226. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 7a

6. BESTELAKO IRAGARKIAK

6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK

ERRIOXA JATORRI DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA

5/2024 ofizio zirkularra. Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa 2024 urtean egindako ardoaren zinpeko deklarazioa betetzeko jarraibideak

Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren kontseilu arauemaile honi aurkeztu beharko zaio, 2024ko azaroaren 30ean (egun hori barne) beranduenez, PG-10 ziurtatzeko prozedura orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

A.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

DI 0702-1: Instalazio bakoitzean egindako ardoaren zinpeko deklarazioa.

DI 0705-1: Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Titular bakoitzeko laburpena.

DI 0706-0: I. eranskina. Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Jasotako mahatsen zerrenda.

DI 0704-0: II. eranskina. Mahasti berezietako mahatsekin egindako ardoaren zinpeko deklarazio zehatza.

1) Elaborazioko upategi bakoitzean dauden instalazio bakoitzeko deklarazio bat egin beharko da [DI 0702-1 dokumentua: Instalazio bakoitzean egindako ardoaren zinpeko deklarazioa] eta, elaborazioko instalazio batean titular bat baino gehiago egonez gero, instalazio guztien deklarazio laburpen bat egin beharko da [DI 0705-1: Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Titular bakoizteko laburpena].

2) I. eranskineko inprimakian [DI 0706-0: I. eranskina. Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Jasotako mahatsen zerrenda] hornitzaile bakoitzeko jasotako mahatsen zerrenda bat eginen da.

3) Instalazio bakarrean mahasti berezi baten baino gehiagoren mahatsekin ardoa eginez gero, II. eranskina bete beharko da [DI 0704-0: II. eranskina. Mahasti berezietako mahatsekin egindako ardoaren zinpeko deklarazio zehatza].

B.–Dokumentazioa betetzeko jarraibideak.

Aurreko apartatuetan eskatutako datuak adierazteko, honako jarraibide hauek bete behar dira:

1) DI 0702-1 (Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa) eta DI 0705-1 (Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Titular bakoitzeko laburpena.) deklarazioak Nimbusen bidez egin beharko dira eta automatikoki sortuko dira trazabilitate moduluan adierazitako datuak hartuta.

Egindako ardoaren deklarazioa egiteko, trazabilitatera jo beharko dugu, lehenengo etapara, prozesuetara eta egindako ardoaren deklarazioa sortzeko aukerara.

Titularraren kodea automatikoki beteko da eta deklarazioaren datuak zer upategitatik atera nahi ditugun hautatu beharko dugu.

Pantailan upategiaren datu guztiak agertuko dira (lortutako mahats kilogramoak, saldutako mahats kilogramoak, eginiko ardo litroak...), eta froga moduan dagokion dokumentua sortzen ahalko dugu. Horretarako, "Informatiboa" aukera sakatu eta baliozkotzeko "ikusita" botoian egin beharko dugu klik. Nimbusek berez du markatuta "Informatiboa" aukera.

Datu guztiak egiaztatu ondoren, egindako ardoaren zinpeko deklarazioa kontseilu arauemaileari bidaltzeko, "informatiboa" aukera kendu beharko da eta baliozkotzeko "ikusita" botoian klik egin. Hala, prozesuak DI 0702-1 (Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa) dokumentua sortuko du hautatutako upategirako, eta titularrak upategi bat baino gehiago baditu DI 0705-1 (Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Titular bakoitzeko laburpena) dokumentua ere sortuko da. Adi: baliozkoa izanen da upategi guztien DI 0702-1 (Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa) deklarazioetako azkena.

Gerora ezin izanen dira deklarazioan eragina duten operazioak egin trazabilitate moduluan.

2) DI 0706-0: I. eranskina. Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Jasotako mahatsen zerrenda. Dokumentuan hornitzaileetako bakoitzarengandik jasotako mahatsen zerrenda dago, mahats beltzak eta zuriak bereizita, norberaren mahats motarako tartearekin. Zerrenda bana dago instalazio bakarrean egiten den ardo mota bakoitzerako: Errioxa, aparduna, inguruko ardoa, Udalerriko ardoa edo mahasti berezia.

Dokumentu hori automatikoki sortuko du Nimbusek DI 0702-1 (Egindako ardoaren Zinpeko Deklarazioa) igortzen denean, eta, beraz, bi dokumentuak aldi berean ikusten ahalko dira.

3) DI 0704-0 (II. eranskina. Mahasti berezietako mahatsekin egindako ardoaren zinpeko deklarazio zehatza) dokumentuan mahasti bereziari edo mahasti bereziei, bat baino gehiago balego, dagozkien datuak adierazi beharko dira. Zehazki, honako hauek adierazi beharko dira: mahasti bereziaren izena, azalera, ekoitzitako kolore bakoitzeko kilogramoak eta kolore bakoitzeko lortutako produktuak. Dokumentu hau ez du Nimbusek automatikoki sortuko; paperean egin beharko da, aurreko kanpainetan egin modura.

Nimbus bidez aurkeztu beharko dira honako hauek: DI 0702-1 (Instalazio bakoitzean egindako ardoaren zinpeko deklarazioa), DI 0705-1 (Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Titular bakoitzeko laburpena) , beharrezkoa izanez gero, eta DI 0706-0 (I. eranskina. Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Jasotako mahatsen zerrenda). Era berean, deklarazio horiek paperean aurkeztu beharko dira ofizio honetan adierazitako gainerako deklarazio edo dokumentuekin batera upategiaren arduradunak sinatu ondoren.

Datu horiek egindako ardoaren zinpeko deklarazioa osatzeko dira baliagarriak eta hornitzaile bakoitzaren mahastizain txartelarekin eginiko entregak prozesatzean lortuko dira.

C.–Informazioa eman eta aurkeztutakoa egiaztatzea errazagoa izan dadin, jarraian azalduta dago zer informazio adierazi behar den DI 0702-1 (Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa) deklarazioaren atal bakoitzean:

1) Ardoa egiteko mahatsen apartatua.

–Norberaren uzta osoa: deklarazioaren titularraren txartelean jasotako mahats guztien zerrenda eginen da, saldutako mahatsak barne hartuta. Upategi kooperatiboen kasuan, kideek ekoitzitako eta entregatutako mahatsen osotasuna hartuko da kontuan, barne hartuta kideren batek beste upategi batera zuzenean eramandako mahatsak.

–Norberaren saldutako uzta: deklarazioaren titularraren mahatsak dira, norberaren uzta osoan barne hartutakoak eta beste upategi bati saldu zaizkionak; upategi kooperatiboen kasuan, kideren batek beste upategi batera zuzenean eramandako mahatsak barnea hartuko dira. Txortenak kendu zaizkien mahatsen kasuan, baliokidea den mahats osoen zenbatekoa adieraziko da.

–Eskuratutako uzta: beste titular batzuen uztako mahatsarekin egindako ardoa da. Eskuratutako mahatsei txortenak kendu bazaizkie, baliokidea den mahats osoen zenbatekoa adieraziko da.

–Guztizkoa: norberaren uzta osoaren eta saldutako mahatsaren (norberaren saldutako uzta) artean dagoen aldea da; horri eskuratutako uzta gehitu behar zaio. Upategi kooperatiboen kasuan, kideek entregatutako uzta guztiaren eta kooperatibak saldutako mahatsen arteko aldea da, eta, hala badagokio, kide ez direnei erositako uzta gehitu beharko zaio.

Guztira: Norberaren uzta osotara ken saldutako uzta gehi eskuratutako uzta.

Apartatu horiek betetzeko, mahats-bilketan mahatsa prozesatzeko erabilitako erregistro-zenbakiaren araberako segmentazioa egin beharko da.

2) Lortutako produktuen apartatua (litroak): apartatu honetan egindako ardoa adierazi beharko da, ardo motaren arabera sailkatuta eta sortutako edo aurreikusitako ligak kenduta. Horiek gehienez ere %2koak izanen dira eta ligen kutxatilan adieraziko dira.

–Ligak: kutxatila bakarra egonen da ardoa egitean sortutako liga guztien zenbatekoa deklaratzeko.

D.–Kontuan hartu beharreko beste xedapen batzuk.

Ekoizpena helburu potentzialaren arabera eta mahatsaren kolorearen arabera bereiztearen ondorioz, eta kolore bakoitzeko eta ekoizpen-xederako modu bereizian ezarritako mugetatik gorako babestu ezinaren ondorioz, tratamendu bera hartuko da kontuan mahatsaren gehiegizko transformaziotik ateratako ardoetan. Horietan, babes falta modu indibidualean eginen da, ekoizpenaren kolorearen eta xedearen arabera, eta ez da inolako konpentsaziorik egonen.

Zinpeko deklarazioan adierazitako datuak guztizko zenbatekoenak izanen dira; hau da, ez da babestuak diren edo destilatuak dauden aintzat hartuko horiek segmentatzeko.

Egindako ardoaren datuekin eta kontseilu arauemaileak upategian entregatutako mahatsei buruz dituen datuekin, txosten bat eginen da tarte bakoitzean egindako ardoekin (babestua, babesten ezin dena eta destilazioa).

Deklaratutako datuek bat etorri beharko dute zure autokontrol sisteman erregistratutakoekin.

Kontseilu arauemailearen Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimendura jotzen ahal duzu behar duzun edozein argibide jasotzeko, baita erabiltzaile gakorik ez baduzu edo datuetan akatsen bat badago ere. Deitu 941 500400 telefonora edo joan kontseilu arauemailearen bulegoetara.

Aditzera ematen dugu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Logroñon, 2024ko urriaren 15ean.–Kontrol organoko zuzendaria, Pablo Franco Sarria.

LOTUTAKO DOKUMENTAZIOA

–Paperean kudeatzeko eta kontseilu arauemaileari aurkezteko.

  • DI 0704-0: II. eranskina. Mahasti berezietako mahatsekin egindako ardoaren zinpeko deklarazio zehatza.

–Nimbusen bidez kudeatzeko eta aurkezteko, nahiz eta paperean ere erregistratu behar den kontseilu arauemaileari aurkeztuta.

  • DI 0702: Instalazio bakoitzean egindako ardoaren zinpeko deklarazioa.
  • DI 0705: Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Titular bakoitzeko laburpena.
  • DI 0706: I. eranskina. Egindako ardoaren zinpeko deklarazioa. Jasotako mahatsen zerrenda.

Iragarkiaren kodea: E2415453