Iragarkia
228. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
438/2024 EBAZPENA, urriaren 18koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken deialdi orokorra onesten duena, 2024-2025 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 783508.
Ikusirik departamentu honetako Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostena, derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako 2024-2025 ikasturterako beken deialdi orokorraren gainean.
Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken deialdi orokorra, 2024-2025 ikasturterako. Ebazpen honen eranskin bakarrean ageri da testua.
2. 1.034.104,00 euroko gastua baimentzea, zeina ordainduko baita, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, 2025erako gastu-aurrekontuan 2024ko gastu-aurrekontuko honako partida honen baliokidea izanen denaren kargura: 430004/43500/4800/323100 partida, "Erdi eta goi mailako ikasketetarako bekak eta laguntzak" izenekoa.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatura, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Ikasketetarako Laguntzen eta Hezkuntza Zerbitzuen Kudeaketaren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Deialdi hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 18an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
ERANSKINA.–BEKEN ETA LAGUNTZEN DEIALDI OROKORRA 2024-2025 IKASTURTERAKO, DERRIGORREZKOAREN ONDOKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IKASKETAK EGITEN DITUZTEN IKASLEENTZAKO. DEIALDIA ONDORENGO OINARRIEK ARAUTUKO DUTE, ETA HORIEK NAHITAEZ BETE BEHARKO DIRA
Hizkera ez sexistaren adierazpena.
Agiri honetan pertsona, gizatalde edo kargu akademikoak gaztelaniaz genero maskulinoarekin aipatzen direnean, markatu gabeko genero gramatikala dela ulertzen da, eta, beraz, emakumeak nahiz gizonak aipatzen ahal dira horrela.
Deialdiaren izaera.
Nafarroako Gobernuak ikasketetarako ematen dituen beka eta laguntzak Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren edo Eusko Jaurlaritzaren deialdi orokorren osagarri dira.
Nafarroako Parlamentuak 2025. urterako aurrekontuan ezartzen duen kreditua izanen da deialdi honen muga, deialdi honen bidez araututako beka eta laguntzak onartu eta ordaintzeko. Hori horrela, onartzen diren beka guztiak ordaintzeko aurrekontu kreditu aski ez badago, familiaren per capita errenta erabilgarriaren arabera ordainduko dira, txikienetik handienerako ordenan, kreditua bukatu arte. Kreditu faltagatik ordaindu ezin diren eskaerak ukatutzat joko dira.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdian sartzen diren ikasketak eta ikastetxeak.
1.1. Ikasketak.
Deialdi honen xedea da laguntzak ematea derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko goi mailako ikasketak egiteko, Espainiako hezkuntza sistemakoak eta Estatuko lurralde osoan balio dutenak.
Deialdi honetako bekak edo laguntzak honako ikasketa hauetarako eman daitezke:
–Oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa-zikloak.
–Batxilergoa.
–Kirol irakaskuntzak.
–Arte irakaskuntza profesionalak.
–Goi mailako arte irakaskuntzak.
–Goi mailako erlijio ikasketak.
–Hizkuntza eskola ofizialetan egindako hizkuntza ikasketak.
1.1.1. Honelakoetan ez da laguntzarik emanen:
a) Ez da bekarik edo laguntzarik emanen maila bereko bigarren titulu bat lortzeko, ezta ikasketak aldatzeko ere, horrek ez badu mailaz edo ikasmailaz igotzea ekartzen, 4.1.1 oinarrian goi mailako heziketa-zikloko lehen ikasmailarako aurreikusitako salbuespenak izan ezik.
b) Ez da bekarik edo laguntzarik emanen Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketetarako.
c) Ikasleei ez zaie matrikularako bekarik emanen baldin eta Lanbide Heziketako, Batxilergoko edo erdi mailako beste ikasketa batzuk egiten ari badira titulartasun publikoa duten ikastetxeetan, ikastetxe pribatu itunduetan edo erabat diruz lagundukoetan eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza berariazkoa duten ikastetxeetan.
d) Ez zaie bekarik emanen 4.1 oinarrian jasotako ikasketetan ikasmaila errepikatzen ari diren ikasleei.
1.2. Ikastetxeak.
1.2.1. Beka edo laguntza eskatzen duten ikasleek beren ikasketak Espainiako ikastetxe publikoetan, itunduetan, diruz lagundutakoetan nahiz pribatuetan egin beharko dituzte, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak edo dagokion autonomia erkidegoak aitortu eta baimenduetan.
1.2.2. 2024-2025eko ikasturterako matrikula egiten duten ikasleek ez dituzte jasoko bekak edo laguntzak, baldin eta, aukera izanik matrikula hori ikastetxe publiko, itundu edo diruz lagundutako batean egiteko, edota familiaren etxetik hurbil egoteagatik aipatu beka edo laguntzen beharrik ez duen ikastetxe batean, besteren batean matrikulatzen badira, salbu eta oso inguruabar bereziak gertatu eta interesdunak agiri bidez frogatzen eta Beka Batzordeak balioesten dituen kasuetan.
1.2.3. Edonola ere, unibertsitateaz kanpoko ikasketetarako bekek eta laguntzek uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen du.
1.2.4. Zehazki, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko ikastetxe batean matrikulatzen den ikasleari kasu hauetan bakarrik ematen ahal zaio beka edo laguntza:
a) Ikaslea matrikulatu den ikastetxea hurbilago baldin badago bere etxetik Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta daudenak baino.
b) Euskaraz ematen diren ikasketak badira eta Nafarroako Foru Komunitatean eskaintzen ez badira.
c) Ikasketa horiek Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eskaintzen ez badira edo ikasposturik lortu ez bada.
d) Lanbide Heziketako heziketa-zikloak badira eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan modalitate elebidunean baino ez badira ematen.
1.2.5. Kasu horietan, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko ikastetxeetan egiten diren goi mailako ikasketetarako, kontzeptu bakoitzean ez da zenbateko handiagoko beka edo laguntzarik emanen, baldin eta garestiago ateratzen bada Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean eginez gero baino.
2. oinarria.–Baldintza orokorrak.
2.1. Eskatzaileak.
Derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten ari diren ikasleek eskatzen ahal dituzte deialdi honek arautzen dituen laguntzak, baldin eta oinarrietan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte. Ikasleak egin beharko du eskaera.
2.2. Baldintzak.
Eskatzaileak eta familia-unitateko gainerako kide konputagarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroan erroldatuta egotea eta Nafarroan bizitzea 2023ko urtarrilaren 1etik gutxienez, bai eta beka eskatzeko unean ere.
b) 2023. urtean Nafarroako PFEZaren zergadun izatea, errenta aitortzera behartua badago.
c) Laguntza eskatzen duen ikasleak bere zerga betebeharrak egunean izan behar ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.
d) Familia-unitateko kide konputagarri bakar batek ere ez izatea itzultzeke aurreko ikasturteetako beken edo laguntzen zenbatekoak.
e) Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari deialdi orokorrean beka eskatu izana ikasketa berberetarako, 2024-2025 ikasturterako, horretarako baldintzak betetzen direnean, deialdia arautzen duten oinarrien arabera, eta beka ukatua ez izatea honako arrazoi hauengatik:
1.–Deialdi horietan agiriak aurkezteko ezarritako epeak ez betetzeagatik.
2.–Eskabidean oinarrizko datuak ez betetzeagatik edo lehiaketa ebazteko behar den dokumentazioa ez aurkezteagatik, hori egiteko eskatuta ere.
3.–Deialditik baztertua izateagatik.
Ez baldin bada bekarik eskatu ez direlako eskatutako betebehar akademikoak betetzen, horren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Hori egin ezean, beka automatikoki ukatuko da.
Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren deialdiak ebazteko, haietan zehazten diren oinarri arautzaileak aplikatzen dira eta, bereziki, errenta zehazteko haiexek duten berariazko araubidea.
f) Eskatzaileak, edozein egoera zibil duela ere, familiatik aparte eta bere kontura bizi dela alegatzen badu, eta 2023ko abenduaren 31n 30 urte baino gutxiago baldin bazituen, modu sinesgarrian frogatu beharko du bere kasa bizitzeko baliabide ekonomiko aski dituela, bai eta bizileku duen etxebizitzaren titulartasuna edo alokairua ere. Etxebizitza horrek ikasturte osoan zehar izan beharko du ikaslearen bizileku, deialdi honen ondorio guztietarako. Udalak emandako erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria aurkeztu beharko du, 2023. urteari buruzkoa.
g) Ezin da ikasturte berean beste ikasketa batzuetarako beste bekarik eskatu.
3. oinarria.–Ematen diren beka edo laguntza motak.
Bekak edo laguntzak honako kontzeptu hauetarako eskatzen ahalko dira:
–Matrikula.
–Hiriarteko garraioa.
–Jantokia.
–Egoitza.
–Laguntza berezia (salbuespenezko kasuetan baino ez; ikus 6.2.6 oinarria).
–Ikasketa-espedientea (6.2.7 oinarrian jasotako kasuetan soilik).
4. oinarria.–Baldintza akademikoak.
4.1. Derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak (salbu eta goi mailako arte irakaskuntzak eta goi mailako erlijio ikasketak).
4.1.1. Derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko ikasketetarako beka edo laguntza lortzeko ezinbestekoa da eskatzaileak 2024-2025 ikasturterako ikasmailaz edo mailaz igotzea, indarra duten ikasketa planen arabera; salbuespena izanen dira goi mailako heziketa-ziklo bateko lehen ikasmaila egin behar duten ikasleak, baldin eta unibertsitate ikasketen lehen ikasmailatik badatoz eta ez badira hartan bekadun izan.
Beka Batxilergoko 1. mailarako eskatzen bada, beharrezkoa izanen da 5 puntuko batez besteko nota erdietsi izana DBHko 4. mailan, sarbide proban edo oinarrizko edo erdi mailako heziketa-zikloaren azken kalifikazioan. Halakoetan beharrezko izanen da, orobat, DBHko titulua edukitzea.
Beka goi mailako heziketa-zikloko 1. mailarako eskatzen bada, beharrezkoa izanen da 5 puntuko batez besteko nota erdietsi izana Batxilergoko 2. mailan, sarbide proban edo ikastaroan, zein dagokion, edo goi mailako heziketa-ziklora sartzeko bidea ematen dion erdi mailako heziketa-zikloaren azken kalifikazioan.
Irakasgairen bat edo lanbide moduluren bat gainditu ez arren, ikasmailaz igotzea onartzen duten ikasmailetan arituz gero, kasuan kasuko ikasketa-planek horretarako aukera ematen dutelako, beka emanen da, baldin eta irakasgai bakarra utzi bada gainditu gabe, edo lanbide moduluen kasuan, orduen %85 gainditu bada.
Irakasgairen bat edo lanbide moduluren bat gainditu gabe edukiz gero eta aurreko arauek ikasleari beka edo laguntza lortzeko bide ematen badiote, %70 baino ez zaie emanen eskubidea sortzen duten kontzeptu guztietan, eskatzailearen per capita errenta tartearen arabera, salbu eta matrikularako beka, hori osorik emanen baitzaie.
4.1.2. Hizkuntza eskola ofizialetako ikasketetan, horiek osagarriak direnez, laguntzak matrikularako bakar-bakarrik emanen dira.
4.1.3. Presentziala ez den beste modalitate bateko ikasketak egiten dituztenek matrikularako laguntza eskuratzen ahalko dute soilik. Ikasketak modalitate erdipresentzialean egiten badira, garraiorako laguntza ere eskuratzen ahalko dute, astean 4 bidaiarena.
4.1.4. Ikasleen matrikulak ikasmaila oso bati dagokion eskola orduen kopurukoa izan beharko du, kasu bakoitzean indarra duen ikasketa planaren arabera.
Matrikula partzialaren eskaintza baliatzen dutenek ere beka eskuratzen ahalko dute, baldin eta gutxienez 4 irakasgaitan edo 500 ordutarako egiten badute matrikula (ikasketa-modalitatearen arabera), eta horiek osorik gainditzen badituzte. Matrikularako eta garraiorako bakarrik eskatzen ahalko dute laguntza.
4.1.5. Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe iragan baldin bada, 2023-2024 ikasturterako adierazten diren baldintzak ikasleak egindako azken ikasturtean betetzea eskatuko da.
4.2. Goi mailako arte irakaskuntzak eta goi mailako erlijio ikasketak.
4.2.1. Beka zein ikasketatarako eskatzen duten, horien aurreko ikasketen titulu baten jabe direla frogatu behar dute lehen ikasmailarako beken eskatzaileek, sarbidea izan ahal izateko.
4.2.2. Bigarren ikasmailarako eta hurrengoetarako beka eskatzen dutenek frogatu beharko dute gainditu dutela 2023-2024 ikasturtean matrikulatutako kredituen %80 gutxienez, deialdi arrunta eta berezia batuta.
Kasu guztietan, deialdiren batean ikasleak azterketa egiteari uko egin badio, irakasgai horiek gainditu gabeko irakasgaitzat hartuko dira.
4.2.3. Beka lortu ahal izateko, eskatzaileek 2024-2025 ikasturtean 60 kreditutan matrikulatuta egon beharko dute gutxienez, hau da, denbora osoko ikasketetan aritu beharko dute.
Ikasketa planak modu homogeneoan egituratzen ez direnean 60 kredituko ikasmailetan, 2024-2025 ikasturtean ikasleak matrikulatuta egon beharko du, gutxienik, ikasketa plana osatzen duten kredituen kopuruan, alde batera utzita hautapen libreko irakasgaien kredituak.
Matrikulan aldaketarik egin edo hura zabalduz gero, agiri bidez frogatu beharko da Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan (Bekak, beheko solairua).
4.2.4. Hala ere, ikasturte batean 30etik gorako eta 60tik beherako kreditutan matrikulatuta dauden ikasleek ere jaso dezakete beka. Deialdi honen ondorioetarako, egoera honi matrikula partziala esanen zaio, eta arau hauek aplikatuko dira:
–Matrikula partziala aukeratzen dutenek, aukera duten kreditu guztietan matrikulatu ez badira, matrikularako eta garraiorako laguntza jaso dezakete bakarrik.
–Gainera, kreditu horiek lauhileko/seihileko bakar batean egiten badira, bekaren zenbatekoa ondokoa izanen da: garraio kontzeptua badagokio, haren %50, gehi matrikula kontzeptua (kasu honetan ez da aplikatuko %50eko murrizketa).
–Hurrengo ikasturtean beka mantentzeko, matrikulatutako kreditu guztiak gainditu beharko dituzte.
–Matrikulan aldaketarik egin edo hura zabalduz gero, agiri bidez frogatu beharko da Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan (Bekak, beheko solairua).
4.2.5. Gutxieneko kreditu kopuruan baino gehiagotan matrikulaturik badago, denak hartuko dira kontuan ebazpen honetan ezarritako baldintza akademikoak baloratzeko.
4.2.6. Ikasketa planek mugatzen badute ikaslea matrikula daitekeen kredituen kopurua, ikasleak beka lor dezake baldin eta ahal duen irakasgai edo kreditu guztietan matrikulatzen bada, aurreko puntuetan aipatutako gutxieneko kopurura iristen ez bada ere. Egoera hori agiri bidez frogatu beharko da.
4.2.7. Ikasleak 2024-2025 ikasturtean matrikulaturik egon behar duen irakasgai edo kredituen gutxieneko kopurua, aurreko apartatuetan finkatutakoa, ez zaie azken ikasmaila egiten ari direnei eskatuko ikasketak amaitzeko falta zaizkien kredituengatik, horren zergatikoa aurreko ikasmailako edo ikasmailetako aprobetxamendu akademiko hobea baldin bada.
4.2.8. Aurreko apartatuetan aipatutako gutxieneko horietan ez dira inola ere sartuko espezialitate desberdinetako irakasgaiak, ez kasuan kasuko titulua eskuratzeko behar den kreditu kopurua gainditzen duten irakasgaien kredituak, ez eta irakasgai edo kreditu aitortuak, baliozkotuak, egokituak, transferituak edo antzekoak ere.
4.2.9. Ikasketa planaren ikasmailak adina deialditan lortzen ahal da beka, ez gehiagotan.
4.2.10. Presentziala ez den beste modalitate bateko ikasketak egiten dituztenek matrikularako laguntza eskuratzen ahalko dute soilik.
4.2.11 Beka edo ikasketarako laguntza lortzen duten goi mailako irakaskuntzetako ikasleei, 2023-2024 ikasturtetik irakasgai edo kredituren bat gainditu gabe gelditu bazaie matrikulatuta zeudenetarik, eta baldin denbora osoko ikasleak badira (ikus 4.2.3 oinarria), bakarrik %70 ordainduko zaie eskubidea duten kontzeptu guztietan, eskatzailearen errentaren tartearen arabera. Salbuespen bakarra matrikularako beka izanen da, hori osorik emanen baita.
4.2.12 %65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duten ikasleek beren eskola-karga %50era arte murrizten ahalko dute, eta artikulu honetako aurreko apartatuetan ezarritako gutxienekoak hein berean murriztuko dira. Beka berritzen ahalko dute matrikulatuta dituzten kredituen %50 gainditzen badute.
%65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua izan eta eskola-karga murriztea erabaki duten bekadunek kasuan kasuko ikasketa planak ezarritako iraupena baino bi urte gehiagotan lortzen ahalko dute beka.
Ikasleak ez badu matrikula murriztua egiteko eskubidea erabiltzen eta oro har ezarritako kreditu kopuru osoan matrikulatzen bada, dagozkion beken zenbatekoak %50 handituko dira, matrikula kontzeptuagatik ematen denarena izan ezik.
Ikasle hauek matrikula murriztua aukeratzen badute, ez zaie aplikatuko matrikula partzialaren kasuetan ezartzen den zenbatekoen muga.
5. oinarria.–Baldintza ekonomikoak.
5.1. Familiaren errenta erabilgarria.
Beka edo laguntza ematea lotuta dago familiaren errenta erabilgarriarekin. Errenta kalkulatzen da deialdi honen I. eranskinean ezartzen den prozedurarekin. Kalkulua egiteko, kontuan hartzen dira familiako kide bakoitzaren banakako errenta, kenkariak kontuan hartuta. Horrez gain, kontuan hartuko dira eranskin horretan aipatzen diren familiaren ondarearen muga-tarteak.
Baldin eta 2023. urteari buruz aitortutako inguruabar ekonomikoak –familia-unitate osoarenak– modu egiaztagarrian eta larrian urritu badira beka edo laguntza aurkezteko datan, familia-unitateko kide errenta-hartzaileren bat hil delako edo lanerako desgaitasunaren edo langabeziaren egoerara iragan delako, eskatzaileak espresuki adieraziko du eskaeran eta egoera hori frogatzen duten agiriak erantsi beharko dizkio nahitaez, baita 2024. urteko PFEZaren aitorpenaren kopia osoa ere, hura egiten den unean.
Eskatutako laguntzak ukatuko dira, baldin eta familia-unitateak aitortutako diru-sarrerak objektiboki behar adinakoak ez badira bizitzaren eta ikasketen kosturako.
5.2. Familia-unitatea zer den.
Bekarako, familia-unitateko kide hauek hartuko dira kontuan: ikaslea, haren aita eta haren ama edo, kasua bada, tutorea edo ikasle adingabea zaindu eta babesten duen pertsona, eta haren anai-arreba ezkongabeak, 2023ko abenduaren 31n 30 urtetik beherakoak badira eta egun horretan familiaren etxean bizi baziren, edo zaharragoak, legez aitortua badute %33ko edo hortik gorako desgaitasunen bat.
Familia-unitatean ahaiderik badu bere kargura (2. gradutik aitzina), horiek elementu zatitzaile izanen dira, baldin egoera hori agiri bidez frogatzen badu, eta bere karguko ahaideen diru-sarrerak batu eginen dira errenta kalkulatzeko.
Gurasoak dibortziaturik edo legez banandurik egonez gero, bereizi behar da zaintza partekatua den edo ez:
–Zaintza partekatua denean, kide konputagarritzat hartuko dira beka eskatzen duen ikaslearen aita eta ama, eta elkarrekin izan dituzten seme-alabak, baldin eta aurrekoen bizitoki berean bizi direla frogatzen badute dagokion udal erroldaren ziurtagiriaren bidez.
–Eskatzailearen gurasoek zaintza partekatua ez badute, ez da konputagarritzat hartuko ikaslearekin bizi ez den gurasoa. Hala ere, kasu horretan, ezkontide berria, bikotekidea (erregistraturik egon edo ez) edo gisako harremanez loturiko pertsona bai hartuko da kide konputagarritzat eta/edo sostengatzaile nagusitzat, bai eta bikote berriaren seme-alaba komunak eta ez-komunak ere, baldin eta 30 urtetik beherakoak badira, edo desgaitasuna duten 30 urtetik gorakoak, eta beka eskatzen duen ikaslearen etxebizitza berean bizi badira. Puntu hau alargunei ere aplikatuko zaie.
Ikaslea harreran dagoen adingabea bada, aurreko paragrafoetan xedatu dena aplikatuko zaio harrerako familiari.
Harrerako familien kasuan, adinez nagusia bada, familia-unitatean integratutzat hartuko da ondorio horietarako.
Ikaslea ezkondua bada edo bikote egonkorra eratu badu, familia-unitatea haiek osatuko dute, bai eta seme-alaba ezkongabeek ere, halakorik badute, baldin eta adinari, bizikidetzari eta desgaitasunari buruz aipatu diren baldintzak betetzen badituzte. Kasu horretan eskatzailea independentetzat joko da.
Familia-unitate independenteak osatzen dituzten ikasleen kasuan, honako hauek hartu dira kide konputagarritzat eta sostengatzaile nagusitzat: ikaslea bera eta haren ezkontidea edo izatezko bikotekidea, erregistratuta egon ala ez, antzeko harremanaren bidez lotuta badaude. Konputagarriak izanen dira, orobat, haien seme-alaba ezkongabeak, baldin eta adinari, bizikidetzari eta desgaitasunari buruz aipatu diren baldintzak betetzen badituzte.
5.3. Errenta tarteak.
Bekaren edo laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskaerak familiaren errenta erabilgarriaren arabera ordenatuko dira, tarte hauek eginez:
KIDE KOPURUA | 1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA |
1 | 9.285 | 9.727 | 11.587 | 14.466 |
2 | 14.851 | 19.454 | 23.172 | 28.932 |
3 | 22.277 | 29.182 | 34.759 | 43.398 |
4 | 29.702 | 38.909 | 46.345 | 57.863 |
5 | 37.128 | 48.636 | 57.932 | 72.329 |
6 | 44.554 | 58.363 | 69.517 | 86.795 |
7 | 51.979 | 68.090 | 81.107 | 101.259 |
8 | 59.405 | 77.818 | 92.697 | 115.724 |
Hortik gorako kide bakoitzeko | 6.132 | 8.031 | 9.565 | 11.944 |
6. oinarria.–Bekak eta laguntzak hartzea eta haien zenbatekoa.
6.1. Ordaindu beharreko zenbatekoaren zehaztapena.
1. Hezkuntza Departamentuak ordainduko duen bekaren zenbatekoa kalkulatuko da, kasu bakoitzean, prozedura honen arabera:
a) Ikasleak Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren edo Eusko Jaurlaritzaren beka bat baldin badauka:
1. Hezkuntza Departamentuaren irizpideei jarraikiz legokiokeen bekaren zenbatekoa zehaztuko da.
2. Zenbateko horretan ez dira sartzen laguntza berezia eta ikasketa-espedientearena, Hezkuntza Departamentuak eman eta osorik ordaintzen dena, deialdiaren irizpideekin bat.
3. Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak emandako guztizko zenbatekoaren eta lehenago kalkulatutakoaren arteko diferentzia kalkulatzen da (Hezkuntza Departamentuak emandako guztizko zenbatekoa, kanpoan utzita laguntza berezia eta ikasketa-espedienteagatik ematen den laguntza).
4. Diferentzia hori izanen da onuradunari ordainduko zaion laguntza osagarria.
Bien arteko aldea zero bada edo Hezkuntza Departamentuaren beka txikiagoa bada Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak emandakoa baino, nahitaez hautatuko da beste entitateak emandako beka edo laguntza.
b) Ikasleak ez badauka Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren edo Eusko Jaurlaritzaren beka bat, ordaindu beharreko zenbatekoa izanen da deialdi honen irizpideekin bat etorriz kalkulatzen dena.
6.2. Beken zenbatekoa.
6.2.1. Matrikularako beka edo laguntzak.
Edozein kontzeptu dela-eta, matrikulak merkeago edo doan ateratzen badira, onura horiek deskontatuko dira matrikula kontzeptuagatik emandako laguntzaren zenbatekotik, salbu eta familia ugari edo gurasobakar bateko kidea izateagatik edo ohorezko matrikula ateratzeagatik egiten diren murrizketak.
Nolanahi ere, matrikularako emandako zenbatekoa ezin izanen da matrikularen benetako kostua baino handiagoa izan.
Matrikula kontzeptuari dagokionez, irizpide hau aplikatuko da zenbatekoa kalkulatzeko:
6.2.1.1. Goi mailako arte irakaskuntzak eta goi mailako erlijio ikasketak.
Ikasketa horiek egiten baldin badira goi mailako ikasketetarako ikastetxe publikoetan, itunduetan, diruz lagundutakoetan edo pribatuetan, bekak Hezkuntza Departamentuak ezarritako prezio akademikoaren araberakoak izanen dira:
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA |
%100 | %80 | %60 | %50 |
Zenbatekoa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko bigarren aldiko edo hurrengo aldietako kreditu edo irakasgaien matrikulak, ezta administrazio zerbitzuetako tasa hauek ere: espedientea irekitzea ikasketak hasteagatik, lekualdaketak, nortasun txartelak ematea, baliozkotzeak, egokitzapenak, etab.
6.2.1.2. Derrigorrezkoaren ondoko gainerako ikasketak.
2024-2025 ikasturtean Nafarroako ikastetxe itunduetan goi mailako heziketa-zikloak egiten dituzten ikasleek matrikularako laguntzak jasoko dituzte, hain zuzen ere, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2024ko ekitaldirako ezarri diren eta 2025eko ekitaldirako ezarriko diren hileroko kuotei dagozkien zenbatekoak. Laguntza hori emanen da ikasketa horiek ezin izan direnean egin Foru Komunitateko ikastetxe publiko batean, non matrikularik ordaindu beharrik ez dagoen:
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA |
360,00 euro | 288,00 euro | 216,00 euro | 180,00 euro |
Derrigorrezkoaren ondoko unibertsitateaz kanpoko gainerako ikasketetako ikasleetatik edo goi mailako heziketa zikloetako ikasleetatik aurreko kasuan sartuak ez daudenentzat, dirulaguntzarik jasotzen ez duten edo itundu gabe dauden ikastetxe pribatuetan arituz gero, bekak honenbestekoak izanen dira:
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA |
581,00 euro | 464,80 euro | 348,60 euro | 290,50 euro |
Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetan derrigorrezkoak ez diren ikasketak egiten dituzten ikasleentzako matrikula laguntzak izanen dira Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 17ko 43/2024 Foru Aginduan ezarritakoak, non finkatzen baitira Hezkuntza Departamentuaren irakaskuntza ez-derrigorrezkoen tarifak 2024-2025 ikasturterako, baldin eta ikasketa horiek deialdi honetako 1. oinarrian sarturik badaude. Zenbatekoak matrikularen %100, %80, %60 eta %50 izanen dira, hurrenez hurren, 1., 2., 3. eta 4. errenta tarteetan.
Doakoa ez bada, derrigorrezkoak ez diren ikasketak Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko ikastetxe publikoetan egiten dituzten ikasleentzako matrikula laguntzak izanen dira matrikularen zenbatekoaren %100, %80, %60 eta %50, hurrenez hurren, 1., 2., 3. eta 4. errenta tarteetan.
Zenbateko horiek doitzen ahalko dira eskola-orduen arabera.
6.2.2. Garraiorako beka edo laguntzak.
Garraiorako laguntzak jasotzeko eskubidea egonen da familiaren bizilekutik ikastetxearen herrira 5 km edo gehiago badira eta astean gutxienez 4 bidaia (bi joateko eta bi etortzeko) egiten badira.
Diruz lagundutako garraioa, doakoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutakoa erabiltzeko eskubidea dutenek ez dute laguntzarik jasoko zerbitzu horren ibilbidea egiteko. Era berean, ez dute laguntzarik jasoko, eskola-garraiorako banakako laguntza eskatu ez duten ikasleek, nahiz eta hura jasotzeko eskubidea izan. Laguntza hori, hain zuzen, jasotzen da Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 11n eman 35/2022 Foru Aginduan, zeinaren bidez arautzen baitira eskola-garraioaren antolamendua eta funtzionamendua.
Garraioaren kostua kalkulatzeko, herrien arteko distantzia (km) bider astean egin beharreko bidaia kopurua eginen da (joatekoak + etortzekoak). Eta gero, hortik ateratzen dena bider 2,8 eginen da.
Pirinio aldeko ikasleen kasuan (Erronkaribar, Zaraitzu, Erroibar eta Aezkoa ibarretakoak, eta Luzaide, Auritz eta Orreagako udalerrietakoak), bider 3,1 eginen da.
Aurreko formulan kalkulatutako kostuaren ehuneko jakin bat ordainduko da, familiaren errenta erabilgarriaren tartearen arabera.
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA |
%100 | %80 | %60 | %50 |
2024-2025 ikasturtean erdi edo goi mailako heziketa-ziklo baten azken ikasmailan ari diren ikasleek laguntza horri dagokionaren %35 soilik lortzen ahalko dute, ikasmaila horretan lantokietako prestakuntzako praktikak besterik egiten ez badira.
Zenbateko horiek doitzen ahalko dira eskola-orduen arabera.
6.2.3. Jantokirako beka edo laguntzak.
Jantokirako bekak edo laguntzak emanen dira, ikasleak astean bi egunetan edo gehiagotan, eskola ordutegia dela kausa, etxetik kanpo bazkaldu behar badu eta jantokiak dirulaguntzarik hartzen ez badu, eta ikastetxea dagoen herritik familiaren etxea dagoen herrira gutxienez 5 km-ko tartea badago.
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA | |
Urteko zenbatekoa x asteko bazkari kopurua | 180,00 euro | 144,00 euro | 108,00 euro | 90,00 euro |
Zenbateko horiek doitzen ahalko dira eskola-orduen arabera. Etxetik kanpo jan beharra agiri bidez frogatu beharko da (eskola ordutegiak, praktiketakoak, etab.).
6.2.4. Bizilekurako bekak edo laguntzak.
Bizilekurako laguntza emateko, eskatzaileak ikasketa presentzialak egin behar ditu, eta frogatu familiaren etxetik kanpo bizi behar duela ikasturte osoan zehar, familiaren etxearen eta ikastetxearen arteko distantziagatik, garraiobideen eskasiarengatik eta eskolen orduak aldatzeko aukerarik ezagatik.
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA |
3.000,00 euro | 2.400,00 euro | 1.800,00 euro | 1.500,00 euro |
2024-2025 ikasturtean erdi edo goi mailako heziketa-ziklo baten azken ikasmailan ari diren ikasleek bizilekurako laguntzari dagokionaren %35 soilik eskuratzen ahalko dute, baldin eta ikasmaila horretan lantokietako prestakuntzako praktikak besterik ez badira.
Zenbateko horiek doitzen ahalko dira eskola-orduen arabera.
Laguntza hau jasotzeko, eskatzaileak alokairu edo bizilekuaren kontratua aurkeztu beharko du.
Ikasleren batek Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari beka eskatu, eta ez badu bizilekurako laguntza eskuratzen, baldintzak beteta ere, kasuan kasuko administrazio-errekurtsoa zuzendu beharko die administrazio horiei, eta errekurtso hori ebatzitakoan, administrazio publiko honi jakinarazi beharko dio, ordaindu beharreko azken zenbatekoa kalkulatu dezan, aintzat harturik errekurtsoa noren alde ebatzi den.
6.2.5. Garraiorako, jantokirako eta bizilekurako laguntzak emateko baldintzak:
Garraiorako, jantokirako eta bizilekurako beken edo laguntzen ondorioetarako, familiaren etxetzat hartuko da ikastetxetik hurbilen dagoena, legezko helbidea ez bada ere.
Zehazki, deialdiko beken eta laguntzen ondorioetarako, familiaren etxetzat hartuko da familia-unitateko edozein kidek ikastetxetik hurbilen duena, haren titularra bada.
Bizilekurako laguntza bateraezina da garraioari eta jantokiari dagozkienekin, baita Nafarroako Gobernuak antolatutako garraioari dagokionarekin ere. Garraiorako eta jantokirako laguntzak bateraezinak dira bizilekurako zeinahi laguntza eskaerarekin.
Garraiorako eta jantokirako laguntzen zenbatekoen batura ezin da izan bizilekurako laguntzaren zenbatekoa baino handiagoa; salbuespenez, 6.2.2 apartatuaren laugarren paragrafoan sartzen diren ikasleei ematen zaien zenbatekoa %10era bitarte handitzen ahalko da muga horren gainetik.
Ikasle independenteek ez dute eskubiderik izanen bizilekurako laguntza jasotzeko.
6.2.6. Laguntza berezia.
Behar ekonomiko larria aitortu eta frogatzen duten familia-unitateek bakarrik izanen dute horretarako aukera.
Laguntza berezia jasotzeko eskubidea izateko, beharrezkoa izanen da, deialdi honetako baldintza orokorrez gain, 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren baldintzak betetzea, bai eta 3. puntuko batzuk ere, jarraian aipatzen direnak:
1.–Familiaren per capita errenta erabilgarria 4.800 eurotik beherakoa izatea.
2.–Laguntza eskatzen duen ikaslea 2009ko urtarrilaren 1a baino lehen jaio izana.
3.–Familia multzo hauetako batean egotea:
a) Errenta hartzaile nagusia 2023an gutxienez 10 hilabetez langabezian izan duten familiak.
b) Erabateko umezurtzak.
c) Aita edo ama ezkongabe, dibortziatu edo legez bananduen seme-alabak, baldin eta diru-sarrera bakarra kasu bakoitzean sortutako mantenu-pentsioak badira.
d) Familian, ikaslearen gurasoek edo seme-alabaren batek, edo ikasleak berak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua dutenean.
e) Errenta hartzaile nagusia pentsioduna duten familiak.
f) 2023an errenta bermatua jaso duten familiak.
Aurreko baldintzak frogatzen dituzten agiriekin batera, txosten sozial bat aurkeztu beharko da, gizarte-langile batek prestatua (txosten hori ez da beharrezkoa izanen errenta bermatuaren hartzaile direnentzat).
Laguntza berezi gisara, zenbateko hauek emanen dira:
–Goi mailako arte irakaskuntzetako eta goi mailako erlijio ikasketetako ikasleentzako: 1.800 euro bitarte.
–Goi mailako heziketa-zikloetako ikasleentzako: 1.325 euro bitarte.
–Deialdi honetan sartzen diren gainerako ikasleentzako: gehienez ere 950 euro.
6.2.7. Laguntza ikasketa-espedientearengatik.
Laguntza emanen da ikasketa-espedientearengatik, goi mailako arte irakaskuntzetako eta goi mailako erlijio ikasketetako ikasleen ahalegina saritzeko.
Ikasleek frogatu beharko dute gutxienez 8,5eko nota lortu dutela honako hauetan:
–Ikasketa horietarako sarbidea eman dien nota.
–Ikasketa horietan bigarren, hirugarren eta laugarren ikasmailetara pasatu ahal izateko aurreko ikasmailan atera duten batez besteko nota.
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA | 4. TARTEA |
400,00 euro | 300,00 euro | 200,00 euro | 200,00 euro |
Batez besteko nota kalkulatzeko, II. eranskinean ezartzen den prozedura erabiliko da.
6.2.8. Beken araubidea genero-indarkeriaren eta terrorismoaren biktimentzat.
Ikasketetarako laguntzak emanen dira kasu hauetakoren bat gertatzen bada:
–Ekintza terrorista baten ondorioz ikaslearentzat berarentzat edo bere gurasoentzat, tutoreentzat edo zaintzaileentzat kalte pertsonalak eratorri badira, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
–Kideren bat genero-indarkeriaren biktima izan dela aitortua duten familia unitateak, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legeari jarraikiz.
–Sexu-indarkeriaren biktima direla, adierazitako aldian, frogatzen duten adingabeak (2023ko abenduaren 31n izan behar dute adingabe), bat etorriz Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 37. artikuluan eta Bortxazko delituen eta sexu askatasunaren kontrako delituen biktimei laguntzak eta sorospena emateari buruzko abenduaren 11ko 35/1995 Legearen 2.1 artikuluan xedatutakoarekin.
Kasu horietan laguntza jasotzen ahalko da, baldin indarreko araudian ezartzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte, eta ez zaizkie aplikatuko beste baldintza hauek: gainditutako eskola-orduak, lorturiko batez besteko nota edo ikasturtean matrikulatutako kreditu edo irakasgaien gutxieneko kopurua.
Beste baldintza akademiko hauek ere ez zaizkie aplikatuko: ikasketa aldaketarena, bekadun izandako urteen muga, eta kredituen edo irakasgaien ehuneko jakin bat gainditu beharra.
6.3. Ematekoa den gehieneko zenbatekoa.
6.3.1. Bekaren edo laguntzaren kontzeptu guztiak baturik, guztira ordainduko den kopurua ezin izanen da lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa izan, ikasleari eman zaizkion laguntza guztien baturak kopuru hori gainditzen badu ere.
6.3.2. Edozein kontzepturengatik emandako zenbatekoa ez da izanen haren kostua baino handiagoa.
7. oinarria.–Aurkeztu beharreko agiriak eta epeak. Datuak bildu eta lagatzea.
2024-2025 ikasturterako bekak edo laguntzak eskatzeko, www.nafarroa.eus web-orrian dagoen eskaera eredua bete beharko da; hura eskuratzeko identifikatu beharra dago, hauen bidez: EDUCAko erabiltzailea, Cl@ve edo ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa.
Eskabidea bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, beka eskaera aurkeztuta eta sinatuta geldituko da ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskabide eredu hori (PDF fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere. Interesdunak parte hartzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, edo horietakoren bat aldatuz gero, epearen barrenean aurkezten den edo aldatzen den azkeneko eskaera baizik ez da tramitatuko, eta horrek bakarrik balioko du.
Telematika bidez betetzen diren eskabideen kasuan, ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez dutenak.
Beka eskabidea, halaber, paperean aurkezten ahal da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.
Eskaera hilabeteko epean aurkeztu beharko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
7.1. Aurkeztu beharreko agiriak:
Eskabideari erantsiko zaizkio, eskaneaturik eta behar bezalako kalitatearekin, ondoko dokumentu hauen jatorrizkoak:
a) Familia-unitateak ez badu PFEZaren aitorpena egin, legez horretara beharturik ez dagoelako, honako hauek erantsi beharko dizkio eskaerari:
–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2023. urteari dagokiona, udalak emanda.
–Besteren konturako langileen edo pentsiodunen kasuan, 2023. urtean izandako diru-sarreren frogagiria.
–Enpresaburu edo profesional liberalen kasuan, 2023. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.
b) Kenkarien egiaztagiri eguneratuak (familia ugaria edo guraso bakarrekoa, desgaitasuna, etab.). I. eranskineko 1.c puntuan jasotako kenkarien kasuan (ikasketak direla eta etxetik kanpo bizi diren bi senide edo gehiago), senide bakoitzaren matrikulak eta alokairu edo bizileku kontratuak.
c) Ziurtagiri akademikoak, bekaren onuradun izan behar duen ikasleak Nafarroatik kanpoko ikastetxe batean ikasten duenean.
d) Etxetik kanpoko jantoki zerbitzuaren beharraren egiaztagiria (eskola ordutegiak, praktiketakoak eta abar).
e) Alokairuaren edo bizilekuaren kontratua.
f) Bidezkotzat hartzen diren dokumentu eta ziurtagiri guztiak.
Eskabidea aurkeztuko da bertan adierazitako datu, ziurtagiri eta gainerako dokumentuak goitik behera eta behar bezala bete ondoren.
Eskatzaileen ardura ez diren inguruabarrengatik, inprimakietan ezin direnean eskatutako ziurtagiriak agerrarazi, behar diren dokumentu eta ziurtagiriak erantsiko zaizkio eskabideari.
Deialdiaren barnean sartzen ez diren ikasketa edo ikastetxeetarako eskabideak ez dira onartuko, ez eta 1. oinarrian espresuki baztertzen diren kasuei buruzkoak ere.
7.2. Datuak bildu eta lagatzea:
Eskatzaileak eskabideak aurkezteak esan nahi du bere erantzukizunpean honako hau adierazten duela:
a) Zer beka deialditarako eskaera egiten duen, deialdi horren oinarriak onartzen dituela.
b) Badituela eskabidearekin batera aurkeztutako datu guztien jatorrizko frogagiri guztiak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.
c) Jakitun dela ezen, deklaratutako inguruabarretan zerbait zuzena ez bada, egia ez bada edo ezkutatu bada, beka ukatuko zaiola edo itzuli beharko duela.
d) Badakiela deialdi hau osagarria dela Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren deialdi orokorrarekin, edo Eusko Jaurlaritzarenarekin, eta edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko diola Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari (Bekak, beheko solairua), dokumentazioa aldez aurretik aurkeztuta, hura eduki bezain laster, eta edozein kasutan 2025eko urriaren 31 baino lehen. Kontuan hartu behar da dokumentaziorik ez aurkezteak ekarriko duela ordainketa ez egitea, edo, hala badagokio, Nafarroako Gobernuak eman duen bekaren kopurua itzuli behar izatea.
e) Onespena ematen diola komunikazioak modu telematikoan jasotzeari, eskabidean horretarako adierazi duen posta elektronikoaren bidez.
f) Eskatzailea dela bekaren ordainketa eskuratzeko adierazitako kontu korrontearen titularra edo titularkidea.
g) Hezkuntza Departamentuari baimena ematen diola:
–Jendaurrean jartzeko bekadunen zerrendak, haien identifikazio datuak eta emandako laguntzen zenbatekoak zehaztuta, dirulaguntzei buruzko arauetan eta datu pertsonalen babesari buruzko arauetan ezarritakoarekin bat.
–Beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, GSIN, eta abar) informazioa eskatzeko, ezarri, ezagutu eta egiazta ditzan beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak.
–Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatzeko, paperean eta euskarri informatikoan hartzeko moduko igorpen elektronikoaren bidez, familia-unitatean kontuan hartzen ahal diren kideen datu ekonomiko-finantzarioak; datu horien bidez informazio osagarria eskuratuko du beken eta laguntzen deialdi orokorreko 2. eta 5. oinarrietan aipatzen diren baldintza ekonomikoen gainean, hots: diru-sarrerak, errentak, inbertsioak, ondareko ondasunak, sorospenak, onurak, pentsio planak, zerga betebeharrak eta beste.
–Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari, udalei eta beste toki-erakunde batzuei honako datu hauek lagatzeko: onartu eta ukatu diren beken eta laguntzen zenbateko eta kontzeptuei buruzko datuak eta eskatzaileen identifikazio eta ikasketei buruzko datuak; orobat, eskatzaileak beka edo laguntza kobratzeko hautatutako finantza-erakundeei bankuko datuak lagatzeko.
h) Adierazten duela onuraduna ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako onuradun izateko debeku egoera batean, 2.c apartatuan ezarritakoaz bestelakoetan. Horretarako, nahikoa izanen da beken eskaera programan adieraztea.
Eskabidean jarritako datu pertsonalak, bai eta bekak edo laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agirietan jarritakoak ere, sartuko dira Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean. Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabiltzen ahalko ditu fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.
Datuen titularrak eskubide hauek erabiltzen ahalko dituzte: datuetan sartzeko eskubidea, datuak zuzentzekoa, mugatzekoa, aurka egitekoa, ezabatzekoa eta eramatekoa. Horretarako idatzizko komunikazioa bidali beharko dute Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura (San Domingo kalea z.g., Iruña; edota negociadodebecas@navarra.es).
8. oinarria.–Onartzea eta ukatzea.
Bekaren edo laguntzaren kontzesioa eskatzailearen alde eginen da legezko ondorio guztietarako (2.1 oinarria).
Espedientearen instrukzioa egiteko organo arduraduna Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzua da.
Onartzen eta ukatzen diren beken eta laguntzen behin-behineko zerrenda Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposatuta, eta www.nafarroa.eus atarian argitaratuko da. Norberak ere banakako kontsulta egiten ahalko du bekak kudeatzeko aplikazioan, 7. oinarrian ezarritako gakoak erabiliz.
Behin-behineko zerrenda horrekin ados ez dauden eskatzaileek Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari (Bekak, beheko solairua) eskatzen ahalko diote espedienteak berrikus ditzala. Horretarako hilabeteko epea izanen dute, ebazpena www.nafarroa.eus atarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Zerbitzu horrek, halaber, ofizioz berrikusten ahalko ditu espedienteak, deialdian ezarritakoaren aurkako arau-hausterik edo akatsik atzematen badu.
Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposatuko du aldaketei buruzko behin betiko ebazpena, Beken Batzordearekin kontsultatu ondoren.
Batzorde horrek proposatzen ahalko du, deialdiko baldintza guztiak ez bete arren, haren ustez beka edo laguntza jasotzeko merezimendu aski dituzten ikasleei ere bekak ematea, merezimendu horiek behar bezala justifikatuz gero, 1.2.2 oinarrian zehaztu den bezala.
Ofizioz egindako edo interesdunek eskatutako berrikuspenen ondorioz aldaketarik egin behar bada onartzen edo ukatzen diren beken eta laguntzen behin-behineko zerrendan, beka eta laguntza horien zerrenda zuzendua Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen da, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposatuta. Behin betiko ebazpen horrekin ados ez dauden eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, ebazpena www.nafarroa.eus atarian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Onartutako eta ukatutako beken eta laguntzen zerrenda zuzendua behin betikoa bilakatuko da, lehen aipatutako ebazpena www.nafarroa.eus atarian argitaratzen den egunean berean. Halaber, epe berean behin betikoak bilakatuko dira behin-behineko zerrendan onartu edo ukatu ziren bekak eta laguntzak, baldin eta ez badira agertu lehen aipatutako zerrenda zuzenduan.
Onartzen eta ukatzen diren beken zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, www.nafarroa.eus atarian jarriko dira, beken eta laguntzen atalean. Norberak ere banakako kontsulta egiten ahalko du bekak kudeatzeko aplikazioan, 7. oinarrian ezarritako gakoak erabiliz.
8.1. Beken Batzordea.
Beken Batzordeak kide hauek izanen ditu:
Batzordeburua: Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.
–Batzordeburuordea: Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordekideak:
–Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzako Goi Ikuskaritzaren Arloko zuzendaria.
–Ikasketetarako Laguntzen eta Hezkuntza Zerbitzuen Kudeaketaren Ataleko burua.
–Bekak kudeatzeko unitateko arduradun bat.
–Hezkuntzako ikuskatzaile bat.
–Ogasuneko ikuskatzaile, kudeatzaile edo teknikari bat, Ekonomia eta Ogasun Departamentukoa.
–Unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleen bi guraso.
–Idazkaria: Hezkuntza Departamentuko APT bat (arlo juridikoa).
9. oinarria.–Ikuskapena eta kontrola.
9.1. Hezkuntza Departamentuko organo eskudunek beka ukatu edo baliogabetu dezakete, baldin eta ikuskapen eta kontrol bidez aurkitzen badute familia-unitate batek justifikatzen dituen diru-sarrerak objektiboki beren gastu mailaren oso azpitik daudela, ez badituzte bizitzeko dituzten baliabideak frogatzen.
9.2. Eskaera xehetasunez aztertuko da, eta eskatzailearen eta familia-unitateko gainerako kide konputagarrien errenta eta benetako egoera egiaztatuko dira, baita behar diren baliabide ekonomikoak ordainetan ezer jasotzeko asmorik gabe ematen dituenaren dohaintzak ere. Inguruabar horiek ez badira behar bezala frogatzen 2024ko abenduaren 31rako, eskaera ukatu eginen da.
9.3. Bekarako eskaera aurkezteak berarekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez lortzeko, betiere bekaren ondorioetarako. Edozein errenta-iturri ezkutatzen bada, eskatutako laguntza ukatuko da.
9.4. Hezkuntza Departamentuak noiznahi agintzen ahalko du eskaera espedienteak berrikusteko, ziurtatu nahi badu horietan ezarritako datuak, beka edo laguntza emateko oinarri izan zirenak, egiazkoak direla.
9.5. Ikuskapen prozesuan laguntzeari uko egiten dioten edo eskatutako informazioa eta dokumentazioa aurkezten ez duten onuradunek besterik gabe galduko dute izaera hori eta berehala itzuli beharko dute jasotako bekaren edo laguntzaren zenbatekoa.
9.6. Ikasketa, ekonomia edo inguruabarrei buruzko datuak ezkutatu edo faltsutuz gero, emandako laguntzak bertan behera utzi eta atzera itzuli beharra agintzen ahalko da.
10. oinarria.–Beken edo laguntzen ordainketa.
10.1. Hezkuntza Departamentuari beka edo laguntza eskatu ahal izateko aurretik Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari eskatu behar diotenek erakunde horien bekaren onarpenaren edo ukapenaren behin betiko jakinarazpena aurkeztu beharko dute, 2025eko urriaren 31 baino lehen aurkeztu ere, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan (Bekak, beheko solairua, San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña; edo helbide elektroniko honetan: negociadodebecas@navarra.es). Jakinarazpen hori aurkezten ez bada, beka ukatu eginen da. Nafarroako ikastetxeetan ikasten duten ikasleek ez dute aurkeztu behar izanen.
10.2. Eskatzailearen aldeko beka edo laguntzen ordainketa eginen da eskaeran adierazi den banku-entitatearen bidez.
11. oinarria.–Laguntzak itzultzea eta baliogabetzea.
Ebazpen honen bidez deitutako ikasketetarako beka edo laguntzen onuradunak beharturik daude beka edo laguntza eman den xederako erabiltzera, hots, matrikula egitera, eskoletara joatera, azterketetara aurkeztera eta, laguntza zer gastutarako ematen den, horiexek ordaintzera.
Horren ondorioetarako, beka edo laguntza eman zaion helburuetarako ez duela erabili ondorioztatuko da ondoko kasuren bat gertatzen bada:
1. 2024-2025 ikasturtea bukatu baino lehen, ikastetxean baja ematea.
2. Eskola ordu guztietatik %80ra edo gehiagora ez joatea, salbu eta eskolatzetik salbuetsita badago edo hezkuntza-administrazio eskudunaren baimen arrazoitua badu. Kasu hori ez da aplikatuko unibertsitateaz kanpoko goi mailako ikasketetan.
3. Ikastetxeak emandako zerbitzuak ez ordaintzea, beka zerbitzu horiek finantzatzeko eman bazen.
4. Ez gainditzea, ez deialdi arruntean ez berezian, matrikulaturiko irakasgaien edo kredituen %50, edo orduen %50, lanbide moduluen kasuan.
1. eta 2. puntuetako kasuetan dauden ikasleek bekaren kontzeptu guztietarako emandako dirua itzuli beharko dute.
Ordaindu gabeko zerbitzuei dagozkien kontzeptuak itzuli beharko ditu 3. puntuan azaldutako egoeran bakarrik dagoenak.
Bakarrik 4. kasuan deskribatzen den egoeran daudenek bekaren osagai guztiak itzuli beharko dituzte, matrikula-beka izan ezik.
Ikaslea ikasturtean zehar hiltzen bada, beka edo laguntza oso-osorik kobratzeko eskubidea izanen da.
Bekadunek edozein momentutan galtzen ahal dute emandako laguntza, Administrazioaren egintza arrazoitu baten bitartez. Nolanahi ere, ekintzak gauzatzen ahalko dituzte bidezko instantzietan, deialdi honetako arauek aipatzen dituzten inguruabarrak frogatzeko espedientea ireki ondoren. Espediente hori Hezkuntza Departamentuak ireki eta ebatziko du.
Espediente baten ondorioz laguntza baliogabetzen bada, jasotako dirua itzuli beharko da, eta horrek ez ditu ezertan galaraziko eskatzaileak edota laguntza jaso duen ikasleak izan ditzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.
I. ERANSKINA.–DATU EKONOMIKOAK
1. Familiaren errenta erabilgarriaren kalkulua.
a) Familia-unitateko kide bakoitzaren banakako errenta nola kalkulatu.
Familia-unitateko kide konputagarrien kasuan, 2023ko PFEZaren aitorpena aurkezteko betebeharra badute, hau hartuko da banakako errentatzat:
–Zerga-oinarriaren zati orokorra.
–Ken ezkontidearen aldeko konpentsazio pentsioak eta mantenuko urteko sariak, bi-biak epailearen erabakiz ezarriak, eta bikotekide egonkorraren alde ordaindutako zenbateko legez galdagarriak.
–Gehi zerga-oinarriaren aurrezkiaren zati berezia, kenduta 2019tik 2022ra bitarteko ondareko irabazi eta galeren saldo garbi negatibo guztiak eta aurrezkiaren zerga-oinarrian sartu beharreko 2019tik 2022ra bitarteko kapital higigarriaren etekinen saldo garbi negatiboa.
–Gehi PFEZaren ondorioetarako salbuetsitzat (*) jotzen diren gainerako errenta eskuratuak, hala nola baliaezintasun iraunkor absolutuko pentsioak edo baliaezintasun handikoak, kalte-ordainak, loteria sariak, aitak edo amak seme-alaben mantenurako ematen dituen urteko sariak, kontuan hartu gabe jasotako ikasketa beka edo laguntzak.
Ondorio praktikoetarako, banakako errenta kalkulatuko da 2023ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion laukiekin eragiketa hauek eginez:
507 laukia - 511 laukia - 822 laukia + 8808 laukia - 8020 laukia - 8100 laukia +
8810 laukia - 8880 laukia - 8830 laukia + 529 laukia
(*) Arestian aipatutako errenta salbuetsiak ez dira kontuan hartuko haien batura, familia-unitateko kide guztiak kontuan izanda, ez bada 10.000 eurora iristen.
PFEZaren aitorpena egitera beharturik ez dauden familia-unitateko kideen kasuan, bakoitzaren errenta honela kalkulatuko da: 2023. urtean eskuratutako diru-sarrera gordinen batura, edozein dela ere beren iturria, barnean sarturik ondasun higiezinak alokatzeagatik jasotako errentak eta enpresa, lanbide eta nekazaritza jardueren ondoriozko etekin garbiak. Ateratzen den zenbatekotik kendu beharko dira besteren konturako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioak.
b) Familiaren errenta erabilgarriaren kalkulua.
Familiaren errenta erabilgarritzat hartuko da sostengatzaile nagusien errenten batura, gehi familia-unitateko gainerako kideen banakako errenten %50, aurreko a) letran adierazi bezala kalkulaturik. Guztira ateratzen den zenbatekoari kenduko zaio errenta-aitorpeneko aurretiazko kuota diferentziala (578 laukia), familia-unitateko kide konputagarrien aitorpenei dagokienez.
c) Familiaren errenta erabilgarriaren kenkariak.
Bekaren ondorioetarako familiaren errenta erabilgarria arestian ezarri denaren arabera kalkulaturik, errenta horretatik kontzeptu hauei dagozkien zenbatekoak kentzen ahalko dira:
1. Familia ugaria:
–Orokorra. Familia-unitateko seme edo alaba konputagarri bakoitzeko, 654 euro.
–Berezia. Familia-unitateko seme edo alaba konputagarri bakoitzeko, 874 euro.
Familia ugariak dira halakoak direnak eta titulu ofizialaren bidez frogatzen dutenak, bat etorriz Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean ezarritakoarekin.
2. Familia gurasobakarra:
Kenkaria, guraso bakarreko familia dela (edo gurasobakartasun egoeran dagoela) aitortua duen familia bateko kidea izateagatik: 600 euro.
Familia gurasobakartzat hartuko dira halako izaera dutenak eta hura titulu ofizialaren bidez frogatzen dutenak, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legean ezarritakoarekin.
3. Familia unitateko kideren baten desgaitasun aitortua:
a) 2.078 euro, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen kide bakoitzeko.
b) 3.325 euro, %66ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen kide bakoitzeko.
4. Ikasketa ofizialak direla eta, etxetik kanpo bizi diren bi senide edo gehiago daudenean, eta horrek gastu ekonomikoa dakarrenean:
1.296 euro, egoera horretan dagoen seme edo alaba bakoitzeko.
Nafarroako Foru Komunitatean zerga arloan aplikatzekoa den araudiak agintzen duenari men eginen zaio honako kontzeptu hauei dagokienez: oinarri orokorra, berezia, zerga-oinarria, likidazio-oinarria, konpentsazioak, murriztapenak, errenta salbuetsiak, pentsio planak, gizarte aurreikuspeneko sistema alternatiboak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, atxikipenak, PFEZaren konturako ordainketak, aurretiazko kuota diferentziala eta PFEZaren aitorpena egin beharra.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako PFEZaren likidazio behin-behineko edo behin betikoa badago, hori erabiliko da familiaren errenta erabilgarria zehazteko.
2. Familiaren ondarearen tarteak.
Alde batera utzita aurreko zenbakietan xedatutakoaren arabera kalkulatutako familiaren errenta, 2024-2025 ikasturterako beka ukatu eginen da, baldin eta gainditzen badira familiaren ondarea adierazten duten muga hauek:
a) Familia-unitateko kide konputagarrien hiri finken katastroko balioen baturak –Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitza baten katastroko balioa kenduta, halakorik bada– ezin izanen du gainditu 108.966 euroko zenbatekoa.
b) Familia-unitateko kide konputagarrien landa finken katastroko balioen baturak ezin izanen du gainditu 16.675 euroko zenbatekoa kide konputagarri bakoitzeko.
c) Familia-unitateko kide konputagarrien kapital higigarrien etekinen saldo positiboa eta ondare-irabazi eta -galeren saldo positiboa baturik –kontuan hartu gabe etxebizitza erosteko edo zaharberritzeko jasotako dirulaguntzak–, emaitzak ezin izanen du gainditu 2.159 euroko zenbatekoa (2023ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion laukiak: 8810 laukia + 8808 laukia – 708 laukia).
Ondarearen adierazgarri diren elementu horiek kontatuko dira 2023ko abenduaren 31n duten balioaren arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudian xedatutakoarekin bat.
Era berean, beka ukatu eginen da, baldin egiaztatzen bada familia-unitateko kide konputagarrien diru-sarrera hauen baturak 449.746 euroko zenbatekoa gainditzen duela, balio erantsiaren gaineko zerga alde batera utzita:
a) Jarduera ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespenaren bidez edo zenbatespen objektiboaren bidez zehaztuak.
b) Nortasun juridikorik gabeko entitateen edo bestelako entitate juridikoen bidez garatutako jarduera ekonomikoetan familiako kide konputagarri guztiek ehuneko berrogeita hamarreko edo hortik gorako partaidetza izateagatik dituzten diru-sarrerak, behin jardueren guztizko diru-sarrerei jarduera horietako partaidetzaren ehunekoa aplikatu ondoren.
Aurreko paragrafoetan ageri diren elementuen balioaren konputuaren ondorioetarako, familiako edozein kide konputagarrirenak diren elementuen balioaren %50 kenduko da, sostengatzaile nagusienak izan ezik.
II. ERANSKINA.–IKASKETA-ESPEDIENTEARENGATIK LAGUNTZA ESKURATZEKO BATEZ BESTEKO NOTAREN KALKULUA
Gainditu ez diren irakasgaien edo kredituen kalifikazioak ere sartzen dira, halakorik bada.
1. Batez besteko nota kalkulatzeko, ikasleen ikasturteko zenbakizko kalifikazioak erabiliko dira, 0tik 10erako eskalan. Aurkeztu gabeko irakasgaietan 2,50 puntuko nota jarriko da.
2. Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira:
a) Ohorezko matrikula = 10 puntu.
b) Bikain = 9 puntu.
c) Oso ongi = 7,5 puntu.
d) Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.
e) Ez gainditua, ez aurkeztua edo ez gai = 2,50 puntu.
3. Irakasgaien arabera antolaturiko ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, guztira lorturiko puntuak irakasgai guztien artean zatituko dira.
4. Kredituen arabera antolatutako ikasketa planen kasuan, irakasgai bakoitzean lortzen den puntuazioa haztatuko da irakasgaiaren kreditu kopurua kontuan hartuta, formula honi jarraikiz:
B = (P x IKK) / EKK
B = Irakasgai bakoitzean lortutako notaren haztapenaren balioa.
P = Irakasgai bakoitzaren puntuazioa.
IKK = Irakasgaiaren kreditu kopurua.
EKK = Eginiko kredituen kopurua; ebazpen honen arabera konputagarriak direnak hartuko dira kontuan.
Iragarkiaren kodea: F2415339
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
