221. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 13an hartua, Miguel Induráin Fundazioaren estatutuen aldaketa onesten duena.

Nafarroako Gobernuak 1998ko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen Nafarroako Gobernuak parte har zezala, garai hartako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bidez, Miguel Induráin Fundazioa eratzen, goi errendimenduko kirola garatzeko Nafarroako Foru Komunitatean.

Miguel Induráin Fundazioa 1998ko irailaren 28an emandako eskritura publiko bidez eratu zen, eta Nafarroako Gobernuko Fundazioen Erregistroan inskribatua dago, 92. zenbakiarekin.

Geroago, Nafarroako Gobernuak, 2017ko martxoaren 15eko Erabakiaren bidez, fundazio publikoaren izaera aitortu zion Miguel Induráin Fundazioari, eta haren estatutuen aldaketa onetsi zuen.

Miguel Induráin Fundazioaren patronatuak, 2023ko abenduaren 20an izandako bilkuran, estatutuak aldatzea erabaki du, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legera egokitzeko, espedientean sartu den egiaztagiriaren bidez frogatzen denez.

Miguel Induráin Fundazioaren estatutuen 31. artikuluak esaten du Nafarroako Gobernuaren erabakia behar dela estatutuak aldatzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Miguel Induráin Fundazioaren estatutuen aldaketa onestea. Erabaki honen eranskinean jaso da testua.

2. Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari ahalmena ematea erabaki hau eskritura publikoan jasotzeko behar diren agiri publiko zein pribatu guztiak sinatzeko.

3. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, behin eskritura publikoa egin ondotik, orok jakin dezan.

4. Erabaki hau eta eranskina Gobernu Irekiaren Atarian argitara ematea.

5. Erabaki hau Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura igorri eta Miguel Induráin Fundazioari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 13an.–Hirugarren lehendakariordea, Begoña Alfaro García, Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkariaren ordez.

"MIGUEL INDURAIN" FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izena, izaera, eremua eta helbidea.

1. "Miguel Indurain Fundazioa" (hemendik aurrera, Fundazioa) fundazio publikoa da, irabazi asmorik gabea, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioan xedatutakoaren babesean eratua.

2. Fundazioak izaera publikoa du, izaera hori aitortzeko nahitaezko tramiteak bete ondoren; izan ere, Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez eman zuen tramite horiek hasteko baimena. Haren ondarea modu iraunkorrean loturik da estatutu hauen 5. artikuluan zehazten diren kirolaren arloko interes orokorreko xedeak egitera.

3. Fundazioak batez ere Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan eginen ditu jarduerak.

4. Fundazioaren helbidea Iruñean ezarri da, Aizagerria plazako 1. zenbakian, "Nafarroa Arena pabiloia" izeneko eraikinean. Patronatuak erabakitzen ahalko du egoitza hori Foru Komunitateko lurraldeko beste edozein tokitara aldatzea; horretarako, estatutu hauek aldatu beharko ditu, eta erabakia fundazioen erregistroan inskribatu beharko du, behar bezala jasota gera dadin.

2. artikulua. Iraupena.

Fundazioak mugagabeko iraupena du. Hala ere, noizbait ere Fundazioaren xedeak betetzat jo badaitezke, edo horiek betetzea ezinezko bada, Patronatuak erabaki dezake iraungitzea, estatutu hauen 32. artikuluan aurreikusi bezala.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Fundazioa arautuko dute fundatzailearen borondateak, eratze-egintzan eta estatutu hauetan adierazitakoaren arabera, estatutu hauek interpretatu eta garatzeko Patronatuak ezartzen dituen xedapenek eta, betiere, Nafarroako Foru Berriak eta aplikatzekoak zaizkion gainerako legezko eta erregelamenduzko xedapenek.

2. Fundazioa ordenamendu juridiko pribatuaren mende izanen da, kontratuei, aurrekontuei, kontabilitateari eta finantzen kontrolari buruz aplikatzekoa den arautegi administratiboan ezarririko berezitasunak deusetan galarazi gabe.

3. Fundazioak inolaz ere ezin izanen du bete agintaritza publikoa erabiltzea dakarren ahalmenik.

4. Fundazioa kirolaren arloan eskumena duen departamentuari atxikirik da edo izanen da.

5. Fundazio publikoen aurrekontu, ekonomia eta finantza araubidea Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

6. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 44.3 artikuluan, e) letran, xedatutakoarekin bat, Nafarroako fundazio publikoek berdintasun planak egin beharko dituzte.

7. Era berean, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen aplikazio eremu subjektiboan sartzen da Fundazioa. Gainera, aplikatzekoa zaio gaur egun indarrean den Fundazioen eta Babes-jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen edukia, edo etorkizunean hura ordezten duen araua.

4. artikulua. Nortasun juridikoa eta gaitasuna.

1. Fundazioak nortasun juridiko propioa du, eta gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa bere helburuak betetzeko, estatutu hauetan eta unean-unean aplikatzekoa den indarreko legerian ezarritakoaren arabera.

2. Adibide gisa, eta mugatzeko asmorik gabe, Fundazioak mota guztietako ondasunak, higigarriak edo higiezinak, eta eskubideak eskuratu, gorde, eduki, erabili, besterendu eta zergapetzen ahalko ditu, edozein bitartekoren bidez; era guztietako egintzak eta kontratuak egiten ahalko ditu; eta amore eman edo bide administratibo edo judizialera jotzen ahalko du, eta mota guztietako ekintzak eta salbuespenak egin epaitegien, auzitegien eta erakunde publiko eta pribatuen aurrean. Horrek guztiak ez ditu deusetan galarazten nahitaez Babesletzak eman behar dituen baimenak eta Babesletzari egin behar zaizkion jakinarazpenak.

II. KAPITULUA.–FUNDAZIOAREN XEDEAK ETA JARDUERAK

5. artikulua. Fundazioaren xedeak eta jarduerak.

1. Honako hauek dira Fundazioaren interes orokorreko xedeak, kirol arlokoak:

a) Nafarroan kirola eta ariketa fisikoa sustatzea, garatzea eta horien praktika hobetzea, arreta berezia emanik errendimenduko kirolari.

b) Nafarroako kirolarien prestakuntza hobetzea, arreta berezia emanik goi errendimenduko kirolari.

c) Kirolariari lagun egitea erretiratzen denean eta gizarte eta lan mundura sartzen denean, nabarmenduz Nafarroarentzat duen balioa.

d) Kirol arloko ikerketa, laguntza eta prestakuntza programak sustatzea eta garatzea.

e) Kirol jardunaldi eta ekitaldiak antolatzea eta sustatzea, Nafarroan kirolaren eta ariketa fisikoaren garapenari laguntzeko.

2. Fundazioak egiten ahalko ditu haren helburuak betetzeko unean-unean Patronatuak egokitzat edo komenigarritzat jotzen dituen jarduketa edo jarduera hauetako edozein, estatutu hauetan eta aplikatu beharreko legerian ezarritakoaren arabera betiere:

a) Foru Komunitateko kirol arloko administrazioari laguntzea, bere xedeekin lotutako programa, proiektu edo jarduketak diseinatzen, antolatzen, gauzatzen eta jarraipena egiten.

b) Baliabide ekonomikoak lortzea edozein pertsona fisiko eta juridikotatik, publikoak nahiz pribatuak izan, diru ekarpenen, dirulaguntzen edo edonolako laguntzen bidez, eta behar diren jarduera ekonomikoak egitea, Fundazioaren xedeak ongi betetzeko.

c) Dauden baliabide ekonomikoak eraginkortasunez eta behar bezala ustiatzen direla zaintzea, eta horiek etengabe kontrolatzea eta jarraipena egitea.

d) Fundazioaren xedeak eta horiek betetzeko egindako jarduerak zabaltzea, hobeki ezagut ditzaten erlazionatutako entitateek, erakundeek eta herritarrek oro har.

e) Eta, oro har, behar diren jarduera osagarriak egitea, helburu dutenak kirola sustatzea, esaterako: lehiaketak; erakusketak; hitzaldiak; liburuak, katalogoak eta bestelako argitalpenak argitaratzea; bekak eta laguntzak ematea; eta antzeko beste jarduera batzuk, Fundazioaren xedeak betetzea xede dutenak.

3. Fundazioaren xedeak betetzeko egiten diren jarduerak honela gauzatzen ahal dira (zehatz-zehatzak izateko asmorik gabe zerrendatzen dira):

a) Fundazioak berak zuzenean, bere instalazioetan edo beste batzuenetan.

b) Beste entitate, erakunde, instituzio edo pertsona fisiko edo juridikoen jarduerak egiten parte hartuz edo horietarako sostengu emanez, baldin nolabait laguntzen badute Fundazioaren xedeak betetzen.

c) Elkarte, fundazio edo sozietate izaerako beste entitate batzuk sortzea edo sortzen laguntzea, indarreko legerian xedatutakoarekin bat.

4. Fundazioak lankidetza hitzarmenak sinatzen ahalko ditu beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin, beren jarduera orokorrak edo espezifikoak baliabide materialez eta giza baliabideez hornitzeko. Era berean, eskura dituen funtsak proiektu propioak edo lankidetzakoak finantzatzeko erabiltzen ahalko ditu, berezko dituen eremuetako edozeinetan eta lankidetza hitzarmenak egiten ahal dituen edozein erakunderekin.

5. Fundazioak jarduera ekonomikoak egiten ahalko ditu, baldin eta horien xedea Fundazioaren helburuekin lotua badago edo haien osagarri edo lagungarri badira, zuzenean edo zeharka, merkataritza-sozietateen bitartez, betiere sozietate horietan ez badu modu pertsonalean hartzen sozietate-zorren gaineko erantzukizuna, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Fundazioak ezin izanen du partaidetzarik izan merkataritza-sozietateetan, horietan modu pertsonalean hartu behar badu sozietate-zorren gaineko erantzukizuna. Fundazioak, edozein tituluren bidez, sozietate baten partaidetza jasotzen badu eta sozietate horretan sozietate-zorren gaineko erantzukizuna modu pertsonalean hartu beharra badu, sozietatea eraldatzeko behar diren jarduketak egin beharko ditu berehala, Fundazioaren erantzukizuna mugatuko duen forma juridikoa har dezan.

6. Proiektuak eta jarduerak kudeatzean eta gauzatzean, Patronatuak onetsitako plan estrategikoei, jarduketa planei eta antzekoei jarraitu beharko zaie.

7. Fundazioak informazio nahikoa emanen du bere helburu eta jarduerei buruz, pertsona eta entitate onuradunek eta gainerako interesdunek ezagut ditzaten.

6. artikulua. Pertsona eta entitate onuradunak.

1. Fundazioaren jarduerak pertsona talde generiko eta zehaztugabeei ekarri behar die onura. Nolanahi ere, Nafarroako gizartea jotzen da Fundazioaren jardueren hartzailetzat, oro har.

2. Onuradunak mugatzea beharrezkoa den orotan, hala nola proiektuetarako laguntzak edo ekarpen ekonomikoak emateko garaian, Fundazioaren jarduera nagusiki zuzenduko zaie fundazio-helburuen arabera lagun daitekeen biztanleriaren sektoreko pertsonei, betiere berdintasunaren, inpartzialtasunaren eta diskriminaziorik ezaren irizpide orokorren arabera eta merezimenduaren eta gaitasunaren irizpide partikularren arabera, deusetan galarazi gabe antzeko beste irizpide batzuk ere kontuan hartzea. Patronatuak beharkizun berariazkoak erabaki ditzake deialdi bakoitzerako, baita, behar denean, nola osatuko den hautaketa organoa, haren jarduketa irizpideak, beharkizunak eta baloratu beharreko merezimenduak ere.

3. Inork ezin izanen du alegatu Fundazioaren edo Patronatuaren aurrean, ez bakarka ez taldean, onurak izateko eskubiderik, aurretik eman ez bazaizkio, ezta inposatu ere pertsona edo entitate jakin batzuei esleitu beharra.

III. KAPITULUA.–OINARRIZKO ARAUAK, FUNDAZIOAREN XEDEAK BETETZE ALDERA BALIABIDEAK APLIKATZEKO ETA ONURADUNAK ZEIN DIREN ZEHAZTEKO

7. artikulua. Errenten eta diru-sarreren erabilera.

1. Fundazioak kontabilitate-emaitzaren %70 bideratu beharko du, gutxienez, Fundazioaren helburuak betetzera, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritako baldintzen arabera.

2. Fundazioaren helburu zehatz baterako jasotzen diren dohaintza edo dirulaguntzak eta haiek sortzen dituzten errentak ere, hala bada, jarduera zehatz horretarako erabiliko dira, hau da, zertarako eman zaizkion Fundazioari, horretarako zehazki.

IV. KAPITULUA.–FUNDAZIOAREN GOBERNUA

1. ATALA.–ORGANOAK

8. artikulua. Organoak.

1. Honako hauek dira Fundazioaren gobernu organoak, estatutu hauetan xedatutakoaren arabera:

a) Patronatua.

b) Batzorde Betearazlea eta, orobat, Patronatuak era dezakeen beste edozein batzorde eskuordetu, duen izena duela.

2. Ohorezko ordezkaritzako organoak.

Fundazioaren ohorezko lehendakari bat edo gehiago izanen dira, estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

3. Fundazioaren Kudeatzailetza izanen da kudeaketa organoa.

2. ATALA.–PATRONATUA

9. artikulua. Patronatuaren izaera.

1. Patronatua Fundazioaren gobernu, administrazio eta ordezkaritza organo gorena da, eta berari dagokio Fundazioaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren ahalmen eta eskumen guztiak baliatzea, estatutu hauetan eta ordenamendu juridikoan xedatutakoari jarraikiz.

2. Patronatua kide anitzeko organo gisa arituko da, eta kideek estatutu hauetan eta ordenamendu juridikoan ezarritako betebehar, printzipio eta arauen arabera beteko dute kargua.

3. Patronatuari dagokio Fundazioaren xedeak betetzea eta Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak arduraz administratzea, horien errendimendua eta erabilgarritasuna mantenduta.

10. artikulua. Patronatuko kideen karguaren izaera.

1. Patronatuko kideen kargua pertsonalki bete behar da. Dena den, Patronatuko kide baten izenean eta hura ordezkatuz jarduten ahalko du beste kide batek, aldez aurretik izendatutakoak. Ordezkaritza hori egintza zehatzetan erabiltzen ahalko da, hala dagokionean, ordezkatutako kideak idatziz jasotzen dituen jarraibideak betez.

2. Patronatuko kideak doan ariko dira beren eginkizunetan. Horren truke ez dute inoiz inolako ordainsaririk edo dietarik jasoko. Hala ere, karguan jardutean sortzen zaizkien eta behar bezala justifikatuta dauden gastuak aurreratzeko edo itzultzeko eskubidea izanen dute, legez ezartzen diren mugekin.

3. Patronatuko kideek ordezkari leial baten arduraz eta independentziaz baliatuko dituzte beren ahalmenak, eta, ebazpenak eta erabakiak hartzen dituztenean, ezin zaie baldintzarik ezarri estatutu hauetan edo ordenamendu juridikoan ezarritako betekizun eta baldintzez kanpo.

4. Patronatuko kideek independentziaz, leialtasunez, zintzotasunez, gardentasunez eta erantzukizunez beteko dituzte beren eginkizunak, eta, kargua betetzean, gobernu onari, beren egintzen gaineko erantzukizunari eta kontuak emateari buruz estatutu hauetan eta indarreko legerian ezartzen diren arauen mende izanen dira.

5. Patronatuko kideek isilean gorde beharko dute Fundazioari buruzko informazio konfidentziala, baita kargua utzi ondoren ere. Orobat, ezin izanen dira Patronatuan duten tokiaz baliatu onura pertsonalak edo materialak lortzeko, eta, beren karguaren ondorioz jarduketa irregularren berri izanez gero, edozein dela ere, organo eskudunei jakinarazi beharko diete.

11. artikulua. Patronatuaren osaketa.

1. Fundazioko Patronatuak gutxienez ere 11 kide izanen ditu, eta 13 gehienez, honako banaketa honekin bat:

a) Foru Administrazio Publikoa ordezkatuz, berezko zazpi (7) kide izanen ditu Patronatuak, honako honen arabera:

i.–Kirolaren arloan eskumena duen departamentuaren titularra.

ii.–Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren Kudeaketako Zuzendaritzaren titularra.

iii.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak izendatutako bi (2) kide, erakunde horretakoak.

iv.–Osasunaren arloan eskumena duen departamentuak izendatutako ordezkari bat.

v.–Hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuak izendatutako ordezkari bat.

vi.–Turismoaren arloan eskumena duen departamentuak izendatutako ordezkari bat.

b) Honako erakunde hauek, bakoitzak izendatzen duen pertsona fisikoaren bidez beteko baitute agintaldia:

i.–Espainiako Olinpiar Batzordea.

ii.–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

iii.–Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera.

iv.–Nafarroako kirol federazioak. Guztiak ordezkatuko dituen pertsona bakar baten bidez arituko dira.

c) Beste kide batzuk:

i.–Bi (2) pertsona fisiko edo juridiko, Fundazioari ekarpenak egiten dizkiotenak Patronatuak ezarritako baldintza ekonomikoetan. Horiek bi edo gutxiago badira, bakoitzari postu bat egokituko zaio Patronatuan eta, aldiz, gehiago izanez gero, bi patronatukide hautatuko dituzte, gehiengoz, beren artean.

2. Patronatua osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua bilatuko da.

3. Agintaldiaren iraupena mugagabea izanen da paragrafo honetako a) eta b) letretan adierazitako kideen kasuan. Artikulu honetako a) letran adierazitako kideen agintaldia kargua edo ordezkaritza betetzen duten bitartean luzatuko da.

Artikulu honetako c) letran adierazitako kide diren pertsona fisiko edo juridikoen agintaldia 5 urterako izanen da, eta behin eta berriz hautatzen ahalko dituzte Patronatuak zehazten dituen baldintza ekonomiko berriak betetzen jarraitzen badute.

4. Aurreko 11.1.a) artikuluan aipatutako unitate organikoak desagertzen badira edo izena aldatzen bazaie, Nafarroako Gobernuak behar diren izendapenak eginen ditu.

5. Duten karguarengatik izendatu diren patronatukideen kasuan, horiek ordeztea dagokien pertsonek jardun dezakete horien izenean.

6. Kirolaren arloan eskumena duen departamentuaren titularra izanen da Patronatuko buru.

7. Fundazioaren bizitzan uneren batean Patronatuko kideak falta badira, Fundazioaren kudeatzaileak horren berri emanen dio Fundazioaren Babesletzari, aurretik izendatutakoak ordezka ditzan.

12. artikulua. Patronatuko kide izateko baldintza orokorrak.

Patronatuko kideek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Kargu edo eginkizun publikoak betetzeko edo ondasunak administratzeko desgaitua ez egotea.

c) Ez egotea hurrengo artikuluan arautzen diren debeku eta bateraezintasunetako batean ere:

13. artikulua. Patronatuko kide izateko debekuak eta bateraezintasunak.

Bateraezina da Patronatuko kideen kargua eta Fundazioari edonolako zerbitzu ordainduak ematea. Bateraezintasun bera izanen dute fundatzaileak eta haren ezkontideak edo antzeko afektibitate harreman baten bidez harekin lotuta dagoenak.

Kargua bateraezina izanen da, halaber, beste kargu eta postu batzuekin, hala ezarrita badago Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean edo indarrean dauden beste arau batzuetan.

14. artikulua. Patronatukide kargua onartzea eta hari uko egitea.

Dokumentu publiko nahiz pribatu baten bitartez, notarioak legeztatutako sinadurarekin, onartu beharko da patronatukide kargua; eta berdin karguari uko egiteko. Era berean, Patronatuaren aurrean ere egiten ahalko da, eta, horretarako, Fundazioko idazkariak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, edo bestela, Fundazioen Erregistroan pertsonalki agertu beharko da, edo zuzenbidean baliozkoa den eta sinesgarritasunez jasota geratuko den beste edozein bide erabiltzen ahalko da.

Nolanahi ere, Patronatuko kideen edo haren karguen izendapen eta onarpenak edo edozein kausaren ondoriozko kargu-uzteak Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira.

15. artikulua. Patronatukide kargua uztea.

Fundazioko patronatukideek kargua utziko dute kasu hauetan:

a) Hiltzean edo heriotza deklaratzen denean, baita pertsona juridikoa iraungitzen denean ere.

b) Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

c) Izendapenaren oinarri den kargua edo ordezkaritza uzteagatik.

d) Kargua behar den arduraz ez betetzeagatik, hala deklaratzen badu Patronatuak berak, entzunaldia eman ondoren eta estatutuetan agindutako moduan, edo ebazpen judizial bidez.

e) Ebazpen judizial bidez. Hartan erantzukizun ekintza jaso beharko da indarreko araudian ezarritako moduan.

f) Estatutuen 11. artikuluko c) letran adierazitako kideen kasuan, haien agintaldia iragan delako, baldin eta berriro hautatu ez badituzte.

g) Uko egiten zaionean. Onarpenerako ezarritako tramiteen bidez gauzatuko da.

16. artikulua. Patronatukideen eskubide eta betebeharrak.

Honako hauek dira patronatukideek dituzten eskubideak eta ondoz ondoko betebeharrak:

a) Fundazioaren erabakiak bete daitezen begiratzea.

b) Fundazioaren jarduera eta egintzetan parte hartzea, Patronatuak xedatzen duen moduan.

c) Patronatuaren bileretara joatea, eta beren hitzarekin eta botoarekin parte hartzea beren eskumenekoak diren gaietan.

d) Dauden baliabide ekonomikoak eraginkortasunez eta behar den aprobetxamenduaz erabiltzen direla zaintzea, eta horiek etengabe kontrolatzea eta jarraipena egitea.

e) Fundazioak kudeatutako gaien tramitazio egoera ezagutzea, eta honako hauen berri izatea eta honako hauek aztertzea: aurrekontuak, kontuen egoera, inbentarioa eta balantzeak, kirol bakoitzaren kirol programa orokorra eta berariazkoa, ekitaldi ekonomikoko jardueren memoria, eta Fundazioaren interesekin lotutako beste edozein gai.

f) Legeekin bat dagozkien gainerako eskubide eta betebeharrak, edo dagozkienak aplikatzeagatik

g) estatu hauek.

17. artikulua. Patronatuaren eskumena eta eginkizunak.

1. Patronatuaren eskumena Fundazioaren gobernuari eta administrazioari dagokion orotara hedatzen da. Aipatzearren, baina mugatzeko asmorik gabe, Patronatuaren eginkizunak dira honako hauek, deusetan galarazi gabe kasuan kasu behar diren baimenak eta komunikazioak:

a) Fundazioaren zereginaren goi zuzendaritza, ikuskapena, zainketa eta orientazioa.

b) Fundazioaren baliabideen banaketari eta aplikazioari buruzko ildo orokorrak finkatzea, Fundazioaren helburuak betetze aldera, eta oinarrizko irizpideak finkatzea Fundazioaren prestazioen onuradunak aukeratzeko.

c) Fundazioaren jarduketa planak onestea.

d) Fundazioaren aurrekontuak onestea.

e) Fundazioaren urteko kontuak onestea.

f) Fundazioaren kontuen auditoreak izendatzea.

g) Fundazioko kudeatzailea izendatzea.

h) Ahaldun orokorrak edo bereziak izendatzea eta kargutik kentzea.

i) Egoki iruditzen zaionean, aholku batzordeak sortzea, Fundazioaren jardueraren eremuetan kualifikatutako pertsonek edo teknikariek osatuak, haien aholkularitza jasotzeko, erabakitzen duen kide kopuruarekin eta kideak libreki izendatuta, horien artean Patronatuko kideak sartzeko aukerarekin; eta, behar denean, sorrera erabakiak errebokatzea.

j) Fundaziorako ondasunak edo eskubideak eskuratzea onestea, betiere ondasunen edo eskubideen izaera eta zenbatekoa egokiak badira ondasun edo eskubide horiek eta haien errenta edo fruituek xede duten helburua betetzeko.

k) Fundaziorako edo Fundazioak ondasun higigarriak edo higiezinak erostea, besterentzea eta kargatzea erabakitzea, bidezko kontratuak sinatuta.

l) Fundazioaren titulartasuneko ondasunak eta eskubideak Fundazioren alde eta haren onerako kudeatzea, eta horietatik eratorritako errentak, fruituak, dibidenduak, interesak, etekinak eta bestelako produktuak eta mozkinak kobratu eta jasotzea, baita edozein titulu dela-eta edo pertsona fisiko edo juridikok zor dizkion zenbatekoak ere.

m) Mota guztietako finantza-eragiketak hitzartzea entitate publiko eta pribatuekin. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 81. eta 82. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da zorra jaulkitzeko edo kreditua hartzeko, salbu eta aurrekontu ekitaldi berean hitzartzen eta ezerezten diren kreditu eragiketak badira. Orobat, haren baimena beharko da abalak emateko.

n) Fundazioak une bakoitzean dituen funtsak bildu, administratu eta babesteko behar diren ordainketa eta gastu guztiak egitea.

o) Fundazioaren berezko xedeetarako komenigarritzat jotzen dituen obrak erabakitzea, eta era guztietako zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, haien kalitatea eta garrantzia edozein dela ere, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen xedapenak betez betiere.

p) Fundazioari dagozkion edo interesatzen zaizkion prozedura administratibo, arbitral, judizial edo bestelakoetan, baita espediente, erreklamazio eta epaiketetan ere, eskubide, ekintza eta salbuespen guztiak erabiltzea, tramiteei, instantziei, gorabeherei eta errekurtsoei jarraikiz, horretarako beharrezkotzat jotzen dituen ahalordeak emanda.

q) Fundazioaren helbidearen aldaketa erabakitzea.

r) Egokia denean, Fundazioaren estatutuak aldatzeko proposamenak onestea edo, haren helburuak betetzea ezinezkoa baldin bada, Fundazioa azkentzeko proposamenak, eta horiek guztiak Nafarroako Gobernuari igortzea, harena baita onespena emateko ahalmena.

s) Fundazioaren eskubide politiko eta ekonomikoak erabiltzea, Fundazioari dagozkionak akzioen eta bere jabetzako gainerako balio higigarrien titularra den aldetik, eta, alde horretatik, konpainia edo entitate jaulkitzaileen batzar nagusietan, bileretan, elkarteetan eta gainerako erakundeetan elkartzea, eztabaidatzea eta bozkatzea, ontzat hartzen duenaren arabera eta erabakitzen duen ordezkaritzaren bidez. Horretarako, titularrari esleitutako ahalmen juridiko guztiak erabiltzen ahalko ditu, komenigarritzat jotzen dituen egintzak, kontratuak, hitzarmenak, proposamenak eta agiriak itundu, eman eta sinatzeko.

t) Egoki iruditzen zaizkion gobernu onaren kodeak eta barne araubideko erregelamenduak onets daitezela erabakitzea, barnean dela aldi baterako finantza inbertsioak egiteko jokabide kodea.

u) Irizpide orokorrak ezartzea Fundazioko langileak hautatzeko, kontratatzeko eta ordainsariak finkatzeko, baita langileak kaleratzeko ere, ordenamendu juridikoarekin bat.

v) Nazioko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin itunak eta hitzarmenak sina daitezela baimentzea, Fundazioaren helburuei zuzenean loturik dauden gai edo jarduerei buruz.

w) Fundazioak merkataritza-sozietateetan, partzuergoetan eta beste erakunde juridiko batzuetan parte har dezala onestea, horien xedea Fundazioaren xedearen antzekoa bada.

x) Estatutu hauek interpretatzea eta garatzea, behar denean, egoki den araudi osagarriarekin.

y) Fundazioaren ondasun guztiak erabili, administratu, gorde, zaindu eta defendatzeko eginkizun guztiak betetzea oro har, epaiketetan zein horietatik kanpo.

z) Fundazioaren funtzionamenduan eta finantzaketan bereziki nabarmendu direnak edo Nafarroako kirolean erreferentzia izan direnak Fundazioaren ohorezko patronatukide izendatzea.

Ohorezko patronatukideek Fundazioaren ohorezko ordezkaritzako eginkizunak izanen dituzte Patronatuko buruak berariaz eskatzen dien ekitaldietan, eta Patronatuaren bilkuretara joaten ahalko dira, Patronatuko buruak gonbidatuta.

Patronatuak ohorezko patronatukideen esku jarriko ditu egoki jotzen dituen bitarteko materialak beren eginkizunak ahalik eta modu txukunenean betetzeko.

aa) Oro har, Fundazioaren administraziorako edo gobernurako egin beharreko beste edozein eginkizun, Fundazioaren xedeak betetzeko beharrezkoak badira eta, betiere, lege manuei men eginda.

2. Patronatuak bere ahalmenak eskuordetzen ahalko dizkie kide bati edo gehiagori, Batzorde Betearazleari, Patronatuak osa dezakeen beste edozein batzorde eskuordeturi eta Fundazioko kudeatzaileari. Halaber, ahalorde orokorrak edo bereziak ematen ahalko ditu.

Ezin dira eskuordetu kontuen, aurrekontuaren eta jarduketa planaren onespenak, estatutuen aldaketak, Fundazioaren bat-egitea, azkentzea eta likidazioa, ezta Babesletzaren baimena behar duten egintzak ere.

Ordezkaritza iraunkorrak eta ahalordetzeak, auzietarako ez badira, bai eta haien errebokatzeak ere, Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira.

18. artikulua. Bilerak eta erabakiak hartzea.

1. Patronatua gutxienez urtean bitan bilduko da, eta, gainera, Patronatuko buruak dei egiten duen guztietan, edo kideen herenak gutxienez eskatzen duenean.

2. Deialdian gai zerrenda eta bilkuraren tokia, eguna eta ordua adieraziko dira. Idazkariak bideratuko du, idatziz, bilkura egin baino gutxienez hamar egun natural lehenago. Halere, presazko kasuetan epea laburragoa izan daiteke.

Deialdia kide guztiei bidaliko zaie banaka, edozein prozeduraren bidez, barnean direla bide informatikoak, elektroniko edo telematikoak.

Deialdia ez da beharrezkoa izanen baldin, Patronatuko kide guztiak bertan izanik, aho batez erabakitzen badute Patronatua eratzea eta gai zerrenda adosten badute.

3. Aurrez aurre edo urrutitik egiten ahalko ditu bilerak Patronatuak, eta kideak toki desberdinetan egoten ahalko dira, betiere, bide elektronikoen bidez egiazta badaiteke haien nortasuna, eztabaidetako parte-hartzea, adierazpenen edukia eta noiz gertatzen diren. Horrez gain, interaktibitatea eta interkomunikazioa bermatu behar dira, denbora errealean, eta ziurtatu behar da baliabide horiek saio guztian zehar eskuragarri daudela, baita botoa ematean ere.

4. Patronatua balio osoz eratuko da baldin kideen erdiek baino gehiagok parte hartzen badute, bertan izanik edo ordezkaturik, betiere horietatik hiru bertan badaude, besteak beste buru dena. Orobat, idazkariak bertan egon beharko du, baina ez baldin bada Patronatuko kidea, ez da kontuan hartuko aurreko zenbaketaren ondorioetarako. Idazkaria kanpoan denean edo ezin bada bertaratu, bilkurara bertaratu direnen artean gazteenak ordez dezake, buruak izan ezik.

5. Legez edo estatutuz beste quorum bat aplikatzekoa ez denean, patronatukide bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Berdinketa izanez gero, Patronatuko buruak kalitatezko botoa izanen du.

6. Idazkariak bilkuren akta eginen du, Patronatuko buruaren oniritziarekin. Patronatuaren bilkura horretan bertan edo hurrengoan onetsiko dira aktak.

7. Patronatuko buruak Patronatuko bilkuretara gonbida ditzake egokitzat dituen pertsonak, dituzten jakite teknikoengatik, erakunde publiko edo pribatuen ordezkariak edo prestigio handiko pertsonak, Patronatuari aholku ematen ahal diotenak landu beharreko alderdi berariazkoei buruz, baldin beren iritzi kualifikatua garrantzitsua izan badaiteke. Pertsona horiek hitza izanen dute baina ez botoa, eta haien aholkularitza eskatzen duen gai zerrendako puntua lantzen denean bakarrik egonen dira bilkuran.

19. artikulua. Patronatuko burutza.

1. Patronatuaren buruari dagozkio:

a) Fundazioaren ordezkaritza legala, judiziala edo estrajudiziala izatea.

b) Patronatuko bileretarako deia egin, gai-zerrenda finkatu, eztabaidak moderatu eta bilerei bukaera ematea.

c) Patronatuaren erabakiak betetzen direla zaintzea.

d) Estatutuak eta indarreko araudia betetzen dela zaintzea.

e) Patronatuaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Legez edo estatutuz esleitzen zaion beste edozein ahalmen.

2. Patronatuko burua ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren Kudeaketako Zuzendaritzaren titularrak ordeztuko du.

20. artikulua. Patronatuko idazkaritza.

1. Patronatuko idazkaria izanen da Fundazioan bertan edo Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioan zerbitzuak ematen dituen norbait. Idazkaria Patronatuko buruak izendatuko du, eta ez du zertan izan Patronatuko kide. Kasu horretan, hitza izanen du, baina botorik ez. Fundazioan ematen dituen zerbitzuak ordainduak badira, ezin izanen da izan idazkari-patronatukidea.

2. Idazkariari dagokio:

a) Patronatuaren bileratarako deia egitea, buruaren aginduz, eta organoko kideak zitatzea.

b) Bileretara joatea eta haien aktak egitea, honakoak jasoz: bileran parte hartu dutenen izenak (bertaratu direnak zein ordezkatuta daudenak), bileraren gai-zerrenda, noiz eta non egin den, eztabaiden puntu nagusiak –kideek eskatuz gero–, eta hartutako erabakien edukia.

c) Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea.

d) Ziurtagiriak ematea buruak edo haren ordezkoak ontzat emanik, eta behar diren txostenak egitea.

e) Diruzaintzako eginkizunak bere gain hartzea Patronatuan diruzain kargurik ez badago.

f) Araudian edo estatutuetan esleitua duen beste edozein ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak.

3. ATALA.–BATZORDE BETEARAZLEA ETA BATZORDE ESKUORDETUAK

21. artikulua. Batzorde Betearazlea eta batzorde eskuordetuak.

1. Patronatuak Batzorde Betearazle bat izendatuko du bere barnean.

a) Batzorde Betearazlearen osaera. Batzorde Betearazlea gutxienez hiru kidek eta gehienez bostek osatuko dute. Gutxieneko hiru kideak izanen dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari edo haren ordezko erakundeari atxikita dauden Patronatuko kideak. Egoki iritziz gero, Patronatuak bere kideetatik beste bi izendatzen ahalko ditu Batzorde Betearazlearen parte izateko.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Kudeaketako Zuzendaritzaren titularra izateagatik Patronatuko kidea den pertsona izanen da Batzorde Betearazlearen burua. Gainerako kideak Batzorde Betearazlearen bokalak izanen dira.

Patronatuko idazkari izendatutako pertsona bera izanen da idazkaria.

b) Batzorde Betearazlearen eskudantziak: Estatutu hauekin bat, Batzorde Betearazleak eskuordeturik beteko ditu Patronatuari dagozkion eginkizun hauek:

i.–Kudeatzailetzari agintzea Patronatuak onetsitako planak eta programak gauzatzeko eta horien jarraipena egiteko.

ii.–Era guztietako zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, haien kalitatea eta garrantzia edozein dela ere, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen xedapenak betez betiere.

iii.–Patronatuak sortzen dituen aholku batzordeetako kideak izendatzea.

iv.– Nazioko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin itunak eta hitzarmenak sina daitezela baimentzea, Fundazioaren helburuei zuzenean loturik dauden gai edo jarduerei buruz.

v.–Fundazioaren kontuen auditoreak izendatzea.

c) Funtzionamendu arauak:

i.–Batzorde Betearazlea urtean lau aldiz bilduko da gutxienez.

ii.–Batzorde Betearazlearen bileretarako deia idazkariak eginen du, buruaren ekimenez, gutxienez bost egun natural lehenago.

iii.–Batzorde Betearazlea balio osoz eratzeko, kideen erdiek baino gehiagok egon beharko dute bertan, eta haien artean izan behar dute buruak eta idazkariak. Idazkaria kanpoan denean edo ezin bada bertaratu, Batzorde Beterazlearen buruak ordezkoa izendatzen ahalko du.

iv.–Batzorde Betearazleko kideek beren ordezkaritza ematen ahal diote, idatziz eta bilera bakoitzerako, batzordeko beste kide bati.

v.–Batzorde Betearazlearen bileretan parte hartzen ahalko dute, hitzarekin baina botorik gabe, buruak horretarako deitzen dituen patronatukideek, aztertuko diren gaien inguruan duten ezagutza eta esperientzia berezia kontuan hartuta.

vi.–Erabakiak Patronatuan bezala hartuko dira, eta Fundazioaren estatutuetan ezarritakoa aplikatuko da.

vii.–Presazko kasuetan, Batzorde Betearazleak, bilerarik egin gabe, erabakiak hartzen ahalko ditu buruak idatziz igorritako proposamen zehatzei buruz, eta Batzorde Betearazleko kideek idatziz erantzun beharko diete proposamenei, jaso eta berrogeita zortzi orduko epean.

viii.–Batzorde Betearazleak hartzen dituen erabakien berri emanen dio Patronatuari, egiten duen hurrengo bileran.

2. Patronatuak erabaki dezake batzorde eskuordetuak sortzea berariaz esleituko dizkien eginkizunak betetzeko. Batzordeak Fundazioaren aholkularitza organoak dira, eta bakoitzaren sortze-erabakian zehaztuko da Fundazioaren jarduera eremuetako zeinetarako den.

Honako hauek osatzen dituzte batzorde eskuordetuak: koordinazioaz arduratuko den pertsona bat; Fundazioaren kudeatzailea edo hark eskuordetzen duena, landuko den gaiari buruzko berariazko ezagutzak dituelako; eta beste lau pertsona, gehienez, Batzorde Betearazleak izendatuta.

Batzorde eskuordetuetan, batzordeko kideetako bat izanen da idazkaria, kideek berek izendatua.

Batzorde eskuordetu bakoitza gai zehatz baten gainean arituko da, eta haren eginkizuna izanen da gai horri buruzko txostenak egitea, Batzorde Betearazleari onets ditzan igortzeko. Alabaina, igorri aurretik, batzorde eskuordetuan onetsi behar dira, gehiengoz, eta txostenean jasoko dira boto partikularrak.

4. ATALA.–KUDEATZAILEA

22. artikulua. Kudeatzailearen izendapena eta eginkizunak.

1. Fundazioak kudeatzailea izenda dezake, eta haren ardura izanen da Fundazioaren kudeaketa operatiboa eta zuzendaritza exekutiboa. Patronatuak izendatuko du, honako printzipio hauekin bat: publizitatea, merezimendua, gaitasuna, bereizkeriarik eza eta lehia. Haren eginkizunak betetzeko behar den ahala emanen dio Patronatuak.

2. Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Fundazioaren langileen goi mailako burutza. Eginkizun hau betez, Patronatuari proposatzen ahal dizkio Fundazioaren xedeak betetzeko plantillan beharrezko diren aldaketak, eta betiere zainduko du indarreko araudia betetzen dela hautaketa prozesuetan, kontratazioan, ordainsarietan, lan baldintzen negoziazioan eta langileak entitatetik bereiztean.

b) Fundazioaren igorpen edo trafikoari dagozkion egintza guztiak zuzentzea eta betearaztea.

c) Fundazioaren sinadura administratiboaren ardura, era guztietako agirietan eta gutunerian, baita funtsak eta balioak mugitzeko ere, kontu korronteak irekitzeko eta likidatzeko, kreditu entitateetan era guztietako gordailuak eratzeko eta ezerezteko eta, oro har, Fundazioaren sinaduraren ardura izateko agintariekin eta erakunde ofizialekin izaten diren harreman guztietan.

d) Fundazioaren finantza plana aztertzea eta prestatzea.

e) Patronatuak onetsi beharreko jarduketa planak aztertzea eta prestatzea.

f) Fundazioaren aurrekontua prestatzea.

g) Fundazioaren kontabilitatea antolatzea eta zuzentzea.

h) Inbentarioa egitea eta Fundazioaren urteko kontuak egitea, Patronatuak onestearen ondorioetarako, hala behar duenean.

i) Egoki irizten dien agindu eta jarraibideak ematea Fundazioa ongi antolatzeko eta eraginkorki funtzionatzeko; unean-unean egoki irizten dien barne zerbitzuak sortzea eta kanpokoak kontratatzea eta Fundazioaren egoitzak, bulegoak eta, oro har, zerbitzuak zuzentzea, ikuskatzea eta zaintzea, Patronatuaren ordezkaritza exekutiboa betez.

j) Neurri bereziak edo salbuespenekoak hartzea eta betearaztea, presazko, beharrezko edo komenigarritzat jotzen dituenak, Fundazioaren zerbitzu eta eragiketen eremuaren barnean, edo Fundazioaren edo hirugarrenen ondarearen kudeaketaren eta administrazioaren eremuan, eta neurri horiek hartu izanaren berri ematea Patronatuari, egiten den hurrengo bilkuran; eta, kasua bada, Batzorde Betearazleari.

k) Patronatuaren eta, kasua bada, Batzorde Betearazlearen mende jarri beharreko erabakiak aztertzea eta prestatzea.

l) Karguak berezko dituen ahalmenak eskuordetzea, baita bere esku utzitako edo emandako ahalmen orokor edo berariazkoak ere, horretarako berariazko baimena eman bazaio.

m) Entitate baten kudeatzailetzari dagozkion eginkizun guztiak, Patronatuari edo, eskuordetzaz, Batzorde Betearazleari dagozkionak izan ezik.

3. Patronatuaren eta, kasua bada, Batzorde Betearazlearen jarraibideei segituz beteko ditu kudeatzaileak bere eginkizunak, eta bere kudeaketaren kontu eman beharko die bi organoei, urtero, eta eskatzen zaion aldiro.

4. Kudeatzailea Patronatuaren eta, kasua bada, Batzorde Betearazlearen bilkuretara joaten ahalko da, organo horien buruek eskaturik. Hitza izanen du, baina botorik ez.

5. ATALA.–OHOREZKO LEHENDAKARITZA

23. artikulua. Fundazioaren ohorezko lehendakaritza.

1. Miguel Indurain Larraya jauna da Fundazioaren ohorezko lehendakaria, bere kirol merezimendu garrantzitsuen aitormen gisa.

2. Ohorezko lehendakariak Fundazioaren ohorezko ordezkaritzako eginkizunak izanen ditu Patronatuko buruak berariaz eskatzen dion ekitaldietan, eta Patronatuaren bilkuretara joaten ahalko da, Patronatuko buruak gonbidatuta.

3. Patronatuak ohorezko lehendakariaren esku jarriko ditu egoki jotzen dituen bitarteko materialak bere eginkizunak ahalik eta modu txukunenean betetzeko.

V. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA

24. artikulua. Zuzkidura.

Fundazioaren zuzkidura honela osatzen da:

a) Hasierako zuzkidura: berrehun eta hirurogeita hamar mila laurehun eta berrogeita hamabost mila euro eta berrogeita bost zentimokoa izan zen.

b) Fundazioak eskuratu dituen edo aurrerantzean eskuratzen dituen ondasun eta eskubideak, zuzkidurakotzat jotzen badira.

25. artikulua. Ondarea.

1. Fundazioaren ondarea osa daiteke ekonomikoki baloragarriak diren orotariko ondasun, eskubide eta obligazioz, nonahi daudela ere. Batez ere, honako hauek izan daitezke:

a) Ondasun higiezinak. Fundazioaren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan.

b) Balore higigarriak. Fundazioaren izenean gordailutuko dira banku edo aurrezki establezimenduetan.

c) Fundazioaren titulartasunekoak diren ondasun higigarriak, jabetza tituluak, gordailuen ordezkagiriak eta jabaria, jabetza, erabilera, gozamena edo beste edozein eskubide frogatzen duten gainerako agiriak.

d) Liburutegiak, artxiboak eta edozein motatako beste aktibo batzuk.

2. Fundazioaren ondarea gehitzen ahalko da jarauntsiak onartuz, zeinak beti inbentario-onurarako egindakotzat hartuko baitira.

3. Fundazioaren ondasun guztiekin inbentarioa eginen da, Fundazioko idazkariaren ardurapean egonen den erregistro liburu batean, eta haiek identifikatu eta deskribatzeko datuak adieraziko dira bertan. Erregistroa izan daiteke eskuzkoa, mekanikoa, informatikoa edo bestelakoa, betiere xede berberetarako bada.

26. artikulua. Fundazioaren ondarearen inbertsioa.

1. Fundazioaren ondarea ahalik hobekien inbertituko da, Fundazioaren xedeak betetzeko eta errendimenduak lortzeko, esaterako interesak, aldian behingo dibidenduak, errebalorizazioak eta beste emaitza edo ondare gehikuntza batzuk.

2. Alde batera utzi gabe kasuan kasu beharrezko diren baimenak lortzeko edo komunikazioko prozedura administratiboak, Patronatuak aukera du noiznahi ere eta behar bezainbestetan, koiuntura ekonomikoak aholkatzen duenaren arabera, egoki edo komenigarri jotzen dituen aldaketak egiteko Fundazioaren ondarearen inbertsioetan.

27. artikulua. Errentak eta diru-sarrerak.

Zuzenbidean onartutako beste edozeinen artetik, iturri hauetatik etor daitezke Fundazioaren xedeak betetzeari atxikitako baliabide ekonomikoak:

a) Ondare propioaren etekinak.

b) Akzioak, obligazioak eta gainerako balore tituluak saltzearen emaitza, Fundazioak erabiltzen ez dituen akzioen harpidetza eskubideak barne.

c) Diru ekarpenak, dirulaguntzak, dohaintzak, jaraunspenak, legatuak eta mezenasgoa.

d) Fundazioak bere zerbitzu eta jarduerengatik jaso ditzakeen zenbatekoak, babesletza kontratuetakoak barne.

e) Edozein tituluren bidez eskuratzen dituen ondasunak eta eskubideak, pertsona fisikoengandik edo pertsona juridiko publiko nahiz pribaturengandik eskuratuak.

f) Fundazioak edozein erakunde publiko edo pribaturengandik, Espainian nahiz atzerrian, jaso ditzakeen finantza baliabideak.

g) Biltzen diren funtsak, Fundazioaren xedeak betetzeko erabil daitezkeenak.

h) Fundazioak eskura ditzakeen beste edozein baliabide, bere ondarearen titular den aldetik, esaterako jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideak, edo antzekoak.

28. artikulua. Atxikipena.

1. Fundazioaren ondasun eta errentak Fundazioaren helburuak betetzeko dira, eta xede horri lotuta eta atxikita daude.

2. Patronatuak zehaztuko ditu Fundazioaren baliabideak haren helburuetarako erabiltzeko irizpideak, ahalik eta etekin eta erabilgarritasun handiena bilatuz.

29. artikulua. Urteko kontuak eta aurrekontua.

1. Fundazioak kontabilitate ordenatua izanen du, jardueraren arabera egoki dena, irabazi asmorik gabeko entitateen Kontabilitate Plan Orokorraren araberakoa, galarazi gabe Foru Komunitateak ezar ditzakeen espezialitateak.

Sozietateen gaineko zergan salbuetsi gabe dauden ustiapen ekonomikoetatik errentak lortzen badira, Merkataritza Kodean eta zerga horren arau erregulatzaileetan ezarritako kontabilitate-betebeharrak izanen ditu. Kontabilitatea eramanen da halako moduz non modua egonen den identifikatzeko zein diru-sarrera eta gastu dagozkien salbuetsi gabeko ustiapenei.

2. Fundazioko Patronatuak onetsi beharko ditu urteko kontuak, eta osagai hauek izanen dituzte: egoera-balantzea, emaitza-kontua eta memoria. Hiru agiriok bat egiten dute. Argi idatzi behar dira, eta Fundazioaren ondarearen, finantza-egoeraren eta emaitzen irudi zehatza islatu behar dute.

Balantzean eta emaitza-kontuan adierazitako informazioa osatu, handitu eta iruzkintzeaz gain, memoriak Fundazioaren jarduerak, gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetako aldaketak eta jarduketa-planaren betetze maila azalduko ditu, egindako jarduketa bakoitzean erabilitako baliabideak, baliabideen jatorria eta onuradunen kopurua adierazita, bai eta beste entitate batzuekin helburu horietarako sinatzen diren hitzarmenak eta estatutu hauen III. kapituluan ezarritako arauen betetze maila ere. Era berean, memoriari ondare-elementuen inbentario bat erantsiko zaio, hargatik eragotzi gabe Nafarroako Fundazioei buruzko 13/2021 Foru Legearen 49. artikulua.

3. Orobat, aurreko urteko diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa ere eginen du Fundazioko Patronatuak.

4. Aurreko 2. eta 3. apartatuek aipatzen dituzten agiriak Babesletzan aurkeztuko dira, sei hilabeteko epean ekitaldia ixten denetik, salbu eta egoera-balantzea eta emaitza-kontua, horiek sozietateen gaineko zergari dagokion aitorpenean aurkeztuko baitira.

5. Fundazioak kontuen kanpo-auditoretza eginen du. Auditoretza txostenak ekonomiaren eta kirolaren arloko departamentu eskudunetan aurkeztu beharko dira, bai eta Babesletzan ere (Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 49.4 artikuluko baldintzak betetzen badira), egiten direnetik hiru hilabeteko epean edo Fundazioak Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik jasotzen dituen ekarpenak arautzen dituen dokumentuan ezartzen den epean.

6. Horrez gain, Patronatuak hurrengo urteko aurrekontua prestatuko du eta ekonomiaren arloan eskumena duen departamentuari igorriko dio, azalpen memoria batekin batera, ekitaldi bakoitzeko urriaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte.

30. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa.

Fundazioaren ekitaldi ekonomikoa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko da.

VI. KAPITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA FUNDAZIOA AZKENTZEA ETA LIKIDATZEA

31. artikulua. Estatutuen aldaketa.

1. Fundazioaren Patronatuak estatutuak aldatzea proposatzen ahalko dio Nafarroako Gobernuari, kirolaren arloan eskumena duen departamentuaren bitartez. Estatutuak aldatzeko proposamenaren erabakia onesteko, Patronatuko kideen gehiengo osoak eman beharko du aldeko botoa. Erabakia ez da loteslea izanen Nafarroako Gobernuarentzat.

2. Nafarroako Gobernuak estatutuak aldatzeko edo Fundazioa azkentzeko erabakia hartzen ahalko du, kirolaren arloan eskumena duen departamentuak proposatuta, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.

32. artikulua. Azkentzea.

Honelakoetan azkenduko da Fundazioa:

–Fundazioaren helburua betetzea ezinezkoa denean.

–Indarreko legerian ezarritako kausaren bat gertatzen denean.

Fundazioaren azkentzea Patronatuak proposatzen ahalko du, eta Nafarroako Gobernuari igorri beharko dio proposamena, onets dezan.

33. artikulua. Likidazioa.

Fundazioaren azkentzeak likidazio prozedura hastea ekarriko du. Batzorde Likidatzaileak eginen du hori.

Bat-egitea gertatzen denean ez beste guztietan, Fundazioa azkentzen denean, ondare guztia Nafarroako Gobernuari emanen zaio, edo, Gobernuak horretarako baimena ematen badu, Fundazioak zeuzkan helburuen antzekoetarako erabiliko da.

Iragarkiaren kodea: F2414956