Iragarkia
223. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
426/2024 EBAZPENA, urriaren 9koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroan Lanbide Heziketaren Sistemako D eta E graduen eskaintzak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan 2024-2025 ikasturtean enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza antolatzeko eta gauzatzeko jarraibideak.
Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Ebazpen honek helburu du jarraibide batzuk onestea, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren gaineko alderdi batzuk antolatu eta gauzatzeko balioko dutenak, behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen Nafarroan Lanbide Heziketaren Sistemako D eta E graduen eskaintzak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan 2024-2025 ikasturtean.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1.a Eranskinean agertzen diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek bete beharko dira Nafarroan Lanbide Heziketaren Sistemako D eta E graduen eskaintzak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan 2024-2025 ikasturtean enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza antolatzen eta gauzatzean.
2.a Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3.a Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.a Ebazpen hau eta eranskina helaraztea Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiari, Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Kalitatearen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapenaren Zerbitzuari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 9an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
I. ERANSKINA.–NAFARROAN LANBIDE HEZIKETAREN SISTEMAKO D ETA E GRADUEN ESKAINTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKO ETA PRIBATU ITUNDUETAN ENPRESA EDO ORGANISMO PAREKATUKO PRESTAKUNTZA ANTOLATZEA ETA GAUZATZEA ARAUTUKO DUTEN JARRAIBIDEAK.
2024-2025 ikasturtea
Ekainaren 20ko 277/2024 Ebazpenaren bidez (Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana), Lanbide Heziketaren Sistemako D eta E graduen eskaintzak ematen dituzten ikastetxe publikoetako antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak onetsi ziren, Lanbide Heziketako berariazko programei dagokienez, Nafarroan, 2024-2025 ikasturtean.
III. kapituluko 7. instrukzioan, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren ezaugarriei buruzko jarraibideak ematen dira. Horren h) apartatuan ("Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza arautzen duen araudia") zehazten da ezen, 2024-2025 ikasturtearen hasieran, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzari buruzko aurreko jarraibideak osatuko direla Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, eta Hezkuntza Departamentuak enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza arautzen duen araudia garatuko duela 2024-2025 ikasturtean.
Hezkuntza Departamentuak 2024-2025 ikasturtean enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza arautzen duen araudia garatuko du.
Jarraibide hauek Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren Sistemako D eta E graduen eskaintzak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan 2024-2025 ikasturtean enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren antolaketari eta garapenari buruzko zenbait alderdi osagarriren ingurukoak dira.
1. Sarrera.
Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak bere 55. artikuluan ezarri du ezen Lanbide Heziketako C eta D graduetako eskaintza osoak izaera duala izanen duela –orain arteko Lanbide Kualifikazioen Estandarren Katalogo Nazionala ordezten duen trebetasun profesionalen estandarren Katalogo Nazionalaren araberakoa da eskaintza–; horrek esan nahi du D graduko eta oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako zikloen eskaintza osoa duala izanen dela, eta horrek eskatzen duen bezala garatuko dela. Horretaz gain, aipatutako Lege Organikoaren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera, E graduen eskaintzak modalitate dualean gauzatzen ahalko dira.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 65. artikuluan ezartzen da D graduko, eta hala badagokio, E graduko Lanbide Heziketako eskaintzak bi eskaintza-araubide hauetako batean eginen direla, modalitate dualean:
a) Araubide orokorra. Araubide orokorraren ezaugarri bereizgarriak hauek dira, besteak beste: enpresan egiten den prestakuntza-denbora prestakuntza osoaren %25 eta %35 bitartekoa izanen da (%20 oinarrizko mailako zikloen kasuan), eta enpresan egin beharreko prestakuntzaren denbora hori heziketa-zikloaren bi ikasturteetan banatuko da.
b) Araubide trinkoa. Araubide trinkoaren ezaugarri bereizgarriak hauek dira, besteak beste: enpresan egiten den prestakuntza-denbora prestakuntza osoaren %35 eta %50 artekoa da, eta prestakuntzako lan-kontratua dago, dagozkion lan arloko legeetan ezarritakoaren araberakoa; Lanbide Heziketaren sistemako araubide honek berezko dituen berezitasunak ere baditu.
Eskaintza bakoitzaren araubideak talde bateko ikasle guztiei edo taldeko ikasleetako batzuei eragiten ahalko die.
Ikastetxe bateratuko zuzendariak lantalde bat osatuko du, eta horretan aztertuko dira heziketa zikloetan ezartzekoa den dualtasunak eta 2024-2025 ikasturtean eskainiko diren bi araubideek ekarriko dituzten gorabeherak.
Martxoaren 31ko 3/2023 Lege Organikoaren 24. artikuluan ezarritakoa garatzeko, Hezkuntza Departamentuaren eskumena izanen da Nafarroan araubide trinkoz gauzatuko diren Lanbide Heziketako D eta E graduen eskaintzak planifikatzea eta programatzea.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 55.4 artikuluan ezartzen den bezala, ez da bateragarria izanen prestakuntza-egonaldia egitea eta aldi horretan enpresa berean lan-kontratua egitea, salbu eta prestakuntza-egonaldia bera berariazko prestakuntza-kontratu batekin formalizatzen bada.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 55.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, enpresa edo organismo parekatuak ez du, inola ere, kontraprestaziorik edo dohaintzarik jasotzen ahalko lanbide-heziketako ikastetxearen edo ikasleen aldetik, ez zuzenean, ez haiekin lotutako fundazioen edo erakundeen bitartez, ikasleek enpresa edo organismo parekatuan prestakuntza-fasea egiteagatik.
2. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza hasteko baldintzak.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzan sartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte ikasleek aldi berean:
–16 urte beteta izatea.
–Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen den arrisku profesionalen prebentzioko prestakuntza gaindituta izatea, honako hauen bidez: 3159. lanbide-moduluko ("Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala 1") eta oinarrizko graduko zikloko eremu profesionaleko gainerako lanbide-moduluetan ezartzen den arriskuen prebentziorako prestakuntzako 6. ikaskuntzaren emaitza ("Lan Arriskuen Prebentzioaren gaineko oinarrizko mailako eginkizunak betetzeko behar diren konpetentziak eskuratu ditu"), eta 1709. lanbide-moduluko ("Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala 1") eta erdi- eta goi-mailako zikloetako gainerako lanbide-moduluetan ezartzen den arriskuen prebentziorako prestakuntzako 2. ikaskuntzaren emaitza ("Lan Arriskuen Prebentziorako oinarrizko teknikariaren titulua eskuratzeko beharrezkoak diren konpetentziak eskuratu ditu").
Guztira, 50 ordukoa izanen da laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza, eta Lanbide Heziketako ikastetxeak ziurtagiri bat eginen du, ebazpen honen II. eranskinari jarraikiz, martxoaren 6ko 27/2017 Foru Aginduan jasotzen den moduan (27/2017 Foru Agindua, martxoaren 6koa, Lanbide Heziketako erdi-mailako edo goi-mailako prestakuntza-zikloak egiten dituzten ikasleentzako laneko arriskuen prebentzioari buruzko oinarrizko mailako prestakuntza ziurtatzeko prozedura arautzen duena).
Prestakuntza hori dagokion zikloko lehen ikasmailako lehen hiruhilekoan eman beharko da.
3. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza jasotzeko aukera.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren fasera sartzeko, 16 urtetik gorako ikasleek bi baldintza hauek bete beharko dituzte aldi berean:
a) Zikloari dagokion laneko arriskuei buruzko prestakuntza gainditu izana.
b) Ikasmailako lanbide-moduluetan ebaluazio positiboa izatea, Lanbide Heziketako ikastetxeko prestakuntzari dagokion zatian, edo ebaluazio negatiboa izatea 250 ordutik beherako lanbide-modulu bakar batean edo guztira 200 ordu baino gutxiago batzen duten zenbait lanbide-modulutan, erdi-mailako eta goi-mailako zikloen kasuan. Oinarrizko graduko zikloen kasuan, ebaluazio positiboa izatea ikastaroko esparruetan, Lanbide Heziketako ikastetxeko prestakuntzari dagokion zatian, edo ebaluazio negatiboa izatea lanbide-eremuko 250 ordutik beherako lanbide-modulu bakar batean edo eremu ez-profesionaletako batean (Komunikazioa eta gizarte-zientziak I edo Zientzia aplikatuak I), edo ebaluazio negatiboa izatea guztira 200 ordu baino gutxiago batzen duten lanbide-eremuko zenbait lanbide-modulutan edo eremu ez-profesionaletan.
Horretaz gain, baldintza hauek bete beharko ditu ikasleak:
c) Ez izatea 30 eskola-aldiko edo gehiagoko justifikatu gabeko hutsegiterik jarraibide hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
d) Ez izatea Lanbide Heziketako ikastetxeko bizikidetza-araudian ezarritakoaren arabera hezkuntza-neurri bat aplikatzea merezi izan duen elkarbizitzarako kalte larria dakarren jokabiderik.
Horrenbestez, egoera hauetakoren batean egonez gero, ikasleak ez dira sartzen ahalko enpresako edo antzeko erakunde bateko prestakuntza-fasera:
a) Lanbide Heziketako ikastetxeko prestakuntzari dagokion zatian ikasmailako bi lanbide-modulutan edo gehiagotan ebaluazio negatiboa badute, moduluek 200 ordu edo gehiago batzen badute, edo 250 orduko edo gehiagoko lanbide-modulu bakarrean ebaluazio negatiboa badute, erdi-mailako eta goi-mailako zikloen kasuan. Oinarrizko graduko zikloen kasuan, Lanbide Heziketako ikastetxeko prestakuntzari dagokion zatian ebaluazio negatiboa badute guztira 200 ordu edo gehiago batzen duten ikasmailako zenbait lanbide-modulutan edo eremu ez-profesionaletan, edo 250 orduko edo gehiagoko lanbide-eremuko lanbide-modulu bakarrean edo eremu ez-profesionaletako batean.
b) 30 eskola-aldiko edo gehiagoko justifikatu gabeko hutsegiteak badituzte jarraibide hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
c) Elkarbizitzarako kalte larria dakarren jokabideren bat izan badute, Lanbide Heziketako ikastetxeko bizikidetza-araudian ezarritakoaren arabera hezkuntza-neurri bat aplikatzea merezi duena.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza hasi aurretik, ebaluazio-saio bat egonen da, 21/2019 Foru Aginduan ezarritako lantokiko prestakuntzaren aurreko ebaluazio-saioa dagoen bezala (21/2019 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituena).
4. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzarako ikasleak esleitzea.
Ikastetxeek ikasmailaren hasieran zehaztu beharko dituzte prestakuntza eginen den lekuko enpresa edo organismo parekatuko ikasleak esleitzeko prozeduran baliatuko dituzten irizpideak. Esleipen prozedura hori gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera eginen da, eta honako gidalerro hauek aurreikusi beharko ditu:
–Ikasleek eskari bat egin behar dute, prestakuntza zein enpresa edo organismo parekatutan egitea nahiago duten adieraziz.
–Esleipena enpresako eta ikastetxeko ordezkariek batera eginen dute, ikastetxeak ezarritako eta enpresarekin adostutako irizpideen arabera.
–Irizpideak gaitasun eta egokitasuneko irizpide objektiboak izanen dira.
–Irizpide horiek ikasturtearen lehen hiruhilekoan jakinarazi beharko zaizkie ikasleei, ikastetxeak zehazten duen prozeduraren arabera.
–Irizpideak enpresarekin sinatutako hitzarmen edo akordioan dokumentatu behar dira, eta lanbide-modulu bakoitzaren programazioan islatu behar dira.
–Aurreikusi beharreko irizpideen artean daude gutxienez honako hauek: ikastetxeko prestakuntza aldiko errendimendua; ikastetxeko eskola jardueretarako bertaratzea; eta konpetentzia-mailei buruzko beste batzuk, besteak beste talde lanerako, erabakiak hartzeko, berrikuntzarako eta sormenerako gaitasuna.
–Esleipen-irizpide objektiboak aplikatu ondotik bi pertsona edo gehiago badaude lehentasun berberarekin eta horietakoren bat desgaitasuna duen pertsona bada, pertsona horri lehentasuna emanen diote ikastetxeek enpresa edo organismo parekatua esleitzeko orduan.
5. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza praktikoaren fasea salbuestea.
Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 161. artikuluaren arabera, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzatik salbuetsita gelditzen ahalko dira ikasleak, guztiz edo partez, baldin eta lanaldi osoko sei hilabeteko lan-esperientzia edo horren baliokidea egiaztatzen badute, C eta E graduetarako, edo lanaldi osoko urtebetekoa edo horren baliokidea egiaztatzen badute D graduetarako, betiere egiten ari diren prestakuntzarekin bat badator lan-esperientzia hori. Ondorio horietarako, aurreko bost urteetako lan-esperientzia aurkezten ahalko da.
Lehenbiziko mailatik aurkezten ahalko da salbuesteko eskaera. Lan-esperientzia 177. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera justifikatuko da, dokumentu hauetan oinarrituta:
a) Besteren konturako langileentzat:
–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatuta dauden mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan enpresa, lan-kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio-aldia jaso beharko dira, eta
–Lantoki izan duen enpresaren ziurtagiria edo lan-kontratua, datu hauek adierazita: kontratuen iraupena, egindako lana eta zenbat denbora eman duten lan horretan.
b) Langile autonomoentzat:
–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak edo Itsasoko Gizarte Institutuak emandako ziurtagiria, hautagaia Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian afiliatuta egondako aldiei buruzkoa, eta
–Egindako lanaren azalpena eta zenbat denbora eman den lan horretan.
c) Bekadunentzat: Laguntza zer erakundetan eman den, erakunde horretako arduradunak egindako ziurtagiria, berariaz adierazita honako hauek: egindako lanak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta horietan emandako orduen kopuru zehatza.
d) Boluntarioentzat: Boluntario-zerbitzuak eman diren boluntariotzako erakundeak emandako ziurtagiria. Horretan, gutxienez, datu hauek jasoko dira boluntariotzako erakundearen eta boluntarioaren identifikazio-datuez eta datu pertsonalez gain: erakundera zer datatan gehitu zen, gauzatutako zereginen edo bere gain hartutako funtzioen deskribapena, eta zer lekutan egin den jarduera.
Matrikulatuta dagoen ikastetxean aurkeztu beharko du interesdunak salbuesteko eskaera.
Ikastetxe pribatu batean matrikulatuta egonez gero, ikastetxeak eskatzailearen espediente akademikoa daukan bigarren hezkuntzako institutura edo ikastetxe bateratura bidaliko du eskabidea, han ebalua dezaten. Eskabidearekin batera, aurkeztutako agirien kopia aurkeztuko da, eta, horiekin batera, ikastetxe pribatuko zuzendariak sinatutako txosten bat, prestakuntza-zikloaren ikaskuntzaren emaitzak lortzeko enpresan egindako jardueren egokitasunari buruzkoa.
Salbuesteko eskaera, aurkeztutako agiri guztiekin batera, honako hauek osatutako batzorde batek ebaluatuko du:
–Ikasketaburua.
–Idazkaria.
–Kanpoko Lanbide-jardueren Departamentuko burua.
–Kasuan kasuko lanbide-arloko departamentuko burua.
Erabakiak akta batean bilduko dira, bai eta enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza osorik edo partez salbuesteko proposamena ere. Salbuespena partziala bada, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren programazioa eta iraupena zehaztuko dira, bai eta erdietsi beharreko ikaskuntzaren emaitzak ere.
Betiere enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzara sartzeko baldintzak betetzen badira, salbuespena honako prozedura honi jarraikiz onartuko du kasuan kasuko ikastetxe integratuko edo bigarren hezkuntzako institutuko zuzendariak, aktan:
Erabateko salbuespenaren kasuan, jarraibideak emanen dira inguruabar hori eskatzailearen espediente akademikoan ager dadin, eta Salbuetsiaren idazpenarekin erregistratuko da.
Salbuespen partzialaren kasuan, zuzendaritzak ikasleari jakinaraziko dio batzordeak hartutako erabakia, bai eta egin beharko duen enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza egiteko hartu den soluzioa ere.
Ikastetxe pribatua bada, zuzendariak ikastetxe horri jakinaraziko dio salbuesteko eskaeraren emaitza.
Ikasleak aurkeztutako dokumentazioa eta salbuesteko prozesuan prestatutakoa haren ikasketa espedientean artxibatuko dira.
6. Enpresa edo organismo parekatuko egonaldiaren antolaketa eta iraupena.
Edozein enpresa edo organismo parekatutan egiten ahalko da enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza, langile-kopurua edozein dela ere; horrenbestez, barnean sartzen dira banakako enpresaburuak eta langile autonomoak, nahiz eta beren kargura langilerik izan ez.
Oinarrizko graduko zikloetan enpresan edo organismo parekatuan ematen den prestakuntza, araudi orokorrean, prestakuntza-zikloaren iraupen osoaren %20 izanen da, hau da, 400 ordu, eta eremu profesionaleko ikaskuntzaren emaitzen %10 eta %20 artean osatuko du.
Enpresan edo organismo parekatuan ematen den erdi- edo goi-mailako zikloetako prestakuntzak, araubide orokorrean, curriculumaren iraupen osoaren %25 eta %35 arteko iraupena izanen du, hau da, 500 eta 700 ordu artean, eta zikloko modulu profesionalen ikaskuntzaren emaitzen %10 eta %20 artean osatuko du.
Enpresan edo organismo parekatuan ematen den erdi- edo goi-mailako zikloetako prestakuntzak, araubide trinkoan, curriculumaren iraupen osoaren %35 eta %50 arteko iraupena izanen du, hau da, 701 eta 999 ordu artean, eta zikloko modulu profesionalen ikaskuntzaren emaitzen gutxienez %30 osatuko du.
Orokorrean, enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako zikloetako lehen eta bigarren ikasmailan garatuko da.
–Enpresa edo organismo parekatuan oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako zikloaren lehen ikasturtean emanen den prestakuntza enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzari zikloan esleitutako ordu guztien %20 izanen da gutxienez eta %50 gehienez, hau da, gutxienez 80 ordu eta gehienez 200 ordu oinarrizko graduko zikloen kasuan eta gutxienez 100 ordu eta gehienez 250 ordu erdi-mailako eta goi-mailako zikloen kasuan.
Enpresan eta organismo parekatuan lehen ikasmailan ez dituzte prestakuntza-orduak egin beharko hamasei urtetik beherako ikasleek; ikasle horiek zikloaren bigarren ikasmailan eginen dituzte enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzara esleitutako ordu guztiak.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza enpresa batean edo hainbatetan garatzen ahalko da, baldin eta haien artean osatzen badira ikaskuntzako emaitzak eskuratzeko orduan. Antolaketa horrek ekoizpen sektoreen eta enpresa edo organismo parekatuen zehaztasunak zainduko ditu.
Oinarrizko graduko zikloetako lehen ikasmailan enpresako prestakuntzan eta ikastetxeko prestakuntzan parte hartuko dute maila horretako hiru eremuek: "3161 Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparrua", "3163. Zientzia aplikatuen esparrua I" eta lanbide-esparrua (1. mailako konpetentzia-estandarrei lotutako lanbide-moduluak eta 3159. lanbide-modulua, "Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala"). Ebazpen honen 3. eranskinean zerrendatuta daude enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzan parte har dezaten proposatzen diren Komunikazioa eta Gizarte Zientziak eta Zientzia Aplikatuak eremuetako berariazko konpetentziak eta ebaluazio-irizpideak.
Erdi- eta goi-mailako graduko zikloetako lehen ikasturtean enpresako prestakuntzan eta ikastetxeko prestakuntzan parte hartuko dute modulu profesional guztiek.
Enpresan, ez da osorik gauzatzen ahalko, inola ere, curriculumeko lanbide-modulurik, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza zikloetako lehen ikasmailako bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako une desberdinetan egiten ahal da, prestakuntza eskaintzaren ezaugarrien, sasoikakotasunaren eta ikastetxeko eragin eremuko zerbitzu eta ekoizpen inguruak eskaintzen dituen aukeren arabera.
Orokorrean, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren barruan ikastetxea eta enpresa txandakatzea zilegi izanen da, ikasleek enpresa desberdinetako ikaskuntzak partekatu ditzaten eta, hartara, ikasle guztien artean ikaskuntza orokorra sustatu dadin.
Hori horrela, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzak bi aukera hauetako bat aurreikusi beharko du:
–1. aukera. Enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza eta ikastetxeko prestakuntza egitea, prestakuntza eta lan inguruetako sekuentzia antolatu eta integratu batzuk garatuz, egun, aste edo hileko tarteetan.
–2. aukera. Enpresa edo organismo parekatuan prestakuntza egitea, sekuentzia bakarrean, oro har, ikasturteko hirugarren hiruhilekoan. Kasu horretan, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren sekuentzia 2024-2025 ikasturteko eskolak amaitu baino gutxienez 15 egun natural lehenago amaitu beharko da (ezarritako eskola-egutegiaren arabera, non eskolak 2025eko ekainaren 18an bukatzen baitira), ikastetxeko prestakuntzaren azken sekuentzian enpresa desberdinetako ikaskuntzak partekatzeko tartea egon dadin eta, hala, ikasle guztien ikaskuntza orokorra sustatu dadin.
2025eko ekainaren 18ra arteko azken 15 egun horiek esperientziak eta ikaskuntzak trukatzeko egunak izanen dira, eta ikasleek eta irakasleek ikastetxean egon beharko dute, helburu hori lortze aldera eta txandakatzea benetakoa eta eraginkorra izan dadin. Halaber, egun horietan eginen dira errekuperazio-jarduerak, haien beharra duten ikasleentzat.
Gorago aipatutako 1. eta 2. aukerek ez dute Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren berariazko baimenik behar.
Inolako txandakatzerik aurreikusten ez duten enpresa edo organismo parekatuetako proiektuek Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren berariazko baimena eduki beharko dute.
Baimen hori Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari galdeginen zaio, posta elektronikoz (sfpeduca@navarra.es), enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza hasi baino gutxienez 15 egun lehenago; mezuan aipatutako kasuistika justifikatzen duten arrazoiak jasotzen dituen txosten bat erantsiko da.
7. Enpresan edo organismo parekatuan prestakuntza kudeatu, garatu eta jarraipena egiteko eskumena duten irakasleak.
Oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako graduko zikloetako lehen ikasmailako ikasleek enpresan edo organismo parekatuan egiten duten prestakuntza antolatu, kudeatu eta garatzea 2. ikasmailako Lantokiko Prestakuntza moduluaren zikloan arduradun diren irakasleen zeregina izanen da; horretarako, Hezkuntza Departamentuak irakasle horientzako orduak 3 eskola-alditik 4ra areagotzeko zehaztu du.
Era berean, lehen ikasmailako ikasleek enpresan edo organismo parekatuan eginen duten prestakuntzaren antolaketa, kudeaketa eta garapenean parte hartuko du zikloaren koordinazio-lanak betetzen dituen irakasleak; horretarako, zikloaren koordinatzaile gisa dauzkan 3 eskola-aldietako bat bideratuko du zeregin horiek betetzera.
Hirugarrenik, lehen ikasmailako ikasleek enpresan edo organismo parekatuan eginen duten prestakuntzaren antolaketa, kudeaketa eta garapenean parte hartuko du ikastetxeko kanpoko jardueren Departamentuko buruak ere.
Azkenik, lehen ikasmailako ikasleek enpresan edo organismo parekatuan eginen duten prestakuntzaren antolaketa, kudeaketa eta garapenean parte hartuko dute prestakuntza-zikloko lehen ikasmailan irakasten duten irakasleek ere.
8. Prestakuntza-plana.
Lanbide Heziketa antolatzeari eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 58. artikuluaren arabera, prestakuntza jasotzen ari den ikasle bakoitzak prestakuntza-plan bat izanen du, eta horretan, gutxienez, datu hauek zehaztuko dira:
a) Zer araubidetan eginen den enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza.
b) Zer erabaki hartu den, lanbide-heziketako zentroak koordinatuta, enpresa edo organismo parekatuan eta lanbide heziketako ikastetxean landuko diren ikaskuntzaren emaitzei buruz. Zehaztu beharko da zein landu behar diren prestakuntzako leku batean, bestean edo bietan, bai eta, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza enpresa- edo organismo- talde batean egitekoa denean, haietako bakoitzean zer ikaskuntza-emaitza landuko diren ere.
c) Zer mekanismo erabiliko diren enpresa edo organismo parekatuko aldian egin behar diren ikaskuntzen jarraipena egiteko.
d) Zer koordinazio, zer sekuentzia eta zenbateko aldiak izanen dituzten enpresako prestakuntzako aldiek.
e) Zer neurri eta egokitzapen behar diren, behar baldin badira, laguntza-premia espezifikoak dituzten ikasleek enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzako aldiak egin ditzaten.
Lanbide-heziketako ikastetxeek, enpresa edo organismo parekatuekin batera, ikastetxean edo enpresan landu beharreko prestakuntza-eskaintza bakoitzaren curriculumean sartutako ikaskuntzaren emaitzen identifikazioa zehaztuko dute.
Gainera, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 157. artikuluaren f) apartatuaren arabera, ikasle bakoitzaren prestakuntza-planean administrazio eskudunaren ezohiko baimena sartuko da baldin eta, justifikatutako arrazoiak direla-eta, zenbait jardueratarako gaueko txanda edo aldiak, eskolarik gabeko aldiak, eskola-egutegiarekin bat ez datozen aldiak D eta E graduko eskaintzen kasuan, edo asteko bi egunetik beherako atsedenaldia, oro har, edo salbuespenezko beste inguruabar batzuk, hala nola nazioarteko mugikortasunean edo autonomia-erkidegotik kanpo egin behar badira.
Baimen hori Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari galdeginen zaio, posta elektronikoz (sfpeduca@navarra.es), enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza hasi baino gutxienez 15 egun lehenago; mezuan aipatutako kasuistika justifikatzen duten arrazoiak jasotzen dituen txosten bat erantsiko da.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, hemezortzi urtetik beherakoek ez dute gaueko lanik egiten ahalko, ez eta, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean (azaroaren 8ko 31/1995) eta aplikatu beharreko erregelamendu-mailako arauetan xedatutakoaren arabera, horiek kontratatzeko mugak ezarrita dituen jarduera edo lanposturik ere. Halaber, hemezortzi urtetik beherakoek debekatua dute aparteko orduak egitea.
Prestakuntza-plana enpresa edo organismo parekatuak, Lanbide Heziketako zentroak eta trebatzen ari den pertsonak sinatuko dute.
9. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren jarraipena.
Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 153. artikuluan ezarritakoaren arabera, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzako saio edo aldietan, horretarako tutore izendatu den bateko edo besteko langileak egin behar du prestakuntza jasotzen ari den ikaslearen ikuskapena, betiere ikaslea matrikulatuta dagoen lanbide-heziketako ikastetxeko tutorearekin koordinatuta.
Lanbide-heziketako ikastetxean zein enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzan lantzen diren ikaskuntzaren emaitzen jarraipena eta ebaluazioa prestakuntza-zentroko eta enpresako tutore dualek eginen dituzte, modu koordinatuan, beren curriculumetan ikaskuntzaren emaitza partekatuak jasotzen dituzten lanbide-moduluaren edo lanbide-moduluen ardura duen irakasle, prestatzaile edo aditu bakoitzarekin zuzeneko elkarlanean.
Enpresa edo organismo parekatuko tutore dualak ikaslea prestakuntza jasotzen ari den bitartean aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzen eskurapenari buruzko informazioa eman eta baloratuko du, eta prestakuntza-zentroari jakinaraziko dio, lanbide-heziketako ikastetxeko tutore dualaren bidez, lanbide-modulua ebaluatu eta kalifikatzeko.
Ikasleak, enpresa edo organismo parekatuan prestakuntza jasotzen ari denean, enpresa edo organismo parekatuaren araudia zein matrikulatuta dagoen lanbide-heziketako ikastetxeko bizikidetza-araudia errespetatu eta bete beharko ditu.
Enpresa edo erakunde parekatuak ondoko kasu hauen berri emanen dio ikastetxeko tutoreari neurri egokiak har daitezen, ikasleen ebaluazioan eragina izaten ahal badute ere:
a) Behin eta berriz justifikatu gabeko huts egiteak edo puntualtasun faltak egitea.
b) Jarrera okerra edo aprobetxamendurik eza.
c) Prestakuntza programa ez betetzea.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren jarraipenaren ondorioz enpresako tutoreak irregulartasun horiek hautematen baditu, enpresako prestakuntza eteten ahalko da, "ez gainditua" kalifikazioarekin, nahiz eta ikasleak ez bete izan prestakuntza-planean enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren lehenbiziko ikasmailarako ezarritako ordu guztiak. Horrek berekin ekarriko du lehenbiziko ikasmailako bi deialdietako bat kontsumitzea.
Lehenbiziko ikasmailan enpresako prestakuntza gainditzen ez duten ikasleek bigarren ikasmailan egin beharko dituzte ordu guztiak, eta gainditu beharko dituzte titulua lortzeko.
10. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren ebaluazioa.
Enpresako edo organismo parekatuko tutore dualak ikaslearen prestakuntza planean aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzak eskuratu ote diren jakinarazi eta baloratuko du.
Enpresa edo organismo parekatuak parte hartzen duen ikaskuntzaren emaitza oro baloratuko du, "gainditua" edo "ez gainditua" dagoen adierazita.
Jarduera hori Educa programa informatikoan erabat garatu arte, ikastetxeak eginen du enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren ebaluazioa.
Gainera, enpresa edo organismo parekatuko tutore dualak enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza egonaldiaren balorazio kualitatibo orokorra egin beharko du, bai eta konpetentzia profesionalen eta ikasleen enplegagarritasunaren gainekoa ere.
Balorazio hori Lantokiko Prestakuntza moduluaren ardura duen irakasleari helaraziko zaio, eta hark zikloko lehen ikasmailako irakasle bakoitzari jakinaraziko dio. Erdi eta goi mailako graduko zikloetan, lanbide-modulu bakoitzeko irakasleek beren moduluetako ikaskuntzaren emaitzen balorazioa jaso beharko dute, eta kontuan hartu beharko dute horien ebaluazioa eta, ondotik, kalifikazioa doitzeko, lanbide-moduluaren osotasuna erreferentziatzat hartuta. Oinarrizko mailako graduko zikloetan, eremu ez-profesional edo lanbide-modulu bakoitzeko irakasleek beren moduluetako ikaskuntzaren emaitzen eta enpresako prestakuntzako berariazko konpetentzia eta ebaluazio-irizpideen balorazioa jaso beharko dute, eta kontuan hartu beharko dute horien ebaluazioa eta, ondotik, kalifikazioa doitzeko, eremu ez-profesionalaren edo lanbide-moduluaren osotasuna erreferentziatzat hartuta.
Erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-moduluen azken kalifikazioa ikaskuntzaren emaitzen araberakoa izanen da, eta, edonola ere, zenbaki bidez adieraziko da, batetik hamarrera, hamarrenik gabe. Kalifikazio horrek zentroaren balorazioa eta enpresarena batuko ditu. Lanbide-moduluaren titularra den irakasleak du kalifikazioaren erantzukizuna. Oinarrizko mailako zikloetan, ikaskuntzaren emaitzak lortzearen araberakoa izanen da lanbide-moduluen azken kalifikazioa, eta zenbakizkoa izanen da, bat eta hamar artean, hamartarrik gabe. Komunikazioa eta gizarte-zientziak eta Zientzia aplikatuak eremuetako azken kalifikazioa hauek bidez adieraziko da: "Gutxiegi (G)", "Nahikoa (N)", "Ongi (O)", "Oso Ongi (OO)" edo "Bikain (B)". Kalifikazio horrek zentroaren balorazioa eta enpresarena batuko ditu. Eremuko titularra den irakasleak du kalifikazioaren erantzukizuna.
Lanbide-heziketako ikastetxearen irizpidearen arabera, enpresa edo organismo parekatuko tutore dualak parte hartzen ahalko du prestakuntza egiten ari den ikaslea ebaluatzeko saioan, eta bere balorazioaren berri eman.
Ebaluazioari eragiten dion erabaki oro lanbide-modulu / eremu ez-profesional bakoitzaren programazioan jaso beharko da aldez aurretik.
Prestakuntza-eskaintzaren esparruan, ikasleek bi aldiz egiten ahalko dute, gehienez, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza, bai lehenbiziko ikasmailan egiten den enpresako prestakuntza, bai bigarren ikasmailan egiten dena.
11. Programazio didaktikoak.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzari dagokionez, honako datu hauek jaso beharko dituzte, gutxienez, programazio didaktikoek:
–Enpresa edo organismo parekatuan egitekoak den lanbide-modulu bakoitzaren ikaskuntzaren emaitzak.
–Lanbide-modulu bakoitzeko ebaluazio-irizpideak.
–Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzarako ikasleak esleitzeko irizpideak.
–Zer neurri diren aplikatzekoak ikasleek desgaitasunik edo hezkuntza-laguntzako berariazko premiarik badute.
–Lanbide-modulu bakoitzeko errekuperazio-irizpideak.
Lehenbiziko ikasmailako programazio didaktikoak malguak izanen dira, eta ikasleen ikaskuntza-prozesuan gertatzen diren aldaketetara egokitu beharko dira. Ikasturte bukaerako memoria zehatz-mehatz doituko zaie enpresa edo organismo parekatuan benetan landu diren ikaskuntzaren emaitzei.
Programazio didaktikoa 2024ko azaroaren 18a baino lehen emanen da.
12. Nazioartekotzea.
Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren 5. apartatuaren arabera, eskaintza bakoitzaren ardura duten administrazioek banaketa-eredu orokorrak ezartzen ahalko dituzte enpresako prestakuntzako aldirako, araubide orokorrean zein araubide trinkoan, ikastetxeko prestakuntzarekin txandakatuta. D graduen kasuan, bermatu beharko dute enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzako aldiak ezartzen direla heziketa-zikloko ikasturteetako bakoitzean. Kasu hauek salbuetsita daude irizpide horretatik: a) mugikortasun modalitatean egiten diren enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzako aldiak, bereziki, nazioarteko mugikortasunekoan.
Lehenbiziko ikasmailan edo bigarrenean egiten diren iraupen laburreko nazioarteko egonaldiak, betiere gaitzat jotzen badira, enpresa edo organismo parekatuko egonaldiko nahitaezko orduen barruan zenbatzen ahalko dira.
Ikastetxeko kanpoko egonaldien arduradunak behar diren kudeaketak eginen ditu Educan Gizarte Segurantzaren Legearekiko betebeharrak betetzeko, gainerako ikasleen kasuan bezala, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan ezarritako prozedurari jarraikiz.
13. Modalitate birtuala.
Hautatutako modulu-multzo bakoitzean matrikulatutako ikasleek modulu-multzo hori bukatzen eta gainditzen dutenean edo matrikulatu direneko modulu-multzo hori ikasten ari diren bitartean egiten ahalko dute enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza.
Ikasleek, egoera pertsonala dela-eta ez badute aldi berean egiten ahal, zikloko modulu guztien multzoa gainditu ondotik egin ahalko dituzte, betiere gaindituta badituzte modulu guztiak.
14. Modalitate erdi presentziala.
Modalitate erdipresentzialean egiten diren goi-mailako eta erdi-mailako zikloetan, prestakuntza-urte bakoitzaren amaieran egiten ahalko da enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza.
Ikasleek, egoera pertsonala dela-eta ez badute ikasmaila bakoitzaren bukaeran egiten ahal enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza, bi ikasmailen bukaeran egiten ahalko dute, erdi-mailako zikloa bada, edo hiru ikasmailen bukaeran, goi-mailako zikloa bada.
15. Espezializazio ikastaroak.
Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 119. artikuluaren arabera, modalitate dualean egiten ahalko dira espezializazio-ikastaroak (zeinek 300 eta 900 ordu arteko iraupena izan behar baitute, prestakuntzaren motaren arabera), hala badagokio; beharrezkotzat joz gero, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza sartuko da haien oinarrizko curriculumean.
16. Lanbide Heziketa Berezia.
Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza hirugarren eta laugarren ikasmailetan eginen da, modalitate horretan ezartzen diren curriculum berriak aplikatzekoak diren unean.
Bitartean, modulu hau ikasten den unean eginen da enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza:
Bitartean, «Lantokiko prestakuntza» modulua ikasten den unean eginen da enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza, honen arabera: 52/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren lanbide heziketako prestakuntza programak hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzat, «Lanbide Heziketa Bereziko zikloak» deituak, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Lantokiko prestakuntza, honen arabera: 52/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren lanbide heziketako prestakuntza programak hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzat, «Lanbide Heziketa Bereziko zikloak» deituak, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.
17. Berariazko oinarrizko graduak.
Hirugarren eta laugarren ikasturteetan zehar eginen da enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza.
18. Eskaintza modularra.
Eskaintza modular bakoitzaren antolamenduan eta funtzionamenduan ezarritakoaren arabera eginen da enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza.
19. Lanbide Heziketa Dualeko proiektuen garapena 2024-2025 ikasturteko bigarren ikasmailetan.
Goi-mailako graduko zikloen bigarren ikasmailaren kasuan, programazioek azken ebaluazioko deialdietarako ezarri behar diren datak jaso beharko dituzte, kontuan hartuta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio Proba (USEP) egin nahi duten goi-mailako graduko zikloetako ikasleentzat modulu guztien azken ebaluazioko kalifikazioak entregatzeko mugaeguna maiatza izanen dela, Lantokiko Prestakuntza moduluetan eta proiektuan izan ezik. Horregatik, ikastetxeak aukera eman beharko du modulu guztiak gainditu dituzten ikasleek, Lantokiko Prestakuntza modulua eta proiektua salbu, USEPren ohiko deialdian parte har dezaten. Beraz, maiatzaren mugaegun horretarako, garatuta eta ebaluatuta egonen da Lanbide Heziketa Dualeko proiektu bat egiten ari diren ikasleen prestakuntza programa; hala, egun hori iraganda, ikasleak enpresan egiten duen egonaldia Lantokiko Prestakuntza moduluaren orduak izanen dira soil-soilik.
Lanbide Heziketa Dualaren programen berezitasunak kontuan hartuta eta ikusita irakasleen eguneroko jardueran sartuta daudela, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak informazioa igortzen ahalko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, programazioak gainbegiratzeko eta kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen diren alderdietan lagundu dezaten.
Tutoretzak: Enpresan egiten den prestakuntzaren jarraipena egiteko ikastetxeko zuzendaritzak izendatzen duen tutoreak, Lanbide Heziketa Dualeko esperientziaren arduraduna den aldetik, programazioak gainbegiratu eta koordinatuko ditu, eta haren ardura izanen da enpresak, prestakuntza programaren tutore gisa aritzeko, izendatzen duen pertsonari helaraztea kasuan kasuko irakasle titularrek egiten dituzten modulu profesionalen programazioak. Orobat, haien garapena gainbegiratuko du.
Enpresak izendatutako tutorearekin hilean behingo bilerak egiteko egutegia prestatu beharko du ikastetxeko zuzendaritzak izendatutako tutoreak. Bilera horien xedea prestakuntza jarduera koordinatzea izanen da, bai enpresakoa bai ikastetxekoa. Orobat, prestakuntza programari dagozkion moduluetako irakasleekin biltzeko egutegia prestatu beharko du, enpresan egiten diren prestakuntza jarduerei irakasle-taldeak egindako jarraipena koordinatzea eta haiek ebaluatzea helburu.
Lantokiko Prestakuntza modulua: Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duten heziketa zikloetan, Lantokiko Prestakuntza modulua ikasleak enpresan egiten duen jardueraren barrenean sartuko da, eta hura bukatu ondotik ebaluatu eta kalifikatuko da. Aurreko apartatuan zehaztutakoa kontuan hartu beharko da unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba eginen duten ikasleentzat. Lantokiko Prestakuntza modulua ikasturte batean edo bitan eginen da, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuan ezarritakoari jarraikiz.
Proiektuaren modulua: ikasleek heziketa-zikloaren bigarren maila hasten dutenetik aurrera egin dezakete modulu profesional hori.
–Nafarroako hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketa ebaluatzeko indarreko araudian ezarritakoa aplikatuko da.
Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentalean erabilitako deialdiak hartuko dira kontuan aurreko paragrafoan aipatutako indarreko araudian ezartzen diren deialdien gehieneko konputuaren ondorioetarako.
Lanbide Heziketa Dualaren egiaztagiriak: Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritako ikasketa-ziurtagiriak eta ebaluazio agiriak betetzean (foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren), adierazi beharko da Lanbide Heziketa Dualari dagokion modalitatea "Modalitate duala" dela (orain arte, "Lana-Prestakuntza" deitzen zena).
19.1. Zikloetako bigarren ikasmailen LH Dualeko proiektuak, iraungitzera doan eredu dualaren eta ikasketa planaren arabera egindakoak.
Prestakuntza-programak: Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 30. artikuluarekin bat, prestakuntza-programa bat erredaktatuko da, programa osatzen duen modulu profesional bakoitzaren programazioak bilduko dituena. Ikastetxean modulu bakoitzaren titular den irakasleak prestatuko du, ukitutako enpresen arduradunekin elkarlanean.
Programazioek, gutxienez, honako hauek bilduko dituzte: lanbide-moduluei dagozkien ikasketa-emaitzak lortzeko ikastetxean eta enpresan egin beharreko jarduerak; haien iraupena; ikasleek egiten duten jardueran informazioa biltzeko dituzten tresna eta prozedurak; eta hura ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak. Nolanahi ere, programazio horiek prestakuntzaren ezaugarrietara egokituko dira, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuarekin bat.
Lanbide-moduluen ebaluazioa: Lanbide Heziketa Dualeko proiektuari dagokion prestakuntza-programarako tutore izendatzen den irakaslearen ardura izanen da ebaluazioa koordinatzea, parte hartzen duten ikastetxeko irakasleekin eta enpresako tutoreekin.
Ikastetxean, modulu bakoitzaren irakasle titularrek honako hauek eginen dituzte: Ikasleak enpresan izandako bilakaera eta prestakuntza ikuskatuko dituzte, eta modulu profesionalak ebaluatuko dituzte.
Enpresak izendatutako tutoreak lanpostuko jardunari buruz egindako txostena hartu beharko dute kontuan, hots, egindako jardueren emaitza jasotzen duena; orobat, enpresako prestatzaileen beste edozein ekarpen eta ikastetxeko tutoreak ikasleek enpresan egindako prestakuntzaren jarraipenari buruz jasotzen duen informazioa.
19.2. LH Dualeko esperientzia pilotuen lantaldeen esparruan egindako zikloen bigarren ikasmailen LH Dualeko proiektuak.
LH Dualaren esperientzia pilotuen lantaldearen babesean egiten diren heziketa-ziklo dual esperimentalen bigarren ikasmailen kasuan, prestakuntza-programak ikaskuntzaren emaitzen arabera eginen dira.
20. Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak.
Enpresa edo organismo parekatuetan prestakuntza-egonaldiren bat egiten duen eta horretarako ezarritako baldintzak betetzen dituen ikasleak altan egon beharko du Gizarte Segurantzaren Sisteman, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren ondoriozko betebeharrak betetzeko. Esku hartzen duten figurak eta kudeaketa hori egiteko jarraitu behar duten prozedura Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 244/2024 Ebazpenean araututa daude.
21. Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren dibulgazio- eta sentsibilizazio-jarduerak.
Sentsibilizazioko, dibulgazioko eta izaera teknikoko ekintzak egiten ari da Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza, 2022an eratu zen lanbide heziketa dualeko talde eragileak sortutako ezagutzaren eta Lanbide Heziketa antolatzeari eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan zein Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuan adierazitako arau-eskakizunen ondorioz.
Horregatik, enpresako tutoreentzako prestakuntza-ikastaro bat egiten ari da, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 162. artikuluan ezartzen den bezala.
2024an, zenbait bilera egin ditu Hezkuntza Departamentuak eta Erriberako, Lizarrerriko, Tafallaldeko eta Sakanako ekoizpen-sektoreekin, lanbide-heziketa dualaren antolaketa berria zabaltzeko ikasleen prestakuntzaren erantzunkide izanen diren enpresen artean.
Hezkuntza Departamentuak zaintzen jarraituko du, eta dibulgazio-, sentsibilizazio- eta prospekzio-lanak egiten, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoei laguntzeko, ahalik eta gogobetegarrienak izan daitezen prestakuntza egiten ari diren ikasleek enpresa edo organismo parekatuetan egiten dituzten egonaldiak.
II. ERANSKINA–LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN OINARRIZKO MAILA EGIAZTATZEA
Nik, ..............................................................................................................................................,
......................................................................................................... ikastetxeko (1) idazkaria naizen honek (herria: .................................., Nafarroa; helbidea: ..........................................................................; posta-kodea: ........................),
ZIURTATZEN DUT:
.................................................................................................................................. izeneko ikaslea (NANa: ..........................,) ........................................................... mailako .......................................................................................... prestakuntza zikloa egiten ari dela, ......................... Errege Dekretuak eta ......................... Foru Dekretuak arautua, eta ziurtagiri honen ifrentzuan zehazten den prestakuntza jaso duela, ................ orduko iraupenarekin eta horren barnean LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN OINARRIZKO MAILAKO EGINKIZUNAK betetzeko gaitasuna ematen duen prestakuntzarekin, Prebentzio zerbitzuen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
.............................................................., ............. (e)ko ......................aren ........(e)(a)n
ZUZENDARIAREN ONIRITZIA | IDAZKARIA |
III. ERANSKINA.–ENPRESA EDO ORGANISMO PAREKATUKO PRESTAKUNTZAN PARTE HARTZEKO PROPOSATZEN DIREN KOMUNIKAZIO ETA GIZARTE ZIENTZIEN ETA ZIENTZIA APLIKATUEN EREMUETAKO KONPETENTZIA ESPEZIFIKOAK
Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparrua
1. 5. konpetentzia espezifikoa. Gaztelaniaz modu kooperatiboan eta errespetuz komunikatzea, diskurtso-generoen berezko konbentzioak kontuan hartuta eta hainbat esparru eta testuingurutara egokituta, premia zehatzei erantzuteko.
a) 5.1 ebaluazio-irizpidea Hainbat esparrutako ahozko testuetan, testu idatzietan eta multimodaletan, esanahi orokorra, egitura eta, komunikazio beharren eta igorlearen asmoaren arabera, informazio garrantzitsuena ulertzea eta interpretatzea, eta ebaluatzea haien kalitatea, fidagarritasuna eta erabilitako kanalaren egokitasuna.
b) 5.2 ebaluazio-irizpidea Ahozko azalpenak egitea, planifikazio-maila desberdinekin, norberaren intereseko edo interes ekosozial edo profesionaleko gaiei buruz, diskurtso-generoei dagozkien konbentzioekin bat, jariotasunez, koherentziaz, eta erregistro egokiz, hainbat euskarritan eta hitzezko eta hitzik gabeko baliabideak erabiliz eraginkortasunez.
c) 5.4 ebaluazio-irizpidea Modu aktiboan eta egokian parte hartzea ahozko interakzio informaletan, talde-lanean eta elkarrizketa eiteko ahozko egoera formaletan, entzute aktiboko jarrerarekin eta elkarrizketarako lankidetzako eta jendetasun linguistikoko estrategiekin.
2. 8. konpetentzia espezifikoa. Kritikoki baloratzea eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunera egokitzea, errepertorio pertsonalak erabiliz eta norberaren estrategien eta ezagutzen kontzientzia hartuta, kulturarteko egoerak enpatiaz eta errespetuz kudeatzeko.
a) 8.2 ebaluazio-irizpidea Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna onartzea eta aberastasun pertsonalaren eta profesionalaren iturri gisa baloratzea, eta errespetua, jasangarritasuna eta demokrazia sustatzen dituzten kultura- eta hizkuntza-elementuak identifikatzea.
Zientzia Aplikatuen esparrua
1. 2. konpetentzia espezifikoa. Zientziaren bidez interpretatu eta modelizatzea eguneroko bizitzako eta bizitza profesionaleko arazoak eta egoerak, eta, horretarako, hainbat estrategia, arrazoibide, tresna teknologiko eta pentsamendu konputazionala aplikatzea, konponbideak aurkitu eta aztertzeko eta horien baliozkotasuna egiaztatzeko.
a) 2.1 ebaluazio-irizpidea Problematizatutako egoera bat konpontzeko estrategiak bilatzen lagunduko duten irudikapenak egitea, datuak antolatuta eta egindako galderak ulertuta.
b) 2.4 ebaluazio-irizpidea Tresna teknologiko egokiak erabiltzea problemak irudikatu eta ebaztean eta soluzioak egiaztatzean.
2. 4. konpetentzia espezifikoa. Eguneroko ekintza jakin batzuek edo ingurune profesionalekoek osasunean eta ingurune naturalean eta sozialean dituzten ondorioak aztertzea, oinarri zientifikoetan funtsatuta, osasun indibiduala eta kolektiboa hobetzen duten, ingurumen-inpaktu negatiboak saihesten edo minimizatzen dituzten eta garapen jasangarriarekin bateragarriak diren ohituren garrantzia baloratzeko.
a) 4.1 ebaluazio-irizpidea Banakako ekintza jakin batzuek organismoan eta ingurune naturalean dituzten ondorioak ebaluatzea, eta ohitura osasungarri eta jasangarriak proposatzea, eskuratutako ezagutzetan eta eskura dagoen informazioan oinarrituta.
3. 5. konpetentzia espezifikoa. Informazio eta datu zientifikoak interpretatzea eta transmititzea, haien egiazkotasuna kontrastatu ondotik eta hitzezko hizkuntza edo hizkuntza grafiko egokia erabiliz, ingurune natural, sozial eta profesionalari buruzko ezagutzak eskuratzeko eta finkatzeko.
a) 5.1 ebaluazio-irizpidea Informazio zientifikoa eta matematikoa argi eta zorroztasunez antolatzea eta komunikatzea, hitzez, grafikoki, zenbakiz, etab., formatu egokiena erabiliz.
4. 7. konpetentzia espezifikoa. Abilezia pertsonalak garatzea, emozioak identifikatu eta kudeatzea, akatsa ikaskuntza-prozesuaren parte dela onartzeko estrategiak baliatuta eta ziurgabetasun egoeretara egokituta; hori guztia, pertseberantzia hobetzeko, helburuak lortzeko bidean, eta zientzien ikaskuntza baloratzeko.
a) 7.1 ebaluazio-irizpidea Erronka akademikoen aurrean erresilientzia erakustea, akatsa hartzea hobetzeko aukeratzat eta zientzien aurrean autokontzeptu positiboa garatzea.
5. 8. konpetentzia espezifikoa. Abilezia sozialak garatzea eta elkarlanean aritzea talde askotarikoetan, parekoen arteko hazkundea indartzeko esleitzen zaizkien rolak betetzen, ikerketa zientifikoan genero-estereotipoak hausteak duen garrantzia baloratuta, ekimen pertsonala nola lanekoa lantzeko.
a) 8.1 ebaluazio-irizpidea Proiektu zientifiko baten barruan funtzio zehatz bat arduraz bere gain hartzea, beharrezkoa denean espazio birtualak erabilita, eta balioa ematea, taldeko gainerako kideen ekarpenak kritikoki aztertzea, aniztasuna errespetatuta eta inklusioa bultzatuta.
Iragarkiaren kodea: F2414690
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
