226. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

396/2024 EBAZPENA, irailaren 19koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketaren 2025eko deialdia onesten duena, eta azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharreko tarifak ezartzen dituena.

Abenduaren 15eko 463/1998 Foru Aginduak ezartzen duenez, Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du azterketa hori egiteko lege esparrua, eta probak egiteaz arduratuko diren organo eskudunak eratuko ditu.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko 2025eko azterketarako deia egitea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean zehazten dira. Halaber, 26,20 euroko tarifa ezartzen da azterketa eskubideengatik.

3. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofiziala eratzea eta honako eginkizun hauek esleitzea:

–Aipatu agiria eskuratzeko probak antolatu, diseinatu eta gainbegiratzea.

–Proben prestatzaileak hautatzea.

–Erreklamazioei eman beharreko erantzuna koordinatzea.

–Probak ebaluatzeko eta zuzentzeko irizpideak ezartzea eta epaimahaiak irizpide horiek aplikatzen dituela begiratzea.

4. 2025. urteko azterketarako, honako hauek izendatzea Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofizialeko kide:

–Ignacio Miguel Catalán Librada, batzordeburu arituko baita.

–Josune Aznárez Alkat.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga.

–Eneritz González Fernández.

–Nora Iriarte Osés.

–Miren Oyanguren Castañeira.

–Castillo Suárez García.

–Mikel Vilches Plaza.

–Miren Edurne Ugarte Oiarbide, idazkari arituko baita.

5. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofiziala eratzea 2025eko azterketarako, eta haren gain uztea probak egin eta zuzentzeko lan teknikoak, laneko batzordeetan parte hartzea eta Batzorde Ofizialak esleitzen dizkion eginkizun oro egitea. Eginkizun horiek guztiak Batzorde Ofizialak koordinatuko ditu.

6. Honako hauek izendatzea Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofizialeko kide:

–Miren Edurne Ugarte Oiarbide, batzordeburu arituko baita.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga, idazkari arituko baita.

–Monika Agirre Cascallana.

–Josune Aznárez Alkat.

–Ainhoa Díaz Piñar.

–Izaskun Fernández de Las Heras Ansorena.

–Patxi Flores Lazkoz.

–Joseba Andoni Goikoetxea Barandiaran.

–Eneritz González Fernández.

–Maite Gorospe Lizaso.

–Nora Iriarte Osés.

–Miren Edurne Leonis Sarratea.

–Margarita Macho Aguillo.

–Jose Ramón Olano Etxabe.

–Yolanda Olasagarre Mendinueta.

–Miren Oteiza Piera.

–Miren Oyanguren Castañeira.

–Castillo Suárez García.

–Ana Telletxea Coscolin.

–Mikel Vilches Plaza.

7. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bere gain hartuko ditu matrikulatzeko eta kontrolatzeko lanak, tituluak ematea proposatzekoak eta, orobat, gai horietan eskudunak diren beste erakunde ofizial batzuekin izan beharreko harreman instituzionalak.

8. 2025eko azterketako probak bukaturik, epaimahaiak gainditu dutenen eta suspenditu dutenen zerrenden aktak igorriko dizkio Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, baimena emanen du probak gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) emateko. Agiri horiek Hezkuntzako kontseilariak sinatuko ditu.

9. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

10. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera, EGAren Bulegora, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrora, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta aipatu Batzordeko eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

11. Ebazpen honen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko irailaren 19an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria. Betebeharrak.

a) Azterketetan parte hartzeko, 16 urte beterik izan beharko dira 2024ko abenduaren 31rako.

b) Desgaitasunen bat duten pertsonek azterketak egiteko neurri bereziak jartzeko eska dezakete. Izena emateko orrian eskatu beharko dute hori, eta desgaitasuna behar bezala frogatzeko organo eskudunak emandako agiriaren kopia aurkeztu. Batzorde Ofizialak beharrezkoak diren egokitzapenak ezarriko ditu eta une oro bermatuko du azterketan frogatu beharreko gaitasun maila ez dela murriztuko.

2. oinarria. Azterketaren egitura.

Azterketak hiru proba ditu:

1. Atariko proba.

Test moduko 80 galdera (80 puntu), honako gaitasun eta jakintza hauek ebaluatzeko:

–Hizkuntza baliabideen erabilera. Bi ariketa izanen ditu, hizkuntzaren erabileraren zuzentasuna eta egokitasuna neurtzeko:

a) 40 itemeko testa, aukera anitzekoa (a-b-c-d). 40 puntu.

b) 10 itemeko cloze testa, aukera anitzekoa (a-b-c). 10 puntu.

–Ahozko ulermena. Grabatutako testu batzuei buruzko zenbait ataza egin beharko dira. Grabazioak bi aldiz entzunen dira. Atazen formatua askotarikoa izan daiteke: aukera anitzeko itemak, ahozko testuak enuntziatuekin lotzea...

–Idatzizko ulermena. Testu idatzi batzuei buruzko zenbait ataza egin beharko dira. Atazen formatua askotarikoa izan daiteke: aukera anitzeko itemak; testu idatzietako zatiak enuntziatu laburrekin lotzea; paragrafoak enuntziatu luzeekin osatzea; hutsuneak osatzea erantzuteko emandako aukeretako bat hautatuz.

Atariko probak 2 ordu eta 30 minutu iraunen du.

2. Idatzizko proba. Bi ataza egin beharko dira:

–1. idazlana: erreklamazio, eskaera edo kexa bat egiteko gutun formala, edo gutun pertsonal bat, erregistro ez-formalean, 180 hitzekoa, gutxienez. Bi gai emanen dira, bat aukeratzeko.

–2. idazlana: argudio edo azalpen testu bat, 250 hitzekoa, gutxienez. Bi gai emanen dira, bat aukeratzeko.

Idatzizko probak 2 ordu iraunen du.

3. Ahozko proba. Bi ataza egin beharko dira:

–Gai bat ahoz azaltzea, testu bat abiapuntu harturik. Azterketari bakoitzak 5 minutu izanen ditu testu hori ahoz azaltzeko. Aurretik 30 minutu izanen ditu prestatzeko.

–Elkarrizketa: bakarkako azalpenak bukaturik, azterketariek bat-bateko iritzi-trukea eginen dute azalpen horietan hizpide izan dituzten gaien gainean. Bigarren zati honek 10 minutu iraunen du.

Ahozko proba, salbuespenak salbuespen, binaka eginen da.

3. oinarria. Proben balorazioa.

a) Atariko proban 80 puntu atera daitezke, gehienez. Proba gainditzeko eta azterketaren hurrengo fasera pasatzeko, 52 puntu atera behar dira, gutxienez (%65). Proba guztia irakurgailu optiko baten bidez zuzenduko da.

b) Idatzizko probaren atazen kalifikazioetan alderdi hauek hartuko dira kontuan: a) genero diskurtsiboari egokitzea; b) diskurtsoaren antolaketa; c) hizkuntzaren aberastasuna eta zehaztasuna; d) zuzentasuna. Atazetako bakoitzak 10 puntu balioko du, gehienez ere, eta azken puntuazioa bi ataza horietan lortutako puntuazioen batura izanen da. Proba gainditzeko 10 puntu atera behar dira, gutxienez. Azken kalifikazioa zenbakiz eta Gai edo Ez Gai jarriz adieraziko da.

Pliken sistema erabiliko da anonimotasuna bermatzeko. Epaimahaiaren kalifikazioa bakarra da.

c) Ahozko probaren atazen kalifikazioetan alderdi hauek hartuko dira kontuan: a) egokitzapena; b) jarioa; c) diskurtsoaren antolaketa; d) hizkuntzaren aberastasuna eta zehaztasuna; e) zuzentasuna; f) interakzioa.

Atazetako bakoitzak 10 puntu balioko du, gehienez ere, eta azken puntuazioa bi ataza horietan lortutako puntuazioen batura izanen da. Proba gainditzeko 10 puntu atera behar dira, gutxienez. Azken kalifikazioa zenbakiz eta Gai edo Ez Gai jarriz adieraziko da.

Azterketariek binaka eginen dute proba hau, salbuespenak salbuespen. Epaimahaiaren kalifikazioa bakarra da.

d) EGA agiria eskuratzeko, azterketetako hiru probak (atarikoa, idatzia eta ahozkoa) nahitaez eta elkarren jarraian gainditu beharko dira. Aipatutako probak baztergarriak izanen dira eta deialdi batetik bestera ez da notarik gordeko.

4. oinarria. Agiriak eta matrikula egiteko epeak.

a) Azterketarako matrikula egiteko epea azaroan eta/edo abenduan izanen da. Data zehatzak https://www.navarra.es/es/inicio eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

b) Matrikula formalizatzeko, interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, beterik, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, Nafarroako Gobernuaren Erregistroan edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarraren arabera:

–Eskabide orokorra

–NANaren fotokopia.

–Matrikula inprimakia.

–Familia ugariaren txartelaren edo Familia Liburuaren fotokopia (bidezkoa denean), argi irakurtzeko modukoa.

–Azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharreko zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirubilketa Kontuan sartu izanaren gordekina (bidezkoa denean).

–Legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia, organo eskudunak emana.

–Legeen arabera genero-indarkeriaren biktima dela frogatzeko agiriaren kopia, organo eskudunak emana.

–Legeen arabera guraso bakarreko familia bateko kide dela frogatzeko agiriaren kopia, organo eskudunak emana.

–Legeen arabera terrorismoaren biktima dela frogatzeko agiriaren kopia, organo eskudunak emana.

c) Azterketa eskubideak.

–Azterketa egiteko eskubideengatik 26,20 euro ordaindu beharko dira.

–1. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, 13,10 euro ordaindu beharko dira, eta 2. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, matrikula doan izanen da. Bi kasuetan deskontuak 21 urte bete arte balioko du, hots, matrikula egiten den egunean 21 urte edo gutxiago badituzte. Deskontua 25 urte bete arte luza daiteke, azterketaria bere adinaren eta titulazioaren araberako ikasketak egiten ari bada. Hala denean, ikasketa horiek egiaztatzeko, ziurtagiria edo matrikula ofizialaren agiria eta matrikula ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko ditu.

–Guraso bakarreko familia orokorreko kide izanez gero, 13,10 euro ordaindu beharko dira, eta guraso bakarreko familia bereziko kide izanez gero, matrikula doan izanen da.

–Ekintza terroristen biktimak, baita haien ezkontide eta seme-alabak ere, azterketa eskubideak ordaintzetik salbuetsita daude.

–Genero-indarkeriaren biktimak, baita haien seme-alabak ere, azterketa eskubideak ordaintzetik salbuetsita daude.

–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonek 13,10 euro ordainduko dituzte.

–%65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak azterketa eskubideak ordaintzetik salbuetsita daude.

–Izena eman eta gero, izangaiak ez du eskubiderik matrikularen zenbatekoa itzul dakion, ez bada salbuespenezko arrazoi bat dagoela tartean, eta beti dagokion frogagiria aurkeztu eta gero.

d) Azterketara onartzen eta baztertzen diren pertsonen behin-behineko zerrendak eta behin betikoak 2025eko urtarrilean edo otsailean argitaratuko dira.

e) Azterketara onartzen eta baztertzen diren pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratzen direnean jakinaraziko dira zerrenda horiei erreklamazioak jartzeko epeak. Data zehatzak https://www.navarra.es/es/inicio eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira 2025eko urtarrilean edo otsailean.

Epe horiek bukaturik, interesdunek ez dute inolako dokumentazio gehigarririk aurkezten ahalko.

f) Azterketara onartzen eta baztertzen diren pertsonen behin betiko zerrendak erreklamazio epeen ondoren argitaratuko dira, eta epe horiek gorago aipatu diren izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendekin batera emanen dira ezagutzera. Data zehatzak https://www.navarra.es/es/inicio eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

g) Probak egin ahal izateko, azterketariek NANa edo agiri baliokideren bat aurkeztu beharko dute.

5. oinarria. Probak egiteko eguna eta emaitzak argitaratzea.

a) Proba guztiak egiteko ezartzen diren egunak finkoak dira azterketari guztientzat, eta ezin izanen dira aldatu. Azterketaren lehendabiziko proba (atariko proba) 2025eko otsailean eginen da. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeaz batera adieraziko da probak noiz eta non eginen diren eta zein ordutan hasiko diren. Azterketen egun guztiak matrikula epearen hasierarekin batera jakinaraziko dira https://www.navarra.es/es/inicio eta www.ega.navarra.es webguneetan.

Ondoren, proba bakoitzaren emaitzekin batera, epaimahaiak hurrengo proba egiteko datak, ordutegiak eta tokiak berretsiko ditu https://www.navarra.es/es/inicio eta www.ega.navarra.es webguneetan.

b) Egon litezkeen erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, EGA azterketaren hiru probetako bakoitzaren kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasi eta bi egun balioduneko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako baliabideetako edozein erabiliz, urriaren 1eko 39/2015 Legearen lehendabiziko xedapen indargabetzaile bakarraren indarrez. Batzorde Ofizialak ebatziko ditu erreklamazioak eta EDUCA plataforman argitaratuko dira.

c) Proben berrikuspena EGA azterketa osatzen duten proba guztiak bukatu eta gero hasiko da, ahozko probaren behin betiko kalifikazioak eta horiei egindako erreklamazioen emaitzak argitaratu eta gero, eta horrek ez du ekarriko kalifikazio-aldaketarik. Ekitaldi horretara azterketaria baino ezin da joan, NANarekin edo balio bereko dokumentazioarekin. Berrikuspena 2025eko ekainaren 13an eskatu beharko da, eta berrikuspen-egintza ekainaren 24an izanen da.

d) Proben berrikuspenen helburua da azterketariak emandako erantzunak ikustea, besterik ez, eta saio horretan ezin izanen dira epaimahaiak azterketako probetan proposatutako azterketa-orriak ikusi. Horrela, atariko proban azterketariak bere erantzun-orria baino ez du ikusiko, plantilla ofizialaren arabera zuzenduta, baieztatu ahal izateko asmatutako erantzunen puntuazioen batura ongi dagoela; idatzizko proban, bere idazlanak ikusiko ditu, eta ahozko proban, bere ahozko ekoizpenaren bideo-grabazioa.

Idatzizko eta ahozko proben kasuan, azterketariak epaimahaiak egindako zuzenketa-txantiloi bat jasoko du. Txantiloi horretan, 3. oinarrian aipatutako ebaluazio irizpideen arabera egindako zuzenketa aipagarrienak adieraziko dira.

e) Proba bakoitza bukatutakoan, azterketariak informazio-orri bat jasoko du, egin berri duen probari buruzko xehetasun egokiekin: behin-behineko kalifikazioak argitaratzeko eguna, behin betiko kalifikazioak argitaratzeko eguna, erreklamazio prozesua eta berrikuspenaren prozesua.

f) Azterketa gelara azterketaria baino ezin izanen da sartu.

g) Atariko proba arkatzez eginen da, ahal dela.

h) Idatzizko proba ezin da ez arkatzez ez boligrafo ezabagarriz egin.

i) Probetatik jokabide desegokiagatik baztertuz gero, hautagaiak galdu eginen ditu aribideko deialdiko azterketa-eskubideak. Izangai hori baztertuta geldituko da, eta ez du eskubiderik izanen bere azterketa kalifikatua izan dadin.

j) Argazkiak edo grabazioak egiteko balio duten gailu elektroniko guztiek, hala nola telefono edo erloju adimendunek, itzalita eta poltsan gordeta egon beharko dute. Arau hori betetzen ez duena berehala baztertuko da, eta, horrenbestez, azterketa egiten segitzeko eskubidea galduko du.

6. oinarria. Ahozko proba grabatzea.

Oro har, ahozko proba guztiak grabatuko dira.

7. oinarria. Agiria emateko eskubideak.

Behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko probak gainditu dituzten azterketariek, EGAren Bulegotik bidaliko zaizkien oharrei jarraituz, titulua eskuratzeko tarifa sartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketako kontuan, eta, diru-sarrera hori egin dutela dioen ordainagiriarekin, titulua eskatzen ahalko dute.

Behin-behineko ziurtagiri bat emanen da, eta bertan agertuko den emate-data ez da izanen EGAren Bulegoak EGA titulua emateagatiko tasa ordaintzeko ezartzen duen epearen hasiera-eguna baino lehenagokoa.

Ordaindu beharreko tarifa Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Legean ezarritakoa izanen da, zehazki, titulua ematen den unean indarra duen foru legean ezartzen dena.

Era berean, tituluaren agiri berri bat eskatzen bada, dela aurrekoa galdu delako, dela izangaiaren datuak aldatu direlako, foru lege horretan ezarritako tarifa ordaindu beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2413754