217. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Proiektua, "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Funesko adarra". Behin betiko onespena

Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2024ko urriaren 16an egindako ohiko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

"Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2024ko irailaren 12ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Funesko adarra" deritzon proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta agiri horiek guztiak jendaurrean egon ziren 15 egunean.

Epea iragan eta ez denez alegaziorik jarri, zilegi da proiektua behin betiko onestea. Hortaz, honako hau erabakitzen da:

Lehena.–Behin betiko onestea "Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (3. fasea). Funesko adarra" deritzon proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Bigarrena.–Nafarroako Gobernuari eskatzea, organo eskuduna den aldetik, deklara dezala presakoa dela ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ondorioetarako, Funesen edateko urez hornitzeko dauzkaten arazoak konpondu behar dira eta (Mairagako Mankomunitatean sartu berri da udalerria); izan ere, eskasia du edateko uraren kantitateari eta kalitateari dagokienez. Halaber, horrela proiektuari lotutako dirulaguntzen baliabide ekonomikoei onura ateratzen ahalko diete. Dirulaguntza horietako bat da, esaterako, 2022-2025 aldirako Toki Inbertsioen Planean jasota dagoena, haren bidez inbertsio osoaren %80 inguru finantzatzen ahalko baita, 2025erako urteko kuota jada finkatua du-eta proiektu horretarako.

Hirugarrena.–Behar den kreditua atxikitzea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaindu ahal izateko.

Laugarrena.–Erabaki hau Mairagako Mankomunitateko eta Azkoiengo Udaleko iragarki-tauletan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta haren laburpena, berriz, Nafarroako Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batean.

Bosgarrena.–Azaltzea erabaki honen aurka errekurtso hauek jar ditzaketela interesdunek, aldez aurretik, aukeran, eta herri administrazio ez badira: berraztertzeko errekurtsoa Mairagako Mankomunitateari; gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek ere azken errekurtso hori jar dezakete edo, bestela ere, Mairagako Mankomunitateari aldez aurretiko errekerimendua egin ahal izanen diote, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Tafallan, 2024ko urriaren 17an.–Mankomunitateko burua, Carlos Alcuaz Monente.

Iragarkiaren kodea: L2415150