1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
347/2024 EBAZPENA, urriaren 18koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako administrazio publikoetan administrazio araubidean kontratatutako irakasleei aplikatu beharreko irizpideak egokitzea, 19/2022 Foru Legearen 12. artikuluan aurreikusitako konpentsazio ekonomikoa ordaintzeko (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriena).
Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeak (Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriak hartzen dituena, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz) bere 12. artikuluan konpentsazio ekonomikoa arautzen du, modu honetan:
"12. artikulua. Konpentsazio ekonomikoa enplegua egonkortzeko prozedurak ez gainditzeagatik.
Zerbitzuan emandako urte bakoitzeko ordainsari finkoen hogei egunen besteko konpentsazio ekonomikoa emanen da, eta urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuko dira (hamabi hileroko, gehienez ere). Konpentsazio ekonomiko hori administrazio kontratudun langileentzat izanen da, baldin eta, jardunean egonik, Administrazioarekin duten harremana amaitzen bada ez zaielako esleitu egonkortzeko hautapen prozesuetan deitutako lanposturik.
Unibertsitateaz kanpoko irakasleen kasuan, aurreko paragrafoan ezarritakoa egokitu eginen da langile horien sarrerak dituen berezko berezitasunetara, eta erreparatuko zaio egonkortzeko hautapen prozesuetan deitu den lanpostu kopuruari, gehienez ere, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun bakoitzeko.
Izangaiak ez baldin badu parte hartzen lanpostuak egonkortzeko hautapen prozesuan ez du eskubiderik izanen, inola ere ez, konpentsazio ekonomikoa jasotzeko. Apartatu honetan adierazitako ondorioetarako, izangaiak prozeduran parte hartu ez duela ulertuko da hark prozeduran jarraitzen ez duenean hari berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik".
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 3150/2024 Ebazpenaren bidez, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritako konpentsazio ekonomikoa ordaintzeko aplikatu beharreko irizpideak onartu ziren. Foru lege horren bidez neurriak hartu ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.
Aipatutako ebazpenaren bigarren apartatuaren arabera, "Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen (Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriak hartzen dituena, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz) 12. artikuluaren bigarren apartatuari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak egokitu eginen ditu unibertsitateaz kanpoko irakasleei konpentsazio ekonomikoa ordaintzearekin lotuta aplikatu beharreko irizpideak".
Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 12. artikuluko bigarren apartatuan jasotako egokitzapena unibertsitateaz kanpoko irakasleak sartzeko sistemaren berezko berezitasunen ondorio da; izan ere, ez dira lanpostu jakin batera sartzen, oro har, kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun batera baizik, eta hautaketa prozesua bukatu ondoren esleituko zaie hurrengo ikasturtean jardunen duen ikastetxe zehatza, dela praktiketako funtzionario gisa, dela behin-behineko destinoa duen funtzionario gisa. Hezkuntza sistemak ikasturte batetik bestera izaten dituen premia aldakorrak daude egoera horren jatorrian. Horiek horrela, bere garaian kontratatutako langileekin betetako plazak, egonkortzeko lan eskaintza diseinatzeko kontuan hartu zirenak, aldatu ahal izan dira kontratazioaren unetik funtzionario berriek benetan bete dituzten arte, eta gertatzen ahal da premia ez egotea kontratazioa egin zen ikastetxean, beste batean baizik.
Hau da, irakasleen kasuan, konpentsazioa nori dagokion zehazteko, ez da erabiltzen ahalko kontratatutako langile gisa betetzen duten plantillako plaza. Alegia, halakoetan, egonkortzeko sartu berri den funtzionario batek betetzen badu lanpostu hori, konpentsazioa dagokio, irakasle ez diren langileekin gertatu ohi den moduan, baina, kasu honetan, irizpide orokorrak egokitu behar dira.
Printzipio gisa, Foru Legearen arabera, konpentsazioa dagokie egonkortze prozesuetan eskainitako plazetatik bat ere esleitu ez zaiela-eta Administrazioarekiko harremana bukatu duten pertsonei.
Alabaina, hezkuntza arloan, ezin da zehaztu kontratatutako langileen harremana egonkortze prozesu batean sartu berri den funtzionario batek plaza betetzeagatik amaitzen denik, deialdietako plazak ez baitira bat etortzen ordura arte kontratatutako langileek betetzen zituzten ikastetxe jakin bateko plazekin (hori gertatzen da lehenago aipatu denagatik; hau da, langileak ez dira ikastetxe jakin batera sartzen, oro har, kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun batera baizik, eta hautaketa prozesua bukatu ondoren esleituko zaio, praktiketako funtzionario gisa nahiz behin-behineko destinoa duen funtzionario gisa, hurrengo ikasturtean jardunen duen ikastetxe zehatza).
Argi dago funtzionario berriak kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun batera sartzeak murriztu eginen dituela ezaugarri berberak dituzten lanpostuetan kontratatzeko premiak eta, beraz, egonkortze prozesuagatik Administrazioarekiko harremana bukatuko zaiela langile kontratatu batzuei. Eta hori bezain agerikoa da, legeak dioen moduan, konpentsazioa jasoko duten pertsonen guztizko kopuruak ezin duela gainditu egonkortze prozesuan eskainitako plazen kopurua; izan ere, egonkortzearen ondorioz Administrazioarekiko harremana amaitzen zaien pertsonen kopuruak ezin du izan eskainitako plaza kopurua baino handiagoa (betiere kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun bakoitzari dagokionez).
Hortik aurrera, zehaztu behar da, batetik, zer unetan finkatu behar den nor dagoen konpentsazioa eragiten duen posizio juridikoan, eta, bestetik, zer ezaugarri izan behar dituen langile horien posizio juridikoak, konpentsaziorako eskubidea izan dezaten.
Uneari dagokionez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko azken foru legeek aurreikusten dutenez, baita 2022ko ekitaldikoak ere, irakaskuntzako EPEan ezarriko da kidego bakoitzeko plaza kopuru osoa eta, ondoren, plantilla organikoa aldatzeko foru dekretu baten bidez, plazen ezaugarriak ezarriko dira, espezialitateari, hizkuntzari eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizunari dagokienez. Egonkortzeko EPEa maiatzaren 25eko 59/2022 Foru Dekretuaren bidez onartu zen, barne hartuta abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritako baldintzak betetzen zituzten kidego edo lanpostu parekatu bakoitzeko plazak. Ondoren, esan bezala, plantilla organikoa aldatu zen, urriaren 11ko 93/2022 Foru Dekretuaren bidez, eta lanpostuen espezialitatea, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizuna zehaztu ziren. Banaketa hori egiteko, sistemaren premia egonkorrak hartu ziren kontuan, funtzionarioek beteko baitituzte, eta, hori aztertzeko orduan, besteak beste, kontuan hartu da plantillaren aldaketa onartu den ikasturtearen hasieran (kasu honetan, 2022/2023 ikasturtea) egin den egiturazko kontratazioa (hau da, premia egonkor horiei erantzuten diena).
Beraz, 2022ko irailaren 1a hartu behar da erreferentzia kronologikotzat.
Bestalde, konpentsazioaren hartzekodunek izan beharreko posizio juridikoari dagokionez, egokiena da une horretan sinatuta zituzten kontratuek espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizun bakoitzaren egonkortze deialdietan plaza bat sartzeko kontuan hartu ziren ezaugarri berberak izatea; hau da, sistemaren premia egonkorrei erantzuten dieten eta lanaldi osokoak eta ikasturte osokoak diren egiturazko lanpostuetako kontratuak izatea.
Premisa horiek aintzat hartuta, irakasleei konpentsazioa ordaintzeko irizpideak egokitzeko, alderdi hauek bete behar dira:
Batetik, berriz aipatzen da uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legean ezarritako muga, alegia, konpentsazioen gehieneko kopurua kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun bakoitzaren egonkortze prozesuetan eskainitako plazek zehaztuko dutela.
Bestetik, egonkortze prozesuaren deialdietan eskainitako kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun bakoitzeko, 2022ko irailaren 1ean "irakasleen premia" kontratu bat izan zutenen izenen zerrenda prestatzen da, hots, abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretuaren (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Birbildua onesten duena) 88.1.e) artikuluan aurreikusitakoena. Hain zuzen, horiek dira ikasturte bakoitzean egiturazko plazak betetzeko erabiltzen direnak, hezkuntza sistemaren premia egonkorrei erantzuten dietelako. Kontratuok irakasleen lan eskaintza batean sartzeko modukoak direnez, ikasturte osokoak eta lanaldi osokoak izan beharko dute.
Hirugarrenik, aurreko paragrafoan aipatutako zerrenda izendunetan jasotako pertsonek dituzten betekizunak zehazten dira, Administrazioarekiko zuten harremana egonkortze prozesuen ondorioz bukatu den zehazteko.
Hala, ez dira funtzionario edo praktiketako funtzionario izaten ahalko, halakoetan ez baita bukatu Administrazioarekiko harremana.
Era berean, ulertzen da Administrazioarekiko harremana ez dela bukatu eta, beraz, ezin dutela konpentsazioa jaso ikasturte eta lanaldi osoko irakasleen premiazko kontratu baten bidez ikastetxe, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun berean kontratatuta jarraitzen dutenek. Halakoetan, ulertzen da egonkortze prozesuak ez duela eraginik izan Administrazioarekiko duten harremanean, 2022ko irailaren 1etik zuten lanpostuaren ezaugarri berberak dituen plaza batean kontratatuta jarraitzen dutelako, etenik gabe.
Ebazpen honen azalpen zatian azaldutako aurreikuspen horiekin parekatzen dira irakasle ez diren langileekiko konpentsazioa jasotzearekin lotutako ondorio juridikoak. Langileon kasuan, lanpostu berean kontratua izaten jarraitzen badute, esan nahi du Administrazioarekiko harremana ez dela bukatu. Irakasleen kasuan, ikasturte bateko lanpostua eta hurrengo urtekoa berdinak ez direnez, eta, legez, urtero abuztuaren 31n amaitzen denez kontratua, ulertzen da harremana ez dela bukatu baldin eta langileak irailaren 1etik aurrera ikastetxe, kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun berean jarraitzen badu, etenik gabe.
Azkenik, zehazteke dago zein irizpidek zehaztuko duen konpentsazioaren zenbatekoa. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 3150/2024 Ebazpenean ezarritako irizpidearen antzekoa denez, aintzat hartuta ebazpen horretan azken kontratua soilik hartzen dela kontuan, irakasleen kasuan hasierako data gisa aintzat hartuko dira 2022ko irailaren 1ean zegoen ikastetxe, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizun berean etenik gabe emandako zerbitzuak, ulertzen baita halakoetan ez dagoela kontratazioan etenik, abenduaren 28ko 20/2021 Legean egonkortzeko enplegu eskaintza zehazteko erabili diren irizpideei jarraikiz.
Ondorioz, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT,
1.a Onestea Nafarroako administrazio publikoetan administrazio araubidean kontratatutako irakasleei aplikatu beharreko irizpideak egokitzea, 19/2022 Foru Legearen 12. artikuluan aurreikusitako konpentsazio ekonomikoa ordaintzeko (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriena).
2.a Administrazio araubidean aldi baterako kontratatutako irakasleen konpentsazioa egiteko, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 3150/2024 Ebazpenean zehaztutako irizpideak aplikatuko dira (Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 3150/2024 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritako konpentsazio ekonomikoa ordaintzeko aplikatu beharreko irizpideak. Foru lege horren bidez neurriak hartu ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).
3.a Aurreko apartatuan aipatutako irizpideak administrazio araubidean aldi baterako kontratutako irakasleentzat egokitzen dira, alderdi hauen arabera:
–Merezimenduen ezohiko lehiaketan eta egonkortzeko oposizio-lehiaketan eskainitako plazen araberakoa izanen da konpentsazioen gehieneko kopurua, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun bakoitzeko.
–Espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun bakoitzeko 2022/2023 ikasturtearen hasierako esleipenetan lanaldi osoko eta ikasturte osoko premiako aldi baterako kontratua zuten irakasleen izenen zerrenda prestatuko da, 2022/2023 ikasturterako aldi baterako kontrataziorako hautagaien indarreko zerrendetan agertzen diren ordenan, eta horien kopuruak ez du inola ere gainditzen ahalko dagokion espezialitatean, hizkuntzan eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizunean sartzeko egonkortze prozesuetan eskainitako plaza kopurua.
–Konpentsazioa emanen zaie aurreko paragrafoan aipatutako zerrendetan jasotako pertsonei, kasu hauetan izan ezik:
a) Baldin eta edozein hezkuntza administraziotan 2023/2024 edo 2024/2025 ikasturteetan irakasle funtzionario edo praktiketako funtzionario izendatu badituzte.
b) Baldin eta merezimenduen ezohiko lehiaketara soilik deitutako espezialitateetan lanaldi eta ikasturte osoko aldi baterako kontratu bat sinatu badute, irakasle premiako administrazio araubidean, 2023/2024 ikasturtean, 2022ko irailaren 1ean sinatutako kontratuaren espezialitate, hizkuntza, ikastetxe eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun berean.
c) Baldin eta egonkortzeko oposizio-lehiaketara soilik deitutako espezialitateetan lanaldi eta ikasturte osoko aldi baterako kontratu bat sinatu badute, irakasle premiako administrazio araubidean, 2024/2025 ikasturtean, 2022ko irailaren 1ean sinatutako kontratuaren espezialitate, hizkuntza, ikastetxe eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun berean.
d) Baldin eta merezimenduen ezohiko lehiaketara eta egonkortzeko oposizio-lehiaketara deitutako espezialitateetan lanaldi eta ikasturte osoko aldi baterako kontratu bat sinatu badute, irakasle premiako administrazio araubidean, 2023/2024 eta 2024/2025 ikasturteetan, 2022ko irailaren 1ean sinatutako kontratuaren espezialitate, hizkuntza, ikastetxe eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzako eskakizun berean.
–Konpentsazioaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira 2022ko irailaren 1an zegoen ikastetxe, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizun berean etenik gabe emandako zerbitzuak, baldin eta lanaldi osokoak eta irakasleen premiako aldi baterako kontratuak izan badira. Konpentsazioaren zenbatekoa zehazteko azken eguna 2023ko abuztuaren 31 izanen da, merezimenduen ezohiko lehiaketara soilik deitutako espezialitateetan, eta 2024ko abuztuaren 31, deitutako gainerako espezialitateetan.
4.a Guztiaren berri emate aldera, 2022ko irailaren 1ean kontratatutako langileen izenen zerrenda bat argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren webgunean, eta berariaz adieraziko dira kontratuen ezaugarriak eta konpentsazioa ez jasotzearen arrazoiak, hala badagokio.
5.a Ebazpen hau helaraztea Langileen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren barneko Nomina eta Gizarte Segurantzaren Zerbitzuari, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuari, bai eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari ere.
6.a Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko urriaren 18an.–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.
Iragarkiaren kodea: F2415409