218. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

407E/2024 EBAZPENA, irailaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita San Adriango udal mugartean marmeladak, konfiturak eta jeleak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Iberfruta - Muerza SA da.

Egun abian den instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.3 taldean.

2024-03-21ean, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzea eskatu zuen; zehazki, hondakin uren isurketarako eta autokontrolerako baldintzak eguneratzea eskatu zuen, eta, horrez gainera, instalazioan sortutako hondakin berriak sartzea ingurumen baimen bateratuaren III. eranskineko hondakinen zerrendan.

Hondakin uren isurketarako eta autokontrolerako baldintzak aldatzeari dagokionez, titularrak eskatu du berriz ezar daitezela Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 1eko 53/08 Ebazpenean adierazitako hasierako isurketa-baldintzak. Izan ere, ebazpen horren bidez, isurketa-baldintzak erregularizatzeko proiektuaren aldeko txostena eman zen. Baldintza horiek, gero, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 17ko 976/2009 Ebazpenaren bidez aldatu ziren, non aldeko txostena eman baitzitzaion 990 kW-eko gas-motorra duen kogenerazio-instalazioa eraikitzeko jarduera sailkatuaren proiektuari.

Enpresaren jarduera otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuaren 1. eranskineko B multzoan sailkatuta dago (foru dekretu horren bidez, urak saneamenduko kolektore publikoetara isurtzen ahal dituzten jarduerak ezarri eta funtzionatzeko baldintza teknikoak ezarri ziren), zehazki, 10.2 epigrafean, hots, "Animalietako lehengaia, esnea izan ezik, tratatuz edo/eta eraldatuz elikagaiak fabrikatzeko industria instalazioak, egunean 75 tonako edo hortik beherako produktu bukatu ekoizteko ahalmena dutenak; edo landareetako lehengaia tratatuz edo/eta eraldatuz elikagaiak fabrikatzen dituztenak, egunean 300 tonako edo hortik beherako produktu bukatu ekoizteko ahalmena dutenak (hiru hilean behingo batez besteko balioak)" izenekoan. Enpresaren jarduera horrek 4. eranskinean adierazitako OEK eta OEB5 kutsadura-kargaren atalaseak gainditzen ditu.

Aurreko guztia ikusita, egokitzat jotzen da eskatutako aldaketa, autokontrolak egiteko laginak hartzeari dagokiona, baina lan horien aldizkakotasuna 12/2006 Foru Dekretuan ezarritakora egokitu behar da.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzu honen ustez, baldintza horiek instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokia ahalbidetuko lukete, eta teknika erabilgarri onenak aplikatzearekin bat etorriko litzateke.

Instalazioan sortutako hondakinen zerrendan hondakin berriak sartzeari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

02 03 04

Kontsumorako edo prestakuntzarako egokiak ez diren materialak: produkzio hondarrak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

08 03 18

Inprimatzeko tonerren hondakinak, 08 03 17 kodean zehaztutakoez bestelakoak.

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

13 05 02

Uraren/substantzia oliotsuen bereizgailuetako lohiak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

15 01 02

Plastikozko ontziak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 39 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (plastikoa), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari. Hondakin hori jada baimenduta dagoenez, haren deskribapena baino ez da aldatzen

15 01 03

Zurezko ontziak: paletak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 38 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (zurezko paletak), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari. Hondakin hori jada baimenduta dagoenez, haren deskribapena baino ez da aldatzen

15 01 04

Metalezko ontziak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

15 01 06

Material nahasketa duten ontziak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

15 01 07

Beirazko ontziak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

16 06 04

Pila alkalinoak (16 06 03 kodekoak izan ezik)

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

20 01 01

Papera eta kartoia

Ez da onartzen instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartzea, 15 01 01 EHZ kodea onartuta daukalako (Paperezko eta kartoizko ontziak), zeina hobeki egokitzen baitzaio Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari

20 01 21

Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten bestelako hondakinak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

Sortutako hondakinetan onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Partez onartzea San Adriango udal mugartean marmeladak, konfiturak eta jeleak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Iberfruta Muerza SA da.

Bigarrena.–Eguneratzea hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Iberfruta - Muerza SAra, San Adriango Udalera eta NILSAra igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2414307