1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2/2024 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira eta gastua baimentzen baita honako beka honetarako: "Unibertsitateko titulazioa duen pertsona baten prestakuntza praktikorako beka, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusian eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan aritzeko". DDBN identifikazioa: 791873.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari dagokio deialdi hau onestea, eta beronen xedea da beka bat ematea, gazteen prestakuntza sustatzeko Kanpo Ekintzaren eremuan.
Aurreko urteetan, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak bi bekaren deialdiak egin ditu. Horietako bat zen praktikak egiteko Europe Direct informazio-gunean (zuzendaritza nagusi horren mendekoa da), eta bestea, Nafarroako Gobernuaren Europar Batasuneko Bulego Iraunkorrean aritzeko. Beka berri honen helburua da bi horiek bateratzea eta beka bakarra sortzea. Beka honetan, bete beharreko eginkizunak gehitu eta osatuko dira, eta jaso beharreko zuzkidura ekonomikoa handituko da. Horrela, bekaren onuradunak ikuspegi orokorra lortuko du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak egiten duen lanaren nondik norakoei buruz.
Onuradunak aukera izanen du Europako erakundeei, Batasuneko politikei eta horiek Nafarroaren errealitatean duten eraginari buruz duen ezagutza hobetzeko, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoaren eguneroko lanetan parte hartuz, non eginkizun teknikoetan lagunduko baitu, ezagutza praktiko zabala sendotzeko helburuz.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa eguneratzen duen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Agindua eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 25eko 239/2023 Foru Dekretua,
AGINTZEN DUT:
1. Deialdia onestea, 2025. urterako, unibertsitateko titulazioa duten gazteen prestakuntza praktikorako beka bat emateko, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusian eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan aritzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi horretarako, 18.150 euroko gastua onestea, honela finantzatuko dena:
–2025. urteari dagokion gastua, guztira 18.075 euro, ordainduko da 2025erako Nafarroako aurrekontu orokorretan 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen baliokidea izanen denaren kontura: B50003 B5200 4809 145100 partida, "Nafarroako Gobernuak Europar Batasunean (Bruselan) duen Bulegoko beka" izenekoa. Betiere, baldintza izanen da horretarako kreditu egoki eta nahikoa egotea.
–2026. urteari dagokion gastua, guztira 75 euro, ordainduko da 2026rako Nafarroako aurrekontu orokorretan 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen baliokidea izanen denaren kontura: B50003 B5200 4809 145100 partida, "Nafarroako Gobernuak Europar Batasunean (Bruselan) duen Bulegoko beka" izenekoa. Betiere, baldintza izanen da horretarako kreditu egoki eta nahikoa egotea.
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko urriaren 18an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
ERANSKINA.–Honako beka hau arautzeko oinarriak: unibertsitateko titulazioa duen pertsona baten prestakuntza praktikorako beka, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusian eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan aritzeko
1.–Helburuak.
–Gazteen prestakuntza sustatzea Kanpo Ekintzaren eremuan.
–Ezagutzak hobetzea, hala Europar Batasunaren esparrukoak nola arlo praktikokoak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusian.
–Ezagutza hobetzea Europar Batasuneko erakundeen funtzionamenduari buruz eta haren politikei eta ekintzei buruz.
–Bai Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusian, bai Bruselako bulegoan, ohiko lanetan parte hartzea eta zeregin teknikoetan laguntzea: informazioa bilatzea eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europar Batasuneko erakunde eta organoen bilera edo biltzarretara joatea eta txostenak, buletinak eta abar prestatzen laguntzea.
–Nafarroa Europar Batasunaren barruan egoteak dakarren guztiari buruzko ezagutza praktiko zabala sendotzea.
2.–Zuzkidura.
Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia konprometitzen da bekaren onuradunari hilean 1.250 euro gordin ordaintzera bekaren lehen hiru hilabeteetan, Iruñeko bulegoetan aritu bitartean, eta 1.500 euro gordin, aldiz, Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan hasten denetik beka bukatu arte. Diru kopuru horiei behar diren atxikipenak eginen zaizkie, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura.
3.–Bekaren iraupena.
Beka hasiko da hura emateko ebazpenean ezartzen den egunean. Dena dela, aurreikusten da 2025eko urtarrilaren 2an hastea eta 2025eko abenduaren 31n bukatzea, eta luzatzen ahalko da urtebeteko epeetan, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak kontuan harturik. Luzapen hori onartuko da aurrekontuetan horretarako kreditu nahikorik baldin badago.
4.–Hartzaileek bete beharreko baldintzak.
1. Adinez nagusia izatea.
2. Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estatu bateko herritartasuna izatea. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak frogatu beharko du gaztelaniaz behar adina badakiela; hori frogatzeko, bada, titulu ofizial bat aurkeztu beharko du, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako C1 mailaren baliokidea.
3. Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.
4. Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
5. Unibertsitateko gradudun edo lizentziadun titulu ofizial bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian emandako tituluen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen ministerioaren homologazioa aurkeztu beharko da.
6. Titulu hori eskuratua izatea prestakuntza beka honen deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.
7. C1 mailako ingeles edo frantses maila dutela frogatzea, titulu ofizial baten bidez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).
8. 30 urtetik beherakoa izatea.
9. Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten dionik.
10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoren batean prestakuntza bekarik jaso ez izana bi urterako edo gehiagorako.
5.–Osasun laguntza.
Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du bekadunaren Gizarte Segurantza dela-eta egin beharreko ordainketa. Bekadunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.
Gainera, bekadunak aseguru bat sinatu beharko du bere kontura, honako hauek estaltzeko, gutxienez: osasun laguntza edo istripuen ondoriozkoa eta aberriratzea, bai eta erantzukizun zibila ere. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari eman beharko dio horren berri, behar diren frogagiriak aurkezturik, Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegora joan baino lehen.
6.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da, epea mugara iristen den hilaren barnean, argitaratze-egunaren zenbaki bera duen egunean.
7.–Aurkeztu beharreko agiriak.
1. Bekaduna hautatzeko prozesuan parte hartzeko eskabidea.
2. Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.
3. Eskatzen den ikasketa titulu ofiziala, non eta noiz eman zen adierazita.
4. Ikasketa-espediente ofiziala, unibertsitate lizentzian edo graduan lortutako batezbestekoa adierazita.
5. Curriculuma, EUROPASS formatuan.
6. Ingeles edo frantses titulu ofiziala (C1 mailakoa gutxienez).
7. Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, uneko datarekin, non jasoko baita erroldatzea noizkoa den; bestela, bizitokia Nafarroan izatea frogatzen duen agiri bat, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
8. Baldintzak eta aurkeztutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiri edo tituluen akreditazio ofiziala.
8.–Dokumentazioa aurkezteko modua eta tokia.
Eskabideak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusira zuzenduko dira (Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua), eta, ahal dela, Internet bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko izapideen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/beca-para-la-formacion-practica-en-la-direccion-general-de-accion-exterior-y-en-la-oficina-del-gobierno-de-navarra-en-bruselas.
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Izapidetzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve erabil daiteke.
Hala egiterik ez badago, eskabideak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan.
Ez dira baloratuko, ez eta aintzat hartuko ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzean betetzen ez diren baldintzak eta merezimenduak, alegatu badira ere, ez eta agiri bidez argi eta garbi frogatzen ez direnak ere.
Epearen barnean aurkeztutako eskabideak ez badu eskatutako guztia betetzen, organo eskudunak errekerimendua eginen dio interesdunari, hamar egun naturaleko epean zuzendu dezan. Interesdunak hala egiten ez badu, eskatzeari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin. Hau da, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, ez da merezimenduen gaineko inolako dokumentaziorik onartuko.
Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
9.–Merezimenduak: balorazio irizpideak.
Merezimenduak bi fasetan baloratuko dira.
Lehenbiziko fasea:
Hautagaitzak baloratuko dira, baldin eta hautagaiak baldintza guztiak betetzen eta frogatzen baditu. Merezimenduak honako puntuazio hauen arabera baloratuko dira
IRIZPIDEA | PUNTUAZIOA |
Bigarren lizentzia edo graduko ikasketak | 1,5 |
Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako doktoretza bukatua | 2,5 |
Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako masterra bukatua (gutxienez 60 ECTS kreditu) | 2,0 |
Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako graduondoko ikasketa bukatuak | 1,5 |
Ingelesa, C1 (HEEEB) edo goragoko maila (baldintza gisa eskatutako titulua ez bada) | 2,0 |
Frantsesa, C1 (HEEEB) edo goragoko maila (baldintza gisa eskatutako titulua ez bada) | 2,0 |
Euskara, B2 (HEEEB) edo goragoko maila | 2,0 |
Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk, B2 (HEEEB) edo goragoko maila | 1,5 |
Ikasketa espedientea | 2,0 (*) |
(*) Ikasketa-espedientean batezbesteko onena duen hautagaiari 2 puntu emanen zaizkio, eta gainerakoei, dagokien puntuazioa, zuzeneko proportzioa aplikatuz. |
Bigarren fasea:
Aurreko fasean puntuaziorik handiena lortu duten 5 hautagaiei eginiko elkarrizketa bat izanen da, 0 eta 3 puntu artekoa, eta honako hauek baloratuko dira:
–Hautagaiak ahoz komunikatzeko duen gaitasuna, barne direla hizkuntza-zuzentasuna, adierazpen-argitasuna eta elkarrizketan erabilitako termino teknikoen egokitasuna.
–Erantzuteko gaitasuna, elkarrizketan bekaren xedearekin lotuta planteatzen zaizkion gaien aurrean.
–Konponbideak aurkitzeko gaitasuna, elkarrizketan bekaldian zehar sor daitezkeen arazo edo egoera hipotetikoak planteaturik.
–Elkarrizketatzaileekin harremana bideratzeko gaitasuna.
–Egiaztatutako berariazko ezagutzak.
Elementu horietako bakoitzak pisu bera izanen du bigarren faseko puntuazioa emateko garaian.
Interesdunei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu. Hautagairen batek prozesuaren fase honetan uko eginez gero, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.
Elkarrizketa egiterakoan, ebaluazio batzordeak giza baliabideetako aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahalko du; aholkulari horien laguntza haien espezialitate teknikora mugatuko da.
10.–Hautagaiak aukeratzeko prozesua.
Ebaluazio batzorde batek eskaerak aztertu eta baloratuko ditu, oinarri hauen zortzigarren puntuan ezarritakoaren arabera, eta emaitzei buruzko txostena emanen du, non honako hauek jasoko baitira:
a) Eskatutako baldintzak ez betetzeagatik baztertu diren eskatzaileen zerrenda, bakoitzak zer baldintza betetzen ez duen adierazita.
b) Gainerako eskabideen zerrenda, oinarri arautzaile hauetan adierazitako baremazio irizpideen arabera ordenatua.
Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
–Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu eginkizunetan; ordezkoa, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua.
–Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzura atxikitako APTa (arlo ekonomikoa); ordezkoa, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko teknikari bat.
–Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua, idazkari eginkizunetan; ordezkaria, Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako APT bat (arlo juridikoa).
Berdinketak ebaztea: puntu-berdinketarik gertatzen bada bekarako hautagaien merezimendu guztiak eta elkarrizketa batutakoan, ebatziko da elkarrizketa pertsonalean puntuaziorik handiena lortu duenaren alde. Berdinketa hausten ez bada, Europako gaietako prestakuntzari erreparatuko zaio. Horrela ebazten ez bada, berdinketa hizkuntzen puntuazioaren arabera argitu beharko da. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak zozketa bidez ebatziko du.
11.–Beken iraupena.
Bekak bi etapa izanen ditu:
1. Lehenbiziko etapa hasiko da bekaduna Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusian sartzen denean (Yanguas y Miranda kalea 27, 1.a, Iruña), eta handik hiru hilabetera bukatuko da.
2. Bigarren etapa izanen da Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan, lehenbiziko etapa bukatzen denetik 2025eko abenduaren 31ra bitarte. Luzatzen ahalko da urtebeteko epeetan, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak kontuan harturik.
12.–Baldintzak.
Onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko. Gehieneko dedikazioa astean 30 ordu izanen da, ahal dela goizetan, baina arratsaldez ere zenbaitetan, ekitaldietara joateko.
Beka jasotzeak ez du esan nahi entitatearekin lan edo administrazio zerbitzuak emateko harremanik dagoenik, eta ez du inolako lan konpromisorik sortzen bekaldia bukatutakoan.
Eskatutako titulazioa edo goragokoa duen tutore batek zuzendu eta gainbegiratuko ditu bekadunaren jarduerak. Tutore hori Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzukoa izanen da lehenbiziko etapan, eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegokoa bigarrenean.
Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak beka kentzen ahalko du, errendimendu apala izanez gero praktiketako prestakuntza programa honen ikaskuntzan.
Bekari bekaldia bukatu baino lehen uko egin nahi izanez gero, onuradunak 15 egun natural lehenago jakinarazi beharko dio Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari. Betetzen ez diren aurreabisu egunak bekadunaren hileko bekatik deskontatuko dira, edo bekadunari dagokion beste edozein eskubidetatik.
Ordezkoek betetzen ahalko dituzte bekadunek utzitako hutsuneak, ezarritako hurrenkerari jarraikiz. Kasu horretan, deialdian ezarritako modu berean hasiko dira jardunean, hasiera batean aurreikusitako prestakuntza-aldia bukatu arte.
Bekadunak ez du inoiz ere arriskutan jarriko Nafarroako Gobernuaren izen ona.
Bekadunak agiri bat sinatu beharko du bekaren baldintzak onartzen dituela adierazteko, eta horrela formalizatuta gelditu da Nafarroako Gobernuaren bekadun izaera.
13.–Bekaren bukaera.
Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, prestakuntzako bekadunak txosten bat aurkeztu beharko du egindako lanari eta lortutako emaitzei buruz, tutorearen adostasuna izan beharko duena.
14.–Bateraezintasunak.
Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.
15.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan berariaz araututa ez dagoen orotan, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.
Iragarkiaren kodea: F2415335