Iragarkia
216. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZIZUR NAGUSIA
Deialdia, gizarte-hezitzailearen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Zizur Nagusiko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2024ko urriaren 11n, erabaki zuen deialdi bat onestea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gizarte-hezitzailearen 2 lanpostu.
Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gizarte-hezitzailearen 2 lanpostu (B maila), zeinetatik batek euskarako nahitaezko C1 hizkuntza eskakizuna baitu, Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzura jardun dezaten. Deialdia aurrera eramanen da honako hauen arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinak onesten baitu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.
1.2. Honako hauek dira deialdiko lanpostu hutsak: plantilla organikoan 25301 zenbakia duen lanpostua, euskarako nahitaezko C1 hizkuntza eskakizuna duena, eta 25303 zenbakia duena, biak ala biak Gizarte Zerbitzuen Alorrari atxikiak.
1.3. Lanpostu horiek txanda hauetan banatuko dira:
–Lanpostu bat txanda irekian.
–Lanpostu bat igoera txandan.
1.4. Igoera txandako lanpostua txanda irekikoari gehituko zaio, baldin bete gabe gelditzen bada, izangaiek ez dutelako eskuratu hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa.
Baldin igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
1.5. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta, hortaz, izanen dituzte Zizur Nagusiko Udalean funtzionarioei buruz indarrean diren xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Halaber, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan jasotako babesean.
1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak Eginkizunen Eskuliburuan zehaztutakoak izanen dira.
2.–Baldintzak.
Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintzak hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa. Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat; bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.
Prozesuan parte hartzen ahalko dute, orobat, unibertsitateko diplomadun tituluren bat dutenek edo ingeniaritza teknikoaren edo arkitektura teknikoaren titulua dutenek, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean haietako bat eskuratzeko moduan daudenek, baldin eta, gainera, gizarte hezitzaileen elkargo ofizial batek emandako lanbide gaikuntza badute.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.
d) Plantilla organikoko 25301 lanpostuak euskarako nahitaezko hizkuntza eskakizuna du esleitua, C1 mailakoa; hala bada, hura betetzeko eduki beharko da maila hori frogatzen duen titulua edo ziurtagiria, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, (titulu edo ziurtagiri horiek zehazturik daude Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa. Baldintza hori frogatu beharko da deialdi honen 3.4 oinarriari jarraikiz.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
g) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.
h) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere. Baldintza hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz (erregistro hori arauturik dago abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez).
i) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako baldintza espezifiko hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
d) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
3.–Eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko dute, deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera; horretarako, eskabide orokorra erabiliko dute, Zizur Nagusiaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es). Sartzeko, baliatu beharko dute NAN edo ziurtagiri digitala edo Cl@ve iraunkorra.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa telematika bidez ordainduko da, eskabidea formalizatzen den unean. Tasa hori egoitza elektronikoaren bidez ordainduko da, "Tasen autolikidazioa" izapidean.
Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
Honako kasu hauetan ez da tasarik ordaindu beharko:
a) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko, alabaina, baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean uko egin ez izana eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik; halaber, baldintza izanen da ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta.
Inguruabar horiek frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik. Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da ez izatea, hilean zenbatuta, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Horretarako eredua deialdi honen II. eranskinean dago.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea telematika bidez aurkezteko unean, parte hartzeko eskabidearekin batera (I. eranskina), izangaiek honako agiri hauek gehitu beharko dituzte:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena.
b) 2.1.c) oinarriko baldintza frogatzen duen tituluaren kopia.
c) Euskarako nahitaezko hizkuntza eskakizuna duen lanpostua (25301 zenbakia duena) bete nahi dutenek aurkeztu beharko dute euskarako C1 jakite-maila frogatzen duen tituluaren kopia, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan; bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioaren kopia aurkeztu beharko da.
Hizkuntzaren jakite-maila hori frogatzen ahalko da, orobat, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak horretarako eginen duen proba baten bidez. Hortaz, proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean. Proba hori eginen da hautaprobak hasi baino lehen.
d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia.
e) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, halakorik baldin bada.
f) Igoera txandako izangaiek, gainera, behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.
Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute parte hartzeko eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztuko dira, Interneten, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan, eta haiek ebatzi ondoren, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: María Pilar García Castellano, Zizur Nagusiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko eta Aniztasuneko zinegotzia.
Ordezkoa: Jon Gondán Cabrera, Zizur Nagusiko Udaleko alkate udalburua.
1. epaimahaikidea: María Teresa Artázcoz Oroz, gizarte-langilea eta Zizur Nagusiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorreko arduraduna.
Ordezkoa: María Mercedes Alduan Urdiain, Zizur Nagusiko Udaleko Etxeko Laguntza Zerbitzuko gizarte-langilea.
2. epaimahaikidea: María Razquin Galan, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialeko gizarte-hezitzailea.
Ordezkoa: Ángela Delgado Latorre, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialeko gizarte-hezitzailea.
3. epaimahaikidea: Itxaso Ruiz de las Heras Goñi, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.
Ordezkoa: Sandra Urrutia Olleta, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.
Epaimahaikide idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Olatz Arizaleta Azcona, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia ondotik.
6.2. Lehiaketaldia.
Alegatutako merezimenduak, 3.4 oinarrian aipatutakoak, frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean. Epaimahaiak III. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko ditu.
Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Erreklamazioetarako epea iragan, eta epaimahaiak haiek ebatzi ondoren, iragarki-taulan jarriko da izangaien zerrenda, lehiaketaldian lortutako puntuazioak adierazita. Puntuazio horiek oposizioaldian eskuratzen denari gehituko zaizkio, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren puntuazio osoa.
6.3. Oposizioaldia.
Oposizioaldian 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da.
Oposizioa 2025eko maiatzetik aurrera hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute NANa, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta galdetuko da deialdiko IV. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz. Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Oposizioak bi proba hauek izanen ditu, eta haien bidez baloratuko dira izangaiek lanpostuaren jardunaz dituzten ezagutza teoriko-praktikoak:
a) Lehen proba: teorikoa izanen da, eta idatziz erantzun beharko zaio test motako galde-sorta bati, deialdi honen IV. eranskineko gaiei buruz. 100 galdera izanen ditu, eta erreserbako bost galdera gehiago gehituko zaizkio. Lau erantzun emanen dira aukeran, baina bakarra izanen da zuzena.
Proba egiteko ezin izanen da inolako testurik edo dokumentaziorik erabili, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere.
Proba hasi baino lehen esanen du epaimahaiak gehienez zenbat denbora egonen den hura egiteko.
Proba honetan gehienez 40 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak.
Galdera guztiek balio bera izanen dute, eta zigortu eginen dira oker erantzundako galderak: bakoitzeko, erantzun zuzenaren laurden bat kenduko da.
b) Bigarren proba: teoriko-praktikoa izanen da, eta idatziz ebatzi beharko dira kasu teoriko-praktiko bat edo batzuk. Epaimahaiak proposatuko ditu kasuak, eta lotura izanen dute gai-zerrendaren bigarren zatiko gaiekin, alegia, izanen dira lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei buruzkoak.
Ariketa hastean ezarriko du kalifikazio-epaimahaiak izangaiek gehienez zenbat denbora izanen duten hura egiteko.
Proba honetan gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira. Kasuak bat baino gehiago izanez gero, puntuazio hori banatuko da kasu kopuruaren proportzioan. Bazterturik geldituko dira puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
7.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan, txandaren arabera eta lortutako puntuazioaren ordenan. Zerrenda hori, orobat, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari igorriko dio, lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egin dadin.
7.2. Berdinketarik gertatuz gero, lehen proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan. Halarik ere, berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak horretarako jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez.
8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.
8.1. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak dei eginen du lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldira; horretarako, aukeran dauden lanpostu hutsen zerrenda argitaratuko du, bai eta aukeratzera deituriko izangaien zerrenda ere, eta lanpostu hutsak aukeratzeko lehentasun-ordenari jarraikiko zaio.
Informazio hori argitaratuko da Udalaren iragarki-taula elektronikoan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.
8.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari, espediente osoarekin batera. Proposamen horretan egonen dira probak gainditu dituzten izangaiak, betiere eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren heinean.
Izendapen proposamen hori argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taula elektronikoan.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalean, edo horretarako berariaz ezartzen den epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte, Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean:
a) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
b) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez daudela desgaituak edo gabetuak eginkizun publikoetan aritzeko eta ez direla kenduak izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituztela.
9.4. Baldin izangaiak badira deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak eta igoera txandan parte hartu badute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, aurkeztu beharko dute jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzeko ziurtagiria.
9.5. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.
9.6. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsunea beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan (7. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.7. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak bere eskudantziak betetzeko behar duen beste edozein agiri, eskatu eginen zaio proposaturiko izangaiari, eta hark aurkeztu egin beharko du.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Ebazpen baten bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, lanpostua bete dezaten, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta, hortaz, izanen dituzte Zizur Nagusiko Udalean funtzionarioei buruz indarrean diren xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak.
Izendatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu, kasua bada, eta alta emanen zaie, araubide horretan jasotako babesean.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik zenbatzen hasita, edo izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean.
Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak galduko ditu Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.6 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Baldin eta funtzionario bilakatu diren izangaiei zuzenean borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza-hartzearen egunetik beretik, haiek berek eskatuta eta lanpostuan batere aritu gabe, egun horretan beste administrazio publiko batean modu finkoan ari direlako, hutsik gelditzen den lanpostu hori ere deialdiaren 9.6 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.5. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen aukeraketa. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
11.1. Bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozeduran, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Probak gainditu ez dituzten eta lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatua:
–Deialdiaren oinarrietan lehen proban, gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.
11.2. Zizur Nagusiko Udaleko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratazioetarako zerrendak onetsiko dira, une horretan indarrean diren kudeaketa-arauekin bat, eta argitara emanen dira Zizur Nagusiko iragarki-taulan.
Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera. Probak gainditu ez dituzten eta lanposturik eskuratu ez duten izangaien ordena ezartzeko, berriz, irizpide hauek erabiliko dira: lehenik, prozesuan gainditutako proba kopurua (proba gehien gainditzen dutenak aurretik), eta bigarrenik, gainditutako probetan lortutako puntuazio guztien batura, salbu eta aurreko apartatuko b.2.) letran ezarritako kasuan; izan ere, kasu horretan lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.
Berdinketak ebazteko, halakorik badago, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hain zuzen, 7.2 oinarrian (gainditutako proben puntuazioari eta zozketa egiteari buruzkoa).
Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, beteko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoetan xedaturikoa (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu beharreko izapideak, deialdiaren fitxan eta iragarki-taula elektronikoan (Udalaren egoitza elektronikoan eskuragarri) emanen da argitara proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.
13.–Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Zizur Nagusiko Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez (delegadaprotecciondedatos@zizurnagusia.es).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
14.–Errekurtsoak.
14.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabetean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
14.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
14.3. Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
DEIALDIA, GIZARTE-HEZITZAILEAREN BI LANPOSTU OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, |
1) Datu pertsonalak.
Izen-deiturak | |||||||||
NANa/AIZa | Nazionalitatea | Jaioteguna | |||||||
Helbidea eta herria | Probintzia | ||||||||
Posta kodea | |||||||||
Tel. zk.: | |||||||||
Helbide elektronikoa | |||||||||
2) Txanda irekiko eskabidea.
2.1.1 apartatuko baldintzak betetzen ditut, eta txanda irekiko lanpostua eskuratzeko parte hartu nahi dut.
3) Igoera txandako eskabidea.
2.1.2 apartatuko baldintzak betetzen ditut, eta igoera txandako lanpostua eskuratzeko parte hartu nahi dut.
4) Euskarako hizkuntza eskakizuna duen lanpostua.
Parte hartu nahi dut, orobat, euskarako C1 hizkuntza eskakizuna duen lanpostua eskuratzeko (eskatzen den tituluaren fotokopia erantsi dut).
Parte hartu nahi dut, orobat, euskarako C1 hizkuntza eskakizuna duen lanpostua eskuratzeko, eta eskatzen dut proba egitea Euskarabidean.
5) Azterketa eskubideak eta espedientea formalizatzea.
Ordaindu ditut azterketa eskubideak eta espedientea formalizatzea. (Diru-sarreraren frogagiriaren fotokopia erantsi dut).
Tasa ordaintzetik salbuetsirik nago, arrazoi honengatik: Deialdi hau argitaratu aurretik, badaramat hilabete bat edo gehiago lan eskatzaile gisa inskribaturik, 2.2 oinarrian adierazitako baldintzetan, eta ez dut lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta. (Enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat erantsi dut, zeinean jasotzen baita zer egunetan inskribatu nintzen langabe gisa eta, orobat, berariaz aipatzen baita inskribaturik egon naizen bitartean ez diodala uko egin eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik; era berean, II. eranskinaren araberako erantzukizunpeko adierazpena erantsi dut).
6) Denborak eta baliabideak egokitzea.
Desgaitasuna dut, hala frogatzen baitut eskabide honekin batera aurkezturiko dokumentazioaren bidez, eta, desgaitasun hori dela eta, eskatzen dut egokitzapenak egin daitezela probak egiteko denboretan eta baliabideetan.
7) Halaber, honako hau adierazten dut.
–Ez dut karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, ez eta indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik ere.
–Ez naiz diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan, eta ez nago desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.
–Baditut deialdian eskatzen diren tituluak, eta betetzen ditut hartan parte hartzeko baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
–Konpromisoa hartzen dut, izendatua izanez gero, 8. oinarrian aipatzen diren agiriak ezarritako epean aurkezteko, eta lanpostuaz izendapena jakinarazi ondoko hilabetean jabetzeko, edo ebazpenean ezartzen den egunean.
ESKATZEN DUT Onartua izatea gizarte-hezitzailearen 2 lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian (haietako batek euskarako nahitaezko C1 hizkuntza eskakizuna du), zeina argitaratu baitzen ..................... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ........................................................
...................................(e)n, 2024ko ...............................................aren ....................(e)(a)n
(Sinadura)
Datuen babesa: Zizur Nagusiko Udala da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna; zer administrazio prozeduratarako aurkeztu edo eskatu diren, haren izapideak kudeatzeko erabiliko dira. Hirugarrenei ez zaie daturik lagako, salbu legezko betebeharra badago. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu; horretarako, udal bulegoetara jo behar duzu. Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta dezakezu, bai eta datuen babesari buruzko beste argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.zizurmayor.es/eu/.
II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
NIK (izena eta bi deitura) ............................................................................................................... (NANa/IFZa: .............................................................,)
ADIERAZTEN DUT Ez dut lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta.
Aitorpen hau egiten da azterketa eskubideen eta espedientea formalizatzeko tasa ordaintzetik salbuesteko.
...................................(e)n, 2024ko ...............................................aren ....................(e)(a)n
(Sinadura)
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
Alegatutako merezimenduak, 3.4 oinarrian aipatutakoak, frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean. Epaimahaiak baremo honen arabera kalifikatuko ditu:
1. 25303 lanpostua, euskarako nahitaezko hizkuntza eskakizunik gabekoa:
1.–Titulu akademikoak (10 puntu gehienez):
a) Bigarren zikloko edo goragoko unibertsitate titulu ofizialak izatea (lizentzia, gradua edo masterra), lanbide-arloarekin lotutakoak: 7 puntu titulu bakoitzeko.
b) Lehen zikloko unibertsitate titulu ofizialak izatea (diploma), lanbide-arloarekin lotutakoak: 5 puntu.
c) Goi Mailako Lanbide Heziketako beste titulu ofizial batzuk, edo horien baliokideak, lanbide-arloarekin lotutakoak: 3 puntu.
Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
2.–Emandako zerbitzuak (10 puntu gehienez):
a) Gizarte-hezitzailearen eginkizunetan, Nafarroako edozein toki erakundetan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
b) Gizarte-hezitzailearen eginkizunetan, gainerako administrazio publikoetan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1 puntu urteko.
c) Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten programetan, administrazio publikoak kontrataturiko enpresa pribatu edo fundazio batean, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 0,5 puntu urteko.
3.–Euskara jakitea (10 puntu gehienez):
Euskara jakiteagatik 10 puntu gehituko dira, gehienez, honela banatuak:
a) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 titulua (edo goragoko mailak) edo C1 mailaren baliokide diren beste titulazio ofizial batzuk (edo goragoko mailak) edukitzeak jasoko du gehienezko balorazioa.
b) Titulazio hori eduki ezean, 8 puntu emanen dira B2 maila edukitzeagatik, 6 puntu B1 maila edukitzeagatik, 4 puntu A2 maila edukitzeagatik, edo titulazio ofizial baliokideak edukitzeagatik.
2. 25301 lanpostua, euskarako nahitaezko hizkuntza eskakizuna duena:
1.–Prestakuntza osagarria (15 puntu gehienez):
a) Bigarren zikloko edo goragoko unibertsitate titulu ofizialak izatea (lizentzia, gradua edo masterra), lanbide-arloarekin lotutakoak: 7 puntu titulu bakoitzeko.
b) Lehen zikloko unibertsitate titulu ofizialak izatea (diploma), lanbide-arloarekin lotutakoak: 5 puntu.
c) Goi Mailako Lanbide Heziketako beste titulu ofizial batzuk, edo horien baliokideak, lanbide-arloarekin lotutakoak: 3 puntu.
Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
2.–Emandako zerbitzuak (15 puntu gehienez):
a) Gizarte-hezitzailearen eginkizunetan, Nafarroako edozein toki erakundetan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
b) Gizarte-hezitzailearen eginkizunetan, gainerako administrazio publikoetan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1 puntu urteko.
c) Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten programetan, administrazio publikoak kontrataturiko enpresa pribatu edo fundazio batean, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 0,5 puntu urteko.
Oharrak:
1. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
2. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
3. Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
–Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkatutako zerbitzu batzuk, puntu gehien ematen dituena baizik ez da kontuan hartuko aldi horretan.
IV. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Lehen zatia: araudi orokorra.
1. gaia.–7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria.
2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua: Nafarroako toki erakundeen antolaketa eta administrazioa: I. kapitulua: Udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Hiritarren partaidetza eta informazioa: I. kapitulua: Xedapen orokorrak. udalen funtzionamendua. II. kapitulua. Hiritarren partaidetza eta informazioa. VIII. titulua: Toki Ogasunak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola: I. kapitulua. II. kapitulua: 1. eta 2. atalak.
3. gaia.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua. II. titulua: I. kapitulua: Udalerria. III. titulua: I. kapitulua: Osoko Bilkuraren funtzionamendua. IV. titulua: Hirugarren atala: Informazio batzordeak.
4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera. III. titulua: Administrazio egintzak. IV. titulua: Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak. V. titulua: Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: II. kapitulua. Administrazio errekurtsoak.
5. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
6. gaia.–Genero berdintasuna: 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema. III. titulua: Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak. IV. titulua: Berdintasuna sustatzeko politika publikoak.
7. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
8. gaia.–Dirulaguntzak. 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Atariko titulua: II. kapitulua. Dirulaguntza publikoei buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua: Dirulaguntzak itzultzea.
Bigarren zatia: araudi espezifikoak, gida-planak eta programak.
1. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
2. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.
3. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa ematekoa eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.
4 gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasun egoeretan esku hartzeko II. Eskuliburua.
5. gaia.–Haurrak babesteko esku-hartzearen esparru teorikoa Atxikimenduaren teoria. Trauma kontzeptua. Eredu sistemikoa.
6. gaia.–22/2002 Foru Legea, uztailaren 2koa, Indarkeria Sexistaren aurkako Neurri Integralak Hartzeari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Sentsibilizazio neurriak. Prebentzio neurriak. Biktimendako laguntza eta babesa. Prestazio ekonomikoak. Eta martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legeak sartutako aldaketak.
7. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzkoa: Atarikoa. Sentsibilizazio-, prebentzio- eta detekzio-neurriak. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak. Babes instituzionala. Zigor arloko babesa eta Babes judiziala.
8. gaia.–Zizur Nagusian Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera koordinatzeko tokiko protokoloa.
9. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak.
II. titulua. LGTBI+ pertsonen benetako berdintasuna sustatzeko neurriak.
10. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak Arautzen dituena. 26/2018 Foru Dekretua, Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideak Garatzeari buruzkoa.
11. gaia.–Familia ugariak eta gurasobakarrak: 5/2019 Foru Legea, otsailaren 7koa, Nafarroako Foru Komunitatean Familia Gurasobakarrak Egiaztatzeari buruzkoa: Atarikoa. I. kapitulua. II. kapitulua. 20/2003 Foru Legea, martxoaren 25ekoa, Familia Ugariei buruzkoa: I. kapitulua.
12. gaia.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, zeinaren bidez onesten baita Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina. Atariko titulua, I. titulua, II. titulua.
13. gaia.–Gizarteratzeko eta Laneratzeko Nafarroako Baliabideen Katalogoa.
14. gaia.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmendu mentala dutenen, adigabeentzako arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.
15. gaia.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa: Ikuspegia, misioa, printzipioak, helburuak, ildo orokorrak, ildo estrategikoak. Ebaluatzeko adierazleak.
16. gaia–Gizarte-hezitzailearen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren agiri profesionalizatzaileak.
17. gaia.–4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta haien Gizarteratzeari buruzkoa (abenduaren 22ko 8/2000 Lege Organikoak aldatua).
18. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.
19. gaia.–Zizur Nagusiko Udalaren etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.
20. gaia.–El acompañamiento como método de intervención en los procesos de inclusión: Nuevas reflexiones (Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak argitaratua. 2016).
21. gaia.–Esku-hartze komunitarioan parte hartzea: erreferentzia esparrua. Esku-hartze komunitarioko prozesuetan parte hartzeko gakoak.
https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/eus_guiaparticipacioncomunitaria.pdf
Oharra.–Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Zizur Nagusian, 2024ko urriaren 11n.–Alkate udalburua, Jon Gondán Cabrera.
Iragarkiaren kodea: L2414816
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
