221. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MAÑERU

Aldaketa, Udalaren bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Mañeruko Udalak, 2024ko maiatzaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea honako ordenantza honetan: Ordenantza, Udalaren bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituena.

Inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan da jendaurreko aldia, hura gaitu baitzen iragarkia argitaratuta 2024ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 4an; hala bada, behin betiko onetsita gelditzen da aldaketa hori, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Horrenbestez, aldaketa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mañerun, 2024ko urriaren 14an.–Alkatea, Itziar Martínez Arbeloa.

ORDENANTZA, MAÑERUKO UDALAREN BAZKALEKUETAKO LARREEN ADJUDIKAZIOA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da udal-mugartean dauden bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, betiere jarraikiz xedaturik dagoenari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 158. artikuluan eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 186. artikuluan eta hurrengoetan.

2. artikulua. Herri-larreen adjudikazioa egin daiteke herriko bizilagunen artean zuzenean, enkante publikoaren bidez edota antzinako ohiturari jarraikiz.

3. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduen onuradun izan daitezke pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua, edota legez eratutako pertsona juridikoa izatea.

b) Udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bat lehenagotik.

c) Mañerun urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Abeltzaintzan jardutea; Udal honen iritziz nahikoa den moduan frogatu beharko da hori.

e) Mañeruko Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

4. artikulua. Adjudikatuko diren bazkalekuak, honako hauek izanen dira:

Ardi azienda:

1.–Iparraldeko bazkalekua (Done Jakue bideko autobiatik harata).

2.–Herriko edo erdialdeko bazkalekua.

3.–Sotoko eta Salbazeko bazkalekua edo hegoaldekoa.

5. artikulua. 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluaren 2. paragrafoan xedaturikoari jarraikiz, belarren tasazioa egin da haien balio errealaren %90 hartuta; hala, urtean honako zenbateko hauek izanen dira bakoitzerako:

Ardi azienda:

1.–Iparraldeko bazkalekua (Done Jakue bideko autobiatik harata). 882,9 euro.

2.–Herriko edo erdialdeko bazkalekua. 1000,8 euro.

3.–Sotoko eta Salbazeko bazkalekua edo hegoaldekoa. 2033,73 euro.

6. artikulua. Udalak hamabost eguneko epea emanen du, ordenantza honen 3. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenek bazkaleku baten edo gehiagoren adjudikazioa eska dezaten; adjudikazioaren prezioa ordenantzan bertan ezarritakoa da, aprobetxamenduaren balio errealaren %90 hartuz kalkulatua.

Eskabidearekin batera, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazteko.

Abeltzainen artean akordiorik ez badago norberaren aziendaren arabera bazkalekuak modu proportzionalean banatzeko, batek baino gehiagok bazkaleku bera eskatzeagatik, interesdunei entzun ondoren, Udalak ahaleginak eginen ditu haien artean ados jar daitezen. Hori ezinezkoa bada, zozketaren bidez adjudikatuko da, tasazio berari eutsiz.

7. artikulua. Bizilagunen arteko zuzeneko adjudikazio-prozedura bukatuta, eta bazkalekuren bat oraindik adjudikatu ez bada, enkante publikoa eginen da, prozedura hartan ezarritako epe bererako, eta indizetzat hartuta bazkalekuen balio errealaren %100.

8. artikulua. Bazkaleku guztiak adjudikatzeko epea hamar urtekoa izanen da.

Adjudikazioa bukatzeko epea baino lehen aprobetxamenduaren titularrak abeltzaintzako jarduera uzten badu, abeltzainak Udalari jakinarazi beharko dio hori jarduera utzi baino hiru hilabete lehenago, gutxienez. Horrelakorik gertatzen bada, Udalak erabakiko du belar horiek nola aprobetxatuko diren epea bukatu arte.

9. artikulua. Udalaren eskorta duten bazkalekuen adjudikaziodunek beren gain hartuko dute eraginiko hondatze edo kalteen erantzukizuna, eskorta oker edo gehiegikeriaz erabiltzen badute, salbuetsirik erabilera normal edo arruntagatik eta denboraren ondorioz sortzen diren narriadurak.

Eskorta horiek onik zaintzea eta mantentzea adjudikaziodunaren kontura izanen dira, bai eta behar diren hobekuntza arruntak ere, baina betiere Udalak aldez aurretik baimena emanda.

10. artikulua. Errespetatu egin beharko da euriondoko araubidea, 3 egunekoa neguan eta egun batekoa udan, inoiz sartu gabe ura jariatzen zaien lurretan.

11. artikulua. Laboreetarako diren herri-lurretako lurzatiak ezin izanen dira landu irailaren 25a baino lehenago, bertako belarrak aprobetxatzeko aukera egon dadin.

12. artikulua. Adjudikaziodunak hartuko du bere gain beraren aziendak sortzen dituen kalteen erantzukizuna.

13. artikulua. Bazkalekuko abeltzain adjudikaziodunek ezin izanen dute inolako kalte-ordainik eskatu, bertako idoiak idortzen badira, eta haien kontura izanen da aziendarendako behar den ur hornidura.

14. artikulua. Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 204. artikuluari jarraikiz, herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria beharko du izan, erakusteko betetzen dituela Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluko baldintzak.

15. artikulua. Larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko, 6/1990 Foru Legearen 161. artikuluari jarraikiz. Halakorik gertatu dela frogatuz gero, adjudikazioa deuseztatuko da, fidantza galduko da eta arau-hausleak izan ditzakeen bestelako erantzukizunak eskatuko dira. Mañeruko Udalak, noiznahi, nahi adina egiaztapen egin ditzake, larreak zuzenean aprobetxatzen direla frogatzeko, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren 195. artikuluari jarraikiz.

16. artikulua. Udalak eskubidea izanen du egun landu gabe dauden herri-lurrak berriz hartzeko, nekazaritzarako erabiltzeko, larre berriak sortzeko edo basoberritzeko, betiere adjudikaziodunari kalte-ordaina emanez okupatutako azaleraren arabera, adjudikazioaren prezioa kontuan hartuta, bai eta larreen aprobetxamendutik zenbat denbora kentzen zaion ere.

17. artikulua. Ez da mugarik jarriko bazkaleku bakoitzean une jakin batean bazkatzen ahal den gehieneko azienda kopuruaren aldetik, garbi ikusten baita adjudikazioduna dela interesik handiena duena larreak arrazoizko eran aprobetxatzeko, azienda gutxi sartzeagatik belarrak galtzen utzi gabe edo sobera ustiatzeagatik larreak ahitu edo pobretu gabe.

18. artikulua. Udalaren jabetzako eskortetan sortzen den gorotza adjudikaziodunarena izanen da adjudikazioaren azkeneko eguna bitarte; egun horretatik aurrera, Udalaren jabetzakoa izanen da.

19. artikulua. Landatzaileek nahi ez badute azienda sartzea zuhaitzen sailetan, mahastietan eta zainzurien sailetan, belarren zati proportzionala ordaindu beharko dute okupatutako lurrengatik.

20. artikulua. Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu adjudikaziodunak, bai eta belarrak aprobetxatzeko epean ezartzen direnak ere, halakorik ezarriz gero, eta iragarkiak edo sortzen diren gainerako gastuak.

21. artikulua. Adjudikaziodunek Udal Diruzaintzan ordainduko dute adjudikazioaren urteko zenbatekoa, hiruhilekotan ordaindu ere, hiruhileko bakoitza amaitu baino hamar egun lehenago, gutxienez. Hiruhilekoa iraganik zenbatekoa ordaindu ez bada, %10 garestiagoa izanen da, eta 5 egun igaroz gero ordaindu gabe, Derrigorrezko Diru-bilketa Agentziaren bitartez ordainaraziko da.

22. artikulua. Bazkaleku bakoitzaren adjudikazioaren prezioa urtero eguneratuko da erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumorako prezioen gorakadaren arabera, betiere Toki Ogasunen Arauei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluak ezarritakoarekin bat. Erakunde ofizial eskudunak aipatutako indizeak onetsi arte, eguneratzea kontura eginen da, azkeneko urteko Nafarroarako kontsumorako prezioen lehengo urteko gorakadaren arabera.

23. artikulua. Zuzenean adjudikatzen ez diren bazkalekuetan, horiek enkantearen bidez adjudikatu behar direnean, lizitatzaileek proposamenari 150 euro erantsi beharko dizkiote, behin-behineko fidantza gisa. Adjudikaziodunak behin betikotzat jo beharko du behin-behineko fidantza, hamar urteko adjudikazioaren prezioaren %4ra iritsi arte, hogeita hamar eguneko epean, behin betiko adjudikazioa egiten den egunetik hasita. Behin betiko fidantza hori eskudirutan edo banku-abalaren bidez eratzen ahalko da. Aipatu fidantza ordaindu edo banku-abala aurkeztutakoan, adjudikaziodunari itzuli eginen zaio enkantean parte hartu ahal izateko eman zuen behin-behineko fidantza.

24. artikulua. Zuzenean adjudikatzen ez diren bazkalekuen enkanteak arautuko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen Kontratuei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

b) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

c) Aziendak sartzea adjudikatu ez zaizkion bazkalekuetan.

d) Azienda larratzea edo iraganaraztea ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan.

e) Adjudikaturiko bazkalekua azpierrentamenduan ematea edo eskualdatzea.

f) Adjudikaziodunaren jabetzakoa ez den aziendak bazkalekuaren aprobetxamendua egitea.

g) Ordenantza honetako 3. artikuluko baldintzetakoren bat ez betetzea.

h) Udalari ez jakinaraztea, hiru hilabete lehenagotik, abeltzaintzako jarduera utzi izana.

i) Adjudikaziodunak edo haien edozein enplegatuk su ematea edo nahita suteak eragitea egokitu zaion lotean, horretarako baimenik izan gabe.

26. artikulua. Aipatutako arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

29. artikuluko a, e, f, g, e eta i atalei buruzkoak, kontzesioa galtzea ekarriko du.

29. artikuluko b, c, d eta h atalei buruzkoak, 200 euroko isuna, gehienez.

Hori guztia, ezertan ukatu gabe ondasun publikoetan edo hirugarren batzuenetan eragindako kalteen ordainketa, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

27. artikulua. Udalaren eskorta zaharren bat ezin bada erabili, egoera txarrean dagoelako, adjudikaziodunak ez du eskubiderik izanen bazkalekuaren zenbatekoan deskontua izateko.

28. artikulua. Ordenantza hau interpretatzean eta Udaleko osoko bilkurak hura aplikatuz gauzatu egintzen edo hartu erabakien ondorioz sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Auzitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2414854