224. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

731E/2024 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialaren izen aldaketa eta haren estatutuen aldaketa partziala inskribatzen baitira Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren irailaren 18ko 436/2007 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala inskribatu zen Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, 21. zenbakiarekin. Elkargo honen estatutuei dagokienez erregistro honetan jasotako azken aldaketa inskribatu zen Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiaren apirilaren 6ko 194/2017 Ebazpenaren bidez.

2024ko maiatzaren 28an, elkargoak eskatu zuen bere estatutuen aldaketa, izenaren aldaketa barne, inskribatzeko. Ziurtagiriak erantsirik doaz, baita estatutuen ale bat ere, aldaketa guztiak gehiturik dituena. Ondotik, erregistroak hala eskatuta, elkargoak, 2024ko ekainaren 27an eta abuztuaren 1ean, eskabidea zuzentzeko eta osatzeko beharrezko dokumentu berriak aurkeztu zituen.

Aurkeztutako agirien arabera, egiaztatu da Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren Batzar Nagusiak, 2024ko otsailaren 23an egindako bileran, estatutuak partzialki aldatzea erabaki zuela, eta aldaketa horrek honako artikulu hauei eragiten diela:

–Izen hau izanen du aurrerantzean: "Ilustre Colegio Oficial de Graduados y Graduadas Sociales, Relaciones Laborales, Seguridad Social y Recursos Humanos de Navarra-Nafarroako Lan Harremanetako, Gizarte Segurantzako eta Giza Baliabideetako Graduatuen Elkargo Ofizial Prestua".

–6. artikulua:

–9. artikulua. eta harekin bat datozenak (16.a, 21.a, 24.a, 46.a, 48.a, 49.a, 50.a, 51.a, 52.a, 53.a, 54.a, 55.a, 57.a, 58.a, 59.a, 62.a, 64.a, 65.a, 66.a, 67.a, 69.a, 71.a, 72.a, 74.a, 82.a, 94.a, 95.a, 96.a eta 101.a);

–11. artikulua;

–14. artikulua;

–15. artikulua;

–Xedapen iragankorrak (ezabatu egin dira).

Aldaketa Estatutuak errespetatuz egin da; halaber, eskatutako inskripzioa bat dator elkargoaren estatutuetan ezarritakoarekin, baita Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuan ezarritakoarekin ere.

Horrenbestez, erabiliz Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialaren izenaren aldaketa. Izen hori "Ilustre Colegio Oficial de Graduados Sociales, Relaciones Laborales, Seguridad Social y Recursos Humanos de Navarra-Nafarroako Lan Harremanetako, Gizarte Segurantzako eta Giza Baliabideetako Graduatuen Elkargo Ofizial Prestua" izanen da aurrerantzean.

2.a Ilustre Colegio Oficial de Graduados y Graduadas Sociales, Relaciones Laborales, Seguridad Social y Recursos Humanos de Navarra-Nafarroako Lan Harremanetako, Gizarte Segurantzako eta Giza Baliabideetako Graduatuen Elkargo Ofizial Prestuaren Estatutuen aldaketa partziala inskribatzea Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, ebazpen honen adierazpen zatian zehaztu den bezala. Testu osoa, aldaketak barne, ebazpen honen eranskinean ageri da.

3.a Ilustre Colegio Oficial de Graduados y Graduadas Sociales, Relaciones Laborales, Seguridad Social y Recursos Humanos de Navarra-Nafarroako Lan Harremanetako, Gizarte Segurantzako eta Giza Baliabideetako Graduatuen Elkargo Ofizial Prestuaren Estatutuak jasotzen dituen ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2024ko urriaren 1ean.–Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Joseba Asiáin Albisu.

ERANSKINA.–ESTATUTOS DEL ILUSTRE COLEGIO OFICIAL DE GRADUADOS Y GRADUADAS SOCIALES, RELACIONES LABORALES, SEGURIDAD SOCIAL Y RECURSOS HUMANOS DE NAVARRA / NAFARROAKO LAN HARREMANETAKO, GIZARTE SEGURANTZAKO ETA GIZA BALIABIDEETAKO GRADUATUEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA.–NAFARROAKO LAN HARREMANETAKO, GIZARTE SEGURANTZAKO ETA GIZA BALIABIDEETAKO GRADUATUEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUA (AURRERANTZEAN, NAFARROAKO GIZARTE GRADUATUEN ELKARGOA)

1. artikulua. Izaera eta esparrua.

1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da. Nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere helburuak betetzeko.

2. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoa, bere jardunean eta funtzionamenduan, printzipio demokratikoen eta urtero aurrekontua kontrolatzeko araubidearen mende egonen da, eta legeetako eta estatutuetako xedapenetan esleitzen zaizkion eskumenak izanen ditu.

2. artikulua. Elkargokideak.

1. Honako titulu hauek dituztenek osatuko dute Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoa, baldin eta Estatutu hauetan eta aplikatu beharreko araudietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte: Gizarte Graduatua, Lan harremanetarako diploma edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua, eta etorkizunean lanbide honetan aritzeko bide ematen duten titulu ofizialak.

2. Lanbidean aritzean Gizarte Graduatu izena baino ez da erabiliko.

3. Izena luzatu izanak ez die eragiten elkargokide izateko behar diren tituluei. Eguneratze horrek ez dio ez edukiari ez eremuari eragiten.

2024ko otsailaren 23ko Ezohiko Batzar Nagusiak onartutako aldaketa da.

3. artikulua. Lurralde antolaketa.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren jarduna Nafarroako Foru Komunitatera mugatuko da. Egoitza soziala helbide honetan du: Emilio Arrieta kalea 29, 1. eskuina (Iruña).

4. artikulua. Bertako hizkuntza duten autonomia erkidegoak.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak bertako hizkuntzak erabiliko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko araudian ezartzen denari jarraituz.

5. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak hura ukitzen duten xedapen autonomikoak beteko ditu, hala nola, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretua, eta Estatutu hauek, eta Gizarte Graduatuen Elkargoetako Kontseilu Nagusiek onetsitako erregelamenduak eta erabakiak, edo, kasua bada, maila goragoko beste organo batzuek onetsitakoak.

6. artikulua. Elkargoen eginkizunak.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoari dagokio eginkizun hauek betetzea bere lurralde eremuan, Nafarroako arauak edo administrazio publikoak ukitzen badituzte:

a) Elkargokideen lanbide jarduera antolatzea, bere eskumenekoa den arloan, lanbideko etika eta duintasuna zainduz eta partikularren eskubideak errespetatuz, baita lanbidearen eta elkargoaren inguruko auzietan diziplina ahalmenaz baliatzea ere.

b) Ordezkaritza instituzional esklusiboa eta lanbidearen defentsa izatea Administrazioaren, erakundeen, epaitegi eta auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean; profesionalen interesak ukitzen diren auzietan alderdi izateko legitimazioa izatea, eta eskea egiteko eskubidea erabiltzea, legean ezarritakoari jarraikiz.

c) Aplikatzekoa den legedia eta estatutu profesionalak betetzea eta elkargokideei betearaztea, baita Elkargoko organoek beren eskumeneko arloan ezarritako arauak eta hartutako erabakiak ere.

d) Ofiziozko txandaren ordezkaritza antolatzea eta kudeatzea.

e) Lanbidean jarduteko baldintzei buruzko xedapen orokorren aurreproiektuei buruzko txostenak egitea, besteak beste, eremua, eskatutako titulu ofizialak eta beste lanbide batzuekiko bateraezintasun araubidea.

f) Organikoki parte hartzeko bidea izatea interes orokorreko eginkizunetan, legeekin bat.

g) Gizarte graduatuen lanbidearen eskumeneko arloetan Administrazioari aholku emateko kontseilu edo erakundeetan parte hartzea.

h) Elkargoaren lurralde eremuan dauden Unibertsitateko Gizarte Patronatuetan eta Kontseiluetan ordezkatuta egotea.

i) Gizarte graduatuen lanbideari dagozkion ikastetxeetako ikasketa planak prestatzen parte hartzea eta haiek antolatzeko arauei buruzko txostenak egitea, eta ikastetxe horiekin etengabeko harremana izatea eta behar den informazioa prestatzea elkargoko kide berriak lanbidean has daitezen.

j) Lanbide, prestakuntza, kultura, laguntza eta aurreikuspen arloan elkargokideentzat interesekoak diren jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea, eta antzekoak. Mantenu ekonomikoa beharrezko baliabideekin hornitzea eta, hala badagokio, graduatu direnen lanbide heziketarako ikastaroak antolatzea.

k) Elkargoko kideen artean harmonia eta elkartasuna zabal daitezen saiatzea, eta lehia desleiala saihestea.

l) Lanbide intrusismoa erreprimitzeko legeek ezartzen dituzten bideak hartzea.

m) Lanbidearekin zerikusia duten arrazoiengatik elkargokideen artean sortzen diren gaietan parte hartzea, adiskidetze edo arbitraje bidean.

n) Laudo bidez ebaztea, alderdi interesdunek eskatuta, elkargokideek beren lanbide jardueran egiten dituzten lanen ondoriozko betebeharrei buruz sortzen ahal diren desadostasunak.

ñ) Txostena egitea profesionalen ordainsariak eztabaidan dauden prozedura judizialetan edo administratiboetan eta, kasua bada, borondatezko zerbitzuak ezartzea haiek kobratzeko.

o) Administrazioak bere esku uzten dizkion eginkizun guztiak betetzea eta harekin lankidetzan aritzea azterlanak eginez, txostenak emanez, estatistikak prestatuz eta bere helburuekin loturiko bestelako jarduerak eginez, hala agintzen bazaio, edo bere ekimenez hala erabakita.

p) Legeek ezarritako ordezkaritza izatea bere helburuak betetzeko.

q) Epaitegi eta auzitegiei ematea gai judizialetan peritu gisa parte hartzeko errekerimendua edo izendapena izaten ahal duten elkargoko kideen zerrenda.

r) Lankidetza harremanak ezartzea karreran matrikula egin eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua eskuratzekoa den pertsona guztiekin.

s) Elkargokideen zerbitzuen erabiltzaile eta kontsumitzaileen eta herritarren interesak babestearen aldekoak diren eginkizun guztiak.

t) Herritarrek, kontsumitzaile eta erabiltzaileek eta/edo elkargokideek Elkargoaren eskumenaren arloan aurkezten dituzten kexa eta erreklamazioei erantzutea.

u) Elkargokideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, bai eta Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, jarraikiz Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeari, bereziki kontuan hartuta behar bezala arrazoituta egon behar dutela kontrolak, ikuskapenak edo ikerketak egiteko eta informazioa lortzeko eskaerak, eta jasotzen den informazioa eskatu den xederako soilik erabiltzen dela.

v) Bitartekotzarako eta adiskidetzerako zerbitzuak.

w) Elkargoko kideen interes profesionalei onura ekartzen dieten bestelako eginkizunak betetzea.

x) Estatuko edo erkidegoko legeriak xedatzen dituen gainerakoak.

7. artikulua. Estatutuak aldatzeko baldintzak.

Estatutuak aldatzeko, gehiengo osoz onetsi behar da aldaketa horretarako egiten den batzar nagusi berezian.

8. artikulua. Elkargoaren tratamendua.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak "prestua" tratamendua izanen du, non ez dagokion beste bat beste arrazoi batzuengatik.

9. artikulua. Elkargoko DEKANOAREN tratamendua.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko dekanoak "txit prestua" tratamendua izanen du, non ez dagokion beste bat beste arrazoi batzuengatik.

10. artikulua. Jantziak.

1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko dekanoak eta Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko Gobernu Batzordeetako kideek toga erabiliko dute, bai eta karguei dagokien domina ere, jendaurreko entzunaldian eta ekitaldi solemnetan, postu horiek betetzen ari diren heinean.

2. Gainerako ekitaldi ofizialetan, protokolo arauak beteko dira.

11. artikulua. Ikurra eta logotipoa.

Honelakoa da elkargokideen ikur profesionala: Justiziaren balantza bat eta, horren plateren artean, bi galburu, lanaren ikurra den gurpil horzdun bat biltzen dutenak. Horren oinean, "Iustitia Socialis" leloa agertzen da, eta, atzealdean, urrezko izpi distiratsuak.

Gaur egungo logoarekin batera, 2023an zehaztutako berria egonen da. Herritarrek gehiago identifikatzeko moduko irudia eskaintzen du: lanbidearen inizialak (GS), betiko balantza eta kolore urdin berria, gaurkotasun sentsazio handiagoa emateko.

12. artikulua. Sariak.

1. Ekitaldi handietan, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideek domina bat eramanen dute. Bertan, ikur profesionala agertuko da, eta oinarrian, Elkargoaren titulua. Haren lokarria zetazkoa izanen da, esmeralda-berdekoa. Domina urrezkoa edo urre kolorekoa izanen du Elkargoko dekanoak, edo zilarrezkoa edo zilar kolorekoa Batzordeko gainerako kideek.

2. Domina horiek, bi zentimetroko miniatura moduan, edozein jantziren gainean eramaten ahal dituzte Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialaren Kontseilu Nagusian edo gobernu batzordeetan aritu edo aritzen direnek eta ohorezko elkargokideek.

13. artikulua. Ohoreak eta sariak.

Gobernu Batzordeak ahalmena du elkargokideek jardunean ari direla lortzen dituzten merezimenduak saritzeko, baita Elkargoz kanpoko pertsonek edo taldeek ematen dituzten zerbitzuak ere.

Elkargoak, horretarako, ohoreei eta sariei buruzko erregelamendu berariazkoa du.

II. TITULUA.–ELKARGOKIDEAK

I. KAPITULUA.–ELKARGORA BATZEA

14. artikulua. Elkargoko kide izatea.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialak lau kide mota izanen ditu:

a) Jardunean libreki ari dena.

b) Jardunean libreki ari dena, aholkularitzari atxikita.

c) Jardunean enpresa baten zerbitzuan ari dena.

d) Jardunean ari ez dena.

e) Emeritua.

15. artikulua. Elkargokide bihurtzeko modalitateak.

1. Jardunean libreki ari dena.

Hirugarrenei aholku emanen die. Norberaren kontura edo besteren kontura izaten ahal da, banaka, elkartuta edo taldean.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoan sartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Gizarte Graduatuaren titulua, Lan Harremanetako diplomadunaren titulua edo Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradua edo lanbidean aritzeko gaitzen duten beste titulazio ofizial batzuk izatea, edo Espainian aurrekoetako bat bezala homologatutako edo aitortutako atzerriko titulua izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta ezintasun kausarik ez izatea.

c) Lanbidean aritzeko ezgaitzen duten aurrekari penalik ez izatea.

d) Bateraezintasun edo debeku kausarik ez izatea.

e) Sarrera kuota ordaintzea, baita Elkargoak Batzar Nagusiak erabakita ezarrita dituen gainerako ekarpenak ere.

2. Jardunean libreki ari dena, aholkularitzari atxikita.

Aholkularitza batean dagoeneko jardunean libreki ari den elkargokide bat dagoenean, aholkularitzari atxikitako jardunean libreki ari den gizarte graduatu bat edo gehiago egoten ahal dira aldi berean. Elkargoko kuota, elkargoko kide izatea sustatzeko, txikiagoa izanen da, elkargokideak enpresako jarduneko langile gisa ordaintzen duenarekin bat etorriz. Aholkularitzan jardunean libreki ari den elkargokideak baja eskatuko balu, aholkularitzari atxikitako langilea jardunean libreki ari den langile bihurtuko litzateke, modalitateak dakarren kuota gehituta.

3. Jardunean enpresa baten zerbitzuan ari dena.

Gizarte graduatua da, halako gisa kontratatua, eta, hain zuzen ere, enpresaren esparruan bere titulazioko eginkizunak betetzeko.

Ulertuko da enpresa batean ari direla estatuko, autonomia erkidegoko, probintziako edo udalerriko erakunde ofizialetako funtzionario gisa ari diren gizarte graduatuak, edo titulua dela-eta sartu direnak (Gizarte Graduatua, Gizarte Graduatu diploma, Lan Harremanetako diploma, Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua, edo lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duten beste titulu ofizial batzuk, ezinbestekoak baziren kargua lortzeko), betiere gizarte graduatuaren eginkizunak betetzen badituzte.

Elkargoan sartzeko, jardunean libreki ari diren langileen baldintza berberak bete behar dituzte. Horretarako, egoera hori egiaztatzen duen izendapenaren edo kontratuaren fotokopia aurkeztu behar dute.

4. Jardunean ari ez dena.

Lan egoeragatik lanbidean aritzen ez diren gizarte graduatuak.

Elkargoan sartzeko, a), b) eta e) ataletako baldintzak bete behar dira.

5. Emerituak.

Erretiroa hartu duten elkargokideak daude horren barnean, lehenago Elkargoan alta emanda bazeuden, baita halakotzat jotzea merezi dutenak ere, Gobernu Batzordearen iritziz dituzten salbuespeneko inguruabarrak direla eta.

Titulurik gabeko pertsonak ez dira inola ere elkargo profesionaleko kide izaten ahalko (Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 3.1 artikulua; Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legearen 16.1 artikulua; Estatutuen 19.1 artikulua).

16. artikulua. Nahitaezkotasuna.

a) Gizarte graduatuaren lanbidean aritzeko, nahitaezkoa da Elkargoko kide izatea, dela jardunean libreki arituta (edo, hala badagokio, aholkularitzari atxikitako jardunean libreki ari den langile gisa), dela enpresa baten zerbitzuan.

Elkargoko kide izateko betebeharra iragankorra izanen da harik eta elkargoko kide izateko betebeharra aurreikusten duen legeak indarra hartu arte.

b) Aukerakoa da elkargoko kide izatea jardunean ari ez direnentzat edo emerituentzat.

17. artikulua. Lanbide sozietateak.

1. Puntu honetan, Lanbide Sozietateei buruzko legean xedatutakoa bete beharko da, une bakoitzean indarra duten aldaketak edo erregelamenduak barne.

2. Gizarte graduatu batek baino gehiagok osatzen dutenean lanbide sozietate bat pertsona fisiko gisa, elkargokide izan behar dute, gizarte graduatu gisa eta kasuan kasuko modalitatean, lanbide sozietatea osatzen duten pertsona fisiko guztiek, kontuan izan gabe sozietateak bere kasa jarduten ahal duela, legeari jarraituz, bere elkargo zenbakiarekin eta elkargoan horretarako dagoen erregistroan inskribatuta, legezko erantzukizunaz eta diziplinaz legean ezarritako arauak betez.

3. Erregistroan inskribatzen direnetik aurrera, Elkargoak legeari eta Estatutuei jarraituz dituen eskumen berberak izanen dituzte lanbide sozietateek elkargoko kideei dagokienez, batik bat araubide deontologikoari, bateraezintasun araubideari eta desgaikuntza araubideari dagokienez.

Hala ere, jardunean aritzen diren profesionalek, bazkideak izan ala ez, diziplina erantzukizuna izanen dute.

Sozietate bat erregistroan sartuta ez badago ere, elkargoak neurriak hartzen ahal ditu diziplinaren aldetik jardun duten elkargoko kideen kontra, bazkideak izan ala ez.

4. Sozietatea Erregistroan inskribatzeak ez ditu salbuesten horren bidez aritzen diren profesionalak, bazkideak izan ala ez, elkargoko kide izateko betebeharretik.

5. Gizarte gradu lanbidean sozietatearen bidez aritzeak ez du mugarik izanen, ez murrizketarik, ez betebeharrik, ez jarduteko baldintzarik, Lanbide Sozietateei buruzko Legean aurreikusitakoak baino.

18. artikulua. Ohorezko tituluak.

Elkargoko Batzar Nagusiak erabakitzen ahal du, Gobernu Batzordeak proposatu ondoan, Elkargoko ohorezko dekano edo kide izendatzea, lanbidearen alde edo Elkargoaren alde egindako zerbitzu edo merezimenduengatik, Elkargoko Ohoreen Erregelamenduak, edo, bestela, Batzar Nagusiak ezartzen dituen eskubideak eta eskumenak edukita.

19. artikulua. Lanbidean aritzeko baldintzak.

1. Gizarte graduatuaren lanbidean Estatu osoan aritzeko, ezinbestekoa eta nahikoa izanen da Elkargo bakar batean inskribatuta egotea, horren lurralde eremua edozein dela ere. Lanbidea nagusiki zer lurraldetan egiten den, horko elkargoan eginen da nahitaezko inskripzioa.

2. Gizarte graduatuak, gizarte graduatuen edozein elkargotan inskribatuta, libreki jarduten ahal du esleitzen zaizkion gai guztietan, Espainiako Estatuaren lurraldearen barnean, Europar Batasunaren eremuan eta gainerako herrialdeetan, kasuan-kasuan indarra duen araudia betez.

20. artikulua. Lanbidean aritzea eragozten duten arrazoiak.

1. Honako hauek eragozten dute gizarte graduatuaren lanbidean aritzea:

a) Lanbidean aritzeko desgaikuntza edo etenaldi berariazkoa, ebazpen judizial baten ondorioz.

b) Gizarte graduatuen edozein elkargotatik kanporatzea edo lanbide jarduna etetea dakarten diziplina-zehapen irmoak.

2. Ezintasunak desagertuko dira haiek ekarri zituzten arrazoiak bukatzen direnean, edo diziplina erantzukizuna bukatu denean.

21. artikulua. Elkargoan sartzea.

1. Elkargoan sartzeko, eskaera eginen da, Elkargoko dekanoari zuzendua, bidezko dokumentazioa erantsita.

Elkargoko idazkariak aztertuko ditu eskaera eta hari erantsitako agiriak. Dagokion txostena eginen du eta eskaera Gobernu Batzordearen erabakiaren menpe jarriko du. Horrek, Elkargoan sartzeko eskaera baietsi, ezetsi edo etenen du, bi hilabeteko epearen barrenean.

Ebazpena idatziz jakinaraziko zaio interesdunari, Elkargoko dekanoaren oniritziarekin. Ulertuko du baiespen ebazpena dela hiru hilabete iraganez gero ebazpen espresurik gabe.

2. Onartuak ez diren eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute Kontseilu Nagusiari zuzendua ezespen erabakiaren kontra hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Hiru hilabete iraganda errekurtsoa jarri zenetik ebazpenik eman gabe, ulertuko da ezesten dela.

3. Onartuak izan ez diren eskatzaileek agiriak ateratzen ahalko dituzte, eskabidea izan ezik. Eskabidea Elkargoko idazkaritzan artxibatuko da, ukatzearen arrazoiak adierazita.

4. Elkargoko kide berriak eskaeren onarpen hurrenkeraren arabera geldituko dira inskribaturik Elkargoko Erregistro Orokorrean.

5. Aipatutako Erregistro Orokorraz gain, Elkargoko idazkaritzak Elkargoko kideen Erregistro Berezia izanen du bere menpe. Han, kideen modalitatea zehaztuko da.

6. Elkargoan sartzeak, Elkargoaren kasuan kasuko ziurtagiriaren bidez, frogatzen du gizarte graduatua halakoa dela. Hortaz, ez da beharrezkoa izanen administrazio publikoak inolako izendapenik egitea.

7. Elkargoko idazkariak zerrenda bat izanen du jardunean ari diren eta hartan inskribatuta dauden gizarte graduatu guztiekin, baita epe horretan elkargoa utzi dutenekin ere, Administrazioko erakunde guztiei emateko, eskatuz gero.

22. artikulua. Onartuen eskubide eta betebeharrak.

Onartutako izangaiek Elkargoak sartzeko onartutako kuota ordainduko dute, eta elkargokidearen txartela eta ikur profesionala emanen zaizkie.

Inskribatzeko kuota gehienez ere tramitazio kostuak adinakoa izanen da.

23. artikulua. Zin egitea edo hitzematea.

1. Gizarte graduatuek, jardunean hasi baino lehen, zin egin edo hitzeman behar dute Konstituzioari eta gainerako ordenamendu juridikoari men egiten diotela eta fideltasunez konplituko dituztela lanbidearen betebeharrak.

2. Sartzailea zer Gizarte Graduatuen Elkargotan inskribatzen den lehenbiziko aldiz, horko Gobernu Batzordearen aurrean zin eginen edo hitzemanen du, Batzordeak xedatzen duen moduan. Aukerakoa izanen du behin-behinekoz egitea, idazki baten bidez.

3. Elkargoko kidearen espediente pertsonalean jasota geldituko da zin egin edo hitzeman duela.

II. KAPITULUA.–ELKARGOKIDE IZAERA GALTZEA

24. artikulua. Galtzen denean.

1. Elkargokide izaera kasu hauetan galduko da:

a) Hilez gero edo heriotza deklarazioa eginez gero.

b) Baja borondatez eskatzeagatik, Elkargoko dekanoari zuzendutako komunikazioaren bidez.

c) Behin eta berriz ez konplitzeagatik hitzartutako kuota arruntak eta bereziak ordaintzeko betebeharra, baita Elkargoan ordaindu behar diren gainerako kargak ere. Lau hiruhilekotako kuotak ondoz ondo ez ordaintzea da behin eta berriz ez konplitzea.

d) Kondena irmo bat dagoenean, gizarte graduatuen lanbidean jarduteko gaikuntza kentzea dakarrena.

e) Diziplina espediente baten bidez Elkargotik bidaltzeko zehapen irmoagatik.

2. Elkargoko Gobernu Batzordeari dagokio erabakia hartzea ebazpen arrazoitu batean elkargokide izaera galtzen denean c), d) eta e) kasuengatik.

3. Kontseilu Nagusiari komunikatuko zaizkio bajak.

25. artikulua. Baja Elkargoan.

Elkargotik baja ematen duenak izaera horren berezko eskubide guztiak galduko ditu. Elkargokidearen txartela itzuli beharko du, ezertan galarazi gabe hura gaizki erabiltzeak ekartzen ahal duen erantzukizuna. Betebehar hori konplitu ezean, Elkargoak ofizioz deuseztatuko du elkargokidearen txartela.

III. KAPITULUA.–BATERAEZINTASUNAK

26. artikulua. Bateraezintasun arrazoiak.

Gizarte graduatuaren lanbidean aritzea bateraezina da horrek berezko dituen askatasuna, independentzia eta duintasuna gutxiesten dituen edozein jarduerarekin, edo horiek gutxiestea ekartzen ahal duen edozeinekin.

27. artikulua. Lanbidean legez kontra edo klandestinitatez aritzea.

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialak bidezko jarduera guztiak eginen ditu, penalak barne, intrusismo profesionala saihesteko.

28. artikulua. Bateraezintasunak.

Honako hauek bateraezinak izanen dira lanbidean aritzearekin:

a) Gizarte graduatuaren lanbidea zuzenean nahiz zeharka ukitzen edo kaltetzean ahal duten entitate publiko edo pribatuetan, merkataritza entitateetan edo erakundeetan aritzen diren tituludunak edo Elkargoko beste kide batzuen interesak ukitzen dituztenak.

b) Intrusismoagatik edo lanbidean klandestinitatez edo iruzurrez aritzeagatik zehapena jaso duten gizarte graduatuak, zehapena deuseztatu eta bi urteko epean gutxienez.

c) Beste lanbide elkargo batetik egotzitakoak edo Administrazioaren erabakiaren bidez edo epai irmoaren bidez lanbidean aritzeaz gabetutakoak, bi urteko epean birgaitzeko erabakia hartzen den egunetik hasita.

29. artikulua. Klandestinitatea edo legez kontrakotasuna.

Kasuan kasuko elkargoan inskribatu baino lehenago gizarte graduatuaren berezko eginkizunak klandestinitatez edo legez kontra agerian eta nabarmenki bete dituztenak gaikuntzarik gabe geldituko dira sei hilabetetik hiru urte bitarteko epean, ezertan galarazi gabe bidezkoak diren ekintza penalak.

30. artikulua. Bateraezintasunen komunikazioa eta errekurtsoak.

1. Norbait bateraezintasun egoera batean baldin badago, Elkargoko Gobernu Batzordeari komunikatu beharko dio, eta segituan amaiera eman egoera horri. Hala egin ezean, Elkargoko Gobernu Batzordeak erabakiko du haren jarduna etetea bateraezintasunak irauten duen bitartean. Gizarte graduatua non aritzen den, hango epaitegiei eta auzitegiei komunikatuko zaie, baita lanbidearekin lotura zuzena duten Administrazioko erakundeei ere.

2. Bateraezintasuna desagertuta, gizarte graduatuak, puntu hori justifikatu ondoan, kasuan kasuko Elkargoko Gobernu Batzordeari eskatzen ahal diote etenaldia kentzeko.

3. Bateraezintasuna dela-eta gizarte graduatuari baja ematen dion erabakiaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal du, Kontseilu Nagusiari zuzendua, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako moduan.

Hiru hilabete iraganda errekurtsoa jarri zenetik ebazpenik eman gabe, ulertuko da ezesten dela.

4. Bateraezintasun egoera dela eta jarduna uzteko betebeharra urratzea eta bateraezintasunak urratuz jardunean aritzea, zuzenean edo tartean jarritako pertsona baten bidez, falta oso larria izanen da, dagozkion erantzukizunei kalterik egin gabe.

IV. KAPITULUA.–ELKARGOKIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

31. artikulua. Ohoreak eta sariak.

Legeek lanbideari aitortzen dizkioten eskubideak, ohoreak, lehentasunak eta begiruneak izanen dituzte elkargoko gizarte graduatuek.

32. artikulua. Elkargokideen eskubideak.

1. Elkargokideek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Elkargoan jarraitzeko, non ez diren gertatzen elkargokidearen izaera galtzeko Estatutuetan jasotako inguruabarrak.

b) Lanbidean dihardutela edo lanbidearen bidezko aldarrikapenetan, Elkargoak agintarien, erakundeen eta partikularren aurrean Elkargoaren babesa izateko.

c) Elkargoak dituen zerbitzu guztiak erabiltzeko, besteak beste, liburutegia, aurreikuspen sozialeko instituzioak eta ongintzakoak, argitalpenak eta sortzen diren beste guztiak, salbu eta jardunean ari diren elkargokideentzat soilik direnak.

d) Gobernu Batzordeak ordezkatuak izateko norberaren bidezko erreklamazioetan eta negoziazioetan lanbidean aritzearen ondorioz sortzen ahal diren desadostasunengatik.

e) Elkargoaren egoera ezagutzeko eta horren gaineko informazioa jasotzeko.

f) Elkargoak egiten dituen ekitaldi korporatibo guztietara joateko.

g) Elkargokidearen txartela eta dagokion ikurra erabiltzeko.

h) Gobernu Batzordeko edo Kontseilu Nagusiko karguetarako hautatua izateko, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira.

i) Elkargoak kulturaren eta prestakuntzaren arloan egiten duen lanean parte hartzeko.

j) Lan aholkulari izendapena erabiltzeko, lanbidearen edukiaren adierazpen espezifiko gisa. Lan aholkulari izendapena edo beste edozein erabiltzeko, gizarte graduatuaren adierazpena jarri beharko da lehenago.

k) Toga erabiltzeko jendaurreko entzunaldietan eta ekitaldi judizial handietan.

l) Elkargoaren batzar nagusietan parte hartzeko, hizpidea eta botoa dituela.

m) Kexak aurkezteko Elkargoaren Gobernu Batzordeari, edozein kideren lanbideko edo elkargokide gisako jardunaren aurka.

2. Jardunean ari ez diren elkargokideek eta elkargokide emerituek eskubidea izanen dute jardunean ari direnen zerbitzu, ahalmen eta eskumen guztiak izateko, Estatutuetan adierazitako mugekin, jardun profesionalaren berezko eskubideak izan ezik.

33. artikulua. Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokideek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beharrezko begirunez eta duintasunez aritzea jardunean.

b) Estatutuak eta gizarte graduatuaren jardunari aplikatu beharreko arau indardunak betetzea, bai eta Elkargoak edo Espainiako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak onesten duen kode deontologikoan ezarritako arauak ere. Kode deontologiko horrek legeari jarraitu behar dio eta baliabide elektronikoak erabiliz eskuratzeko moduan egon. Gizarte graduatuen betebeharrak ezarri behar ditu, merkataritzako komunikazioei buruzkoak barne, lanbidearen independentziari eta integritateari eusteko ondorioetarako, baita lanbide isiltasunari buruzkoak ere.

c) Profesionaltasunez aritzea, une oro norberaren izen-abizenak erabiliz. Berariaz debekatuta dago beste pertsona fisiko edo juridiko baten bitartez aritzea, ezertan galarazi gabe Estatutu hauen 41. artikuluan eta ondorengoetan aurreikusitakoa.

d) Elkargoko idazkaritzari jakinaraztea, 30 egun naturaleko epean, helbidea aldatu dela.

e) Erregelamenduzko epearen barrenean ordaintzea elkargokide izanik ordaindu behar diren kuotak, derramak eta gainerako karga sozialak.

f) Elkargoan egiten diren batzar nagusietara joatea, salbu eta ezintasun arrazoitua baldin bada, eta erregelamenduari jarraituz egin beharreko hauteskundeetan parte hartzea.

g) Gobernu Batzordearen aurrean edo edozein batzorderen aurrean agertzea hala eskatuz gero.

h) Elkargoari komunikatzea lanbidearen jardunean ordezkapenak egin direla eri edo kanpoan egoteagatik edo beste edozein arrazoirengatik.

i) Gobernu Batzordeko kideei eta Elkargoko batzordeei beharrezko begirunea eta errespetua izatea, eta haiek hartutako erabakiak betetzea.

j) Arretaz eta eraginkortasunez aritzea karguetan horretarako hautaturik izanez gero eta batzordeetan parte hartzea Gobernu Batzordeak hala eskatuz gero.

k) Isiltasun profesionalari eustea, hau da, lanbidean aritzeagatik ezagutzen dena ez ezagutarazteko betebeharra eta eskubidea betetzea.

l) Toga erabiltzeko jendaurreko entzunaldietan eta ekitaldi judizial handietan.

m) Aseguru etxe batekin kontratatzea lanbidean aritzeak ekartzen ahal duen erantzukizun zibil profesionala, dela nork bere kasa, dela Elkargoak horretarako izenpetzen duen poliza kolektibo baten bidez. Elkargoko idazkaritzak urtero egiaztatuko du kontratua egin dela eta indarrean dagoela. Nork berea kontratatuz gero, polizak ez ditu izanen kontratu kolektiboak dituen estaldurak baino gutxiago, gizarte graduatuaren zerbitzu profesionaletara jotzen duen herritarrak bermea izan dezan.

n) Elkargoari jakinaraztea ezagutzen diren intrusismo kasuak, halako jarduketaren kontra jotzeko, baita legez kontrako jardunaren kasuak ere.

V. KAPITULUA.–LANBIDEAN JARDUTEA

34. artikulua. Gizarte graduatua.

Gizarte graduatua, Estatutu hauen ondorioetarako, gizarte eta lan arloetako teknikaria da, kasuan kasuko titulu ofiziala duena, alegia Gizarte Graduatuaren, Lan Harremanetarako diplomaren edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako graduaren unibertsitateko ikasketak bukatu ondotik eskuratzen dena. Halaber, eskuarki eta ordainduta aritzen da legeek edo xedapen orokorrek esleitzen dizkioten eginkizunetan.

35. artikulua. Eginkizunak.

Gizarte graduatuak dagozkion eta berezko dituen eginkizunak betetzen ahal ditu, dela jardun librearen araubidean, dela enpresa, entitate edo erakunde bakar baten zerbitzuko lan harremanetan, dela harreman administratiboan.

36. artikulua. Lanbidean aritzea.

Honako inguruabar hauek gertatzen direnean ulertuko da gizarte graduatu gisa aritzen dela:

a) Lanbidearen berezko egintzak onartu, izenpetu edo gauzatzea.

b) Zerbitzu profesionalak iragartzea edo jendaurrean eskaintzea, hala nola lanbidearen berezko txostenak, azterlanak, aholkularitza, ordezkaritza eta kudeaketak.

c) Ordainsariak edo zerbitzu-sariak jasotzea aurreko atalean adierazitako lanengatik.

d) Lanbidean aritzen dela iradokitzen duen edozein adierazpen edo egintza.

37. artikulua. Baimena.

1. Gizarte graduatu batek, edozein gai profesionalaren ardura hartzerakoan edo hura hasitakoan, jakiten badu lehenago beste kide bati esleitu zitzaiola, harekiko behar adinako begirunea agertu behar du, eta bere erabakiaren berri eman. Halaber, baimena eskatu beharko dio idatziz edo eskaera hori frogatzen duen beste edozein bide erabiliz.

2. Baimenaren eskaera jasotzen duen gizarte graduatuak uko egiten ahal du zerbitzu-sarien zenbatekoa jaso ez duenean soilik. Ulertuko da isilbidez ematen dela bost egun iraganez gero eskaera egin zenetik idatzizko ezezkoa jaso gabe.

3. Elkargoko Gobernu Batzordeak ebatziko ditu artikulu honetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz sortzen ahal diren gai guztiak.

38. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Gizarte graduatuaren lanbidean, lehia askean aritu behar da, eta, lanbidearen berezko ordenamendu substantiboan aplikatu beharreko araudi orokorra eta berariazkoa galarazi gabe, Lehiaren Defentsari buruzko Legea eta Lehia Desleialari buruzko Legea bete behar dira, zerbitzuen eskaintzari eta ordainsaria finkatzeari dagokienez.

2. Jardunean ari diren gizarte graduatuek arduraz eta zuzeneko erantzukizunez aritu behar dute beren jardunean, ezertan galarazi gabe bulego kolektiboetarako ezarritako berezitasunak.

3. Ez dute beren titulua ematen ahalko, ezta beren burua halakotzat kontratatzen ahalko ere, beren eskumeneko zerbitzuen buru agertzeko hirugarrenei zerbitzuak ematen dizkieten bulego edo enpresetan, salbu eta profesionalen elkarte bat dagoenean, bakoitzak bere tituluari eta izenari eutsiz.

4. Nolanahi ere, aholku ematen ahal diete gremio, entitate, sindikatu, elkarte, korporazio, federazio eta taldeei, langileenak edo enpresenak izan, baldin eta entitateko kideei ematen ez badizkiete zerbitzuak, zuzendaritza batzordeari baizik, hobeki jarduteko elkarte ororen berezko interesak defendatzeko, hango kideak diren aldetik.

39. artikulua. Laguntza profesionala.

1. Jardunean libreki ari direnek kontratupeko enplegatuen sostengua jasotzen ahal dute. Indarreko araudian zehaztutako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzten enplegatu horiek.

2. Enplegatuaren izaera justifikatzeko, Elkargoak hura frogatzen duen ziurtagiria emanen du, elkargokideak eskatu ondoan, betiere egiaztatuta horien lan kontratazioaren ondoriozko legezko baldintzak betetzen direla.

40. artikulua. Bulego profesionalak irekitzea.

1. Jardunean ari diren elkargokideek, bulego nagusiaz gainera, beste lanbide bulego batzuk ere irekitzen ahal dituzte. Zuzenean gobernatu behar dituzte, Estatutu hauetan ezarritako betebehar guztiak beren gain hartuta.

2. Halako lanbide bulegoak irekitzeko, bulego nagusiaren zein sukurtsalen berri eman beharko zaie kasuan kasuko lurraldearen elkargoko gobernu batzordeei, jardueran hasi baino lehenago.

VI. KAPITULUA.–BULEGO KOLEKTIBOAK

41. artikulua. Elkargokideen elkarteak.

1. Gizarte graduatuak bulego kolektiboetan jarduten ahal dute beste gizarte graduatu batzuekin edo bestelako lanbide jarduna duten beste pertsona batzuekin.

2. Elkarteak elkargokideek libreki hartutako hitzarmenei jarraituko die, betiere ez badiete kontra egiten legeei, duintasun profesionalari eta lanbidea erregulatzen duten arauei.

3. Lanbide bulegoek Zuzenbidean zilegi diren formetako edozein hartzen ahal dute.

42. artikulua. Inskripzioa eta baimena.

1. Bulegoaren Elkargoko Gobernu Batzordeak antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten hitzarmenak baimendu ondoan, gizarte graduatuen bulego kolektiboak kasuan kasuko Elkargoko Elkarteen Erregistro Berezian inskribatuko dira. Hor, hura osatzen duten gizarte graduatuen izenak eta inguruabarrak jasoko dira, baita izenpetutako hitzarmenak ere. Orobat, eskritura publikoaren kopia baimendua aurkeztu beharko da, edo elkartearen eraketaren ziurtagiriarena.

2. Bulego kolektiboak Gobernu Batzordeari komunikatuko dio, Erregistro Berezian inskribatzeko, zer aldaketa egiten den erakundea antolatzen duten hitzarmenetan eta erakundea osatzen dutenen izen eta inguruabarretan.

43. artikulua. Elkargora banaka batzea.

1. Bulego kolektibo batean dauden gizarte graduatu guztiek kasuan kasuko Elkargoan izena emanda egon behar dute, jarduneko gisa.

2. Urtero, urteko kontuak Merkataritza Erregistroan aurkeztearekin batera, bazkideen erregistroaren ziurtagiria aurkeztuko da Elkargoan, baita aldaketak egiten diren aldiro ere, hilabeteko epearen barnean.

44. artikulua. Erantzukizunak.

1. Bulego kolektibo baten kide diren gizarte graduatuek elkarrekin eta solidarioki erantzunen dute egiten diren jarduketa eta erreklamazio guztien aurrean bulegoa nahiz kideak gizarte graduatuaren berezko jardunean aritzeagatik, ezertan galarazi gabe bulegoko kideak banaka nahiz taldeka ukitzen dituen beste nolanahiko erantzukizun batzuk.

Diziplina erantzukizuna indibiduala izanen da beti.

2. Elkartea osatzen duten elkargokideetako edozeinen izenean jardunen da gizarte graduatuaren eskumeneko gaietan.

45. artikulua. Bestelako erantzukizunak.

1. Gizarte graduatu batzuk lokal berean elkartzen badira nork bere kasa jarduteko, ez da bulego kolektibotzat hartuko.

2. Aurreko artikuluan aurreikusitako solidaritatearen ondorioetarako, ulertuko da badela bulego kolektibo bat hala ondorioztatzen denean kanpoko zantzuak direla eta.

III. TITULUA.–ELKARGOAREN GOBERNU ORGANOAK

I. KAPITULUA.–GOBERNU BATZARRA

46. artikulua. Gobernu organoak.

Honako hauei dagokie Elkargoaren gobernua:

a) Elkargoko kideen Batzar Nagusia.

b) Gobernu Batzordea.

c) Elkargoko dekanoa.

47. artikulua. Gobernu Batzarraren eskumenak.

1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala Gobernu Batzorde batek arautuko du, zeina Batzar Nagusiaren erabakiak gauzatzeko eta kudeatzeko organoa izanen baita, eta Elkargoaren administrazioa izanen du izaera iraunkorrez.

2. Honako hauek dira Gobernu Batzordearen eskudantziak, Estatutu hauen arabera:

A.–Oro har:

1. Batzar nagusietan bozketara aurkeztea Elkargoaren intereseko gai zehatzak, Gobernu Batzordeak berak ezartzen duen moduan.

2. Ebazpena ematea Elkargoan sartzea eskatzen duten tituludunen onespenaz.

3. Zaintzea elkargokideek behar bezala jokatzen dutela jurisdikzio organo, kide eta bezeroekiko harremanetan, eta lanbide jardunean behar adinako arduraz eta gaitasunaz aritzen direla.

4. Lanbidearen jarduna eragoztea indarreko legearen kontrako baldintzetan eta moduan aritzen direnei, elkargokideak izan ala ez.

5. Intrusismoa eragoztea eta aurreko 3. eta 4. puntuetan araututakoa urratzen dutenak jazartzea, bai eta jardun profesional irregular hori errazten duten pertsona fisiko edo juridikoak ere, haien aurka beharrezkoak edo komenigarriak diren jurisdikzio ekintza guztiak gauzatuz.

6. Batzar Nagusiari proposatzea bidezkotzat jotzen dituen erabakiak, elkargokide bakoitzak inskripzio kuota gisa ordaindu beharreko zenbatekoari dagokionez.

7. Batzar Nagusiari proposatzea jardunean ari diren elkargokideek, enpresetako jardunekoek eta jardunean ari ez direnek ordaindu beharreko kuotak, Elkargoko kargei eta zerbitzuei eusteko.

8. Erabakitzea, beharrezkotzat joz gero, aparteko kuotak ezartzea elkargokideei, Batzar Nagusiak onetsita.

9. Elkargoaren eta Kontseilu Nagusiaren kargei eusteko ezarritako kuoten zenbatekoa biltzea.

10. Ordainsariei buruzko gutxi gorabeherako irizpideak egitea, bakar-bakarrik kostu tasaziorako eta kontuen zinerako.

11. Gobernu Batzordeko karguak betetzeko hauteskundeetarako deialdia egitea.

12. Ohiko eta Ohiz kanpoko Batzarrak deitzea eta horien eguneko aztergai zerrenda adieraztea.

13. Diziplina ahalmenak baliatzea elkargokideekiko, Estatutu hauetan aurreikusitakoari jarraituz.

14. Batzar Nagusiari proposatzea bidezkotzat jotzen dituen barne erregelamenduak onesteko.

15. Beharrezko batzordeak edo elkargokideen atalak izendatzea korporazioaren helburuetarako interesgarriak izaten ahal diren gaiak aztertzeko eta lanbide kolektiboa defendatu eta sustatzeko.

16. Lanbidean aritzean gizarte graduatuari dagozkion duintasuna eta ospea errespeta dakizkion zaintzea, eta horien babespean beharrezkoa ematea.

17. Elkargokideei ezagutzen dituen eta eragiten ahal dieten gai guztien berri azkar ematea, gai horiek korporatiboak, elkargoak, profesionalak edo kulturalak izan.

B.–Jurisdikzio organoei dagokienez:

1. Elkargoaren eta elkargokideen errespetuzko eta amultsutasunezko hartu-emanak sustatu eta sendotzea Justiziaren Administrazioaren zerbitzuko epaile, magistratu eta funtzionarioekin oro har, eta Lan arloko Epaitegiekin eta hango funtzionarioekin zehazki.

2. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoarekin bat elkargokideek duten ordezkaritza eginkizuna erabiliz, horiek eginkizun horren betebeharrak konplitzen dituztela begiratzea, aplikatu beharreko lanbidearen ordenamendu juridikoan xedatutakoarekin bat.

3. Begiratzea kasu berberetan gizarte graduatuek Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 187. artikuluko betebeharrak konplitzen dituztela eta, jendaurreko ekitaldietan, jurisdikzio organoen bilkuretan (bidezkoa bada) eta ekitaldi judizial solemneetan, toga erabiltzen dutela, eta auzi geletan, agintarien, funtzionarioen eta agindu horretan aipatutako profesionalen altuera berean esertzen direla.

4. Elkargokideek beren jarduna dela-eta jakiten dituzten gaiak isilpean gordetzeko betebeharrari eusten ez dioten jokabideen kontra egitea eta kasuan kasuko diziplina zehapenak ezartzea.

5. Babesa ematea beren jarduna dela-eta, horren modalitatea edozein dela ere, ezagutzen dituzten gertaerak edo berriak kontatzera beharturik ez izateko eskubidea urraturik duten elkargokideei.

C.–Erakunde ofizialei dagokienez:

1. Egokia eta bidezkoa iruditzen zaionean, elkargokideak defendatzea lanbidearen eginkizunetan edo horiekin loturiko kontuetan.

2. Sustapena egitea gizarte graduatuaren jardunarekin ikustekoa duten erakunde ofizialekin, agintariekin eta gobernuarekin, onuragarritzat jotzen denean interes komunerako eta Justiziaren Administrazio zuzen eta lasterrerako.

3. Elkargoaren izenean informazioa ematea, hala eskatzen duten proiektu edo ekimen guztietan.

D.–Elkargoaren baliabide ekonomikoei dagokienez:

1. Elkargoaren funtsak biltzea, banatzea eta administratzea.

2. Aurrekontuak egitea eta urteko kontuak ematea.

3. Batzar Nagusiari proposamenak egitea Elkargoaren ondarea erabiltzeaz eta inbertitzeaz, higiezinen kasuan.

3. Gobernu Batzordeari dagokio, halaber, baimen berezia eskatzea, Lehiakortasunaren aldeko uztailaren 17ko 16/1989 Legearen 3. artikuluan aurreikusitakoa, kasua bada eta Estatutu hauen 6. artikuluaren ondorioetarako.

48. artikulua. Gobernu Batzordearen osaera.

Gobernu Batzordeak dekano bat izanen du. Jardunean ari den elkargokide batek hartu behar du nahitaez kargu hori, eta jardunean jarraitu behar du agintaldiak irauten duen bitartean.

Batzordean kide bat egonen da hogei elkargokideko edo zatikiko, eta kideen kopurua ez da bost baino txikiagoa edo hamabi baino handiagoa izanen.

Kideetako bat, gutxienez, ez da jardunean ariko.

Elkargoko dekano ohi bat edo kide emeritu bat ordezkaritza horietako batez arduratzen ahalko da.

49. artikulua. Gobernu Batzordeko karguen hautaketa.

1. Batzar Nagusiak aldarrikapenez hautatuko du dekanoa, bozketa izendun, espresu eta sekretuaren bidez. Dekanordearen, diruzainaren eta idazkariaren karguak Gobernu Batzordeak berak izendatuko ditu, Batzar Nagusiak hautatutako kideen artetik, dekanoak proposatuta.

2. Gobernu Batzordeko kargualdia urtekoa izanen da, eta hura amaitutakoan berriz hautatzen ahalko dira, mugarik gabe.

50. artikulua. Karguen jarduna.

1. Gobernu Batzordeko dekanoa, dekanordea edo kidea izatea nahitaezkoa, ohorezkoa eta doakoa izanen da.

2. Libreki jardunean ari den elkargokide gisa hautatua izateko, gutxienez bi urtez izena emanda egon beharko da elkargoan modalitate horretan hautaketa egiaztatzen den egunean. Enpresaren zerbitzuan jardunean ari den elkargokide gisa edo jardunean ari ez den elkargokide gisa hautatua izateko, bi urtez izena emanda egon beharko da elkargoan, edozein modalitatetan.

3. Ezin dira Gobernu Batzordeko kide izan eskubide zibilak eta korporatiboak guztiz erabiltzeko moduan ez daudenak.

51. artikulua. Hutsik dauden karguak betetzea.

1. Edozein arrazoi dela-eta hutsik gelditzen bada Gobernu Batzordeko kargu bat edo gehiago erregelamenduzko agintaldia bukatu baino lehenago, Elkargoan egin zen azken hautaketan botoen kopuruan hurrengoa denak beteko du kargua, edo Gobernu Batzordeak berak erabakitakoak, kargua uzten duen kideak agintaldia betetzeko falta den denboran.

2. Dekanoa da salbuespena. Dagokion dekanordeak ordeztuko du erregelamenduz egiten den lehenbiziko batzar nagusi arruntera arte, edo hura hautatzeko deitzen den batzar nagusi berezira arte.

3. Kideen hauteskunde partzialak eginen dira 1. atalean aurreikusitako sistemaren bidez ezin badira kargu hutsak bete.

4. Kargu hutsen erdiak baino gehiago ezin badira bete, Kontseilu Nagusiak Behin-behineko batzorde bat izendatuko du antzinatasun handiena duten elkargokideen lehenengo herenetik aterata. Horrek hauteskundeen deialdia eginen du hogeita hamar eguneko epean.

II. KAPITULUA.–GOBERNU BATZARRA HAUTATZEA

52. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

1. Elkargokideen parte hartze libre eta askearen printzipioari lotutako hautaketa bidez aukeratuko dira Gobernu Batzordeko kide guztiak. Elkargokide guztien botoak balio bera izanen du, haien modalitatea edozein dela ere.

2. Zentsuan inskribatutako guztiak izanen dira hautesleak, beren eskubideak erabiltzeko moduan badaude eta Elkargoaren betebeharrak eguneratuak badituzte. Gobernu Batzordeak prestatuko du zentsua, edo, bestela, behin-behineko batzordeak. Hartan, elkargokide guztiak agertuko dira, hauteskundeen deialdia egin baino hilabete bat lehenago inskribaturik badaude, eta hautaketa egiteko behar diren datu guztiak jasoko dira. Gobernu Batzordeak berak edo, kasua bada, behin-behineko batzordeak, ebatziko ditu batzar nagusia egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago egiten diren erreklamazioak, batzar nagusia hasten den unera arte.

3. Hautagai izateko, elkargokideek, hautesle izateaz gain, ez dute legeetan edo Estatutuetan ezarritako debekurik edo ezintasunik izan behar, Estatutuek eskatzen duten antzinatasuna izan behar dute Elkargoan, eta aldarrikatuak izan behar dute Estatutuetako arauak eta baldintzak betez.

4. Beste elkargo bateko kideak ere aurkezten ahal dute hautagaitza baldin eta, hautesle izateaz gain, ez badute legeetan edo Estatutuetan ezarritako debekurik edo ezintasunik jatorrizko elkargoan. Horrek elkargoaren alta egiaztatuko du eta espedientea igorriko. Elkargokide horiek jatorrizko elkargoko antzinatasunari eta modalitateari eutsiko diete.

5. Emerituez bezainbatean, Elkargoak horretarako ezartzen duen erregistroan egon behar dute inskribaturik.

53. artikulua. Bozketak.

1. Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko, nork bere botoa emanen du sekretupean ekitaldi bakoitzeko batzar nagusi arruntean edo dekanoaren kargu hutsa edo batzordeko kide gehienena betetzeko deitu beharreko batzar nagusi berezian. Gobernu Batzordeak, halaber, batzar berezi baten deialdia egiten ahal du hautaketa bereiz egiteko xede bakarrarekin.

2. Boto papera erabiliko da beti Gobernu Batzordeko kargu hutsak hautatzeko bozketetan. Ez dira baliozkoak izanen aklamazioz egiten diren izendapenak.

3. Posta ziurtatuaren bidez ematen ahal da botoa, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko indarreko Lege Organikoaren eta gainerako arau osagarrien arabera, eta bermatuko da benetakoa eta sekretua dela. Bestela, Kontseilu Nagusiak erabakitakoa beteko da.

4. Estatutu hauetan Gobernu Batzordeko kideak hautatzeaz berariaz araututa ez dagoen orotan, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko indarreko Lege Organikoa eta gainerako arau osagarriak beteko dira, aplikagarriak izanez gero.

54. artikulua. Hauteskundeetara deitzea eta hautetsiak izendatzea.

1. Dekanordeak eginen du hauteskundeetarako deialdia. Dekanoa baino ez bada hautatu behar, eta, gainerako kasuetan, Gobernu Batzordeak edo, kasua bada, behin-behineko batzordeak eginen du, hogeita hamar egun natural lehenago gutxienez.

2. Hautagaitzak hauteskundeak egin baino hamabost egun lehenago aurkeztu behar dira gutxienez. Taldeka edo banaka egiten ahal dira. Hautagaiek baino ez dituzte izenpetu behar. Zin egiteko edo hitzemateko aldez aurreko konpromisoa eramanen dute, apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, baita lanbidearen ordenamendu juridikoari men egitekoa ere, Estatutu hauetan jasotakoa.

3. Gobernu Batzordeak edo, kasua bada, behin-behineko batzordeak aldarrikatuko ditu hautagaiak, bi egun balioduneko epean hautagaitzak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Gobernu Batzordeak berak ebatziko ditu egiten diren aurkaratzeak, bozketa egin baino lehen.

55. artikulua. Hauteskunde mahaia eta hauteskunde kanpaina.

1. Gobernua Batzordeak eratuko du bozketaren batzar nagusi arruntaren edo bereziaren mahaia, zeinek hauteskunde mahaiaren eginkizunak beteko baititu. Gobernu Batzordeak erabakitzen ahal du, egoki juzgatuz gero egoeraren arabera, batzordeko hiru kide baino ez aritzea hauteskunde mahaian. Horietako bat dekanoa izanen da, edo dekanordea, eta beste bat idazkaria. Beharrezkoa izanez gero, bi hauteskunde mahai eratzen ahal dira, batera arituko direnak. Gobernu Batzordeak izendatuko du zer batzordeko kidek eratuko duen horietako bakoitza.

2. Aldarrikatu diren hautagaien kopurua hautatu beharreko batzordeak dituen kide adina denean, edo hori baino gutxiagokoa, aldarrikapena hautaketa ere izanen da. Hortaz, ez da hauteskunderik egin beharko. Ondorio berberak sortuko dira dekanoaren hauteskundeen kasuan, hautagai bakarra aldarrikatzen bada.

3. Aldarrikatutako hautagaiek beren kostura egiten ahal dituzte ordenamendu juridikoari lotutako hauteskunde kanpainako jarduerak. Horretarako ezin dira Elkargoaren lokalak edo baliabide materialak edo pertsonalak erabili, salbu eta honako hauek jasotzeko eskubidea: hautesle-erroldaren kopia bat, hauteskunderako gutun azalak eta boto paperak, eta, kasua bada, elkargokide guztien helbideak daramatzaten etiketak.

4. Hautagaitza bateratu bakoitzak edo hautagai indibidual bakoitzak beste elkargokide bat izendatzen ahal du artekari gisa aritzeko hauteskunde mahaian edo mahaietan.

56. artikulua. Boto ematea eta kontaketa.

1. Bozketa 16:00etatik 20:00etara eginen da.

2. Hauteskunde mahai bakoitzean eginen da bozketa. Hautesleek berek emanen dizkiote boto paperak, gutun azal ofizialean sartuak, mahaiko buruari. Horrek hautetsontzian sartuko ditu, eta errolda zerrendan jasota geldituko da. Artekariak, halakorik bada, eta mahaiko kideak boto ematen azkenak izanen dira. Bukatzeko, posta bidez jasotako botoak sartuko dira hautetsontzian, Estatutuetako baldintzak betetzen badituzte.

3. Elkargoak hautagaiei eta hautesleei emandako boto paper eta gutun azal ofizialak soilik izanen dira baliagarriak. Hautagaiek nahiz hautesleek eskura izanen dituzte Elkargoaren egoitzan, bozketa izan baino lehen eta bitartean.

4. Hauteskunde mahaiak eginen du kontaketa, jendaurrean. Idazkariak baimena emanen du dagokion akta egiteko, artekariek eta mahaiko gainerako kideek sinatu beharrekoa. Artekariak eta mahaiko gainerako kideak. Erreklamazioak erantsiko dira, halakorik izanez gero, ezinbestekoak izanen baitira geroago errekurtsoak aurkezteko. Aurkaratutako boto paperak baino ez dira gordeko.

5. Gobernu Batzordeak eta hauteskunde mahaiek hauteskundeei buruz hartutako erabakien kontra badago errekurtsoa jartzea, Estatutu hauetan orokorrean zehaztutakoa, baina horren ondorioz ez da etenik izanen.

57. artikulua. Hautatutako Gobernu Batzordea eratzea.

1. Bost eguneko epean Gobernu Batzordea eratzen denetik, horren berri emanen zaio Kontseilu Nagusiari. Adieraziko da zein den osaera eta legezko baldintzak betetzen direla. Berdin jokatuko da aldaketa bat egiten denean.

2. Gobernu Batzordeko dekano eta kide hautatuek, karguaz jabetu aurretik, zin egin edo hitzeman behar dute, apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

3. Hautaketa ekitaldian jabetuko da karguaz dekanoa, eta gainerako kideak, berriz, egiten den lehenbiziko Gobernu Batzordean.

III. KAPITULUA.–GOBERNU BATZORDEKO KARGUAK ETA FUNTZIONAMENDUA

58. artikulua. Dekanoa.

1. Dekanoa Elkargoaren ordezkari ofiziala eta legezkoa izanen da, dela judizioetan, dela judizioetatik kanpo, dela botere publiko eta agintariekiko harremanetan. Elkargoaren erabakien betearazlea izanen da. Batzar nagusien eta gobernu batzordeen deialdia eginen du eta haietan buru izanen da, baita lan batzordeetan ere. Elkargoko organoen lana koordinatuko du, eta haietara joaten denean, buru arituko da. Berdinketak ebatziko ditu bere kalitatezko botoarekin, berdinketek jarraituz gero ondoz ondoko bi bozketatan.

1. Dekanoak Batzordeko edozein kide izendatzen ahal du bere ordezkari gisa ari dadin bidezkotzat jotzen duenean.

2. Elkargoko dekanoak, halaber, Elkargoak eskuordetutako eginkizun guztiak hartuko ditu bere gain presazko kasuetan. Bidezko ebazpenak eta neurriak hartzen ahal ditu bere erantzukizunpean, baldin eta Gobernu Batzordeari jakinarazten bazaio eta horrek berresten badu.

3. Elkargoko dekanoak aginduko du kobrantzak eta ordainketak egiteko, Elkargoaren agiriak sinatuz, eta, oniritzia emanez, idazkariaren ziurtagiriak baimenduko ditu, baita Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen aktak ere. Diruzainaren esku uzten ahal du kobrantzak eta ordainketak egiteko aginpide orokorra. Halakoetan, dekanoak oniritziarekin baimenduko ditu.

4. Elkargoko dekanoari dagokio, bereziki, adiskidetasun harremanak sustatzea elkargokide guztien artean, eta lanbidearen, Elkargoaren eta kideen eskubideak zaintzea, baita Estatutu hauek zehazten dituzten eskudantzia guztiak erabiltzea ere.

59. artikulua. Dekanordea edo dekanordeak.

1. Dekanordeak, eta, kasua bada, dekanordeek, hurrenkerari jarraikiz, dekanoa ordeztuko dute hori bere eginkizunak betetzeko moduan ez dagoenean eta dekanoak agintzen dien batzordeetan, modu iraunkorrean edo aldian behin izan. Txosten bat egin beharko zaio dekanoari egindakoen inguruan.

2. Kasu justifikatuetan, dekanordea edo dekanordeak Elkargoaren ordezkari izaten ahal dira legezko ondorio guztietarako, eta, dekanoak ezin duenetan, haren ordez joaten ahal dira Kontseilu Nagusiaren bileretara, haren eskubide eta betebehar guztiak dituztela.

60. artikulua. Idazkaria.

1. Idazkariari dagokio aktak, gutunak eta komunikazio ofizialak idaztea, Elkargoaren lan administratiboak zuzentzea eta agiriak artxibatzea eta zaintzea.

2. Idazkariak, halaber, bere izanen du ziurtagiriak egitea, dekanoaren oniritziarekin, elkargokideen sinadura legeztatzea, eta Elkargoaren urteko memoria idaztea.

3. Idazkariari dagokio kontrol zuzena eta berehalakoa egitea Elkargoaren zerbitzu guztien gainean eta langile guztien gainean.

4. Batzar Nagusiak erabakita, Elkargoak kudeatzaile profesional bat kontratatzen ahal du, Elkargoko kidea ez dena. Batzar Nagusiak berak ezartzen ahal du Elkargoko gizarte graduatu batek kudeatzailetza betetzen ahal duela. Kasu guztietan, Gobernu Batzordeari dagokio izendapena egitea eta kargutik kentzea. Kudeatzaileak kudeatzailetza ororen eskudantziak izanen ditu, eta kasu jakin batzuetan berariazko eskuordetza eginda, dekanoak edo idazkariak erabakitzen dituzten Estatutuetako ahalmen betearazleak.

61. artikulua. Diruzaina.

Diruzainak Elkargoaren funtsak bildu eta zainduko ditu. Kasuan kasuko inbertsioa eginen du, Gobernu Batzordearen erabakiei jarraituz. Elkargoaren ondasunen inbentarioa eramanen du, haien administratzailea izanen baita. Funtsak sartu eta kenduko ditu banku kontuetatik, dekanoarekin batera. Diruzainaren eta kontulariaren eginkizunak idazkariak hartzen ahal ditu bere gain.

62. artikulua. Ordezpenak.

1. Dekanordea eta idazkaria ordezteko, dela oro har, dela kasu jakin baterako, Gobernu Batzordeak erabakiko du, eta presako kasuetan, dekanoak edo hura ordezten duenak.

2. Bigarren dekanordearen edo hurrengoen eta idazkariordearen karguak ezartzen badira, horiek izanen dira, hurrenez hurren, dekanordearen eta idazkariaren ordezkoak. Dekanordeak hurrenkeraren arabera izanen dira ordezko.

63. artikulua. Liburuzaina.

1. Liburuzainaren kargua ezartzen ahalko da, eta jardunean ari den edo jardunean ari ez den Gobernu Batzordeko kide batek betetzen ahalko du. Elkargoko liburutegia zuzendu beharko du, eta Elkargoaren helburuetarako behar diren argitalpenak eta lanak erostea proposatuko du.

2. Halaber, Gobernu Batzordeko beste edozein kidek edo karguk, edo edozein elkargokidek, jardunean egon ala ez, betetzen ahalko ditu liburuzainaren eginkizunak.

64. artikulua. Gobernu Batzordearen funtzionamendua.

1. Gobernu Batzordea gutxienez hilean behin bilduko da, oporraldian izan ezik, eta betiere dekanoak deialdia egiten badu edo kideen laurdenak eskatzen badu.

2. Dekanoak eginen du deialdia, gai-zerrenda izanen duena, ezertan galarazi gabe dekanoak presazkotzat jotako gaiak ere jorratzen ahal direla.

3. Gobernu Batzordeak baliozkotasunez eratuta geratuko dira kideen gehiengoa biltzen bada.

4. Gobernu Batzordearen bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da kide guztientzat. Batzordeak berak erabakita, kargua uzteko eta horren ondoriozko arauzko ordezkapena egiteko arrazoia izanen da urtebeteko epean ondoz ondoko hiru bileretara edo txandakako bostetara ez joatea.

5. Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, eta, berdinketarik izanez gero, dekanoaren kalitatezko botoak ebatziko du, edo hura legez ordezten duenarenak.

65. artikulua. Batzorde Iraunkorra, batzordeak eta txostenak.

1. Gobernu Batzordeak bidezkotzat jotzen dituen batzorde guztiak eratzen ahal dira, iraunkorrak edo aldi baterakoak izan. Bakoitzaren helburuak, eginkizunak eta funtzionamendu araubidea ezarri beharko ditu.

2. Batzorde eta txosten guztietan Elkargoko dekanoa arituko da buru, hartara joanez gero, edo, bestela, horrek izendatzen duen Gobernu Batzordeko kidea. Hango erabakiak proposamen gisa hartuko dira. Gobernu Batzordeari igorriko zaizkio, horrek onets edo ezets ditzan.

IV. KAPITULUA.–BATZAR NAGUSIAK

66. artikulua. Definizioa.

Batzar nagusiak arruntak edo bereziak izaten ahal dira. Elkargoan erabakiak hartzeko organorik gorena da. Elkargoan inskribatutako gizarte graduatu guztiek osatuko dituzte, eskubideak erabat erabiltzeko moduan baldin badaude.

Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, eta, berdinketarik izanez gero, buruaren kalitatezko botoak ebatziko du, edo hura legez ordezten duenarenak.

67. artikulua. Gai-zerrenda.

1.–Batzar nagusi arrunta urte bakoitzeko lehenbiziko seihilekoan eginen da, honako gai hauek jorratzeko:

1.a Aurreko Batzarraren akta irakurri eta, hala denean, onestea.

2.a Urteko memoria aztertu eta, hala denean, onestea.

3.a Ekitaldiko aurrekontua eta diru sarreren eta gastuen kontuen balantzea aztertu eta bozkatzea.

4.a Dekanoaren aurkezpena Elkargoak aurreko urtean izan duen jarduketari eta garapenari buruz, eta elkargokideen interesen alde egindako kudeaketen egoerari buruz.

5.a Gobernu Batzordearen proposamenak.

6.a Elkargokideen proposamenak eta galde-eskeak.

7.a Kargu hutsak hautatzea, bidezkoa denean eta Gobernu Batzordeak erabakitzen ez badu horretarako batzar bereziaren deialdia egitea, hura bereiz egiteko asmoz.

8.a Batzar Nagusi Bereziak aztertu behar ez dituen beste edozein gai, elkargokideei zina hartzea barne, hala badagokio.

2.–Batzar Nagusi Bereziak ondoko eskumenak izanen ditu:

1.a Estatutuak onestea eta aldatzea.

2.a Gobernu Batzordearen aurkako zentsura mozioak onestea.

3.a Gobernu Batzordeko kideen izendapena, epea bukatu aurreko kargu-uzteetan eta dimisio kasuetan.

4.a Elkargoa desegitea, izena aldatzea, bat egitea eta xurgapena.

68. artikulua. Proposamenen onarpena.

1. Batzar nagusi arruntean elkargokideek egiten dituzten proposamenak Gobernu Batzordeari eman behar zaizkio, horrek aztertu eta irizpidea osa dezan haien gainean, batzarra bildu baino bost egun baliodun lehenago gutxienez. Proposamenek hamar elkargokideren sinadura eraman beharko dute, eta elkargokide horietatik, zazpi, gutxienez, jardunean arituko dira. Batzar Nagusiak erabakiko du bidezkoa den edo ez gisa horretan aurkeztutako proposamenak eztabaidatzea, haiek irakurri ondotik.

2. Aurreko baldintzetatik salbuetsita daude batzarretan bertaratutako batek edo gehiagok aurkezten dituzten proposamen intzidentalak. Buru ari denak ebatziko du horiek bidezkoak diren ala ez.

69. artikulua. Deialdiaren baldintzak.

1. Batzar nagusi arrunten edo berezien deialdia idatziz edo posta elektroniko bidez eginen dira, edo eskura dagoen beste edozein bide erabiliz.

2. Batzarra egin baino zortzi egun baliodun lehenago egin behar da deialdia. Presazko kasuetan, Gobernu Batzordearen edo buruaren iritziz, epe hori bost egun baliodunekoa izaten ahal da.

70. artikulua. Batzar berezien deialdia.

1. Gobernu Batzordeak eskatuta eginen da batzar nagusi berezien deialdia, edo elkargokideen heren batek idatziz eskatuta. Eskaera hori Gobernu Batzordeari zuzenduko diote, eta, hartan, adieraziko dute zer dela-eta egin behar den, eta aztertu beharreko beste edozein gai jakin zehaztuko, beste edozein salbuetsita.

2. Gobernu Batzordeak deialdiari uko egiten ahal dio, soilik, zehaztutako baldintzak betetzen dituen eskaera legez kontrakoa denean edo Elkargoaren helburuekin loturarik ez duenean. Gainerakoetan, eskaerako lehenengo sinatzaileak hasiko du eztabaida.

3. Batzar nagusi berezia hogeita hamar egun naturaleko epean egin behar da, Gobernu Batzordeak erabakia hartzen duenetik aurrera edo eskaera aurkezten denetik aurrera.

71. artikulua. Eztabaiden araubide orokorra.

1. Batzar nagusi arruntak eta bereziak adierazten den egunean eta orduan egin beharko dira, dela lehenbiziko deialdian, gutxienez elkargokideen erdiak eta bat bertaratuz gero, dela bigarrenean, hortik hogeita hamar minutura, bertaratutakoen kopurua edozein dela ere.

2. Dekanoak eztabaidak gidatuko ditu, hitza ematen edo kentzen ahalko du, eta Elkargoko kideei kargu hartzen ahalko die, baldin eta eztabaidetan gehiegi luzatzen badira edo urrutiegi joaten badira, eztabaidagaiari lotu gabe edo errespeturik gabe lehendakariaren agintearekiko, kideren batekiko, Gobernu Batzordearekiko edo Batzarrarekiko, eta lokaletik kanporatzen ahalko du bi aldiz kargu hartu ondotik obeditzen ez duena.

3. Oro har, eztabaidetan bi txanda gaiaren alde eta beste bi kontra onetsiko dira gehienez, salbu eta buruaren iritziz interes berezia duten gaietan.

4. Batzar nagusiak ez dira bukatuko harik eta gai-zerrendako puntu guztietan eztabaida egin eta erabakia hartu arte. Nolanahi ere, Gobernu Batzordeko karguen hautaketetan izan ezik, batzarretan buru aritzen denak eteten ahal ditu, lau ordu baino gehiago irauten badute, eta egun horretan bertan edo hurrengo egun baliodunean jarraituko dute.

72. artikulua. Bozketak.

1. Hiru motatakoak izanen dira batzar nagusietan egiten diren bozketak: arruntak, izendunak eta boto paperen bidezkoak. Dekanoak eztabaidagaia onesten den galdetu eta kide batek ere ez badu ezezkorik esaten, bozketa aho batez onetsi dela ulertuko da. Dena dela, dekanoak bozketa egitea proposatzen ahalko du.

2. Bozketa arruntean lehenik eztabaidagaia onesten dutenak altxatuko dira, eta, ondotik, gaitzesten dutenak. Elkargokide batek eskatzen duenean eginen da.

3. Bozketa izendunean Elkargoko kide bakoitzak bere bi abizenak esanen ditu, eta ondotik "bai" edo "ez" hitzak. Gutxienez bost elkargokidek eskatzen dutenean eginen da.

4. Boto paperaren bidezko bozketa honelakoetan eginen da: elkargokide baten edo gehiagoren kontu pertsonalak ukituta gelditzen direnean, batzarrera joandakoen heren batek eskatzen duenean edo buruak proposatzen duenean. Boto papera erabiliko da beti Gobernu Batzordeko kargu hutsak izendatzeko bozketetan. Ez dira baliozkoak izanen aklamazioz egiten diren izendapenak.

73. artikulua. Boto zenbaketa.

Estatutu hauetan Gobernu Batzordeko kargu hutsak hautatzeko ezarritakoa gorabehera, idazkariari dagokio batzar nagusietako botoak kontatzea gainerako kasuetan. Batzarrera joandako bi pertsonak laguntzen ahal diote, Batzar Nagusiak berak propio horretarako izendatzen baditu.

74. artikulua. Zentsura mozioa.

1. Elkargokideek Elkargoko buruaren aurrean Gobernu Batzordeko kideren bat edo batzorde osoa zentsuratzeko eskubidea erabiltzen ahal dute.

2. Elkargokideen heren batek sinatu behar dute zentsura mozioa. Horretarako, berariaz egin behar da Batzar Nagusi Bereziaren deialdia. Elkargokideen gehiengo osoak joan beharko du batzar nagusi berezi horretara, eta gehiengo osoz bozkatu beharko da zentsuraren alde, horrek aurrera egin dezan.

3. Zentsura mozioak aurrera egiten duenean, kargu hutsak betetzeko, Estatutu hauetan aurreikusitakoa beteko da, eta Kontseilu Nagusiari emanen zaio horren berri.

IV. TITULUA.–ELKARGOAREN ARAUBIDE EKONOMIKOA

75. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1. Elkargokideei dagokie Elkargoari ekonomikoki eustea, sartzeko kuotak eta hilekoak ordainduz. Batzar Nagusiak finkatuko ditu kuotak, Gobernu Batzordeak proposatuta.

2. Gainera, honako diru sarrera hauek izanen ditu:

a) Elkargokideen sinadura aitortu edo legeztatzeko eskubideak, ziurtagiria egitekoak eta agiriak konpultsatzekoak.

b) Edozein titulu dela-eta jasotzen diren dirulaguntzak, dohaintzak eta ondasunak.

c) Elkargokideei zerbitzuak egiteko zenbatekoak.

d) Sortzen edo izaten ahal diren baliabide zuzen edo zeharkako guztiak, Batzar Nagusiak erabaki ondoan, derrama bereziak barne.

76. artikulua. Finantza kudeaketa.

1. Elkargoak berezko dituen arretetan eta eskumen korporatiboetan baino ez ditu inbertituko bere funtsak eta ondarea.

2. Gobernu Batzorde osoa izanen da inbertsioen eta funtsen eta ondarearen erabileraren erantzule, botoa berariaz gordetzen duten kideen kasuan izan ezik, bai eta lege, erregelamendu eta estatutu xedapenak eta Batzar Nagusiaren erabakiak ez betetzeagatik horiei sortzen ahal zaizkien kalteen erantzule ere.

V. TITULUA.–ELKARGOKIDEEN ERANTZUKIZUN ARAUBIDEA

I. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUN PENALA

77. artikulua. Delituak eta faltak.

Gizarte graduatuek erantzukizun penala izanen dute lanbidean ari direla egiten dituzten delitu eta faltengatik.

II. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUN ZIBILA

78. artikulua. Erantzukizun zibila.

Gizarte graduatuek erantzukizun zibila izanen dute dolo edo zabarkeriagatik bere lanaren jardunean dauden interesak kaltetzen dituztenean. Erantzukizun hori araudi arruntari jarraituz eskatzen ahal da, justizia epaitegietan.

III. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUNA JURISDIKZIO ORGANOEN AURREAN

79. artikulua. Diziplina zuzenketak.

Jurisdikzio organoetan dihardutela, gizarte graduatuek Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan eta prozedura legeetan ezarritako diziplina zuzenketak izanen dituzte.

IV. KAPITULUA.–DIZIPLINA ERANTZUKIZUNA

1. ATALA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK

80. artikulua. Falten mailakatzea.

Gizarte graduatuen faltak oso astunak, astunak eta arinak izaten ahal dira.

81. artikulua. Falta oso astunak.

–Falta oso astunak dira:

a) Lanbidearen duintasunerako, hura gobernatzen duten arau etikoetarako eta Estatutu hauetan ezarritako betebeharretarako irain larria diren egintzak eta omisioak.

b) Dolozko delituak egitea, parte hartzea edozein izanik ere, lanbidean jardutearen ondorioz.

c) Estatutu hauen II. tituluan ezarritako bateraezintasun araubidea urratzea.

d) Gobernu Batzordeko eta Kontseilu Nagusiko kideen duintasunaren edo ohorearen kontrako atentatua, beren eginkizunak betetzen ari direla, eta lankideen kontrakoa, bere lanbidean dihardutela.

e) Asmo txarrez aldatzea ematen diren agirietan jasotako datuak.

f) Bidegabeko lehian edo lehia desleialean aritzea.

g) Lanbide intrusismoa eta hura ezkutatzea.

h) Lanbidean jardutea kasuan kasuko Elkargoan jarduneko gisa alta emanda egon gabe.

i) Kuotak ondoz ondoko lau hiruhilekoan ez ordaintzea.

j) Falta astuna berriz egitea.

82. artikulua. Falta astunak.

Honako hauek dira falta larriak:

a) Betebehar profesionalak eta korporatiboak berandu, zabarkeriaz edo arretarik gabe betetzea, kalte edo galera nabarmena sortzen bada.

b) Estatutuetako arauak edo organo ofizialek beren eskumenen esparruan hartutako erabakiak ez betetzea.

c) Errespetu falta, dela egitez, dela omisioz, Gobernu Batzordeko eta Kontseilu Nagusiko kideekiko, beren jardunean ari direla.

d) Begirunerik eza agintari, bezero edo kideekiko, lanbidean aritzen denean.

e) Elkargoko edo Kontseiluko buruak egindako zitazio batera ez joatea justifikaziorik gabe, horrek kalte larria egiten dionean korporazioari.

f) Ez konplitzea Elkargoari informazioa emateko betebeharra gizarte graduatu gisa egiten dituen zerbitzuak publizitatearen bidez jakinarazteari dagokionez, organo ofizialek publizitateari buruzko arauak urratzea, eta publizitatea egitea Gobernu Batzordearen baimena lortu gabe.

g) Komunikazioari dagokionez, edo, kasua bada, baimenari, bulegoei, sukurtsalei edo bulego kolektiboei dagokienez ezarritako aginduak ez betetzea.

h) Baimena eskatzeko betebeharra ez konplitzea, Estatutu hauen 37. artikuluan ezarri bezala.

i) Aurreko artikuluan azaldutako egintzak eta omisioak, oso astuntzat hartzeko adinakoak ez direnean.

j) Kuotak ondoz ondoko hiru hiruhilekoan ez ordaintzea.

k) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei bere jarduera profesionalari buruzko informaziorik ez ematea.

l) Bezero bat behartzea lan profesional bat ikus-onestera.

83. artikulua. Falta arinak.

Honako hauek dira falta arinak:

a) Norberak esleiturik dituen lanbide eginkizunak berandu edo zabarkeriaz betetzea, kalte edo galera nabarmenik sortzen ez bada.

b) Gobernu Batzordeko kideenganako errespetua galtzea beren eginkizunak betetzean, ez bada hutsegite larria edo oso larria.

c) Aurreko artikuluan zehaztutako egintzak, astuntzat hartzeko adinakoak ez direnean.

d) Kuotak ondoz ondoko bi hiruhilekoan ez ordaintzea.

84. artikulua. Zehapenak.

Hona hemen ezartzen ahal diren zehapenak:

1. Falta oso astunengatik:

a) Lanbidean jarduteko gabetzea etetea sei hilabetetik bi urtera bitarteko epean.

b) Elkargoaren eskubideak etetea sei hilabetetik bi urtera bitarteko epean.

c) Elkargoko kuotak ordaintzen ez direnean falta oso astuna eginez, elkargokideak zorraren zenbatekoa ordaindu beharko du, gehi horren %40ko errekargu bat eta berandutze interesak, urtero diruaren legezko interesaren arabera finkatuak, zortzapenaren egunetik aurrera. Baja emanen zaio Elkargotik, eta hurrengo hiruhilekora arte ez da inskribatzen ahalko, betiere modalitate berean eta ordaindu gabeko zenbatekoak ordaindu ondotik.

d) Elkargotik kanporatzea.

2. Falta astunengatik:

a) Lanbide jarduera etetera behartzea, sei hilabetez gehienez ere.

b) Elkargokidearen eskubideak etetea, sei hilabetez gehienez ere.

c) Elkargoko kuotak ordaintzen ez direnean falta astuna eginez, elkargokideak zorraren zenbatekoa ordaindu beharko du, gehi horren %40ko errekargu bat eta berandutze interesak, urtero diruaren legezko interesaren arabera finkatuak, zortzapenaren egunetik aurrera.

3. Falta arinengatik:

a) Ohartarazpen pribatua.

b) Elkargoko kuotak ordaintzen ez direnean falta arina eginez, elkargokideak zorraren zenbatekoa ordaindu beharko du, gehi horren %10eko errekargu bat eta berandutze interesak, urtero diruaren legezko interesaren arabera finkatuak, zortzapenaren egunetik aurrera.

c) Idatzizko ohartarazpena.

2. ATALA.–PROZEDURA

85. artikulua. Eskumena.

1. Diziplina falten zehapenak ezartzeko prozedurak bat eginen du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin.

2. Gobernu Batzordeari dagokio diziplina espedientea irekitzea eta instruktorea izendatzea Batzordeko kideen artetik, eta, hala izan ezean, idazkaria izanen da instruktorea.

3. Gobernu Batzordeak du zehapenak jartzeko eskumena, ez beste inork. Horrek erabakiak hartzeko, horretarako deitutako bilkurara joandako kideek, espedientearen instruktorea den Gobernu Batzordeko kidea kenduta, ezkutuko bozketan emandako botoen gehiengoa beharko da.

4. Gobernu Batzordeak ezkutuko bozketaren bidez eta kideen bi herenak bat datozela hartu behar da oso falta astunagatik ezarri beharreko zehapena. Batzordeko kide bat justifikaziorik gabe agertzen ez bada, Elkargoa gobernatzen duen organoko kidea izateari utziko dio.

86. artikulua. Gobernu Batzordeko kideen gaineko eskumenak.

1. Kontseilu Nagusiari dagozkio Elkargoko Gobernu Batzordeko kideen gaineko diziplina ahalmenak.

2. Kontseilu Nagusiaren erabakien aurka, aurreko lerrokadetan aurreikusitako kasuetan, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da Kontseiluan bertan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurretik.

87. artikulua. Proportzionaltasuna.

Zehapenak jartzeko orduan faltaren larritasunaren eta aplikatutako zehapenaren arteko beharrezko egokitasuna zainduko da, eta honako irizpideei bereziki adituko zaie zehapenaren graduazioa finkatzeko: asmo txarrik izan den, falta errepikatzen den eta nolako kalteak sortu diren.

88. artikulua. Betearazpena.

Diziplina zehapenak bide korporatiboan irmoak izan ondotik betearaziko dira.

89. artikulua. Diziplina erantzukizuna bukatzea.

1. Elkargokideen diziplina erantzukizuna kasu hauetan bukatzen da: zehapena betetzean, elkargokidea hiltzean, falta preskribatzean eta zehapena preskribatzean.

2. Elkargotik baja hartzeak ez du iraungitzen altan egonda izandako diziplina erantzukizuna. Aitzitik, diziplinazko prozedura bukatuko da eta zehapena etenik geldituko da, elkargokideak bete dezan Elkargoan berriz alta hartzen badu.

3. ATALA.–PRESKRIPZIOA

90. artikulua. Faltak preskribatzeko epeak.

1. Falta oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.

2. Arau-haustea egin zen egunean edo Gobernu Batzordeak horren berri izan duen egunean hasiko da arau-hausteak preskribatzeko epea.

3. Elkargokidea jakitun delarik zehapen prozedura hasten denean, preskripzio epea eten eginen da. Berriz hasiko da kontatzen zehapen espedientea bi hilabetetik gora geldirik egoten bada elkargokide erruztatuari ezin egozteko moduko arrazoiengatik.

91. artikulua. Zehapenak preskribatzeko epeak.

1. Falta oso astunengatik ezarritako zehapenak lau urteren buruan preskribatzen dira, falta astunengatik ezarritakoak bi urtera eta falta arinengatik ezarritakoak bi hilabetera.

2. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunean hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea.

3. Elkargokidea jakitun delarik, betearazpen prozedura hastearekin batera etenda geldituko da preskripzioa, eta, prozedura sei hilabetez baino luzaroago geldituta badago zehatutako elkargokideari ezin egotzi zaion arrazoiren batengatik, berriz aurrera jarraituko du epeak.

4. Zehapena preskribatzeko epea, zehatutako elkargokideak hura betetzeari uzten dionean, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen.

4. ATALA.–DIZIPLINA ZUZENKETEN ETA ZEHAPENEN IDATZOHARRA

92. artikulua. Idatzoharra.

1. Epaitegiek edo auzitegiek gizarte graduatuari ezartzen dizkioten diziplina zuzenketak jasota egonen dira horren espediente pertsonalean, salbu eta, arrazoi justifikatu batengatik, Gobernu Batzordeak bidezkotzat jotzen ez badu.

2. Diziplina zehapenak beti jasoko dira espediente pertsonalean.

5. ATALA.–DIZIPLINA ZEHAPENAK DEUSEZTATZEA

93. artikulua. Deuseztatzeko kasuak.

1. Errieta pribatuaren eta ohartarazpen idatzoharraren zehapenak jasotzea deuseztatuko da sei hilabeteko epean irmo bihurtu zirenetik, baldin eta epe horretan zehatutakoak ez badu zehapena ezarrita bukatzen den beste diziplina prozedura bat sortzen.

2. Zehapena jasotzea deuseztatzeko, interesdunak eskatuta, gutxienez bi edo lau urte iraganda egonen dira zehapen irmoa ezarri zenetik aurrera, falta astuna edo oso astuna den, eta denbora horretan, zehatutakoak ez du zehapena ezarrita bukatzen den beste diziplina prozedura bat sortu behar.

3. Elkargotik kanporatua izateko zehapena jaso duen elkargokideak Gobernu Batzordeari eskatzen ahal dio birgaitzeko, gutxienez sei urte iragan badira zehapen irmoa ezarri zenetik aurrera. Horretarako, dagokion espedientea izapidetuko da, Gobernu Batzordeak isilpeko bozketan modu arrazoituan ebatziko duen pertsona interesdunari entzunda, eta kideen bi herenek aldeko botoa eman beharko dute.

VI. TITULUA.–ERABAKIEN ARAUBIDEA ETA HORIEK AURKARATZEA

94. artikulua. Bete beharra.

Elkargoko Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak, baita buruarenak eta kide anitzeko organoetako kideenak ere, betiere bere jardunean ari direla hartuak badira, betearazleak izanen dira segituan, salbu eta erabakiak berak kontrakoa adierazten badu edo elkargokideen diziplina araubideari buruzkoa bada.

95. artikulua. Aktak.

1. Elkargoan, aktak bi liburutan eramanen dira nahitaez, edo bidezkotzat jotzen den beste edozein modutan. Liburu horietan, Batzar Nagusiari dagozkion aktak eta Gobernu Batzordeari dagozkionak idatziko dira, zein berean.

2. Gobernu Batzordearen kasuan, bertaratutako guztiek sinatuko dituzte aktak, eta, Batzar Nagusiaren kasuan, berriz, Batzarreko buruak eta idazkariak, edo eginkizun horietan aritutakoek.

96. artikulua. Errekurtso arrunta.

1. Gobernu Batzordeko buruaren eta gainerako kideen erabakien kontra, errekurtsoa jartzen ahal da, hari zuzendua, hilabeteko epean, haiek argitaratu edo, kasua bada, interesdunei jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Gobernu Batzordeak hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar du errekurtsoaren ebazpena. Ulertuko da ezetsita dagoela epea iraganez gero ebazpenik eman gabe.

2. Errekurtso horren ebazpenaren kontra ezin da berriz errekurtsorik jarri.

97. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa.

1. Gobernu Batzordeak edo Batzar Nagusiak hartutako erabakien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Gizarte Graduatuen Kontseilu Nagusiari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, kasua bada, interesdunei jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2. Erabakia hartu zuen Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio, eta horrek Gizarte Graduatuen Kontseilu Nagusiari igorriko dio, hamar eguneko epean, berak egindako txostenarekin eta espedientearen kopia oso eta antolatu batekin batera.

3. Honako hau adierazi behar da errekurtsoa jartzean:

a) Errekurtsogilearen izen-deiturak, eta haren identifikazio pertsonala.

b) Errekurritzen den egintza eta aurkaratzearen arrazoia.

c) Lekua, eguna, errekurtsogilearen sinadura, baliabidearen identifikazioa eta, hala badagokio, jakinarazpenetarako adierazten den tokiarena.

d) Zein organori zuzentzen zaion.

e) Funtseko intereseko gainerako xehetasunak.

4. Kontseiluak, bidezkotzat jotzen dituen txostenen ondotik, berariazko ebazpena eman behar du, uziak erabat edo hein batean baietsiz edo ezetsiz, errekurtsoa jarri eta hiru hilabeteko epean. Ulertuko da isiltasunaren kasuan errekurtsoa ezetsiko dela, non ez den hasierako egintza isiltasunagatik gertatu. Izan ere, halako kasuetan, gora jotzeko errekurtsoaren isiltasunak baietsiko du.

5. Kontseiluak, errekurtsoa ebaztean, prozeduran aurreikusten diren gai guztiak erabakiko ditu, formakoak edo funtsekoak izan. Errekurtsogileak egindako eskaerekin bat etorriko da ebazpena, eta, hasierako egoera ez du inola ere okerragotuko.

6. Errekurtsoa ebazteak amaiera ematen dio bide korporatiboari, eta haren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezin da jarri.

7. Artikulu honetan xedaturikoak ezin die kalterik egin hauteskundeen arloan ezarritako berezitasunei.

98. artikulua. Aurkaratutako egintza etetea.

1. Edozein errekurtso jarrita, non ez duen xedapen batek kontrakoa adierazten, ez da aurkaratutako egintza etenen. Nolanahi ere, organo eskudunak, horretarako behar adina arrazoi emanda eta aztertuta zer-nolako kaltea egin diezaiokeen Elkargoaren interesari edo hirugarrenei etendurak eta zer-nolako kaltea egiten dion errekurtsogileari errekurritutako egintzaren berehalako eraginkortasunak, ofizioz edo errekurtsogileak eskaturik, eteten ahal du errekurritutako egintzaren betearazpena, konpontzen zailak edo ezinezkoak diren kalteak sortzen ahal baditu betearazpenak, edo Estatutu hauen 99. artikuluan aurreikusitako zuzenbide osoko deuseztatze kausaren batean oinarritzen bada aurkaratzea.

2. Eteteko erabakia hilabeteko epean hartu behar da, eskaera egiten denetik aurrera. Ulertuko da onartzen dela epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen.

99. artikulua. Deuseztasuna.

1. Honako kasu hauetan dira zuzenbide osoz deusezak Elkargoko organoen egintzak:

a) Konstituzioak babesten ahal dituen eskubide eta askatasunen funtsezko edukiari kalte egiten dietenak.

b) Gaiagatik edo lurraldeagatik organo nabarmen eskumengaberen batek eman baditu.

c) Ezinezko edukia badute.

d) Arau-hauste penal badira edo halako baten ondorioz eman badira.

e) Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz bazterturik eman badira.

f) Funtsezko betekizunak bete gabe ahalmen edo eskubide batzuk eskuratzeko bide ematen duten egintza espresu edo presuntziozkoak, ordenamendu juridikoaren aurkakoak.

g) Lege mailako xedapen batean espresuki halakotzat jotako beste edozein.

2. Deuseztagarriak dira ordenamendu juridikoaren edozein arau hausten duten Elkargoko organoen egintzak, aginte desbideratze direnak barne.

3. Forma akatsak kasu hauetan bakarrik egiten du deuseztagarri egintza: helburua lortzeko formazko betekizun ezinbestekoak betetzen ez dituenean edo interesdunen defentsa gabezia eragiten duenean.

4. Epez kanpo egindako jarduketen kasuan, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik izanen da egintza deuseztagarri.

100. artikulua. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea.

1. Elkargoko Kontseilu Nagusiaren, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren egintzak, zuzenbide administratiboari lotuak daudenez, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurritzen ahal dira zuzenean, errekurtso korporatiboen bidea akitu eta gero, aurkaratutako egintza eman zuen organoari jakinarazi ondotik.

2. Lanbide elkargoen organoen egintza eta erabaki administratiboen aurka, Administrazioak eskuordetu dizkion ahalmen eta eskumenez baliatuz, errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen, prozedura administratiboari buruzko indarreko legean ezarritakoari jarraituz.

101. artikulua. Erabakiak eta ebazpenak jakinaraztea.

1. Elkargoko Kontseilu Nagusiaren, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak eta Elkargoko buruarenak eta gainerako kideenak jakinarazteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoa bete beharko da.

2. Egunetan adierazitako epeetan, ulertuko da egunak baliodunak direla. Larunbatak, igandeak, jaiegunak eta abuztua baztertuko dira kontaketatik.

3. Berariaz araututa ez dauden kasuetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea bete beharko dira, ordezko gisa.

VII. TITULUA.–ELKARGOA DESEGITEA ETA BAT EGITEA

102. artikulua. Desegitea.

Elkargoa deseginen da bere helburuei uko egiten dienean soilik, aldez aurretik hartarako deitutako Batzar Nagusi Bereziak hori erabaki ondotik; erabaki hori hartzeko, bertaratutakoen gehiengo osoa beharko da. Erabaki hori berehalakoan igorriko zaie Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, ezagut eta onets dezaten.

Gobernu Batzordeak, Batzar Nagusi Bereziak erabakia hartu ondotik eta Administrazioak baimena emanik, Elkargoaren ondarearen likidazioa eginen du, indarra duten legeen arabera.

103. artikulua. Bat egitea.

Nafarroako Elkargo Ofiziala lanbide bereko beste elkargo batekin edo batzuekin bat egiteko erabakia ukitutako elkargo horien artean horretarako propio deitutako Batzar Nagusi Berezian hartuko da; erabaki hori hartzeko, bertaratutakoen gehiengo osoa beharko da.

Erabaki hori berehalakoan igorriko zaie Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, ezagut eta onets dezaten.

VIII. TITULUA.–GIZARTE GRADUATUEN ZERBITZUETARAKO ETA HORIEN JARDUNERAKO SARBIDE IREKIA AHALBIDETZEKO ARAUAK

104. artikulua. Leihatila bakarra.

1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak, bere kabuz edo Kontseilu Nagusiaren bidez, webgune bat izanen du, eta administrazio publikoekin elkarlanean arituko da, Zerbitzuen jardueretarako sarbide libreari eta horietan aritzeari buruzko legean aurreikusitako leihatila bakarraren bidez, profesionalek beharrezko tramite guztiak egin ahal izan ditzaten elkargoan inskribatzeko, jardunean aritzeko eta baja emateko Elkargotik, puntu bakar batean, bide elektronikoan eta urrutitik, baita lege horretan aurreikusitako gainerako jarduketak egiteko ere.

2. Leihatila bakarraren bidez, gizarte graduatuek honako aukera hauek izanen dituzte, doan:

a) Lanbide jarduerara iristeko eta lanbidean aritzeko beharrezkoak diren informazioa eta inprimakiak eskuratzea.

b) Beharrezkoak diren agiriak eta eskabideak aurkeztea, Elkargoko kide egitekoa barne.

c) Interesdun gisa agertzen direneko prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea eta aginduzko tramite egintzen jakinarazpena eta Elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplinazko espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.

d) Batzar Nagusi arrunt eta berezietarako deiak jasotzea eta Elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri ematea.

3. Leihatila bakarraren bidez, informazio hau eskainiko da argi eta garbi:

a) Elkargokideen Erregistroan doan sartzeko bitarteko elektronikoen prozedura. Erregistro hori etengabe eguneratua egonen da, eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: gizarte graduatu elkargokideen izen-deiturak, bakoitzaren kide zenbakia, jabetzan dituzten titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide gaikuntzaren egoera.

b) Lanbide Sozietateen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.

c) Batetik kontsumitzaile edo erabiltzailearen eta bestetik elkargokide baten edo lanbide elkargoaren arteko gatazkaren bat izaten denean aurkezten ahal diren erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko bideak.

d) Gizarte graduatuen lanbide zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.

e) Kode deontologikoen edukia.

4. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak, artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, beharrezkoak diren teknologiak erabiliko ditu; halaber, sistemen arteko elkarreragingarritasuna bermatuko duten plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko ditu, bai eta desgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzekoak ere. Horretarako, Elkargoak behar diren koordinazio eta lankidetza mekanismoak jartzen ahalko ditu abian, are beste lanbide batzuetako korporazioekin batera.

5. Elkargoak informazioa emanen dio Kontseilu Nagusiari elkargokideen eta lanbide sozietateen erregistroetako alta, baja eta beste aldaketa guztiei buruz, jakin dezan eta erregistro zentraletan jaso dezan.

105. artikulua. Urteko memoria.

1. Elkargoak gardentasun printzipioa bete beharko du kudeaketan. Horretarako, urteko memoria prestatuko du, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean eskatutako edukiarekin.

2. Urteko memoria horiek, gutxienez, honako informazio hau bilduko dute:

a) Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena, langileen gastuak barne, behar adina zehaztuta Gobernu Batzordeko kideen ordainsariak, karguaren araberakoak.

b) Kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera zehaztutako kuoten zenbatekoa, bai eta haiek kalkulatu eta aplikatzeko arauak ere.

c) Informazio agregatua eta estatistikak instrukzio fasean dauden edo irmo bihurtu diren informazio eta zehapen prozedurei buruz, zer arau-hausteri buruzkoak diren, haien izapidetzea eta ezarri zaien zehapena adierazita, eta datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

d) Informazio agregatua eta estatistikak kontsumitzaileek edo erabiltzaileek, edota horiek ordezkatzen dituzten erakundeek, aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruz, haien tramitazioari buruz eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko arrazoiei buruz ere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

e) Elkargoaren kode deontologikoen edukian izandako aldaketak.

f) Gobernu Batzordeko kideek izaten ahal dituzten interes gatazkak eta bateraezintasunei buruzko arauak.

3. Urte bakoitzeko lehen seihilekoan argitaratuko da urteko memoria, webgunearen bidez. Kontseilu Nagusiak aditzera emanen du, bere memoriarekin batera, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean eskatutako estatistika informazioa, eta, horretarako, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak beharrezko informazio guztia emanen dio, urteko memoria egin dezan.

106. artikulua. Elkargoko arreta zerbitzua.

Kontsumitzaileei edo erabiltzaileei eta elkargokideei arreta emateko zerbitzua.

1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak gizarte graduatu elkargokideek aurkeztutako kexei edo erreklamazioei erantzun beharko die.

2. Halaber, Elkargoak kontsumitzaile nahiz erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izanen du. Zerbitzu horrek nahitaez tramitatuko eta ebatziko ditu elkargokideek Elkargoan edo lanbidean izandako jarduera dela-eta aurkezten diren kexak eta erreklamazioak, izan zerbitzu profesionalak kontratatzen dituen edozein kontsumitzailek edo erabiltzailek aurkeztuak, izan kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte eta erakundeek haiek ordezkatuz edo haien interesak defendatzeko aurkeztuak.

3. Elkargoak, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bitartez, kexari edo erreklamazioari buruzko ebazpena emanen du, dela gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemari buruzko informazioa emanez, dela espedientea elkargoko organo eskudunei igorriz informazio edo diziplina espedienteak irekitzeko, dela artxibatuz edo dela zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuz, dagokionaren arabera.

4. Zerbitzu horren araudian kexak eta erreklamazioak elektronikoki eta urrutitik aurkezteko aukera jaso beharko da.

Estatutu hauetan horretaz arautzen ez den orotan, ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea direla ordezko legeak. Zuzenbide administratiboaren mendean egonen dira Elkargoko organoen egintzak, gisa horretakoak badira, eta, hortaz, errekurtsoa jartzen ahal da haien kontra bide korporatiboa bukatuta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

IX. TITULUA.–ADMINISTRAZIOEKIKO HARREMANAK

107. artikulua. Harremanak erakundeekin.

1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak harremanak izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, Estatuko Administrazioarekin eta Justiziako Administrazioarekin, lankidetzaren esparruan, Estatuko eta autonomia erkidegoetako lanbide Elkargoen legeekin bat.

2. Elkargoak administrazio zentralarekin egin behar dituen kudeaketa korporatiboak, kasuan kasuko lurralde jurisdikzioa ukitzen badute ere, Espainiako Gizarte Graduatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiari jakinarazi behar zaizkio aldez aurretik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Estatutu hauek ezin diote kalterik egin gure Foru Komunitateak gai honi buruz arautzen duenari, Konstituzioaren eta legeriaren arabera.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren Estatutu hauek indarrean jarriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: F2414529