Iragarkia
221. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 6an hartua, Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioaren estatutuen aldaketa onesten duena.
Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, "Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa" eratzea onetsi zen, baita haren estatutuak ere. 2019ko martxoaren 21ean, notario aurrean eratu zen "Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa".
Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen "Gizain Fundazioa" izatea fundazio horren euskarazko izena, eta haren estatutuak aldatu ziren.
Nafarroako Gobernuak 2019ko abenduaren 11n harturiko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumental izaera aitortzen zaio "Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioari".
Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 16.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat, Patronatuak estatutuak aldatzeko erabakia hartu beharko du baldin eta Fundazioaren eraketa ekarri zuten inguruabarrak halako moduan aldatzen badira non ezinezkoa gertatzen baita Fundazioak haien arabera behar bezala jardutea.
Fundazioaren Patronatuak erabaki du estatutuen aldaketa sustatzea, bai Fundazioaren helbide aldaketari dagokionez, bai haren osaerari dagokionez.
Fundazioaren estatutuen 41. artikuluak xedatzen duenez, haien aldaketa Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari jakinarazi beharko zaio. Estatutuen aldaketa eskritura publiko batean formalizatu beharko da, eta Fundazioen Erregistroan inskribatu.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioaren estatutuen aldaketa onestea. Horren ondorioz, "Estatutu aldatuen proposamena" izeneko I. eranskinean agertzen den moduan idatzita geldituko dira.
2. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko kontseilariari ahalmena ematea erabaki hau publiko egiteko eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren mendeko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko beharrezkoak diren agiri publiko zein pribatuak sina ditzan.
3. Erabaki hau igortzea Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa-Gizain Fundazioaren Patronatuari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Erabaki hau Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea.
5. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, behin eskritura publikoa egin ondotik, orok jakin dezan.
Iruñean, 2024ko martxoaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
I. ERANSKINA.–GIZAIN FUNDAZIOAREN ESTATUTU ALDATUAK
LEHEN TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Izena eta izaera.
1.–Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Bildumaren edo Foru Berriaren 42. Legean xedatutakoaren babesean, "Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa" ("Gizain Fundazioa") izeneko fundazio publikoa eratzen da. Haren euskarazko izena "Gizain Fundazioa" izanen da.
2.–Fundazioak ez du irabazi asmorik, eta iraunkorra eta publikoa da. Sektore publiko instituzionalaren parte da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
2. artikulua. Nortasuna eta gaitasuna.
Eratu den fundazioak berezko nortasun juridikoa du eta jarduteko gaitasun osoa, Nafarroako Foru Berriaren 42. Legeak agintzen duenaren arabera; zilegi du, beraz, bere sorrerako helburua betetzeko behar diren egintza guztiak egitea, horretarako muga bakarrak direla aplikatzen ahal diren lege xedapenek ezarritakoak eta estatutu hauetan jasotakoak.
3. artikulua. Araubidea.
1.–Fundazioa arautuko dute estatutu hauek, Patronatuak haiek interpretatzeko eta garatzeko ezartzen dituen arauek, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioak edo Nafarroako Foru Berriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legeak eta antolamendu juridiko pribatuak, ukatu gabe kontratazioaren, aurrekontuen, kontabilitatearen eta finantza kontrolaren arloan aplika daitekeen administrazio araudian ezartzen diren berezitasunak.
2.–Fundazioa publikoa da eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 67. eta 68. artikuluetan xedatutakoari loturik dago.
3.–Fundazioak aplikatzen ahalko du Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Lege indardunean ezarritako zerga araubidea.
4. artikulua. Helbidea.
Fundazioaren egoitza Mutiloabeiti kalean dago, 17. zenbakian (behea), Iruñeko udal mugartean. PK: 31006.
Patronatuak erabaki eta gero, egoitza hori lekualdatzen ahalko da, Nafarroako Foru Komunitatearen barnean betiere.
Jarduerak garatzeko, Patronatuak erabakitzen ahalko du foru lurraldeko beste toki batzuetan establezimenduak edo ordezkaritzak sortzea.
5. artikulua. Jarduera.
1.–Eremua. Fundazioak, batez ere, Nafarroan eginen ditu bere jarduerak.
Aurrekoa gorabehera, beste erakunde, elkarte edo antzeko batzuekin egindako lankidetza edo truke hitzarmenen bidez arrazoituta, eremu horretatik kanpo egiten ahalko dira jarduera batzuk. Horretarako, Patronatuak erabakia hartu beharko du, kideen bi herenen gehiengoarekin.
2.–Gardentasuna. Fundazioak bere jarduketetan men egin beharko die gardentasun betebeharrei, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean edo hura ordezten duen araudian xedatu bezala.
6. artikulua. Iraupena.
Fundazioak iraupen mugagabea du, alde batera utzi gabe estatutu hauetan eta aplikatu beharreko lege xedapenetan aurreikusitako iraungitze kasuak.
BIGARREN TITULUA.–FUNDAZIOAREN HELBURUA, ONURADUNAK ZEIN DIREN ZEHAZTEKO OINARRIZKO ARAUAK, ETA FUNDAZIOAREN XEDEAK BETETZEKO BALIABIDEAK APLIKATZEA
7. artikulua. Jarduketa printzipioak.
Fundazioak betebehar hauek izanen ditu:
a) Araudi aplikagarriaren eta Fundazioaren estatutuen arabera, ondarea eta errentak Fundazioaren xedeetarako erabiltzea.
b) Bere xedeei eta jarduerei buruz behar adina informazio ematea, balizko onuradunek, gainerako interesdunek eta herritarrek horien berri izan dezaten.
c) Bere onuradunak zein diren zehazterakoan, inpartzialtasunaren eta bereizketarik ezaren irizpideei jarraikiz jardutea.
8. artikulua. Fundazioaren xedeak.
1.–Fundazioaren helburua da honako hauek zuzenean kudeatzea, ematea eta betetzea:
–Gizarte zerbitzuen zentroak.
–Babesgabetasun eta gatazka egoeran dauden adingabekoentzako behaketa eta harrera zerbitzuak.
–Eguneko zentroa, neurri judizialak ingurune irekian betetzeko zerbitzuaren barruan.
–Emakumeen kontrako indarkeriaren arretarako zentroak.
–Gizarte zerbitzuen, berdintasunaren, gizarte-inklusioaren eta gizarte- eta lan-inklusioaren arloko beste zentro eta zerbitzu batzuk.
Zerbitzu horiek emanen dira gai hauei buruzko araudi indardunean ezarritako baldintzen arabera: gizarte zerbitzuak, berdintasuna, gizarte-inklusioa eta gizarte- eta lan-inklusioa, adingabeen babesa eta emakumeen aurkako indarkeria.
Zerbitzu horiek nagusiki Fundazioak eman beharko ditu, eta ezin izanen ditu hirugarrenen esku utzi inolako negozio juridikoren bidez.
2.–Bere jarduera erabiliz, Fundazioak honako hauek egiten ahalko ditu: sariak, bekak eta laguntzak eman; irakaskuntza, ikerketa, arte, kultur, teknika edo kirol jarduerak osorik edo zati batean finantzatu; argitalpenak argitaratu edo merkaturatu; kultur, irakaskuntza, kirol eta gizarte programak garatzeko asmoz administrazio, enpresa eta fundazio publikoekin eta pribatuekin kontratuak eta hitzarmenak sinatu; erakunde publikoek eta pribatuek emandako laguntzak entitate kolaboratzaile edo sustatzaile gisa kudeatu; eta, oro har, bere xedeak hobeki lortzera bideratzen diren ekintza guztiak gauzatzea.
9. artikulua. Eginkizunak.
Bere eginkizunetarako, Fundazioak programa espezifikoak gauzatuko ditu; zerbitzu publikoak emateko edo kudeatzeko jarduerak eginen ditu; bere zentro berekiak kudeatu eta ustiatuko ditu; atxikitako ondasunak kudeatuko ditu; ikerketak, txostenak, estatistikak eta Fundazioaren helburuarekin lotutako beste jarduera batzuk eginen ditu, bere ekimenez edo beste batzuek eskatuta.
10. artikulua. Jarduerak.
Patronatuak erabateko askatasuna izanen du zehazteko zein diren Fundazioaren jarduerak, bere iritziz eta xedeak betetzearren, une bakoitzean egokienak edo komenigarrienak diren helburu zehatzak lortzeko behar direnak.
11. artikulua. Onuradunak zein diren zehaztea.
1.–Onuradunen hautaketa eginen da zerbitzu bakoitzerako indarrean dagoen araudiari jarraikiz eta, betiere, Nafarroako Gobernuak erabakitzen duenari jarraikiz.
2.–Aurreko paragrafoan adierazi diren baldintzak betetzen dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko jotzen ahalko da onuraduntzat. Horrenbestez, inork ezin izanen du alegatu banaka edo taldeka Fundazioaren edo haren organoen aurrean onurak izateko lehentasunezko eskubidea duenik, eta ezin izanen dio horren esleipena ezarri pertsona edo entitate jakin bati, lehentasuna jasorik egon ezean foru legearen maila duen arau objektibo batean.
3.–Bere eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko kontratu, itun, hitzarmen, akordio edo beste edozein tresnaren bidez betetzen badira, onuradunak zein diren zehaztuko da dagokion tresnan adierazitako baldintzetan, bitartekaritza-lan hutsa ez bada, baliabide berekien erabilerarik gabea, edo akordiorako tresna hori izenpetzen bada Patronatuak onuradunak hautatu ondotik estatutuetan ezarritako oinarrizko arauei jarraikiz eta inpartzialtasunaren eta diskriminazio ezaren irizpideak beteta.
4.–Nolanahi ere, Patronatuak Fundazioaren xedeetarako erabiliko ditu baliabideak, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
HIRUGARREN TITULUA.–GOBERNU ORGANOAK
I. KAPITULUA.–PATRONATUA
12. artikulua. Patronatua.
Patronatua Fundazioaren ordezkaritza, administrazio eta gobernu organoa da, eta hari dagozkion eginkizunak gauzatuko ditu, antolamendu juridikoan eta estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.
Patronatua Fundazioaren xedea eraginkortasunez gauzatzeko zuzenbidean behar diren eskubide eta ahalmen guztien titular bakarra izanen da, eta estatutu hauek interpretatuko ditu, inolako mugarik gabe.
13. artikulua. Patronatuaren betebeharrak.
1.–Patronatuari dagokio Fundazioaren xedeak betetzea eta Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzea, horien errendimendua eta erabilgarritasuna osorik mantenduta.
2.–Patronatuko kideek Fundazioaren xedeak betetzeko eta hartutako erabakiak gauzatzeko behar diren ekarpenen bidez parte hartuko dute.
14. artikulua. Patronatuaren osaketa.
1.–Patronatua hamalau kidek osatuko dute.
Patronatuko kide izaten ahalko dira jarduteko gaitasun osoa duten eta kargu publikoetan aritzeko ezgaituta ez dauden pertsona fisikoak.
Pertsona juridikoak Patronatuko kide izaten ahalko dira, eta horiek ordezkatzen dituen/dituzten pertsona fisikoa/fisikoak hautatu beharko dute/dituzte, aurreko paragrafoan xedatutakoa bete behar dela.
2.–Patronatuak berezko kideak eta hautapen bidezko kideak ditu.
a) Honako hauek dira berezko kideak:
–Nafarroako Gobernuko politika sozialen arloko eskumena duen departamentuaren titularra, Fundazioko burua izanen dena.
–Gizarte inklusioaren eta babes sozialaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
–Pertsonen autonomiaren eta garapenaren arloko eskumena duen erakundearen edo unitate administratiboaren titularra.
–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzaren titularra.
–Familien eta adingabekoen arloko eskumena duen unitate administratiboaren titularra.
–Politika sozialen arloko eskumenak dituen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiaren titularra.
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken arloko eta genero indarkeriari aurre egiteko jardunaren arloko eskumenak dituen erakundearen edo unitate administratiboaren titularra.
–Lehendakaritzaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
b) Honako hauek dira hautapen bidezko kideak:
–Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak Fundazioaren xedeekin lotura duten pertsonen edo erakunde eta enpresa publiko zein pribatuen artean hautatutako hiru kide.
–Nafarroako Parlamentuak Fundazioaren xedeekin lotura duten pertsonen edo erakunde eta enpresa publiko zein pribatuen artean hautatutako hiru kide.
3.–Lehenbiziko Patronatua osatzen duten berezko kideak eraketa aktan izendatuko dira.
4.–Patronatuko kidearen kargua norberak beteko du, eta ezin izanen da horretarako inor eskuordetu. Dena den, haien kargua dela-eta edo pertsona juridikoa ordezkatuz jarduteko hautatzen direnek ordezkoa hautatzen ahalko dute, ondorio guztietarako haien izenean arituko dena.
15. artikulua. Agintaldia.
1.–Berezko kideak Patronatuko kideak izanen dira beren karguetan aritzen diren bitartean.
2.–Hautapen bidezko kideek lau urteko agintaldia izanen dute, eta berriz hautatzen ahalko dira iraupen bereko aldietarako, gehienez ere 12 urtez.
16. artikulua. Patronatuko kidearen kargua onartzea.
1.–Lehenbiziko Patronatua osatzen duten berezko kideek beren karguak onartuko dituzte Fundazioaren eraketa aktan.
Lehenbiziko Patronatuko kideak ez diren berezko kideek beren karguak onartuko dituzte parte hartzen duten lehen bilkuran.
2.–Patronatuko hautapen bidezko kideak beren eginkizunetan hasiko dira parte hartzen duten lehen bilkuran kargua berariaz onartu ondotik.
Nolanahi ere, onarpena Fundazioen Erregistroari jakinaraziko zaio.
17. artikulua. Patronatuko kideen betebeharrak eta erantzukizuna.
Patronatuko kideen betebeharrak dira, besteak beste Fundazioaren xedeak betearaztea, dei egiten zaien bileretara joatea, karguko zereginak ordezkari leial bati dagokion bezala betetzea, Fundazioaren ondasunak eta balioak produkzio eta kontserbazio egoera onean edukitzea, eta beren jardueran indarreko lege xedapenek eta estatutu hauek agintzen dutena betetzea.
Patronatuko kideak erantzule solidarioak izanen dira, Fundazioaren aitzinean, legearen edo estatutuen aurkako ekintzen ondorioz edo erruz, doloz edo zabarkeriaz egindakoen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galerengatik. Ez dute erantzukizunik izanen hori zehazten duen erabakiari berariaz aurka egiten diotenek edo, hura hartzean eta gauzatzean parte hartu gabe, frogatzen dutenek ez zutela haren berri, edo, haren berri izanda ere, frogatzen dutenek kaltea saihesteko komeni zen guztia egin dutela edo horri berariaz aurka egin diotela.
Fundazioaren gobernu organoak berak gauzatuko du erantzukizun-ekintza agintari judizialen aurrean eta Fundazioaren izenean, horretarako erabaki arrazoitua hartu ondoren; bestela, Patronatuko kide disidenteek edo bertan ez daudenek.
18. artikulua. Patronatuko kideen kargu-uztea eta ordeztea.
1.–Fundazioaren Patronatuko kideek kasu hauetan utziko dute kargua:
a) Hiltzen denean edo hilda dagoela deklaratzen denean, baita pertsona juridikoa iraungitzen denean ere.
b) Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera.
c) Patronatuko kide hautatzeko oinarria izan zen kargua uzten duenean.
d) Ebazpen judizial irmo baten ondorioz.
e) Agintaldia amaitzen denean, aldi baterako hautatu bazen.
f) Behar bezala jakinarazitako ukoa egiten duenean.
g) Patronatuak erabakita, botoen bi heren horren aldekoak badira.
2.–Uko egitea indarrean sartuko da Patronatuari jakinarazten zaionean.
3.–Sortzaileak erabakitzen ahalko du Patronatuko kideen kargu-uztea, Fundazioaren interes eta xedeetarako kalte larria dakarten ekintzak gauzatu badituzte.
4.–Hautapen bidezko kideen artean postu huts bat badago, gehienez ere bi hilabeteko epean hasiko da ordezkoak izendatzeko prozedura.
5.–Patronatuko kideen kargu-uztea Fundazioen Erregistroari jakinarazi beharko zaio.
19. artikulua. Patronatuko buruaren eginkizunak.
1.–Hona hemen Patronatuko buruari dagozkion eginkizunak:
a) Fundazioaren ordezkari izatea epaiketetan eta horietatik kanpo, non eta Patronatuak ez dion ordezkaritza hori esleitu beste kide bati edo Fundazioaren zuzendari kudeatzaileari.
b) Patronatuaren bilera-deiak egitea eta idazkariaren laguntzaz eguneko gai-zerrenda ezartzea.
c) Bileretan buru jardutea, eztabaiden garapena zuzentzea eta moderatzea, erabakien bozketa egitea eta bozketen emaitza aldarrikatzea.
d) Patronatuaren erabakiak gauzatzea, horretarako mota guztietako ekintzak egiten ahal dituela, eta xede horretarako behar diren agiriak sinatzea.
e) Antolamendu juridikoa eta Fundazioaren estatutuak betetzen direla zaintzea.
f) Patronatuaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.
g) Legez edo estatutuei jarraikiz aitortuta duen beste edozein eginkizun, edo Patronatuak berak haren esku uzten dituenak.
2.–Patronatuak buruorde bat/batzuk hautatzen ahalko du/ditu bere baitan, haien lehentasun ordena ezarrita.
Buruordeari dagokio Patronatuko buruaren eginkizunak betetzea postua hutsik dagoenean edo hura kanpoan edo gaixorik dagoenean. Halaber, Fundazioaren izenean aritzen ahalko da, Patronatuak erabakitzen dituen kasuetan.
20. artikulua. Patronatuko idazkariaren eginkizunak.
1.–Patronatuak idazkaria hautatuko du Patronatuko kideen artean, edo kanpoko pertsona bat hartuko du. Azken kasu horretan, idazkariak hitza izanen du, baina ez botorik.
2.–Patronatuko idazkariari dagokio:
a) Buruak aginduta, Patronatuaren bilera-deiak egitea, eta hari eguneko gai-zerrenda egiten laguntzea.
b) Fundazioaren Patronatuaren dokumentazio guztia zaintzea, eta eskatzen ahal zaizkion eta estatutuetan adierazitako liburu guztiez arduratzea.
c) Patronatuaren bilerei dagozkien aktak eta ziurtagiriak egitea, buruak oniritzia eman eta gero.
d) Haren karguari atxikitako beste eginkizun guztiak eta berariaz haren esku uzten diren guztiak.
3.–Idazkaria gaixorik edo kanpoan dagoenean edo postua hutsik dagoenean, Patronatuko kiderik gazteena arituko da idazkari.
4.–Idazkariak kargua utziko du estatutu hauen 18. artikuluan ezarritako arrazoien ondorioz eta, hala badagokio, Patronatuko kide izaera galtzen duenean.
21. artikulua. Patronatuko kidearen karguaren doakotasuna eta bateraezintasuna.
1.–Patronatuko kideek dohainik beteko dute beren kargua eta ezin dute inolako ordainsaririk jaso kontzeptu horregatik.
2.–Patronatuko kideek beren eginkizuna betetzean sortutako gastuak (eta, bereziki, Patronatuaren bileretara joateko egin behar dituzten joan-etorriengatiko gastuak eta Fundazioaren izenean edo haren intereserako haien esku uzten den beste edozein helburu lortzeko sortzen direnak) kobratzeko eskubidea izanen dute, gastu horiek behar bezala justifikatu eta gero.
3.–Bateraezina da Patronatuko kidearen kargua eta entitateari edonolako zerbitzu ordaindu ematea.
22. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.
1.–Patronatuaren eskumena Fundazioaren gobernuari eta administrazioari dagokien orori aplikatuko zaio, inolako salbuespenik gabe, baita gertatzen diren lege eta gorabehera guztiak ebazteari ere.
Batzuk aipatzearren, baina mugatzeko asmorik gabe, honako hauek dira Patronatuaren eskudantziak eta ahalmenak:
a) Fundazioaren lana ikuskatzea, zaintzea eta bideratzea.
Bere eskumena erabiliz, Fundazioaren gobernuari, ordezkaritzari eta administrazioari dagokien ororen gorabeherak ebatziko ditu, estatutu hauek interpretatuko ditu eta behar diren erabakiak hartuko ditu, betiere Fundazioaren interesetarako eta haren xedeak hobeki lortzeko komenigarria bada.
b) Fundazioaren kudeaketa planak eta jarduteko aldizkako programak onestea.
c) Erabilgarri dauden funtsak Fundazioaren helburuen artean banatzeari eta aplikatzeari buruzko ildo orokorrak finkatzea.
d) Ohiko eta ohiz kanpoko aurrekontuak, bidezko memoriak eta urteko kontuak onestea.
e) Ahalordetze orokorrak edo bereziak egitea.
f) Fundazioarentzat edo Fundazioaren izenean ondasun higigarriak edo higiezinak erostea, besterentzea eta kargatzea erabakitzea, hipotekak, bahiak edo antikresiak barne, behar diren kontratuak sinatuta.
g) Ekonomiaren, ondasunen edo eskubideen liberalitateak onartzea Fundazioarentzat edo Fundazioaren helburuaren barneko xede jakin bat betetzeko, uste badu eskuratutako ondasun edo eskubideen izaera eta kopurua egokiak edo nahikoak direla ondasun edo eskubideen, edo horien errenta edo emaitzen, xedea izan behar dena betetzeko.
h) Mota guztietako finantza-eragiketak zehaztea entitate publiko eta pribatuekin.
i) Fundazioaren zorroa osatzen ahal duten balio higigarriak erosteari eta besterentzeari buruzko erabakia hartzea.
j) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunen errentak, dibidenduak, interesak, etekinak eta bestelako produktuak eta mozkinak kobratu eta jasotzea, baita edozein titulu dela-eta edo pertsona fisikoen edo juridikoen zorrak direla-eta jaso beharreko diru-kopuruak ere.
k) Fundazioari, bere akzioen eta balio higigarrien titularra den aldetik, dagozkion mota guztietako eskubideak erabiltzea, eta, alde horretatik, konpainia edo entitate jaulkitzaileen batzar nagusietan, bileretan, sindikatuetan, elkarteetan eta gainerako erakundeetan elkartzea, eztabaidatzea eta bozkatzea, ontzat hartzen duenaren arabera, hark erabakitzen duen ordezkaritzaren bidez. Horretarako, titularrari esleitutako ahalmen juridiko guztiak erabiltzen ahalko dira, komenigarritzat jotzen dituen ekintzak, kontratuak, hitzarmenak, proposamenak eta agiriak itunduz, emanez eta sinatuz.
l) Fundazioak une bakoitzean dituen funtsak bildu, administratu eta babesteko behar diren ordainketa guztiak egitea.
m) Fundazioaren xedeetarako komenigarritzat jotzen diren obrak egitea erabakitzea, bidezko moduari eta mota guztietako horniketei buruzko erabakia hartuta –haien kalitatea eta garrantzia edozein direla ere–, eta horretarako edozein prozedura erabiltzeko aukera izanda, askatasun osoz, inolako baimenik behar izan gabe eta araudi aplikagarriaren arabera.
n) Fundazioari dagozkion edo interesatzen zaizkion prozedura, espediente, erreklamazio eta epaiketen eskubide, ekintza eta salbuespen guztiak erabiltzea, haien izapideei, instantziei, gorabeherei eta errekurtsoei jarraikiz eta, ondorio horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen ahalorde guztiak emanda, posizioen absoluzioa eta berrikuspen epaiketa barne.
o) Fundazioaren ondasun guztiak erabili, administratu, kontserbatu, zaindu eta defendatzeko eginkizun guztiak betetzea oro har, epaiketetan zein horietatik kanpo.
p) Estatutu hauek interpretatzea eta gertatzen diren lege gorabehera eta inguruabar guztiak ebaztea.
q) Oro har, Fundazioaren administraziorako eta gobernurako garatu behar dituen beste eginkizun guztiak, betiere lege arauei men eginda.
2.–Arau orokor gisa, Patronatuko buruari dagokio erabakiak betearaztea; erabaki horietan Patronatuko beste kide bat edo batzuk edo estatutu hauetan adierazten den beste organo bat edo batzuk berariaz hautatzen ahal dira.
3.–Patronatuak kideetako bat/batzuk eskuordetzen ahalko du/ditu bere ahalmenak gauzatzeko, edo batzorde eskuordetua hautatuko du horretarako. Gai hauek ezin dira eskuordetu, ordea: urteko kontuen, aurrekontuaren eta jarduketa planaren onespena, estatutuen aldaketa, Fundazioaren bat-egitea, azkentzea eta likidazioa, ez eta, indarreko araudiak hala behartzeagatik edo baimen hori estatutuetan aurreikusirik egoteagatik, Babesletzaren baimena behar duten egintzak ere. Era berean, ezin izanen dira eskuordetu indarreko araudia edo estatutu hauetan xedatutakoa aplikatzeagatik gehiengo kalifikatuz onartu behar diren egintzak.
23. artikulua. Patronatuaren bilerak eta deialdia.
1.–Patronatuak ohiko bilera eginen du urtean birritan, gutxienez, eta nahitaez bilduko da urteko kontuak, aurrekontua eta kudeaketa helburuak onesteko.
Patronatuko kideek ohiz kanpoko bilera eginen dute Fundazioaren martxa onerako behar den guztietan, buruak bere ekimenez deialdia eginda edo kideen heren batek gutxienez eskatuta edo, kide guztiak bildurik, aho batez erabakitzen dutenean.
2.–Bilera-deia kide guztiei bidaliko zaie, bilera egin baino bost egun lehenago, gutxienez. Horretarako, jaso izana adierazteko aukera ematen duen baliabide bat erabiliko da. Deialdian bileraren lekua, eguna eta ordua adieraziko dira, baita eguneko gai-zerrenda ere.
Patronatuko kide guztiak bertan daudela aho batez erabakitzen badute bilera egitea, ez da beharrezkoa izanen aurretik deialdia egitea. Kasu horretan, bileraren eguneko gai-zerrenda aho batez onetsi beharko da.
24. artikulua. Gehiengoak.
1.–Lehenbiziko deialdian, Patronatua modu baliozkoan eratuko da baldin eta kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Bigarren deialdian nahikoa izanen da kideen erdia egotea. Burua edo buruordea ez badago, Patronatuko kide zaharrenak ordezten ahalko du, eta idazkaria ez badago, berriz, Patronatuko kide gazteenak.
2.–Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira, estatutu hauek gehiengo bereziren bat eskatu ezean.
Gehiengo soila lortu dela ulertuko da aldeko botoen kopurua aurkako botoen kopurua baino handiagoa denean, baina horretarako ez dira kontuan hartuko abstentzioak, boto baliogabeak edo boto zuriak.
3.–Buruak kalitateko botoa izanen du, berdinketak ebazteko.
25. artikulua. Patronatuko bileren aktak.
1.–Idazkariak Patronatuaren bileren akta eginen du, honakoak zehaztuta: bileraren lekua eta eguna, bilerara bertaratu diren kideak, bileraren gai-zerrenda, hartutako erabakiak eta, Patronatuko kideek eskatuta, erabakiak hartu aurreko eztabaiden puntu nagusien deskribapen laburra. Patronatuko idazkariak akten orri guztiak sinatuko ditu, buruak oniritzia eman eta gero.
2.–Patronatuko kide bakoitzak eskatuta, idazkariak aktan agertu beharko du aurkako botoa edo abstentzioa.
3.–Era berean, Patronatuko kideek boto partikularra ematen ahalko dute, bilerari dagokion aktari erantsiko zaiona. Haren testua bost egun balioduneko gehieneko epean jaso beharko da, bilera egiten den egunetik aitzina.
4.–Patronatuko edozein kidek eskubidea du bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo buruak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hitzez hitz islatzen duen testua.
5.–Aktak bileran bertan edo hurrengo bileran onetsiko dituzte bertaratu diren kide guztiek. Akta onetsi baino lehen, hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak egiten ahalko ditu idazkariak, zirkunstantzia horren berri emanda berariaz.
6.–Fundazioak akten liburua izanen du.
II. KAPITULUA.–BESTE GOBERNU ORGANO BATZUK
26. artikulua. Batzorde eskuordetuak.
Patronatuak batzorde eskuordetuak eratzen ahalko ditu.
Organo horiek aukerakoak dira. Beraz, haien eraketa onesteko, Patronatuko kideen bi herenen gehiengoak hartutako erabakia beharko da.
27. artikulua. Batzorde eskuordetuen izaera eta osaera.
Batzorde eskuordetuak gobernu eta administrazio organo gisa eratuko dira, hala badagokio, eta Patronatuak gai zehatzen inguruan haien esku uzten dituen eginkizunetan ariko dira.
Gehienez ere Patronatuko bost kidek osatuko dituzte, eta Patronatuak hautatuko du batzordeburua.
28. artikulua. Batzorde eskuordetuen eginkizunak.
Batzorde eskuordetuen eskumenak Patronatuak haren esku uzten dituenak izanen dira, 22. artikuluaren 3. atalean xedatutakoa izan ezik.
29. artikulua. Bilerak eta erabakiak hartzea.
Batzorde eskuordetuak bilduko dira buruak dei egiten duenean edo kideen heren batek, gutxienez, eskatzen duenean.
Batzorde eskuordetuei Patronatuaren bilerei buruzko ataletan aipatutako arauak aplikatuko zaizkie.
III. KAPITULUA.–FUNDAZIOAREN ZUZENDARI KUDEATZAILEA
30. artikulua. Fundazioaren zuzendari kudeatzailearen izendapena eta eskumenak.
1.–Patronatuak Fundazioaren zuzendari kudeatzailea izendatuko du, eta Fundazioaren martxa onerako beharrezkotzat jotzen diren ahalmenak ematen ahal dizkio. Patronatuak askatasuna izanen du zuzendari kudeatzailea kargutik kentzeko.
2.–Titulazio egokia duen eta zuzendaritza edo/eta kudeaketa lanetan lanbide esperientzia egiaztatzen duen pertsona hautatu beharko da.
3.–Fundazioaren zuzendari kudeatzailea goi karguduntzat jotzen da Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen ondorioetarako.
4.–Zuzendari kudeatzaileak Patronatuaren eta, halakorik bada, batzorde eskuordetuen orientabideak eta erabakiak betearazteko ardura izanen du, eta, bereziki, honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Fundazioa zuzentzea.
b) Langileen eta giza baliabideen politika zehaztea.
c) Patronatuak edo batzorde eskuordetuek onetsi dituzten inbertsio programak gauzatzea.
d) Urteko aurrekontuak eta urteko eta urte anitzeko lan plana proposatzea.
e) Sozietatearen xedeei lotutako proiektuak diseinatu eta prestatzea.
f) Buruak edo beste edozein organok agintzen dizkion zereginak betetzea.
g) Patronatuak Fundazioa kudeatzeko onetsi dituen finantza-eragiketak gauzatzea.
h) Fundazioaren inbentarioa prestatzea.
i) Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea, eta eskatzen ahal zaizkion eta estatutuetan adierazitako liburu guztiak arduraz edukitzea.
j) Kudeaketari dagokionez Patronatuak ahalorde orokorrak edo bereziak emanda esleitzen dizkion eginkizun guztiak.
31. artikulua. Ordainsaria.
Patronatuak proposatzen ahalko du zuzendari kudeatzaileak bere eginkizunak betetzeagatik jaso beharreko ordainsaria, zeina Nafarroako Aurrekontu Orokorretan azalduko baita.
LAUGARREN TITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA
32. artikulua. Fundazio zuzkidura.
Fundazioaren zuzkidura haren eraketa eskrituran jasotako hasierako zuzkidura ekonomikoa da, Nafarroako Gobernuak osorik ordainduko duena.
Patronatuak ez du fundazio zuzkidurarik izaten ahal Nafarroako Gobernuak lehenago baimendu gabe.
33. artikulua. Fundazioaren ondarea.
1.–Fundazioaren ondarea ekonomikoki baloratzen ahal diren mota guztietako ondasunek eta eskubideek osatzen ahalko dute, eta Fundazioaren xedeak lortzeari lotuta egonen da beti.
2.–Ondare bereki gisa, Fundazioak edozein motatako ondasunak eta eskubideak kostubidez nahiz doan eskuratu, izan eta alokatzen ahalko ditu; horiek Fundazioaren xedeak betetzeari lotuta egonen dira.
3.–Sortzaileak, Patronatuko kideek edo kanpoko pertsonek lagatzen ahal dizkioten ondasun higigarriak edo higiezinak onartzen ahalko ditu Fundazioak, lagatako ondare gisa. Berariazko legedian xedatutakoak arautuko ditu ondasun horiek, eta Patronatuaren administrazio arruntaren menpe egonen dira. Bai jabetza bai erabilera eta gozamena lagatzen ahal dira.
4.–Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak Patronatuak urtero onesten duen inbentarioan adieraziko dira. Inbentario horretan ondasun eta eskubide bakoitzaren izaera eta jatorria adieraziko dira. Horrez gain, artikulu honen 3. paragrafoan adierazitakoaren arabera, Fundazioari laga edo atxiki zaizkionak bereizita idatziko dira.
5.–Erregistroan inskribatzen ahal diren ondasunak eta eskubideak bidezko erregistroetan inskribatuko dira. Fundazioaren ondarea osatzen duten edo osatzen ahal duten funts publikoak eta merkataritza balioak Fundazioaren izenean gordailutuko dira finantza establezimenduetan.
34. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Fundazioak honako baliabide hauek izanen ditu bere jarduerak garatzeko:
1. Sortzailearen hasierako zuzkidura.
2. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura Sortzaileak urtean behin egindako ekarpenak.
3. Bere jabetzapekoa den edo aldi baterako laga zaion ondarearen emaitzak, errentak, etekinak, produktuak edo mozkinak.
4. Fundazioak egiten dituen jardueren ondoriozko diru-sarrerak, horrek ez baditu mugatzen, arrazoirik gabe, balizko onuradunen esparrua eta Fundazioak egiten dituen jarduerak.
5. Fundazioaren xedeak hobeki betetzeko Patronatuak ezartzen dituen ekarpenak.
6. Ordaintzera behartuak dauden beste erakunde eta hirugarren batzuei egiten zaien fakturazioaren ondoriozko diru-sarrerak, zeinak kalkulatuko baitira benetako kostua oinarri hartuta, indarra duen legedian ezarri bezala; halakoetan, diru-sarrera ez da inoiz izanen kostutik beherakoa.
7. Pertsona fisiko edo juridikoekin edo edozein motatako entitate publiko edo pribaturekin egindako kontratu, itun, hitzarmen eta babesen ondoriozkoak.
8. Pertsona edo entitate publikoetatik zein pribatuetatik jasotzen dituen dirulaguntzak.
9. Fundazioaren onuradunek egindako diru-sarrerak.
10. Antolamendu juridikoaren arabera eta aplikatzen ahal diren lege xedapenei jarraikiz, etorkizunean esleitzen ahal zaion beste edozein baliabide.
35. artikulua. Ondarea babestea.
Ondareko ondasunak babestu eta zaintzeko, arau hauek beteko dira:
1. Ondasun higiezinak eta eskubide errealak Fundazioaren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan.
2. Eskudiruzko balioak Patronatuak esandako banku edo aurrezki kutxetan gordeko dira, Fundazioaren izenean.
3. Fundazioaren titulartasuna duten gainerako ondasun higigarriak, jabetza tituluak, gordailuen ordezkagiriak eta beste edozein jabetza, erabilera edo eskubide frogatzen duten agiriak zaintzea, Patronatuaren zehaztapenei jarraikiz.
4. Fundazioaren ondasun guztien inbentarioa azalduko da Ondarearen Inbentario Liburu batean, eta horiek identifikatu eta deskribatzeko datuak emanen dira bertan.
36. artikulua. Errenten eta diru-sarreren erabilera.
1.–Ondare zuzkidura gisa egindako ekarpenak alde batera utzita, Fundazioak eskuratzen duen kontabilitate emaitzaren %70, gutxienez, Fundazioaren xedeak lortzeari lotuta egonen da. Gainerako diruak Fundazioaren zuzkidura edo erreserbak handituko ditu, administrazio gastuak kendu ondotik.
2.–Fundazioak aurreko atalean aipatu diren errenten eta diru-sarreren proportzioa diru bihurtzen ahalko du, horiek lortzen dituenetik hiru urteko epean.
3.–Fundazioaren baliabideak Fundazioaren xedeak egiteari lotuta edo atxikita egonen dira, kuotarik zehaztu gabe.
4.–Xede jakin bat lortzeko jaraunspen, legatu, dohaintza edo dirulaguntza bidez edo doaneko beste edozein tituluren bidez eskuratutako ondasunak eta errentak eskualdatzailearen nahiaren eta eskurapen tituluan ezarritako baldintzen arabera aplikatu edo gordeko dira. Patronatuak Fundazioaren berezko xedeak betetzeko helburua duten doako eskualdaketak baino ez ditu onartuko, kargadunak zein kargarik gabeak, eta ez dira inola ere kaltegarriak izanen Fundazioarentzat.
37. artikulua. Ondarearen administrazioa.
Patronatuak ahalmenak izanen ditu beharrezko aldaketak egiteko Fundazioaren ondarearen osaeran, Fundazioaren zuzkiduran izan ezik, une bakoitzeko egoera ekonomikoak gomendatzen duenaren arabera.
38. artikulua. Kontabilitate araubidea eta finantza kontrola.
1.–Ekitaldi ekonomikoak bat eginen du Nafarroako Gobernuaren aurrekontu ekitaldiarekin.
2.–Fundazioak indarra duen araudiak zehazten dituen nahitaezko liburuak edukiko ditu, baita bere jarduerak egoki aurrera ateratzeko eta bere kontabilitatea ongi kontrolatzeko komenigarriak direnak ere.
3.–Ekonomia eta finantza kudeaketan, Fundazioak indarra duen araudian zehaztutako printzipioak eta irizpide orokorrak izanen ditu arau.
4.–Fundazioa Nafarroako Kontuen Ganberaren finantza kontrolaren mendean egonen da, hura arautzen duen araudiari jarraikiz.
39. artikulua. Aurrekontuak egitea, kontuak ematea eta jardueren memoria soziala.
1.–Fundazioak kontabilitate antolatua izan beharko du, eta bere jarduerari egokitua, aplikagarria den araudiaren arabera.
2.–Ekitaldi bakoitza bukatu eta sei hilabeteko epean, Patronatuak Fundazioaren urteko kontuak onartu beharko ditu, ekitaldi horri dagozkionak. Kontu horiek argi erredaktatu beharko dira, Fundazioaren ondarearen, egoera finantzarioaren eta emaitzen irudi fidela emateko, eta dokumentu hauek jaso beharko dituzte:
a) Inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua, Fundazioaren benetako egoera ekonomikoa, finantzarioa eta ondarearena jasotzen dituztela.
b) Fundazioaren jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa azaltzen dituen memoria, barne direla finantzaketa taula eta Fundazioaren xedeen betetze maila. Balantzean eta emaitza-kontuan adierazitako informazioa osatu, handitu eta iruzkintzeaz gain, memoriak honako hauek agertuko ditu: Fundazioaren ondarean izandako gorabeherak; gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan izandako aldaketak; ekitaldian zehar helburuak betetzeko egindako jarduerak; onartutako aurrekontuaren eta jarduketa planaren betetze maila, horietako bakoitzean erabilitako baliabideak, haien jatorria eta onuradunen kopurua adierazita; bai eta beste entitate batzuekin helburu horietarako sinatu diren hitzarmenak eta estatutu hauetan errenten eta diru-sarreren xedeaz ezarritako arauen betetze maila ere.
Fundazioak Babesletzari aurkeztuko dizkio atal honetan aipatzen diren agiriak, hurrengo ekitaldiko lehenbiziko sei hilabetean.
3.–Orobat, aitzin urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuaren likidazioa ere eginen du Patronatuak.
4.–Urteko kontuen inguruko dokumentuak irabazi asmorik gabeko erakundeentzat ezarritako ereduen, arauen eta irizpideen arabera egin beharko dira.
5.–Fundazioaren urteko kontuei kanpoko auditoretza bat eginen zaie.
6.–Urteko kontuak sei hilabeteko epean aurkeztuko dira, ekitaldia bukatzen denetik hasita, Nafarroako Foru Ogasunean eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan, Patronatuak horiek onetsi eta hurrengo hamar egun baliodunetan. Horiekin batera aurkeztuko dira auditoretza txostena eta aurrekontuaren likidazioa, salbu eta egoeraren balantzea eta emaitzen kontua; izan ere, azken horiek sozietateen gaineko zergaren aitorpenean aurkeztuko dira. Aurkeztutako agirietan dagoen informaziorako sarbidea lotuko zaio arlo horren gaineko araudiari.
Era berean, gainerako agintaritza edo erakunde eskudunei eta Babesletzari komunikatuko zaizkie, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakoaren arabera.
7.–Jarduera ekonomikoak egiten badira, Fundazioaren kontabilitatea bat etorriko da Merkataritza Kodean eta xedapen osagarrietan xedatutakoarekin. Fundazioa erortzen bada arau horietan sozietate nagusientzat aurreikusitako egoera batean, urteko kontu bateratuak egin beharko dira. Nolanahi ere, informazio zehaztua jaso beharko da memoriaren berariazko atal batean, eta bertan adierazi merkataritza jarduerari atxikitako ondare elementu guztiak.
8.–Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan sartzeko asmoz, Fundazioak eragiketa arrunten eta kapital eta finantza eragiketen aurrekontuak bidaliko dizkio Nafarroako Gobernuko Ekonomiako eta Finantza Politikako Departamentuari, departamentu horrek zehaztutako jarraibide ekonomiko eta teknikoei jarraikiz.
Aurrekontua parekatua izanen da beti, gastuen aurreikuspenak diru-sarrerenak baino handiagoak izan gabe.
Ekitaldi bakoitzean estali beharreko beharrizanetara eta arretetara hobeto egokitzeko, Patronatuak egokitzat edo komenigarritzat jotzen dituen aldaketak baino ezin izanen dira sartu.
9. Patronatuak jarduketa plan bat egin eta bidaliko du babesletzara ekitaldi bakoitzeko azken hiru hilabetean, eta bertan jasoko ditu hurrengo ekitaldirako helburuak eta aurreikusitako jarduerak.
40. artikulua. Zerga araubidea.
Patronatuak askatasuna izanen du erabakitzeko Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean edo hori ordezten dutenetan arautzen den zerga araubidea eskatu eta horretaz baliatzea. Kasu horretan, xedapen horiek nahitaezko zuzenbideko arauak izanen dira Fundazioarentzat, eta bete egin beharko dira estatutu hauetan ezarritakoa baino lehen, baina estatutuak aldatu beharrik gabe.
BOSGARREN TITULUA.–ALDAKETA, BAT-EGITEA, AZKENTZEA ETA LIKIDAZIOA
41. artikulua. Estatutuen aldaketa.
1.–Estatutu hauen aldaketa Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari jakinarazi beharko zaio.
Fundazioaren estatutuak aldatzeko erabakia onesteko, botoen bi herenek aldekoak izan beharko dute.
2.–Estatutuen aldaketa eskritura publikoan gauzatu, eta Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko da.
42. artikulua. Bat-egitea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabakitzen ahalko du Fundazioak beste fundazio batekin bat egitea, Fundazioaren xedeak lortzeko beharrezkotzat jotzen duenean.
Fundazioaren bat-egiteari buruzko erabakia onesteko, botoen bi herenek aldekoak izan beharko dute.
43. artikulua. Azkentzea eta likidazioa.
1.–Patronatuak, bere kideen bi herenek gehiengoz hartutako erabakiaren bidez, Fundazioa azkentzeko proposamena egiten ahalko dio Nafarroako Gobernuari.
2.–Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du Fundazioa azkentzea. Erabakia departamentu interesdunak proposatuta hartuko da, bai bere ekimenez bai Fundazioaren Patronatuak eskatuta, baina Patronatuaren eskaera ez da loteslea izanen erabakia hartzeko.
Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzen badu, azkentzeari buruzko aurretiko txostena eskatzen ahalko dio Fundazioari.
3.–Azkentzearen testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.–Fundazioa azkendutakoan, Nafarroako Gobernuak lagatako ondasunen jabetza edo erabilera hari itzuliko zaio.
Likidazioaren ondoriozko ondasunak interes orokorreko xedeetan erabiliko dira osorik, Fundazioaren xedeen antzekoak badira; bestela, irabazi asmorik gabeko edozein fundazio edo entitateri atxikiko zaizkio, baldin Fundazioaren interes orokorreko xedeen antzekoak bilatzen badituzte eta beren ondasunak haiek lortzera zuzenduta badituzte.
5. Fundazioaren azkentzeak ekarriko du likidazio prozedura bat irekitzea, indarreko araudian xedatutakoarekin bat etorriko dena.
Patronatua likidazio batzorde gisa eratu daiteke, edo batzorde hori osatuko dutenak izendatu ditzake. Batzorde hori izendatu eta karguak onartu ondoren, Patronatuak bere eginkizun guztiak betetzeari utziko dio.
Iragarkiaren kodea: F2414932
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
