Iragarkia
221. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
86E/2024 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza hauen deialdia: turismo establezimenduetan uholdeen eta suteen aurkako autobabeserako eta klima-aldaketara egokitzeko planak sortzeko dirulaguntzak. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana - Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU. DDBN identifikazioa: 782859.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) «Next Generation EU» programaren osagai nagusia da (programa hori ekonomia bultzatzeko tresna da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).
Europako Suspertze Funtsaren finantza baliabideen betearazpena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) bidez gauzatuko da. Plan hori Ministroen Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onartu zen, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koan, ezarritakoarekin bat etorriz.
SEEPek aurreikusten dituen hamar politika bultzatzaileen barruan hogeita hamar ekintza ildo identifikatzen dira. Horietako bat 14. osagaia da, "Turismo sektorearen modernizazio eta lehiakortasun plana", eta barnean hartzen du "Helmugetako turismo jasangarritasuneko planen programa", 1. inbertsioko 2. azpineurri gisa (C14.I01.02).
Programa horri jarraikiz, autonomia erkidegoek helmugetako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planak (aurrerantzean, TJLP) aurkeztu behar dituzte. Plan horiek sortzeko lankidetzako parte-hartze prozesu egin dute eskudunak diren hiru administrazio publikoek eta helmugako ekosistema turistikoko eragile publiko eta pribatuek. Lurralde Plan horiek Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planek (aurrerantzean, HTJP) eta Helmugen arteko Kohesio Jarduerek (aurrerantzean, HKJ) osatzen dituzte.
2023ko maiatzaren 9an, Turismoko Konferentzia Sektorialean erabaki zen zer irizpideren arabera eginen zen lurralde banaketa SEEPeko 14. osagaiaren (1. inbertsioa) esparruan toki erakundeen inbertsio-jarduketak finantzatzera bideratutako kreditua eta nola eginen zen ondoriozko banaketa autonomia-erkidegoen artean. Turismoaren Konferentzia Sektorialak 2023ko abenduaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, aipatutako erabakia aldatu zen (2024ko 26. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 30ekoa).
Nafarroako Foru Komunitateko Lurralde Planean sartutako esku-hartzeetarako funts esleipena 17.201.000 euro izanen da. Zenbateko hori honela banatuko da:
–"URDINA. Bidea Aragoi ibaian zehar" THJPa (1.330.000 euro).
–"Plazaola-Sakana-Ultzamaldea" THJPa (5.000.000 euro).
–"Nafarroako Erriberagoiena" THJPa (2.000.000 euro).
–"Iruñerria Landa Eskualdea" THJPa (2.000.000 euro).
–"Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea" HKJa (6.871.000 euro).
Halaber, Turismoko zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 563/2024 Ebazpenaren bidez, "Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea HKJa" Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren kudeaketa plana onetsi zen (0010-4249-2024-000022 espedientea). Halaber, eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren maiatzaren 10eko 23/2022 Foru Aginduaren bidez, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onetsi zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzean ezarri beharrekoa. Turismoko arloa, hain zuzen, departamentu horri atxiki zaio berriki.
"Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea" HKJaren (Helmugen arteko Kohesio Jarduera) helburu espezifikoen artean dago "Nafarroan helmuga turistiko erresiliente bat sortzea, klima-aldaketak eta trantsizio berdeak eta digitalak sortutako egoera berrietara egokitzeko eta eraldatzeko gai izanen dena".
Horretarako, aipatu HKJaren 1. ardatzean (Trantsizio berdea eta jasangarria) ezarritako jarduketetako bat izan zen dirulaguntza deialdi bat idaztea, hain zuzen ere, turismo establezimenduetan uholdeen eta baso suteen aurkako autobabeserako eta klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko, aipatu ardatzaren adierazleak betetzera bideratuta. Zehazki, deialdian adierazle gisa markatu dira lortu beharreko helburuak: 8 plan 8 turismo establezimendurako, gutxienez.
Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesten duen 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakia aldatzen duen Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren berrikusitako eranskinean jasotzen denez, besteak beste, honako hauek bete beharko dira:
–CIDeko 220 zenbakiko mugarria, 2024ko laugarren hiruhilekoa: jarraipen batzordeek bermatuko dute helmuga turistiko onuradun guztiek Turismoko Jasangarritasuneko Plan bakoitzaren honako betearazpen portzentaje hauek beteko dituztela gutxienez:
- %50eko gauzatzea 2021ean esleitutako helmuga turistikoei dagokienez.
- %30eko gauzatzea 2022an esleitutako helmuga turistikoei dagokienez.
- %15eko gauzatzea 2023an esleitutako helmuga turistikoei dagokienez. –CIDeko 221 zenbakiko mugarria, 2024ko bigarren hiruhilekoa: «Helmugetako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planak» izenekoetan sartutako eta 217, 218 eta 219 helburuei jarraikiz esleitutako proiektu guztiak amaitzea. Proiektu horien funtsaren %35 erabiliko da helmuga turistikoetan trantsizio berdea, jasangarritasuna eta energia efizientzia/elektromugikortasuna landuko dituzten neurriak hartzeko, «Kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioa aplikatzeari buruzko gida teknikoak ezarritakoarekin bat (2021-02-18ko 58. AO C, 1. or.). Horretarako, proiektu baztertuen zerrenda bat erabiliko da, eta ingurumen arloko legedia bete beharko da (EBkoa eta Espainiakoa).
Esleitutako klima etiketa 037a (Klima aldaketara egokitzeko neurriak eta klimarekin lotutako arriskuen prebentzioa eta kudeaketa) da: beste batzuk, adibidez, ekaitzak eta lehorteak (barne hartuta sentsibilizazio ekintzak, babes zibila, hondamendiak kudeatzeko sistemak eta azpiegiturak eta ikuspegi ekosistemikoak), klima eta ingurumen helburuetarako %100eko ekarpenarekin; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren VI. eranskinean (erregelamendu horren bidez ezarri da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa).
Bestalde, bete beharrez ezarrita dagoena SEEPen eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduan (EB), deialdiak bete egiten ditu berariazko kudeaketa printzipioak eta zeharkako printzipioak. Horietako batzuk dira, besteak beste, honako hauek: etiketatze berdea, ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea (DNSH printzipioa), iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzea, detektatzea eta zuzentzea, Estatuko laguntzen araubidearekiko bateragarritasuna eta kostu bererako Europako finantzaketa bikoitza prebenitzea, funtsen amaierako hartzailea identifikatzea, eta, azkenik, plana gauzatzeari lotutako komunikazio-jarduketak.
Halaber, deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
"Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea" deritzon printzipioari dagokionez, deialdi honetan finantzatutako jarduketek klima-aldaketara egokitzeko ingurumen helbururako %100eko ekarpena egiten dute.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deialdi hau ebazteko banakako ebaluazioa eginen da eta dirulaguntza emanen da eskaerak aurkezteko ordenari jarraikiz, baldin eta aurrekontu kreditu nahikoa eta egokia badago. Edonola ere, ez da ezinbestekoa Nafarroako Gobernuak onestea, apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 12. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoari jarraikiz (haren bidez premiazko neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko):
"Ez da izanen beharrezkoa Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena, proiektuaren gauzatzea arautzen duen Estatuko tresna juridikoan zehazten bada banakako ebaluazioaren araubidea".
Prozedura hori ezarrita dago Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 62. artikuluan. Aipatu artikuluaren 1. apartatuak honako hau adierazten du: "Europako funtsekin finantzatu daitezkeen eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak arautzen dituen dirulaguntzen kasuan, horien xedea beste proposamen batzuekin alderatzeko balioespenik behar ez duten jarduera edo egoera zehatzak finantzatzea bada, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman ahalko dira, eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera, diruz lagundu daitekeen egoera edo jarduera gertatu dela eta exijitutako gainerako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren, deialdian esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte".
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea dirulaguntza hauen deialdia: turismo establezimenduetan uholdeen eta suteen aurkako autobabeserako eta klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko dirulaguntzak. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana-Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU.
2. Dirulaguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.
3. Guztira, 80.000,00 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko. Honela finantzatuko da:
AURREKONTU-PARTIDA | 2024KO | 2025EKO | ZENBATEKOA, GUZTIRA |
A30001 A3100 4709 432103 [PEP: E-23-000608-01]: SEM CIR Turismo establezimenduen autobabeserako planetarako dirulaguntzak | 20.000,00 | 60.000,00 | 80.000,00 |
2025eko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 4an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, TURISMO ESTABLEZIMENDUETAN UHOLDEEN ETA SUTEEN AURKAKO AUTOBABESERAKO ETA KLIMA-ALDAKETARA EGOKITZEKO PLANAK SORTZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARI DAGOZKIONAK. SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANA-EUROPAR BATASUNAK FINANTZATUA - NEXT GENERATION EU
1. oinarria. Xedea.
Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean sartzen dira. Plan hori finantzaketa-tresna bat da, bideratuta dagoena bertan adierazitako emaitza, mugarri eta helburuetara, zeinak lotesleak izanen baitira Nafarroako Foru Komunitatearentzat, planean parte hartzen duen administrazio publikoa den aldetik.
Ebazpenaren azalpen zatian aipatzen den "Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea" HKJaren jarduketen artean, 1. ardatzean (Trantsizio berdea eta jasangarria), 1. jarduketa dago: turismorako azpiegituren erresilientzia handitzea uholdeekiko eta suteekiko, eta klima-aldaketara egokitzea". Jarduketa horren xedea da Nafarroako helmuga turistiko erresilientea sortzea, gai izanen dena klima-aldaketaren ondorioz sortutako egoera berrietara egokitzeko eta eraldatzeko.
1. jarduketan, gainera, zenbait ekintza daude, eta, horien artean, deialdi hau, zeinaren xedea baita turismo establezimenduetan eta jarduera turistikoetan uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako planak eta klima-aldaketara egokitzeko planak sortzea.
Jarduketa hori, nagusiki, egoera bereziak direla-eta (ibaietatik edo baso-masa handietatik hurbil egotea eta jende asko joatea) arrisku potentzial handia duten instalazioek gauzatu beharko dute.
Ekintza honek honako adierazle hauek ditu:
–Plan kopurua: 8.
–Turismo establezimendu kopurua: 8.
Ondorio horietarako, deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea. Dirulaguntza horiek uholdeei eta suteei aurre egiteko larrialdietarako planak eta klima-aldaketara egokitzeko planak sortzera bideratuta daude.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
80.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko. Kreditu hori honela finantzatuko da:
AURREKONTU-PARTIDA | 2024KO | 2025EKO | ZENBATEKOA, GUZTIRA |
A30001 A3100 4709 432103 [PEP: E-23-000608-01]: SEM CIR Turismo establezimenduen autobabeserako planetarako dirulaguntzak | 20.000,00 | 60.000,00 | 80.000,00 |
2025eko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen du laguntza hau, eta aipatu mekanismoa honako honetan araututa dago: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena. Finantzaketa hori legez lotuta dago diruz lagundutako jarduketak egitearekin, bai eta Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako neurriekin ere.
3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
Jarduketak dagokion eskaera aurkeztu ondoren gauzatu eta fakturatu behar dira, eta beranduenez 2025eko martxoaren 15erako. Horren ondorioetarako, fakturazioaren eguna zein den, horixe hartuko da gastua egin den eguntzat.
4. oinarria. Enpresa onuradunak.
1. Onuradun izaten ahalko dira jarraian adierazitako betekizun orokorrak betetzen dituzten ETE turistikoak, turismo establezimenduetako edo interes turistikoko azpiegituren titularrak:
1.1. Nafarroako Foru Ogasunaren subjektu pasiboa izatea dirulaguntzaren xedeko jarduera ekonomikoari dagozkion zergei dagokienez.
1.2. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.
Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez kontsultatzeko baimena espresuki ukatzen badu, dirulaguntzaren eskaera formularioan horretarako dagoen laukia markatuta, interesdunak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko. Aipatutako baimen hori Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago.
1.3. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.4. ETE eskatzaileek pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat eratzen dutenean, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako bat, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko erakundeen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.
1.5. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
2. ETE eskatzaileek honako betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren egunerako:
2.1. Turismo establezimenduaren edo interes turistikoko azpiegituraren titular gisa agertzea Nafarroako Turismo Erregistroan.
Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunerako beranduenez, betetzat joko da betekizun hori.
Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile edo arduradun gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.
Turismo establezimenduek edo jarduera turistikoen enpresek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen.
2.2. Web-orria eta posta elektronikoa edukitzea, eta biak jardunean egotea. Enpresa eskatzailea enpresa-talde bateko kide bada, baldintza horiek betetzat joko dira enpresari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu.
2.3. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du betekizun espezifikoak betetzen direla.
3. Turismo establezimenduen edo interes turistikoko azpiegituren titularrek, halaber, eskaera aurkezten duten egunean honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
3.1. Turismo establezimenduak.
Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 687 epigrafean (Erabilera publikoko turismo kanpalekuak) alta emanda egon behar dute.
3.2. Interes turistikoko azpiegiturak, aisialdi, abentura edo kultura jardueretarako erabiltzen direnak.
EJZan alta emanda egon behar dute, eskaintzen dituzten jardueren espezialitateari dagokion taldean.
3.3. EJZa egiaztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, web lotura honetan: https://hacienda.navarra.es/registroiae.web/registro.aspx.
4. Turismo establezimenduek edo interes turistikoko azpiegiturek izandako kalte guztiak behar bezala konponduta eduki beharko dituzte instalazioetan. Hau aplikatuko da Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalak era horretako errekerimendurik jakinarazi badu, eta horretarako emandako epea amaitu bada enpresak errekerimendua bete gabe.
4.1. Betekizun hori betetzen den egiaztatuko du organo kudeatzaileak.
5. oinarria. Kostu diruz lagungarriak.
5. Diruz laguntzen ahalko dira turismo establezimenduetan edo interes turistikoko azpiegituretan uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako planak eta klima-aldaketara egokitzeko planak egiteari dagozkion gastuak.
Planaren edukia honako honetan adierazitakoarekin bat etorri beharko da: Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Bereziaren (INFONA) 4. eranskina, Baso Suteen Arriskuengatiko Autobabeserako Planak (BSAAP).
2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak eta jarduerak.
Gastu mota hauek ez dira inolaz ere diruz lagungarriak izanen:
a) Dirulaguntza eskatzen duen erakundeak berak egindako lanak, ez eta erakunde eskatzailea bera denean jardueraren emailea edo hornitzailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
b) Garraio elementuak.
c) Administrazio baimenak, lizentziak, baimenak, abal eta fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo tributuak.
d) Kudeaketei, kontratazioei, kontsultei edo administrazio tramiteei lotutako edozein gastu, nahiz eta beharrezkoak izan baimenak edo lizentziak lortzeko.
e) Finantza gastuak, pasiboen berregituraketenak edo birfinantzaketenak, edozein eragiketa motatako banku gastuak.
f) Establezimenduen errentamendu gastuak.
g) Jarduketen mantentze-lanetako gastuak edo soluzio teknologiko baten ezarpenaren ondoko funtzionamenduarekin eta hobekuntzarekin zerikusia duen beste edozein gastu.
h) Izenpetutako aseguruak, zehapen penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.
i) Funtzionamendu gastu arruntak.
j) Erakunde onuradunen mendeko lan harremana duten langile finkoen edo behin-behineko lan kontratudunen ordainsari arruntei dagozkien gastuak.
k) 5.1 atalean hautagarritzat jotzen ez den beste edozein gastu.
Orobat, bermatu beharrez neurria egokitzen dela «Kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioa aplikatzeari buruzko gida teknikoan jasotakoari, eta bat etorriz Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakiaren eranskinarekin, ez dira diruz lagungarritzat joko kontzeptu edo jarduera hauei lotutako gastuak:
a) Erregai fosilekin zerikusia duten jarduerak, horien geroko erabilera barne (salbu eta neurri honen esparruko proiektuek zerikusia badute gas naturala erabiliz elektrizitatea eta/edo beroa sortzeko prozesuekin edo horiei lotutako garraio eta banaketa azpiegiturekin, eta betetzen badituzte «Kalte nabarmenik ez eragitekoa» printzipioa aplikatzeari buruzko gida teknikoaren III. eranskinean ezarritako baldintzak).
b) EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak eta aktiboak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagozkien erreferentziako parametroetatik behera. Aurreikusten bada diruz lagundutako jarduerak sortuko dituen berotegi-efektuko gasen isuriak ez direla izanen dagozkien erreferentziako parametroak baino nabarmen txikiagoak izanen, horri buruzko azalpen arrazoitua eman beharko da. Isurketa eskubideen doako esleipenerako ezarritako erreferentzia-parametroak, isurketa eskubideen merkataritza-araubidearen aplikazio-eremuan inskribatzen diren jarduerei dagokienez, Batzordearen 2021eko martxoaren 12ko 2021/447 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, 2021etik 2025era bitarteko aldian isurketa eskubideak doan esleitzeko erreferentzia-parametroen balio berrikusiak zehazten dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/87/EE Zuzentarauaren 10.bis artikuluaren 2. apartatuari jarraikiz.
c) Hondakinen zabortegiekin eta erraustegiekin lotutako jarduerak (bazterketa ez zaie aplikatuko hondakin arriskutsu birziklaezinak soilik tratatzen dituzten instalazioetako ekintzei, ezta dagoeneko dauden instalazioetakoei ere, neurri honen esparruan abiatzen diren ekintza horien helburua bada energia-efizientzia handitzea, ihes-gasak biltegiratzeko edo erabiltzeko harrapatzea edo errausketen errautsetatik materialak berreskuratzea, baldin eta ekintza horien ondorioz ez bada handitzen instalazioek hondakinak tratatzeko duten ahalmena edo ez bada luzatzen haien bizitza baliagarria; eta, nolanahi ere, inguruabar horiek agiriz frogatu beharko dira instalazio bakoitzeko), ez eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioekin lotutakoak ere (bazterketa ez zaie aplikatuko dagoeneko dauden tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioei, neurri honen esparruan abiatzen diren ekintza horien helburua bada energia-efizientzia handitzea edo instalazioa berrantolatzea gaika bildutako hondakinen birziklatze-eragiketak egiteko –konposta eta biohondakinen digestio anaerobioa, esaterako–, baldin eta ekintza horien ondorioz ez bada handitzen instalazioek hondakinak tratatzeko duten ahalmena edo ez bada luzatzen haien bizitza baliagarria; eta, nolanahi ere, inguruabar horiek agiriz frogatu beharko dira instalazio bakoitzeko).
d) Hondakinak epe luzera ezabatzeagatik ingurumenari kalte egiten ahal dioten jarduerak.
Ez dira inola ere diruz lagunduko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako klima eta ingurumen arloko helburuei kalte nabarmena, zuzenekoa edo zeharkakoa, eragiten dieten jarduketak (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).
Jarduketa guztiek, gainera, bete beharko dute ingurumen arloan aplikatzekoa den Espainiako eta Europako legeria. Ingurumen-ebaluazioko prozedurak errespetatuko dira beti, indarrekolegearekin bat aplikagarri direnean, bai eta ingurumen arloko legeei jarraikiz egin beharreko bestelako eragin-ebaluazioak ere.
6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Emanen den dirulaguntza izanen da uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko planak gauzatzeko beharrezko zenbatekoaren %80 (BEZa kanpo). Onuradun bakoitzeko gehienez ere 3.000 euro emanen dira.
7. oinarria. Eskaerak aurkeztea. Aurkezteko epea eta modua.
1. Epea:
Eskaerak aurkezteko epea 21 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Modua:
a) Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoko dagokion fitxaren bidez. Bertan dagoen formularioa erabili beharko da.
b) Ordezkaritza-ahalorde askietsia duen pertsonaren sinadura elektronikoa erabiliko da eskaera aurkezteko. Eskaeraren sinadura elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien kopia digitalizatuen jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko da.
c) Jakinarazpenak eta komunikazioak eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (HEG) bidaliko dira.
Eskaera bakarra aurkezten ahalko da uholdeen eta baso suteen aurkako autobabeserako eta klima-aldaketara egokitzeko planaren xede den turismo establezimendu edo interes turistikoko azpiegitura bakoitzeko.
8. oinarria. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Dirulaguntza eskaerak deialdi honi dagokion fitxan sartutako eskaera ereduaren arabera aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan.
2. Eskaera-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenak.
–Erantzukizunpeko adierazpena, 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzkoa.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena ez dagoela inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena ez duela zorrik administrazioarekin laguntzak, maileguak edo aurrerakinak itzuli behar izateagatik eta, orobat, ez dagoela berreskuratze agindu baten zain, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena bete egiten duela aplikatzekoa den Espainiako eta Europar Batasuneko araudi guztia (bereziki, lehiaren, kontratazioaren, obren eta horniduren adjudikazioaren eta ingurumenaren arloetakoak) eta konpromisoa hartzen duela bere gain proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren lizentziak eta baimenak eskuratzeko.
–Erantzukizunpeko adierazpena, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta oinarrian aipatutako "de minimis" laguntzei buruzkoa.
3. Dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:
–Adierazpenak, II. eranskinaren araberakoak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruz.
–Aurrekontua, proformako faktura edo faktura, non adierazi beharko baita Turismo establezimenduetan eta jarduera turistikoetan uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko planak egitearen kostua.
–Oinarri hauetan araututako aurrerakina eskatuz gero, finantzaketa beharra edo diruzaintzaren likidezia falta egiaztatzen duten enpresaren diruzaintza egoerak, finantza erakundeen dokumentazioa edo antzeko dokumentazioa.
–Interesdunak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko, baldin eta datuak Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez kontsultatzeko baimena espresuki ukatzen badu, dirulaguntza eskatzeko inprimakian horretarako dagoen laukia markatuta. Aipatutako baimen hori Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago.
4. Eskaerak ez baditu adierazitako betekizunak betetzen edo osorik ez badago, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
9. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen organo kudeatzaileak.
2. Oro har, eta iruzurrari aurrea hartzeko ezarritako arauei jarraikiz, helburu hori lortzeko duten inplikazioa indartuko dute onuradunak hautatzeko eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek, interes-gatazkarik ez dutela dioen adierazpen baten bidez, eta hitzemanen dute adierazpen hori eguneratuta mantenduko dutela baldin eta jatorrizko adierazpena egitean zuten egoera aldatzen bada; izan ere, egoera aldatzeak prozeduran parte hartzea eragotziko die.
3. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez emanen da. Hortaz, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditu egokia eta nahikoa den bitartean, eta 2. oinarri arautzailean proiektu mota bakoitzerako kontsignatutako kredituen arabera.
4. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Turismo Zuzendaritza Nagusiari. Dagozkien dirulaguntzak aurreko zenbakian xedatutakoari jarraituz esleitu ondoren, eskaerei erantzuteko ezarritako aurrekontu baliabideak agortzen badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
5. Turismo Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
6. Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2025eko martxoaren 15ean, egun hori barne.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 7.2 oinarrian adierazitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.
Kontuan hartuz 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan ezarritakoa, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromiso bat non behar diren eskubideak eta sarbideak emanen baitira, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Espainiako agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten. Era berean, onuradunek konpromisoa hartzen dute egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko.
Justifikazioak aintzat hartuko ditu, halaber, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Jarraian aipatutako agiriak atxikiko zaizkio justifikazio inprimakiari. Agiriok eskaneatuta aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko planaren kopia.
b) Eginiko gastu guztiari dagokion faktura; faktura izanen da fakturazio betebeharrak arautzen dituen indarreko fakturazio erregelamenduaren araberakoa, eta, betiere, dirulaguntzaren erakunde onuradunaren izenean jaulki beharko da.
c) Egindako ordainketak justifikatzeko banku-agiriak.
Onuradunak banku transferentzia bidez, ordainagirien zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz eginen ditu ordainketak. Horrela, ordainketen egiaztagiritzat hartuko dira ordainketak finantza erakunde baten bidez egin eta enpresaren kontuan kargatu direla adierazten dutenak. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.
d) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa. Adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
Dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da egindako gastua justifikatzeko, "kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa bete dela frogatzeko eta Suspertze Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema betetzeko, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horrez gain, Espainiako edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak elikatzeko beharrezkoa dena ere eskatzen ahalko da.
4. Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak egiaztatuko du uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko planek barne hartzen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezian (INFONA) adierazitako gutxieneko eduki eta gidalerroak, eta txosten bat eginen du. Gutxieneko eduki eta gidalerroak jasotzen ez badira, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
11. oinarria. Aurrerakinen aurreikuspena.
1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoaren arabera (artikulu hori azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duen irailaren 29ko 26/2022 Foru Legearen artikulu bakarraren bidez aldatu zen), emandako dirulaguntzaren %100eko aurrerakina ematen ahalko da, baldin eta erakunde onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela.
Erakunde onuradunak, behar hori justifikatzeko, finantzaketa beharra edo diruzaintzaren likidezia falta frogatzen duten erakundearen diruzaintza egoerak, finantza erakundeen dokumentazioa edo beste edozein txosten edo antzeko dokumentazioa aurkezten ahalko ditu, laguntza eskaerarekin batera.
2. Aurrerakina dirulaguntza ematen den unean ordainduko da eta erakunde onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkezten duenean erregularizatuko da.
12. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak Turismo Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio jarduketari dagokion ordainketaren ebazpena eta ETE onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubideak ematen dituzten betebeharrak betetzen dituelako akreditazio txostena gehituko du. Horretarako, aurretiaz, Uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko plana egin izanaren justifikazio dokumentazioa aurkeztu eta aztertu behar izanen du, eta dokumentazioa aurkeztuta eta aztertuta egon beharko du, eta plana Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak egiaztatuta, 10. oinarriaren 10.4 puntuan adierazitako baldintzetan.
2. Laguntza ordaintzeko ebazpena 2025eko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
3. Onuradunak oinarri hauetan araututako dirulaguntza aurrerakina jaso badu, honela erregularizatuko da:
–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen ez bada, eskatuko da ordaindutako dirulaguntzaren soberakinari dagokion dirulaguntza itzultzeko, kasuan kasuko berandutze interesarekin batera.
–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen bada, falta den zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emanen da.
13. oinarria. Betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Betebeharrak.
Laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Erakundeek gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, telematikaz. Hilabeteko epea izanen dute adierazpen hori aurkezteko, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita.
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
Dirulaguntzaren aurrerakin bat ematea eskatzen bada, adierazpena dirulaguntza eskaerarekin batera aurkeztuko da eta, ez bada aurkezten, ezin izanen da eskatutako aurrerakina ordaindu.
b) Jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
c) Laguntzen organo kudeatzaileari komunikatzea, hamabost egun balioduneko epean, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin diruz lagundutako plana ezarritako epean ez bada egin behar.
d) Dirulaguntza uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko plana gauzatzeko besterik ezin izanen da erabili.
e) Proiektua eta planean proposatutako inbertsioak (osorik edo zati batean) aurkeztea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak 2025ean onesten duen deialdian, uholdeen eta suteen aurkako autobabeserako eta klima-aldaketara egokitzeko neurrietan inbertitzeko dirulaguntzak ematekoan.
f) Erakunde onuradunak planaren xede den azpiegitura turistikoa jarduera turistikoari atxikita mantenduko du gutxienez 2 urtez eta modu jarraituan dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.
g) Eskaerarekin batera aurkeztu diren erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromisoak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.
h) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen erakunde onuradunek bete behar dituzten betebeharrak betetzea; laguntzaren fitxaren III. eranskinean jasotzen diren horiek, alegia.
Zehazki, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean jasotako neurriak Europar Batasunak finantzatzeari buruzkoan, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan, informazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen arloan jasotako betebeharrak betetzeko, honako logotipo hauek sartu beharko dira uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko planean:
1. Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua-Next Generation EB" testuarekin batera. "SEEParen markaren eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es).
2. Espainiako Gobernuaren Industria eta Turismo Ministerioaren logotipo ofiziala, esteka honetan eskuragarri: https://www.mintur.gob.es/eu-es/servicios/paginas/imageninstitucional.aspx.
3. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logotipoa, esteka honetan eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.
4. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala (Agenda 2030 duena), esteka honetan eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Ez-betetzeak eta ez-betetzeen graduazioa.
Osorik betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da, dagozkion berandutze interesekin batera.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, emandako dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko data arte aurkezten badu, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Justifikazio dokumentazioa 2025eko martxoaren 15a baino beranduago aurkezten bada, baina epea igaro eta 10 egun bukatu baino lehen aurkezten bada, ordainduko den dirulaguntza %5 murriztuko da. Atzerapena 10 egunetik gorakoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubiderik eza deklaratuko da.
Halaber, laguntza justifikatzeko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
Laguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratzen denean, onuradunak esleitutako dirulaguntzaren aurrerakin bat jaso badu, ordaindutako aurrerakina itzultzea eskatuko zaio, dagokion berandutze interesekin batera.
c) Erakunde onuradunak ez badu erabiltzen uholdeen eta baso suteen arriskuari aurre egiteko larrialdietarako eta klima-aldaketara egokitzeko plana gauzatzeko jasotako zenbateko osoa, behar ez bezala erabilitako zenbatekoa eta hari dagozkion interesak itzuli beharko ditu.
d) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak 2025ean onesten duen deialdian, uholdeen eta suteen aurkako autobabeserako eta klima-aldaketara egokitzeko neurrien inbertsioetarako dirulaguntzak ematekoan, proiektua eta planean proposatutako inbertsioak (osorik edo zati batean) aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, eta dagozkion berandutze interesak ere bai.
e) Jarduera turistikoa ez bada aurreko apartatuan exijitutako epean mantentzen, itzuli beharreko zenbatekoa zuzenki proportzionala izanen da betetzeko geratzen den denborarekin, eta dagozkion berandutze interesak ere itzuli beharko dira.
f) Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu betetzen "Kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa edo etiketatze klimatikoa jartzearena, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, dagozkion berandutze interesekin batera.
Nolanahi ere, erakunde onuradunak jaso dituen funtsak itzuli beharko ditu, arau-hausteak eragozten duenean funts europarrak Altxorrera itzultzea, diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbateko berean.
Orobat, erantzukizunpeko neurrien inguruko irregulartasunik aurkitzen bada Espainiako edo Europako erakundeek egindako kontrolen batean, eta hark eragozten badu funtsak Altxorrera itzultzea, onuradunak itzuli beharko du diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbatekoa.
14. oinarria. Dirulaguntzen arteko bateragarritasuna eta finantzaketa bikoitzik eza.
Deialdi honetan araututako laguntzak bateragarriak dira Espainiako edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen ahal dituzten dirulaguntza edo laguntzekin, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritakoa betetzen bada, hots, ezin direla Batasuneko laguntza bat baino gehiago baliatu kostu bera finantzatzeko. Orobat, laguntzok bateragarri izateko baldintza izanen da horien guztien baturak, bakarrik edo beste batzuekin batera, ez gainditzea finantzatutako jardueraren kostua eta ez eragitea murrizketa bat finantzatutako jarduera gauzatzeko onuradunari eskatzen zaion berezko finantzaketaren zenbatekoan. Kostu berberak finantzatzeko beste funtsen bat (ez bakarrik Europakoak) baliatu badu, onuradunak horren berri eman beharko du.
Horretarako, bai eskatzaileek (eskabidea aurkezteko unean) bai onuradunek (justifikazioa aurkezteko unean) diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko zer laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide jaso dituzten komunikatu beharko dute.
15. oinarria. "De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskabide-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude. Deialdiaren organo kudeatzaileak, hala dagokionean, emandako informazioa DDBNean (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/concesiones/minimis) erregistratutakoarekin kontrastatu eta osatuko du.
16. oinarria. Iruzur arriskuaren ebaluazioa.
Iruzurra, ustelkeria, eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeari dagokionez, deialdi hau Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien planaren mende dago (23/2022 Foru Agindua, maiatzaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onesten duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko). Departamentu hori, egun, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua da.
Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena, eta halaber, onuradunak hautatu eta baldintzak betetzearen egiaztapen prozeduran parte hartzen duten guztiei dagokiena. Adierazpen hori eguneratuta mantentzeko konpromisoa hartzen dute, egoera aldatzen bada jatorrizko adierazpenaren aldean, horrek galaraziko baitie prozeduran parte hartzea.
Orobat, laguntzaren eskatzaileek beren "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA) aurkeztuko dute, II. eranskinekoa ("Adierazpenak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruz").
17. oinarria. Interes-gatazkak ebaztea.
Deialdi honen administrazio organo arduradunaren titularrak Iruzurraren aurkako neurrien planean eta urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan ezarritako zuzentzeko eta iruzurrari jazartzeko neurriak hartuko ditu.
Aipatu FFP/55/2023 Aginduaren aplikazio-eremuan, eta deialdian parte hartzen duten eskatzaileen titulartasun errealari buruzko daturik ez badago ZAEAren datu-basean, honako prozedura hau bete beharko da:
Operazioaren arduradunak MINERVAn sartuko du eskatzailearen identifikazioa eta ZAEAk egiaztatuko du erakundearen titulartasun errealaren daturik ez duela. Ondoren, ZAEAn informaziorik ez dagoela adieraziko duen erantzun bat jasoko du arduradunak eta indarrean dagoen prozeduran aurrera egin ahal izanen du.
Edonola ere, aldi berean, organo kudeatzaileak deialdiko parte-hartzaileei eskatzen ahalko die haien titulartasun errealei buruzko informazioa, baldin eta ZAEAk ez badu kontsultatuko diren erakundearen titulartasun errealari buruzko informazioa eta hala adierazi badio eragiketaren arduradunari dagokion bandera beltzaren bidez. Informazio hori organo kudeatzaileari eman beharko zaio, informazio eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.
Informazio hori adierazitako epean ez ematea dirulaguntzak emateko prozeduratik kanpo gelditzeko arrazoia da.
18. oinarria. Laguntzen gaineko kontrola.
Bai dirulaguntzak emateko fasean, bai horiek ordaintzekoan edo ondoren, dirulaguntza ematen duen organoak, bai eta kontrolerako organo eskudunek ere, barnean direla 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan jasotakoak, egokitzat jotzen dituzten kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko dituzte, emandako laguntza behar bezala gauzatu dela ziurtatzeko. Horrela, bada, eskatzaileak behartuta daude laguntza ematera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio ematera. Era berean, onuradunek konpromisoa hartzen dute egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko. Egiaztapen eta ikuskapen horiek eragozteak laguntza itzultzea ekartzen ahal du, ukatu gabe dagokion zehapen prozedura tramitatzea.
Artikulu horietan ezarritakoaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromisoa, behar diren eskubideak eta sarbideak errazteko, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten.
Justifikazioak aintzat hartuko ditu, halaber, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak.
Dirulaguntza ematen duen organoak neurriak hartuko ditu iruzurrari eta ustelkeriari aurrea hartu, antzeman eta haiek jakinarazi eta zuzentzeko, eta halaber interes gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua eta urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Agindua betez.
Administrazioak eta 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako erakundeek Benetako Titulartasunen Erregistroetan jasotako informazioa eskuratzen ahalko dute, bai eta administrazioaren beste datu base guztietan jasotakoa ere, titular errealen inguruko datu horiek eman ahal izateko.
Laguntza hauen gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.
19. oinarria. Laguntzen publizitatea.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
20. oinarria. Aplikatu beharreko araudia.
Foru agindu honetako dirulaguntzak arautuko dira foru aginduan bertan, oinarri arautzaileetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera. Orobat, dirulaguntzok bete beharko dute honako honetan xedatutakoa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena, bai eta gai horri buruzko Europar Batasuneko gainerako arauak eta horiek garatzeko edo transposiziorako estatu mailako arauak ere.
–«Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa aplikatzeko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (2021/C 58/01)».
–36/2020 Errege Lege-dekretua, abenduaren 30ekoa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena.
–HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzen duten prozeduretako interes gatazkaren arriskuaren azterketa sistematikoari buruzkoa.
–HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena.
–HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, autonomia erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko erakundeek jakinarazi beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen duena, jarraipena egiteko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuen betetze-mailari eta hango neurrien aurrekontu eta kontabilitatearen betetze-mailari.
21. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
II. ERANSKINA.–ADIERAZPENAK, SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN (SEEP) JARDUKETAK GAUZATZEARI BURUZKOAK
Prozedura: turismo establezimenduetan uholdeen eta suteen aurkako autobabeserako eta klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko dirulaguntzen deialdia. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana-Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU".
Nik, ....................................................................(IFZa: ..........................), .............................................................................................................. erakundearen (IFKa: .............................) ORDEZKARIA naizen aldetik, eta erakunde horrek SEEPeko baliabideen bidez finantzatutako laguntzak jaso dituela eta, honako hauek egiten ditut:
1. Interes-gatazkarik ezaren adierazpena:
Goian aipatutako prozeduran inpartzialtasuna bermatu beharrez, agiri hau sinatzen duenak honako hauek adierazten ditu:
Lehenengoa.–Honako hauen berri duela:
1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduak (EBko Finantza Erregelamendua) 61.3 artikuluan ezartzen duenez, "interes-gatazka egonen da funtzioen betetze inpartziala eta objektiboa arriskuan jartzen denean arrazoi familiarrengatik, afektiboengatik, kidetasun politiko edo nazionalengatik, interes ekonomikoengatik edo interes pertsonaleko zuzeneko edo zeharkako edozein arrazoirengatik".
2. Sektore Publikoko Kontratuei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 52. artikuluaren (Interes-gatazkak konpontzea) helburua da lehiaren edozein distortsio saihestea, prozeduraren gardentasuna bermatzea eta hautagai eta lizitatzaile guztiei tratu-berdintasuna bermatzea.
3. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ("Abstenitzea") ezartzen duenez, prozeduran esku hartzetik abstenituko dira hurrengo apartatuan adierazitako egoeraren batean dauden administrazioetako agintari eta langileak:
a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo besteren batean, baldin eta horren ebazpenak eragin badiezaioke; sozietate edo erakunde interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.
b) Ezkontza-lotura edo antzeko egitatezko egoera izatea, eta ahaidetasuna izatea, laugarren gradurainoko odolkidetasunezkoa edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunezkoa, interesdunetako edozeinekin, erakunde edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, bai eta prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin ere, edo haien bulego berekoa izatea edo haiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzarako.
c) Aurreko letran aipaturiko pertsonetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.
d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko gisa parte hartua izatea.
e) Gaian zuzeneko interesa duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu harremana izatea edo pertsona horri, azken bi urteetan, zerbitzu profesionalak eskaini izana, edozein motatakoak eta edozein baldintza eta tokitan.
Bigarrena.–Ez dagoela EBko Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan adierazitako interes-gatazkatzat har daitekeen inolako egoeratan, eta ez duela Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan jasotako abstentzio-kausarik, aipatutako prozedurari eragin diezaiokeenik.
Hirugarrena.–Konpromisoa hartzen duela geroratu gabe jakinarazteko dagokion organoari egoera hori dakarren edo ekar dezakeen edozein interes-gatazka edo abstentzio-kausa.
Laugarrena.–Badakiela ezen, adierazten bada interes-gatazkarik ez dagoela eta frogatzen bada hori faltsua dela, horrek aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen ondorioak izanen dituela diziplina, administrazio edo justizia aldetik.
2. Datuen lagapenaren eta tratamenduaren adierazpena:
Agiri hau sinatzen duenak adierazten du aplikatu beharreko araudia ezagutzen duela, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluaren apartatu hauek:
1. 2. apartatuko d) letra: «Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan, honako datu-kategoria bateratu hauek biltzea, bilaketak egitea ahalbidetuko duen formatu elektroniko batean eta datu-base bakar batean, eraberritze eta inbertsio proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko:
I. Funtsen azken hartzailearen izena;
II. Kontratistaren eta azpikontratistaren izenak, baldin eta funtsen azken hartzailea adjudikazio-botere bat bada, kontratazio publikoaren arloko Batasuneko edo Estatuko zuzenbidearen arabera;
III. Funtsen hartzaile errealen edo kontratistaren izen-abizenak eta jaiotza-datak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/849 (EB) Zuzentarauaren (26) 3. artikuluko 6. puntuan definitzen denaren arabera;
IV. Suspertze eta erresilientzia planaren esparruan eraberritze- eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurrien zerrenda, neurri horien finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoarekin batera, eta Mekanismoaren eta Batasuneko beste funts batzuen esparruan ordaindutako funtsen zenbatekoa adierazita».
2. 3. apartatua: «Artikulu honetako 2. apartatuko d) letran aipatutako datu pertsonalak Batasuneko estatuek eta Batzordeak baino ez dituzte tratatuko, aurrekontu-kudeaketaren onespenari eta 15. artikuluko 2. apartatuan eta 23. artikuluko 1. apartatuan aipatutako akordioen aplikazioari lotutako funtsen erabilerari dagozkion kontrol-prozedurei buruzko auditoretzaren ondorioetarako eta auditoretza horrek iraun bitartean. Batzordearen kudeaketa onesteko prozeduraren esparruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 319. artikuluarekin bat etorrita, Mekanismoak txostenak aurkeztu beharko ditu Finantza Erregelamenduaren 247. artikuluan aipatutako finantza-informazioaren eta kontu-ematearen esparruan, eta, zehazki, bereizita, kudeaketari eta errendimenduari buruzko urteko txostenean».
Azaldutako esparru juridikoarekin bat, datuak lagatzeko eta tratatzeko adostasuna adierazten du, aipatutako artikuluetan berariaz zerrendatutako helburuetarako.
3. Zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoaren adierazpena:
Agiri hau sinatzen duenak adierazten du ordezkatzen duen pertsonak/erakundeak arau juridiko, etiko eta moralei dagokionez estandar zorrotzenak betetzeko konpromisoa hartzen duela, horretarako, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko eta detektatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela, eta, hala badagokio, ikusitako ez-betetzeen berri emanen diela agintariei.
Horrez gain, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren edukiari kasu eginez, plan horren esparruan egiten diren jarduketak gauzatzean ekonomia zirkularraren printzipioa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa («DNSH» sigla ingelesez, «do no significant harm») errespetatzeko konpromisoa hartzen du. Gainera, adierazten du ez dagoela finantzaketa bikoitzik, eta, kasua bada, ez duela Estatuko laguntzen araubidearekiko bateraezintasun arriskuaren berri.
4. Sei ingurumen-helburuei kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH) betetzeko adierazpena:
Agiri hau sinatzen duenak konpromisoa hartzen du bere gain DNSH printzipioa (kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa) betetzeko, garatu beharreko proiektuaren edo jardueraren bizi-zikloaren fase guztiak kontuan hartuta, bai proiektua ezartzen den bitartean, bai balio-bizitzaren amaieran, hala ezarrita baitago Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021/241 (EB) Erregelamenduan; hortaz:
1. EZ DIE KALTE NABARMENIK ERAGITEN 2020/852(EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan aipatzen diren SEI INGURUMEN-HELBURUEI; honako hauei, alegia:
a) Klima-aldaketa arintzea. Jarduera batek klima-aldaketa arintzeko helburuari kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, baldin eta berotegi-efektuko gasen (BEG) isuri handiak eragiten baditu.
b) Klima-aldaketara egokitzea. Jarduera batek klima-aldaketara egokitzeko helburuari kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, baldin eta oraingo baldintza klimatikoen eta etorkizunerako aurrez ikusitakoen ondorio txarrak areagotzen baditu, bai jarduerari dagokionez, bai pertsonei, naturari edo aktiboei dagokienez.
c) Baliabide hidrikoen eta itsas baliabideen erabilera jasangarria eta babesa. Jarduera batek baliabide hidrikoen eta itsas baliabideen erabilera eta babes jasangarriei kalte nabarmena eragiten diela jotzen da, baldin eta kaltea eragiten badie ur-masen –azaleko urak eta lur azpikoak– egoera onari edo potentzial ekologiko onari eta itsas uren egoera ekologiko onari.
d) Ekonomia zirkularra, hondakinen prebentzioa eta birziklatzea barne. Jarduera batek ekonomia zirkularrari –hondakinen prebentzioa eta birziklatzea barne– kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, kasu hauetan: efizientzia gabezia ugari eragiten baditu materialen erabileran edo baliabide naturalen zuzeneko edo zeharkako erabileran; hondakinen sorrera, tratamendu mekaniko-biologikoa, errausketa edo zabortegietako biltegiratzea nabarmen areagotzen baditu, edo hondakinen epe luzerako ezabaketak ingurumenerako kalte nabarmena eta epe luzerakoa eragiten ahal badu.
Helburu hori betetzeko, honako hauek hartu beharko dira kontuan edozein obra egiterakoan:
–Jarduketak bete behar du Europan ezarritako helburu hau: eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan) –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala– berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuko dira, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz hondakinen hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europar Batasunaren protokoloarekin.
–Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden jardunbide onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabiliz.
–Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute, batez ere, nola dauden diseinatuak baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko, horretarako erabiliz eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak.
e) Atmosferaren, uraren edo lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta kontrola. Jarduera batek kutsaduraren prebentzioari eta kontrolari kalte nabarmena eragiten diela jotzen da, baldin eta nabarmen areagotzen badu atmosferara, uretara edo lurzorura isuritako kutsatzaileen kopurua.
f) Biodibertsitatearen eta ekosistemen babesa eta leheneratzea. Jarduera batek biodibertsitatearen eta ekosistemen babesari eta leheneratzeari kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, baldin eta kalte egiten badie ekosistemen baldintza onei eta erresilientziari edo kalte egiten badio habitat eta espezieen kontserbazio-egoerari, bereziki Batasunaren interesekoen kontserbazio-egoerari.
Helburu hori betetzeko, honako hauek hartu beharko dira kontuan edozein obra egiterakoan:
–Eraikuntzako jarduera berriak biodibertsitatearekiko sentikorrak diren eremuetan edo haietatik hurbil egitekoak badira, hori aipatu beharko da. Orobat, jarduerek habitaten eta espezieen kontserbazio-egoera kaltetzen ahal badute, hori aipatu beharko da. Izan ere, erantzuna baiezkoa bada, Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6. eta 12. artikuluetan eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren 5. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
–Adierazi beharko da, halaber, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa (IIE) edo bahetzea eginen den, IIEei buruzko Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.
2. ERAKUNDE ESKATZAILEAK EZ DU BETETZEN JARDUERA BAZTERTURIK, "kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa aplikatzeko gida teknikoan adierazitakoarekin bat, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren ondorioz.
Hauek dira jarduera baztertuak:
–Petrolio findegiak.
–Ikatz-zentral termikoak eta erregai fosilen erauzketa.
–Elektrizitatea edo beroa sortzea erregai fosilak erabiliz eta horien garraio eta banaketarako azpiegiturarekin lotutakoak.
–Hondakinen ezabaketa (esate baterako, nuklearrak, ingurumenari epe luzeko kalteak eragiten ahal dizkiotenak).
–Hondakinak zabortegian uzteko instalazioetako inbertsioak, edo tratamendu biologiko mekanikorako (MBT) instalazioetako inbertsioak, horien edukiera edo balio-bizitza luzatzea ekartzen dutenak (hondakin arriskutsu ez birziklagarrien tratamendurako instalazioak izan ezik).
–EBko isurketa eskubideen merkataritza araubideak estalitako jarduerak (Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritza araubidea arautzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legearen I. eranskinaren arabera).
3. ERAKUNDE ESKATZAILEAK AURREIKUSTEN DU PROIEKTUAK EZ DUELA ZUZENEKO ONDORIORIK IZANEN INGURUMENEAN, EZ ETA ZEHARKAKO ONDORIO PRIMARIORIK ERE, hau da, proiektua edo jarduera bukatuta gertatzen ahal direnak.
Adierazpen honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, itzuli egin beharko dira jasotako laguntzak eta dagozkien berandutze-interesak, dagokion itzultze-prozedura bete ondoren.
5. Iruzurraren aurka borrokatzeko adierazpena (OLAF):
Agiri hau sinatzen duenak behar diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu bermatzeko Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintari eskudunek beren eskumeneko eginkizunak eginen dituztela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren laguntzei loturik.
Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan aurreikusitako baimena ematen du, berariaz eman ere.
..................................(e)n, ............(e)ko ..........................aren ........................(e)(a)n.
Sinadura:
Kargua:
III. ERANSKINA.–SUSPERTZE ETA ERRESILIENTZIA MEKANISMOARI LOTUTAKO BETEKIZUN ETA OBLIGAZIO BERARIAZKOAK
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako dirulaguntzen erakunde onuradunek Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari buruzko betebeharrak (Europakoak eta Espainiakoak) bete beharko dituzte. Horretarako, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Batasuneko erakundeen kontrol jarduketak onartuko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluaren arabera. Horretarako, eskatzaileek foru agindu honen II. eranskina bete beharko dute, eta eskaerarekin batera aurkeztu.
b) Men egin beharko diete Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak, Europako Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen bestelako egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontrolekoei, edo Estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo zein -agintari eskudunek egin ditzaketenei, betiere bat etorriz Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin; horretarako, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, eta ahalegin guztiaz jardunen dira, elkarlanean, hala Estatuko nola Europar Batasuneko finantza-interesak babestearen alde, eta aipatu organo eta agintari horiei informazioaren gaineko eskubidea eta sarbidea emanen diete.
c) Dagokien laguntza onartutakoan, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuarengandik zein bestelako organo edo agintari eskudunengandik jasotako jarraibideei men egiteko konpromisoa hartuko dute, berariaz, jarraibide horiek zerikusia dutenean hala Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa nola Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatu edo kudeatzeko onets litekeen edozein araurekin, izan Europar Batasunekoa edo Estatukoa. Funtsen ikuskapen eta kontrolerako, bada, formatu elektronikoan bilduko dituzte datuen kategoria harmonizatuak. Kategoria horiek jasota daude Europako Parlamentuak eta Kontseiluak otsailaren 12an emandako 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan.
d) Funtsen erabilerari lotutako auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, eta Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraberritze-jarduketetara eta inbertsio-proiektuetara bideratutako neurriei loturik, onuradunek Turismo Zuzendaritza Nagusiaren esku jarri beharko dute funtsen amaierako hartzailearen datuen informazioa, onuraduna bera ez denean, eta kontratisten gaineko informazioa, amaierako hartzailea adjudikazio-boterea denean, hori guztia betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Informazio horrek irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorrita egon beharko du eskuragarri.
e) Haien erantzukizunak izanen dira diruz lagundutako jarduketen gauzatzearen fidagarritasuna eta jarraipena, une oro ezagutu ahal izateko jarduketa bakoitzaren lorpen maila eta horri dagozkion mugarri eta helburuen betetze maila.
f) Mekanismo egokiak eratu beharko dituzte ziurtatzeko hirugarrenek gauzatu beharreko jarduketak lagungarriak direla aurreikusitako helburuak lortzeko, eta, kasua bada, hirugarren horiek ematen dutela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarraipenerako adierazleen balioa zehazteko behar den informazioa.
g) Dirulaguntza honen esparruan egindako jarduketei dagokienez, beren gain hartuko dute auditoretzako arrasto egokia mantentzeko ardura eta dokumentazio euskarria gordetzeko betebeharra. Informazio emate hori eginen da Ogasunaren eta Funtzio Publikoaren Ministerioak ezartzen duen moduan, Espainiako eta Europar Batasuneko araudiak betez.
h) Bermatuko dute bete-betean betetzen direla "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta etiketatze klimatikoa eta digitala egiteko betebeharra, bat etorriz honako hauetan xedatutakoarekin: Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsitako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena); 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikulua, hark ezartzen baitu esparru bat inbertsio jasangarriak errazteko, eta aldatzen baitu 2019/2088 (EB) Erregelamendua, era horretan betetzeko «kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioaren aplikazioari buruzko Gida Teknikoa (2021/C 58/01); irailaren 29ko HFP/1031/2021 Agindua; 14. osagaian aurreikusitako baldintza berariazkoak, eta bereziki Planaren Osagaiaren dokumentuko 3. eta 8. ataletan jasotakoak, kokatzen den inbertsioarekin lotuta; eta, orobat, Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren balorazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakian eta haren eranskinetan eskatutakoa. Laguntzaren xede diren proiektu guztiek, diseinu-, gauzatze- eta justifikazio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, errespetatu beharko dute "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa.
i) Laguntzaren onuradun den erakundeak dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean azpikontratatzen badu, mekanismo batzuk aurreikusi beharko ditu bermatzeko kontratistek eta azpikontratistek betetzen dituztela "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa eta funtsen amaierako hartzailea identifikatzekoa.
j) Azpiko gastuaren erregulartasuna bermatu beharko dute, eta neurriak hartu beharko dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, atzeman eta zuzentzeko, bai eta interes-gatazkak eta finantzaketa bikoitza (proiektuak gauzatzeko prozeduretan) ekiditeko ere, bat etorrita irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. eta 7. artikuluekin.
k) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako jardueraren dokumentazioa gorde eta zainduko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz. Ildo horretan, laguntza jasotzen dutenek frogagiriak eta finantzaketari dagozkion gainerako dokumentuak bost urtez gorde behar dituzte formatu elektronikoan, azken saldoaren ordainketa egiten denetik. Epe hori hiru urtekoa izanen da finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada.
l) Jarduketa gauzatzeko obraren bat egin behar bada, onuradunek bermatuko dute, obraren ezaugarrien arabera, ez zaiola kalterik eraginen erregelamendu horretan ezarritako sei ingurumen helburuetako bati ere, eta konpromiso hauek hartuko dituzte:
1. Azpiegitura proiektuetako eraikuntza eta eraispen lanetan sortutako hondakinen %70 (pisuan), gutxienez –alde batera utzita EHZ 17 05 04 kodea duten hondakinak– berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk birbalorizatzeko prestatzeko konpromisoa, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, hondakinen hierarkiaren eta EBren eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketarako protokoloaren arabera.
2. Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabiliz.
3. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasuna sustatuko dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari dagokionez, eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko, eta nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez efizienteagoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko, eraikuntza eta eraispen hondakinetarako eskura dauden sailkapen sistemak erabiliz.
4. Neurri honetan aurreikusitako jarduketak egiteko erabilitako osagaiek eta eraikuntza materialek ez dute amiantorik edukiko, ezta substantzia oso kezkagarririk ere. Substantzia horiek 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskineko baimenaren mendeko substantzien zerrendan daude identifikaturik. Eraikingintzan erabiltzen diren eta erabiltzaileekin kontaktuan jar daitezkeen eraikuntzako osagai eta materialen formaldehido isuria 0,06 mg-koa baino txikiagoa izanen da materialaren edo osagaiaren m³ bakoitzeko, eta 1A eta 1B kategorietako konposatu organiko lurrunkor kantzerigenoen isuria, berriz, 0,001 mg-koa baino txikiagoa izanen da material edo osagaiaren m³ bakoitzeko, aldez aurretik proba egin ondoren bat etorriz CEN/TS 16516 eta ISO 16000-3rekin edo proba estandarizatuen beste baldintza batzuekin eta antzeko determinazio-metodoekin. Gainera, obraren fasean neurriak hartuko dira zarata, hautsa eta emisio kutsatzaileak murrizteko, eta neurri horiekin lotutako jarduerak gauzatuko dira, betiere indarreko araudi aplikagarria betez, lurzoruak eta ura kutsatzeari dagokionez.
5. Inbertsioen barnean eraispenen bat egin behar bada, eraispen selektiboa egin beharko da.
6. Birgaitzeko jarduketak egiten direnean biodibertsitatearekiko sentikorrak diren eremuetan (barne direla gune babestuen Natura 2000 sarea, UNESCOren Munduko Ondareko lekuak, biodibertsitaterako funtsezkoak diren eremuak eta babestutako beste eremu batzuk) edo hurbileko eremuetan, bete beharko dira Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6 (3) eta 12. artikuluak eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren 5. artikulua. Gainera, nahitaezkoa denean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eginen da, IEE Zuzentarauaren arabera.
7. Eraikinen birgaitzeari dagokionez, kontuan hartuko dira eraikinen efizientzia energetikoari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideak, ia energia-kontsumorik ez duten eraikinak izan daitezen, era horretan, energia primario berriztaezinaren kontsumoa nabarmen murrizteko.
8. Birgaitzeko neurriek lagundu behar dute eraikinak aldaketa klimatikora egokitzen. Horretarako, ahal diren egokitze-irtenbideak hartuko dira, lehendik dauden eraikinek ematen dituzten aukeren barnean, eta eraikin babestuak izanez gero, posible diren heinean. Neurri horietako batzuk dira, besteak beste: landare-estalkiak, eguzki-oihalak, itzaleztatze-eremuak, etab.
m) Komunikatzeko betebeharrak. Onuradunek bete beharko dituzte honako hauetan ezarritako betebeharrak informazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen alorrean: Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikulua (erregelamendu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako neurrien Europar Batasunaren finantzaketari buruzkoa da) eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikulua. Jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarkiak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:
1. Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua-Next Generation EB" testuarekin batera. "SEEParen markaren eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es).
2. Espainiako Gobernuaren Industria eta Turismo Ministerioko logotipo ofiziala esteka honetan eskuragarri: https://www.mintur.gob.es/eu-es/servicios/paginas/imageninstitucional.aspx.
3. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logotipoa esteka honetan eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.
4. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala (Agenda 2030 duena), esteka honetan eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
Informazio kartel eta plaka guztiak ongi ikusteko moduko eta jendea iristen ahal den leku batean jarri beharko dira.
n) Onuradunak SEMi buruzko Batasunaren xedapen guzti-guztiak betez jardun beharko du, Nafarroako Foru Komunitateak eta Espainiako Gobernuak arlo honetan ematen dituzten arauekin bat.
Iragarkiaren kodea: F2414574
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
