1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
334E/2024 FORU AGINDUA, urriaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita farmazia-bulegoetako jendaurreko ordutegia, guardiako zerbitzua eta aldi baterako ixtea arautzen dituen urriaren 9ko 88/2024 Foru Dekretuaren I. eranskina.
Urriaren 9ko 88/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan baimendutako farmazia-bulegoetako jendaurreko ordutegia, guardiako zerbitzua eta aldi baterako ixtea arautu dira, herritarrei farmazia-arreta bermatzeko asmoz. I. eranskinean, Nafarroako Foru Komunitateko guardiako farmazia-eremuak ezartzen dira.
Foru dekretuaren proiektua izapidetzeko espedientean, guardiako farmazia-eremuen artean, Zangozako oinarrizko eremua jaso zen, eta eguneko eta gaueko guardiako farmazia bat ezarri zitzaion.
Hala ere, geroko izapideetan, transkripzio-akats baten ondorioz, guardiako farmazia-eremu hori ez zen jaso foru dekretuaren proiektuaren testuan. Nafarroako Kontseiluak hori ohartarazi zuen irailaren 23an emandako 22/2024 irizpenean, zeina 19/2024 espedientearen parte baitzen.
Farmazia-bulegoetako jendaurreko ordutegia, guardiako zerbitzua eta aldi baterako ixtea arautzen dituen urriaren 9ko 88/2024 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenean ezarritakoaren arabera, Osasun Departamentuko titularrak ahalmena du foru dekretu horren I. eranskinean jasotako guardiako farmazia-eremuak eta guardia-zerbitzuak aldatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
Osasun eta Farmazia Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendariaren 2024ko urriaren 3ko txostena ikusirik.
Horregatik guztiagatik, eta bat etorriz farmazia-bulegoetako jendaurreko ordutegia, guardiako zerbitzua eta aldi baterako ixtea arautzen dituen urriaren 9ko 88/2024 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenean eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluan ezarritakoarekin,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Farmazia-bulegoetako jendaurreko ordutegia, guardiako zerbitzua eta aldi baterako ixtea arautzen dituen urriaren 9ko 88/2024 Foru Dekretuaren I. eranskina aldatzea, honela:
XVIII. atala gehitzen da, testu hau izanen duena: "Zangozako guardiako farmazia-eremua: Zangoza OEO: Guardiako farmazia bat egunez eta gauez."
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko urriaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2414829