Iragarkia
223. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 4a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin arduradunaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa, eta, orobat, eratu daitezen aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda
Lehendakaritzaren urriaren 2ko 69/2024 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi zen, oinarriekin batera: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin arduradunaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa, 7 zenbakia duena Moncayoko Ur Mankomunitatearen plantilla organikoan. Plaza sartu zen Mankomunitatearen 2024ko lan publikoaren eskaintzan, zeina argitaratu baitzen 2024ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 20an.
Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez), estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
Corellan, 2024ko urriaren 8an.–Lehendakaria, Tirso Calvo Zardoya.–Idazkaria, Rosa Ferrer García.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea arduradunaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa, Moncayoko Ur Mankomunitatekoa, eta, orobat, eratzea, hautaketa-prozesua baliatuz, aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda, sortzen diren beharrei erantzuteko.
1.2. Hautaprobak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira, eta lehiaketaldia ere izanen da, baldintza hauen 7.1 oinarrian ezarri bezala.
1.3. Deialdiaren xedeko plazak 7 zenbakia du plantilla organikoan, "arduraduna" izena, eta C maila.
1.4. Hautaprobak gainditu ondoan, C mailan sartuko da deialdi honetako plaza betetzeko izendatzen den langilea, eta jasoko ditu Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan plazarako oro har ezarritako ordainsariak (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua), bai eta Udalaren plantilla organikoan ezarritakoak ere, eta, orobat, aplikatu beharreko araudiaren arabera dagozkionak.
1.5. Plaza lortzen duen izangaia funtzionario bihurtuko da, izanen ditu langileen arloan indarreko xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatuko da, eta bertan alta emanen zaio, araubide horrek Moncayoko Ur Mankomunitatearentzat ezartzen duen babesaren pean.
1.6. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.
1.7. Betebeharrak.
Plaza lortzen duenak bete beharreko eginkizunak izanen dira bere maila eta kategoriari dagozkionak, eta, bereziki, lanpostuaren deskripzioan agertzen direnak, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginiko azterlanari:
–Hornidura eta saneamendu sareak kontrolatu eta mantentze-lanak egitea; bai eta sareak osorik berritzea ere.
–Mankomunitateko biltegi eta instalazioak kontrolatzea eta jarraipena egitea etengabe, haien parametro guztiei dagokienez.
–Laginak hartzea, uraren analisiak egiteko.
–Kontsumorako kloroaren maila egunero kontrolatzea.
–Uraren zerbitzuarekin zerikusia duen edo hari eragiten dion edozein gorabehera hasiera batez kontrolatzea eta berehala haren berri ematea arduradun nagusiari.
–Kontagailuak ezarri, kontrolatu eta haien irakurketa egitea.
–Matxurak lokalizatu, atzeman eta konpontzea, putzuak ordeztu eta konpontzea, bai eta kalteak ere.
–Edateko uren araztegian (aurrerantzean EUA) eta bere instalazioetan kontrol- eta mantentze-lanak egitea.
–Igeltserotza lanak egitea.
–Atzerako hondeamakinekin lan egitea.
–Igeltserotzako ofizial baten berezko funtzioetan obrak gauzatzea, kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.
2. oinarria.–Izangaien baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa (Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio); orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea gutxienez, edo lortzeko moduan egotea: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.
Izangaiek alegatzen badute badituztela aipatutako tituluen baliokideak diren ikasketak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori aitortzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute baliokidetasunari buruz Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako ziurtagiria.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez egotea, ezta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere.
e) C motako gidabaimena edukitzea.
f) Gidarien gaitasun agiria izatea (GGA).
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.
Salbuespena izanen dira gidabaimena eta gidarien gaitasun agiria: horiek lortu daitezke izendapen proposamenaren ondoren; zehazki, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean.
2.3. Izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak zuzenduko zaizkio Moncayoko Ur Mankomunitateko lehendakariari, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda, edo erabiliz Moncayoko Ur Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa (https://sedeelectronica.aguasdelmoncayo.es/catalogoservicios.aspx), honako izapide hau baliatuz: Registro electrónico/Presentación instancia general. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabide horiek I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta dokumentazio hau erantsi beharko da:
a) Nortasun agiri nazionalaren edo identifikazioko beste agiri baliokide baten fotokopia.
b) Behar den dokumentazioa, frogatzeko balora daitezkeen merezimendu guztiak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.4. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.5. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko dokumentazioa ere, organo eskudunak emana.
3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda jendaurrean paratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean (https://www.aguasdelmoncayo.es).
Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.
5. oinarria.–Behin betiko zerrendak.
Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Mankomunitateko burutzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura jendaurrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean, eta, horrekin batera, hautaproba egiteko eguna eta tokia.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Tirso Calvo Zardoya, Moncayoko Ur Mankomunitateko lehendakaria.
Ordezkoa: Ramón Martinez Zardoya, Moncayoko Ur Mankomunitateko lehendakariordea.
–Lehen epaimahaikidea: Alfonso García Puvía, Moncayoko Ur Mankomunitateko ingeniari teknikoa.
Ordezkoa: Titularrak eskuordetzen duena.
–Bigarren epaimahaikidea: Fabián Cornago Murillo, Moncayoko Ur Mankomunitateko arduradun nagusia.
Ordezkoa: Jesús Lázaro Sesma, Moncayoko Ur Mankomunitateko arduraduna.
–Hirugarren epaimahaikidea: Daniel Librada López, Moncayoko Ur Mankomunitateko langileen ordezkaria.
Ordezkoa: Juan Jimeno Led, Moncayoko Ur Mankomunitateko langileen ordezkaria.
–Epaimahaikide-idazkaria: Rosa Ferrer García, Moncayoko Ur Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: Izaskun Zozaya Yunta, Monteagudoko Udaleko idazkaria.
6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko.
6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.
6.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusitako arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
6.5. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
7. oinarria.–Proben nondik norakoa.
Probak egiteko denbora eta modua epaimahaiak erabakiko du.
7.1. Lehiaketaldia.
Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, eta horiek agiri bidez frogatu beharko dira, baremo honen arabera:
a) Lanbideari lotutako merezimenduak (15 puntu gehienez):
a.1) Azken 10 urteetan aritu izana uretako ofizial lanpostuko lanetan edo deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituen lanpostu batean, C mailakoan (15 puntu gehienez).
–Administrazio publiko baten ur zerbitzuan: 4 puntu urteko.
–Ur zerbitzuak ematen dituen enpresa edo entitate pribatu batean: 3 puntu urteko.
Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
a.2) Azken 10 urteetan aritu izana eraikuntzako ofizial, iturgin edo elektrikari lanetan: (10 puntu gehienez).
–Administrazio publiko batean: 3 puntu urteko.
–Enpresa edo entitate pribatuetan: 2 puntu urteko.
Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
b) Beste merezimendu batzuk (5 puntu gehienez):
b.1) Prestakuntza ikastaroak, baldin zerikusirik badute bete beharreko lanpostuarekin. 0,5 puntu emanen dira, prestakuntzaldiko 35 orduko. 5 puntu, gehienez.
b.2) Titulazio akademikoak (salbu deialdiko 2.1,b oinarrian ezarritakoa). 3 puntu gehienez.
1.–Honako titulu hauetako bat izateagatik, puntu bat: unibertsitateko diplomaduna, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa, Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea, baldin zerikusirik badu deialdi honen lanpostuarekin.
2.–Unibertsitateko lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo horien baliokidea izatea, deialdi honen lanpostuarekin zerikusia badu: 2 puntu.
Lehiaketan 20 puntu lor daitezke gehienez.
Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:
–Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.
–Ez dira bi aldiz zenbatuko baremoko talde berean dauden zerbitzuak denbora berean egin badira.
–Soilik kontuan hartuko dira eskabideak aurkezteko unean alegatutako merezimenduak.
7.2. Oposizioaldia.
7.2.1. Aurreikusi da oposizioaldia 2025eko urtarriletik aurrera hastea, eta honako ariketa hauek izanen ditu:
Lehenbizikoa.–Teorikoa. 100 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, deialdi honetako II. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruz. Galdera bakoitzarentzat lau erantzun proposatuko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Izangaiek 3 ordu izanen dituzte, gehienez, ariketa hori egiteko.
Oker erantzuten diren galderek penalizazioa izanen dute: galdera bakoitzari emandako balorazioaren %25. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie.
Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.
Bigarrena.–Praktikoa izanen da. Bi kasu praktiko edo gehiago ebatzi, egin edo gauzatu beharko dira, zerikusia dutenak deialdian zehaztutako lanpostuaren eginkizunekin, epaimahaiak ezartzen duen denboran. Horiek gauzatzeko, beharrezko bitarteko guztiak jarriko dira izangaien eskura (ibilgailuak, makineria, tresnak, objektuak, gauzak, tresneria eta materiala), eta ez da onartuko emandakoez bestelako bitartekorik erabiltzea. Epaimahaiak egin aurreko unean bertan planteatuko du aipatu ariketa.
Ariketa honetan balioetsiko dira izangaiek egiaztatutako eta frogatutako ezagutza profesionalak, bai eta bikaintasuna, trebetasuna eta zuzentasuna ere lanak egitean.
7.2.2. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu lor daitezke gehienez, honela banatuak:
–Lehen ariketa: 50 puntu gehienez.
–Bigarren ariketa: 30 puntu gehienez.
Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
7.2.3. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak iragarritako egun, ordu eta tokietan, edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak.
Hautaprobak egiteko, beharrezko denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira desgaitasun aitortua dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.2.4. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira oposizioko lehen proba egiteko eguna, tokia eta ordua.
7.2.5. Oposizioko lehen ariketa (ariketa teorikoa) kalifikatzen bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-fitxan argitaratuko du aurkeztutako izangaien zerrenda, adierazita lortutako behin-behineko kalifikazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek aukera izan dezaten eskubideko jotzen duten guztia alegatzeko, telematikoki. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
Epaimahaiak deialdiaren web-fitxan argitaratuko du hurrengo probaren (proba praktikoa) deialdia, eta jakinaraziko du proba egitera deitutako izangaien zerrenda, bai eta oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere.
Oposizioko bigarren ariketa (ariketa praktikoa) kalifikatzen amaitu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-fitxan argitaratuko du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortu dituzten behin-behineko kalifikazioak adierazita, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alegatu ahal izan dezaten, telematikoki, eskubideko jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
8. oinarria.–Azken kalifikazioa.
8.1. Azken kalifikazioa kalkulatzeko, batuko dira oposizioaldian lortutako puntuazioa eta lehiaketaldian lortutakoa, bai txanda irekiko hautapen-prozesuan, bai aldi baterako enplegua egonkortzeko hautapen-prozesuan.
Berdinketarik gertatuz gero hautapen-prozesuan parte hartzen dutenen puntuazioan, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.
Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da egindako zerbitzuei buruzko apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa izanez gero, joko da apartatu horren barnean azpiapartatu bakoitzean puntuaziorik handiena lortu duenaren alde, jarraituz azpiapartatu horiek duten hurrenkerari.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinduta segitzen badute, berdinketa ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.
8.2. Berdinketarik ez badago, edo berdinketa ebatzirik, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta deialdia egin duen organoari igorriko dio puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da.
9. oinarria.–Baldintzak frogatzea eta izendapena.
9.1. Baldintzak frogatzea.
Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu behar diren agiriak, frogatzeko betetzen dituela deialdian eskatutako betebeharrak eta baldintzak:
a) Deialdiko 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Honako hauen fotokopia: C motako gidabaimena eta gidarien gaitasun agiria (GGA); biak ere, indarrekoak.
c) Osasun ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuan aritzea. Desgaitasuna alegatu duten izangaien kasuan, txostenak, gainera, frogatu behar du hura bateragarria dela deialdiaren xedeko lanpostuarekin.
Mankomunitateko Prebentzio Zerbitzuak adieraziko dio zer zentrotan eta zer egun eta ordutan egin osasun-azterketa. Moncayoko Ur Mankomunitatearen kargura izanen dira osasun-azterketaren gastuak.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
Agiri horiek ez baditu aurkezten goian adierazitako epean, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen dute izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatuko dira, galarazi gabe eskabidean gezurra errateagatik izan lezakeen erantzukizuna.
9.2. Ez-betetzeen kasuan, nola bete lanpostu hutsa.
Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, deialdia egin duen organoak baja beteko du deialdiaren 8.2 oinarriko zerrendako izangaiekin. Izangai horiekin jokatuko da aurreko apartatuetan ezarritako moduan, eta hala hurrenez hurren, hala behar denean.
9.3. Izendapena eta karguaz jabetzea.
Mankomunitateko lehendakariak, funtzionario izendatuko du, ebazpen baten bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen dituen izangaia.
Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatua nomina eta plantillako funtzionario bilakatzea, eta izanen ditu Mankomunitateko funtzionarioentzat indarreko xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.
Epe horretan, salbu ezinbesteko kasuetan, jabetza hartzen ez badu, galduko ditu Mankomunitateko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiko 8 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
Funtzionario bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 8. oinarrian xedatzen den moduan.
9.4. Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, Moncayoko Ur Mankomunitatearen egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da honako hauei buruzko informazioa: proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenak eta haren jarduketarekin lotutakoak, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere. Hona hemen egoitza elektronikoaren helbidea: https://sedeelectronica.aguasdelmoncayo.es/catalogoservicios.aspx.
10. oinarria.–Aldi baterako kontratazioen zerrendak.
10.1. Zerrendak eratzea.
Behin funtzionario bihurtutakoak jabetza hartzen duenean, lehendakariak ebazpen bat emanen du, jasoko dituena bi zerrenda, aldi baterako kontratatzeko izangaiekin, eta argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen egoitza elektronikoan, hautatzeko sistema hauen arabera, hurrenkera-ordenaren arabera:
a) Lehenik, prozesua gainditu arren plazarik lortu ez dutenak: bertan egonen dira hautaprobak gainditu arren plazarik ez duten izangaiak. (1. zerrenda).
Prozesua gainditu arren, plaza lortu ez dutenen zerrendan, honela ezarriko da lehentasuna: batuko dira oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuak.
b) Bigarrenik, oposizioko lehen ariketako puntuazioaren %40 (20 puntu) edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda. (2. zerrenda).
Apartatu honen (b apartatua) babesean eratzen den izangaien zerrendan, honen araberakoa izanen da lehentasuna: oposizioko lehen ariketan lortutako puntuazioa.
1. zerrendak izanen du lehentasuna 2. zerrendaren aurretik.
Kontratazio zerrendak indarrean izanen dira beste deialdi bat egin arte. Deialdi berria egitean, eratzen den zerrenda berriak ordeztuko ditu.
10.2. Dei egiteko arau orokorrak:
Prozesua gainditu zaienei dei egiten ahal zaie Moncayoko Ur Mankomunitatearen beharren arabera. Betiere, eta kontratua sinatu aurretik, aurkeztu beharko dituzte honako hauen fotokopiak: C motako gidabaimena eta gidarien gaitasun agiria (GGA); biak ere, indarrekoak.
Lehenik, deituko zaie 1. zerrendako kideei, eta, beharrezkoa izanez gero, 2. zerrendako kideei.
Moncayoko Ur Mankomunitateak dei eginen die hautatutako izangaiei, eta aldi baterako kontratatuko ditu, babes harturik deialdi hau eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoa (legegintzako foru dekretu horren bitartez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudia ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.
Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.
Izangaiei deitzeko, jarraituko zaie aurreko apartatuetan ezarritako lehentasun irizpideei.
Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, bi saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark emandako telefono zenbakiaren bidez, eguneko epean. Telefonoz lehenbizikoz deitzen zaion egunean, erantzuten ez badu, mezu elektroniko bat bidaliko zaio.
Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, bi orduko epean erantzuten ez badu, mezu elektronikoa bidali zaionetik, ondorioztatuko da uko egiten diola, eta 10.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, edo bidalitako mezu elektronikoari erantzuten ez badio, zerrendetan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin. Hori dena, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari, zehazki, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
10.3. Deia egitea amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.
Izangaiei dei egiten bazaie, aldi baterako kontratu bat sinatzeko, amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean, kontratua onartzen badute, lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, eta orduan sinatuko dute kontratua.
Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere bukatutakoan erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia.
10.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara igaroko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:
a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz itzuliko aktibo egotera, harik eta behar bezala frogatzen duen arte ukorako arrazoia bukatu dela.
c) Zaindu behar izatea 6 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz harreran hartua edo adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera (aplikatzekoa den arauen arabera), baldin eskainitako kontratuaren hasiera-eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden prest lanerako. Jakinarazpen hori egiten ez den artean, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.
10.4 oinarri honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 15 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, segituko dute lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten postu berean. Bestela, aplikatu beharko da 10.5.a) oinarrian jasotako arrazoia zerrendatik baztertzeko.
10.5. Zerrendetatik baztertzea.
Izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira honako kasu hauetan:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozteko moduko arrazoiengatik, eta/edo ez aurkeztea honako hauen fotokopiak: C motako gidabaimena eta gidarien gaitasun agiria (GGA); biak ere, indarrekoak.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu ukoaren zergatia baldin bada administrazio publiko batean edo enpresa pribatu batean sartzea.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.
f) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatzen den langileak ez duelako gaitasunik lanpostuan aritzeko edo hartara ez delako egokitu, ikusirik errendimendu eskasa, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
11.1. Epaimahaiaren egintzen kontra.
Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Moncayoko Ur Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
11.2. Beste egintza batzuen kontra.
Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Moncayoko Ur Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–OPOSIZIO-LEHIAKETAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
DEIALDIA (lanpostuari dagokiona):
............................................................................................................................................................
Nafarroako Aldizkari Ofizialaren argitaratu zen, zenbaki honetan: ..........; data honetan: ...........................
DATU PERTSONALAK:
Deiturak eta izena:
.............................................................................................................................................................
Nortasun agiri nazionala edo agiri baliokidea: ................................. Jaioteguna: ...................................
Jaioterria (herria, probintzia, herrialdea): ................................................................................................
Nazionalitatea: ..........................................
Helbidea (kalea, zenbakia, solairua, posta kodea, herria):
.............................................................................................................................................................
Telefonoa: ................................. Helbide elektronikoa: ............................................................................
Bere izenean Honako hau ordezkatuz:
Deiturak eta izena:
.............................................................................................................................................................
Nortasun agiri nazionala edo agiri baliokidea: .........................................................................................
AZALTZEN DUT:
Erantsi dut deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.
Txanda: Irekia Igoera txanda
Desgaitasuna dut eta, hortaz, egokitzapenak eskatzen ditut (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.
Eskabidearekin batera aurkezten dut lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.
Horrenbestez, ESKATZEN DUT onar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.
Eguna eta sinadura
DATUEN BABESA.
Helburua:
Emandako datu pertsonalak erabiliko dira entitatearen hautaketa-prozeduran, bere eskumenez baliatzeko.
Tratamenduaren legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da, bete dadin eginkizun bat interes publikoaren aldekoa, edo botere publikoak erabiltzeko (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina).
Adostasuna.
Eskubideak non erabili: Erregistro-bulegoan eta egoitza-elektronikoan erabiltzen ahalko ditu datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
Datuak gordeko diren denbora: Datuak gordeko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta biltegiraturik edukiko dira entitate honek haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: Datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, deialdian adierazi bezala.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Moncayoko Ur Mankomunitatea. Antolamendua. Biltzen dituen entitateak. Estatutuak.
2. Moncayoko Ur Mankomunitateko zerbitzuen erregelamendua.
3. Administrazio publikoa. Egintza administratiboak. Administrazio-errekurtsoak.
4. Ur horniduraren sareak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sareko elementuak: balbulak, bentosak, sute-ahoak, ur-harguneak, presioa murriztekoak, erregistro-kutxatilak eta abar. Harguneak: materialak, diametroak, instalazioa. Probak hornidurako hodietan, zerbitzuan jartzea. Moncayoko Ur Mankomunitateko hornidura sareen araudi teknikoaren aplikazioa.
5. Ur-biltegiak. Kokalekua, biltegi motak eta haien eginkizunak. Erregulaziorako eta hornidurarako elementuak. Emari-neurgailuak. Kontsumoak. Uraren kalitatearen kontrola, laginak hartzea. Ur ponpaketa biltontzi batera. Hornidurarako presio-multzoak.
6. Edateko Ura Tratatzeko Estazioak (EUTE). Tratamendu motak. Dekantazioa, iragazketa, tratamendu kimikoak. Erreaktiboak dosifikatzea. Desinfekzioa. Uraren kalitatearen parametroak, laginak hartzea. Legeria. EUTE baten ekipoak. Kontrol-elementuak. Scada, automatak. Tresneria. Ekipoetako eta makineriako mantentze-lanak.
7. Saneamendu sareak. Sare motak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sarearen elementuak: kontrol-putzuak, harguneak, kutxatilak, hustubideak eta abar. Probak saneamenduko hodietan, zerbitzuan jartzea. Ponpaketak. Moncayoko Ur Mankomunitateko saneamendu sareen araudi teknikoaren aplikazioa.
8. Saneamendu sareak. Isurketak. Gainezkabideak eta ekaitz tangak. Aplikatu beharreko araudia. Hondakin uren araztegiak (HUA). Hondakin uren ponpaketak.
9. Eremu publikoko hornidura eta saneamenduko matxurak konpontzea. Sareetako ur-ihesak. Detekzio sistemak. Jarraibideak. Erabili beharreko makineria eta lanabesak. Segurtasuna.
10. Neurgailuak, herri bat urez hornitzean. Kontagailuak. Tipologia, instalazioa, funtzionamendua eta mantentze-lanak.
11. Saneamendu sareen instalazioen garbiketa. Bulkatzeko eta xurgatzeko ekipoak, saneamenduko instalazioak garbitzeko. Garbiketarako erabilitako kamioia: funtzionamendua, osagai edo mekanismo nagusiak, mantentze-lanak.
12. Instalazio elektrikoak: kondukzioak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa, zuzena eta sistema trifasikoak. Babesak. Neurtzeko gailuak.
11. Behe-tentsioko instalazioak. Transformazio zentroak. Instalazio elektrikoak uren araztegietan, ponpatze-estazioak. Maiztasun-aldagailuak. Automatizazioa. Automata programagarriak. Segurtasuna, babesa arrisku elektrikoaren aurrean.
13. Telemando sistemen bidezko kontrola eta telekontrola, hornidura eta saneamendu sareetan. Informazio geografikoko sistemak.
14. Laneko segurtasuna eta osasuna, hornidura sareak konpontzeko lanetan. Bitarteko eta gailu zuzentzaileak. Denen segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Norberaren segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Gune konfinatuetan lan egitea, araudia.
Iragarkiaren kodea: L2414907
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
