1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
235/2024 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez argitara ematen baitira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi kurtsoen zonifikazioa eta departamentu honen mendeko ikastetxe eta programetako plantillak, eta zehazten baita zer prozedura erabili behar den eskatzeko lanpostuak ezabatu daitezen eta lanpostu ibiltariei atxikitzeko, eta zein diren 2024-2025 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).
Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 232/2024 Ebazpenaren bidez, dei egin da estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (iraungitzekoa), Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoa, hizkuntza eskola ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa.
Ebazpen horren laugarren oinarriaren arabera, deialdian beteko diren lanpostu hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, lekualdatze-lehiaketa hauen prozedura-arau aplikagarriak ezarri zituen urriaren 1eko EFD/1056/2024 Aginduaren bosgarren apartatuan aurreikusitako egunetan zehaztuko dira, eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko dira: https://www.educacion.navarra.es/eu/.
Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoen zonifikazioa eta departamentu honen mendeko ikastetxe eta programetako plantillak.
Bestalde, beharrezkoa da zehaztea zer prozedura erabiliko den eskatzeko lanpostuak formalki ezabatu daitezen, kasuan kasuko plantillan lanpostua aurreikusia ez duten maisu-maistren kidegoko irakasleentzat, baita lanpostu ibiltariei atxikitzeko ere.
Halaber, bidezko da zehaztea 2024-2025 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoen zonifikazioa.
Zonifikazio hori urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden maisu-maistren kidegoko irakasleek lehentasunezko eskubidea erabil dezaten aplikatuko da, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautu ziren.
2. Ebazpen honen II. eranskin gisa argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plantillak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoak eta beste ikastetxe eta programa batzuetakoak, eta zehaztea zein diren 2024-2025 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).
Lanpostu hutsen zutabean agertzen den minus ikurrak esan nahi du lehiaketaren ondoriozko lanpostuak amortizatu eginen direla, eta, hortaz, bete beharreko lanpostu kopurua ez dela handituko.
Ebazpen honetan aurreikusitako lanpostu hutsei lekualdatze-lehiaketaren deialdia ebaztearen ondorioz sortzen direnak gehituko zaizkie. Horiez gain, gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentziengatik sortzen diren lanpostu hutsak ere sartuko dira. Lanpostu horiek guztiek eskola plangintzan aurreikusiak egon beharko dute.
3. Deialdia ebatzi eta gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi kurtsoetan eman gabe gelditzen diren lanpostu hutsak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioei eskainiko zaizkie lanpostuak betetzeko hurrengo prozesuetan; betiere, haien funtzionamenduak eskola plangintzan aurreikusita egon beharko du.
4. Ebazpen honen bidez onesten diren plantilletan ez da lanposturik ezabatuko. Horrela, onetsitako plantillatik gora gelditzen diren lanpostuak, "(+)" ikurra daukatenak, erretiroak, eszedentziak edo lanpostua galtzea dakarten ezabaketak direla-eta amortizatuko dira, hutsik gelditzen badira lehiaketaren, heriotzaren edo antzeko arrazoien ondorioz.
5. Behin betiko destinoa duten maisu-maistren kidegoko funtzionarioek, baldin eta haien lanpostua onetsitako plantilletan aurreikusia ez badago, beren lanpostua ezabatzeko eskatzen ahalko dute, prozedura honen arabera:
a) Kasuan kasuko plantillan aurreikusi ez diren edo murriztu diren lanpostuei atxikiak dauden maisu-maistrek lanpostua kentzeko eskaera egiten ahalko diote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, eta, horretarako, ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den agiria beteko dute. Eskaera hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Murriztutako lanpostuak baino gehiago badira murriztutako espezialitateko edo hizkuntzako lanpostuei atxikitako maisu-maistra eskatzaileak, hurrengo irizpideak bata bestearen ondoren aplikatzetik ateratzen diren maisu-maistrak izanen dira ukituak:
1. Behin betiko langile gisa etengabeko antzinatasun handiena izatea ikastetxean edo eskualdean, lanpostu bereziei atxikitako maisu-maistren kasuan.
2. Maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa benetan emandako zerbitzualdi luzeena izatea.
Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.
3. Nor sartu zen lehenago kidegoan (urtea).
4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran, zerrendan zenbaki txikiena izatea edo puntuazio handiena.
c) Lanpostua ezabatzeak 5 egun balioduneko epearen azken egunean izanen ditu ondorioak, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, interesdunek ikasturte honetako lekualdatze-lehiaketan erabiltzen ahalko dute lanpostuak betetzeko araudian aurreikusitako lehentasunezko eskubidea, bat etorriz Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 232/2024 Ebazpenean ezarritako baldintzekin. Ebazpen horren bidez estatu mailako lekualdatze-lehiaketa deia egin da, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (iraungitzekoa), Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoa, hizkuntza eskola ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa.
6. Maisu-maistren kidegoko irakasleek behin betiko destinoa ikastetxe bateko lanpostu arruntean baldin badute, eta lanpostu hori plantillan ibiltari gisa ageri bada, lanpostu ibiltari berriari atxikitzea hautatzen ahalko dute, ikastetxean duten antzinatasuna ondorio guztietarako mantenduta, edo, bestela, lanpostua ezabatzea hautatu, aurreko atalean adierazitako baldintzetan.
Lanpostu ibiltariari atxikitzea erabakitzen badute, IV. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura igorri beharko dute, 5 egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Lanpostu berriko atxikipenak 2025eko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
Destinoa ikastetxe bati atxikitako lanpostu ibiltari batean duten maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, lanpostu hori ikastetxeko lanpostu arrunt gisa ageri bada plantillan, ofizioz atxikiko zaizkio ikastetxeko lanpostu arrunt berriari, eta horrek 2025eko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta eranskinak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/) argitara daitezela agintzea.
8. Ebazpen honen eta beronen eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
9. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2024ko urriaren 15ean.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.
Iragarkiaren kodea: F2414921