakaskuntzak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak eta araubide bereziko kirol irakaskuntzak. Hori dena, gizarte eta lurralde kohesioa errespetatuz.
w) Irakaskuntza horiek antolatzeko jarduketak planifikatzea, eta horien modalitateak zehaztea, arreta emanez kolektiboei eta herritarrei, oro har.
x) Aztertzea zer behar dauden lanbide irakaskuntzetako ikastetxeetan, honako hauei dagokienez: langileak, ekipamendua eta azpiegiturak.
y) Estrategikoki zuzentzea Lanbide Heziketako irakaskuntzen berrikuntza eta nazioartekotzea, Lanbide Heziketa Garatzeko Europako Zentroaren (LHGEZ) sarearen esparruan.
z) Estrategikoki zuzentzea Lanbide Heziketaren modernizazioa eta eraldaketa digital eta jasangarria.
aa) Sustatzea lanbide irakaskuntzetako ikasleen artean ikas daitezela Europar Batasunean gehien erabiltzen diren komunikazio hizkuntzak.
ab) Nafarroako Eskola Kontseiluan eta Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan parte hartzea, eta lankidetzan aritzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin, zuzendaritza nagusi honen eginkizunekin lotutako guztian.
ac) Indarra duten xedapenek Hezkuntza Departamentuari agintzen dizkioten gainerako eginkizunak, zuzendaritza nagusi honen esparruan.
9. artikulua. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:
a) Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzua.
b) Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzua.
c) Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua.
d) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua.
e) Haur Eskolen Zerbitzua.
f) Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzua.
g) Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzua".
Lau. II. kapituluari bi atal berri gehitzen zaizkio, 7. eta 8. atalak, eta honela idatzita geldituko dira:
"7. ATALA.–LANBIDE HEZIKETAREN PLANGINTZA ETA INTEGRAZIORAKO ZERBITZUA
29. artikulua. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren eremu material eta funtzionala.
Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Behar den prospekzioa egitea Lanbide Heziketaren eskaintzak planifikatzeko, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoei dagokienez.
b) Solaskide operatiboa izatea beste administrazio batzuekin (administrazio zentrala eta autonomia erkidegoetakoak), baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu eta erakunde autonomo batzuekin ere.
c) Erantzunkidetasuna sustatzea eragile ekonomiko eta sozialekin eta sektore produktiboekin, ezartzen denean Lanbide Heziketako eskaintza, egoki diren modalitateetan.
d) Hezkuntza sistemako honako irakaskuntza hauek planifikatzea, antolatzea, integratzea eta garatzea: Lanbide Heziketako irakaskuntzak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak, araubide bereziko kirol irakaskuntzak eta Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotutako enplegurako lanbide irakaskuntzak, egoki diren modalitateetan. Betiere, arreta handia jarriko da Lanbide Heziketa Duala ezartzeko.
e) Enplegurako lanbide prestakuntzako ikastetxe publikoei lotuta ez dauden prestakuntza-deialdiak kudeatzea, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoa denean.
f) Irakaskuntza horietan onartuak izateko eta sartzeko moduekin lotutako proiektuak antolatzea eta kudeatzea, baita bizitza osoan trebatzearekin lotuak daudenak ere.
g) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak garatzen dituen proiektuak eta irakaskuntzak ebaluatzea.
h) Gaitasun profesionala akreditatzeko prozedurak antolatzea, planifikatzea eta garatzea.
i) Ikastetxe bateratuen eta Lanbide Heziketako ikastetxeen behar bezalako antolaketa-egitura ziurtatzea, esleitu zaizkien lan eta eginkizun guztiei erantzuteko modukoa.
j) Departamentuko beste unitate batzuekin lankidetzan, ikastetxe bateratuen, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta erreferentzia nazionaleko ikastetxeen araudia garatzea, esleitu zaizkien lan eta eginkizun guztiei erantzuteko.
k) Behar diren tresnak ezartzea, ahalbidetzeko prestakuntza eskaintza integratua eta haren modalitateak egokitzea ingurune produktibo eta sozialera.
l) Lanbide Heziketa sustatzeko eta hedatzeko ekintzak garatzea, lanbide irakaskuntza hauen ezagutza eta irudi soziala hobetzeko.
m) Behar diren irizpideak ezartzea Lanbide Heziketako ikastetxeen eta arte eskolen azpiegiturak planifikatzeko eta ekipamendua planifikatzeko eta erosteko, Hezkuntza Departamentuko beste unitate batzuekin lankidetzan.
n) Europar Batasunetik datozen laguntzak eta funtsak kudeatzea, Lanbide Heziketaren sistema hobetzeko zerbitzu honen eskumenen esparruan.
ñ) Nafarroako Lanbide Heziketaren plan estrategikoak eguneratzea, eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarduketak garatzea, lankidetzan arituz Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuarekin.
o) Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan parte hartzea, lankidetzan arituz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin, eta harremana izatea eragile ekonomiko eta sozialekin, zerbitzu honen eginkizunekin lotutako guztian.
p) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.
30. artikulua. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren egitura.
Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren egituran honako atal hauek daude:
a) Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala.
b) Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atala.
c) Akreditazio Profesionalen Atala.
31. artikulua. Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalaren eremu material eta funtzionala.
Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen duen eremuko ikasketak antolatzea eta irakaskuntzak garatzea.
b) Irakaskuntza horien prestakuntza modalitateak antolatzea, bermatuz bertan sartuko direla hezkuntza laguntzako berariazko premiak eta hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak eta gizarte bazterketa jasateko arriskua dutenak.
c) Onartuak izateko prozesua kudeatzea Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetan, eta onarpen prozesu horren jarraipena egitea, lankidetzen arituz eskolatzeko arloan eskumena duen organoarekin.
d) Nafarroako produkzio ingurunera egokitzea Lanbide Heziketaren, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen eta araubide bereziko kirol irakaskuntzen tituluak.
e) Lanbide orientaziorako estrategia orokor bat garatzeko ekintzak sustatzea, kudeatzea, informazioa koordinatzea eta jarraipena egitea, arlo horretan eskumena duten entitateekin batera.
f) Irakaskuntzetara sartzeko bideak eta probak eta ikastaroak planifikatzea, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren kudeaketa eremuan.
g) Lanbide Heziketaren eskaintza ebaluatzea, eta estatistikak eta azterlanak prestatzea, loturik daudenak Lanbide Heziketako eskaintzarekin, eta, orobat, loturik daudenak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren kudeaketa eremuko tituluak dituzten ikasleen laneratzearekin.
h) Lankidetzan aritzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko gainerako atalekin eta Hezkuntza Departamentuko beste unitate batzuekin, garatzen duten araudia prestatzen.
i) Kofinantzaketarako eskaerak edo akordioak prestatzea eta tramitatzea, koordinaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretako eskumena duen departamentuarekin.
j) Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.
k) Helburuak egoki betetzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun, kudeatzen duen esparruan.
32. artikulua. Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalaren eremu material eta funtzionala.
Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Lanbide Heziketako eskaintzak planifikatzea, kudeatzea eta jarraipena egitea, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren kudeaketa eremuan, arreta emanez enpleguarekin lotutako irizpideei, eskaera sektorialei, eskaintzen lurralde-banaketari, zentroen tamainari eta beharrezkoa duten espezializazioari edo polibalentziari.
b) Lanbide Heziketa Dualeko eskaintzak eta proiektuak garatzea, diseinatzea eta jarraipena egitea. Gauza bera enpresetako beste edozein prestakuntza programekin ere.
c) Aholku ematea Lanbide Heziketa Dualeko prestakuntza proiektuak prestatzeko, koordinatuz prestakuntza ikastetxeekin eta inplikatutako enpresekin, eta, horretaz gain, definitzea enpresako tutoreen eta ikastetxeko tutoreen prestakuntza.
d) Lanbide Heziketaren arloan aholkularitza ematea eta jarduketa ildoak proposatzea Hezkuntza Departamentuaren menpe dauden lanbide irakaskuntzetako ikastetxeetan.
e) Behar diren oinarri tekniko arauemaileak prestatzea eta proposatzea, enplegurako akreditagarriak diren lanbide prestakuntzako ekintzak garatzeko deialdietarako.
f) Beka eta laguntzen espedienteak kudeatzea, kontrolatzea eta tramitatzea, enplegurako akreditagarriak diren lanbide prestakuntzako ekintzetan parte hartzen dutenentzat.
g) Lanbide irakaskuntzetako ikastetxeetan azterlan eta jarduketa proposamenak egitea, azpiegitura teknologikoak eta ekipamendukoak hobetzeari dagokionez.
h) Lanbide Heziketako ikastetxeentzako eta arte eskolentzako ekipamendua kudeatzea eta hura gauzatzeko plangintza egitea, lankidetzan arituz Departamentuko beste unitate batzuekin.
i) Kofinantzaketarako eskaerak edo akordioak prestatzea eta tramitatzea, koordinaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretako eskumena duen departamentuarekin.
j) Lankidetzan aritzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko gainerako atalekin, atal horietan garatzen diren programa eta proiektuak txertatzeko Lanbide Heziketako ikastetxeetan.
k) Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.
l) Helburuak egoki betetzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun, kudeatzen duen esparruan.
33. artikulua. Akreditazio Profesionalen Atalaren eremu material eta funtzionala.
Akreditazio Profesionalen Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Gaitasun profesionalak akreditatzeko prozedurak planifikatzea, kudeatzea eta haien jarraipena egitea.
b) Aholkularientzako eta ebaluatzaileentzako prestakuntza-prozesuen deialdia egitea, arreta emanez akreditazio-prozeduren baldintzei.
c) Gaitasun profesionalak identifikatzea eta zehaztea, garrantzitsuak direnak Nafarroako produkzio sarea garatzeko.
d) Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparruan, Lanbide Heziketako titulazioak eta graduak prestatzea eta eguneratzea, Nafarroako sektore produktiboen premien arabera.
e) Lantaldeak koordinatzea, prestakuntza-curriculumak prestatzeko irakaskuntza hauetarako: Lanbide Heziketa, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak eta araubide bereziko kirol irakaskuntzak.
f) Lankidetzan aritzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko gainerako atalekin, Lanbide Heziketako irakaskuntzak planifikatzean.
g) Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.
h) Helburuak egoki betetzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun, kudeatzen duen esparruan.
8. ATALA.–LANBIDE HEZIKETAREN MODERNIZAZIORAKO ETA BERRIKUNTZARAKO ZERBITZUA
34. artikulua. Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren eremu material eta funtzionala.
Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Halako proiektu estrategiko batzuk zehaztea eta kudeatzea, Lanbide Heziketako ikastetxeak egokitu daitezen teknologia aurreratuko ingurunera eta irakasleen konpetentziak hobetu daitezen, hezkuntzako berrikuntzari, esperimentazioari eta ikerketari dagokienez.
b) Lidergoa gauzatzea Hezkuntza Departamentuari atxikitako erreferentzia nazionaleko ikastetxeetan.
c) Hezkuntza Departamentukoak diren eta Erreferentzia Nazionaleko Bikaintasun Ikastetxeen Sareko eskumenekoak diren jarduketak eta proiektuak sustatzea eta jarraipena egitea.
d) Digitalizazio plan bat bultzatzea eta aplikatzea, ahalbidetuko duena Nafarroako Lanbide Heziketaren sistema modernizatzea eta eraldatzea.
e) Sustatzea eta diseinatzea irakasleentzako prestakuntza tekniko eta metodologikoko plan bat, horren bidez erantzuteko sektore produktiboen aurrerapen teknologikoei eta ikasgelako ikaskuntza-metodologia berrien garapenari.
f) Plataforma digitalak eta beste euskarri informatiko batzuk planifikatzea eta garatzea, eta behar den ekipamendua erostea, lankidetzan arituz Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiko beste unitate batzuekin, Nafarroako Lanbide Heziketa digitalizatzeko.
g) Ekintzailetza plan bat zehaztea eta bultzatzea, egokiturik egonen dena Lanbide Heziketako prestakuntza-mailetara eta espezialitateetara.
h) Ikastetxeen digitalizazio proiektuak eta berrikuntza teknologiko eta didaktikoko proiektuak sustatzea, lankidetza sustatuz beste entitate eta enpresa batzuekin.
i) Planifikatzea eta garatzea izaera sozialeko proiektuak, ekintzailetza sustatzekoak eta irakaskuntza hauetako ikasleen enplegagarritasuna hobetzekoak.
j) Europar Batasunetik datozen laguntza eta funtsak kudeatzea, Lanbide Heziketaren sistema hobetzeko zerbitzu honen eskumenen esparruan.
k) Lanbide irakaskuntzetako ikastetxeen nazioarteko dimentsioa sustatzea eta garatzea, horretarako garatuz ikasleak, irakasleak eta zuzendaritza taldeak nazioarteko esparruan mugitzeko proiektuak.
l) Lanbide Heziketako ikastetxeetan proiektuak garatzea, lankidetzan arituz Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekin.
m) Lankidetzan aritzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekin, eguneratzeko Nafarroako Lanbide Heziketaren plan estrategikoak eta sustatzeko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarduketak.
n) Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren idazkari lanak egitea, eta lankidetzan aritzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin eta harremana izatea eragile ekonomiko eta sozialekin, zerbitzu honen eginkizunekin lotutako guztian.
ñ) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.
35. artikulua. Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren egitura.
Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren egituran honako atal hauek daude:
a) Lanbide Heziketa Eraldatzeko Atala.
b) Lanbide Heziketaren Proiektuen eta Nazioartekotzearen Atala.
36. artikulua. Lanbide Heziketa Eraldatzeko Atalaren eremu material eta funtzionala.
Lanbide Heziketa Eraldatzeko Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Behar den laguntza teknikoa ematea, sor daitezen eta, behar denean, garatu daitezen erreferentzia nazionaleko Lanbide Heziketako ikastetxe berriak eta bikaintasun ikastetxe berriak.
b) Laguntza ematea zenbait urtetarako jarduketa-planak definitzeko, erreferentzia nazionaleko ikastetxeetarako, bai eta urteko jarduketa-planerako ere.
c) Jarraipena egitea aipatutako planetan ezarritako helburuen betetzeari.
d) Erreferentzia nazionaleko ikastetxeetan eta bikaintasun ikastetxeetan egindako jarduketen finantzaketa eta kostua kudeatzea eta justifikatzea, lankidetzan arituz arlo horretan eskumena duen unitatearekin.
e) Behar diren baliabideak aplikatzea Lanbide Heziketako ikastetxeak eta arte eskolak digitalki eraldatzeko.
f) Ikastetxeetarako azterlanak eta jarduketa-proposamenak egitea.
g) Behar diren zerbitzuak eta ekipoak kudeatzea, Lanbide Heziketako ikastetxeak eta arte eskolak digitalki eraldatzeko.
h) Behar diren plataforma digitalak ezartzea, kudeatu daitezen Lanbide Heziketako eta proiektuetako eskaintza bateratuak, lankidetzan arituz hezkuntzako teknologiaren arloan eskumena duen unitatearekin.
i) Lankidetzan aritzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko gainerako atalekin eta Hezkuntza Departamentuko beste unitate batzuekin, garatzen duten araudia prestatzen.
j) Kofinantzaketarako eskaerak edo akordioak prestatzea eta tramitatzea, koordinaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretako eskumena duen departamentuarekin.
k) Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.
l) Helburuak egoki betetzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun, kudeatzen duen esparruan.
37. artikulua. Lanbide Heziketaren Proiektuen eta Nazioartekotzearen Atalaren eremu material eta funtzionala.
Lanbide Heziketaren Proiektuen eta Nazioartekotzearen Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Hobekuntza teknologiko eta didaktikoak sustatzea Lanbide Heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko eta araubide bereziko kirol irakaskuntzen irakaslanean, eta ikastetxeei arlo horretako aholkuak ematea.
b) Lanbide Heziketa modernizatzeko eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko ikastetxeak eta lanbide irakaskuntzak digitalizatzeko proiektu berriak proposatzea, garatzea eta horien jarraipena egitea, lankidetzan arituz Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiko beste unitate batzuekin.
c) Lanbide Heziketako ikastetxeetan eta arte eskoletan berrikuntza proiektuetarako deialdiak kudeatzea eta horien gaineko jarraipena egitea.
d) Berrikuntza metodologikorako proiektuak garatu eta aplikatzea, konparazio batera "Kimua" programa, eta proposatzea beharrezkoak diren neurriak har daitezela etengabe eguneratzeko.
e) Ekintzaile espiritua garatzeko programak sustatzea, "Inizia" programaren bidez.
f) Irakasleek dituzten prestakuntza premiak aztertu eta diseinatzea, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuak definitutako berrikuntza estrategiei erantzuteko.
g) Berariazko prestakuntzarako urteko plana planifikatu eta kudeatzea, zerbitzu honek kudeatzen duen eremuko irakaskuntzak ematen dituzten irakasleentzat, lankidetzan arituz Departamentuko beste unitate batzuekin.
h) Lankidetza akordioak bultzatzea beste autonomia erkidego, erakunde ofizial edo produkzio inguruneko entitate batzuekin, berrikuntzaren arloan trebatu daitezen Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuak kudeatzen duen eremuko irakaskuntzak ematen dituzten irakasleak.
i) Nazioarteko ekintza eta proiektuak garatzea eta haien jarraipena egitea, haiek kudeatzea kontratuei eta ekonomiari dagokienez, eta erakunde eskudunen aurrean justifikatzea.
j) Nazioarteko mugikortasun ekintzak planifikatu, sustatu, kudeatu eta horien jarraipena egitea, Lanbide Heziketako ikastetxeetako eta arte eskoletako irakasle eta ikasleentzat eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko langileentzat.
k) Parte hartzea, behar denean, Europar Batasunak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak kudeatzen duen eremuko irakaskuntzen arloan egiten dituen programen ardura duten Espainiako erakundeetan, eta harremanetan jartzea Espainiako edo atzerriko beste erakunde batzuekin, denen intereseko proiektuetan parte hartzeko edo laguntzeko.
l) Aztertzea zer aukera dauden Europar Batasunaren edo beste erakunde batzuen funtsen bidez kofinantzatzeko Lanbide Heziketaren irakaskuntzak, arte plastikoen eta diseinuen lanbide irakaskuntzak eta araubide bereziko kirol irakaskuntzak edo Hezkuntza Departamentuko nazioarteko proiektuak.
m) Kofinantzaketarako eskaerak edo akordioak prestatzea eta tramitatzea, koordinaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretako eskumena duen departamentuarekin.
n) Lankidetzan aritzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko beste atal batzuekin, ikastetxeetan txertatzeko atal honek garatzen dituen programak eta proiektuak.
ñ) Lankidetzan aritzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin, antolamenduaren eta teknologiaren alorretako berrikuntza eta hobekuntza politiketan.
o) Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.
p) Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak".
Bost. III. kapituluko 1. atalaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"III. KAPITULUA.–DIGITALIZAZIOKO ETA HEZKUNTZA ZERBITZUETAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA"
Sei. III. kapituluko 1. atala aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"1. ATALA.–ESKUMENEN EREMU MATERIALA ETA EGITURA
38. artikulua. Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren eremu material eta funtzionala.
Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak ondotik ematen diren eginkizunak beteko ditu, honako hauei dagokienez: hezkuntza sistema digitalizatzeko bultzada eta hobekuntza, ikasteko laguntzak kudeatzea, zerbitzu osagarriak, eta Hezkuntza Departamentuko prozedura eta prozesu guztietarako sostengua diren informazio-sistemak modernizatzea eta hobetzea.
a) Hezkuntzako teknologien ezarpena zuzentzea eta bultzatzea, haiek curriculumean txertatzea, eta, orobat, hezkuntzako informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) azpiegiturak hobetzea.
b) Behar diren irizpide eta planak zehaztea, ikastetxeak hornitzeko informatikako eta ikus-entzunezko ekipamenduz, robotikaz, komunikazio sistemaz eta informazioaren teknologiaz.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzaren digitalizazioa zuzentzea.
d) Bultzatzea ikasleek hezkuntza digital ziur eta errespetuzkoa izateko duten eskubidea.
e) Pentsamendu konputazionala eta adimen artifiziala txertatzea curriculumean eta hezkuntzako metodologietan.
f) Bultzatzea plataforma digitaletan erabiltzeko moduko hezkuntza-edukiak sortu eta egokitu daitezen, horretarako garatuz hezkuntzako material digital bereziak, hezkuntza-sistemaren beharrei egokituak.
g) Proposatzea tresna eta metodologia digitalei buruzko berariazko prestakuntza-eskaintza irakasleentzat.
h) Konpetentzia digitalen ebaluazioa diseinatzea ikasle eta irakasleentzat.
i) Datuen ingeniaritza-plataforma diseinatzea eta bultzatzea Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.
j) Zuzentzea Departamentuaren eta ikastetxeen arteko informazio trukerako eta komunikaziorako sistemen kudeaketa eta mantentze-lanak, bai eta ikastetxeetako ekipo informatikoenak ere.
k) Eskola-estatistikaren prestaketa zuzentzea.
l) Eskaeren bideragarritasunaren azterketa zuzentzea, Hezkuntza Departamentuaren informazio-sistemetan garapen berriak egiteko eskatzen denean.
m) Bultzatzea informazio-sistemen garapena, kudeaketa, mantentzea eta eboluzioa, erantzuna emateko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa-beharrei.
n) Proposatzea Administrazioaren modernizaziorako eta administrazio elektronikorako proiektuen ezarpena, Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.
ñ) Definizio, mantentze eta euskarri lanak zuzentzea informazio-sistema guztiak osatzen dituzten eta estaldura ematen dieten arkitektura teknikoan eta softwarea garatzeko inguruneetan.
o) Ikasketak egiteko beka eta laguntza deialdiak zuzentzea, unibertsitateaz kanpoko mailetan.
p) Testuliburuen doakotasun programa proposatu, kudeatu eta kontrolatzea.
q) Garraioaren eta eskolako jantokien zerbitzu osagarriak zuzentzea.
r) Garraioaren eta eskolako jantokien zerbitzu osagarrien plangintza estrategikoa eta operatiboa.
s) Garraioaren eta eskolako jantokien zerbitzu osagarrien kontratazioa eta jarraipena zuzentzea.
t) Ikastetxeak eta haien irakaskuntzak baimentzea eta erregistratzea.
u) Nafarroako Eskola Kontseiluan parte hartzea, eta lankidetzan aritzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin, zuzendaritza nagusi honen eginkizunekin lotutako guztian.
v) Indarra duten xedapenek Hezkuntza Departamentuari agintzen dizkioten gainerako eginkizunak, zuzendaritza nagusi honen esparruan.
39. artikulua. Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:
a) Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzua.
b) Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzua.
c) Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzua."
Zazpi. III. kapituluko 2. eta 3. atalak kentzen dira, eta III. kapituluko gainerako atalak berriro zenbakitzen dira, honela:
4. atala izanen da 2. atala; 5. atala izanen da 3. atala; eta 6. atala izanen da 4. atala.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.
Foru dekretu honetan ezarritako egituraren arabera izen bera duten zerbitzuetako zuzendaritzetako edo atalburutzetako titularren izendapenak berresten dira.
Era berean, honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
–Hezkuntzako zuzendari nagusiarena; aurrerantzean izanen da Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia.
–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiarena; aurrerantzean izanen da Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.
Bigarren xedapen gehigarria.–Atal mailatik beherako unitateen iraupena.
Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atal mailatik beherako unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Azken xedapenetako lehena.–Aldatu egiten da 115/2002 Foru Dekretua, ekainaren 3koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko helduak euskalduntzeko ikastegiak eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa antolatzen dituena.
Ekainaren 3ko 115/2002 Foru Dekretuaren 3.1 artikulua aldatzen da artikulu horretan egoitzaren kokapenaz egiten den aipuari dagokionez, eta honela idatzita geldituko da:
"3. artikulua. Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa.
1. Eratu da, 2002ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa, zeina arituko baita Nafarroako Foru Komunitate osoan."
Azken xedapenetako bigarrena.–Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko urriaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
Iragarkiaren kodea: F2415464
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
