1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
409E/2024 EBAZPENA, irailaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Artaxoako udal-mugartean ongarriak eta konposatu nitrogenodunak egiten eta saltzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa ukatzen duena. Instalazioaren titularra Ecofert Sansoain SL da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 11ko 6E/2016 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 22ko 73E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zena.
2024ko maiatzaren 28an, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jasotako hondakin kudeatuen zerrendan EHZ 191207 kodea duen hondakina sartzea, 19 12 06 kodean zehaztutakoaz bestelako zura, konpostatzeko prozesuan egituratzaile gisa erabiltzeko.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du ez dela onargarria, instalazioaren jarduera konposta prestatzea baita eta ongarriak edo substratuak fabrikatzeko baimendutako lehengaiak Ongarriei buruzko ekainaren 28ko 506/2013 Errege Dekretuan eta Labore-substratuei buruzko uztailaren 2ko 865/2010 Errege Dekretuan jasotzen dira, hurrenez hurren, eta ez da onartzen EHZ 191207 kodea duen hondakina lehengai gisa aipatutako bi errege dekretuetako batean ere.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Artaxoako udal-mugartean ongarriak eta konposatu nitrogenodunak egiten eta saltzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa ukatzea. Instalazioaren titularra Ecofert Sansoain SL da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Ecofert Sansoain SLri eta Artaxoako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko irailaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Iragarkiaren kodea: F2414362