218. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

428/2024 EBAZPENA, urriaren 9koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean 2024-2025 ikasturtean sartzeko deialdiaren oinarriak onesten baitira.

Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 6ko 9/2024 Foru Aginduaren bidez, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea onetsi zen, funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Xedapen zatiaren 3. puntuak ezartzen duenez, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko du nola sartuko diren sarean funts publikoekin lagundutako ikastetxeak.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, zeinean proposatzen baitu onestea deialdi honen oinarriak: funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean 2024-2025 ikasturtean sartzeko deialdia.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean 2024-2025 ikasturtean sartzeko deialdiaren oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jasota daude.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2024ko urriaren 9an,–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEAK STREAM-AI PENTSAMENDU KONPUTAZIONALEKO SAREAN 2024-2025 IKASTURTEAN SARTZEKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da funts publikoekin Nafarroako Foru Komunitatean lagunduta dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztiei dei egitea beren proposamena aurkez dezaten Nafarroako STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko.

Bigarrena.–Helburuak.

STREAM-AI Nafarroako pentsamendu konputazionaleko sareak honako helburu hauek ditu, zeinak ezarri baitziren Hezkuntzako kontseilariak emandako otsailaren 6ko 9/2024 Foru Aginduaren eranskinean (foru agindu haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko funts publikoekin lagundutako ikastetxeei zuzendutako STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea):

1. Irakasleek pentsamendu konputazionalaren arloan prestakuntza eta garapen profesionala izan dezaten sustatzea, adimen artifizialaren (AA) aurrerapenetan eguneratzea eta robotika integratzea barne. Aldi berean, prestakuntza integrala bultzatu nahi da STEAM arloan (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika), bereziki pentsamendu konputazionaleko trebetasunen garapenari begira, eta arlo horien diziplina anitzeko ulermena eta aplikazioa ziurtatzea.

2. Konpetentzia digitala eta pentsamendu konputazionala garatzea ikasleengan: ikasleen konpetentzia digitala garatzea, ikasgelan adimen artifizialeko (AA) eta robotikako jarduerak txertatuz, STEAM ekimenekin osatuta. Jarduera horiek pentsamendu konputazionala sustatzeko diseinatuko dira; ikasleen trebetasunetara eta ikaskuntza-mailetara egokituko dira, eta hezkuntza-ikuspegi integrala eta diziplina anitzekoa sustatuko da.

3. Pentsamendu konputazionalaren bidez konpetentzia pertsonalak eta sozialak garatzea: ikerketa-prozesuak, elkarlana, informazioaren erabilera kritikoa eta sormena sustatzea. Horretarako, teknologiaren erabilera positibo, seguru eta arduratsuaren bidez konpetentzia horiek garatzeko esparru gisa erabiliko da pentsamendu konputazionala.

4. Inklusioa eta aniztasuna pentsamendu konputazionalaren bidez: ikasle guztien inklusioa sustatzea, aniztasunetik abiatuta genero-ikuspegiarekin lan eginez eta pentsamendu konputazionala aniztasun horri heltzeko eta errespetatzeko tresna gisa erabiliz.

5. Pentsamendu konputazionalaren inguruko irakasle-komunitate bat sortzea: lankidetza-espazioak eskaintzea pentsamendu konputazionalean, adimen artifizialean eta STEAMen oinarritutako esperientziak eta baliabideak partekatzeko.

6. Pentsamendu konputazionalaren bidez erabaki estrategikoak erraztea: sareko proiektuak erabiltzea pentsamendu konputazionalarekin lotutako prozesuak eta tresnak probatzeko, horrek erraztu eginen baitu etorkizunean erabaki estrategikoak hartzea.

7. Aurreko helburuekin edo haien etorkizuneko bilakaerarekin lotuta zehazten den beste edozein.

Hirugarrena.–Hartzaileak.

2024-2025 ikasturtean, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea ezartzen hasiko da Nafarroako Foru Komunitatean, eta gutxienez 25 ikastetxetan eginen dela aurreikusten da. Hala ere, parte hartuko duten ikastetxe berrien azken kopurua jasotako eskaeren araberakoa izanen da, hau da, txikiagoa izan daiteke eskaera kopuru horretara iristen ez bada, eta handiagoa, eskaerak hasieran aurreikusitako 25 baino gehiago badira.

Honako hau da lehentasun-ordena, dauden 25 tokiak bete arte:

1. Bigarren Hezkuntza ematen duten Hezkuntza Bereziko ikastetxeak: Lehentasuna emanen zaie ikastetxe horiei, pentsamendu konputazionala hezkuntza espezializatu eta egokituan integratzeak duen garrantzia aitortuta.

2. Lanbide Heziketa Berezia (LHB) ematen duten ikastetxeak eta Curriculum Bereziko Unitateak (CBU) dituzten ikastetxeak: Ikastetxe horiek bigarren postuan hartuko dira kontuan. Eskaera kopurua toki kopurua baino handiagoa bada, HLBPI-indize txikiena duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Ikastetxe horien artean berdinketarik badago, inskripzioak jasotzen diren ordenaren arabera ebatziko dira. Funtsezkoa da ikastetxe horiek hezkuntza bereziko ikasleen parte-hartze aktibo eta zuzenekoa bermatzea garatu beharreko proiektuan, benetako inklusioa bermatzeko, ez soilik nominala.

3. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak: Ikastetxe horiek hirugarren postuan hartuko dira kontuan. Eskaera kopurua toki kopurua baino handiagoa bada, HLBPI-indize txikiena duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Ikastetxe horien artean berdinketarik badago, inskripzioak jasotzen diren ordenaren arabera ebatziko dira.

4. Bigarren Hezkuntza edo Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeak: Ikastetxe horiek laugarren postuan hartuko dira kontuan. Eskaera kopurua toki kopurua baino handiagoa bada, HLBPI-indize txikiena duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Ikastetxe horien artean berdinketarik badago, inskripzioak jasotzen diren ordenaren arabera ebatziko dira.

5. Gainerako ikastetxeak: Ikastetxe horiek azken postuan hartuko dira kontuan. Eskaera kopurua toki kopurua baino handiagoa bada, HLBPI-indize txikiena duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Ikastetxe horien artean berdinketarik badago, inskripzioak jasotzen diren ordenaren arabera ebatziko dira.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.

Ikastetxeak Hezkuntza Departamentuko Irakasleen Prestakuntzako Plataforman eman beharko du izena.

Eskaerak aurkezteko epea, hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bosgarrena.–STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzea.

Eskaerak aztertu eta hirugarren oinarriaren araberako lehentasun-ordena ezarri ondotik, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko da 2024-2025 ikasturtean sarean sartuko diren ikastetxeen zerrenda, bai eta sartuko ez direnen zerrenda ere, halakorik bada.

Seigarrena.–STREAM-AI pentsamendu konputazionalaren sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Sarea osatzen duten ikastetxeek konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Lantalde bat eratzea, gehienez bost pertsonak osatua.

b) Lantaldearen koordinatzailea izendatzea.

c) Gutxienez, ikasgelako esperientzia bat garatzea STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sareak proposatutako prestakuntzan ikasitakoarekin lotuta, eta elkartzeko jardunaldian ezagutaraztea.

d) Parte hartzea urtero ezarriko den nahitaezko prestakuntzan eta ikasturte bukaeran, elkartzeko eta esperientziak trukatzeko, eginen diren jardunaldietan.

Baldintza horiek bete ezean, STREAM-AI Nafarroa pentsamendu konputazionaleko saretik at geldituko da ikastetxea.

Zazpigarrena.–Sarearen laguntza eta jarraipena.

Sareko ikastetxeek honako laguntza hauek izanen dituzte:

–IkasNOVAko irakaskuntza-aholkularitza teknikoen aholkularitza eta jarraipena.

–Ikastetxeetan adimen artifiziala erabiltzeko online prestakuntza eta aurrez aurreko tailerrak.

–Irakasleek lehentasuna izanen dute ikasgelako adimen artifizialarekin zuzeneko lotura duten prestakuntza-jardueretan parte hartzeko. Prestakuntza-jarduera horien deialdietan, "Onartzeko irizpideak" atalean jasoko da ikastetxe horiek lehentasuna izanen dutela parte hartzeko.

–IkasNOVAren webgunean eskura izanen diren baliabide eta material didaktikoak.

–Ikasleekin egindako ekintzen ebaluazioa; ikerketa kualitatiborako aukera.

–Berrikuntza-proiektuetan parte hartu izanaren 25 orduko ziurtagiria ikastetxe bakoitzean lantaldea koordinatzen dutenentzat, eta 15 ordukoa lantaldeetako gainerako kideentzat.

Zortzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak ikasgelako esperientziak argitaratzen ahalko ditu. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti aipatu beharko du egileak nor diren. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.

Iragarkiaren kodea: F2414665