Iragarkia
216. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZIZUR NAGUSIA
Deialdia, administrari-ofizialaren 3 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Zizur Nagusiko Gobernu Batzarrak, 2024ko irailaren 20an, erabaki zuen deialdi bat onestea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari-ofizialaren 3 lanpostu, euskarako nahitaezko B2 hizkuntza eskakizuna dutenak.
Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari-ofizialaren 3 lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, euskarako nahitaezko B2 hizkuntza eskakizuna dutenak, Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzura jardun dezaten.
1.2. Deialdi honetan honako lanpostu hauek sartzen dira:
–Kultura-Euskara Alorrari atxikitako lanpostu bat, plantilla organikoan 33001 zenbakia duena.
–Idazkaritza Alorrari atxikitako 2 lanpostu, Herritarren Arretarako Bulegokoak (HAB), plantilla organikoan 34001 eta 31007 zenbakiak dituztenak.
1.3. Lanpostu horiek txanda hauetan banatuko dira:
–Lanpostu bat txanda irekian.
–Lanpostu bat igoera txandan.
–Lanpostu bat erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat.
1.4. Igoera txandako lanpostua txanda irekikoari gehituko zaio, baldin bete gabe gelditzen bada, izangaiek ez dutelako eskuratu hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa.
Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostu hutsa bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa eskuratu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako banaketa-hurrenkeraren arabera.
Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan, eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintzak hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa. Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidea izatea.
d) Bete beharreko lanpostuek plantilla organikoan euskarako nahitaezko hizkuntza eskakizuna dute esleitua, B2 mailakoa; hala bada, eduki beharko da maila hori frogatzen duen titulua edo ziurtagiria, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, (titulu edo ziurtagiri horiek zehazturik daude Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa. Baldintza hori frogatu beharko da deialdi honen 3.4 oinarriari jarraikiz.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
g) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako baldintza espezifiko hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
d) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
e) Aurreko 2.2.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioaren ordez, aski izanen da zortzi urteko antzinatasuna frogatzea administrazio publikoetan.
2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek bete beharreko baldintza espezifikoak:
Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuko baldintzez gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna izan beharko dute, ofizialki aitortua. Frogatzeko, jarraiki beharko zaio 3.4 oinarrian ezarritakoari.
2.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lanpostuaren jabetza hartu arte.
3.–Parte hartzeko eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko dute, deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera; horretarako, eskabide orokorra erabiliko dute, Zizur Nagusiaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es). Sartzeko, baliatu beharko dute NAN edo ziurtagiri digitala edo Cl@ve iraunkorra.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa telematika bidez ordainduko da, eskabidea formalizatzen den unean. Tasa hori egoitza elektronikoaren bidez ordainduko da, "Tasen autolikidazioa" izapidean.
Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
Honako kasu hauetan ez da tasarik ordaindu beharko:
a) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko, alabaina, baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean uko egin ez izana eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik; halaber, baldintza izanen da ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta.
Salbuespen hori honela frogatu beharko da:
–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da ez izatea, hilean zenbatuta, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Deialdi honen II. eranskina baliatuko da horretarako.
b) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak. Aurkeztu beharko dute legez desgaitasuna dutela frogatzen duen agiria.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea telematika bidez aurkezteko unean, parte hartzeko eskabidearekin batera (I. eranskina), izangaiek honako agiri hauek gehitu beharko dituzte:
a) Nortasun agiri nazionala edo atzerritarren identifikazio zenbakia.
b) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Tituluak atzerrian lortu badira, aurkeztu beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak.
c) Euskarako B2 jakite-maila frogatzen duen titulua, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazio bat izan beharko du. Hizkuntzaren jakite-maila hori frogatzen ahalko da, orobat, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak horretarako eginen duen proba baten bidez. Hortaz, proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean. Proba hori eginen da hautaprobak hasi baino lehen.
d) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
e) Igoera txandako izangaiek, gainera, behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.
f) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, halakorik baldin bada.
Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute parte hartzeko eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztuko dira, Interneten, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan, eta haiek ebatzi ondoren, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Andoni Serrano Zabalza, Zizur Nagusiko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria.
Ordezkoa: Jon Gondán Cabrera, Zizur Nagusiko Udaleko alkate udalburua.
Epaimahaikidea: Francisco Jesús Cemborain Luquin, Zizur Nagusiko Udaleko kudeatzailea.
Ordezkoa: Yolanda Azanza Ilzarbe, Zizur Nagusiko Udaleko kontu-hartzailea.
Epaimahaikidea: Ana Jose Sanz Elía, Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Margarita Hernández Baigorri, Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Sandra Urrutia Olleta, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.
Ordezkoa: Itxaso Ruiz de las Heras Goñi, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.
Epaimahaikide idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Olatz Arizaleta Azcona, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia ondotik.
6.1. Lehiaketaldia.
Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean. Epaimahaiak baremo honen arabera kalifikatuko ditu:
a) Administrari-ofizialaren eginkizunetan, edozein toki-erakundetan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
b) Administrari-ofizialaren eginkizunetan, beste edozein administrazio publikotan, egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1 puntu urteko.
Lehiaketaldian 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
–Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkatutako zerbitzu batzuk, puntu gehien ematen dituena baizik ez da kontuan hartuko aldi horretan.
Ez dira baloratuko deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Zerbitzuak zer administrazio publikotan egin diren, administrazio publiko horrexek emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako dira alegatutako merezimenduak. Ziurtagiri horietan berariaz agertu beharko dira honako datu hauek: zer lanpostutan lan egin den, zenbat denboraz eta lanaldiak zer iraupen zuen.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak.
6.2. Oposizioaldia.
Oposizioaldian 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Oposizioa 2025eko urtarriletik aurrera hasiko da.
Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute 2.1.d) oinarrian hizkuntzarako eskatutako jakite-maila agiri bidez frogatu ez dutenek, proba hori egitea eskatu badute parte hartzeko eskabidean (I. eranskina).
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute NANa, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko III. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da. Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
Oposizioak bi proba hauek izanen ditu, eta haien bidez baloratuko dira izangaiek lanpostuaren jardunaz dituzten ezagutza teoriko-praktikoak:
a) Lehen proba: proba teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio test motako galde-sorta bati, deialdi honen III. eranskineko gaiei buruz. 100 galdera izanen ditu, eta erreserbako bost galdera gehiago gehituko zaizkio. Lau erantzun emanen dira aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen ezarriko du kalifikazio-epaimahaiak proba egiteko gehieneko denbora.
Proba honetan gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira, eta gutxienez 30 beharko dira proba gainditzeko.
Galdera bakoitzaren balioa 0,6 puntu izanen da, eta erantzun okerrak zigortu eginen dira, erantzun zuzenaren laurden bat kendurik.
b) Bigarren proba: proba praktikoa. Kasu praktiko bat edo gehiago ebatzi beharko dira, III. eranskinean jasoriko 18. eta 19. gaiei buruz.
Proba honetan gehienez 20 puntu lortzen ahalko dira, eta gutxienez 10 beharko dira proba gainditzeko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, bigarren proban gehienez 24 izangaik parte hartzen ahalko dute, hain zuzen, txanda bakoitzetik 8k. Hala bada, txanda bakoitzean gehiago badira gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaiak, probara pasatuko dira kalifikazio onenak erdietsi dituztenak.
Igoera txandan ez badute 8 izangaik lortzen proba honetarako eskatzen den gutxieneko puntuazioa, proban parte hartzen ahalko duten gainerako izangaiak txanda irekitik gehituko dira. Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan ez badute 8 izangaik lortzen puntuazio hori, proban parte hartzen ahalko duten gainerako izangaiak egoki den txandatik gehituko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Bigarren probara pasatzen ez diren izangaiak hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira, horrek galarazi gabe 11. oinarrian ezartzen dena aldi baterako kontrataziorako zerrendari buruz.
Oposizioaldia eginen da gutun-azal itxien sistemaren bidez.
Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan, txandaren arabera eta lortutako puntuazioaren ordenan, hautapen-prozesuan eskuratu dituzten kalifikazioak adierazita. Zerrenda hori, orobat, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari igorriko dio, lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egin dadin.
7.2. Berdinketarik gertatuz gero, lehen proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinduta segitzen badute, berdinketa ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Horren emaitzak argitara emanen dira Zizur Nagusiko udalaren egoitza elektronikoan.
8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.
8.1. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak dei eginen du lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldira; horretarako, aukeran dauden lanpostu hutsen zerrenda argitaratuko du, eta lanpostu hutsak aukeratzeko lehentasun-ordenari jarraikiko zaio.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.
8.2. Lanpostu hutsak aukeratzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.
Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen direnak eskainiko zaizkio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik, alde batera utzita desgaitasuna duten izangaien salbuespena.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari, espediente osoarekin batera. Proposamen horretan egonen dira probak gainditu eta puntuazio handiena lortu duten izangaiak, betiere eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren heinean.
Izendapen proposamen hori argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren egoitza elektronikoan.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalean, edo horretarako berariaz ezartzen den epean, izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte, Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean:
a) Zizur Nagusiko Udaleko osasun zerbitzuek egindako txostena, frogatzen duena ez dutela lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez daudela desgaituak edo gabetuak eginkizun publikoetan aritzeko eta ez direla kenduak izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituztela.
9.3. Baldin izangaiak badira deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak eta igoera txandan parte hartu badute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, aurkeztu beharko dute jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzeko ziurtagiria.
9.4. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.
9.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, lanpostua beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan (7. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.6. Zizur Nagusiko Udalak bere eskudantziak betetzeko behar duen beste edozein agiri, eskatu eginen zaio proposaturiko izangaiari, eta hark aurkeztu beharko du deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Ebazpen baten bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, administrari-ofizialaren lanpostua bete dezaten, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta, hortaz, izanen dituzte Zizur Nagusiko Udalean funtzionarioei buruz indarrean diren xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Halaber, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan jasotako babesean.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.
Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak galduko ditu Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.5 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.3. Baldin eta funtzionario bilakatu diren izangaiei zuzenean borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza-hartzearen egunetik beretik, haiek berek eskatuta eta lanpostuan batere aritu gabe, indarreko araudian ezarritako kasuetan betiere, hutsik gelditzen den lanpostu hori ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
11.1. Bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozeduran, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda. Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.
b) Probak gainditu ez dituzten eta lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatua:
–Deialdiaren oinarrietan lehen proban, gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.
11.2. Epaimahaiak espedientea igorritakoan, Zizur Nagusiko Udaleko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariaren ebazpen baten bidez, zerrenda hauek onetsiko dira: probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta lehen ariketan gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda. Horietatik, lehentasuna izanen du probak gainditu baina lanposturik eskuratu dutenena, indarreko kudeaketa-arauekin bat.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendak argitara emanen dira Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan.
Berdinketak ebazteko, halakorik badago, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hain zuzen, 7.2 eta 7.3 oinarrietan (gainditutako proben puntuazioari eta zozketa egiteari buruzkoak).
Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, beteko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoetan xedaturikoa (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, Udalaren egoitza elektronikoan emanen da argitara proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.
13.–Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Zizur Nagusiko Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez (delegadaprotecciondedatos@zizurnagusia.es).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
14.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabetean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Zizur Nagusian, 2024ko irailaren 20an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Datu pertsonalak.
Izen-deiturak | ||||||||||
NANa/AIZa | Nazionalitatea | Jaioteguna | ||||||||
Helbidea eta herria | Probintzia | |||||||||
Posta kodea | ||||||||||
Tel. zk.: | ||||||||||
Helbide elektronikoa | ||||||||||
Txanda irekiko eskabidea.
2.1.1 apartatuko baldintzak betetzen ditut, eta txanda irekiko lanpostua eskuratzeko parte hartu nahi dut.
Igoera txandako eskabidea.
2.1.2 apartatuko baldintzak betetzen ditut, eta igoera txandako lanpostua eskuratzeko parte hartu nahi dut.
Desgaitasuna dutenentzako txandako eskabidea.
Desgaitasuna dut, hala frogatzen baitut eskabidearekin batera (legez desgaitasuna dudala frogatzen duen agiriaren fotokopia erantsi dut), eta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzako txandako lanpostua eskuratzeko parte hartu nahi dut.
Nire desgaitasuna dela eta, eskatzen dut egokitzapenak egin daitezela proba egiteko denboretan eta baliabideetan (aparteko orri batean azaldu behar dira arrazoiak, eta zer egokitzapen eskatzen den, bat etorriz 3.4 oinarriarekin).
Euskararen jakite-maila frogatzea.
Ez dut aurkezterik euskararen jakite-maila frogatzeko agiririk; hartara, nahitaezkoa denez, eskatzen dut euskararen mailaketa proba egitea.
Azterketa eskubideak eta espedientea formalizatzea.
Ordaindu ditut azterketa eskubideak eta espedientea formalizatzea (diru-sarreraren frogagiriaren fotokopia erantsi dut).
Tasa ordaintzetik salbuetsirik nago, arrazoi honengatik:
Deialdi hau argitaratu aurretik, badaramat hilabete bat edo gehiago lan eskatzaile gisa inskribaturik, 2.2 oinarrian adierazitako baldintzetan, eta ez dut lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta (enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat erantsi dut, zeinean jasotzen baita zer egunetan inskribatu nintzen langabe gisa eta, orobat, berariaz aipatzen baita inskribaturik egon naizen bitartean ez diodala uko egin eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik; era berean, II. eranskinaren araberako erantzukizunpeko adierazpena erantsi dut).
Halaber, honako hau adierazten dut:
–Ez dut karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, ez eta indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik ere.
–Ez naiz diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan, eta ez nago desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.
–Baditut deialdian eskatzen diren tituluak, eta betetzen ditut hartan parte hartzeko baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
ESKATZEN DUTOnartua izatea administrari-ofizialaren 3 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen ................ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...................................................................................
..............................................(e)n, 2024ko ......................................aren ................(e)(a)n
(Sinadura)
Datuen babesa:Zizur Nagusiko Udala da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna; zer administrazio prozeduratarako aurkeztu edo eskatu diren, haren izapideak kudeatzeko erabiliko dira. Hirugarrenei ez zaie daturik lagako, salbu legezko betebeharra badago. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu; horretarako, udal bulegoetara jo behar duzu.
Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta dezakezu, bai eta datuen babesari buruzko beste argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.zizurmayor.es/eu/.
II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Nik (izen-deiturak) ........................................................................................................................ (NANa/IFZa: ........................................................)
ADIERAZTEN DUTEz dut lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta.
Aitorpen hau egiten da azterketa eskubideen eta espedientea formalizatzeko tasa ordaintzetik salbuesteko.
........................................(e)n, .............(e)ko ......................................aren ............(e)(a)n.
(Sinadura)
Datuen babesa:Zizur Nagusiko Udala da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna; zer administrazio prozeduratarako aurkeztu edo eskatu diren, haren izapideak kudeatzeko erabiliko dira. Hirugarrenei ez zaie daturik lagako, salbu legezko betebeharra badago. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu; horretarako, udal bulegoetara jo behar duzu.
Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta dezakezu, bai eta datuen babesari buruzko beste argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.zizurmayor.es/eu/.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. I. titulua.
2.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Atariko titulua. I. titulua.
3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua: I. kapitulua. II. kapitulua. III. kapitulua. IV. kapitulua. V. kapitulua.
5.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa: I. titulua. II. titulua. V. titulua. VI. titulua: II. kapitulua. Jarduerak eta zerbitzuak.
6.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
7.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: Atariko titulua. II. titulua: I. kapitulua. III. titulua. IV. titulua. VI. titulua. VII. titulua.
8.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua: Adjudikazio botereak. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.
9.–2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua. Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.
10.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: I. titulua. II. titulua: Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.
11.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak.
12.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.
13.–Berdintasuna: Udal ordenantza, Zizur Nagusiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerakoa. Udal ordenantza, Zizur Nagusiko udal esparruan hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena arautzen dituena.
14.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura onesten duena.
15.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.
16.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.
Iragarkiaren kodea: L2414518
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
