227. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

97/2024 FORU AGINDUA, urriaren 22koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean egiten den errepideko hiriarteko bidaiari-garraio erregularrerako gutxieneko zerbitzuak ezartzen baitira egun hauetarako deitutako greba orokorra dela eta: 2024ko urriaren 28rako, 2024ko azaroaren 11rako, 2024ko azaroaren 28rako eta 29rako, 2024ko abenduaren 5erako eta 2024ko abenduaren 9rako (00:00etatik 24:00etara), bai eta 2024ko abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera ere (iraupen mugagabea).

Comisiones Obreras (CCOO), Unión General de Trabajadores (UGT) eta Sindicato Libre de Transporte (SLT) sindikatuek estatu mailako grebara deitu dute errepideko bidaiari-garraioaren arloan, egun hauetarako:

–2024ko urriaren 28a, 00:00etatik aurrera.

–2024ko azaroaren 11, 00:00etatik aurrera.

–2024ko azaroaren 28a eta 29a, 28ko 00:00etatik aurrera.

–2024ko abenduaren 5a, 00:00etatik aurrera.

–2024ko abenduaren 9a, 00:00etatik aurrera.

2024ko abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera, mugagabeko iraupena izanen du.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, errepideko bidaiari-garraioaren arloko estatu mailako greba-deialdia dela eta, Foru Komunitatean bidaiari-garraio erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailitzaizkieke langileei, eskoletako eta gainerako ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileei, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, deitutako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenez baliatuz.

Horregatik, Garraioen Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuak proposatu du, greba sektorial horretarako deia dela eta, dagokion foru aginduaren bidez ezar daitezela Nafarroako Foru Komunitatean egiten den errepideko hiriarteko bidaiari-garraio erregularrerako gutxieneko zerbitzuak, bai erabiltzaile guztientzako garraiorako, bai erabilera mugatuko garraiorako.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, aurreko deialdien ezaugarriak eta deialdi horietan ezarritako gutxieneko zerbitzuak aztertu dira aurretik. Aurrekari horiek greba orokorrerako deialdi hauetan aurkitu ditugu:

–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 46/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 5eko 550/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 46/2009 Foru Agindua.

–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 43/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urtarrilaren 20ko 13/2011 Epaiak ez zuen onartu 43/2010 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 5/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 19ko 214/2011 Epaiak aipatu foru agindua berretsi zuen.

–2012ko irailaren 26rako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 41/2012 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2013ko maiatzaren 22ko Epaiak ezetsi zuen ELA sindikatuak aurkeztutako errekurtsoa.

–2013ko maiatzaren 30erako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 72/2013 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2018ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Confederación lntersindical, Unión Sindical Obrera (USO), Confederación General del Trabajo (CGT), ELA, LAB, ESK, STEILAS, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 2ko 8/2018 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2019ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CNT, Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), Confederación General del Trabajo (CGT), Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Confederación Intersindical, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren otsailaren 28ko 17/2019 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2020ko urtarrilaren 30erako greba orokorrerako deia, 00:00etatik 24:00etara, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urtarrilaren 17ko 2/2020 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2020ko ekainaren 8ko 115/2020 Epaiak ezetsi zuen ELA sindikatuak 2/2020 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2023ko azaroaren 30erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren azaroaren 20ko 81/2023 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2024ko apirilaren 29rako greba orokorrerako deia, CGT sindikatuak aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren apirilaren 25eko 47/2021 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2024ko irailaren 27rako greba orokorrerako deia, 00:00etatik 24:00etara, Confederación General del Trabajo (CGT) eta Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera sindikatuek aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren irailaren 25eko 92/2024 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

Soilik garraioari eragin dioten greba deialdiei dagokienez, honako hauek hartu dira kontuan:

–Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren sektorearen greba, 2023ko maiatzaren 5eko 00:00etatik 2023ko maiatzaren 6ko 23:59ra arte. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren apirileko 28/2023 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren sektorearen greba, 2023ko maiatzaren 18ko 00:00etatik 23:59ra arte. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren apirileko 31/2023 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

Kasu honetan, kontuan hartzen da greba deialdiak bi agertoki dituela. Alde batetik, greba deialdia txandakako egun batzuetarako iragarri da (den-denak lanegunak dira), 00:00etatik 24:00etara, hain zuzen, 2024ko urriaren 28rako (astelehena), 2024ko azaroaren 11rako (astelehena), 2024ko azaroaren 28rako eta 29rako (osteguna eta ostirala), 2024ko abenduaren 5erako (osteguna), eta 2024ko abenduaren 9rako (astelehena); baina abenduaren 23tik aurrera, greba mugagabea ere planteatu da, hau da, lanegunak, larunbatak eta jaiegunak ere hartuko ditu. Horregatik guztiagatik, aurreikuspenen arabera, zerbitzuaren erabiltzaileei eraginen zaien nahasmendua kuantitatiboki eta kualitatiboki handiagoa izanen da aldi baterako greba mugatua izanen balitz baino gehiago.

Deitutako grebak erabiltzaile guztientzako eta erabilera mugatuko garraio publiko erregularreko zerbitzuei eragiten die.

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 28 zerbitzuren titularra da.

Kontzesio horien 2023ko ustiapen datuen arabera, kalkulatzen da urtean zehar 188.221 espedizio egiten direla, 2.476.858 bidaiari garraiatuz.

Lanegun batean, gutxi gorabehera 8.358 pertsonak erabiltzen dituzte erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak beren joan-etorrietan.

Larunbatetan, 5.009 erabiltzaile inguruk erabiltzen dituzte erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak.

Jaiegunetan, berriz, gutxi gorabehera 2.173 erabiltzailek erabiltzen dituzte erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak beren joan-etorrietarako.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako egin beharreko joan-etorri horiei behar bezala erantzuteko.

Deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da, orobat, grebak errepideko bidaiari-garraioaren zerbitzuan izanen duela eragina bakarrik. Greba horrek garraio zerbitzu horretan bakarrik izanen du eragina; hortaz, zerbitzu horien eskaera ez da batere gutxituko; izan ere, garraio publikoan joan-etorriak egiteko arrazoiek bere horretan segituko dute greban ere, greba orokor batean ez bezala.

Era berean, kontuan hartzen da lanegun batean 635 espedizio inguru egiten direla. Egun horretan, joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen dira, hala nola osasun zentroetara, ikastetxeetara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarretara joateko, eta, hortaz, garraio faltak kalte larriak ekarriko lizkieke erabiltzaileei eta, bereziki, ibilgailu partikularrik gabeko jendeari, adinekoei, mugikortasun murriztuko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe.

Bestalde, larunbat batean 381 espedizio inguru egiten dira. Joan-etorri horiek lana, osasun kontuak, aisialdia, erosketak edo bestelako kudeaketak direla-eta egiten dira. Gutxieneko zerbitzuak ezartzean, halaber, kontuan hartu da, larunbatetan, lanegun baten aldean, joan-etorri gutxiago izaten direla, eta garraioa erabiltzeko arrazoiak desberdinak direla.

Era berean, jaiegun batean, 165 espedizio inguru egiten dira. Jaiegunetan, lanegunetan baino joan-etorri gutxiago egiten badira ere, egokitzat jotzen da gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea beste garraiobide batzuk erabiltzeko aukerarik ez duten pertsonen mugikortasuna bermatzeko.

Horiek horrela, beste greba deialdi batzuen aurrekariak eta haien ebazpen judizialak ikusita, baita deialdi honen ezaugarriak eta egin diren gogoetak ere, Garraioen Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuak bidezkotzat jotzen du honako hau ezartzea:

–Lanegunetarako: %40ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularrean. Nolanahi ere, bermatuko da egunero bidaia bana eginen dela joateko eta itzultzeko, kontzesio bakoitzean eta kontzesio tituluan baimendutako trafiko guztietan.

–Larunbatetarako: %30eko gutxieneko zerbitzuak ezartzea errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularrean. Nolanahi ere, bermatuko da egunero bidaia bana eginen dela joateko eta itzultzeko, kontzesio bakoitzean eta kontzesio tituluan baimendutako trafiko guztietan.

–Jaiegunetarako: %20ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularrean. Nolanahi ere, bermatuko da egunero bidaia bana eginen dela joateko eta itzultzeko, kontzesio bakoitzean eta kontzesio tituluan baimendutako trafiko guztietan.

Arestian aipatutako joan-etorriei eskola umeentzat erabilera mugatuko garraio publikoaren zerbitzu erregularraren bidez egiten direnak gehitu behar zaizkie.

Eskola-garraioaren zerbitzua hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa dena kontuan harturik errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 27. artikuluan jasota baitago, Hezkuntza Departamentuak eskola-garraiorako eskubidea onartzen die irakaskuntzako nahitaezko etapetako ikasleei (Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoei, Lehen Hezkuntzakoei eta Bigarren Hezkuntzakoei) eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleei, ikastetxea ikaslea bizi ez den beste herri batean dagoenean.

Bada, 2024-2025 ikasturtean, gutxi gorabehera 13.000 ikasle dira Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa erabiltzen dutenak (283 ibilbide autobusez eta 118, berriz, taxiz). Kopuru horri gehitu behar zaizkio eskola-garraioa derrigorrezkoaren ondoko beste irakaskuntza batzuetan edo titulartasun pribatuko ikastetxeetan erabiltzen duten ikasleak, ikastetxe horietan eskola-garraioaren zerbitzuak ez baititu Hezkuntza Departamentuak kudeatzen.

Eskola-garraioa babes berezia behar duen biztanle sektore batez arduratzen da. Izan ere, sektore hori babesik gabe aurkitzen da adina dela-eta autonomia pertsonalik ez dutelako eta, orobat, ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten garraiobide alternatiboak gutxi direlako.

Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (espedizioak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularraren zerbitzuak, bai hiriartekoak bai hiri barrenekoak, ezin dira eskola-garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar lehen aipatu baldintzak.

Orobat, eskola-garraioan ezin da espediziorik murriztu; izan ere, ikastetxera joateko espedizio bakar bat egiten da, eta beste bat erabiltzaileak etxera itzultzeko. Ezinezkoa da, bestetik, ibilbideak elkartzea, ibilgailuak edukiaren arabera kontratatzen direlako eta beterik joaten direlako.

Hortaz, beharrezkotzat jotzen da etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzuei eustea. Irizpide hori bat dator erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularrarentzat hartutakoarekin, non, kontzesio bakoitzean, bidaia bat joateko eta beste bat etortzeko eta trafiko guztien estaldura bermatzen baitira; irizpide hori eskola-garraioari aplikatzeak berekin dakar zerbitzuei eustea.

Desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuari dagokionez, aurreko kasuetan bezala, kolektiboaren ezaugarri berezien araberako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, beste inork baino babes handiagoa behar baitute.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1997 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioaren Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren sektorean 2024ko urriaren 28rako, 2024ko azaroaren 11rako, 2024ko azaroaren 28rako eta 29rako, 2024ko abenduaren 5erako eta 2024ko abenduaren 9rako (egun horietan guztietan 00:00etatik 24:00etara), bai eta 2024ko abenduaren 23ko 00:00etatik aurrera ere (mugagabeko iraupena), deitutako greba orokorra egitean, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

–Lanegunetan: erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuen kontzesioetan, zerbitzuen %40.

–Larunbatetan: erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuen kontzesioetan, zerbitzuen %30.

–Jaiegunetan: erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuen kontzesioetan, zerbitzuen %20.

Gutxienez ere, kontzesio bakoitzean, joateko bidaia bat eta itzultzeko bidaia bat eginen da egunero. Kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dira kontuan.

b) Erabilera mugatuko garraio erregularra:

–Eskola-garraioa: etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzu guztiak.

–Desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, honako hauei: Comisiones Obreras (CCOO), Unión General de Trabajadores (UGT) eta Sindicato Libre de Transporte (SLT) sindikatuei; Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpekoak izanik, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuak ematen dituzten enpresei; Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiari; eta Garraioen Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuari.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2024ko urriaren 22an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2415588