1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko abuztuaren 28an hartua, zeinaren bidez onesten baita Arbontzeko Kontzejuaren izena aldatzea. Hemendik aurrera "Arboniés / Arbontze" izanen da, eta ez "Arboniés", orain arte bezala.
2024ko uztailaren 27an, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian sartu zen Arbontzeko Kontzejuak aurkezturiko eskabide bat, kontzeju horren izen ofiziala aldatzeko eskatzen zuena, "Arboniés / Arbontze" izan dadin. Harekin batera, orobat, behar den espediente izapidetua helarazi zen.
2024ko abuztuaren 1ean, kontzeju eskatzaileari galdegin zitzaion eskabidean atzemandako akatsak zuzendu zitzala, eta eten egin zen ebazpena emateko epea. Akatsak egun horretan bertan zuzendu ziren.
Espediente horretan, Kontzejuak 2024ko uztailaren 10ean hartutako erabakiaren ziurtagiria dago. Erabaki horren bidez, behin betiko onetsi zen izen aldaketa, ez baitzen inolako alegaziorik aurkeztu hilabetez jendaurrean egon ondoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, bai eta Kontzejuaren iragarki-taulan ere.
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 37. artikuluan honako hau ezartzen da: "Kontzejuen izen aldaketak, udalentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie".
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak hauxe dio: "Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada".
2024ko abuztuaren 7an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki erakundeari jakinarazi zitzaion ebazteko epea eten egin zela, harik eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte.
2024ko abuztuaren 21ean, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian sartu zen Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena, eta hartan honako hau ondorioztatzen da: "Euskarabideak irizten dio, Euskaltzaindiak eginiko txosten bat oinarri harturik, zuzena dela proposatu den ele biko "Arboniés / Arbontze" izena. Txosten horretan, Euskaltzaindiak aditzera ematen du Arbontze antzinako eta tradizioko toponimoa dela euskaraz, Arboniés erromantzezkoaren berdina ez dena, nahiz eta biak jatorri ezezaguneko etimo beretik bide datozen".
Horrenbestez, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, onestea izen aldaketa.
Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Erakundeen Erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Erakundeen Erregistroan inskribatuko da.
Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: "Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea". Hortaz, onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratu beharko da.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Onestea Arbontzeko Kontzejuaren izen aldaketa, aurrerantzean "Arboniés / Arbontze" izan dadin.
2. Erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrera igortzea, Toki Erakundeen Erregistroan inskripzioa egin dezan, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Toki Erakundeen Erregistroan inskripzioa egin dezan.
3. Izen aldaketa hau argitaratzea, dagozkion inskripzioak egin ondoren, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4. Erabaki hau Arbontzeko Kontzejuari jakinaraztea.
5. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Arauen Garapenerako eta Toki Araubiderako Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2414908