Iragarkia
226. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BURLATA
Deialdia, "lorezaintzako ofiziala (taldeburua)" lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzak urriaren 21ean emandako 1765/2024 Ebazpenaren bidez, deialdia bat onetsi zen, Burlatako Udaleko "lorezaintzako ofiziala (taldeburua)" lanpostu 1 kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko. Lanpostuak 5.40 zenbakia du plantilla organikoan, eta hauexek dira deialdiaren
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
Aditzera ematen da deialdia egin dela mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko Burlatako Udalaren zerbitzuko "lorezaintzako ofiziala (taldeburua)" lanpostu bat, plantilla organikoan 5.40 zenbakia duena.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Deialdi hau ondoko arau hauek arautuko dute: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (II. titulua, VII. kapitulua); azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamendua (II. titulua, II. kapitulua, 4. atala); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.
3.–Lanpostuaren ezaugarriak.
Lanpostuaren titularrak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:
–Lorategi taldearen jarduna gidatzea eta, horretarako, langileen jarduerak eta lana antolatu eta ikuskatzea.
–Lorezaintzako lanak antolatu eta egitea eta Burlatako azpiegitura berdearen kudeatzea:
- Arbola eta zuhaixken mantentze lanak.
- Belardietako eta belar-soroetako mantentze lanak.
- Sasoiko landareen eta landare bizikorren mantentze lanak.
- Ureztaketaren kudeaketa.
- Izurrien kontrola.
- Gune zoologikoaren kudeaketa.
–Makineria eta tresnak ikuskatzea eta mantentze lan txikiak egitea.
–Alorreko burutzari proposatzea zerbitzurako beharrezkoak diren makinak eta materialak erosteko, eta egindako erosketak gainbegiratzea.
–Alorreko buruak manatzen dituen lanen eskeak eta galdeak egitea.
–Langileen asistentziaren kontrola eramatea.
–Lan giro ona mantentzea, eta horretarako lankidetza bulkatzea eta langileen artean lana dela-eta sortzen diren gatazkak konpontzea.
–Bere zerbitzuko langileen deialdietan parte hartzea.
–Tokiko azpiegitura berdea ukituko duten udal edo hirugarrenen obrak gainbegiratzea.
–Lorezaintza zerbitzuko kontratazio agiriak egiten laguntzea.
–Bere lan taldearekin batera noizbehinka egin beharreko lanak: Ekitaldietarako elementuak muntatu eta desmuntatzea (agertokia, hesia...) Neguko planaren eta uholdeei aurrea hartzeko planaren ekintzetan parte hartzea.
–Lanposturako definitu diren xede orokorrekin, mailarekin, ezagupenekin eta erantzukizunarekin bat egiten duten bertze guztiak, baita lanpostuen definizioan bilduta daudenak ere.
Lanpostua eskuratzen duenak C mailako ordainsariak jasoko ditu, baita dagozkion osagarriak ere, plantilla organikoan eta une bakoitzeko indarreko xedapenetan ezarritakoaren arabera.
4.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Indarra duen araudian xedatutakoarekin bat, lanpostua betetzeko deialdi honetan parte hartu nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:
a) Burlatako Udaleko langile finkoa izatea (funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa), jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) C mailakoa izatea.
c) Paisajismoko eta Landa Inguruneko goi mailako teknikari titulua edukitzea (2024ko plantilla organikoa, argitaratua 2024ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 27an).
Halaber, titulu hauek ere onartuko dira:
–Basoa eta Natura Ingurunea Kudeatzeko goi mailako teknikaria.
–Bai eta aurreko bi tituluen baliokide diren eta Hezkuntza Sistemaren Lege Organiko Orokorrean (LOGSE) eta Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorrean jasotzen diren tituluak ere (Hezkuntza Ministerioaren baliokidetzen arabera).
Halaber, 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiri hauek ere izanen dira baliozko:
–AGAO 0308–3 Lorezaintza eta paisaia lehengoratzea.
–AGAJ 0109–3 Zuhaitzak eta palmondoak kudeatzea eta mantentzea.
Edo, hala badagokio, ziurtagiri horiek osatzen dituzten egiaztagirien multzoa.
5.–Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.
5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak bete beharko dira deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera.
Eskaerak aurkezteko, hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
5.2. Alegatu nahi diren merezimenduen frogagiriak ez dira aurkeztuko parte hartzeko eskabidearekin batera. Agiri horiek aurkeztuko dira epaimahaiak ezarriko duen epean, proba praktikoaren emaitzen behin betiko kalifikazioak argitaratzearekin batera. Baldin eta izangai bakarrak gainditzen badu 8.2. oinarrian jasotzen den proba praktikoa, ez da lehiaketarik eginen, eta izangaiak, beraz, ez du merezimendurik aurkeztu beharko. Behin betiko kalifikazioak argitaratu eta gero amaituko da prozesua.
Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.
6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, eta egiaztatu ondoren ea izangaiek deialdiko baldintzak betetzen dituzten, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila; era berean, ohartaraziko da hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, bai eta akatsak zuzendu ere, halakorik egin badute.
6.2. Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkatetzak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostua bete gabe uzteko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
6.3. Erreklamazioetarako epea bukaturik, alkatetzak ebazpen bat emanen du, aurkeztu diren alegazioak ebazteko, halakorik aurkeztu bada, eta izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko. Behin betiko zerrenda argitaratzearekin bat finkatuko da proba praktikoa egiteko eguna, ordua eta lekua.
7.–Kalifikazio-epaimahaia.
7.1. Lehiaketako kalifikazio epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:
Epaimahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
Lehenengo epaimahaikidea: Burlatako Udaleko Obra eta Zerbitzuetako burua.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
Bigarren epaimahaikidea: Burlatako Udaleko obra-arduraduna.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
Epaimahaikide idazkaria: Burlatako Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
7.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia, mahaiburuak deialdia eginda.
7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
7.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
7.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoan. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko, eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
8.–Mailaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.
8.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi proba praktikoa, gero txosten psikoteknikoa eta hondarrean lehiaketaldia; horretan II. eranskinean jasotako merezimenduak baloratuko dira.
Lehiaketan 90 puntu lortu ahalko dira gehienez.
Lehiaketan baloratuko diren elementuak:
a. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
b. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez.
c. Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.
d. Deialdi honen xedea den lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.
Euskararen balorazioa, merezimendu gisa: euskara merezimendu gisa baloratuko da, lehiaketako guztizko puntuazioaren %10ean. Hori dena, jarraikiz azaroaren 6ko 21/1985 Foru Dekretuaren 5. artikuluari (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua),
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira proba praktikoa hasteko tokia, eguna eta ordua.
8.2. Proba praktikoaren fasea: 25 puntu gehienez.
8.2.1. Izangaiek proba praktikoa egin beharko dute deialdiko lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz.
Deialdi bakarraren bidez eginen da proba, eta bazterturik geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.
8.2.2. Proba honetan 25 puntu emanen dira gehienez, eta baztertu eginen dira gutxienez 12,50 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
8.2.3. Plika sistemaren bidez eginen da proba, eta ebatzi beharko dira epaimahaiak lanpostuaren edukiaren eta eginkizunen gainean proposatzen dituen kasu edo ariketa praktikoak.
8.2.4. Proba praktikoa gainditzen ez duten izangaiek ez dute proba psikoteknikoa eginen.
8.3. Proba psikoteknikoa (txosten psikoteknikoa): 15 puntu, gehienez.
8.3.1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du izangai bakoitzari buruz; izangaia lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko du txostenak.
8.3.2. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren epaimahaiarentzat. 15 puntu emanen dira gehienez.
8.3.3. Proba psikoteknikoa ez da baztertzailea izanen.
8.4. Bai proba praktikoa bai psikoteknikoa bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu ohiko euskarrietan, eta erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea irekiko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.
Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan emanen ditu argitara. Proba praktikoa gainditu duten izangaiei 5 egun balioduneko epea emanen zaie, II. eranskinean ezarritako merezimenduen frogagiriak, bai eta euskara titulua ere, aurkez ditzaten.
Baldin eta izangaien batek euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko proba egiteko eskatzen badu, iragarki-taulan argitaratuko da hori egiteko eguna.
8.5. Lehiaketaldia: 50 puntu gehienez.
Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak.
Epaimahaiak honako elementu eta puntuazio hauen arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez.
8.6. Euskararen balorazioa, merezimendu gisa: 10 puntu gehienez.
8.6.1. Euskararen ezagutza baloratzeko, ziurtagiri ofiziala aurkezten ahal da, edo borondatezko proba ez-baztertzailea egin. Gehienez ere 10 puntu jasoko dira, eta ahozko eta idatzizko C1 maila frogatzen dutenek eskuratuko dute. Handik beherako mailak proportzioan baloratuko dira (B2, 8 puntu; B1, 6 puntu; A2, 4 puntu; eta A1, 2 puntu). Euskarako proba egin nahi edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek hala azaldu beharko dute eskabidean. Eskabidean titulazioa aurkezteko aukera markatzen bada, titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua erantsiko da harekin batera. Izangaiak eskabidean hautatuko du titulazioa aurkezteko aukera edo proba egiteko eskaera, baina ezin ditu bi aukerak hautatu.
Izangaiek aurreko apartatuei dagokienez alegatu eta justifikatutako merezimenduak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduez.
Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak ohiko euskarrietan argitaratuko ditu lehiaketaren behin-behineko puntuazioak, eta irekiko du erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek alega dezaten beren eskubideen alde komeni zaiena.
Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan argitaratuko ditu.
8.7. Mailaz igotzeko lehiaketaren puntuazio osoa ateratzeko, batuko dira proba praktikoan, proba psikoteknikoan, lehiaketaldian eta euskararen ezagutzaren merezimenduaren balorazioan lortutako puntuazioak.
Berdinketarik gertatzen bada izangaiek lortzen dituzten guztizko puntuazioetan, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, adin handieneko izangaiaren alde ebatziko da.
9.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.
9.1. Kalifikazio epaimahaiak deialdia egin duen organoari helaraziko dio, espediente osoarekin batera, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
9.2. Alkatearen ebazpen baten bidez izendatuko da puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia.
9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.4. Izangai izendatuak izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez bada, Burlatako Udaleko obren arloan lorezaintzako ofiziala (taldeburua) bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu.
10.–Datu pertsonalak babestea.
Burlatako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.
Datuak beste toki-erakunde, sozietate publiko, partzuergo edo beste edozein organismo publikori laga dakizkieke, deialdiko lanpostuaren antzeko lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko, beharren arabera, bat etorriz Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.e) artikuluan ezarritakoarekin:
"Datuen tratamendua beharrezkoa da eginkizun bat betetzeko interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleituriko botere publikoen izenean".
Aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuak beste toki-erakunde, sozietate publiko, partzuergo edo beste edozein organismo publikori laga dakizkieke, deialdiko lanpostuaren antzeko lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko, beharren arabera, bat etorriz Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.e) artikuluan ezarritakoarekin:
"Datuen tratamendua beharrezkoa da eginkizun bat betetzeko interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleituriko botere publikoen izenean".
Emaitzak udalaren webgunean eta iragarki-tauletan argitaratuko dira, deialdian adierazitakoaren arabera.
Interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak ikusteko, zuzenak ez badira zuzentzeko, datuak ezabatzeko eskatzeko, haien tratamenduaren aurka egiteko eta gainerako eskubideez baliatzeko; horretarako helbide honetara jo beharko dute: Burlatako Udala. Larrainetako plaza, 31600 Burlata (Nafarroa). Telefonoa: 948 23 84 00. Helbide elektronikoa: dpd@burlada.es.
Bestetik, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo haren egoitza elektronikoaren bitartez (www.agpd.es).
Gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza, pribatutasun-politikaren atalean."
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdi honen aurka, beronen oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Burlatan, 2024ko urriaren 21ean.–Alkate udalburua, Berta Arizkun González.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
1. Edozein administrazio publikotan, lorezain-ofizialaren eginkizunetan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu urte bakoitzeko.
2. Edozein administrazio publikotan, C mailako beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 0,75 puntu urte bakoitzeko.
3. Edozein administrazio publikotan, deialdiko lanpostuaren mailaz bestelako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,30 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Beste zerbitzu batzuekin batera emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.
3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den denborako zerbitzuei dagokienez, kontatuko dira egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala.
6. Kontuan hartuko dira administrazio publikoetan langile finko gisa nahiz bitarteko gisa egindako zerbitzuak.
B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 8 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.
2. Txostenak edo komunikazioak aurkeztea biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez. Kalifikazio-epaimahaiak baloratuko du, kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik egin den edo taldeka, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, estatukoa edo nazioartekoa den ere.
3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.
4. Goi mailako titulazioa izatea: 4 puntu gehienez.
5. Erdi mailako titulazioa izatea: 3 puntu gehienez.
6. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: 3 puntu gehienez.
Oharrak B) apartatu osorako:
1. Atal honetan, deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko.
2. Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
Iragarkiaren kodea: L2415356
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
