2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Hirigintzako eta Obra Publikoetako zinegotzi ordezkari bereziaren izendapena
Urriaren 15eko 27/2024 Dekretua.
Hirigintzako eta Obra Publikoetako zinegotzi ordezkari bereziaren izendapena.
Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduan xedaturikoaren arabera (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia), Alkatetzak eskudantzia jakin batzuk eman diezazkioke eskuordetzan edozein zinegotziri, zeregin zehatzetarako, nahiz eta zinegotzi hori tokiko gobernu batzarreko kide ez izan.
Eskuordetze bereziak barne hartzen ditu, eskuordetzearen xedeari dagokionez, udal arloetan sartutako gaiekin zerikusia duten jarduerak zuzendu eta kudeatzeko ahalmenak, bai eta horien barne-antolaketarako ahalmena ere, kanpo utzirik hirugarrenak ukitzen dituzten administrazio egintzen bidez ebazteko ahalmena. Kasu horretan, eskuordetze orokor bat bere gain duen zinegotziak izanen du eskuordetze bereziko zinegotzien jarduna gainbegiratzeko ahalmena, baldin eta azken horren eskuordetze berezia haren arlokoa bada, arlo horretan, hain zuzen, zeregin jakin batzuk egitekoa.
Aurreko alkatetzak lanpostuen azterketa bat eskatu eta jaso zuen, eta han deskribatzen da udalaren antolamendu-egitura eta egitura funtzionala, eskumen-arloetan banatuta.
Hirigintza eta Ingurumen Zerbitzuen Arloak hainbat eskumen barne hartzen ditu, honako gai hauei lotuta: hirigintza, eraikingintza, hiri- eta landa-lurzoruak eta lurzoru urbanizagarria, ingurumenaren kudeaketa eta landa-garapena. Eskumenok hiriguneari eta landa-eremuari eragiten diete. Arloak barne hartzen duen ezagutza- edo eskumen-eremuaren tamaina dela eta, beharrezkoa da zinegotzitza espezifikoak ezartzea, gai horietaz arduratu eta horiek kudeatzeko.
Horiek horrela, bada, eskuordetzeak ahalmen hauek barne hartzen ditu, hirigintzaren eta obra publikoen gaiei dagokien eskumen esparruari loturik betiere: zuzendaritza, barne antolaketa eta jardueren kudeaketa, kanpo utzirik hirugarrenak ukitzen dituzten administrazio egintzen bidez ebazteko ahalmena eta aurrekontua kudeatzekoa.
Eskuordetze-proposamena jaso duen pertsonak onartu egin duela jakin da.
Erabiliz ematen zaizkidan eskudantziak, honako hauen bidez eman ere: apirilaren 2ko 7/85 Legearen 21.3 artikulua (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak) eta Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43, 44. eta 45. artikuluak (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 28ko 2568/86 Errege Dekretuaren bidez),
DEKRETATZEN DUT:
Lehena.–Eskuordetze berezia egitea Iñaki Sota Virtori hirigintzaren eta obra publikoen gaietan.
Bigarrena.–Aditzera ematea dekretu honen bidez eginiko eskuordetzea honako araubide juridiko honi loturik dagoela:
a) Eskuordetzeak ahalmen hauek barne hartzen ditu: zuzendaritza, barne antolaketa, jardueren kudeaketa eta gaiari buruzko proposamenak egitea, kanpo utzirik hirugarrenak ukitzen dituzten administrazio egintzen bidez ebazteko ahalmena eta aurrekontua kudeatzekoa; ahalmen horiek, hain zuzen, Tafallako Udaleko Alkatetzaren esku egonen dira.
b) Tafallako Udaleko Alkatetzak gordeko ditu hirugarrenak ukitzen dituzten administrazio egintzak emateko ahalmena eta eskuordetutako eskumen bereziei buruzko informazio zehatza jasotzekoa.
c) Ulertuko da eskuordetzeak ez duela denbora-mugarik eta errebokatu arte iraunen duela.
d) Alkatetzak noiznahi berreskuratzen ahalko ditu eskuordetzan emandako eskumenak, edo eskuordetzea errebokatu dezake.
Hirugarrena.–Indarrik gabe uztea ekainaren 29ko 12/2023 Dekretua, hirigintzaren eta obra publikoen arloko eskuordetzeari dagokionez.
Laugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea zinegotzi ordezkari berezi izendaturiko pertsonari, behar diren ondorioak izan ditzan, bai eta Amaia Jaurrieta Osési ere.
Bosgarrena.–Eskuordetzearen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara dadin, eta orobat ikusgai jartzea Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.
Seigarrena.–Dekretu hau igortzea Hirigintza eta Ingurumen Zerbitzuen Arlora, Udalaren Idazkaritzara eta Aholkularitza Juridikora, jakinaren gainean egon daitezen.
Zazpigarrena.–Udalbatzari dekretu honen berri ematea egiten duen hurrengo osoko bilkuran.
Zortzigarrena.–Ezartzea eskuordetze honen eraginkortasuna sortuko dela dekretu honen datan, aurretik jasota geratu delarik eskuordetutako pertsonak kargua onartu duela.
Tafallan, 2024ko urriaren 15ean.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.
Iragarkiaren kodea: L2415394