Iragarkia
221. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BARILLAS
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat
Barillasko Udaleko alkateak 2024ko urriaren 17an emandako dekretu baten bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat.
Hona hemen hautaketa arautuko duten
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, D mailakoa, funtzionarioen araubidean aritzeko Barillasko Udalaren zerbitzura.
1.2. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin (9. apartatuan ezarritakoarekin bat), lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.
1.3. Lanpostuak izanen ditu D mailarako ezarritako ordainsariak, bai eta lanpostuarekin lotutako ordainsari osagarri bat ere, %20,77koa. Hori dena, jarraikiz 251/93 Legegintzako Foru Dekretuari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina) eta 158/1984 Foru Dekretuari (foru dekretu horren bidez onetsi zen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua). Horrez gain, ordainsari osagarriak jasotzen ahal dira, baldin halakorik ezartzen bada aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta hala jasota badago Udalaren urteko plantilla organikoan.
1.4. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.
Oro har, lanaldia astelehenetik ostiralera izanen da, baina behar diren jaiegunetan ere lan egin beharko da. Orobat, lanpostuari berez dagozkion eginkizunak bete beharko dira Udalak antolatzen dituen ekitaldi guztietan edo laguntzen dituen ekitaldi guztietan, herriko jaiak barne, urte osoan zehar.
1.5. Plazaren titular izendatzen denak zerbitzu anitzetako berezko jarduerak eginen ditu obra-lantaldean. Hona hemen horietako batzuk, aipatzearren eta bestelakoak baztertu gabe:
–Azpiegitura publikoak mantentzeko lanak, hala nola hilerria, bideak konpontzea, plaza publikoak, parkeak eta lorategiak, udaletxea, udal igerilekuak, zentro zibikoa, kontsultategia eta Udalaren gainerako higiezinak.
–Kaleak eta bide publikoak garbitzeko lanak.
–Berdeguneak, zuhaiztiak, loreak eta zuhaixkak mantentzeko lanak (kimatzea, belardia moztea, landatzea, ereitea, ongarria botatzea...), barnean direla udalerriko ureztaketak kudeatzea. Izurrite arruntei aurre egiteko bitartekoak ere kudeatuko ditu, eta beharrezkoak diren tratamenduak aplikatuko ditu, horretarako baliatuz metodo jasangarriak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak.
–Igeltserotzako lanak, iturgintzakoak, oinarrizko elektrizitatekoak, soldadurakoak, zurgintzakoak, pinturakoak eta lorezaintzakoak, beharrezkoak direnak azpiegituren, parkeen, lorategien, berdeguneen eta udal-eraikinen ohiko mantentze-lanetarako. Beharrezkoa bada, konponketak eta obra txikiak ere eginen ditu.
–Toki batetik bestera mugitzea eta instalatzea hiri barneko altzariak eta objektuak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, eta abar.
–Bere jardun-eremuarekin lotutako makineria, ibilgailu, erreminta eta lanabesak kontrolatzea, maneiatzea, mantentzea eta konpontzea, bai eta erreminten eta makinen behar posibleak proposatzea eta justifikatzea ere. Orobat, egin beharko ditu udal-ibilgailuaren oinarrizko mantentze- eta zaintze-lanak.
–Basolanak eta ingurumena zaintzera bideratutakoak, bai eta ibaiak eta ezpondak zaintzekoak ere; hori guztia udalaren eskumenen esparruan.
–Herritarrek hirigintzaren arloan egiten dituzten jarduketak ikuskatzea eta kontrolatzea.
–Eremu publikoak prestatzea ospakizunetarako, eta haietan behar diren gauzak jartzea.
–Jai eta ekitaldi publikoetan agertokiak, bigantxen entzierroetarako hesiak eta bestelako altzariak muntatzea eta desmuntatzea.
–Udaletxea eta gainerako ekipamenduak garbitzea.
–Medikuaren kontsultategia irekitzea, ixtea eta garbitzea.
–Banatzea eta jartzea iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea, eta Udalaren jakinarazpenak eramatea.
–Hilerriko zerbitzu integraleko lanak. Desobiratzeak eta hobiratzeak.
–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.
2.–Baldintzak.
Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
–Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
–Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura biziz gero.
–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa, edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.
Atzerrian lortutako tituluak baldin badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
–Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik kendua, ez eta diziplinaz kaleratua ere.
–B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu bai plaza betetzeko izendatutakoak, bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, deialdi honen 7. oinarrian adierazitako epean eta moduan.
Salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak edo Udalari baimena ematen ez diotenak horiek kontsultatzeko, baldin plaza betetzeko deitu bazaie, ezin izanen dira kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautaketa-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
2.–Eskaerak aurkeztea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute bide telematikoz (https:// barillas.sedelectronica.es); aurrez aurre, Udalaren erregistro orokorrean, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari jarraikiz.
3.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Behar bezala betetako eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Nortasun agiri nazionalaren kopia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren (AIZ) kopia.
B kategoriako gidabaimenaren kopia.
I. eranskineko zinpeko deklarazioa, non izangaiak adieraziko baitu betetzen dituela deialdian parte hartzeko baldintzak.
Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. puntuan jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Edonola ere, 2025. urteko lehen seihilekoan izanen dira.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Ramón Martínez Zardoya, Barillasko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Sara Fuertes Galindo, Barillasko Udaleko zinegotzia.
Lehen epaimahaikidea: Santos Jiménez Royo, Monteagudoko Udaleko arduraduna.
Ordezkoa: Monteagudoko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua daukan funtzionario bat.
Bigarren epaimahaikidea: José Antonio Martínez Zueco, Ablitasko Udaleko arduraduna.
Ordezkoa: Ablitasko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua daukan funtzionario bat.
Hirugarren epaimahaikidea: Jorge Ruiz Martínez, Barillasko Udaleko alkateordea.
Ordezkoa: Esther Jiménez Pellejero, Barillasko Udaleko kontu-hartzailea.
Laugarren epaimahaikidea, idazkaria: M. ª Izaskun Zozaya Yunta, Barillasko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Ana Isabel Enrique Escribano, Ablitasko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Barillasko Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren apartatuen interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
5.6. Epaimahaiak eskatu ahal izanen ditu erabakiak hartzeko behar dituen txosten tekniko eta juridikoak.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Hautaketa-prozesua ondoz ondoko bi aldietan gauzatuko da: lehenbizikoa, oposizioaldia, eta, bigarrena, lehiaketaldia. Hortaz, soilik baloratuko dira oposizioaldia gainditu duten izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahal dira.
6.1. Oposizioaldia.
6.1.1. Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko dira oposizioko lehenbiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, edo, bestela, epaimahaiak nortasuna frogatzeko nahikoa irizten dion beste identifikazio agiri bat.
Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.1.2. Oposizioaldiko probak apartatu honetan zehaztutakoak izanen dira, deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak, eta gai-zerrendako ordena berean eginen dira.
6.1.3. Oposizioan 90 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:
6.1.3.1. Lehen ariketa.
Proba teorikoa izanen da, eta hartan idatziz erantzun beharko zaie test motako 80 galderari, gehienez ere, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Hiru edo lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari 0,5 puntu emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.
Kalifikazioa: ariketan gehienez ere 40 puntu lor daitezke.
Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.
6.1.3.2. Bigarren ariketa.
Lanpostuarekin zerikusia duten bi proba eta/edo kasu praktiko egin beharko dira, II. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.
Apartatu honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Proba bakoitzean, 10, puntu, gutxienez, erdietsi behar dira.
6.1.3.3. Elkarrizketa pertsonala.
Probak gainditzen dituzten guztiei eginen zaie elkarrizketa pertsonala.
Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen, eta hura gauzatzeko, Udalak aholkularitza izanen du, arlo horretan espezializatuta dauden pertsonen edo enpresen eskutik.
Apartatu honetan, gehienez, 10 puntu lor daitezke.
6.1.4. Ariketak plika-sistemaren bidez eginen dira, salbu eta proba praktikoak egiten badira eta ez kasu praktikoak.
6.1.5. Epaimahaiak ezarriko du zenbat denbora izanen duten izangaiek proba bakoitza egiteko. Edonola ere, hori iragarriko du probak zer egunetan eginen diren adierazten duenean.
6.1.6. Hiru egun baliodun izanen dira proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko, zenbatzen hasita ariketa egin den egunaren biharamunetik edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertuko ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin bat edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.
6.1.7. Soilik hiru egun balioduneko epean onartuko dira azterketak berrikusteko eskabideak, ariketako kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik.
6.1.8. Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da deialdi honen 6. apartatuko bigarren ariketan, elkarrizketa pertsonalean eta lehen ariketan –ordena horretan– ateratako puntuazioa, eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.
6.2. Lehiaketaldia.
6.2.1. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 15 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten hautagaiei, aurkez ditzaten alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagiriak, hurrengo paragrafoetan ezarritako baremoaren arabera.
Lehiaketaldia baloratzeko, oposizioaldia gainditu duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dituzte merezimenduak.
Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, aurkeztu beharko dira jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak, bestela ez baitira kontuan hartuko.
Egindako zerbitzuen apartatuan alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira dagokion administrazio publikoaren ziurtagirien bidez, eta ziurtagiri horietan agertu beharko dira lan egindako denbora, kategoria profesionala eta lanaldiaren iraupena.
6.2.2. Kalifikazio-epaimahaiak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu alegatutako eta frogatutako merezimenduak.
6.2.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
6.2.4. Lehiaketaldiak 10 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:
–Izangaiaren laneko eskarmentua, deialdi honen bidez beteko den lanpostuaren antzeko eginkizunetan, tokiko administrazio publikoan, Foru Komunitateko Administrazioan edo haien mendeko enpresa publikoetan (eginkizun horien artean daude honako hauek: zerbitzu anitzak; lorezaintza; naturagune publikoen mantentze-lanak; eta natura-erreserbak eta ingurumena zaintzea eta mantentzea): 2 puntu urte bakoitzeko. Gehienez 4 puntu eskuratzen ahalko dira.
–Honako hauekin lotutako ikastaroak, tailerrak eta jardunaldiak: laneko arriskuen prebentzioa, lorategi edo naturaguneetako kimatze-, landatze eta mantentze-lanak, lehen laguntzak, tratamendu fitosanitarioak, suteen prebentzioa, babes zibila eta ingurumenaren babesa. Ikastaro, jardunaldi edo tailer bakoitzak 6 ordu iraunen du gutxienez, eta izan behar dute zentro ofizialek edo erakunde publikoek homologatuak edo emandakoak.
Titulua edo ikastaroa egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta bertan adierazi beharko da zenbat ordu izan diren. Iraupena zehazten ez bada, 0 puntu emanen dira, eta ikastaro batzuen eta besteen orduak ezin izanen dira metatu, gutxienekoa erdiesteko. 0,5 puntu emanen dira, bakoitzeko; gehienez ere 2 puntu.
–Titulazio bat izatea Laneko Arriskuen Prebentzioko oinarrizko ikastaroa gainditzeagatik, erakunde ofizialek edo gaituek behar bezala homologatutakoa eta emandakoa, gutxienez 50 ordukoa, 39/97 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Honela puntuatuko da: puntu bat.
–Gradu ertaineko titulua edo goi mailakoa edukitzea natura eta paisaia baliabideen kudeaketan, ingurumenaren aprobetxamendu eta zaintzan, eta basoaren eta naturaren kudeaketan. Bestela, paisajismo eta landa inguruneko goi mailako teknikari titulua edukitzea. Gehienez ere 3 puntu emanen dira; 1,5 puntu gradu ertaineko tituluagatik, eta 3 puntu goi mailakoarengatik.
6.2.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
6.2.6. Merezimenduak baloratutakoan, emaitzak argitara emanen dira udaletxeko iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian.
7.–Gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, eta, horrekin batera, igorriko dio probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko –eta, beraz, kontratatzeko– proposamena eta espediente osoa.
Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda eratzeko. Izan ere, zerrenda hori erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioetarako. Urtebeteko indarraldia izanen du, eta 4 urtez luzatzen ahalko da gehienez.
Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Udalaren webgunean.
7.2. Proposatzen den izangaiak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun naturaleko epearen barnean:
–NANaren fotokopia, edo horren baliokidea den agiriarena.
–Deialdi honen 2. puntuan eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo ziurtagiri bat, frogatzen duena hura lortzeko moduan egotea, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.
–B motako gidabaimena edo haren baliokidea duela frogatzen duen fotokopia.
–Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
–Zinpeko edo zinezko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Alkatetzak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
8.–Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.
8.1. Alkateak Barillasko Udaleko lan-kontratudun langile finko izendatuko du aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta behar den kontratua sinatuko du, bete dezan zerbitzu anitzetako lanpostua.
8.2. Kontratua sinatzearen eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatua funtzionario bilakatuko da, eta izanen ditu indarreko xedapenek Barillasko Udalaren zerbitzuko langile horiendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
8.3. Izendatutako izangaiak 30 eguneko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena egiten den egunetik zenbatzen hasita.
Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, galduko ditu Barillasko Udaleko enplegatu izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatuz gero, jarraituko zaio deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari.
Kontratatutako izangaiak bi hilabeteko probaldia egin beharko du, eta kontratuak berariaz adieraziko du hori. Epe horretan, langileak izanen ditu betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubide eta betebehar berberak, plantillakoa balitz bezala, eta lan-harremana desegin ahal izanen da probaldia bukatutakoan, alderdietako edozeinek hala nahi badu, inolako arrazoirik alegatu gabe eta aurreabisurik eman gabe.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
9.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari, izangaien zerrenda bat eratuko da, aldi baterako kontratazioak egiteko, osatuko dutena hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenek. Horiek honako hau osatuko dute:
9.2. Alkatetzaren ebazpen bidez onartuko dira bi zerrendak eta zerrenda horiek kudeatzeko arauak.
9.3. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, jokatuko da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
9.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko frogagiriak, hots, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten frogagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.
9.5. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
9.6. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
9.7. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte apartatu honetan adierazten den moduan.
10.–Errekurtsoak.
10.1. Deialdiaren eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
11.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Barillasko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@barillas.org).
–www.barillas.org webgunean dago datuen babesari buruzko informazio gehiago, pribatutasun-politikaren atalean.
–Datuak zenbat denboraz gordeko diren: Datuak gordeko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Barillasen, 2024ko urriaren 17an.–Alkatea, Ramón Martínez Zardoya.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONAKO HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN PLAZA BAT, BARILLASKO UDALAREN ZERBITZUKOA
I. HAUTAPEN-PROZESUA |
Deialdia egiten duen erakundea: BARILLASKO UDALA Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, zenbaki honetan: Egun honetan: . |
II. DATU PERTSONALAK |
Deiturak eta izena: NANa: Helbidea: 1. telefonoa: 2. telefonoa: Helbide elektronikoa: |
III. ADITZERA EMATEN DUT |
DESGAITASUNA: Desgaitasuna aitortua dut, %...................(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut. |
IV. ADIERAZTEN DUT |
1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintzak guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala. 2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko. 3. Ez dut berariazko arrazoirik indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasunerako edo bateraezintasunerako. 4. Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak. |
ESKATZEN DUT onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.
Eguna eta sinadura
......................................(e)n, 2024ko .........................................aren ................ (e)(a)n.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Barillas: herria eta geografia. Udalerriko kale, auzo eta bideak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Lorategi eta parke publikoak.
2.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa; Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea; toki-erakundeen ondasunak; kontratazioa.
3.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.
4.–297/2001 Foru Dekretua, Hileta-osasunari buruzko erregelamendua. 2021-11-26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 772/2011 Foru Agindua, Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Protokoloa onesten duena. (2011-11-18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
5.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.
6.–Ureztaketa sarea mantentzeko lanak: Ureztaketa instalazioaren mantentze-lan prebentiboa. Aspertsoreak, difusoreak, tantakako sistema eta uholdeak. Ukondoak, t-ak, paso-giltza eta mozteko giltza. Elektrobalbulak. Iragazkiak. Euri sentsoreak.
7.–Belardietako eta belar-soroetako zainketa lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; belardia segatzea; eskarifikatzea; aireatzea; profilatzea; berrereitea. Zohien bidez berritzea). Zuhaitzak eta zuhaixkak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak. Zuloak egitea eta jorratzea; inausketak; zurkaitza paratzea). Landare loredunak eta landare erraboildunak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; substratua ematea; lurra prestatzea; garbitzea eta kentzea).
8.–Sortze eta berriztatze lanak lorezaintzan. Belardiak berriztatzea eta ereitea (helburua, berrereintza motak, horiek egiteko sasoia, drainatzeak eta drainatze motak). Zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak berriztatzea (zuhaitzak, urteroko landareak, biurteko landareak, landare erraboildunak, landare bizikorrak). Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Espezieak landatzea eta hautatzea. Lorezaintza, lorezaintzaren printzipioak, plangintza eta diseinua, landareen hautaketa, ureztatze efizientea, lurzoruaren estaldurak, mantentze-lan egokiak.
9.–Arbolak kimatzea. Kimatu beharra espezie bakoitzean. Kimatzearen oinarriak (helburuak, motak, sasoia eta maiztasuna, mozketak egiteko manera). Zuhaixkak, muluak eta heskaiak kimatzea (kimatzeko beharrak espezie bakoitzean, kontuan hartu beharreko faktoreak, motak).
10.–Zurgintzako oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
11.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; egiturak konpontzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
12.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta abar). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailuak, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lur-konexiodunak zein gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
13.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak. Hornidura eta saneamendua: sailkapena, materialak eta sareen elementuak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
14.–Soldadura: kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak: ezaugarriak, tipologiak, ekipoak, teknikak, prozesuak.
15.–Arlo hauetako ezagutzak: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.
16.–Mekanika: udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegia kontrolatzea.
17.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.
18.–Bide-segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea. Obren seinaleak eta balizak.
19.–Udal igerilekuak: Ontzi bakoitzeko uraren tratamendua. Uren kontrola. Igerilekuaren mantentze lanak. Garbiketa eta desinfekzioa. Produktu kimikoak erabiltzeko segurtasuna.
Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediarekin.
Iragarkiaren kodea: L2415153
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
