221. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

233/2024 EBAZPENA, urriaren 11koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez dei egiten baita Estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko irakasle funtzionarioentzat.

Hala ezartzen baitu bere seigarren xedapen gehigarriko lehenbiziko apartatuan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, funtzionario publiko direnen estatutu-araubidearen oinarrietan dago "Estatu mailako lekualdatze-lehiaketen bidez" beteko direla lanpostuak.

Xedapen gehigarri horren 3. apartatuan ezartzen da hezkuntzako administrazioek aldian-aldian Estatu osorako lekualdatze-lehiaketen deialdiak egin behar dituztela, haien mendeko ikastetxeek finkatzen dituzten lanpostu hutsak bete ahal izateko. Horrez gainera, beren kudeaketa esparruko funtzionarioei beste hezkuntza administrazio batzuetako lanpostuetara jo ahal izateko aukerabidea bermatu behar diete eta, halakorik bada, lehiaketaren ondorioz sortzen diren lanpostuen esleipena egin beharra dute. Lehiaketa hauetan irakasle funtzionario publiko guztiek parte har dezakete, kontuan hartu gabe zein hezkuntza administraziotakoak diren edo nondik sartu ziren, baldin eta betetzen badituzte kasuan kasuko plantillaren edo lanpostu-zerrenden arabera deialdi bakoitzean ezartzen diren betebehar orokorrak eta berariazkoak.

Bestalde, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen Estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautzen dituenak) 7. artikuluan ezartzen du bi urtez behin eginen direla Estatu mailako lekualdatze-lehiaketak. Kontuan harturik lehiaketa horien deialdia 2022-2023 ikasturtean egin zela, ikasturte honetan egin beharra dago aipatu arauan xedatutako Estatu mailako lehiaketaren deialdia.

Era berean, urriaren 1eko EFD/1056/2024 Aginduak ezartzen du zer prozedura-arau aplikatu behar zaien Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 1/2006 Lege Organikoan jasotzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat 2024-2025 ikasturtean egin beharreko Estatu mailako lekualdatze-lehiaketetarako deialdiei.

Horiek horrela, eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketarako deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera.

Iruñean, 2024ko urriaren 11n.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

LEKUALDATZE-LEHIAKETAREN DEIALDIKO OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Lekualdatze-lehiaketarako deia egiten da, deialdi honetan aipatzen diren zehaztapenekin bat, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko irakasle funtzionarioei dagozkien lanpostu hutsak betetzeko.

Bigarrena.–Borondatez parte har dezaketenak.

1. Karrerako funtzionarioak, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende daudenak.

1.1. Deialdi honetan borondatez parte hartzen ahalko dute deialdiaren lehenbiziko oinarrian aipatzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek, baldin eta ondoko egoeraren batean baldin badaude:

A) Jardunean egotea eta behin betiko destinoa izatea Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko edo Hezkuntza Departamentuaren mendeko Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko lanpostu batean, betiere ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez, bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

B) Zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea, gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen Hezkuntzako Ikuskapeneko lanpostu batetik deklaratuta, baldin eta ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez, bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

C) Borondatezko eszedentzian egotea, gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen Hezkuntzako Ikuskapeneko lanpostu batetik deklaratuta, baldin eta ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez, bi urte igaro badira aipatutako egoerara pasatu zirenetik.

D) Eginkizun-gabetze egoeran egotea, gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen ikastetxe batetik deklaratuta, baldin eta ikasturte hau amaitzen denerako bukatzen bazaie eginkizun-gabetzeko diziplina zehapenaren indarraldia.

Atal honetan (1.1) ezarritako ondorioetarako, 2025eko abuztuaren 31 hartuko da ikasturtearen bukaerako data gisa.

E) Behin betiko betetzen zuten plaza edo lanpostua gordetzeko eskubidea galduta izatea, Administrazioan zerbitzu-eginkizunetan beste lanpostu bat betetzeagatik.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren funtzionarioek destinoa lortzen badute lehiaketa honetan, esleitutako lanpostuan hasiko beharko dute, eta ulertuko da uko egiten diotela ordura arte zerbitzu-eginkizunetan betetzen zuten lanpostuari.

1.2. Oinarri honetako 1.1 atalean aipatzen diren parte-hartzaileek, halaber, beste hezkuntza administrazio batzuek egindako deialdietako lanpostuak sartzen ahalko dituzte eskabidean, baldin eta behin betiko lehen destinoa lortu badute Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko edo Nafarroako Foru Komunitatearen kudeaketa esparruko Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko lanpostuetan, eta deialdi horietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. Beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioak.

Beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioek deialdi honetako lanpostuak eska ditzakete, deialdiko betebeharrak eta baldintzak betez gero.

Langile horiei eskatuko zaie lehenengo behin betiko destinoa lortu izana hautatuak izateko erabilitako deialdiari dagokion hezkuntza administrazioaren kudeaketa esparru berean, salbu eta deialdian betebehar hori eskatu ez bazen, bat etorriz urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatuarekin.

Hirugarrena.–Nahitaez parte hartu behar dutenak.

1. Deialdi honetan nahitaez parte hartu behar dute deialdiaren lehenengo oinarrian aipatzen diren kidegoetako funtzionarioek, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren mende daudenek, hauetako egoeraren batean baldin badaude:

A) Nahitaezko eszedentzian dauden karrerako irakasle funtzionarioak, behin-behinekoz itzultzea lortu ez dutenak, baldin eta eszedentzia deklaratu bazen gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen Hezkuntzako Ikuskapeneko lanpostu batean ari zirelarik.

B) Kanpoko lanpostuei atxikita egon ondoren, 2025-2026 ikasturtean Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapeneko lanpostuetara itzuli behar duten irakasle funtzionarioak, edo, aurreko ikasturteren batean itzulita ere, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenak.

C) Epai bat bete edo errekurtso bat ebaztearen ondorioz, edo behin betiko zuten lanpostua berariaz kendu zaielako, behin betiko destinoa galdu duten karrerako irakasle funtzionarioak.

Atal honetan sartzen dira Administrazioan beste lanpostu bat betetzeagatik lanpostu gordea galdu duten funtzionarioak, baldin eta zerbitzu-eginkizunak amaitu badituzte.

Deialdi honen ondorioetarako, kendutako lanpostutzat hartuko dira, bakar-bakarrik, ebazpen formal eta banan-banan egindakoaren bidez berariaz kendu direnak.

2. Lehiaketan parte hartzera beharturik dauden irakasleei, parte hartzen ez badute edo, parte hartuta ere, lanpostu aski eskatzen ez badute, libreki esleituko zaie behin betiko destinoa, eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten lanpostuetan. Behin betiko destinoa lortzen ez badute, behin-behineko destinoko egoeran geratuko dira.

Laugarrena.–Deialdiko lanpostuak eta haien argitalpena.

Urriaren 1eko EFD/1056/2024 Aginduaren bosgarren apartatuan aurreikusitako datetan zehaztuko dira deialdi honetan bete beharreko behin-behineko eta behin betiko lanpostu hutsak (agindu horren bidez prozedura-arauak ezartzen dira, 2024-2025 ikasturtean egin beharreko Estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan aplikatu beharrekoak, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 1/2006 Lege Organikoko irakasle kidegoetako funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketetan), eta jendaurrean jarriko dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Ondorio horietarako, hezkuntza plangintzan aurreikusiak dauden plaza edo lanpostu hutsak sartuko dira, kontuan hartuta plantillaren egonkortasun irizpideak, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituenak behin betiko destinoak lortzeari begira.

Orobat, sartuko dira erretiroen, heriotzen edo lanpostua erreserbatzeko eskubiderik gabeko eszedentzien ondorioz sortzen diren plaza edo lanpostu hutsak, gutxienez, 2024ko abenduaren 31ra bitarte sortzen direnak, baldin eta haiek funtzionatzen jarraitzea aurreikusia badago hezkuntza plangintzan, kontuan hartuta plantillaren egonkortasun irizpideak, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituenak behin betiko destinoak lortzeari begira.

Bosgarrena.–Parte-hartzaileek eska ditzaketen lanpostuak.

1. Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek Hezkuntza Departamentuan dauden lanpostuak eskatzen ahalko dituzte.

2. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzeko, EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla frogatu beharko dute.

Seigarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Parte-hartzaile guztiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte parte hartzeko eskabidearekin batera:

A) Urriaren 1eko EFD/1056/2024 Aginduaren IV. eranskin gisa argitaratutako baremoaren 2., 3., 4.1 eta 4.2 ataletan aipatzen diren merezimenduak baloratzeko egiaztagiriak. Agindu horren bidez ezarri zen zer prozedura-arau aplikatu behar diren 2024-2025 ikasturtean egin beharreko Estatu mailako lekualdatze-lehiaketetarako deialdietan, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan adierazitako irakasle kidegoetako funtzionarioen, hezkuntza sistemaren eskola irakaskuntzak ematen dituztenen, eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioen lekualdatzerako.

B) Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

C) Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz erantsiko ditu baremoko 1. eta 4.3 atalei dagozkien merezimenduak, parte-hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioaren arabera.

Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du norberaren zerbitzu-orrian ageri den euskara titulua hizkuntza horretan ematen den lanpostu bati atxikitako funtzionarioentzat, non eta parte-hartzaileek ez duten aurkezten, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, merezimenduen baremoko 4.4 atalean aipatutako euskara tituluaren frogagiria.

2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira parte hartzeko betebehar guztiak eta alegatutako merezimenduak.

3. Gaztelaniara edo euskarara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko berezko hizkuntza ofizialean idatzitakoak, salbu eta euskaraz idatzita daudenak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Zazpigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi honetan parte hartzen dutenek eskabide bakarra aurkeztuko dute, eredu ofiziala erabiliz, Hezkuntza Departamentuan eta haren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/) eskura egonen dena, hari erantsitako jarraibideen arabera beteta.

Eskabideak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (San Domingo kalea z.g., Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

2. Parte hartzeko eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, epearen barrenean aurkezten den azkena baizik ez da tramitatuko, eta horrek bakarrik balioko du.

3. Lekualdatze-lehiaketan parte hartzeak berekin dakar parte-hartzaileak adieraztea betetzen dituela parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta egiazkoak direla aurkeztutako agiriak. Datuak eta/edo aurkeztutako dokumentazioa faltsuak badira, prozedura honetan parte hartzetik salbuetsi ahal izanen da, sor daitezkeen erantzukizunak gorabehera.

Zortzigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 2024ko azaroren 5etik azaroaren 26ra artekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen soilik egin dakioke uko lehiaketan parte hartzeari. Hamabigarren oinarrian adierazten den epean ere aurkezten ahalko dira ukoak. Uko horrek parte hartzeko eskabidean adierazitako eskaera guztiak hartuko ditu.

Aurkezteko epea bukatuta, ez da onartuko eskabide gehiagorik, eskabideen eta egindako eskaeren gaineko inolako aldaketarik edo merezimenduen agiririk.

Bederatzigarrena–Plaza eta lanpostuen eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek, parte hartzeko eskabidean ("eskatzen diren lanpostuak" izeneko epigrafean), eskura ditzaketen lanpostuetatik eskatzen dituztenak jarri beharko dituzte, lehentasun ordenaren arabera, deialdi honen eranskinean azaltzen den ikastetxearen kodea adieraziz.

Eskaera bakoitzak beti izan behar ditu ikastetxearen kodea eta bertako hizkuntzaren kodea ("0" gaztelaniarako eta "1" euskararako). Parte-hartzaile bakoitzak ezin du 300 eskaera baino gehiago sartu eskabidean.

2. Betiere, eskaeran adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak izanen dira parte-hartzaileek eskatutako lanpostutzat hartuko direnak. Irakurri ezin diren kodeak, osatu gabe daudenak, existitzen ez direnak, behar den laukian jartzen ez direnak edo parte-hartzaileak eskatzen ahal dituen lanpostuekin bat ez datozenak dituzten eskaerak bertan behera utziko dira. Eskaera guztiak aurreko inguruabarrak direla-eta bertan behera uzten badira, lehiatzailea destino esleipenetik baztertua izanen da, galarazi gabe deialdian ezarritakoaren arabera destinoa ofizioz esleitzeko kasuak.

Interesdunak daturen bat oker ematen badu edo eman gabe uzten badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, ezin izanen da inolako arrazoirengatik eskaera aldatu, ezta bertan eskaturiko lanpostuen lehentasunezko hurrenkera ere.

3. Beste hezkuntza administrazio batzuetako lanpostuetarako eskaerak:

Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden karrerako funtzionarioek, beste hezkuntza administrazio batzuetako lanpostuak eskatu nahi badituzte, deialdi horietan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta kasuan kasuko deialdietan jasotzen diren kodeak, lanpostuak, bertako hizkuntzak, ikastetxeak, herriak eta abar adierazi beharko dituzte parte hartzeko eskabidean.

Hamargarrena.–Merezimenduen baremoa.

Lehiaketa ebazteko, aintzat hartuko da urriaren 1eko EFD/1056/2024 Aginduaren IV. eranskinean jasotako baremoa. Agindu hori 2024ko urriaren 3ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta haren bidez ezarri zen zer prozedura-arau aplikatu behar diren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 1/2006 Lege Organikoan jasotzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat 2024-2025 ikasturtean egin beharreko Estatu mailako lekualdatze-lehiaketen deialdietan.

Antzinatasun gisa baloratuko dira funtzionario gisa, lan-kontratudun langile gisa eta aldi baterako administrazio-araubidean kontratatutako langile gisa egindako irakaskuntza-zerbitzuak. Zerbitzu horiek berdin zenbatuko dira irakasleen kidegoei dagozkien lanpostuetan zein parekatutako lanpostuetan egin badira.

Guztirako puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, horiek ebazteko kontuan hartuko da nork duen puntuaziorik altuena baremoko ataletako bakoitzean, lehenbizikotik hasi eta baremoan ageri den ordenari jarraikiz. Horrekin ez bada berdinketa hausten, ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena azpiataletako bakoitzean, orduan ere baremoan ageri den ordenari jarraikiz. Bi kasuotan, atal bakoitzean aintzat hartzen den puntuazioa ez da izanen baremoan atal horrexentzat ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagoa, eta, azpiatalen kasuan, horiexek biltzen dituen atalaren gehieneko puntuazioa baino altuagoa. Irizpide horiek aplikatuta, azpiatalen batean edo batzuetan atal guztiari emandako gehieneko puntuazioa lortzen bada, gainerako azpiatalen puntuazioak ez dira kontuan hartuko.

Beharrezkoa baldin bada, berdinketa hausteko irizpide hauek erabiliko dira ordena honetan: kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia zein urtetan izan zen, eta hautapen prozeduran lorturiko puntuazio handiena.

Hamaikagarrena.–Merezimenduen balorazioa.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduen balorazioa organo hauek eginen dute:

A) Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzua.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari dagokio merezimenduen baremoko 1. eta 4.3 atalei dagokien puntuazioa esleitzea parte-hartzaileei.

B) Balorazio batzordeak.

Balorazio batzordeei dagokie merezimenduen baremoko gainerako ataletako puntuazioa esleitzea parte-hartzaileei.

Balorazio batzorde horiek Hezkuntzako Administrazioko ikuskatzaileen kidegoko edo Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek osatuko dituzte, eta haien izendapena Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez eginen da. Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta haren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/) argitaratuko da izendatzeko ebazpen hori.

Balorazio batzordeak osatuko dituzten langileak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta izendatzen ahalko dira, edo lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren eta, hala behar bada, bigarren deiturakoaren arabera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuan, abiapuntuko letrak finkatzeko, eginen den zozketaren emaitza kontuan harturik.

Batzordeek Hezkuntza Departamentuak finkatzen duen ordutegian baloratuko dituzte merezimenduak, betiere bermatuz beteko direla batzordekideen lanpostuei dagozkien eginkizunak, eta Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian izanen dute egoitza.

Erakunde sindikalek balorazio batzordeetan parte hartzen ahalko dute.

Izendatzen den balorazio batzordeetako bakoitzean, kasuan kasuko batzordeak izendatzen duen funtzionarioak eginen du idazkari lana.

Ordezko batzordekideak izendatzen ahalko dira, batzordeak aukeratzeko erabilitako irizpideei jarraikiz. Halaber, balorazio batzordeen jardueren koordinatzaile bat izendatzen ahalko da. Batzordeko kideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezartzen diren abstentzio eta errefusatze kausei lotuta egonen dira.

Hamabigarrena.–Destinoen esleipena.

1. Batzordeek lehiatzaileei emandako puntuazioen aktak departamentuan jaso ondoren, destinoak behin-behinekoz esleituko dira, parte-hartzaileek egindako eskaerei, merezimenduen baremoaren arabera lortutako puntuazioei eta deialdi honetan xedatutakoari jarraituz.

2. Behin-behineko esleipena eta erreklamazioak aurkezteko eta parte hartzeari uko egiteko epea.

Aurreko atalean aipatzen diren destinoen behin-behineko esleipena Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko da.

Argitaratze horren bidez, ukitutako lehiatzaile guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.

Lehiatzaileek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko ebazpenen kontra, horiek argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Halaber, eta epe horretan bertan, borondatez parte hartzen duten lehiatzaileek uko egiten ahalko diote lehiaketan parte hartzeari, oinarri honetan ezarritako baldintzetan. Hori dela eta, adierazten da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez dakarrela ezinbestean behin betiko ebazpenean destinoa lortzerik ez dagoela. Era berean, behin-behineko ebazpenean destinoa lortzeak ez dakar berarekin behin betiko ebazpenean destinoa lortzea.

Erreklamazio edo uko egite horiek Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta deialdiaren zazpigarren oinarrian adierazitako erregistroetako edozeinetan aurkeztuko dira.

3. Behin betiko esleipena.

Aurreko atalean adierazitako erreklamazioak eta uko egiteak aintzat harturik, deialdi honen behin betiko ebazpena onesten duen ebazpena emanen da. Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko da: www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Argitaratze horren bidez, ukitutako lehiatzaile guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.

Lekualdatze-lehiaketan esleitzen diren destinoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Esleitzen diren lanpostuei ezin izanen zaie uko egin; beraz, parte-hartzaileek lortutako lanpostuetan hasi beharko dute lanean.

4. Organo dei egile desberdinetako lanpostuetara lehiatuta ere, destino bakar bat lortzen ahalko da.

Hamahirugarrena.–Borondatezko eszedentzian egonda, behin betiko destinoa lortzen dutenak.

Eszedentzian egon eta lekualdatze-lehiaketa honetan destinoa lortzearen ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek, lanpostuaren jabetza hartu baino lehen, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuan, frogatzeko ez daudela zigor-espediente bidez bereizita Estatuko Administrazioaren, autonomia erkidegoetako administrazioen edo toki administrazioen inongo kidego edo eskalatatik eta ez daudela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Behin betiko destinoa lortuta jardunean hasten ez badira, funtzionario izaera galduko dute, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamalaugarrena.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

Deialdi honetan ezarritakoari jarraituz lortzen diren destino berrien jabetza hartzea 2025eko irailaren 1ean izanen da, eta data horretatik aurrera hasiko dira ondorio administratibo eta ekonomikoak.

Deialdi honen bidez behin betiko destinoa beren jatorrizko lanpostuari dagokion kudeaketa esparruan ez beste batean lortzen duten funtzionarioek destinoa lortzen duten esparruari dagozkion lansari arauen araberako lansariak jasoko dituzte.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Lekualdatze-lehiaketan ematen den behin betiko ebazpenaren kontrako errekurtsoak, hezkuntzako zein administrazioren bitartez parte hartu den kontuan hartu gabe, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion hezkuntza administraziora igorri beharko dira eta hark ebatziko ditu.

ERANSKINA.–IKASTETXEEN ZERRENDA

IKASTETXEAREN IZENA

IKASTETXEAREN KODEA

HERRIA

HERRIAREN KODEA

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

31000013

IRUÑA

312010011

Iragarkiaren kodea: F2414814