219. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

136/2024 EBAZPENA, urriaren 2koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko "Cierzo V 49,99 MWp-eko eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako, Corellako udal mugartean.

1.–2020ko azaroaren 27ko eskaera.

2020ko azaroaren 27an, EDP Renovables España SLk eskatu zuen aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea eta onura publikoa duela zehazki deklaratzea energia elektrikoa ekoizteko "Cierzo V 49,99 MWp-eko eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako, Corellako udal mugartean. Eskaera egin zen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuta.

2.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen EDP Renovables España SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18koan, 2020ko ekainaren 24ko Diario de Noticias egunkarian eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

3.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluarekin bat, 2020ko urriaren 15ean Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aipatutako txosten eta alegazioak igorri zizkion EDP Renovables España SLri.

4.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, 2021eko abuztuaren 25ekoa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.1 artikuluarekin bat etorriz, 2021eko abuztuaren 25ean EDP Renovables España SLk dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen ebaluazio arruntaren hasiera eskatzeko, jendaurreko informazioari buruzko tramitean jasotako alegazio eta txostenei emandako erantzuna ere erantsita.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, 2020ko urriaren 20an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera hori igorri zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalera.

5.–Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak dio behar bezala egin dela ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura.

Baina Biodibertsitatearen Zerbitzuaren iritziz, Cierzo V eguzki parke fotovoltaikoaren proiektua gauzatzeak inpaktu kritikoa izanen luke abifaunaren zenbait espezie mehatxaturengan, eta ezin izanen litzateke inpaktu hori kontserbazioarekin bateragarriak diren mailetara murriztu.

Aurrekoa ikusita, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 14ko 1011E/2022 Ebazpenaren bidez ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen, EDP Renovables España SLk sustatutako Cierzo V eguzki parke fotovoltaikoaren aurkakoa.

6.–Atzera egiteko eta berme ekonomikoa itzultzeko eskaera.

2023ko ekainaren 30ean, EDP Renovables España SLk atzera egin zuen "Cierzo V eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko eguzki parkea baimentzeko eskaeran, ingurumen inpaktuaren adierazpena kontrakoa zelako, eta, horretan oinarrituta, instalazioaren sarbide eta konexio baimenari lotutako bermea itzultzeko eskatu zuen.

7.–Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren eta sustatzailearen atzera egiteko eskaera azterturik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du aurretiazko administrazio baimena ukatuz ebaztea espedientea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ukatzea, EDP Renovables España SLk eskatu duena energia elektrikoa ekoizteko "Cierzo V 49,99 MWp-eko eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako, Corellako udal mugartean.

2. Diruzaintza Atalari proposatzea sarbide- eta konexio-prozedurari lotutako 2.000.000 euroko bermea itzul dezala; EDP Renovables España SLk jarri zuen berme hori 2020ko otsailaren 7an, eta 5020000052 CFNA 2020 (Av-NAV-0213) erregistro zenbakia du.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea honako hauei: EDP Renovables España SL, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (CHE), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU, Renovables de la Ribera SL, Enagas Transporte SAU, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Elkarte Orokorra, Telefónica de España SA eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentua; horrekin batera, ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, espediente-zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau Castejón, Cintruenigo, Corella eta Tuterako udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko urriaren 2an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2414282