226. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

210E/2024 EBAZPENA, urriaren 16koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezietarako dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 791271.

2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. "Talentuaren nazioarteko proiekzioa" Planaren 2. erronkak 5. neurria jasotzen du: "SINAIko agenteek kontratatutako ikertzaileen nazioarteko egonaldiak sustatzea". Helburua da ezagutza osagarriak eskuratu eta etorkizuneko baterako ekintzak ekarriko dituzten nazioarteko aliantzak sortzen laguntzea.

Doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright bekak Espainiako unibertsitate batean doktoretza egiten ari diren eta beren tesirako ikerketaren zati bat Estatu Batuetan egin nahi duten Espainiako doktoregaientzat dira. Deialdi honekin lortu nahi dena da Nafarroako unibertsitateetan doktoretza egiten ari diren ikasleetatik gutxienez bat edo, ahal bada, bi egonaldi horietara joatea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezietarako deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, 55.000 euroko kreditu bat baimentzen da, kreditu egokia eta behar bestekoa egotearen baldintza etengarriarekin, eta 2024ko gastuen aurrekontuko G20001-G2100-4800-467300 Fulbright bekak / Nafarroako Foru Komunitatea partidaren baliokide gisa 2025eko ekitaldian onesten den partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko urriaren 16an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako unibertsitateren batean doktoretza egiten ari diren Espainiako goi mailako tituludunek beren ikerketa Estatu Batuetako unibertsitate edo ikerketa zentro batean egitea, sei eta hamabi hilabete bitarteko egonaldi batean.

Horretarako, dirulaguntzaren bidez, bekadunen bidaia gastuak eta hileroko esleipen bat ordainduko dira, kontzeptu hauek barne hartuta: ostatua eta mantenua, proiektuaren gastuak, helmugako zentroko tasak eta mediku asegurua eta lehen ezarpenaren gastuak.

Nafarroako Foru Komunitatea - Fulbright beken programa doktoratu aurreko ikerketarako 2025-2026 ikasturterako Fulbright beken 7. deialdian parte hartu duten eta deialdi horretan titulazioarekin eta merituekin lotuta eskatutako betekizunak betetzen dituzten Foru Komunitateko doktoregaiei zuzenduta dago.

2. oinarria.–Beken kudeaketa.

Fulbright Batzordeak kudeatuko ditu bekak. Aipatutako batzordea erakunde laguntzailetzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak eta Espainiaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko Kultura, Hezkuntza eta Zientziaren Trukerako Batzordeak 2024ko irailaren 27an sinatutako hitzarmenak eraenduko ditu erakundeak bere gain hartutako baldintzak eta betebeharrak.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroako unibertsitate bateko doktorego programa batean matrikulatuta dauden goi mailako tituludunek, baldin eta 2025-2026 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 7. deialdian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta deialdi horretan parte hartzen badute.

2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

3. Programa honen bateraezintasunak 2025-2026 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 7. deialdian zehaztuta daude.

4. oinarria.–Programaren zuzkidura.

2025-2026 ikasturterako beken zuzkidura eta gastuen kontzeptuak doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 7. deialdian ezartzen dira, eta barne hartzen ditu Fulbright programan ezarritako zerbitzuak.

Nafarroako Foru Komunitatea - Fulbright beken programaren gehienezko dirulaguntza 49.107 eurokoa izanen da, beka bat edo bi emateko. Esleitutako zenbatekoa agortuz gero, Fulbright Batzordeak beketako baten kostua osatzen ahalko du onuradunen kopurua maximizatzeko.

5. oinarria.–Beken iraupena.

Bekek gutxienez sei eta gehienez hamabi hilabete iraunen dute, eta ez tarte hori berritzen ez luzatzen ahalko. Egonaldia 2025eko irailaren 1etik 2026ko urtarrilaren 15era bitartean hasten ahalko da, eta beranduenez 2026ko abenduaren 31n amaitu beharko da. Salbuespen gisa, eta gonbidapen gutunean behar bezala justifikatzen bada soilik, egonaldia 2025eko abuztuaren 1etik aurrera hastea onetsiko da. Ez da beste ikasturte batera atzeratzen ahalko.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Fulbright Batzordeak kudeatu eta garatu ditu bekak, eta horien jarraipena ere eginen du; beraz, beken gaineko eskabideak, komunikazioak eta eskatzen ahal diren gainerako agiriak Fulbright Batzordearen plataforma elektronikoan aurkeztuko dira, https://fulbright.es helbide elektronikoaren bidez.

2. Eskabideak aurkezteko epea 2025-2026 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 7. deialdian zehaztutakoa izanen da.

3. Eskabide elektronikoa egiteko inprimakia erabilgarri egonen da. https://fulbright.es/programas-y-becas/convocatorias/investigacion-predoctoral/2025/1914/. Eskabideen inprimaki guztiak Fulbright Batzordearen datu base elektronikoan gordeta geratuko dira.

4. Aurkeztu beharreko dokumentazioa 2025-2026 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 7. deialdian zehaztutakoa izanen da.

5. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hogei eguneko epean, Fulbright Batzordeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio Nafarroako unibertsitate bateko doktorego programa batean matrikulatuta egonik deialdi honetarako hautagai diren pertsonen eskabideen dokumentazio guztia, baita eskabidea Fulbright atarian aurkeztu izanaren egiaztagiria ere.

7. oinarria.–Hautaketako eta ordenazioko prozesua, izapideak eta ebazpena.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak ebaluatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, 2025-2026 ikasturterako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beken 7. deialdian zehaztutako irizpideei jarraikiz.

2. Fulbright Batzordeak, erakunde laguntzaile gisa, hautaketa prozesua kudeatuko du eta egiaztatuko du hautagaiek erabat betetzen dituztela deialdian eta eskabidean ezarritako betekizunak.

3. Hautaketa prozesua amaitu ondoren, Fulbright Batzordeak Nafarroako unibertsitateetako batean matrikulatuta dauden eta unibertsitatearen beraren programaren bidez finantzatutako beka jaso duten pertsonen eskabideen berri emanen du, eta finantzaketarik ez duten eta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezien deialdiaren bidez finantzatu ahal izateko betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideak proposatuko ditu.

4. Finantzaketarako proposatutako pertsonek eta Fulbright Batzordeak dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.7 artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzearen esparruan, lege beraren 13.2 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean ere ez dagoela egiaztatzen duena.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatearen egiaztagiriak:

Fulbright Batzordeak dokumentazio hori finantzaketa proposamenarekin batera sartuko du. Baldin eta 4.a) eta 4.b) apartatuetan aurkeztutako agiriek ez badituzte betetzen adierazitako betekizunak, eskabidean atzera egin dela ulertuko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.

5. I+G+b Zerbitzuak, prozedura izapidetu eta antolatzeko organo eskuduna den aldetik, laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari helaraziko dio.

6. I+G+b Zerbitzuaren proposamena Batzordearen txostenean oinarritu beharko da, deialdi honen 3. oinarrian ezarritako betekizunak egiaztatu ondoren.

Ebazpen proposamenean hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskabideen zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Era berean, erreserbako pertsonen zerrenda bat argitaratuko da, halakorik balego, eta gehienez ere iragarritako beken kopuru bikoitza izanen dira.

7. Ebazpena gehienez ere hamar eguneko epean jakinaraziko zaie adjudikaziodunei, eta baita Fulbright Batzordeari ere. Bestalde, Batzordeak Estatu Batuetako J. William Fulbright Foreign Scholarship Board batzordeari aurkeztuko dio ebazpena, azken onespena eman dezan.

8. Ebazpena telematikoki eman eta jakinaraziko zaie onuradunei, gehienez ere sei hilabeteko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epealdi horretan berariazko ebazpena ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

9. Beharrezkoa izanen da J. William Fulbright Foreign Scholarship Board batzordeak hautaketa berrestea eta "Exchange Visitor (J-1)" bisa lortzea beka ordaintzeko.

10. Baldin eta onuradunen batek bekari uko egiten badio edo ez baditu betetzen beka eskuratzeko betekizunak, aurrekontu kreditu faltagatik soilik ezetsita geratu diren eskabideei ematen ahalko zaie dirulaguntza. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Bekaren aldia amaitzean, bekadunek bi hilabeteko epea izanen dute Fulbright Batzordeari 2.500 eta 3.000 hitz arteko txosten bat aurkezteko. Horretan, egindako ikerketari buruzko datuak eta lortutako emaitzak jasoko dira. Txostena baliabide elektronikoen bidez aurkeztu behar zaio Fulbright Batzordeari, eta hark I+G+b Zerbitzuari bidaliko dio, jaso duenetik hilabeteko epean.

2. Fulbright Batzordeak, bekaren kudeaketan laguntzen duen erakundea den aldetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean justifikatu beharko du bekadunei funtsak eman zaizkiela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Dirulaguntzaren gastu guztiak kontzeptutan banakatuta aurkeztu behar dira.

4. Fulbright Batzordeak dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusian, diruz lagundutako ikerketa ofizialki amaitzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen I. tituluaren IV. kapituluan ezarritakoaren arabera egin beharko da.

5. Dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, justifikazio kontua eta dagozkion gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluari jarraikiz.

Justifikazio kontuak dokumentazio hau jaso beharko du:

1.a Dirulaguntza emateko orduan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

2. Egindako jardueren kostua frogatzen duen memoria ekonomikoa.

Gastuak fakturen bidez eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten gainerako dokumentuen bidez frogatuko dira, jatorrizkoak izan edo fotokopia konpultsatuak izan. Baldin eta esleipenen izaeragatik ez bada fakturarik egin behar, erakunde laguntzailearen ziurtagiria justifikazio gisa onetsiko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. J. William Fulbright Foreign Scholarship Board batzordeak hautaketa berretsi eta "Exchange Visitor (J-1)" bisak lortu ondoren, eta Fulbright Batzordeak hala eskatuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak emandako laguntzen zenbateko osoa ordainduko dio Fulbright Batzordeari, barne hartuta Fulbright Batzordeari lotutako kudeaketa kostuak ere.

2. Fulbright Batzordea arduratuko da onuradunei hileko esleipenari dagozkion zenbatekoak aldez aurretik ordaintzeaz.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak

1. Oinarri hauetan arautzen diren beken onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Agiri bidez justifikatzea, hala eskatzen zaienean, dirulaguntza ematea ahalbidetzen duten betekizunak betetzen direla, hala deialdia arautzen duten oinarrietan nola Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean jasotakoari jarraikiz.

b) Ikerketa programa osoa betetzea eta horretatik probetxu ateratzea.

c) Helmugako erakundeak, erakunde laguntzaileak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak eskatutako txostenak, inprimakiak eta gainerako dokumentuak betetzea.

d) Ikerketa proiektua garatzen ari den zentroan geratzea. Zentrotik joateko edo hura aldatzeko, ikerketa proiektua aldatzeko, aldi baterako Espainiara joateko edo baimendutako data baino lehen itzultzeko edozein eskaera AEBko erakunde kudeatzaileari proposatu beharko zaio, erakundeak Batzordearen oniritzia eska dezan eta, aldi berean, Batzordeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren oniritzia eska dezan.

e) AEBn J-1 bisarekin sartzea –Fulbright bekaren onuradun guztientzat adierazitakoa da hori–. Indarrean dagoen araudiari jarraikiz, horrelako bisaren onuradunak konpromisoa hartu behar du, ikasketen edo ikerketaren aldia amaitu ondoren, AEBn bizileku iraunkorrik ez finkatzeko (Immigrant Visa), bisa amaitzen zaionetik bi urte igaro arte. Aldiz, AEBra itzultzen ahalko da bestelako ikasketako edo ikerketako bisa batekin (Non-Immigrant Visa), J-1 bisaren kategoriaren araberako epe bat igaro ondoren.

f) Egindako ikerketaren azken txostena eta lortutako emaitzak aurkeztea. Txostenak 2.500 eta 3.000 hitz arteko luzera izan beharko du, gutxienez. Dokumentazioa Fulbright Batzordeari entregatuko dio, bekaren aldia amaitu eta bi hilabeteko epean. Batzordeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio dokumentazio hori.

g) Baldin eta Nafarroako Foru Komunitatea - Fulbright bekaren kontura egindako ikerketaren ondorioz argitalpenen bat sortzen bada, ikerketa aipatutako bekari esker egin dela aipatu beharko da.

h) Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizun guztiak betetzea.

2. Gainera, bekadunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 39. artikuluetan oro har ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, justifikatu beharko dute zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik.

3. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

4. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

11. oinarria. –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren eta erakunde laguntzailearen betebeharrak.

1. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren betebeharrak:

a) Aipatutako hitzarmenaren seigarren klausularen 3. puntuan jasotakoa betez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak Fulbright Batzordeari transferituko dio beken eta Fulbright Batzordearen kudeaketaren zeharkako kostuen zenbateko efektiboa, zeina beketarako emandako zenbatekoaren %12koa izanen baita, bekak behin betiko eman ondoren eta, beranduenez, 2025eko azaroaren 30a baino lehen.

b) Fulbright Batzordeak, funtsak jaso ondoren, onuradunari hileko esleipenari dagozkion zenbatekoak ordainduko dizkio aldez aurretik.

2. Erakunde laguntzailearen betebeharrak:

Fulbright Batzordeak, ebazpen honen bidez iragarritako beken kudeaketan erakunde laguntzailea den aldetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean jasotakoaren ondorioetarako, betebehar hauek izanen ditu, lege horren 10. eta 13. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz:

a) Egiaztatzea, zenbatekoak kobratu aurretik, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela; horretarako, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu bekak esleitu ondoren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak funtsak transferitu aurretik.

b) Bekadunei jasotako funtsak entregatzea hitzarmen honetan, dagozkien oinarri arautzaileetan eta deialdian bertan jasotakoari jarraikiz. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren funtsak jaso ondoren, hileko esleipenari eta bidaiarako laguntzari dagozkien zenbatekoak helaraziko dizkie bekadunei, aldez aurretik.

c) Bekadunek bekaren oinarri den ikerketa egin dutela egiaztatzea; horretarako, bekaren aprobetxamendua justifikatzen duten txostenak gainbegiratuko ditu eta jasotako zenbatekoak itzultzeko espedientea abiarazteko arrazoi izaten ahal diren ez-betetzeen berri emanen du.

d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari justifikatzea jasotako funtsak bekadunei eman zaizkiela, eta bekadunek aurkeztutako amaierako txostena entregatzea. Bekak amaitu ondoren, Batzordeak gastu efektiboen likidazioa aurkeztuko dio, justifikazio kontu sinplifikatuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiari, eta, hala badagokio, dagokion dirua itzuliko dio.

e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak funtsen kudeaketari buruz egiten ahal dituen egiaztapenak onestea, baita eskumena duten kontrol organoek egiaztapen eta kontrol finantzariorako egiten ahal dituzten bestelako jarduerak ere, eta lan horien ondorioz eskatzen zaion informazioa ematea.

12. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakinaraztea eta zabaltzea.

1. Hala onuradunek nola Fulbright Batzordeak, parte hartzen duen ikerketa proiektuaren edo, oro har, laguntzen inguruko argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela adierazi beharko dute.

Tesi dokumentuan zein edozein argitalpen edo aipamen publikotan testu hau sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak Fulbright beka finantzatu du, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateetako doktoregaientzako doktoratu aurreko ikerketarako Fulbright beka berezien deialdiaren esparruan".

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiltzen ahal da. Hemen dago eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Era berean, "doktoregai" terminoaren ordez, doktoregaiaren izena eta bi abizenak jartzen ahalko dira.

2. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

13. oinarria.–Bateraezintasunak.

Ez da beka jasotzen ahalko ezein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk –Estatukoa, Europar Batasunekoa nahiz nazioartekoa– kontzeptu berdinengatik edo antzekoengatik beste edozein beka edo laguntza ekonomiko emanez gero, Fulbright Batzordearen aldez aurreko baimenik gabe. FPU eta FPI laguntzak programa honekiko bateragarriak dira, baina beharrezkoa izaten ahal da iraupenean eta/edo zuzkiduran doikuntza batzuk egitea.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoak, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2415016