1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
671E/2024 EBAZPENA, urriaren 9koa, Enpresa Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, Naex Talento beken 2024ko deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzen dituena.
Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak abenduaren 14an emandako 938E/2023 Ebazpenaren bidez, NAEX Talento beken 2024ko deialdia onetsi zen.
11. oinarrian, "Beken justifikazioa eta ordainketa" izenekoan, ezartzen da nola eginen den bekaren ordainketa.
Ondoren, ikusi da oinarri horretan ezarritako ordainketa modua bateraezina dela Gizarte Segurantzari eta PFEZari atxikipenak egiteko betebeharra betetzearekin, Nafarroako Gobernuak duen ordainketa- eta atxikipen-sistema dela eta. Horregatik, beharrezkoa da ordainketak egiteko maiztasuna aldatzea, hilean behin egin behar baitira.
Beraz, NAEX Talento beken 2024ko deialdian, aldatu egin behar dira 11. oinarria ("Beken justifikazioa eta ordainketa") eta 12. oinarria ("Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak"), oinarri horiek gaur egun daukaten testuaren ordez beherago dagoen testua jarriz.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. NAEX Talento beken 2024ko deialdian, aldatzea 11. oinarria ("Beken justifikazioa eta ordainketa") eta 12. oinarria ("Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak"), orain duten testuaren ordez honako hau jartzeko:
"11. oinarria.–Beken justifikazioa eta ordainketa.
1. Beken ordainketa era honetan eginen da:
a) 2. fasea:
I. 2. faserako onartutako zenbatekoaren %30 2025. urtean ordainduko da, fase horretarako destinoa esleitu ondoren, bidaiako eta destinoan ostatu hartzeko hasierako gastuak estali ahal izateko.
II. 2. faserako onartutako zenbatekoaren %20 2025. urtean zehar ordainduko da, bekadunek praktikaldia hasi ondoren, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
III. 2. faserako onartutako zenbatekoaren gainerako zatia (%50) 2026. urtean zehar ordainduko da, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
IV. 2. fasea bukatu eta gehienez ere hamar egun balioduneko epean, bekadunek fase horretan egindako lanei buruzko memoria aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, beken fitxaren bitartez.
b) 3. fasea, B modalitatea:
I. 3. faserako onartutako zenbatekoaren %30 2025. urtean ordainduko da, fase horretarako destinoa esleitu ondoren.
II. 3. faserako onartutako zenbatekoaren %20 2025. urtean zehar ordainduko da, bekadunek praktikaldia hasi ondoren, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
III. 3. faserako onartutako zenbatekoaren gainerako zatia (%50) 2026. urtean zehar ordainduko da, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
IV. 3. fasea bukatu eta gehienez ere hamar egun balioduneko epean, bekadunek honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte, modu telematikoan, beken fitxaren bitartez:
- Harrerako entitatean egindako lanei buruzko memoria.
- Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, beken fitxan eskuratu daitekeena.
c) 3. fasea, A modalitatea:
I. 3. faserako onartutako zenbatekoaren %30 2026. urtean ordainduko da, fase horretarako destinoa esleitu ondoren.
II. 3. faserako onartutako zenbatekoaren %20 2026. urtean zehar ordainduko da, bekadunek praktikaldia hasi ondoren, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
III. 3. faserako onartutako zenbatekoaren gainerako zatia (%50) 2027. urtean zehar ordainduko da, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
IV. 3. fasea bukatu eta gehienez ere hamar egun balioduneko epean, bekadunek honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte, modu telematikoan, beken fitxaren bitartez:
- Harrerako entitatean egindako lanei buruzko memoria.
- Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, beken fitxan eskuratu daitekeena.
2. PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauetan ezarritakoaren arabera, bekaren zenbatekotik eta dagozkion ordainketetatik bidezko diren atxikipenak kenduko dira.
"12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
k) 11 oinarrian adierazitako egiaztagiriak aurkeztea."
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko urriaren 9an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
Iragarkiaren kodea: F2414823