1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
963E/2024 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita barazkiak manipulatzeko eta izozteko industriaren instalazio batean funtsezko aldaketa bat egiteko, arto-lerro berria, brokoli-lerro berria, galdarraztatze-eremua eta izozte-tunelak jartzeko proiektua gauzatzeko helburuarekin. Beraz, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Fustiñanako udal-mugartean dago eta haren titularra Congelados de Navarra SAU da.
Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 427E/2022 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 26ko 229E/2023 Ebazpenaren bidez aldatu zena.
Instalazioa sartuta dago, batetik, Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) ii) epigrafean, hots, "Landareetatik ateratako lehengaia, aldez aurretik tratatua edo ez, tratatu edo eraldatzeko instalazioak, ontziratze hutsekoak izan gabe, elikagaiak edo pentsuak ekoizteko, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa edo egunean 600 tonatik gorakoa dutenak, baldin instalazioak gehienez 90 egun segidan funtzionatzen badu edozein urtetan" izenekoan (legearen testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen); eta, bestetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratua) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b) ii) epigrafean, hots, "Landareetatik bakarrik ateratako lehengaia, aldez aurretik tratatua edo ez, tratatzeko eta eraldatzeko instalazioak, ontziratze hutsekoak izan gabe, elikagaiak edo pentsuak ekoizteko, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa edo egunean 600 tonatik gorakoa dutenak, baldin instalazioak gehienez 90 egun segidan funtzionatzen badu urte arrunt batean" izenekoan (testuaren bertsio bateginaren arabera).
2023ko maiatzaren 3an, titularrak jakinarazi zuen bere instalazioa aldatzeko proiektua, arto-lerro berria, brokoli-lerro berria, galdarraztatze-eremua eta izozte-tunelak jartzeko. 2023ko maiatzaren 30ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.
Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.
Aldaketa proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2.b multzoan sartuta daudenetakoa da eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar zuen.
Espedientea tramitatu da honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, eta Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea.
Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritakoarekin (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira hogeita hamar egunez, eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 27E/2024 Ebazpenaren bidez, proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren txostena egin da, aldekoa. Ebazpen honen III. eranskinean, ingurumen inpaktuaren txostenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 48. artikuluan xedatutakoarekin.
Egiaztatu da ezen aurkeztutako dokumentazioarekin justifikatu dela betetzen dela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa, horretan ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen IV. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimena ematea barazkiak manipulatzeko eta izozteko industriaren instalazio batean funtsezko aldaketa bat egiteko, arto-lerro berria, brokoli-lerro berria, galdarraztatze-eremua eta izozte-tunelak instalatzeko proiektua gauzatzeko helburuarekin. Beraz, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Fustiñanako udal-mugartean dago eta haren titularra Congelados de Navarra SAU da.
Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.
Hirugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Laugarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat etorriz. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori.
Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoituta adierazi beharko du aldaketa funtsezkotzat jotzen duen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.
Seigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Zazpigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Industria-ur araztuen kolektorearen gaineko ingurumen ukipenen txostenean eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 2ko 1197E/2021 Ebazpenean eskatutako neurriak justifikatzen dituen dokumentua.
Zortzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitze proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.
Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamabigarrena.–Ebazpen hau igortzea Congelados de Navarra SAUri, Fustiñanako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2414760