226. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MILAGRO

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko

Milagroko Udaleko Alkatetzak 2024ko urriaren 22an eman 2024-0563 Ebazpenaren bidez, honako deialdi honen oinarriak onetsi dira: deialdia, plantilla organikoko administrari-ofizialaren lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Administrazio bidea agortzen duen ebazpen honen kontra, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita edo,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Milagron, 2024ko urriaren 23an.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea administrari-ofizialaren lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa eta lanaldi osokoa, Milagroko Udalaren bulegoetan jardun dezan.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Milagroko Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, betearazpen lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten beste eginkizun batzuk, Milagroko Udalak agintzen dizkionak.

–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta gestioak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru lege horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

3.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuak gero osatzen ahalko dira hutsik dauden lanpostuekin, halakorik baldin badago kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda, puntuazio-ordenan, helarazten dion egunean.

4.–Baldintzak.

Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Milagroko Udaleko langile finkoa izatea (funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa), jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C mailan edo taldean egotea, sartzeko eskakizun gisa honako titulazio hauek zituen lanpostu batean: Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.

Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Milagroko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Joaquín Cortí,1), 10:00etatik 13:30era, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 15 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkezten ahalko da, Milagroko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://milagro.sedelectronica.es).

Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein. Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, ayuntamiento@milagro.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adieraziko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik. Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen I. eranskineko ereduari jarraikiz.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen muga-egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

5.2. Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), Milagroko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak izan ezik, horiek deialdia egin duen organoak zuzenean emanen baitizkio epaimahaiari.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Milagroko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Orobat, ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Milagroko Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzirik, Milagroko Udaleko alkateak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

7.–Epaimahaiko kideak.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: José Ignacio Pardo Blanco, Milagroko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Belén Cerdán León, Milagroko Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikidea: Andrea Lebrero Los Arcos, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: Raquel Bulnes Cervera, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: Mari Carmen Chueca Murillo, MIlagroko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Eva M.ª López Soto, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

Epaimahaia eratu beharko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost egunean.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Deialdiaren 5.b) oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatuko eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duenean. Salbuespen bakarra izanen dira Milagroko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak Milagroko Udaleko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian paratuko ditu parte-hartzaileen puntuazioak, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Milagroko Udaleko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian (https://milagro.sedelectronica.es/info.0), eta Milagroko Udaleko alkate udalburuari igorriko dio lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaiak izendatzeko, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopurua betetzeko adina, barnean harturik aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

10.–Adjudikatzea eta lanpostuaz jabetzea.

Alkatetzak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak adjudikatuko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Adjudikazioa lortu duten lehiakideek adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, baldin eta deialdia egin duen organoak ebazpen horretan beste data bat ezartzen ez badu jabetza hartzeko.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Milagroko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/Bon/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (30 puntu gehienez).

1. Edozein administrazio publikotan deialdian eskatutako maila/talde bereko lanpostuetan egindako zerbitzuak, titulazio bera eskatu bada: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan aurreko horiek ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,40 puntu urte bakoitzeko.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

1. Administrazio publikoek, erakundeek edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira ordu bakoitzeko edo kreditu akademikoaren baliokidea den ordu kopuru bakoitzeko (kreditu akademiko bat = 10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

a) apartatua:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

5. Langile funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Gehienez 30 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

b) atala:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzen ondoriozko eskola-orduen zatikiak ez dira ez puntuatuko, ez hainbanatuko.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei ordu baten balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie; hau da, 120 ordurena.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.

6. Apartatu honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zerikusi zuzenik badute deialdiko lanpostuarekin.

7. Gehienez ere 10 puntukoa izanen da b.1) apartatuaren puntuazioa.

Iragarkiaren kodea: L2415441