1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
93/2024 FORU AGINDUA, urriaren 11koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren azaroaren 25eko 81/2015 Foru Agindua, zeinaren bidez 184 eredua onetsi zen, "Errentak eratxikitzeko araubideko entitateek aurkeztu beharreko urteko aitorpen informatiboa" izenekoa.
Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 bis artikuluaren arabera, errentak eratxikitzeko araubideko entitateek urtero aurkeztu beharko dute aitorpen informatibo bat, non, besteak beste, entitateak sortutako kenkarien oinarriak jaso beharko diren.
Aitorpen informatibo hori araututa dago azaroaren 25eko 81/2015 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen 184 eredua, "Errentak eratxikitzeko araubideko entitateek aurkeztu beharreko urteko aitorpen informatiboa" izenekoa. 3. artikuluaren arabera, aitorpen horretan agertu beharreko informazioa da, besteak beste, kenkarien oinarriei buruzkoa.
Azaroaren 14ko 75/2023 Foru Aginduaren artikulu bakarraren zortzigarren ataleko i) letraren bidez, 81/2015 Foru Aginduaren II. eranskina aldatu zen, 2 erregistro motaren (entitatearen erregistroa) 221-232 idazguneei dagokienez, honako hauengatik sortutako kenkariei buruzko informazioa gehitzeko: energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioak, errekarga-sistemetan egindako inbertsioak eta etxebizitzen energia-efizientzia hobetzeko obrak ("06", "07", "08" eta "09" azpigakoak, "I" gakokoak, 78-79 eta 77 idazguneak, hurrenez hurren). Akats baten ondorioz, "kenkariaren zenbatekoa" ezarri zen idazgune horietan aitortu beharreko datu gisa, "kenkariaren oinarria" jarri behar zuen tokian, aipatutako arau-esparruarekin bat etorriz.
Horrenbestez, foru agindu honek atzemandako akatsa zuzentzen du azaroaren 25eko 81/2015 Foru Aginduaren II. eranskinean, 184 ereduaren aurkezpen elektronikorako sortzen diren fitxategiek bete beharreko diseinu logikoei buruzkoan, azaldutako moduan.
Horrez gain, ikusi da ezen, enpresa-jardueren edo jarduera profesionalen etekin garbien gaineko aitorpena, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 36.A).3 eta 36.B).4 artikuluetako kenkariak aplikatu ondoren, 184. ereduan egitea nahasgarria dela bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideentzat, errenta eratxekiaren zenbateko hori osokotzat hartu eta PFEZaren aitorpenean aipatutako kenkariak aplikatzen baitituzte. Horregatik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 36.A).3 eta 36.B).4 artikuluetako kenkariak bi aldiz aplika ez daitezen, 184 ereduan eta F-93 ereduan, alegia, 81/2015 Foru Aginduaren II. eranskineko 2 erregistro-motan (bazkidearen, jaraunslearen, erkidearen edo partaidearen erregistroa) 160-171 idazguneak kentzen dira.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio egintzetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza eman duen organoari dagokio.
Horrenbestez, eta bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko 62 bis.4 artikuluak emandako gaikuntzarekin,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren azaroaren 25eko 81/2015 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitzen "Errentak eratxikitzeko araubideko entitateek aurkeztu beharreko urteko aitorpen informatiboa" izeneko 184 eredua.
Azaroaren 25eko 81/2015 Foru Aginduaren II. eranskina aldatzen da, ondotik azaltzen den moduan:
Bat. 2 erregistro mota "Entitatearen erregistroa", 221-232 idazguneak, "I" gakoaren "06", "07", "08" eta "09" azpigakoen deskripzioa aldatzea:
IDAZGUNEAK | IZAERA | EREMUEN DESKRIPZIOA |
221-232 | Zenbakizkoa | "–Baldin "Gakoa" eremuan (entitatearen erregistroaren 2 erregistro motaren 77 idazgunea) "I" adierazi bada eta "Azpigakoa" eremuan (entitatearen erregistroaren 2 erregistro motaren 78-79 idazguneak) "06", eremu honetan zera adieraziko da ikurrik eta koma dezimalik gabe: energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioengatiko kenkariaren oinarria, zeina arautu baita Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.12 artikuluan, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoarenean. –Baldin "Gakoa" eremuan (entitatearen erregistroaren 2 erregistro motaren 77 idazgunea) "I" adierazi bada eta "Azpigakoa" eremuan (entitatearen erregistroaren 2 erregistro motaren 78-79 idazguneak) "07", eremu honetan zera adieraziko da ikurrik eta koma dezimalik gabe: errekarga-sistemetan egindako inbertsioagatiko kenkariaren oinarria, zeina arautu baita Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.14 artikuluan, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoarenean. –Baldin "Gakoa" eremuan (entitatearen erregistroaren 2 erregistro motaren 77 idazgunea) "I" adierazi bada eta "Azpigakoa" eremuan (entitatearen erregistroaren 2 erregistro motaren 78-79 idazguneak) "08", eremu honetan zera adieraziko da ikurrik eta koma dezimalik gabe: etxebizitzen energia-efizientzia hobetzeko obrengatiko kenkariaren oinarria, zeina arautu baita Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hirurogeita bosgarren xedapen gehigarrian, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoarenean." |
Bi. 2 erregistro mota "Bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideen erregistroa", 160-171 idazguneak kentzea, "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 36.A).3 eta 36.B).4 artikuluetako kenkariak".
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatzen ahalko da 2024. urteari dagozkion aitorpen informatiboetan, zeinak 2025eko ekitaldian aurkeztuko baitira.
Iruñean, 2024ko urriaren 11n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2414831