2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IHABENGO KONTZEJUA
Ordenantza, herri-basoan sartzeko pisten erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluaren arabera, Ihabengo herri-basoan sartzeko mendiko pisten erabilera arautzen duen ordenantzaren testu osoa ateratzen da jendaurrera. Ordenantza hori behin betiko onetsi zen, 2023ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31koan hasierako onespena argitaratu eta haren kontra ez erreklamaziorik ez alegaziorik ez baitzen jaso, jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluak agindutakoari.
Ihabenen, 2024ko irailaren 27an.–Alkatea, Goretti Beunza Mariñelarena.
ORDENANTZA, IHABENGO KONTZEJUAN (ULTZAMA) HERRI-BASOAN SARTZEKO PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
Ordenantza honek Ihabengo herri-basoan sartzeko pisten erabilera arautzen du. Araudi ezak eta izandako gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa. Izan ere, ikusi da azkenengo urteotan mendiko pistetan barna gero eta ibilgailu motordun gehiago ibiltzen direla, eta horrek modu nabarmenean hondatzen ditu eremuko ingurumenaren iraunkortasuna, lasaitasuna eta bizilagunek mendia modu egoki eta lasaian erabiltzeko aukera.
1. artikulua. Oro har, baimenik ez duen orok debekatuta dauka ibilgailu motordunez sartzea Ihabengo herri-basoan mendiko pistetatik.
2. artikulua. Erabilera eta gozamena arautzeko, Ihabengo herri-basoan pistetan sartzea mugatu da ibilgailu motordunen sarrera debekatzen duten seinaleen bitartez. Mendiko pista nagusiak hauek dira:
1. zatia, NA-4140tik. Bertan, Basaburuko Herriak Bizirik kartela dago, eta hego-ekialderantz doa. Eperreta belardiaren parean, bi adarretan banatzen da. Adar bat NA-4140 errepideraino iristen da, herriaren goialdetik, eta bestea Etxaleku herri-mugartearekiko mugaraino, Etxalekuko errotaren ondoan. Seinaleak 3 sarreren ondoan jarriko dira: NA-4140 errepideko bi sarreretan eta Etxalekuko errotako sarreran.
2. zatia, NA-4140 errepidetik, hilerritik Ihabengo mendira igotzen dena.
3. zatia, NA-4140 errepidetik, Ihabengo Matxerena etxearen parean, eta mendirantz igotzen da (Lauhaizeak esaten zaio).
4. zatia, NA-4140 errepidetik, Miltxorenako bordara igotzen da eta mendira iristen da.
3. artikulua. Sarrerak debekatuak egonen dira urte guztian, nahiz Ihabengo Kontzejuak beretzat gordetzen duen ahalmena debeku hori kentzeko eta pasatzeko baimena emateko. Aldez aurretik erabaki beharko du Kontzejuak hori, 4. artikuluan jaso gabeko beste baldintza batzuetan.
Ez dute baimenik beharko Ihabengo herri-mugartearen barneko finketan diharduten nekazaritzako eta abeltzaintzako ibilgailuek.
4. artikulua. Ihabengo herri-basoko mendiko pistetara sartzeko baimena izanen dute honako baldintza hauek betetzen eta egiaztatzen dituzten ibilgailuek:
A.–Ibilgailuaren titularra Ihaben herrian etxebizitza edo lursailen jabe edo erabiltzaile izatea.
B.–Urte batez edo jarraian Basabila ehiztarien elkarteko bazkide izatea.
C.–Ibilgailua Basaburuko Udalean alta emanda egotea.
5. artikulua. 4. artikuluko A eta B apartatuetako egoeretan daudenei, Kontzejuak baimen bat emanen die, interesdunak aldez aurretik eskatu ondoren. Ehiztarientzako baimenak garaia denean ehizan ibiltzeko baizik ez dira izanen. 4. artikuluko C apartatuko egoeran sartuta daudenak sarbide mugatuko pistetatik sartzen ahalko dira askatasunez. Eta pistetara sartzen diren ibilgailu guztiek aparkatu behar dute, ahalik eta oztoporik ez sortzeko moduan, eta kanpoaldetik ikusteko moduko leku batean jarri behar dute baimena edo pasea.
6. artikulua. Era berean, erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuak sartzen ahalko dira, haien eginkizunak betetzen dituztenean.
7. artikulua. Herri-basoko pistetan sartu nahi dutenek, sarrera debekatuta baldin badago eta 4. artikuluan azaldutako baldintzak betetzen ez badituzte, eskaera eginen diote Kontzejuari behin-behineko baimen bat eskuratzeko. Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak ezarriko ditu egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak. Baimenean garbi agertu behar dute ibilgailu baimenduaren matrikulak eta Kontzejuaren zigiluak. Ehiztarien baimenen kasuan, zein ehizalditarako den baimena, hura. Arrazoi batengatik baino gehiagorengatik baimena izateko eskubidea dutenek (auzokidea, ehiztaria izatea), ez dute bat baino gehiago beharko.
8. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako baimena eskatzen duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi pistak erabiliko dituen enpresaren edo partikularraren izena, ibilgailuaren bataz besteko eta gehieneko tona kopurua eta zein alditarako eskatzen den.
9. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen eta herri-basoaren balioen arabera.
10. artikulua. Baimen guztietarako fidantza edo abal bat jarri beharko da; Kontzejuak pisten gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du zenbatekoa, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, pista kalterik gabe dela egiaztatzen denean eta behin-behinean emandako baimena itzultzen denean.
11. artikulua. Esan gabe ere, baso aprobetxamenduen adjudikaziodunen eta Kontzejuarentzako lanen kontratisten kasuan baimena emantzat hartuko da.
12. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezartzen ahal da.
13. artikulua. Ibilgailu motordunek debeku dute Ihabengo herri-basoan barna bide eta pistetatik kanpo zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueratarako ibilgailuak badira.
14. artikulua. Debeku dira herri-basoan ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Kontzejuak baimena ematen badu.
15. artikulua. Mendiko pistetatik zirkulatzeko gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanen da hiru ardatz edo gehiagoko ibilgailuentzat, eta orduko 50 kilometrokoa gainerako ibilgailuentzat; hala ere, oinezkoak, txirrindulariak, abereak eta abar hurbil daudenean, gehieneko abiadura murriztu egin beharko da, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen. Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.
16. artikulua. Kontzejuak urtero aztertuko ditu herri-basoko pista guztiak, eta, gainera, egoerak hala eskatzen duenean, pistak konpondu eta egokituko ditu, ahal duen neurrian.
17. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Basozainak taldearen esku uzten da, eta Foruzaingoaren Polizia Administratiboaren Dibisioa eta Guardia Zibilaren SEPRONA premiatzen, Ordenantza hau bete dadin zaindu dezaten.
18. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatuari jarraikiz, ordenantza honetako arau-hausteek 300 euroko isuna izanen dute zehapen. Zehapena jartzeaz gain, sortutako kalte eta galerak konpondu beharko ditu arau-hausleak.
Iragarkiaren kodea: L2414440