221. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Udal ordenantza, herriko Solidaridad egoitza mistoko egoiliarrei banakako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea aitortzea eta dirulaguntzak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Castejóngo Udalak, 2024ko urtarrilaren 25ean egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasierako onespena ematea honako ordenantza honi: udal ordenantza, Castejóngo Solidaridad egoitza mistoko egoiliarrei banakako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea aitortzea eta dirulaguntzak ematea arautzen duena, norgehiagoka araubidean. Onespena behin betikoa izanen da jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkezten ez badu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, erabakia eta haren espedientea jendaurrean daude Udal Idazkaritzan hogeita hamar egun baliodunean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu (2024ko 32.ean, otsailaren 13koan) eta biharamunetik hasita, herritarrek eta interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, Castejóngo Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan 2024ko irailaren 26an egindako ohiko osoko bilkurak gehiengo osoz onetsi zuen Castejóngo Solidaridad egoitza mistoko egoiliarrei banakako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea aitortzea eta dirulaguntzak ematea arautzen duen udal-ordenantzaren behin betiko testua, indarrean jartzeko, eta hura argitaratzea ebatzi zuen. Ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera jarri zen indarrean, eta egun horretatik izan zituen ondorio juridikoak.

Castejónen, 2024ko irailaren 26an.–Alkate udalburua, Noelia Guerra Lafuente.

UDAL ORDENANTZA, CASTEJÓNGO SOLIDARIDAD ADINEKOEN EGOITZAKO EGOILIARREI BANAKAKO DIRULAGUNTZAK JASOTZEKO ESKUBIDEA AITORTZEA ETA DIRULAGUNTZAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorrita, Castejóngo Udalak esparru juridiko propioa ezarri du Castejóngo Solidaridad adinekoen egoitzan sartzen diren edo horretan jarraitzen duten Castejóngo bizilagunei emanen zaizkien dirulaguntzetarako, hartara udalerriko hirugarren adinekoen gizarte-eskaerari laguntza ekonomikoa emateko.

Erregulazio horren bidez, printzipio orokor hauek aplikatzen dira: berdintasuna errespetatzea, publizitatea, gardentasuna, diskriminaziorik eza eta administrazioaren funtzionamenduaren objektibotasuna. Eta baliabide publikoen erabileraren efikazia- eta efizientzia-helburuak betetzen dira.

1. artikulua. Xedea eta prozedura.

Ordenantza honen xedea da Castejóngo Solidaridad adinekoen egoitzan sartzen diren edo horretan jarraitzen duten Castejóngo bizilagunei dirulaguntzak ematea eta dirulaguntza horiek jasotzeko bete behar diren baldintzak arautzea.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubidean izapidetuko da. Ofizioz hasiko da beti, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez gauzatuko da, zeinean dirulaguntzak emateko prozedura garatuko baita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen printzipioei jarraikiz.

2. artikulua. Helburua.

Dirulaguntzen berariazko helburua da Castejóngo Solidaridad adinekoen egoitzan dauden Castejóngo biztanleek dituzten egonaldi-gastuetan laguntzea. Horrenbestez, nahitaez erabili behar dira onuradunak egoitza horretan egoteko gastuak ordaintzeko.

3. artikulua. Onuradunak.

Hauek eskatzen ahalko dituzte adinekoen egoitzako egonaldietarako laguntza ekonomikoak: ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten eta Castejóngo bizilagunak diren pertsona fisikoek, eta ordenantza hau behin betiko onesten den unean egoitzan bizitzen bi urte baino gehiago daramatela egiaztatzen duten egoitzako egoiliarrak.

Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako egoeraren batean daudenak, non eta, dirulaguntzaren izaera dela eta, araudi erregulatzaileak ez duen salbuesten.

4. artikulua. Betekizun orokorrak.

Honako baldintza orokor hauek bete behar dira laguntza hauek jaso ahal izateko:

a) Espainiarra izatea eta Castejónen bizi eta erroldatuta egotea eskabidea aurkeztu aurreko bost urteetan gutxienez, salbu eta Castejónen jaiotakoak, azken bi urteetan erroldatuta egon behar baitute, eta egoitzan bizitzen bi urte baino gehiago daramatenak.

b) Eskabidea aurkeztu baino gutxienez bost urte lehenagotik Castejónen erroldatuta dauden atzerritarrek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute, arlo horretan indarrean dauden Itun, Nazioarteko Hitzarmen eta xedapenetan xedatutakoarekin bat etorrita.

5. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa deialdian izendatzen den organoari dagokio. Organoa izendatu ezean, kasuan kasuko arloko ordezkariak bideratuko du prozedura, eta alkateak ebatziko du. Behin betiko ebazpena eman aurretik, espediente guztiei buruzko txostena egin beharko du Udalaren Ogasuneko Informazio Batzordeak. Instruktoreak ofizioz eginen ditu ebazpen-proposamena funtsatuko duten datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezko iruditzen zaizkion jarduketak.

Instrukzio-jarduketek barne hartuko dituzte:

–Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren edo dirulaguntza arautzen duten arauek galdatzen dituzten txosten guztiak eskatzea.

–Eskaeren edo eskarien ebaluazioa, kasuan kasuko dirulaguntzari buruzko arauan edo, kasua bada, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Instrukzio-organoak, espedientea eta gizarte-langilearen eta kontu-hartzailearen txostenak ikusita, behin-behineko ebazpenaren proposamena eginen du, behar bezala arrazoituta.

6. artikulua. Ebazpena.

Ez da ebazpenik ematen ahalko harik eta espedientean behar besteko aurrekontu-esleipena dagoela egiaztatu arte.

Behin betiko ebazpen-proposamena onetsi ondotik, eta aintzat harturik zer aurreikusten den Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 21. artikuluan eta, hala badagokio, kasuan kasuko arauan edo deialdian, organo eskudunak arrazoituta ebatziko du prozedura, eta betiere egiaztatu beharko dira ebazpenaren oinarriak eta onuradunek hartutako konpromisoak.

Prozeduraren ebazpena ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea ez da bi hilabetetik gorakoa izaten ahalko. Epe hori iraganik interesdunei bidezko ebazpena jakinarazi ez bazaie, administrazio-isiltasunez ezetsitzat joko da dirulaguntza emateko eskaera.

Prozedurari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Jakinarazpen edo argitalpen hori egiteko, lege horren 41. artikuluan jasotako xedapenak bete beharko dira.

Onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, beste deialdi bat egin behar izan gabe, puntuazio-hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada eskaera bat bederen aintzat hartzeko. Aukera hori interesdunei jakinaraziko zaie, interesdunik bada, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntza-proposamena onar dezaten. Proposamena onartu ondotik, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza emanen eta haren jakinarazpena eginen du, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritako moduan.

Baldin eta, eskaera guztiak beteta, onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, udal-aurrekontura itzuliko da.

7. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Castejóngo Udalari zuzendu beharko dizkiote eskaerak interesdunak edo haren ordezkariak, kasuan kasuko deialdian ezartzen den ereduan, eta beherago zehazten diren agiriak erantsi beharko zaizkio.

a) Eskabideak Castejóngo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira zuzenean.

b) Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, adinekoen zentroan sartu eta biharamunetik, zentrora sartzen direnen kasuan, edo epe horretan bertan, baina dirulaguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, gainerakoen kasuan.

c) Eskaerak banaka zein batera aurkezten ahalko dira; azken horiek bi pertsonarentzat izanen dira, eta, kasu horietan, bi eskatzaileek sinatu beharko dituzte.

Eskatzailea legez ezgaituta badago, laguntza-neurriaren titularrak edo legezko ordezkariak egin du eskaera haren izenean, eta baimen judiziala aurkeztu beharko du, Kode Zibilaren 211. eta 271.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Dokumentazioa.

1. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak):

a) Interesdunaren nortasun-agiri nazionala (edo interesdunena, baterako eskaeren kasuan), eta, hala badagokio, legezko ordezkariarena, tutorearena edo izatezko zaintzailearena. Eskatzailea espainiarra ez bada, identitatea egiaztatzen duen agiria eta bizileku-baimena.

b) Udalaren ziurtagiria, eskatzailea ordenantza honen 4. artikuluan eskatzen den aldian erroldatuta egon dela eta bertan bizi izan dela egiaztatzen duena.

c) Bizikidetza, ezkontza eta abar (kasuan kasukoa) egiaztatzen duten agiriak, baterako eskaera bada.

d) Familia-liburu osoa.

e) Urteko pentsioen edo diru-sarreren ziurtagiria, alokairuetatik edo edozein jatorritako interesetatik datozenak barne.

f) Castejóngo Udalari familia-egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko konpromisoa, bai espedientea izapidetzen ari den bitartean, bai espedientea ebatzi ondotik.

g) Kasuan kasuko gizarte-langilearen txostena.

h) Eskatzaileak egokitzat jotzen duen beste edozein agiri.

9. artikulua. Eskabideetako eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu identifikazio-datuak jasotzen, eta/edo harekin batera ordenantza honetan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, eskatzaileari eskatuko zaio hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko hamar eguneko gehieneko epe luzaezinean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako baldintzetan eman beharreko ebazpena eman ondotik.

10. artikulua. Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskabideak aurkeztu eta biharamunetik. Epe hori iraganda ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, ezetsitzat joko dira administrazio-isiltasunez.

Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke alkateari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

11. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa eta atzeraeragina

Aurrekontu-baliabideen barruan emanen dira dirulaguntzen zenbatekoak, eta lehentasuna emanen zaie baldintza apalenak eta aukera ekonomiko gutxien dituzten herritarrei.

Helburu horrekin, Castejóngo Solidaridad adinekoen egoitzako egoiliarren kategorien arabera ezarriko dira laguntzak, eta eskatzaile bakoitzaren diru-sarrera errepikatuekiko modu proportzionalean (hala nola pentsioak, errenta bermatuak, laguntzak eta abar). Dirulaguntza handiagoa emanen zaie diru-sarrera txikienak dituztenei.

Kasuan kasuko plazaren araberakoa izanen da onuradun eta hilabete bakoitzeko gehienez ematen ahal den dirulaguntza, eta ez da 600,00 eurotik gorakoa izaten ahal. Kopuru hori urtero handitzen ahalko da, Udalaren baliabide ekonomikoen eta aurrekontu-baliabideen arabera.

Salbuespen gisa, atzeraeraginezko ondorioekin ematen ahalko dira dirulaguntzak, betiere modu justifikatuan eta kasuan kasuko urte naturalaren barruan.

12. artikulua. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Udalak dirulaguntza hauek ematea bateragarria izanen da beste edozein dirulaguntza edo laguntza-motarekin.

Hala ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du gainditzen ahalko, berak bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, adinekoen zentroko plaza kostatzen denaren %95.

Onuradunak Castejóngo Udalari jakinarazi beharra dauka xede bererako beste dirulaguntza, laguntza publiko, diru-sarrera nahiz baliabideren bat lortu badu.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

Adinekoen zentroko zuzendaritzak hilero aurkeztuko dio egoiliarren zerrenda Castejóngo Udalari, haien datu hauekin: datu pertsonalak, mendekotasun-mota, dagokion hileko egonaldi-egunak eta zerbitzuaren zenbatekoa, bai eta oraindik egin gabe dauden aurreko hilabeteetako justifikazioak ere, halakorik balego.

Castejóngo Udalak, aurkeztutako agiriak eta justifikazioak egiaztatu ondotik, data horri dagozkion dirulaguntzen gastua onetsiko du, hala badagokio.

Halaber, eta alferrikako atzerapenik egon ez dadin, Udalak ahalik eta lasterren transferituko dio egoitzari aldi horretako dirulaguntzen zenbatekoa.

Bestalde, zuzendaritzak hilero fakturatuko dio erabiltzaileari egoitzan egindako egonaldiagatik dagokion zenbatekoa, eta bertan argi eta garbi adieraziko du Udalak emandako dirulaguntza; haren zenbatekoa, noski, deskontatu eginen da plazaren kostutik. Horren guztiaren kopia bidaliko zaio Udalari, hurrengo hilabeteko fakturazioa baino lehenago, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren deskontua benetan egin zaiola egiaztatzeko.

Egonaldia urtebetekoa eta plaza-mota berekoa izanen dutela aurreikusten den erabiltzaileen kasuan, urteko dirulaguntza onesten ahalko da; dena den, zentroak baldintzak betetzen jarraitu beharko du.

Dirulaguntza horien baldintzak, zenbatekoa eta sortzapena automatikoki luzatuko dira udal-aurrekontua luzatzen bada, erabiltzaileak ordaindu beharreko zenbatekoetan kalterik izan ez dezan.

14. artikulua. Ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza eman ondotik, eta interesdunak hala eskatzen badu, organo emaileak hura aldatzea erabakitzen ahalko du, arloko ordezkariak edo, hala badagokio, udaleko kontu-hartzaileak aldeko txostena egin ondotik, betiere honako baldintza hauek betetzen badira, modu diskrezionalean hartuta:

–Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

–Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak, elementuak edo inguruabarrak aldatu izana, eta horregatik berrikusi behar izatea emandako dirulaguntza.

15. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Castejóngo Udalak ahalmena izanen du egokitzat jotzen duen jarraipen eta kontrola egiteko onuradunei, eta hura baliatuko du, egoiliar bakoitzak bere diru-sarren guztizkoaren arabera benetan dagokion dirulaguntza jaso dezan.

Halaber, onuradun guztiek jakinarazi beharko diote Castejóngo Udalari dirulaguntza emateko unean hasieran aitortutako diru-sarreren guztizkoetan gertatzen den aldaketa oro.

16. artikulua. Dirulaguntzen itzulketa.

Onuradunak deialdi honetan aurreikusitako betebehar guzti-guztiak bete beharko ditu, baita deialdi honen ondorioz bere gain hartutako konpromisoak ere. Nolanahi ere, hartutako zenbatekoak guztiz edo partez itzultzea eta berandutze-interesa ordaintzea exijitu ahalko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, bidezko izan daitezkeen akzio penalak gorabehera.

17. artikulua. Berme-neurriak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondotik, haren edukia aldatzeko eskatzen ahalko du onuradunak, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzearen ondorioz ebazpena aldatzea eragiten ahal duen inguruabarrik gertatzen bada.

Kasuan kasuko urte naturala amaitu baino lehenago aurkeztu beharko da aldaketa-eskaera.

Dirulaguntza ematen duen organoak egokitzat jotzen dituen administrazio-kontrolak eta ikuskapenak egiten ahalko ditu, edozein unetan, aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Jasotako dirulaguntzak itzultzeko arrazoi izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoak:

1. Honako kasu hauetan bakarrik itzuli beharko da eskuratutako kopurua, osorik edo partez:

a) Dirulaguntza eskuratu delarik horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, Administrazioari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

b) Dirulaguntza emateko baldintzak aldatu direlarik, Administrazioak onartu baditu.

c) Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak.

2. Hurrengo kasu hauetan ere itzularaziko da hartutako kopurua, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharrekoa dela erabakitzen den egunera arte sortutako berandutze-interesekin:

a) Dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uzten denean, osorik edo partez, edo dirulaguntza funtsatzen zuen jokabidea izaten ez denean.

c) Foru-lege honen 27. artikuluan edo dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatzen den justifikazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez denean, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez denean.

d) Foru lege honen 15. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako zabalkunde-neurriak hartzeko be­te­beharra betetzen ez denean.

e) Foru-lege honen 9 eta 12. artikuluetan aurreikusitako egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihesten direnean edo uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzen zaizkienean, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak betetzen ez direnean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

f) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak bete ez direnean, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak bete ez direnean, baldin eta konpromiso horiek zerikusia badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

g) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak bete ez direnean, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak bete ez direnean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

h) Europar Batasuneko arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza itzuli beharra erabakitzen denean.

i) Dirulaguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

3. Onuradunak edo hala badagokio entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta ezbairik gabe erakusten badute beren konpromisoak betetzen ahalegindu direla, foru-lege honen 14. artikuluaren 1. apartatuko p) letran aipatutako irizpideak erabiliko dira itzuli behar duten zenbatekoa zehazteko.

4. Era berean, foru-lege honen 16. artikuluaren 3. apartatuan azaltzen den kasuan, itzularazi egin beharko da dirulaguntza jaso duen jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina, eta dagozkion berandutza-interesak eskatu.

5. Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira, eta, haiek kobratzeko, aplikatzekoa izanen da Nafarroako ogasun publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 17 eta 18. artikuluetan aurreikusitakoa.

6. Dirulaguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aitzinetik espedientea irekiko da, eta hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, behar diren txostenak eta frogak bilduko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hamabi hilabetean ebatzi beharko da.

7. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio. Diru-sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziko zaizkio, eta ohartaraziko itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu-bideko diru-bilketa prozedura aplikatuko dela.

Onuradunak ikuskapen horretan lagundu beharko du, eta eskatutako datuak eman.

18. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira, egitez edo ez-egitez, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean arau-hauste gisa tipifikatutako kasuetan sartzen direnak.

–Diru-laguntzen onuradunak, eta aipatutako legearen 45. artikuluan adierazitako pertsonak edo entitateetako kideak, egiteko konpromisoa hartu duten jarduera diruz lagunduei dagokienez.

–Entitate laguntzaileak.

–Legezko ordezkaria, dirulaguntzen onuradunek jarduteko gaitasunik ez dutenean.

–Dirulaguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin zerikusia duten pertsonak edo entitateak, beharturik badaude laguntzera eta eskatutako agiri guztiak ematera, aipatutako legean xedatutakoaren arabera.

19. artikulua. Erantzukizunetik salbuestea.

Lege horretan tipifikatutako egite edo ez-egiteek ez dute erantzukizunik ekarriko dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboagatik honako kasu hauetan:

–Jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

–Ezinbestekoetan.

–Erabakia kolektiboa denean, beren botoa gorde dutenentzat edo erabakia hartu zen bileran egon ez zirenentzat.

20. artikulua. Arau-hausteak.

1. Onuradunen kasuan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluaren 1.1 apartatuko a), b) eta c) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 apartatuko a) letran aipatzen dena joko dira arau-hauste oso astuntzat.

2. Onuradunen kasuan, 42. artikuluaren 1.1 apartatuko d) eta e) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 apartatuko b) eta c) letretan aipatzen direnak joko dira arau-hauste astuntzat.

3. Onuradunen kasuan, 42. artikuluaren 1.1 apartatuko f) eta g) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 apartatuko d) letran aipatzen dena joko dira arau-hauste arintzat.

4. Aipatu jokabideak dituzten onuradun eta entitate laguntzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

5. Arau-hausteek preskribatzeko epea lau urtekoa izanen da, arau-haustea egin den egunetik zenbatzen hasita. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da; nolanahi ere, interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatzen ahalko du.

21. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste administratiboek honako zehapen hauek izanen dituzte:

1.–Arau-hauste oso astunak: behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru-kopurua edo entitate laguntzaileak hartu duen diru-kopurua halako bitik hirura bitarte egiten duen isuna. Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Administrazio publikoetatik eta bestelako erakunde publikoetatik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

b) Foru-lege honetan araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

c) Administrazio publikoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea, bost urteko epean gehienez.

2.–Arau-hauste astunak: behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru-kopurutik edo entitate laguntzaileak hartu duen diru-kopurutik halako bira bitarte egiten duen isuna.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Administrazio publikoetatik eta bestelako erakunde publikoetatik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

b) Foru-lege honetan araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

c) Administrazio publikoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea, bost urteko epean gehienez.

3.–Arau-hauste arinak: behar bezala eskuratu edo justifikatu ez den edo, entitate laguntzailearen kasuan, hartu den diru-kopurua adinako isuna.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Bai onuradunaren kasuan, bai entitate laguntzailearen kasuan ere, urtebeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta haren erakunde autonomoetatik dirulaguntzak hartzeko edo entitate laguntzaile izendatua izateko eskubidea galtzea.

b) Urtebeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea.

4.–Foru lege honetan aurreikusitako arau-hauste administratiboengatik aitzineko zehapen horiek ezartzeko, kontuan hartuko da:

a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b) Kalteak nolakoak diren.

c) Urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio-bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

5.–Zehapenak ezartzea eta foru-lege honek aipatzen duen gisan arau-hausleari dirua itzultzeko eskatzea egintza independenteak izanen dira.

6.–Administrazio-zehapenak preskribatzeko epea lau urtekoa izanen da, zehapena paratzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da; nolanahi ere, interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatzen ahalko du.

22. artikulua. Zehatzeko ahalmena erabiltzeko eskumena duten organoak.

Dirulaguntza eman duten organoak dira zehapen-prozedura abiarazteko eta ebazteko eskudunak.

23. artikulua. Erantzukizunak.

1. Dirulaguntzei buruzko Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzun solidarioa emanen diote diru-zehapenenari, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun-komunitate bat edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia izanez gero.

2. Diru-zehapenaren erantzule subsidiario izanen dira merkataritza-sozietateen administratzaileak eta bertze pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, legearen edo estatutuen arabera aplikatu behar zaizkien xedapenen arabera, ez badituzte egiten haien esku dauden egintzak, konplitu gabeko betebeharrak bete daitezen, edo ez betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo haien menpekoen ez betetzeak eragozten ez badituzte.

3. Desegin eta likidatutako sozietate edo entitateen kasuan, legeak bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna mugatzen badu, zehapen gauzatu gabeak haiei pasatuko zaizkie, eta zehapena betetzeko betebehar solidarioa izanen dute, esleitu zaien edo esleitu behar zitzaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

4. Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatu badira, eta legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, betetzeko dauden zehapenak haiei pasatuko zaizkie, eta betebehar solidarioa izanen dute zehapen horiei dagokienez.

24. artikulua. Zehapen-prozedura.

1. Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira, eta, halakorik ezean, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Prozedura administrazioaren kabuz hasiko da, organo emaileak edo entitate laguntzaileak egindako egiaztapen-jardueraren ondorioz, bai eta kontrol eginkizunak esleituta dituzten organoen jarduketen ondorioz ere.

25. artikulua. Dirulaguntzen azkentzea.

Honako kasu hauetan azkenduko da Udalak emandako dirulaguntza, besteak beste:

a) Onuradunak hartutako konpromisoak ez betetzea.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa lortzeko, mantentzeko edo handitzeko datuak faltsutzea edo ezkutatzea.

c) Laguntza ematea ekarri zuten inguruabarretakoren bat desagertzea.

d) Onuradunaren heriotza.

e) Dirulaguntzaren onuradunak uko egitea.

f) Adierazi zenaz bestelako xede baterako erabiltzea dirulaguntza.

Laguntza baliogabetzen bada, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko ditu onuradunak.

26. artikulua. Araudi osagarria.

Ordenantza honetan xedatutakoa deusetan ukatu gabe, honako arau hauek aplikatuko dira ordezko gisa: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legea, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onesten duen apirilaren 18ko 781/1986 Errege Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta haien ordez aurrerago onesten diren xedapenak.

27. artikulua. Indarrean jartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean beraren testua osorik argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49 artikuluan eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea bukatzen denean.

Iragarkiaren kodea: L2414691