227. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

536/2024 EBAZPENA, irailaren 6koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen osaera berritu eta kide berriak izendatzen dituena.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen barreneko Kirol Diziplina arautzen ditu; horrela, foru dekretu horrek Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean ezarritako kirol arloko diziplina araubidea garatzen du, zehazki, haren VIII. tituluko III. kapituluan eta IX. tituluko I. kapituluan.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea kirol justiziaren arloko organo gorena da Nafarroako Foru Komunitatean, aipatu Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 125. artikuluan xedatutakoaren arabera. Foru Komunitateko Kirol Administrazioari atxikia dago organikoki, baina zeharo beregain aritzen da bere eginkizunetan administrazio horrekiko nahiz Nafarroako kirol antolamenduko gainerako entitateekiko, eta berak erabakitzen du bere eskumeneko gaietan, administrazioko azken instantzia gisa.

Horri dagokionez, azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuan, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak, ezartzen da erakunde autonomo horrexek hartuko dituela bere gain Foru Komunitateko Kirol Administrazioari dagozkion eskumenak. Halaber, foru dekretu horretan xedaturikoaren arabera, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eratzen da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko kide anitzeko organo gisa, eta erakunde autonomoaren Kudeaketako Zuzendaritzari zuzenean atxikirik dago.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen osaerari dagokionez, batzordeko kideak Zuzenbideko bost lizentziadun izanen dira, esperientzia aitortua dutenak kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan, martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarri bezala. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko ditu Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak, honela banaturik: bi Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zuzenean izendaturik; bi Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artetik, eta bat Nafarroako Kirol Kontseiluak proposatutakoen artetik.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eman apirilaren 25eko 289/2019 Ebazpenaren bidez izendatu ziren Kirol Justiziako Batzordeko gaur egungo kideak (ebazpen hori 2019ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 25ekoan). Horrenbestez, martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, haren agintaldia 2024ko apirilaren 25ean bukatu zen.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, inguruabar horren berri eman zion Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, batzordekideen agintaldia bukatu baino 30 egun lehenago eman ere, eta berritzeko prozedura abiatzeko eskatu zuen.

Nafarroako kirol federazioek eta Nafarroako Kirolaren Kontseiluak proposamenak aurkezteko epea bukatutakoan, egindako proposamenak bildu zituen Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, bai eta haien esperientziaren inguruko datu osagarriak ere.

Hala, Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak proposatzen du zuzenean izenda daitezela Esther Gil Beorlegui andrea eta María Echeverria Cadarso andrea. Zuzenbideko lizentziadunak dira biak, aitortutako esperientzia edo prestakuntza dute kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan, eta egokiak dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak zuzenean izendatzen dituen bi postuak betetzeko. Biak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak dira egun.

Nafarroako kirol federazioen partetik, Eduardo Sanz Aguirre jauna eta Jesús M.ª Faber Ruiz jauna izendatzeko proposamenek lortu dute boto gehien. Zuzenbideko lizentziadunak dira biak eta esperientzia aitortua dute kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan. Egindako proposamenak eta curriculumak aztertu eta gero, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izenda daitezela proposatzen da, postuan aritzeko egokiak direla irizten baitzaio. Gainera, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak dira egun.

Nafarroako Kirolaren Kontseiluaren partetik, Juan Ignacio Zubiaur Carreño jauna izendatzeko proposamenak lortu du boto gehien: Zuzenbidean lizentziaduna da, eta aitortutako esperientzia zabala du kirol arloko zuzenbidean eta horren eremuan; bera da Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko burua gaur egun. Egindako proposamenak eta curriculumak aztertu eta gero, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izenda dadila proposatzen da, postuan aritzeko egokiak dela irizten baitzaio.

Azkenik, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkari arituko den pertsona izendatzeari dagokionez, proposatzen da Esteban Imaz Vacas jauna izenda dadila, egun eginkizun horiek betetzen ari dena. Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen segitzen du, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari atxikitako funtzionarioa baita, eta esperientzia aitortua eta egiaztatua baitu kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan.

Horren ondorioz, Kirol Justiziako Batzordea berritzeari buruz xedaturikoa betetzeko, bidezkoa da batzordekide berriak izendatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuan eta martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuan emandako eskumenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Honako hauek izendatzea Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea osa dezaten, bost urtez, ebazpen hau ematen den egunetik hasita, guztiak ere Zuzenbideko lizentziadunak izanik, eta esperientzia aitortua dutenak kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan:

–Esther Gil Beorlegui andrea, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak zuzenean izendatua.

–María Echeverria Cadarso andrea, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak zuzenean izendatua.

–Eduardo Sanz Aguirre jauna, Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artetik izendatua.

–Jesús M.ª Faber Ruiz, Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artetik izendatua.

–Juan Ignacio Zubiaur Carreño jauna, Nafarroako Kirolaren Kontseiluak proposatutakoen artetik izendatua.

–Esteban Imaz Vacas jauna, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkari izateko izendatua.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, haren Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzara eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 6an.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.

Iragarkiaren kodea: F2414892