224. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Akats zuzenketa, Hondakinen kudeaketa arautzeko ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespenean

Aipatu ordenantzaren aldaketaren argitalpenean (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 214. zenbakia, 2024ko urriaren 22koa) akats bat atzeman da, ez baita argitaratu bigarren xedapen iragankorra, HONDAKINEN BILKETA LANDA-EREMUAN. Hortaz, jarraian argitaratzen da dagokion zuzenketa.

Iruñean, 2024ko urriaren 23an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEKO HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

Bigarren xedapen iragankorra.–Hondakinen bilketa landa-eremuan.

A) Gai organikoen bilketa.

1. Hiri-eremuaren barnean egongo dira toki-entitate eta biztanle-entitate hauek: Antsoain, Mutiloa, Barañain, Beriain, Artika, Aitzoain, Berriobeiti, Berriogoiti, Berriozar, Burlata, Ororbia, Zizur Txikia, Olloki, Arre, Cordovilla, Uharte, Zuasti, Noain, Orkoien, Iruña, Gorraitz, Olatz, Sarriguren, Atarrabia, Zizur Nagusia.

Gainerako toki-entitateak eta biztanle-entitateak landa-eremuaren barnean egongo dira.

2. Arau nagusi moduan, gai organikoen kudeaketa etxeko eta auzoko konpost-ontzien bidez egingo da landa-eremuan.

Arau nagusi moduan, landa-eremuko edukiontzi-gune guztiek auzoko konpost-ontzi bat edo zenbait edukiko dituzte lotuta, inguruetan. IZSAren zerbitzu teknikoek erabakiko dute gune horietako bakoitzean auzoko zenbat konpost-ontzi kokatu.

Udalerri edo kontzeju bakoitzean, gutxienez edukiontzien gune batek auzoko konpost-ontzi bat edo zenbait eduki beharko ditu lotuta.

IZSAren irizpide teknikoen arabera kokatuko dira bilketa-guneak eta auzoko konpost-ontzien guneak. Udalerriek eta kontzejuek tokiak proposatuko dituzte auzoko konpost-ontziak kokatzeko, eta IZSArekin elkarlanean arituko dira helburu horretarako leku egokienak bilatzeko.

3. Arau nagusi moduan, auzoko konpost-ontziak toki iragazkor baten gainean kokatuko dira, gunearen inguruetan halakorik badago. Kokaleku iragazkorrik ez badago erabilgarri, gunearen inguruetan obra txiki bat egingo da, auzoko konpost-ontziak jarri ahal izateko toki iragazkor bat sortzeko. IZSAren zerbitzu teknikoek egingo dute obra hori.

4. Gai organikoekin etxean konposta egiteko beharrezkoak diren materialak eta tresnak emango dizkie IZSAk eskatzen duten erabiltzaileei. Material eta tresna horiek jasotzeko, IZSAk konpostajea kudeatzeari buruz antolatu eta erabakitzen dituen prestakuntza-saioetara joan beharko da. Material eta tresna horiek itzuli egin beharko zaizkio IZSAri, erabiltzaileak etxean konposta egiten amaitzen duenean.

5. Bai hiri-eremuan eta bai landa-eremuan ere, auzoko konpostajean parte hartu nahi duten erabiltzaileek IZSAri jakinarazi behar diote beren hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzeari atxikitzeko nahia, eta IZSAk antolatu eta erabakitzen dituen prestakuntza-saioetara joan behar dute.

6. Nahi duten erabiltzaileak IZSArekin elkarlanean aritu ahal izango dira konpost-ontzien eta gai organikoak konpostatzeko prozesuaren mantentze-lanetan eta tratamenduan. Horretarako, IZSAko teknikarien oharrei jarraitu beharko diete.

7. Beharrezkoak diren bitartekoak dauzkaten erabiltzaileek beren hondakin organikoen autogestioa egin ahal izango dute beren bitartekoekin.

8. Hondakinen zerbitzuan erregistratuta egonda, etxeko konpostajearen bidez hondakin organikoak kudeatzen ari diren erabiltzaile guztien erregistroa egingo du IZSAk. Horretarako, konpostajearen jarduerari jarraipena egiteko beharrezkoak diren datuak eman beharko dituzte, eta jarraipen hori bisita teknikoen eta telefono bidezko jarraipenen bidez egingo da.

Auzoko konpostajean eta autogestioan parte hartzen duten etxebizitzak ez dira erregistratuta egotera behartuta egongo, baina nahi izanez gero egin ahal izango dute, besteak beste, hiru hilean behingo buletinak jasotzeko, konposta ateratzeko saioen berri izateko, oharrak helarazteko mezuak jasotzeko eta abarretarako.

9. Etxeko konpostajea, auzoko konpostajea edo beren hondakin organikoen autogestioa egiten ari diren erabiltzaile guztiek Estatuko araudiak eta autonomikoak eskatutako informazioa eman beharko diote IZSAri.

10. Erabiltzaileen baimena izanda, IZSAk aldian behin berrikusi eta egiaztatu ahal izango du erregistratutako erabiltzaileak ongi kudeatzen ari direla beren hondakin organikoak.

11. Egindako egiaztatzearen bidez ikusten bada erabiltzailea ez dela parte hartzen ari konpostajean edo zati batean edo oker egiten ari dela, IZSAk exijitu ahal izango dio konpostajea egiteko utzi zaizkion material guztiak itzultzeko.

B) Inauste- eta lorezaintza-hondakinen bilketa.

1. Inauste-hondakinak biltzeko erabilera publikoko gunetzat hartuko dira hondakinak metatu eta birrintzeko guneak eta edukiontzi publikoak. Haiek erabiltzea ez da pribatiboa izango, eta, horrenbestez, erabiltzaile guztiek libreki erabili ahal izango dituzte.

2. Edukiontziak husteko bidaiak gutxitzeko eta konposta egiteko landare-hondakinak erraz eskuratzeko helburuarekin, landa-eremuan inauste- eta lorezaintza-hondakinen kudeaketa hondakinak metatu eta birrintzeko guneen bidez egingo da, arau nagusi moduan.

3. Ahal den guztietan, landa-eremuko udalerri bakoitzean hondakinak metatu eta birrintzeko gune bat kokatuko du IZSAk. Udalerrien eta kontzejuen laguntza eskatuko du IZSAk, instalazio horretarako toki egokiena erabakitzeko.

Irizpide teknikoen arabera, hondakinak metatu eta birrintzeko gunerik jartzerik ez dagoen udalerri eta kontzejuetan, edukiontzi publiko bat jarriko da inauste- eta lorezaintza-hondakinak kudeatzeko. Sortzen den inauste- eta lorezaintza-hondakinen kantitatearen eta IZSAren irizpide teknikoen arabera, edukiontzi hori aldi baterako edo iraunkorki jarriko da.

4. Mankomunitateko hiri-eremuan, inauste- eta lorezaintza-hondakinen kudeaketa edukiontzi publikoen bidez egingo da. IZSAk egokien jotzen dituen lekuetan kokatu ahal izango ditu edukiontzi publiko horiek, bere irizpide teknikoaren arabera, eta edukiontzi horiek aldi baterako edo iraunkorki jarri ahal izango dira.

5. Erabiltzaile batek modu pribatiboan erabil ditzakeen edukiontziak erabilera pribatukoak izango dira. Erabilera pribatuko edukiontziak aldi baterakoak edo finkoak izan ahal izango dira.

Inauste- eta lorezaintza-hondakinak sortzen dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek eskatu ahal izango dituzte erabilera pribatuko aldi baterako edukiontziak, baldin eta alta emanda badaude hondakinen zerbitzuan, ordenantza honetako 29. artikuluaren arabera. Horretarako, erabiltzaileak eskatuko du inauste- eta lorezaintza-hondakinetarako banakako edukiontzi bat jartzeko. Era berean, erabiltzaileak eskatu beharko du edukiontzia kentzeko, jarri denetik aurrera gehienez ere 15 eguneko epean. Epe hori igarotakoan, edukiontzia kendu egingo da.

Inauste- eta lorezaintza-hondakinak sortzen dituzten pertsona juridikoek eskatu ahal izango dituzte erabilera pribatuko edukiontzi finkoak, baldin eta alta emanda badaude hondakinen zerbitzuan. Edukiontzi hori beteta dagoenean erabiltzaileak husteko eskatuko du, eta edukiontzi hori hustu egingo da edo huts bat jarriko da haren tokian.

Erabilera pribatuko edukiontzi finko edo aldi baterako bat eskatzen den bakoitzean, eskatutako zerbitzuaren baldintzak berariaz onartu beharko ditu erabiltzaileak, IZSAk une bakoitzean ezartzen dituen bitartekoen bidez.

Erabiltzaile bakoitza arduratuko da utzi zaion edukiontziaz eta haren barneko edukiaz.

6. Debekatuta dago gaizki sailkaturiko hondakinak botatzea inauste- eta lorezaintza-hondakinak metatu eta birrintzeko guneetan eta haietarako edukiontzietan. Hustu edo kendu aurretik detektatzen bada erabilera pribatuko edukiontzi batek gaizki sailkaturiko hondakinak dituela, IZSAk hustu edo kendu gabe utzi ahal izango du, hargatik eragotzi gabe egokiak diren zehapenak.

7. Hondakin gehiegi dutelako gainezka eginda daudenean inauste- eta lorezaintza-hondakinetarako erabilera pribatuko edukiontziak, ez da eskatu beharko haiek hustu edo kentzeko. Edukiontzi batek hondakin gehiegi duela ulertuko da, edukiak edukiontziaren goiko ertza gainditzen badu. Erabilera pribatuko edukiontzi batek hondakin gehiegi duela detektatzen bada hustu edo kendu aurretik, IZSAk hustu edo kendu gabe utzi ahal izango du, hargatik eragotzi gabe egokiak diren zehapenak.

Ez da eskatu beharko erabilera pribatuko inauste- eta lorezaintza-hondakinetarako edukiontzi bat husteko edo kentzeko, ez badago beteta. Ulertuko da edukiontzi bat ez dagoela beteta, toki adierazgarria ikusten bada botata dauden hondakinen eta edukiontziaren goiko ertzaren artean, osorik betetzeko leku nahikoa egonda.

Iragarkiaren kodea: L2415429