Iragarkia
216. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
3701/2024 EBAZPENA, urriaren 7koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen bost lanpostu oposizio bidez betetzeko.
Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean ezarritako egonkortze-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, errepideetako zaintzaileen lanpostu huts batzuk sartu ziren, funtzionario araubidekoak eta C mailakoak.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak apirilaren 15ean emandako 1415/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen bost lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko ko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako zaintzaileen bost lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 7an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.
DEIALDIA, ERREPIDEETAKO ZAINTZAILEEN BOST LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Hona hemen deialdia arautuko duten
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da errepideetako zaintzaileen bost lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, C mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzekoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 15eko 1415/2024 Ebazpenaren bidez onetsi zen lekualdatze-lehiaketarako deialdiaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko dira. Lanpostu hutsen hautaketa egin baino lehen zehaztuko dira haien plantilla-zenbakiak, eskakizunak eta destinoak.
1.2. Bost lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–Bi lanpostu txanda irekian.
–Hiru lanpostu igoera txandan.
1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Titulu hauetako bat izatea: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
d) Titulazioaren betebeharraren ordez, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasuna izatea frogatzen ahalko da.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoko deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa da.
Telematikoki ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Ángel Labiano Mangado jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Instalazioen, Teknologiaren eta Bide Segurtasunaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaiburua: Luis Miguel Martín Gómez jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Nafarroako Erdialde-Iparraldeko Errepideak Zaintzeko Bulegoko burua.
–Epaimahaikidea: Emilio Melgosa Camarero jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Trafiko Neurketen, Inbentarioen eta Azterlanen Bulegoko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Jesús Oteiza Eguizábal jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Bide Segurtasunaren Bulegoko burua.
–Epaimahaikidea: María Begoña Montón Benito andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Obrak Kudeatu eta Jasotzeko Bulegoko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Luisa Olga Morquillas Gómez andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Nafarroako Hegoaldeko Errepideak Zaintzeko Bulegoko burua.
–Epaimahaikidea: Lourdes Moreno Santiago andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: María del Mar Suárez Sanabria andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.
–Epaimahaikide-idazkaria: Iñaki Goñi Urrizola jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Eduardo Jiménez Izu jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2025eko martxotik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba:
Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Proba hau egiteko bi ordu izanen dira gehienez.
Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
Proba honetan gehienez ere 55 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 27,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3.2. Bigarren proba:
Teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak proposatuko dituen hiru kasu teoriko-praktiko garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz. Kasuak ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendaren II. zatiko (berariazko zatia) gaiekin lotuak egonen dira, eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzen gainekoak izanen dira.
Proba hau egiteko hiru ordu izanen dira gehienez.
Proba hau egiteko, izangaiek kalkulagailu zientifiko ez-programagarria eta marrazteko tresnak erabiltzen ahalko dituzte (erregela, eskuaira-kartaboia, konpasa, etab.), haietako bakoitzak eramanak.
Proba honetan gehienez ere 45 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 22,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Plika sistemaren bidez eginen da bigarren proba hau.
6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus web-orrian (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera banatuta eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin daitezen.
7.2. Puntu-berdinketarik gertatuz gero, lehenengo proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, horretarako ezarritako epean, izangaiek jakinaraziko dute lanpostu hutsetatik zein duten nahiago, hurrenkera adieraziz.
8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, desgaitasuna dutenen txandako izangaientzako salbuespenarekin, betiere.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak.
Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:
A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B) Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, igoera txandan parte hartzen badute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe eskaeraren faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, betiere bete beharreko baldintzak betetzen baditu, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko besteren baten beharra izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
9.6. Izangai batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.
Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean adjudikatuko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, errepideetako zaintzaileen lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.
10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.
Aipatutako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak. Halakoetan, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie, jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua beteko da, era berean, deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautapena. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, Interneten argitaratuko da, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honi dagokion fitxan.
12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. zatia.–Zati orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.
3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
5. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
8. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
9. gaia.–Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea.
10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Administrazio-egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
II. zatia.–Berariazko zatia.
1. gaia.–5/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Errepideei buruzkoa: I. titulua: Xedapen orokorrak.
2. gaia.–5/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Errepideei buruzkoa: IV. titulua: Bideen jabari publikoaren babesa eta jabetzari ezarritako mugak eta II. eranskina.
3. gaia.–5/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Errepideei buruzkoa: V. titulua: Hiri barneko tarteak eta errepideetako zeharbideak. VI. titulua: Koordinazioa beste administrazio batzuekin. VII. titulua: Zehapen araubidea.
4. gaia.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eraikuntza obretako segurtasun eta osasunerako gutxieneko baldintzak ezartzen dituena: I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: Berariazko segurtasun eta osasun xedapenak obren proiektu eta exekuzio faseetan.
5. gaia.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eraikuntza obretako segurtasun eta osasunerako gutxieneko baldintzak ezartzen dituena: III. kapitulua: Langileen eskubideak. IV. kapitulua: Beste xedapen batzuk eta eranskinak.
6. gaia.–23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena: 1., 5., 8., 9. eta 10. artikuluak.
7. gaia.–6.1-IC Araua, "Bide-zoruaren sekzioak".
8. gaia.–6.3-IC Araua, "Bide-zoruak birgaitzea": 1. kapitulua: Xedea. 2. kapitulua: Aplikazio eremua. 3. kapitulua: Bide-zoru bat birgaitzeko azterlana. 4. kapitulua: Datuak bildu eta aztertzea. 6. kapitulua: Bide-zoruaren egoerari buruzko diagnostikoa. 7. kapitulua: Konponbideak aztertzea eta mota egokiena aukeratzea.
9. gaia.–6.3-IC Araua, "Bide-zoruak birgaitzea". 8. kapitulua: Egiturazko birgaitze lanen tamaina ezartzeko faktoreak. 9. kapitulua: Zoladura bituminosoa duten bide-zoruen egiturazko birgaitzea. 11. kapitulua: Azaleko birgaitzea. 12. kapitulua: Eraikuntza-alderdiak. 1. eranskina: Definizioak.
10. gaia.–8.1-IC Araua. Zutikako seinaleak. 1. kapitulua: Sarrera. 2. kapitulua: Ezaugarri orokorrak. 7. kapitulua: Berariazko seinaleak. 8. kapitulua: Bihurguneetako seinaleak eta balizak. Zirkulazioko zutikako seinaleak. I. liburukia: Seinaleen ezaugarriak. II. liburukia: Seinaleen katalogoa eta esanahia.
11. gaia.–8.2-IC Araua, "Bide-marrak".
12. gaia.–35/2014 Agindu Zirkularra, ibilgailuei eusteko sistemak aplikatzeko irizpideei buruzkoa. 1. kapitulua: Sarrera. 2. kapitulua: Segurtasun hesien eta karelen erabilera. 3. kapitulua: Segurtasun hesien eta karelen motak, portaera eta sailkapena. 4. kapitulua: Segurtasun hesiak eta karelak erabiltzeko irizpideak. 5. kapitulua: Sistema hautatzea.
13. gaia.–35/2014 Agindu Zirkularra, ibilgailuei eusteko sistemak aplikatzeko irizpideei buruzkoa. 6. kapitulua: Kokapena. 7. kapitulua: Segurtasun hesietarako eta kareletarako derrigorrezko zehaztapen teknikoak betetzea. 8. kapitulua: Motorzaleentzako babes sistemak erabiltzea. 9. kapitulua: Talka-atenuadoreen eta terminalen erabilera. 10. kapitulua: Frenatzeko guneen erabilera.
14. gaia.–Azaleko drainatzea, 5.2-IC Jarraibidea, "Azaleko drainatzea": 1. kapitulua: Ohar orokorrak eta oinarrizko irizpideak. 3. kapitulua: Plataformaren eta bide-bazterren drainatzea: sarrera. Proiektuaren oinarrizko irizpideak. Plataformaren eta bide-bazterren azaleko drainatzearen elementuak.
15. gaia.–Azaleko drainatzea, 5.2-IC Jarraibidea, "Azaleko drainatzea": 4. kapitulua: Zeharkako drainatzea: sarrera. Proiektuaren oinarrizko irizpideak. 5. kapitulua: Bide-obren drainatzea: zerbitzuko bide eta landa-bideen drainatzea. Aparkatzeko guneak. 6. kapitulua: Eraikitzea eta zaintzea.
16. gaia.–Lur azpiko drainatzearen proiekturako eta hura eraikitzeko gomendioak errepideko lanetan (17/2003 Agindu Zirkularra): 1. kapitulua: Ohar orokorrak. 3. kapitulua: Lur azpiko drainatze elementuak. 4. kapitulua: Eraikitzea eta zaintzea. 1. gehigarria. Definizioak.
17. gaia.–Trazadura: 3-1 IC Araua. "Trazadura" (FOM/273/2016 Agindua, otsailaren 19koa): 1. kapitulua: Sarrera eta arauaren xedea. 2. kapitulua: Errepideak: Alderdi orokorrak. 3. kapitulua: Trazadura aztertzeko oinarrizko datuak. 4. kapitulua: Trazadura oinplanoan: alderdi orokorrak. 5. kapitulua: Trazadura altxaeran: alderdi orokorrak.
18. gaia.–Trazadura: 3-1 IC Araua. "Trazadura" (FOM/273/2016 Agindua, otsailaren 19koa): 7. kapitulua: Zeharkako sekzioa. Alderdi orokorrak eta zeharkako sekzioko oinarrizko erreiak. 8. kapitulua: Errei gehigarriak eta trazaduraren beste elementu batzuk. Alderdi orokorrak. 9. kapitulua: Errepideen konexioak eta sarbideak: alderdi orokorrak. 10. kapitulua: Lotuneak: alderdi orokorrak. Terminoen glosarioa.
19. gaia.–Estatuko Errepide Sareko errepideetan abiadura murriztaileak eta alertako zeharkako zerrendak instalatzeko jarraibide teknikoa, FOM 3053/2008 Agindua, 4. kapitulua: Alertako zeharkako zerrendak. 787/2001 Foru Agindua, irailaren 10ekoa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak emana, "Nafarroako Errepideen Sareko zeharbideetan zebra-bide goratuak (abiada mantsotzekoak) instalatzeko Araudi Teknikoa" eta horiek erabiltzeko baldintzak onesten dituena. 66/2024 Foru Agindua, uztailaren 3koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako errepide-sarean abiadura-murriztaileak instalatzeko araudi teknikoa eta hura baimentzeko baldintzak.
20. gaia.–Obren seinalizazioa: 8.3-IC Araua: 2. kapitulua: Zirkulazioaren antolaketa obra finkoak daudenean. 3. kapitulua: Abiadura mugatzea.
21. gaia.–Obren seinalizazioa: 8.3-IC Araua: 5. kapitulua: Seinalizazio, balizaje eta defentsa elementuak. 6. kapitulua: Balizajea. 1. eranskina: Seinalizazio, balizaje eta defentsarako elementuen katalogoa.
22. gaia–Errepideen Zuzendaritza Nagusiaren Obretako seinale mugikorrak, 1997, Sustapen Ministerioa.
23. gaia–Errepideen Zuzendaritza Nagusiaren Obra finkoetako seinaleen adibideen eskuliburua, 1997, Sustapen Ministerioa.
24. gaia.–PG3 Errepide eta zubietako obretarako preskripzio tekniko orokorren agiria: 1. zatia: Sarrera eta alderdi orokorrak. 3. zatia: Zelaitze-lanak.
25. gaia.–PG3 Errepide eta zubietako obretarako preskripzio tekniko orokorren agiria: 4. zatia: Drainatzea.
26. gaia.–PG3 Errepide eta zubietako obretarako preskripzio tekniko orokorren agiria: 5. zatia: Bide-zoruak: 510., 514., 530., 531., 532., 533., 540., 541., 542. eta 543. artikuluak.
27. gaia.–PG3 Errepide eta zubietako obretarako preskripzio tekniko orokorren agiria: 7. zatia: Errepideetako seinalizazio, balizaje eta defentsarako elementuak: 702. eta 703. artikuluak.
28. gaia.–Gorabeherei erantzutea. Nafarroako Bide Sarean gertatzen diren gorabeheretan esku hartzeko eskuliburua, 2023-2024.
29. gaia.–Neguko bidezaintza. Neguko Bidezaintza Plana Nafarroako Bide Sarean (2023-2024): 1) Xedea. 2) Egutegia. 3) Errepide sarea eta mendateak. 4) Urgarriak biltegiratzea. 5) Eskura dauden baliabideak. 7) Foru Komunitateko Errepide Sarea eta zerbitzu mailak. 8) Bitartekoak aktibatzea eta 9) Arduradun operatiboa. 11) Taldeen zuzendaritza eta koordinazioa. 13) Elurra kentzeko ekipoen lan mailak. 17) Neguko Bidezaintza Plana errepideak zaintzeko zentroetan. 18) Errepide sarearen egoerari buruzko informazioa.
30. gaia.–Informatika. Microsoft Office-ren ezaguera eta erabilera, erabiltzaile mailan: Excel, Outlook eta Word.
31. gaia.–Kalkulu geometrikoak, figura geometrikoen propietateak eta neurriak planoan eta espazioan. Kalkulu aritmetikoak eta aljebra lineala. Magnitude fisikoen neurri-unitateak, bihurketa faktoreak eta kalkuluak.
32. gaia.–Plano topografikoak eta kotatuak, eskalak, UTM koordenatuak, sestra-kurbak. Eraikuntzako piezen edo elementuen esku hutsezko krokisak eta/edo kotatuak, perspektibak, proiekzioak eta sekzioak.
33. gaia.–Errepideen edukierak. Nafarroako Foru Komunitateko Errepide Sareko Edukieren Plana, 2022: sarrera. Helburuak. Lan metodologia. Koefizienteak. Estazioen sistema. 30. ordua eta 100. ordua.
34. gaia.–Bide segurtasunari buruzko azterlanak Nafarroako Foru Komunitateko Errepide Sarean. 2018-2022 aldiko istripu-tasaren analisia: sarrera. 2018tik 2022ra bitarteko istripu-tasaren datu orokorrak eta bilakaera historikoa eta orokorra. Istripu ugariko tarteak. Motorzaleen istripu ugariko tarteak. Hobetzeko potentzial handia duten tarteak. Ehiza-fauna harrapatzeagatik istripuak izaten diren tarteak.
35. gaia.–36/2015 Agindu Zirkularra, aire zabaleko errepideen eta tunelen argiztapenean aplikatu beharreko irizpideei buruzkoa. I. liburukia (Aire zabaleko errepideak argiztatzeko gomendioak). 1. kapitulua: Sarrera. Xedea. 2. kapitulua: Errepide tarte bat argiztatzeko irizpideak. Argiztapen motak. 3. kapitulua: Argiztapen instalazio baten osagaiak.
Iragarkiaren kodea: F2414636
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
