1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1092E/2024 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen adierazpen estrategikoa ematen baita, "Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiaren Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko UGPSa"ri buruz. UGPSaren sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da.
2024ko urriaren 2an, Lurralde Antolamenduko eta Etxebizitzako Departamentuak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri dio "Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiaren Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko UGPSa", Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatua.
Aurrekariak.
2021eko uztailaren 2an, "Barne Zuzendaritza Nagusiaren Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politika garatzeko UGPSa" aurkeztu zuen Barne Zuzendaritza Nagusiak, hirigintza eraldaketako bi jarduketa bereizi arautzeko asmoz:
–Zuzkidura publikoko eremu bat Sankin izeneko parajean, Arangurengo udalerrian, "Foruzaingoaren 2020-2023 Plan Estrategikoan" aurreikusitako jarduketa bat ezartzeko; zehazki, Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.
–Bizitegi-jarduketa bat egitea Belosogoitin (Iruña), foruzain-etxe nagusia lehenagoko kokapenera lekualdatzean hutsik geratuko diren Nafarroako Gobernuaren hiru lurzatietan, zeinak Lurzoruaren Foru Bankuari atxikiko baitzaizkio.
Erabaki horrek berekin dakar esku-hartze eremuaren hirigintza-antolamendua egin beharra, ondoren, faseka lekualdatzeko hura osatzen duten administrazio egoitzak.
Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 24an erabaki zuen udalez gaindiko plan sektorial (UGPS) deklaratzea Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Politika garatzeko Plana, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatua, eta aldibereko bi tramite egin ziren: jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean (LAHFLTB) eta ingurumen arloko legerian xedatzen diren ondorioetarako. Ebazpen hori 2023ko ekainaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren tramitean, Iruñeko Udalak alegazio idazki bakarra aurkeztu zuen bere udalerrian planteatutako bizitegi-jarduketari buruz.
2024ko ekainaren 19an, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea udalez gaindiko plan sektorialak ukitutako udalei eta, orobat, Belosogoitiko (Iruña) bizitegi-jarduketarekin lotutako jarduketak artxibatzea. Erabaki hori 2024ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 1ekoan.
Espedientea jendaurrean egon den bitartean eta entzunaldian ez du inork alegazio idazkirik aurkeztu.
Espedientearen azterketa.
Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa kokatzeko tokirik egokiena aukeratu baino lehen, Iruñerrian beste kokaleku posible batzuk aztertu dira. Azkenik, Arangurengo udalerriko Sankin izeneko parajea hautatzea erabaki da, baldintza hauek gehien betetzen dituen kokalekua delako:
–Lotura ona izatea Iruñerriko ingurabide azkarrekin.
–Lurzoru nahikoa izatea, gutxienez 105.000 m² inguruko azalera behar baita, eta etorkizunean handitzeko aukera.
–Lurzoruek malda nabarmenki txikia izatea.
–Lotura ona izatea beste hiri-eremu batzuekiko, izan dadin bertara garraio publikoaren bidez, oinez eta bizikletaz iristeko aukera.
–Irisgarritasuna: segurtasun kontuengatik, komenigarritzat jotzen da kokaleku berriak aukera ematea, batetik, gunerako sarbidea kontrolatua izateko, administrazio unitateak multzokatuta, eta, bestetik, inguruneko beste jarduera batzuekiko autonomia izateko.
–Lur gehienak udal jabetzakoak izatea, erraztuko baitu Nafarroako Gobernuak lurrak eskuratzea.
UGPSaren helburua da Nafarroako Gobernuaren barne eta segurtasun arloko politikak eta planak garatzea, bereziki, "Nafarroako Parlamentuaren hamargarren legegintzaldiko akordio programatikoa, 2019-2023 aldirako" eta "Foruzaingoaren 2020-2023ko plan estrategikoa", Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezarrita, Arangurenen hain zuzen ere, Eguesibarko lur batzuk ere barnean sartuta. UGPSa garatzeko lehenbiziko fasean, foruzain-etxe nagusia ezarriko da aipatu eremuan.
UGPSak ukitzen duen eremua, beraz, Arangurengo eta Eguesibarko udal mugarteetan dago kokatua, zehazki, Mutiloatik ekialdera eta Sarrigurengo ekohiritik hegoaldera, Sankin izenez ezagutzen den parajean, eta PA-30 errepidearekin (Iruñeko ekialdeko ingurabidea) egiten du muga. Guztira, 131.708,284 m²-ko azalera antolatu da. Bertan, zuzkidura-lurzoru publikoko sektoreaz gain, espazio libreetarako, bideetarako eta jarduketatik kanpoko sistema orokorrekiko loturetarako eremuak ere sartzen dira.
Une honetan, Arangurengo udal plan orokorrean (Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren apirilaren 26ko 61E/2022 Aginduaren bidez onetsi zen UPOa, eta haren barneko araudia 2022ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 11koan) UGPSaren eremuaren zati handiena lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dago, "SA Sankin" gisa identifikatuta (jarduera ekonomikoko erabilera duen sektorea da), eta ukitutako gainerako lurzorua, hau da, plan orokorrak zehazten duen SA Sankin sektoretik kanpo dagoena (funtsean, konexiorako kanpoko bidea eta ertzetako zonak), lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago.
Eguesibarko udal plan orokorrean (2000. urteaz geroztik indarrean da, eta 2021eko urrian argitaratu zen haren araudia), berriz, nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua eta kategorizatua dago.
Arangurengo udal mugartean, lurzatiak gaur egun lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta daude, eta UGPSak lurzoru urbanizagarriaren sailkapenari eusten dio bere eremuaren barneko lurretarako. Eguesibarko udal mugartean, berriz, lurrak nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta baitaude, UGPSak lurzoru urbanizagarri bihurtzen ditu. Esan bezala, determinazio hauek jasotzen ditu, besteak beste:
–Lurzoru mota: Lurzoru urbanizagarria.
–Erabilera orokorra: Zuzkidura publikoa.
–Gehieneko eraikigarritasuna: 60.000 m² eraiki.
Nafarroako Gobernuaren barne eta segurtasun arloko udalez gaindiko politika sektoriala garatzeko eta gauzatzeko, proposatzen da gehienean urbanizagarria den eremu bat antolatzea (131.708,284 m²-ko azalera du guztira, horietatik ia 120.564 m² urbanizagarriak dira, eta gainerako azalera urbanizaezina da), hantxe Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa sortzeko.
Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiaren Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko UGPSaren ingurumen azterketa estrategikoak esaten duenez, UGPSaren eremuak ukitzen dituen lurzoru guztiak laborantzako lurrak direla, erabilera muga moderatuak dituzten lehorreko lurrak.
Espedientean jasoa dago, ukipen akustikoei buruz Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak egindako txostena. Honako hau adierazten du:
1. Jarduera kokatu nahi den eremuak, azaleraren zati handi batean, betetzen ditu 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen dituen kalitate akustikoko helburuak. Lehendik dagoen eremu urbanizatutzat jo ezin daitekeen eremu baterako eta hirugarren sektoreko erabilerarako, honako hauek dira: Ld eta Le < 65 dB, Ln < 60 dB.

2. Halere, eremuan badira aurreko atalean adierazitako kalitate helburuak gainditzen dituzten zona batzuk. Horietan, printzipioz, ezin da hirugarren sektoreko erabilera duen eraikinik egin.
3. Zuzentarauaren aplikazioaren lehen fasean eremua zortasun akustikoko eremu (ZAE, aurrerantzean) batean dagoela zehaztu zen arren, egoera hori ez da kontuan hartu hurrengo aplikazio faseetan, eta, nolanahi ere, ZAEa izateak ez dakar zuzenean zaratari buruzko araudia betetzetik salbuetsita egotea, kasuan kasuko azpiegiturak sortzen duen zarataren aurkako plan bat prestatu beharra baitago ZAErako.
4. 1367/2007 Errege Dekretuaren 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, nahitaezkoa da azpiegitura horren titularraren aurretiazko txostena.
5. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren ustez, hiri-garapen berrietan edo lurzoruaren erabilera aldaketetan ez da onargarria neurri zuzentzaileen bidez iristea erabilera jakin baterako eskatzen diren kalitate akustikoko helburuetara, esate baterako, pantaila akustikoak paratuta edo bazterrak goratuta, horrelako neurriak lehendik dauden egoera gatazkatsuak zuzentzeko baizik ez liratekeelako erabili behar. Honelako kasuetan, ordea, prebentzio neurriak gailendu behar dira, besteak beste, kokapen egokia aukeratzea edo eremuan eraikinik egin aurretik kalitate akustikoko helburuetara iristen lagunduko duten neurriak ezartzea.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela eta proposatu du ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren txostena ematea, aldekoa, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatutako "Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiaren Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko UGPSa"ri buruz, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita. Nolanahi, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak zaratari buruz egindako txostenaren edukiari jarraitu beharko dio UGPSaren behin betiko proiektuak.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2414999