1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2386/2024 EBAZPENA, 2024ko urriaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, hautaketa-prozesurako deia egiten da, ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "ACROSS Adaptive Camouflage foR sOldierS and vehicle".
2024ko urriaren 10ean, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez "ACROSS Adaptive Camouflage foR sOldierS and vehicle" ikerketa-proiektua garatzeko, 1. motako proiektuko lankide doktore gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Miguel Beruete Díaz da, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "ACROSS Adaptive Camouflage foR sOldierS and vehicle".
Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.
Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.
Iruñean, 2024ko urriaren 11n.–Francisco J. Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea.
IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "ACROSS ADAPTIVE CAMOUFLAGE FOR SOLDIERS AND VEHICLE"
Hauek dira deialdia arautuko duten:
OINARRIAK.
1.–Datu orokorrak.
–Deialdiaren xedea: deialdiaren xedea langileak hautatzea da, eta ondoren lan araubidea kontratatzea ikerketa-proiektu hau garatzeko: "ACROSS Adaptive Camouflage foR sOldierS and vehicle".
–Maila profesionala: 1. motako proiektuko lankide doktorea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.
–Eginkizunak: kamuflajerako egituren modelatzearekin eta diseinuarekin lotutako zereginak:
1.–Plataformen egokitze kamuflajerako teknologia garatzea, 1. fasea.
2.–Plataformen egokitze kamuflajerako teknologia garatzea, 2. fasea.
3.–Teknika konbinatu aktiboak eta pasiboak garatzea egitura mistoan.
4.–Egokitze kamuflajerako soluzio berritzaileen azterketa.
5.–Balidazioa eta testak egitea.
–Kontratu mota: kontratazioa jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis artikuluan ezarritakoarekin.
–Iraupena: mugagabea, "ACROSS Adaptive Camouflage foR sOldierS and vehicle" ikerketa-proiektuari lotua.
–Lanaldi mota: osoa.
–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak, 2024. urtera egokituak.
Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
–Finantzaketa: Europako Batzordearen EDF programa (Europako Defentsarako Funtsa), 101121434. zenbakia.
–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdeetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, atzerritarrei buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte kontratazioa egin ahal izateko.
b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.
c) Fisikako edo Telekomunikazio Ingeniaritzako doktore titulazio akademiko ofiziala izatea.
Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Deialdiko xede diren lanpostuen funtzioak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.
3.–Eskaerak.
Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak
Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.
"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:
–Parte hartzeko eskaera.
–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskaeraren eredua esteka honetan dago:
http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
4.2. Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, baztertzeko arrazoiak izanen dira eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.
4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.
4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa-prozesua.
Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.
Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.
6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.
6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia izanen du, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.
6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.
7.–Hautaketa-batzordea.
Batzordeburua: Iñigo Ederra Urzainqui doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Miguel Beruete Díaz doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Batzordekidea: Jorge Teniente Vallinas doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
–Ordezko hautaketa-batzordea:
Batzordeburua: Francisco Falcone Lanas doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Idazkaria: Juan Carlos Iriarte Galarregui doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Batzordekidea: Carlos del Río Bocio doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
8.–Datu pertsonalen babesa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/portal-transparencia/.
Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
9.–Errekurtsoak.
Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA.
ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK |
1. APARTATUA: Doktoretza. | Puntuak. | 5 |
–Metamaterialekin zerikusia duen gai baten inguruan egindako doktoretza-tesiak 3 punturekin baloratuko dira gehienez. –"Nazioarteko Doktore" aipamena duten tesiek 2 puntu jasoko dituzte (doktoretzako ikasketa ofizialak arautzen dituen 99/2011 Errege Dekretuaren 15. artikulua, 2011ko urtarrilaren 28koa). |
2. APARTATUA: Ikerketako esperientzia. | Puntuak. | 65 |
–Frogatzeko moduko ezagupenak, simulazio elektromagnetikorako softwarearen erabilerari buruz: CST, COMSOL, GDCALC: 10 puntu tresna bakoitzagatik, gehienez ere 15 puntura arte, ezagupen mailaren arabera. –Frogatzeko moduko ezagupenak metamaterialetan oinarritutako egituren diseinuari buruz: 10 puntu bitarte, ezagupen mailaren arabera. –Frogatzeko moduko ezagupenak kamuflajerako egituren diseinuari buruz: 20 puntu bitarte, ezagupen mailaren arabera. –Aldizkarietako argitalpenak eta hitzaldiak, fisikaren eta metamaterialen arlokoak badira: 3 puntu bitarte nazioarteko artikulu batengatik, indexatua baldin badago JCRn, edo 0,5 puntu, ez badago; 1 puntu bitarte nazioartean emandako hitzaldi batengatik; 0,5 puntu bitarte Espainian argitaratutako artikulu batengatik; eta 0,2 puntu bitarte Espainian emandako hitzaldi batengatik. Azpiatal honetako gehienezko puntuazioa 15 puntu da. –Proiektuetan parte hartzea: 5 punturekin baloratuko da nazioarteko/Europako proiektuetan parte hartu izana, 3 punturekin gehienez ere Espainiako proiektuetan parte hartu izana, eta 1 punturekin gehienez ere eskualdeko proiektuetan parte hartu izana. Azpiatal honetako gehienezko puntuazioa 5 puntu da. |
3. APARTATUA: Doktoretza ondoko esperientzia. | Puntuak. | 20 |
Doktoretza ondoko esperientzia honela baloratuko da: 5 puntu seihileko bakoitzeko. Sei hilabetetik beherako denbora-tarteengatik puntuazio proportzionala emanen da. |
4. APARTATUA: Egonaldiak eta ingelesa. | Puntuak. | 10 |
–Atzerriko ikerketa-zentroetan egindako egonaldiak: 2 puntu seihileko bakoitzeko. Sei hilabetetik beherako denbora-tarteengatik puntuazio proportzionala emanen da. –Ingelesa jakitea: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera, honela baloratuko da: 1 puntu (A1 maila), 2 puntu (A2 maila), 3 puntu (B1 maila), 4 puntu (B2 maila) eta 5 puntu (C1 maila edo handiagoa). |
Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.
Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 3. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 2. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.
Iragarkiaren kodea: F2414935