1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
964E/2024 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Murchanteko udal plan orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz, Murchanteko Udalak sustaturik. Aldaketak Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriek ukituko dituzten lurzoruei eragiten die.
Aldaketari hasiera bateko onespena eman zitzaion 2023ko martxoaren 30ean, zeina iragarki baten bidez argitara eman baitzen 2023ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 20koan.
Aldaketaren helburua da lurzoru azpikategoria berri bat sartzea eta mugatzea gorde beharreko lurzoru urbanizaezinen barruan, hots, "ustiapen naturalerako balioa" duen lurzorua. Horrela, aukera egonen da lurzoru horri behar bezalako antolaketa emateko, benetan dituen balioei egokitua.
Aldaketaren abiapuntua da indarrean dagoen plangintzan ez dela jasotzen gorde beharreko nekazaritza lurzorurik; izan ere, udalerriko nekazaritza-azalera gehiena babestu beharreko lurzoru gisa agertzen da, "Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriak" direlako. "Nafarroako Ubidearen UGPSaren 2. faseko" eremu ureztagarriek ukitutako esparrua zehatz-mehatz doitu eta mugatu ondoren, hirigintza-sailkapenik gabeko nekazaritza-lurzoru batzuk hauteman dira, erabileren eta jardueren erregulazio zehatzik ez dutenak. Hortaz, aldaketaren helburua da egoera hori konpontzea.
Aldaketaren aplikazio eremua udal mugarteko nekazaritza-lurzoruak dira, hiri lurzoru urbanizagarri gisa kategorizatuta dagoena izan ezik, bai eta Queiles ibaiaren ibarrak ere, bat datozenak indarreko plangintzan "Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina-Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarri" gisa kategorizatuta dauden lurrekin.
Nekazaritza-lurzoruen antolamenduari heltzeko, udalerriaren ingurumen karakterizazioa hartu da oinarri, kontuan harturik elementu fisiko eta biotiko garrantzitsuenak, bai eta balio produktibo eta edafologikoak, ureztatzeko ahalmena eta erabilerak ere. Hiru eremu identifikatzen ditu (iparraldetik hegoaldera): La Torre parajea, erdialdeko nekazaritza-lursail zabala eta Queiles ibaiaren ibarra. Proposamenean, eremu horiek "gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa" jasotzen dira, ustiapen naturalerako balioa dutenak, eta eremu bakoitzari azpikategoria hauek esleitzen zaizkio, hurrenez hurren: "1. motako ureztalurrak", "2. motako ureztalurrak" eta "3. motako ureztalurrak" (2. planoa-antolamendua). Lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria berri horiek hirigintza araudi orokorrera aldatzen dira (Gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izena duen II. kapituluaren 3. ataleko 65. artikuluaren bitartez), eta honako hauek ezartzen dira jarduera baimendu gisa: energia berriztagarrien instalazioak eta nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari, ehizari edo baliabide naturalen zuzeneko ustiapenari lotutako industria-instalazioak, lurzoru urbanizaezinean kokatu beharrekoak.
Ingurumen arloko txostena:
Nafarroako Ubidearen 2. faseko eremu ureztagarriei dagokienez, informazio gisa, haien mugaketa eguneratzen da, Ebroko Arroaren Plan Hidrologikoan oinarrituta, eta indarrean dagoen plangintzaren araudia mantentzen da. Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Plana eguneratzeko duela gutxi egindako proposamenaren arabera, La Torre Komunitatearen ureztalur gehienak ere Nafarroako Ubidearen 2. fasean sartuko lirateke, udal planaren aldaketan jaso ez bada ere. Horrek ez du ingurumenaren gaineko ukipenik eraginen.
Udal plan orokorra aldatzearen ondoriozko aldaketek ez dakarte funtsezko aldaketarik indarrean dagoen plangintzak ezarritako araudian; izan ere, daukaten ingurumen eta kultura balioengatik babesa behar duten elementuen babesa mantentzen da, besteak beste honako hauena, hain zuzen: "Pulguerko urmaela" Babes Bereziko Eremua (BEE), "Pulguer ingurua" izeneko estepako hegaztientzako intereseko eremua, "Lurralde konektagarritasunagatiko" babes bereziko eremua eta baso eremuak.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematen da Murchanteko udal plan orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz, ingurumenaren gaineko ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriek ukituko dituzten lurzoruei eragiten die eta haren sustatzailea Murchanteko Udala da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Murchanteko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2414772