2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Jarduera-lizentzia ematea. Bazarra
Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen, 2024ko irailaren 3an:
REV 03-SEP-24 (14/EV).
«Ikusirik Jingli Guok sustatutako LIO / 2024 / 1544 espedientea, non eskatzen baitira obra-lizentzia eta jarduera sailkaturako lizentzia, lokal bat egokitzeko, jarduera komertzial bat ezartzeko (bazarra), Martin Azpilcueta kaleko 20an, beheko solairuan, eta ikusirik Udalaren txosten teknikoak,
EBATZI DUT:
Eskatutako lizentziak ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:
Lanak deklaratutakoaren araberakoak izanen dira, eta obra osagarriren bat egiten bada, beste adierazpen edo lizentzia bat beharko da.
Instalatu eta une oro mantenduko dira suteen aurkako prebentzio-neurriak eta erabilerarako segurtasun-neurriak, jarraikiz jarduera proiektuari, hots, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kideak edo kideek 2024ko maiatzean sinatutako jarduera proiektuari, bai eta establezimenduko neurriei ere, jarraikiz suteen kontrako prebentzioaren arloan indarrean diren arauei.
Larrialdietako argiak instalatuko dira, horrela betez SUA 4 oinarrizko dokumentuko 2. apartatua (Larrialdietako argiak).
Hautsezko itzalgailuek izanen dute 21Ako eraginkortasun minimoa, eta koadro elektrikoaren ondoan jarriko da CO2-ko itzalgailu bat, 34B eraginkortasunekoa.
Eskuzko babes-instalazioak seinaleztatuko dira DB SIko 4. atalaren 2. puntuaren arabera.
Ebakuazio-bitartekoak seinaleztatuko dira DB SIko 3. ataleko 7. apartatuaren arabera.
Eremu okupagarrietan estaldura gisa erabiliko diren eraikuntza-elementuak honako hauek izanen dira: gutxienez EFL zoruetan, eta C-s2,d0 hormetan eta sabaietan. Espazio ezkutu ez-estankoetan, sabai aizunetan eta zoru goratuetan, honako hauek izanen dira: BFL-s2 lurzoruetan, eta B-s3,d0 hormetan eta sabaietan. Gainera, beteko dute SI 1 ataleko 3. puntuan espazio ezkutuei buruz ezarritakoa.
Fatxadan errotuluak jartzeko, dagokion obra-lizentzia laburtua eskatu beharko da.
Jarduerak benetako funtzionamenduan sortutako zarata-mailak zorrotz beteko ditu 135/89 Foru Dekretuaren artikuluetan ezarritako mailak, bai eta aplikatu beharreko araudian ezarritako mailak ere: azaroaren 17ko 37/2003 Zarataren Legea eta hura garatzen duten dekretuak (1513/2005 ED eta 1367/2007 ED, urriaren 19koa).
Lanak hasteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita. Obrak bukatu beharko dira hasi eta gehienez 4 hilabeteko epean. Baimen hauek iraungitzat joko dira, baldin epe horietan obrak hasi edo bukatu ez badira.
Neurri egokiak hartuko dira, bermatzeko langileen, eraikineko erabiltzaileen eta oinezkoen segurtasuna, jarraikiz indarrean dagoen legeriak horretarako xedatzen duenari. Segurtasun eta osasun koordinatzailearen eskakizunak beteko dira.
Auzokideen atsedena babesteko, lanak egunez bakarrik eginen dira. Halaber, hauts-emisioak erabat kontrolatu behar dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.
Obrak egin bitartean jabari publikoko lurrak okupatu behar badira, aldez aurretik dagokion lizentzia eskatu beharko da.
Obrak bukatu ondoren, aurkeztu beharko da irekierako erantzukizunpeko adierazpena, eta, horretarako, aurkeztu behar da eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia (inprimakia eskura duzu Armada etorbideko 2.-5.eko gure bulegoetan, edo www.pamplona.es webgunean), eta, horrekin batera, inprimakian adierazitako dokumentazioa, barnean dela obra-amaierako ziurtagiri teknikoa, jarraikiz eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduari».
Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikulurekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua –foru lege horrek arautzen ditu ingurumenean eragina duten jarduerak).
Iruñean, 2024ko urriaren 16an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2415011