Iragarkia
218. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
962E/2024 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Lodosa-Sartagudako HUA birmoldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena. Proiektua Navarra de Infraestructuras Locales SA (NILSA) enpresak sustatu du.
2024ko apirilaren 25ean, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 8. taldeko d) letran.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.
Proiektuaren deskribapena:
Lodosa eta Sartaguda herrietako hondakin-uren araztegia Ebro ibaiaren ezker ertzean dago, Lodosako herriaren hegoaldean. Hasiera batean, 21.733 biztanle baliokiderako (bb) dimentsionatu zen HUA hori, baina, gaur egun, oso handia denez bi udalerrietako nekazaritzako elikagaien industria-instalazioetatik datorren emaria, 53.000 biztanle baliokideren urak tratatu behar ditu araztegiak. Hutsune horiek zuzentzeko, eta instalazioak, etorkizuneko premiei aurrea hartuz, 76.236 biztanle baliokideren hondakin-urak tratatu ahal izateko, tratamendu biologikoaren ahalmena eta lohien tratamendu-lerroa handitu nahi dira.
HUA hegoalderantz handituko da; elementu berriak instalatuko dira bai egungo kokapenean bai handitzean, eta egungo zenbait elementu aldatu eginen dira. Horrez gain, instalazioan inguruko araztegietatik datozen lohi likidoak jaso nahi dira, HUAn lortutako lohi likidoekin batera zentrifugatzeko.
Proposamenaren barruan sartzen dira, halaber, egungo HUA energiaz hornitzen duen deribazio elektrikoaren transformazio-zentroa aldatzea eta autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezartzea.
I. eranskinean proiektuaren deskribapen zehatzagoa eta ingurumen-agiriaren alderdi nabarmenenak jasotzen dira.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta igaro behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea:
Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin.
Aipatu 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta pertsonei. Izapide horretan, kontsulta egin zaie Sartagudako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Arrantza Kudeaketarako Atalari. Izapidearen laburpena txosten honen II. eranskinean jaso da.
Kontsulten emaitzak ikusita eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, proposamenaren aldeko txostena egin du, eta adierazi du ezen proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jaso diren baldintzak; nolanahi ere, horrek ez du kentzen indarreko legeen arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra, eta, bereziki, ingurumen-baimen bateratua lortzekoa.
Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:
Jarduketa hori Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 8an onetsitako Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030erako Plan Zuzentzailea betetzeko proiektatu da. (7. ekintza-lerroa, goi-saneamendua hobetzea: uren tratamendua eta lohien tratamendua –uren tratamenduaren barruan eta lehengoratzeko eta aparteko konponketak egiteko funtsaren esparruan–). Ingurumen-kalitatearekin lotutako eraginak minimizatu, ezabatu edo kontrolatu eginen dira, jardueraren ingurumen-baimen integratuak ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.
Egungo hondakin-uren araztegia eta haren handitzea Ebro ibaiaren ezker ertzeko behe-terrazako ureztalurren barruan daude, Lodosako hegoaldean, ibaiaren eta NA-123 errepidearen artean. Handitzeak ureztalur bat soilik okupatuko du (gaur egun zainzuriak hazten dira bertan).
Instalazioetatik 350 m ekialdera, basoberritzeko pinudiz estalitako hegal batzuk daude, Ebro ibaiaren paraleloan, eta haiek osatzen dute "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) mendebaldeko muturra. KBE horren barruan, HUAtik kilometro batera, lehorreko lurren eremu bat dago, Nafarroako estepako hegaztiak kontserbatzeko garrantzitsua dena. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak "Andosilla, Cárcar, Lodosa, Sartaguda eta Sesma" 7. eremu kritiko (7. EK) gisa katalogatu du eremu hori. Eremu kritiko horren barruan, HUAtik 3 km ingurura, basoilo handia (Otis tarda) eta basoilo txikia (Tetrax tetrax) ageri dira; estepako hegazti horiek galzoriko espezie gisa daude katalogatuta Nafarroan.
Nolanahi ere, proposamenak, bere kokapena, irismena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez du zuzeneko edo zeharkako inpakturik izanen "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEan babesten diren ingurumen-balioetan, eta, beraz, ez die eraginen arestian aipatutako eremu kritikoan dauden estepako hegaztien populazioei.
Proiektua ingurumen-balioa duten eremuen erdibidean (Ebro ibaia, pinudiak, balio natural handiko lehorrak, etab.) eta/edo lurralde horien eta landa- edo ehiza-eremuen erdibidean kokatzen da; beraz, hegaztiak igaro daitezke toki horretatik. Gainera, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpenak mugatutako eremu batean dago (ebazpen horren bidez, hegazti-espezie mehatxatuak babesteko lehentasunezko eremuak mugatzen dira). Hori dela eta, HUA energiaz hornitzen duen deribazio elektrikoak eta, bereziki, deribazio-amaierako euskarri berriak, goi-tentsioko aireko linea lurpera eramatekoak, linea elektrikoak egokitzeari buruzko zehaztapenak bete beharko ditu manu hauei jarraikiz: 1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena, eta 129/1991 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, elektrifikazioa duten proiektu edo jardueren txostenetan edo ebazpenetan hegazti-fauna babesteko instalazio elektrikoek bete beharreko arau teknikoak ezartzen dituena.
HUAk eta haren handitzeak Ebroren ibaiertzeko ingurunearen parte diren laborantza-lurrak hartzen dituzte, eta Ebro ibaiaren ezker ertzeko ezpondaren gainetik doan landabide baten ondoan daude. Ibaiertzeko tarte hori ingurumen-balioa duten eremuen arteko lotura-elementua da. Gainera, ingurumen-balio handia du, garapen egokia duten ibaiertzeko habitatak baititu, eta haietan intereseko faunaren presentzia baitago. Iparraldeko zatian, emeki-emeki egiten du behera ibaiertzak, eta ibarbaso heldu bat eratzen du, ibaiaren ama bat, putzuak eta abar barne hartzen dituena. Hegoaldean, berriz, malda handiagoa den arren, eta zenbait tarte bertikal eta higatu dauden arren, landaretza naturalez estalita dago ibaiertza (landare belarkarak eta zuhaixkak). Ibaiertzeko zuhaiztiak ere badaude, bai ezpondaren erdialdean sakabanatuta bai ibarbasoan lerrokatuta, ibai-ohearen ondoan.
Ibaiertz horretan ez da proiektatu ingurumen-balioa duten zuhaitz eta zuhaixken landare-formazioak eta aleak kentzea edo haien topografia aldatzea edo desnaturalizatzea dakarren jarduketarik; alabaina, handitzearen itxitura ibaiertzaren mugan proiektatu da; beraz, bermatu behar da ezen obrek ez dutela eraginen ebaluatu gabeko kalterik (pilaketak balio-eremuetan, isurketak, ezegonkortasunak eta abar) Ebro ibaiaren ertzean.
Kontuan izanik ez dela inolako elementurik proiektatu Lodosako 2. poligonoko 849B azpilurzatiaren mendebaldean, itxitura lurzatiaren barrualderantz atzeraemanez gero, saihestu eginen litzateke ibaiertzari zeharka edo halabeharrez eragitea. Atzeraemate horrek, gainera, areagotu eginen luke proposamenaren eta ibaiertzeko ingurunearen arteko bateragarritasuna; izan ere, mendebaldeko eremu horretan landare-estalki bat jar liteke, egungo HUAko lubetak duenaren antzekoa (lubeta hori, itxituratik kanpo, landaketa- eta leheneratze-masa batez estalita dago).
Egungo HUAren eta handitzeari dagokion azpipartzelaren ekialdean, NA-123 errepidearen eskuineko ertzean, 20 metroko zabalerako lur-zerrenda bat eratuko da instalazioetatik kanpo. Zerrenda horretarako, ez da inolako jarduketarik proposatu. Zerrenda horretan zortasunak daude, hala nola landa-bide bat iparraldean, gas-hodi bat eta Sartagudako ponpaketa. Zerrendaren ekialdeko ertzean, errepidearen arekaren eta ubide baten ondoan, nolabaiteko ingurumen-balioa duen heskai bat dago, zumar gaztez eta zuhaixkaz osatua. Proiektuak saihestu egin behar du zerrenda horretan dauden larreen eta heskaien ingurumen-balioa murriztea, eta zerrenda hori, obren ondoren, espazio marjinal eta andeatu gisa gelditzea.
Proiektuan proposatuta bezala, itxituraren mendebaldean eta hegoaldean zuhaitz eta zuhaixken lerrokadura bat landatzen bada, instalazioak partzialki ezkutatuta geldituko dira. Alabaina, ziurtatu behar da ezen proiektu-eremurako egokiak diren barietateak erabiliko direla, eta beste neurri indargarri batzuk ere hartuko direla landareztatze-proposamen horren helburuak beteko direla bermatzeko.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, eta adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua.
EBAZTEN DUT:
1.a Lodosa-Sartagudako HUA birmoldatzeko proiektuak, zeina NILSA enpresak sustatzen baitu, ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, baldin eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.
2.a Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzunarekin bat etorriz, zeina kontsulten izapidean jaso baitzen, ingurumen-baimen bateratuak berariazko neurriak jaso beharko ditu plataformetatik edo lurpeko elementuetatik iragazitako eta isuritako ur kutsatuen ondorioz sor daitekeen azaleko eta lurpeko uren kutsadura prebenitzeko. Horrez gain, ondorio horiek zaintzeko plan bat ezarri beharko du.
–Hegaztiek HUArako deribazioaren aireko lineako tentsioko elementuekin elektrokutatzeko duten arriskua saihesteko, aireko linearen amaierako euskarrian, zeina aldatu eginen baita goi-tentsioko aireko linea lurpera eramateko, "Lodosa -Sartagudako HUA eraberritu eta handitzeko erdi-tentsioko instalazio elektrikoaren proiektua" jardueraren memorian jasotzen den bezala, forratu egin beharko dira zubiak eta konektoreak eta babestu egin beharko dira autobalbulak.
–Xede berarekin, proiektu horretan jasotakoaz gain, gurutzeten eta eroaleen artean dauden lokailuen egungo isolagailuen ordez 1 m-ko luzera isolatura iristen diren isolagailuak jarriko dira, edo, hori ezinezkoa bada, eroaleak forratuko dira. Forratutako zatiak 1 m-ko luzera-isolatua izanen du (amarratze-sistema barne hartuta); eta, azkenik, karpeten, elementu aurreformatuen eta estalkien bidez babestuko dira zubien eta eroaleen arteko konexio-grapetan edo ebakigailuarekiko konexioetan dauden tentsio-elementu guztiak, bai eta autobalbulak eta lurperako igarobidea ere.
–Era berean, teknikoki bideragarria bada (eta, nolanahi ere, deribazioaren tarteko euskarria aldatzen bada), tarteko euskarri horretan eta deribazio-gurutzetan, lotura- eta konexio-zubiak forratuko dira. Lokailuetan, gurutzeten eta eroaleen artean, gutxienez metro bateko luzera isolatuko da, eta tentsioan dauden deribazioko elementuak (grapak, konexioak, etab.) karpeten, elementu babesleen, kaputxoien eta abarren bidez babestuko dira, hegaztiek elementu horiek uki ez ditzaten.
–Eroaleetan balizak jarriko dira, basa-hegaztiek haiekin talka egiteko arriskua murrizteko. Eroale bakoitzean baliza bat jarriko da 15 metroan behin. Eroaleen artean hiruzuloka jarriko dira balizak, halako moldez non, albotik begiratuta, linean zehar baliza bat ikusiko baita 5 m-an behin.
–Obraren plangintza egitean, saihestu eginen da Ebro ibaiaren ertzetik eta ibaiertzeko ezpondaren gainetik doan landabideari kalterik egitea.
–Aurreko eskakizuna betetzen laguntzeko, eta instalazioek ibaiertza hesitu ez dezaten (ibaiertzaren eta inguruko lurren erdibideko eremua hartzen baitute), eta ibaiertzaren eta ondoko ureztalurren artean faunaren konektagarritasuna ahalbidetzeko, handitzea eginen den lurzatiaren mendebaldean, landabidearen ondoan, 10 metro inguruko zabalera duen zerrenda bat utziko da itxituratik kanpo.
–Zerrenda horri bere kabuz leheneratzen utziko zaio edo, bestela, proposatutako landareztatzea sustatuko da bertan. Horretarako, ibaiertzeko espezie tipikoak erabiliko dira, Lodosako inguruari dagozkionak (tamariza, zurzuria, makala, hosto estuko lizarra eta zuhaixkak, hala nola elorri beltza, elorri zuria, etab.).
–Instalazioen eta NA-123 errepidearen artean –itxituraren ekialdean– dagoen 20 m-ko zerrendaren iparraldea zeharkatzen duen landabidea eta zerrenda horretatik igarotzen den HUArako egungo sarbidea desegin eta destrinkotu eginen dira, baldin eta erabilgarriak izateari uzten badiote.
–20 m-ko zerrenda horretan lurzoru biguna jarriko da (fruta-arbolak landatzeko, landareztatze naturala ahalbidetzeko edo lorategiak jartzeko), instalaziorako azken sarbideari dagokion gunean izan ezik. Nolanahi ere, bere horretan utziko da errepidearen jabari publikotik kanpo dagoen berezko heskaia.
–Obretako indusketetatik ateratako lur-soberakinak, lehentasunez, eremu andeatuak berreskuratzeko edo proposamenaren mugakide diren udalerrietan dauden beste jarduera batzuetarako erabiliko dira, batez ere ustiapen-fasean dauden edo bertan behera utzitako erauzketa-jardueretarako.
3.a Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik jartzen ahalko, hargatik galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak.
4.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5.a Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Lodosako Udalari, Sartagudako Udalari, Basozaintzari (9. barrutia, "Lizarra Hegoa") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA INGURUMEN-NEURRIEN LABURPENA
Proiektuaren deskribapena
–Gaur egungo egoera:
Lodosako eta Sartagudako HUA Lodosako 2. poligonoko 850. lurzatian dago (lurzatiaren 13.000 m²-etatik 11.000 m² inguru hartzen ditu), Ebro ibaiaren ezker ertzaren eta "Lodosa - Villar de Arnedo" NA - 123 errepidearen artean (1,24 kilometro-puntuaren parean). Hondakin-uren araztegi horretara bi herri horietako hondakin-urak iristen dira kolektore banaren bidez (hustubidea eta ponpaketa), eta, araztu ondoren, urak 500 mm-ko hustubide baten bidez (204 m hormigoi eta 30 m PVC) bideratzen dira, Ebro ibaiaren ibilguaren barrura. Han, urpean isurtzen dira.
Egungo HUAk bi lerro ditu: ur-lerroa (aurretratamendua, ponpaketa eta bahetzea, lehen dekantazioa, erreaktore biologikoa, tarteko dekantazioa, iragazki biologikorako ponpaketa, iragazki biologikoa, azken dekantagailua, birzirkulazio-instalazioak eta irteera-obra) eta lohi-lerroa (lehen mailako eta bigarren mailako lohiak ponpatzea, lohiak loditzea eta lohiak biltegiratzea kudeatzaileari entregatu aurretik).
HUA urbanizatuta dago eta hesi perimetral bat eta sarbide-ate bat ditu. Hesitik kanpo, Lodosako 2. poligonoko 850. partzelan bertan, 20 metro inguru zabal den zerrenda bat du, NA-123 errepidearekin paraleloan. Errepidetik instalaziorako sarbidea instalazioen iparraldean dago. Sarbidearen ondoan kontrol-eraikina dago, iparraldean.
–Aldatzeko/handitzeko proposamena:
Proposamena hondakin-uren araztegia aldatzea eta handitzea da, 76.236 biztanle baliokideren hondakin-urak tratatu ahal izan ditzan eta inguruko araztegietako lohi likidoak jaso ditzan, instalazioan bertan lortutakoekin batera zentrifugatzeko eta tratamendu-instalaziora garraiatzeko. Horretarako, egungo zenbait elementu aldatuko dira eta beste zenbait elementu instalatuko dira egungo kokalekuan eta Lodosako 2. poligonoko 849B azpipartzelan. Ondorioz, instalazioak gutxi gorabehera beste 11.550 m² okupatuko ditu.
Horretarako, jarduketa hauek proposatzen dira egungo HUAren eremuan: aurretratamendu-instalazioak aldatzea, bai eta dekantagailuen eta iragazki biologikoaren arteko zenbait ponpaketa eta kutxatila ere; azken dekantagailurako karga-kutxatila bat instalatzea, eta iragazki biologiko berri bat instalatzea, egungo iragazki biologikoaren hegoaldean. Iragazki berria lehen mailako iragazkia izanen da. Egungoaren neurri berak izanen ditu. Handitze-eremuan, jarduketa hauek proposatzen dira: NA-123 errepidetik sarbide berri bat egitea, sarbide nagusia izanen dena; sarbide berri horren ondoan, motorrak kontrolatzeko eraikin bat eta biltegia eraikiko dira; eta, azkenik, elementu hauek instalatuko dira handitze-eremuan: erreaktore berria, deshidratazio-eraikina eta siloa, lohien bi andel (kanpoko lohiak eta lohi bahetuak), loditzaile dinamikoa eta usain-kentzailea.
Handitzeak egungoaren antzeko itxitura bat izanen du (bihurdura bakuneko sarea, eta 2 metro altuko altzairu galbanizatuzko zutoinak). Itxituratik kanpo, handitzea eginen den lurzatiaren ekialdean, urbanizatu gabeko 20 metroko zabalerako zerrenda bat utziko da, NA-123 errepidearen paraleloan. Horrela, luzatu eginen da egungo instalazioen eta errepide horren artean dagoen zerrenda.
HUA autohornitzeko, 120 kW-eko eguzki-parke bat proiektatu da handitzea eginen den partzelaren hegoaldean. 28 m²-ko 23 plaka inguru jarriko dira. 410 Wp-eko gailur-potentzia izanen dute. Proiektuaren barruan sartzen da HUA behe-tentsioko energia elektrikoz hornitzen duen aterpez kanpoko transformazio-zentroa kentzea, eta haren ordez armairu-motako transformazio-zentro bat jartzea instalazioetan. Horrek esan nahi du aldatu egin behar dela aterpez kanpoko transformazio-zentroari eusten dion deribazio-amaierako euskarria, behe-tentsioko linea lur azpira igarotzea ahalbidetzen duena, goi-tentsioko linea airetik lurpera eramateko igarobidea izan dadin. Horrez gain, goi-tentsioko linearen lurpeko zati bat egin behar da euskarri horretatik transformazio-zentro berriraino.
–Urbanizazioaren eta elementuen ezaugarriak:
Handitzearen zabalgune berria egungoaren antzekoa izanen da. Asfaltoz eta hormigoiz zolatutako barne-bideak izanen ditu, eta gainerakoa balastoz sendotuko da. Instalatuko diren elementuak egungoen antzeko neurriak izanen dituzte. Gehienez, 9 m-ko garaiera hartuko dute eraikien batean, baina gehienak txikiagoak izanen dira, lurperatutako edo erdi lurperatutako elementuak izanen baitira.
–Bestelakoak:
Dokumentazioaren arabera, obretan sortzen diren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak eta hondeaketa-lur soberakinak kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkio, hondakinen arloan indarrean dagoen legeriak xedatzen duenaren arabera kudea daitezen. Zehazki, 8.600 m³ lur soberakin sortuko dira, eta haiek lehengoratze-lanetara edo zabortegira bideratuko dira.
Ingurumen-agiria
Aurkeztutako ingurumen-agiriak proposamena eta ingurune hartzailea deskribatzen ditu, eta espero daitezkeen inpaktuen balorazio bat jasotzen du. Halaber, zenbait neurri zuzentzaile eta ingurumen-zaintzako neurri jasotzen ditu, inpaktuen ingurumen-kontrola egiteko, bai obra-fasean bai ustiapen-fasean. Dokumentazio horretan Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txosten bat dago. Txosten horrek, eskura dauden datuetan oinarrituta, baztertu egiten du proiektuak Nafarroako ondare arkeologikoari erasateko aukera.
Natura-ingurunearen, habitaten, faunaren, Natura 2000 Sarearen eta abarren gaineko inpaktuei dagokienez, ingurumen-agirian adierazten da ezen, proposamena Lodosako El Cascajo eremuko ureztalurretan kokatuta dagoenez eta ingurumen-balioa duten eremurik edo elementurik barnean hartzen ez duenez, ez dela inolako eraginik izanen.
Proposamenaren ingurumen-baimen bateratua lortzeko hartu behar diren neurriak eta aplikatu behar diren teknikak gorabehera, tantakako ureztapen bidezko landaketa bat egitea proposatzen da, Egungo HUA eta haren handitzea barnean hartuko dituen itxituraren ekialdeko eta hegoaldeko zatiaren kanpoaldean. Guztira 225 bat ale isats, olibondo, almendrondo eta tamariz landatuko dira, lerrokatuta. Hala, ezkutuan geldituko da instalazioen zati bat.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIOEI ETA PERTSONEI EGINDAKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN LABURPENA
Ukitutako administrazio publikoei eta pertsonei egindako kontsultei erantzunez –ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak xedatutakoa betetzeko egin ziren kontsulta horiek– Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren eta Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalaren erantzuna jaso da.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak proiektua berrikusi du, eta alderdi hauek aztertu ditu: uholde-arriskua; proiektuaren esparruan dauden eta Ebroko Plan Hidrologikoak (2022-2027) barne hartzen dituen azaleko eta lurpeko ur-masen kalitatea; eta isurketak eta obrak egiteko behar diren baimenak. Horrez gain, eranskin batean bidali ditu jabari publiko hidraulikoan eta polizia-eremuan jarduerak gauzatzeko bete behar diren irizpide teknikoak.
Berrikuspen horretan, ingurune hidrikoaren gaineko eragin positibotzat jo du HUAren ahalmena tratatu beharreko bolumenera egokitzea. Era berean, uste du proposatutako jarduketak Ebro ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremuarekin muga egiten duela, eta jarduketaren eremua 100 eta 500 urteko errepikatze-denboretarako uholde-arriskuaren laminaren eraginpean dagoela, sektore txiki batean, egungo HUAren azaleraren ipar-mendebaldean, eta UAEKSNren arabera uholde-arriskugarritasunik ez duen arren, Ebro ibaiarekin muga egiten duenez, ibaia kutsatzeko arriskua dagoela, isurketen eta lixibiatuen kudeaketa egokia egiten ez bada. Eragin hori saihesteko, arroko organismoak adierazi du behar bezala iragazgaiztu behar direla kutsa daitezkeen instalazioko azalerak, bai eta zeharka ur-ingurunera gai kutsatzaileak isur ditzaketen sestra azpiko instalazioak ere, eta horretarako dagokion zaintza-plana ezarri behar dela.
Ondorioz, uste du proiektuaren ondorio aurreikusgarriak bateragarriak izanen direla sistema hidrikoari dagokionez, baldin eta proposatutako jarduketaren xede den eremuan eta haren ingurunean izan daitekeen eragina minimizatzeko hartu behar diren prebentzio- eta zuzenketa-neurri guztiak gauzatzen badira, jarduketa-eremuko dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko bermatuz eta eragindako eremuen (gainazalekoak zein lurpekoak) ingurune hidrikoa kutsatzea eta andeatzea eragotziz.
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du espedientearen ingurumen-baimena izapidetzen ari direla instalazioaren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak ebaluatzeko, eta kontsulta egin den egunean ezinezkoa dela eskaturiko txostena egitea, proiektua azterketa-fasean dagoelako. Ingurumen-baimenaren eta ingurumen-ebaluazioaren izapideak aldi berean eginen dira.
Era berean, Paisaia eta Landa Lurzoruaren Atalak adierazi du txostena eginen dutela proiektuaren izapide substantiboan dituzten eskumenetan oinarrituta.
Iragarkiaren kodea: F2414769
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
